Gizartea

Galdera berriak auzi zahar bati

Galdera berriak auzi zahar bati

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kontraesana da euskal gizartearen gehiengoa gerren aurka egotea, eta, aldi berean, salbuespenak salbu, armagintzaren sektorea ozenki ez salatzea". Yolanda Jubeto EHUko ekonomia irakasle eta Rosa Luxemburgen Lagunak elkarteko kideak zuzenean jo du mamira. "Armagintzaren sektoreak etekin ekonomiko izugarriak lortzen ditu, eta, irabaziak areagotzeko, enpresentzat ezinbestekoa da gerrak gehiagotzea". Hor erantzukizuna du Euskal Herriak, Jubetoren hitzetan. "Hemen armak ekoizten ari dira". Armagintzaz, gerraz eta feminismoak gaiari buruz egiten duen analisiaz jardungo dira gaur Bilboko San Frantzisko auzo etxean egingo den Rosa Luxemburg IV. Konferentzian, 17:30etik 20:30era. Mahai ingurua eskainiko dute Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak eta Irantzu Mendia EHUko irakasleak. Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak hartuko du solasaldia gidatzeko lana.

Rosa Luxemburgen Lagunek eta Ipes eta Baskale elkarteek antolatu dute gaurko ekitaldia. 1919ko urtarrilaren 15ean erail zuten Rosa Luxemburg ekintzaile eta pentsalari sozialista (Polonia, 1870-Berlin, 1919), Berlinen, Karl Liebknechtekin batera. "Luxemburgek gerra inperialisten aurka eta munduko langileen alde egin zituen gogoeta kritikoak oinarri gisa hartuz, konferentzia antolatzen dute Berlinen urtero, haren heriotzaren urtemugan. Oro har, neoliberalismoa gainditzeko aukeraz eta estrategiez eztabaidatzen dute han.

Azken hamarkadetan, Alemanian ez ezik, Europako beste hainbat hiriburutan ere egin dira Luxemburgen omenezko ekitaldiak, eta duela lau urte gehitu zen Bilbo zerrenda horretara. "Ikuspegi zabal eta eraldatzaile batetik, unean uneko erronkei buruz hausnartzea da topaketen helburua. Ikuspegi feminista erdigunean egongo zela argi izan genuen hastapenetatik, eta horrela izango da aurtengoan ere". Guda eta armagintza aztertuko dituzte gaurko saioan; betiere, ikuspegi feminista batetik.

Nazioarteko gatazken erroa

Gaia ez dute ausaz aukeratu. Aurten ehun urte beteko ditu Lehen Mundu Gerraren amaiera datak —2018ko azaroaren 11n sinatu zuen Alemaniak Compiegneko Armistizioa—. Amaierarik izan ez duen gatazkaren hasiera izan zen ordukoa, ordea, ondorengo mendeetako gerren oinarri izan baitzen. "Azken hamarkadetako gerrak gero eta bortitzagoak dira. 2001ean AEBek Afganistan inbaditzea erabaki zutenetik Ekialde Hurbileko eskualdeetan bolbora bezala hedatu da guda zelaia".

Gatazkak urrunekoak diruditen arren, gerra horien guztien erantzukizuna uste baino hurbilago dagoela dio Jubetok. "Gerra egoerak eta erasoak eguneroko berriak direnez, badirudi immunizatuta gaudela eta ez digutela eragiten; ez behintzat Europan edo gure inguru hurbilean gertatzen ez badira". Baina badira gerra horien eraginez gertuago bizi diren egoerak ere: errefuxiatuen auzia, kasurako.

Milaka eta milaka herritarrek hartzen dute Europarako bidea, babes bila eta gerratik ihesi. "Kontsumoa oinarri duen gizarte batean bizi gara, eta munduan zehar dauden baliabideak behar ditu, hala nola petrolioa eta koltan minerala. Horiek eskuratzeko, herri horietako komunitateen aurkako erasoak etengabekoak dira, lurralde horietako herritarrak bizitzeko lurrik gabe uzteraino".

Isilpeko erantzukizunak

Populazioaren mugimendua da gerra ororen ondorioa, eta gaur egun nazioartean dagoen auzi garrantzitsuenetakoa da; milioika herritar desplazatu da, babes bila, Europara. Eta, adituen arabera, II. Mundu Gerratik izan den errefuxiatu krisirik handiena da gaur egungoa. Prozesu horretan emakumeek jasaten dituzte ondorio larrienak, EHUko irakaslearen arabera. Mugimendu feministak behin baino gehiagotan salatu du gerretan andreen gorputzak bataila eremu bihurtzen direla, eta gatazka militarren eremuetan etengabekoak direla bortxaketak eta emakumeen trafikoa. Hain zuzen, 2017ko abenduaren 26an, martxa antimilitarista bat egin zuen mugimendu feministak Santurtziko portura, handik armak esportatzen direla salatzeko.

Jubetok azaldu du errefuxiatuen egoerari buruzko alarmak pizten dituzten herrialdeek finantzatzen dituztela errefuxiatuak errefuxiatu bihurtzen dituzten gerrak, eta horregatik uste du ezinbestekoa dela errora jotzea. Galdera zirikatzailea erabili dute gaiari heltzeko. "Euskal Herria gerraren aurka eta armagintzaren alde dago?".

Gutxi ezagutzen den arren, Bizkaian ere badira armagintzarako piezak sortzen dituzten enpresak. "Halako jardueretan parte hartzen dutenek beti esaten dute jarduera zibilean egiten dutela lan. Izan ere, publikoki armagintzan kolaboratzen duzula esatea ez da salgarria. Horregatik, gaia aztertu eta sozializatu behar da. Hemen armak ekoizten ari dira Saudi Arabiaren alde, eta, horrez gain, jendea etekina ateratzen ari da jarduera horrekin. Armak ekoizten dituzten enpresak ditugu etxean". Gerretan dauden "irabazle ezkutuak" dira enpresa horiek guztiak, Jubetoren arabera: gerrek armak behar dituzten bezala, armagintzan diharduten enpresek ere gerrak behar dituztela azalduko dute, besteak beste.

Klaus Armbruster Baskale elkarteko kideak Enrike Sendagorta Petronor eta Sener ingeniaritza enpresen sortzailea ekarri du ahotara. Hilaren 5ean zendu zen enpresari bizkaitarra, 93 urte zituela, eta, Armbrusterren hitzetan, Sendagortari buruz idatzi diren artikuluetan ez da armagintza hitza aipatu ere egin. "Teknologian egin dituen ekarpenak eta halakoak azaldu dituzte denek, bai. Baina armagintza sektoreari buruzko ezer ez da idatzi. Horrek esan nahi du ezkutatu egiten dutela produkzioa; alegia, ez dutela nahi publikoki halakorik azaltzea". Aski ezaguna da Sener enpresa getxoztarra armagintzan diharduela.

Argi dio Armbrusterrek: enpleguaren eta ongizatearen aldeko banderak ez du enpresa batek ekoizten duena justifikatzen. Bat dator Jubeto ere. "Armagintzaren sektorea sostengatzeko funtsezkoa da erakunde publikoen lana, baita hezkuntza sistemarena ere. Gure herrian armagintza enpresak daude, eta baliabide publikoak jasotzen dituzte". Harago ere jo du EHUko irakasleak: "Armak ekoizten dituzten enpresetako langileen eta jendartearen gehiengoaren axolagabekeria ere kontuan hartzekoa da auzi honetan".

Armagintza produkzioaren eta garraioaren kontrako neurriak hartzea posiblea dela azpimarratu du Jubetok, eta Norvegiako adibidea jarri du berehala. Norvegiako Gobernuak hilaren 3an jakinarazi zuen Arabiar Emirerri Batuei armak saltzeari utziko diola, "Yemengo gatazkan izan dezaketen inplikazioa saihesteko". 2016an, armak eta munizioa saldu zizkion Norvegiak herrialde arabiarrari, 10,6 milioi euroren truke. Baina arrazoi humanitarioak jarri dituzte etekin ekonomikoez gaindi oraingoan. "Hemen ere har daitezke halako erabakiak, eta horri buruz eztabaidatuko dugu jardunaldietan".

Espainiako Merkataritza Estatu Idazkaritzak aitortu zuen 2016ko urritik 2017ko uztailera bitarte lehergaiak zeramatzaten 312 edukiontzi atera zirela Bilboko portutik Saudi Arabiara. Gaurko jardunaldien antolatzaileek uste dute egoera ezagutzera emateaz gain ezinbestekoa dela gizarteak kontzientzia hartzea. Eta hor kontraesanaren muina: gaiari buruz galdetzen zaion edozein herritarrek erantzungo du gerraren aurka dagoela, baina, bien bitartean, ondoan duen portutik armak garraiatzen dira; auzoko enpresek ekoizten dituzten armak.

Bandera

Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak hala idatzi zion Luxemburgi Mujeres (Emakumeak) liburuan (1995), Zapatak izeneko ipuinean: "1919an Rosa Luxemburg erail zuten Berlinen. Haren hiltzaileek kolpeka apurtu zuten, eta kanalera jaurti zuten gero. Bidean, zapata bat galdu zuen berak. Esku batek lokatzean zegoen zapata hura jaso zuen. Rosak mundu bat nahi zuen, zeinetan askatasunaren izenean ez litzatekeen justizia sakrifikatuko, ez eta justiziaren izenean askatasuna sakrifikatuko ere. Egunero, eskuren batek jasotzen du bandera hura. Lokatzean dagoena, zapata hura bezala". Ekintzaile sozialistaren bandera hartzen saiatuko dira gaur, Bilboko jardunaldietan.

Undabaso, pinuditik basora

Undabaso, pinuditik basora

Olaia Zabalondo

Jauzi garrantzitsua egitea lortu du Lurgaia fundazioak Urdaibain baso zabala sortzeko, Gure basoak, gure etorkizuna kanpainaren bidez. Izan ere, Muxikako Ibarruri auzoko Undabason, Urdaibaiko biosfera erreserba barruan egongo den hariztirik zabalena sortu nahi dute, eta hartarako behar zuten dirutza lortu dute herritarrek egindako ekarpenei esker.

Modaren estutasuna militantziaren habian

Modaren estutasuna militantziaren habian

Asier Arrate Iruskieta

Bilbo erdiguneko eraikinek historia eta istorio asko gordetzen dituzte. Horietako batzuk aski ezagunak dira; 1936ko gerran Euskal Gobernua Carlton hotelean ezarri zutela, esaterako. Beste eraikin askotan jasotakoa, ordea, misterioa da egunero horien aurretik pasatzen direnentzat. Horren adibide da Astarloa kalearen eta Bilboko Kale Nagusiaren elkargunean dagoen eraikina. Askok gogoratuko dute Kutxabanken egoitza izan zela orain Zara arropa etxearen denda erraldoi berria izango dena, baina gutxik jakingo dute duela 81 urte Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza izan zela.

XX. mende hasieran eraiki zuen Legizamon familiak Bizkaiko Foru Aldundiaren alboan dagoen eraikin hori. 1937ko urtarrilaren 10ean, gerraren erdian, erakunde, elkarte eta alderdi politikoen esku geratu ziren Bilbo erdiguneko beste hainbat eraikin bezala, Astarloa kaleko eraikina Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen egoitza bihurtu zen. Eraikin hura aukeratzea ez zen ausazkoa izan. Emakumeen eskubideen alde lan egiten zuen Emakume Garaikidearen Etxeak ere egoitza zuen bertan.

Borroka feministaren ikur

Euskal Emakume Antifaxisten Elkartea PCE eta EAE-ANV alderdietako eta UGT eta CNT sindikatuetako emakumeek sortu zuten. Bi helburu nagusi zituen: mehatxu frankistari eta matxismoari aurre egitea. Astarloa kaleko eraikina bihurtu zen borroka horren erdigune. Florentina Tasende izan zen presidentea, Faustina Balaño idazkaria, eta Astrea Barrios Mujeres aldizkariko erredaktorea.

1937ko urtarrilean abiatu zuten bideak ez zuen luze iraun. Ekainean, tropa frankistak Bilbon sartu ziren, eta Euskal Emakume Antifaxisten Elkarteko kideek erbestera ihes egin behar izan zuten. Atzean utzi zuten beraien lehen eta azken egoitza izango zena. 1944an, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak erosi zuen eraikina. Berriztu, eta 1949an inauguratu zuten gerora BBKren eta Kutxabanken egoitza izango zena.

Kutxabankek 2014an saldu zion eraikina Mango arropa etxeari, 40 milioi euroren truke, eta horrek Inditexi alokatu zion 2017ko abenduan. Amancio Ortegaren arropa etxe erraldoiak Bizkaiko Zara denda handiena ireki nahi du bertan.

Memoria historiko falta

Emakumeen eskubideen aldeko borrokaren ikur izandako toki batean emakumeak estereotipoetan estutzen dituen Zara bezalako multinazional batek denda irekitzeak "kontraesana" sortzen duela ohartarazi du Eduardo Gonzalez Lau Haizetara Gogoan-eko kide eta Sare Antifaxistako bozeramaileak. Memoria historiko faltari leporatzen dio Zarak denda irekitzeko baimena lortu izana: "Udalak ez zuen inolako ikerketarik egin denda irekitzeko baimen eskaera jaso zuenean".

Eraikin historikoetan edozein lan abiatzeko baimenak Ondarearen Batzordeak ematen ditu. Udaleko, aldundiko, Arkitektoen Elkargoko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek osatzen duten batzorde horrek orain lau urte baimendu zuen eraikina eraberritzea. Gonzalezek azaldu duenez, txostenean eraikinaren balio arkitektonikoa nabarmendu eta bere horretan mantentzeko agindu zuen, baina ez zen ondare historikoaren aipamenik egin.

Gonzalezek onartu du informazio gutxi dagoela gerran eta gerra aurretik Bizkaian eta Euskal Herrian egon ziren erakunde feministen inguruan: "Garai hartako egunkari batetik ateratako artikulu batean aipatutakoaren harira hasi ginen aztertzen Euskal Emakume Antifaxisten Elkartearen presentzia".

Hala ere, salatu du, informazio gutxi izanik ere, udalaren eginbeharra dela baimenak eman aurretik memoria historikoa behar bezala lantzea: "Ez dugu denda ixtera behartuko, baina udalak memoria landu behar luke horrelakorik ez errepikatzeko". Gogoratu duenez, Eguna egunkariaren egoitzan oroigarria jarri zuen udalak otsailean. Horregatik, Astarloa kaleko eraikinean berdin egin beharko lukeela uste du.

Gonzalezen hitzetan, Astarloa kaleko eraikinarekin gertatutakoa ez errepikatzeko ezinbestekoa da udalak memoria lantzeko mahai bat osatzea. Mahai horren eginbeharra udaleko ordezkariekin batera memoria lantzen duten taldeek hirian gertatutakoa aztertzea izango litzatekeela azaldu du. Eta kritikatu du azken hiru udal gobernuek ez diotela kasurik egin euren proposamenari: "Urteak eman ditugu udalari gure laguntza eskaintzen, baina ez digute erantzuten".

Hartara, Bilbon oraindik lan handia dagoela dio: "Ikertzen hasiko bagina, ehunka kasu aterako lirateke". Memoria historikoarekin lantzeko dauden kasuen artean, bozeramaileak aipatu ditu, besteak beste, Kale Nagusian zeuden aire-erasoentzako bi babesleku eta Bilbok jasandako bonbardaketak. "Gernikan eta Durangon pentsaezina izango litzateke horrelako zerbait ez oroitzea".

Bilboko ura txapeldun

Bilboko ura txapeldun

Asier Arrate Iruskieta

Ideia bat bitxia edo txoroa izateak ez du esan nahi arrakastarik ez duenik izango. Bitxikeria eta arrakasta biltzen dituen filosofia hori bilbotarren izaeraren parte dela erakusteko asmoz, Moskotarrak konpartsak, urtero legez, Txirenada saria banatuko du; bilbotarrek urtean zehar sortutako proiektu bitxienaren garaikurra. Aurtengo saria Charly Rodriguezek asmatutako Bilboko Euria oroigarriari egokitu zaio.

Ideia sinplea bezain bitxia da. Bilboko euri ura bildu eta botilatxoetan saldu, oroigarri gisa. Moskotarrak-eko epaimahaiaren aburuz, urteko Txirenada izateko ezaugarri guztiak betetzen ditu Rodriguezen ateraldiak; ideia bitxia, ekimen handikoa, eta, batez ere, Bilboko eta bilbotarren izaera biltzen duena.

Oroigarri bat baino gehiago

Egun euritsu batean erabaki zuen Rodriguezek euria botilatzea hiriko oroigarri gisa. Horretarako, kalean jarritako plastiko baten bidez biltzen du euri ura, eta ostean txapela eta jaietako zapiarekin apaindutako botilatxoetan botilatzen du bildutako ura. Bilboko Euria izeneko oroigarria dendetan zein Internet bidez eskuratu daiteke. 100 ml-ko botilatxoa, 14,30 euroan. Rodriguezek azaldu duenez, Euskal Herritik kanpokoak dira erosle gehienak. Hasierako inbertsioa berreskuratuta, sortzaileak jakinarazi du lortutako dirua irabazi asmorik gabeko elkarteei emango diela.

Bilboko euri ur botilatua ez da izan 2017ko Txirenada irabazteko hautagai bakarra. Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheimera sartzeko banatutako gonbidapenak eta museoko urteurreneko argi ikuskizuna ere proposatu zituzten urteko "ideia bitxienak" bezala. Lehen ideiaren "bitxikeria", epaimahaiaren aburuz, bizkaitar guztiei museora sartzeko gonbidapenen 300.000 euroak bizkaitarrek beraien ekarpenetatik ordaintzea da; opari bitxia. Bigarren kasuan, epaimahaiak uste du nabarmentzekoa dela urteurrena ospatzeko ikuskizunak "hiri erdia blokeatu izana".

Azkenean, epaimahaiak Rodriguezen ideiaren alde egin du, eta Bilboko Euria Moskotarrak-en bitxikerien zerrendara gehituko da, besteak beste, San Mames futbol zelaiko arkua zubi bihurtzearen proposamenarekin, Portugaleteko Bizkaiko Zubiaren gainean Javi Condek eta Jon Salvadorrek egin zuten maratoiarekin, WOP elkarteak antolatutako gomazko ahateen lasterketarekin eta Bilboko suhiltzaileen egutegiarekin.

Farolin eta Zaranbolas

Moskotarrak konpartsak Txirenada saria banatzearekin batera, jai batzorde mistoak inauterietako Farolin eta Zaranbolas izateko hautagaiak aurkeztu ditu. Mikel Martinez aktorea, Tomas Ondarra irudigilea eta Iñaki Uranga El Consorcio taldeko abeslaria dira Farolin kargurako aurtengo hautagaiak. Zarambolas kargurako, berriz, Txemi del Olmo bikoizketa aktorea, Oihana Bartra bertsolaria eta Zea Mays musika taldea. Deustuan abiatutako Hamaika Egun Euskaraz ekimenari ere aipamen berezia egin diote.

Farolin eta Zaranbolas Bilboko inauterietako pertsonaiak dira. Farolin esparru publiko edo profesionalean izena lortu duen bilbotarra da. Zaranbolas, berriz, gibel-handi bat da, ondo bizitzea atsegin duena. Lehena zuriz mozorrotzen da, eta bigarrena, gorriz. Bi pertsonaiak aratusteen ikuskizunen parte dira. Tradiziotik eratorritako ikuskizun bat ardatz, hiritarraren izaeraren bikoiztasuna agerian uztea da beraien eginkizuna.

Batera hazi eta hezteko akuilu

Batera hazi eta hezteko akuilu

Natalia S. Orbe

Haurren eskolaratze unibertsalak berdintasun eskubidea gauzatzen lagundu du, nahiz eta desberdintasunen adierazgarri ere bilakatu den sarri asko. Apurka, gainera, heziketa formala ez eze, gizarte harremanak, munduarekiko ikuspegia eta elikadura bera ere eskoletako hormen barrura gerturatu eta sartzen saiatu dira. Gero eta ikasle gehiagok bazkaltzen dute ikastetxeko jantokian. Eguneko une garrantzitsu hori etxeko eremutik kanpo atera da, besteak beste, kontziliazio arazoen ondorioz. Gurasoengandik urrundu egin da norbere seme-alabek jan behar dutenari buruz erabakitzeko eskubidea. Ikastetxe publiko gehienetan catering zerbitzuak ezarri ditu Hezkuntza Sailak. Eredu horri buelta emateko asmoz sortu dute Jangurie ekimena Busturialdean: umeek osasuntsu eta bertako elikagai ekologikoak jan ditzaten, eta bertako lehen sektorea suspertzeko. Heziketa ahaztu gabe. Proiektu integrala.

Tokiko ekonomia bultzatu eta bertako elikagaiak oinarri izango dituen jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaile baten aldeko apustua egin dute eskualdeko hamasei ikastetxeek. Hain zuzen, umeek bertako elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak jan ditzaten nahi dute. Bertako lehen sektorearen aldeko apustua egin dute, eta modu naturalean hazitako elikagaiak eskatu dituzte euren jantokietarako, ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuarekin.

Ikastetxe txiki, handi, publiko zein itunpekoek, denek bat egin dute egitasmoarekin. Lander Ortiz Jangurie ekimeneko kideak azaldu ditu hastapenak, nondik sortu zen beharrizana eta zelan elkartu ziren denak. "Gizarteak, oro har, eta familiek, zehatzago, gero eta kezka handiagoa dute elikaduraren inguruan. Kontzientzia hartzen ari gara". Hala, helburu amankomun horiei helduta abiatu dute bidea denek, eskutik.

Errealitate zeharo desberdinak dituzte batzuetan eta besteetan, ordea. Batzuek autogestioaren bideari heldu diote —Allende Salazar ikastetxe publikoaren kasua da hori—; beste batzuek, bertako elikagaiak moduren batean jantokietan sartzeko esperientzia batzuk aurrera eraman dituzte catering enpresa batzuekin; beste batzuek ez dute sukalderik —eskola txikietakoek eta institutuak, esaterako—. "Egoerak desberdinak dira, baina indarrak batu nahi genituen. Bakoitzak erabakiko du inplementazioa zer-nola egin eta aldaketak zelan gauzatu. Bakoitzak erabakiko ditu bere erritmoak ere. Hori oso garrantzitsua izan da denok batu ahal izateko".

Gaur egungo jantokiak eraldatu nahi dituzte. "Espazio hezitzaile bat izan behar duela uste dugu. Bertako elikagaiak egon behar dutela planteatzen dugu, elikagai horiek osasungarriak izan behar direla, eta ahalik eta jasangarrienak. Hori da Jangurieren apustua. Lekuan bertan kozinatzen duten jantokiak nahi ditugu. Guretzat hori da idealena, eta bertako ekonomiari bultzada ematea".

Helburu orokor hori ezarrita, bat egin nahi duten ikastetxeei bide hori erraztea izango du betebehar egitasmoak. "Bidea garbitzea izango da gure eginbeharra, arazoei aurre egitea, eta instituzioen aurrean ahots indartsua izatea. Eskola bakoitzak erabakiko du %100 bat egiten duen, edo %40. Pauso txiki edo handi batzuk ematea bakoitzaren esku geratuko da".

Elkarri laguntzeko asmoz jaio dira. "Eskola batzuek dauzkagun esperientziak beste batzuen eskura jarri nahi ditugu. Janguriek, gauzak aldatu baino gehiago, gauzak erraztuko ditu".

Eskola komunitatearen borondatea ez da nahikoa, ordea, proiektu handi eta integral hori martxan jartzeko. Erakundeen inplikazioa ere behar dute. 2.000. urtean Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako jangelen eredua aldatzeko eskaera egin dute, batetik. "Eskola guztiei euren jantoki eredua erabakitzeko askatasuna utz diezaiela eskatzen dugu. Gaur egun ez da-eta hala".

Araudia aldatzeaz gain, hala behar eta nahi duten ikastetxeetan sukaldeak sortzeko eskaera ere egin diote. "Sei edo zazpi ikastetxe daude egoera horretan. Eskola txikiak dira, bereziki, baina baita institutua ere".

Eskualdeko erakundeak

Bertako instituzioei begira ere jarri dira. "Proaktiboak izatea eskatzen diegu. Gure helburu hain noble hauek aurrera ateratzeko euren laguntza behar dugu". Eskaera zehatzak egin dizkiete: lehenengo sektoreari laguntzea da horietako bat. "Guk eskola guztiak bertako elikagaiez hornitu ahal izateko, nekazaritza politika serio bat behar dugu. Horretarako apustu garbia eskatzen diegu eskualdeko instituzioei". Ekimeneko kideek argi dute-eta lehenengo sektoreko kideak aliatu dituztela euren seme-alaben bizitzarako zein eskualdearentzako oro har berebiziko garrantzia duen proiektu horretan. Hala, beharrezkotzat jo dute ekoizleek lan baldintza duinak izatea.

Jangurieren ereduak beharrezko dituen azpiegiturak gauzatu eta horretarako erraztasunak ematea ere jaso dute eskualdeko erakundeei egin dizkieten eskarien artean: "Baliteke biltegiak, bulegoak eta sukalde zentral txikiak behar izatea. Jaurlaritzak herri txikietako ikastetxeetan ez balu sukalderik egingo, eskualdetik sukalde bat egitea eska liteke. Bertan kozinatuko lirateke bertako elikagai freskoak, eta handik eskola batzuetara banatu". Bakoitzaren nahien arabera, bakoitzak erabakitzen duena gauzatzeko bidea errazteko akuilua baita Jangurie.

Horrek guztiorrek badu bestelako helbururik ere: "Umeak euren ingurunearekin eta elikadurarekin berriz konekta daitezen nahi dugu". Izan ere, askok eta askok ia galdutzat ematen dute gizakiak lurrarekiko zuen lotura: jaten dena garaiko produktua den; ez bada, nondik iritsi den kontsumitzailearengana edo zer nola landatu behar izan den haren esku jartzeko; eta, noski, zeintzuk ondorio dituen horrek.

Heziketa prozesu hori ikastetxeko curriculumean txertatzeko aukera ere aurreikusi dute. "Bakoitzak ikusiko du zelan barneratu, baina denari heltzen diogu koherentzia batekin: zer jaten den jantokian eta zer irakasten den eskolan". Unitate didaktikoak dituzte prest hala nahi dutenentzat. Proiektu integrala baita eurena: "Jantokia eta eskola bera espazio hezitzaile izatea nahi dugu".

Ikusteko dago erakundeek norainoko erantzuna emango dieten gizartearen eskaerei. Familiek eta hainbat eragilek argi dute. Logikoagoa ere badirudi tokiko ikastetxeetako janaria urrutitik ekartzea baino bertako ekoizleek hazitakoa jatea. Baita herdoilduz ari den lehen sektoreari biziberritzeko bultzada ematea ere.

Gabeziek aberastutako bidaia

Gabeziek aberastutako bidaia

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urik gabe, argindarrik gabe. Hamar egunez. Areaz gain ezer gutxi dagoen lurretan. Nerabeak, ikastetxetik antolatutako bidaian. Ez dago dantzalekurik. Ez denda handirik, ez tabernarik. Ezta alkohol tanta bat bera ere. Baina, etxera itzulita, ez lukete esperientzia aldatuko. "Bertan ahaztu egiten zaizkizu hemen ditugun beharrak", dio 16 urteko Andrea Jimenezek. Etxean premiatzat ditugunen premia galdu egiten da desertuan. Ez dira hamar egunean dutxatu. Noski. Dutxarik ez da han, baina baldeka ere ez dira busti garbitzeko. "Azkenean, zuk zeuk ez duzu dutxatu nahi izango haien ura ez xahutzeko; egoista izango litzateke. Guk, itzultzean, badugu ura".

Berezia da Elorrioko ikastetxeetan ikasleentzat antolatzen duten bidaia. Eta preziatua oso, frogatu dutenentzat. Tindufeko kanpalekuetara egiten dute bidaia bi urtetik behin, sahararrek Aljeriako lurretan duten errefuxiatuen kanpalekuetara. Abenduan izan dira azkena. Elorrioko 50 gazte: institutuko 36 ikasle eta irakasle, eta Txintxirri ikastolako 14. Institutuaren kasuan, bertako ikasle izan zirenean bidaia egin zuten ikasle ohiak aritzen dira begirale orain. 14 eta 22 urte arteko gazteak izan dira, hala, errefuxiatuen kanpalekuetan hamar egunez. Guztiak, Josu Etxaburu zuzendariaren hegalpean.

2010ean antolatu zuen lehen bidaia Etxaburu tartean zen taldeak. Sahararren kanpalekuetara bidaiatzen zuten ikastetxeen berri bazuen, eta nolabaiteko inbidiaz begiratzen zion ekimenari Etxaburuk. "Balioak, gehien-gehien, bizipenen bidez sustraitzen dira. Irakaskuntzan sarri askotan aritzen gara balioetan sakondu nahian, baina oso egoera irrealetan egiten da, eta inolako sustrairik gabeko agertokietan". Zumaiako ikastetxeen esperientziari begira jarri, eta hainbat hausnarketaren ondoren, eurek ere ekitea erabaki zuten.

Balioetan hezteko

Aurrez ere bazen Elorrion Mendebaldeko Sahararekiko sentsibilitatea, eta hori baliatu zuten elkartasuna eta balioetan oinarritutako heziketa uztartzen dituen proiektua abiatzeko. Urteak dira errefuxiatuen kanpalekuetako haurrak Oporrak Bakean programaren bidez uda pasatzera Elorriora etortzen direna. Orube hori indartu nahian, udaletxera jo zuten. Udalak proiektua herriko ikastetxe guztietara zabaltzea proposatu, eta Txintxirri ikastolak eta Elorrioko institutuak bat egin zuten egitasmoarekin. Baita udalak eta Lajwad Sahararen aldeko elkarteak ere.

Elkartasun bidaia gisara planteatu zuten. "Hau ez da ikasketa bidaia bat", zehaztu du institutuko zuzendariak. "Gehiago esango dut: hau ez da guztientzako bidaia bat. Hara abiatzeko zerbait sentitu beharra dago aurrez". Horregatik, errefuxiatuen kanpalekuetara laguntzera joan nahi dutela espresuki adierazten duten ikasleak soilik joango dira; aurrez ere benetako irrika dutenak. Abiapuntuak argia behar duela nabarmendu du Etxaburuk: "Gu ez goaz karitatez. Eurek, gainera, askotan esaten dute ez dutela karitaterik behar, ez dutela pena sentitzerik nahi. Badakite zein egoeratan bizi diren eta zergatik".

Eta latza da basamortu erdian Saharako errefuxiatuek bizi dutena. 40 urte baino gehiago daramatzate desertuan, behin-behinekoz atondutako kanpalekuetan, oinarrizko azpiegiturarik gabe, euren lurretara itzultzeko aukeraren zain. Hamabost urteko gudaren ostean, Fronte Polisarioak eta Marokoko erregimenak erreferenduma eginda guda amaitzea adostu zuten, baina, erabakiak Nazio Batuen Erakundearen babesa ere baduen arren, Marokok ez du hitza bete. Irtenbiderik gabe, Aljeriak utzitako lur gogor eta idorretan jarraitzen dute sahararrek, zain, errefuxiatuta.

"Sahara aurrera ateratzen laguntzeko" itzuli nahi luke 15 urteko Adriana Fernandezek kanpalekuetara. "Haien bizitza zeozer hobetzen laguntzeko, baita ekonomikoki eta politikoki ere". Egoeraren berri zabaltzearen garrantzia nabarmendu du.

Euren esperientziaren berri emateko Bizkaiko Hitza-rekin batu diren lau ikasleek bat egin dute esperientzia errepikatzeko nahian, eta bidaiak barrua aldatu diela ere adierazi dute; pertsonalki aldatu egin dituela. "Hemen pentsatzen dugu gauza materialak behar ditugula bizitzeko, eta bertan ikusten duzu ezetz. Gutxirekin konformatzen direla eta pozik bizi zaitezkeela hala ere". Horixe da 15 urteko Ekain Zengotitabengoa gehien harritu duena: "Ez dute ia dirurik, baina batak besteari laguntzen dio, eta pozik bizi dira. Familia handi bat bezalakoa da; dagoena denena da".

"Oso bidaia sentimentala" izan dela kontatu du 15 urteko Herketz Irañetak. Hamar egunetan euren etxekotzat hartu dituztenak familia bihurtu zaizkiela, eta hango bizimoduak eman diola zer pentsatu. "Hausnartzeko esperientzia" gisa izendatu du bidaia, eta bere bizitza norabidez aldatzeko premia sentiarazi diola azaldu du. Alferkerian, "denbora galtzen" aritu dela aitortu, eta dituen baliabideak baliatuta ikasketei ere serio heltzeko beharra piztu zaiola, orain arte ez bezala.

Hala, eman baino gehiago jaso egin dutela diote lau ikasleek. Laguntzera zihoazen arren, aberastuta etorri direla, ustekabean. Hain zuzen, institutuko zuzendariaren hitzetan, proiektuak helburu horixe bilatzen du zeharka. "Ukitu ezinezko" lorpentzat ditu horiek; zenbatu eta neurtu ezin diren baina heziketaren ikuspegitik berebiziko garrantzia dutenak. "Horiek dira benetan inportanteak diren elementuak, pertsona egiten gaituztenak". Eta horixe du "altxor": "Motxiletan ekartzen ez duguna, baina bai buruan eta bihotzean".

Bestelako helburu zehatzekin ere antolatzen dute Tindufeko kanpalekuetarako bidaia, halere. Elkartasuna oinarri, laguntzeko bidaia da elorriarrena. Hiru proiektu zehatzekin dabiltza azken urteetan. Ortuekin lotutakoa da bata. Inolako produkziorik ez duen eremua bizileku izanik, nazioarteko laguntza humanitarioaren esku dago sahararren iraupena. Eta nabarmenak dira elikadura gabeziak. Hori iraultzen lagundu nahian, baratzeak egiteko proiektuari eutsi zioten elorriarrek duela lau urte.

Baina, ortua desertuan? Ohiko galdera da, baina, Etxabururen hitzetan, posible da. Euren begiekin ikusi dute. Edangarria ez den arren, kanpaleku batzuetan ur putzu asko dagoela dio, eta balekoa dela ureztatzeko. Zaila da putzuetara iristeko zuloak egitea, baina, horretarako makinak eta pazientzia izanda, lor daiteke. Putzuetatik ura ateratzeko makinak erosten laguntzea da elorriarren asmoetako bat. Ongarri kapa bat ere jarri behar litzateke harri eta harearen gainean baratzea egiteko, eta haziak lortu behar lirateke, besteak beste. Baina lortuko dutelakoan da Etxaburu. Buru belarri jarri dira horretan, eta ortua egin nahi duten familien zerrendaren zain daude. Aaiungo Amgala auzoan egon dira elorriarrak, eta hara bideratu dute proiektua. Hemendik aurrerako diru bilketak eta gainerakoak horri begira egingo dituzte.

Oinarrizko beste proiektu bati begira ere bai: ura biltzeko bidoiak eramateari begira. Desertuko arazo nagusia ur edangarria izatea da. Nazioarteko laguntzari esker iristen zaie ura kanpalekuetako familiei, kamioietan. Baina gordetzeko bidoi erraldoiak behar izaten dituzte, eta horietako asko apurtuta ikusi dituzte azken bidaietan. Edukiontzirik ez duten familiak ere bai. Azken bidaian mila litroko 60 eraman dituzte, eta aurrerantzean familia gehiagorengana heltzea da asmoa.

Ikastetxeen proiektuak izanik, kanpalekuetako eskolei laguntzekoak ere ez dira falta izaten. Jostailuak eta ikasketarako materialak beti eramaten dituzte. Fotokopiagailu eta antzekoak ere helarazi izan dituzte, eta haurtzaindegiak txukundu zein ikastetxeak margotu eta apaindu. Aaiungo Martxoaren 8 eskola margotu eta koloredun marrazki biziz jantzi dute azken bidaian.

Etxera itzuli berritan, hurrengo bidaiarako lehentasunak buruan darabiltza Etxaburuk. Proiektuak zehaztu, eta laguntza bila jarraituko du ikasle, ikasle ohi eta familien laguntzarekin. Sarea zabaltzen, diru ekarpenak handitu eta Saharako errealitateari buruzko informazioa ahalik eta gehiago hedatu nahian.

Aireak erakusten ez duena

Aireak erakusten ez duena

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kiratsak piztu zituen alarmak. Durangoko herritarrek usain desatseginak nabaritu zituzten joan den ekainean, eta, orduztik, galdera bera darabilte durangarrek: "Zer arnasten dugu?". Galderari erantzun nahian jo zuten Herriaren Eskubidea plataformako kideek San Roke kalean Jaurlaritzak duen airea neurtzeko estaziora. Bada, zituzten susmoak berretsi ziren bertan, behar baino partikula kutsakor gehiago identifikatu baitzituen estazioak azaroaren hasieran. "Bi ertz daude argitzeko: usain hori zerk eragiten duen edo nondik datorren argitu behar da, batetik; eta, bestetik, horrek gure osasunean zer nolako eragina duen aztertu behar da". Erantzunak eta erantzukizuna, bi-biak eskatu ditu Julian Rios Herriaren Eskubidea plataformako kideak. Egoera argitu dadin eskatzeko hainbat protesta egin dituzte azken egunetan.

Argi utzi nahi izan du: "Paper fabrikaren usaina guztiz barneratuta dugu durangarrek eta aspaldian nabari dugun hats honek ez du zerikusirik paper fabrikaren usainarekin. Oraingoa askoz ere gogorragoa eta larriagoa da". Azaldu duenaren arabera, Durangoko hainbat herritarek jo zuten beraiengana gaiarekin kezkatuta. Uztailean airearen kalitateari buruzko kezka udalera eraman zuten oposizioko taldeek, baina ez zuten erantzunik jaso. "Udalak ez digu ezer argitzen. Alde batetik diote azken aldiko usain txarra ez dela osasunarentzat kaltegarria, baina, era berean esaten digute ez dakitela nondik datorren eta zein den airearen konposizioa". Kontrajarriak dira bi argudioak. "Nola da posible osasunari kalterik eragiten ez diola esatea, nondik datorren eta zehazki zer den jakin gabe?".

Azken sei hilabeteetan indarrak biltzen aritu direla azaldu du Riosek, eta, orotara, herriko hamalau plataforma elkartu dira gaia argitu dadin aurrera urratsak elkarrekin egiteko: Herria bizilagunen elkartea, DAZ Durangoko Alde Zaharra, Zarataren Aurkako Plataforma, San Fausto zentroa, Gure San Fausto Berria, Ekologistak Martxan, ELA, LAB, CCOO, UGT, Ernai, Elkarrekin Podemos, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea.

Neurgailuen neurketa falta

Airearen kalitateari buruzko azterketa zehatza eskatzen dute hamalau elkarteek. Izan ere, kezkarako motiborik badutela azaldu du Riosek: kaltegarriak diren PM partikulen maila handia erakusten dute San Rokeko estazioko datuek. Zientzialarien esanetan, PM partikulak dira aire kutsaduraren arazorik larriena eta 2,5 mikratik beherakoak dira arriskutsuenak; alegia, PM2,5 izena dutenak. PM10ak birikietan geratzen diren bitartean, odolera iritsi daitezke PM2,5 motakoak eta duten tamaina txikiaren erainez, denbora luzea eman dezakete airean.

Oro har, arnas-aparatuko eta bihotzeko gaitzen eragile dira PM motako partikulak, Osasunaren Mundu Erakundearen (MOE) arabera. Bada, PM horien kantitatea behar baino handiagoa izan zen Durangon azaroan zehar. "Ezusteko batekin ere egin genuen topo San Rokeko estazioko datuak aztertzean, hainbat hutsune aurkitu baikenituen; hau da, ez direla urte osoko datuak erregistratu".

Durangoko Udalak ez du gaiari buruzko adierazpen zuzenik egin nahi izan, baina prentsa ohar bidez adierazi du urteko egunen %99,72an airearen kalitatea "ona" edota "onargarria" izan dela herrian. San Rokeko estazioan jasotako datuak hartu dituzte oinarri udalean ere. Riosek datuak gezurtatu ditu, ordea. "Udalak azaltzen duenean urteko ia egun guztietan edo %99ean airearen kalitatea ona izan dela, ez da ari datu errealak aintzat hartzen. Aurretik azaldu dudan gisara, San Rokeko estazioko datu bilketa askotan eten baita, neurgailuen okerrengatik. Hortaz, aurten, datuen %42 besterik ez du neurtu. Horregatik, ehuneko hori aintzat hartuta, airearen kalitatea ona dela ondorioztatzea ez da ez zilegia ezta erreala ere".

Maila batetik gora neurgailuek neurtzeari uzten diotela salatu du Herriaren Eskubidea plataformako kideak, eta, gauzak horrela, azterketa zehatza egitea beharrezkoa dela aldarrikatu du. "Irailean ere eraman genituen neurketek izan dituzten hutsune horiek guztiak udaleko osoko bilkurara, baita gehiegizko PM neurrien neurketak zituzten grafikoak ere. Mozioa aurkeztu genuen udalean oposizioko taldeek". Baina Udal Gobernuak bere horretan jarraitzen duela azaldu du Riosek. Udalak oharrean azaldu duenez, Jaurlaritzara bideratu diuzte durangarren kezka guztiak, eta, azpimarratu dute, Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari dagokiola usain txarren jatorria zein den aztertzea, eta ez udalari.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak ere azalpenak eskatu zizkion Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari parlamentuan. Azaroaren 4an PM2,5 partikulek 50eko langa gainditu zutela frogatzen duen irudia erakutsi zuen Oterok —MOEren arabera 25etik aurrerako langak kaltea eragiten du herritarren osasunean—. Zehazki, World Air Quality Index airearen kalitateari buruzko datuak jasotzen dituen nazioarteko webgunean jasotako datuak erakutsi zituen EH Bilduko kideak.

Azterketa zehatzen eskean

Bartzelonako Vall d'Hebron Campus Hospitalariko ikerlariek azaroaren 27an argitaratutako azterlana aipatu du Riosek. Adituek baieztatu dutenez, elkarri lotuta doaz kutsadura eta bihotzeko arazoak: hau da, zenbat eta kutsadura tasa handiagoa izan, orduan eta herritar gehiago hiltzen dira bihotzekoak jota. Hala azaldu zuen Jordi Bañeras Bartzelonako Unibertsitateko kardiologoak. "Emaitzen arabera, koroa arteria oztopatzen du kutsadurak, bihotzekoak areagotuz. Mota horretako bihotzekoak kutsadura neurririk handienak dauden egunetan gertatzen dira eta hilkortasun tasa ere igo egiten da, nabarmen; are gehiago, gaitza agertu eta lehen 24 ordutan erabakigarria da arnastu den kutsaduraren neurri hori".

Gaiari heldu behar zaiola berresten du ikerlanak, Riosen arabera."Ez al da nahikoa arrazoi ikerketari ekiteko?". Herritar guztiei eragiten dio auziak eta lehentasunez konpondu beharreko arazoa izan beharko litzatekeela dio. "Herritarren osasunaz ari gara". Arazoaren iturburua zein den ezagutzeko eta neurriak hartzeko, neurketa zehatzak egitea eskatu diote udalari. Eta eskaera egiten jarraituko dute aurrerantzean ere, Bañosen hitzetan: "Durangoko Udalak eta Jaurlaritzak ez badute ezer egiten, prest gaude gure gain hartu eta geure medioekin azterketa finantzatzeko. Gu denon artean egingo dugu erakundeek egin behar dutena".