Gizartea

Argiteriaren atzeko iluntasuna

Argiteriaren atzeko iluntasuna

Bi aste falta dira gabon gauerako, baina aspaldi nabari da gabon giroa Bizkaiko txoko gehienetan. Hiriburua da guztien artean nabariena. Asteak dira Bilboko kaleak 1.200.000 argirekin argiztatu zituztela. Kontsumo txikikoak dira jarri dituzten argi gu...

Euskaldun berriei eskaini dizkiete kaleak

Euskaldun berriei eskaini dizkiete kaleak

Euskaldun Berria. Kaleko hormetako plaketan ikusten hasi da izena, lehen aldiz. Izen gisara. Bilbon, Bizkaiko foru liburutegiaren aurrean dagoen iturrian, esaterako, Euskaldun Berria Gunea irakur daiteke. Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako plaka da, eu...

Txerrikiak, herritarrentzat

Txerrikiak, herritarrentzat

Garaiz heldu diote txarribodari larrabetzuarrek. San Martin egunarekin batera, usainen dantza hasten da herri erdigunean. Eta etxetik ateratzen denak berehala nabaritzen du txerrikiak prestatzen ari direla herrian. Zehazki, Aretxabala kultur elkartean. 26 urte dira elkartea osatu zenetik, eta 25 urte dira elkartean auzolanean txerri hilketa egiten dutela. Txerrikiak eskatzen dituzten herritarren artean banatzen dituzte gero. Baina aurtengo ekitaldia azkena izateko zorian dago, eta ez elkartea itxi egingo dutelako soilik —Espainiako Auzitegi Gorenak ixteko agindu duen herriko tabernen artean dago Aretxabala elkartea—; belaunaldi berriek ez diote eusten txerrikiak prestatzeko tradizioari.

Berezia da Aretxabalako txarribodaren kasua. Auzolanean egiten dute txerri hiltzea, norbere etxerako ez, herriarentzako prestatzen baitituzte odolkiak. Dozenaka boluntarioren artean egiten dituzte lan guztiak, eta txerrikia banatu egiten dute gero. San Martin egunarekin batera hasi dituzte, aurten ere, prestaketa guztiak. Txerrikiekin herri afaria zuten larunbatean, eta hartarako odolosteak prestatzen aritu ziren ostiralean. Gainontzeko txerrikiak Aretxabalan jartzen duten zerrendan izena eman duten herritarren artean banatzen dituzte.

Harrera ona du egitasmoak herrian, eta asko dira elkarteko txerrikiak noiz egingo zain izaten diren larrabetzuarrak. "Pena bat da erreleborik ez egotea, herrian eskaera egon badagoelako. Asko odoloste gabe geratzen dira", dio Garbiñe Etxebarriak eskuak odolosteak egiteko orean sartuta dituela. Ondoan ditu beste bost emakume ere, lan berean; tartean, Ana Mezo. Hura izan zen, beste herrikide batzuekin, duela 25 urte Aretxabalako txarriboda hasi zutenetako bat. "Edadeko jendea bildu genuen txarriboda egiteko. Haiek erakutsi ziguten txarriboda nola egiten zen, eta guretzako ikasketa prozesuak izan ziren lehen urteak". Beraiek jaso duten jakintza hori gazteei transmititzea nahiko lukete orain.

Gaur zortzi egin zituzten odolosteak. Jai eguna hartzen dute boluntario lanetan aritzen diren guziak horretarako. Baina lan handia dago odolosteak egiten hasi baino lehen. "Txerria hiltzen denerako denak egon behar du prest". Azken urteetan harategian eskatu dute txerria, baina bestela egiten zuten lehen. "Lehen erosi egiten zen, txarriboda baino hiru hilabete lehenago, eta denen artean hiltzen zen gero", azaldu du Mezok.

Odolosteak egin baino lehenagoko zerrenda luzea aipatu du Etxebarriak, txerrikia bera eskuetan duela: "Egun askotako lana da hau". Porruak eta tipulak garbitu eta su txikitan prestatu, piperrak beratu eta azala eta mamia banatu, txerriaren koipea txikitu eta arroza prestatzea aipatu ditu, tartean. Azaldu du larunbatean herri afarian batu ondoren txorizoak egiteko elkartuko direla berriz igandean.

Auzolana. Hori da Aretxabala elkarteko txarribodaren oinarria. Gazte bat ala beste laguntzera joaten da, noizean behin. Baina ardura hartzea da, beteranoen arabera, ohiturari eusteko falta dena.

Alternatiba sortzaileen espazioak

Alternatiba sortzaileen espazioak

Ohikoak ez diren tokietan gizarte hegemonikoaren parte ez diren pertsonek eraikitzen dituzten eremuek osatzen dituzte espazio alterotopikoak. Hiria sortu edo eraldatzeko prozesuan alternatibak eskaintzen dituzten pertsona eta espazioak barne hartzen ditu berba ezezagun bezain adierazgarri horrek. Alter eta topos latineko berbak biltzen dituen hitza da: bestea eta lekua edo espazioa terminoak jasotzen ditu. Eta berau hartu dute ardatz aurten UrbanBAT jaialdiaren antolatzaileek. Laugarrenez antolatu dute, Bilbo Zaharrean. Atzo eman zioten hasiera, eta bihar bukatuko da.

Auzoa bera da alterotopia eredu nabarmena. Hala uste du jaialdiaren antolatzaileetako batek, Gorka Rodriguezek: "Hemen sortzen ari direlako homogeneizazio edo estandarizazio prozesu horrekiko hainbat alternatiba". Alternatiba horiek, batzuetan, derrigortuta sortzen dira: "Hemen biltzen direlako ezberdinak diren pertsonak; beste espazio batzuetan lekurik ez daukatenek hemen aurkitu dutelako beraien lekua".

Beste alde batetik, auzoan hainbat eragile bildu dira, eta ekinbide ugari sortu dituzte egoera horiei alternatibak bilatzeko. "Eguneroko bizimodua zalantzan jartzen duten espazioak edo tokiak dira, errutinak inposatutako erritmoei aurre egiteko, ekonomia formalari, kontsumoari edo hegemoniari alternatibak bilatzen dietenak".

Era askotako jarduerak antolatu dituzte aurtengo UrbanBAT arkitektura topaketetarako: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bestelako kultur jarduerak. San Frantzisko auzoa ezagutzeko bisita gidatu bitxi batzuk egingo dituzte bihar. Auzoa beste era batera ikusteko aukera emango dute. Bost alterotopia eredu bisitatuko dituzte, beste horrenbeste espaziotan.

11:00etan abiatuko dute ibilbidea, Abando kaletik. "Kale hori oso lotua egon da Bilboko merkataritza eta industria bilakaerari, trenbidearen ondoan dagoelako". Hainbat biltegi daude han; tartean, Pedro Tejadaren barnea. "Hori guzti hori oso egoera kaltegarrian da, pixkanaka desagertzear dagoen espazio bat delako; bota egingo dute".

Lokal horiek, baina, bizitza handia dute. Iñigo Varona artista ari da han lanean. Eskultura eta lurraldearen arteko harremana ikertzen du. Bisitan parte hartzen dutenek haren eskutik ezagutuko dute lokalaren historia. Kale horren nondik norakoak izango ditu mintzagai. "Hirigintzaren ikuspuntutik non gauden azalduko digu. Baita espazio horrek izan dituen bilakaera eta garrantzia ere. Egun zergatik dagoen egoera kaskarrean eta zer dela-eta dagoen desagertzear zehaztuko du". Ostean, artistak buztina lan-tresna duela baliatuta, material horrekin ariketatxo bat egiteko aukera izango dute bisitariek. "Bertan nolabaiteko arrastoa utziko dugu hala".

Okela sormen lantegia izango dute hurrengo geralekua. Auzoan haragia saltzen zuen harategi handi bat izan zen. Itxi ostean, urte mordoa egin du hutsik. Orain, emakumez osatutako kolektibo batek hartu du, eta sormen espaziorako baliatuta, erakusketak egiteko leku ere bihurtu dute. "Interesgarria da emakumeek era kolektiboan egin dutelako. Oraindik harategiaren historia ikus daiteke espazio horretan, gainera".

Lokalaren historia ezagutuko dute bisitariek bertan lanean diharduten emakumeen ahotik. Eta txotx bat ere prestatuko dute barruan. "Gentrifikazioaren aldean, betiko ohituretan oinarritutako jarduera bat delako txotx egitea". Jatorrizko populazioa erosahalmen handiagoa duen beste batek ordezkatzeko prozesuari deritzo gentrifikazio. Bideo batzuen bitartez erakutsiko dute kultura anitzetan nola elkartzen den jendea edateko.

Handik atera, eta Sarean kultur gunerantz abiatuko dira denak. Horrek ere badu loturarik UrbanBAT jaialdiak aurten ardatz duen alterotopia kontzeptuarekin. "Herri ekinbidez egindako proiektu bat da, eta auzoarentzat sortutako kultur gune bat". Han bazkalduko dute bisitariek.

Edonoren eskura ez dagoen beste espazio bat izango dute hurrengo parada, arratsaldean. Antzinako Miribillako meategietako galeriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Auzoaren identitateari oso lotutako espazio bat da, meategietan oinarritutako ekonomia baten ondorioz sortutako auzo bat delako. "Beraz, auzoaren historiari buruz hitz egiteko espazio polita da". Meategiei buruzko historia modu berezi batean kontatuko du Ane San Miguel abeslariak, gainera; kantua eta permormancea baliatuta.

Bilbo Zaharreko kultur etxean bukatuko dute bisita. "Beste espazio alterotopiko bat litzateke hori: auzo elkarteak era autogestionatuan kudeatzen duen etxe bat da". Han ere, eraikinaren ezaugarriak, nola dagoen eta bertan egiten dutena azalduko dute. Horrez gain, Bartzelonako LaCol arkitektura taldeak argitaratu berri duen liburuaren aurkezpena egingo du: Experiencias de participación en arquitectura y urbanismo. Arkitektura ardatz hartuta gizartea eraldatzeko lan egiten duten gazteek eratutako kooperatiba da LaCol.

Handik aurrera, festa giroan murgilduko dira MEM Bat Extravaganza jaialdiarekin. Musika eta arte esperimentalen jaialdia da MEM. Orain artean, bi jarduerak egun berean egiten zituzten, bakoitza bere aldetik. Aurten, biak elkartu dituzte, eta espazio alterotopiko bat prestatu dute jaialdirako: Hika Ateneoa, "lankidetza eta auzolanaren bidez sortutako kulturarako espazioa". Hiru kontzertu egingo dituzte han: AAA, Villapellejos eta Feine Trinkers bei Pinkels Daheim taldeek joko dute.

Herritarrek herritarrentzat prestatutako jarduerak izango dira guztiak. Eta parte hartzea sustatzeko biderik ere ez da faltako. Gaur arratsaldean, esaterako, auzoan dauden arazoak ikusirik, proposamenak egiteko bost lan mahai prestatu dituzte: Emakumea eta espazio publikoa; Gentrifikazioa; Kudeaketa kolektiborako espazioak; Gizarte berrikuntzarako plazak; eta Bizikidetza eta dibertsitatearen kudeaketari buruzkoa. Auzoa eta auzoaren bizimodua eta harremanak auzotarrek zelan eraiki gura dituzten eztabaidatzeko aukera ezin hobea izango da, beraz, Bilbo Zaharrean.