Alternatiba sortzaileen espazioak

Ohikoak ez diren tokietan gizarte hegemonikoaren parte ez diren pertsonek eraikitzen dituzten eremuek osatzen dituzte espazio alterotopikoak. Hiria sortu edo eraldatzeko prozesuan alternatibak eskaintzen dituzten pertsona eta espazioak barne hartzen ditu berba ezezagun bezain adierazgarri horrek. Alter eta topos latineko berbak biltzen dituen hitza da: bestea eta lekua edo espazioa terminoak jasotzen ditu. Eta berau hartu dute ardatz aurten UrbanBAT jaialdiaren antolatzaileek. Laugarrenez antolatu dute, Bilbo Zaharrean. Atzo eman zioten hasiera, eta bihar bukatuko da. Auzoa bera da alterotopia eredu nabarmena. Hala uste du jaialdiaren antolatzaileetako batek, Gorka Rodriguezek: "Hemen sortzen ari direlako homogeneizazio edo estandarizazio prozesu horrekiko hainbat alternatiba". Alternatiba horiek, batzuetan, derrigortuta sortzen dira: "Hemen biltzen direlako ezberdinak diren pertsonak; beste espazio batzuetan lekurik ez daukatenek hemen aurkitu dutelako beraien lekua". Beste alde batetik, auzoan hainbat eragile bildu dira, eta ekinbide ugari sortu dituzte egoera horiei alternatibak bilatzeko. "Eguneroko bizimodua zalantzan jartzen duten espazioak edo tokiak dira, errutinak inposatutako erritmoei aurre egiteko, ekonomia formalari, kontsumoari edo hegemoniari alternatibak bilatzen dietenak". Era askotako jarduerak antolatu dituzte aurtengo UrbanBAT arkitektura topaketetarako: hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak eta bestelako kultur jarduerak. San Frantzisko auzoa ezagutzeko bisita gidatu bitxi batzuk egingo dituzte bihar. Auzoa beste era batera ikusteko aukera emango dute. Bost alterotopia eredu bisitatuko dituzte, beste horrenbeste espaziotan. 11:00etan abiatuko dute ibilbidea, Abando kaletik. "Kale hori oso lotua egon da Bilboko merkataritza eta industria bilakaerari, trenbidearen ondoan dagoelako". Hainbat biltegi daude han; tartean, Pedro Tejadaren barnea. "Hori guzti hori oso egoera kaltegarrian da, pixkanaka desagertzear dagoen espazio bat delako; bota egingo dute". Lokal horiek, baina, bizitza handia dute. IƱigo Varona artista ari da han lanean. Eskultura eta lurraldearen arteko harremana ikertzen du. Bisitan parte hartzen dutenek haren eskutik ezagutuko dute lokalaren historia. Kale horren nondik norakoak izango ditu mintzagai. "Hirigintzaren ikuspuntutik non gauden azalduko digu. Baita espazio horrek izan dituen bilakaera eta garrantzia ere. Egun zergatik dagoen egoera kaskarrean eta zer dela-eta dagoen desagertzear zehaztuko du". Ostean, artistak buztina lan-tresna duela baliatuta, material horrekin ariketatxo bat egiteko aukera izango dute bisitariek. "Bertan nolabaiteko arrastoa utziko dugu hala". Okela sormen lantegia izango dute hurrengo geralekua. Auzoan haragia saltzen zuen harategi handi bat izan zen. Itxi ostean, urte mordoa egin du hutsik. Orain, emakumez osatutako kolektibo batek hartu du, eta sormen espaziorako baliatuta, erakusketak egiteko leku ere bihurtu dute. "Interesgarria da emakumeek era kolektiboan egin dutelako. Oraindik harategiaren historia ikus daiteke espazio horretan, gainera". Lokalaren historia ezagutuko dute bisitariek bertan lanean diharduten emakumeen ahotik. Eta txotx bat ere prestatuko dute barruan. "Gentrifikazioaren aldean, betiko ohituretan oinarritutako jarduera bat delako txotx egitea". Jatorrizko populazioa erosahalmen handiagoa duen beste batek ordezkatzeko prozesuari deritzo gentrifikazio. Bideo batzuen bitartez erakutsiko dute kultura anitzetan nola elkartzen den jendea edateko. Handik atera, eta Sarean kultur gunerantz abiatuko dira denak. Horrek ere badu loturarik UrbanBAT jaialdiak aurten ardatz duen alterotopia kontzeptuarekin. "Herri ekinbidez egindako proiektu bat da, eta auzoarentzat sortutako kultur gune bat". Han bazkalduko dute bisitariek. Edonoren eskura ez dagoen beste espazio bat izango dute hurrengo parada, arratsaldean. Antzinako Miribillako meategietako galeriak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Auzoaren identitateari oso lotutako espazio bat da, meategietan oinarritutako ekonomia baten ondorioz sortutako auzo bat delako. "Beraz, auzoaren historiari buruz hitz egiteko espazio polita da". Meategiei buruzko historia modu berezi batean kontatuko du Ane San Miguel abeslariak, gainera; kantua eta permormancea baliatuta. Bilbo Zaharreko kultur etxean bukatuko dute bisita. "Beste espazio alterotopiko bat litzateke hori: auzo elkarteak era autogestionatuan kudeatzen duen etxe bat da". Han ere, eraikinaren ezaugarriak, nola dagoen eta bertan egiten dutena azalduko dute. Horrez gain, Bartzelonako LaCol arkitektura taldeak argitaratu berri duen liburuaren aurkezpena egingo du: Experiencias de participaciĆ³n en arquitectura y urbanismo. Arkitektura ardatz hartuta gizartea eraldatzeko lan egiten duten gazteek eratutako kooperatiba da LaCol. Handik aurrera, festa giroan murgilduko dira MEM Bat Extravaganza jaialdiarekin. Musika eta arte esperimentalen jaialdia da MEM. Orain artean, bi jarduerak egun berean egiten zituzten, bakoitza bere aldetik. Aurten, biak elkartu dituzte, eta espazio alterotopiko bat prestatu dute jaialdirako: Hika Ateneoa, "lankidetza eta auzolanaren bidez sortutako kulturarako espazioa". Hiru kontzertu egingo dituzte han: AAA, Villapellejos eta Feine Trinkers bei Pinkels Daheim taldeek joko dute. Herritarrek herritarrentzat prestatutako jarduerak izango dira guztiak. Eta parte hartzea sustatzeko biderik ere ez da faltako. Gaur arratsaldean, esaterako, auzoan dauden arazoak ikusirik, proposamenak egiteko bost lan mahai prestatu dituzte: Emakumea eta espazio publikoa; Gentrifikazioa; Kudeaketa kolektiborako espazioak; Gizarte berrikuntzarako plazak; eta Bizikidetza eta dibertsitatearen kudeaketari buruzkoa. Auzoa eta auzoaren bizimodua eta harremanak auzotarrek zelan eraiki gura dituzten eztabaidatzeko aukera ezin hobea izango da, beraz, Bilbo Zaharrean.