Argiteriaren atzeko iluntasuna

Argiteriaren atzeko iluntasuna

Bi aste falta dira gabon gauerako, baina aspaldi nabari da gabon giroa Bizkaiko txoko gehienetan. Hiriburua da guztien artean nabariena. Asteak dira Bilboko kaleak 1.200.000 argirekin argiztatu zituztela. Kontsumo txikikoak dira jarri dituzten argi guztiak, eta horrek energiaren kontsumoa nabarmen aurreztea ekarri du. Bat datoz denak horretan. Edonola ere, energia xahutzen da gabon argiekin. Eta beharrezko gastua den ala ez hausnartu behar du gizarteak, Ekologistak Martxan-eko Xabier Abian kidearen arabera. Helburu zehatza dute gabon argiek: kontsumoa areagotzea. Eta hori da gaur egungo krisi ekologikoaren muina, ekologistaren hitzetan.

Kontsumo txikikoak dira hiriburuan jarri dituzten argiak. “Argien %100 LED motakoak dira, eta horrek energiaren kontsumoa jaitsi eta elektrizitatearen faktura murrizten du”, azaldu du Marta Barcok, Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzu Sailaren zuzendariak. Azken urteetan goritasunezko bonbillak LED motakoengatik ordezkatu ditu Bilboko Udalak, eta apustu horren onuretan egin du indar Barcok behin eta berriz. Hiru dira, aipatu dituen ezaugarriak. Bat: LED metro batek 25 watteko 10 bonbillak baino hamar aldiz gutxiago kontsumitzen du. Bi: argiek duten iraupen luzea. “50.000 orduko iraupena dute %100eko argiztapenean. Sei urtez hogeita lau orduz piztuta izatea da hori”. Eta hiru: LEDak kolore ezberdinak lortzeko aukera ematen dute.

Hiriburuko bederatzi merkataritza elkarterekin elkarlanean jarri ditu argiak Bilboko Udalak estreinakoz. “Lehen, elkarte bakoitzak bere kabuz jartzen zituen, eta bakoitzak bere aldetik erabakitzen zuen argiak noiz piztu”. Azaroaren 24an argitu dute hiriburua denek aurten. Baina data ez da batera jarri duten bakarra. Udalak ordainduko du argiztapen guztiaren argindarra. Argien alokairu eta instalazioa, aldiz, elkarteen esku geratuko da. Iaz ere LED argiak jarri zituzten hiriburuan.

Udalak emandako datuen arabera, 55.784,70 kW kontsumitu zuten argiek iaz. Dirutan, 17.344,54 euro. Aurrezten den arren, energia kontsumitzen dute argiek. Jakitun da horretaz Barco, eta norabide horretan urratsak egiten jarraitzen dutela dio. Azaldu du aurten ordu gutxiagoz piztu dituztela argiak. “Ordu bat gutxiago dago argiztapena astelehenetik ostegunera. Asteburuan, mantendu egin dugu ordutegia, hiriburuan jende gehiago izaten delako”. Edonola ere, gabon argien kontsumoaren eta gizartearen ongizatearen artean oreka bat dagoela uste du udaleko kideak. “Onura soziala du hiriburuko argiztapenak. Kontsumoa eta turismoa areagotzen ditu, eta horrek gizartearen ongizatea bermatzen du”.

Argien funtzio soziala

Hain zuzen, argudio bera erabili du Ekologistak Martxan-eko Xabier Abian kideak, Gabonetan jartzen den argiztapenari kritika egiteko. Etengabe kontsumitu behar dela gogoratzeko seinale gisa definitu ditu Bilbon jarrita dauden argiak. “Funtzio zehatza dute. Kontsumoa bizkortzeko jartzen dira eta gizartea horretara bideratzen dute apaingarriekin. Kale Nagusia ikustea besterik ez dago: zuhaitz guztiak argi urdinez josita daude”.

Abianek ere aitortu du askoz gehiago kontsumitzen zela lehen jartzen ziren Gabonetako argiekin. “Goritasunezko bonbillek askoz gehiago kontsumitzen zuten”. Eta eman du azalpena ere. Bonbilla arruntek wolframezko hari oso fin batetik korrontea igarota eramaten dute argia, eta asko berotzen da. Eta berotzeko balio duen elektrizitate hori guztia alferrik galtzen da. LED argia askoz ere eraginkorragoa da, elektrizitate gutxiago baliatzen delako eta guztia argia sortzera bideratuta dagoelako. Horrenbestez, diodozko argiek goriek baino hamar aldiz gutxiago kontsumitzen dute. Edonola ere, horrek ez du konpontzen auzia. “Gutxiago bai, baina energia kontsumitzen jarraitzen dute”.

Behar ez den tokien argiztapenarekin alderatu ditu garaiotako argiak. Abianek honela ikusiten du: “Apaintzeko argiak jartzen dituzte toki batzuetan. Arriaga Antzokia eta Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinak, adibidez, argitu egiten dituzte gauetan. Ez da beharrezkoa, eta jarri egiten dira hala ere”. Eraikinen aurrealdeak gauean argitzeak ez du zentzurik, Ekologistak Martxan-eko kidearen arabera. Eta horregatik dio argiztapenaren arazoa gabon argietatik harago doan auzia dela. “Gehiegizkoa da hiriburuan dugun argiztapena; hor energia kontsumo ikaragarria dago. Ikusteko beharrezkoa ez den toki askotara bidaltzen da argia”.

Gehiegizko igorpen horrek eragin zuzena du ingurumenean. Argi kutsadura gisa ezagutzen den efektua eragiten du. Eta, Abianen esanetan, gehigarri bat besterik ez dira gabon argiak kutsadura horretan; ez dute apenas eraginik. Nahikoa argiztatuta dago jada Bilbo elkarteko kidearen arabera. “50 kilometrora ikusten da hiriburuaren zeru argitua. Eta horri dagokionean neurriak hartu beharko genituzke”.

Kontsumo gizartea bultzatzea da gabon garaietan jartzen diren argien helburua. Argi adierazi du hori behin eta berriz Ekologistak Martxan-eko kideak. Eta gizartea horretaz jabetzea da lehentasuna, Abianen arabera. “Ikusten ez dugun arren, gure gizartea krisian murgilduta dago. Krisi ekologikoa dugu aurrez aurre, eta, hori gainditu nahi bada, beharrezkoa da gaur egungo kontsumo gizartetik aldetzea”. Hori delako, Abianen iritziz, ekologiaren krisiaren sorburua. “Kontsumotik eta gure bizimodutik sortu da ekologia krisia eta horrekin hautsi egin beharko genuke”.

Paradigma aldaketa bat ala pentsaera aldaketa bat beharrezkoa dela dio. “Gabonetan jartzen diren argiek kontsumo gizarteari erantzuten diote, eta, astiro bada ere, ohitura horiek aldatzea beharrezkoa da”. Aitortu du zaila dela gizarteak norabide horretan aldaketak egitea, baina ez dela ezinezkoa. “Tradizioa eta ohitura bihurtu da garaiotan argiak jartzea. Bai kalean eta baita etxean ere. Baina erroan zer dagoen hausnartu eta urrats txikiak egin behar ditugu”.

Bonbillak itzaltzea izan daiteke mentalitate aldaketa horretan eman daitekeen pauso txiki horien arteko bat. Eta norbere etxea apaintzeko jartzen diren argiekin has daiteke.