Natalia Salazar Orbe
Abadiñoko Udalak Murueta auzoko lursail batzuei kalifikazioa aldatzeko harturiko erabakiak uste baino zalaparta handiagoa sortu du herrian. +Kaleartean plataforman batu diren merkatariek eta sindikatuek herri galdeketa eskatu dute. Lursail horiek lur komertzial moduan kalifikatzeak Durangaldearentzat "ondorio larriak" izango dituela uste dute. Hala, sinadurak biltzen hasi dira, herritarrek erabakitzea ahalbidetuko duen galdeketa eskatzeko.
Herri egitasmo hori udalaren osoko bilkuran aurkeztu ahal izateko, Abadiñon bozka dezaketen biztanleen %10en babesa behar dute. "550 sinadura inguru lortu behar ditugu". Hala zehaztu du Ander Cimas Matienako merkatariak. Eta gehienak bihar lortu nahi dituzte, herrian festak ospatzen dituztela baliatuta. Maiatzaren azken aldera izango den osoko bilkura baino lehen denak bilduak izan behar dituzte.
Hiri Antolamendurako Plan Orokorra osatzeko prozesuaren barruan, ezer eraiki ezin den lurrak merkataritza lurzoru bihurtu gura ditu udalak. Prozesu hori guztia azkartu egin du, gainera. Mercadona eta Lidl han ezartzeko nahia dago presaz hartutako erabakiaren atzean.
Emaitzaz harago
Herritarrek Abadiñon Mercadona bat gura duten ala ez erabakitzea baino askoz gehiago da jokoan dagoena, Goretti Galan herriko merkatariaren aburuz. "Erabaki hau oso garrantzitsua da herriarentzat. Beraz, zergatik ez galdetu herritarrei?. Ondorioak ez dituzte pairatuko merkatariek soilik. Ezta Abadiñok bakarrik ere. Zaldibar eta Berriz ere herri txikiak dira. Eta horietan ere eragina izango du. Gure inguruan horrenbeste makrosupermerkatu baldin badaude, jendea ez da joango herrietako dendetara".
Murueta auzoko lursailen kalifikazioa aldatzeak ondorio bikoitza izango lukeela dio plataformak. Batetik, aurrekari bat sortuko lukeela, "nahieran aukeratutako tokietan enpresa handien ezarpena errazteko orduan". Izan ere, "udalak irizpide objektiborik erabili gabe eman eta kalifikatzen ditu lurrak", Galanen hitzetan. Bestalde, iruditzen zaio luzera begira maila ekonomikoa murriztu egingo dela nahiz eta luze gabe diru sarrerak lortu. "Ondorioz, biztanleen erosahalmena ere murriztuko da".
Arauak bi enpresa handiren mesedetan aldatzeak Durangaldeko biztanleen bizitza baldintzatuko duela sinetsita daude plataformako kideak. Hori dela eta, beharrezkotzat jo dute erabaki horrek herriaren baimena izatea "etikoki eta politikoki".
Bizitza eredua kolokan
Cimasek eta Galanek argi azaldu dute merkatarientzako arazo bat izateaz gain Abadiñokoaren moduko erabakiek bizitza eredua jar dezaketela kolokan. Lehenengoaren esanetan, "komertzioa herriaren kanpoaldean jarriz gero, herritarrak etxetik autora joango dira, handik merkataritza guneetara, eta, horietatik, lanera. Era horretan, herriak, pixkanaka, hiltzen joango dira. Barakaldon eta Basaurin ikusi dugu hori".
Segurtasuna ere izan du hizpide: "Zenbat eta jende gutxiago ibili herrian, orduan eta segurtasun gutxiago egongo da; argi gutxiago ere izango da kaleetan. Faktore askotan du eragina saltoki handien aldeko apustuak".
Bestalde, Galanek kritikatu egin du horren azkar gauzatu izana Lidl eta Mercadonaren saltokiak jartzeko lurren kalifikazioa aldatzeko prozesua. "Egun batetik bestera egin dute hori, baina beste gauza batzuetarako oztopoak jartzen dituzte".
Denetariko herritarrek osatzen dute +Kaleartean plataforma: Abadiñoko merkatariek; Dendak Bai, Euskaldendak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteko kideek, eta EHNE, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek. Alderdiez harago doan egitasmoa dela argi utzi dute hala deitzaileek.