Eider Mugartegi
Osasun zentro bakoitzari pediatra bat dagokio 0-14 urte bitartean dauden 900 umeko, baina kalkulu horiek ez dira beti betetzen. Lekeitioko osasun etxea da horren adibide. Kontuan izanik Lekeitioko osasun etxeak inguruko herrietako ume g...
Gizartea
Errefuxiatuen milaka aurpegi
Aitziber Laskibar Lizarribar
Babes bila ihes egiten duten milaka pertsonaren bizipenak. Heriotzatik ihesi, heriotzaren beraren sokan ibiltzera daramatzaten bidaiak. Helmugara iritsi direla uste dutenean helmugarik ez dagoela konturatzeak dakarren honda...
Ezkerra, bere etxeari begira
Aitziber Laskibar Lizarribar
Sozialki berdinak, humanoki desberdinak eta erabat libre izango garen mundu baten alde". Liluratu egiten du XX. mende hasierako esaldi horrek Yolanda Jubeto ekonomialari feminista. "Askatasun ikuspegi hori oso gaur egungoa da", dio. "Aniztasun hori garai hartan aldarrikatzea itzela da; guztiok ez dugula berdinak izan behar, eskubide berak izan behar ditugula eta sozialki aukera berdinak, baina, gero, bakoitzak aske izan behar duela, izateko modu desberdinak izan behar ditugula". Miresmenez azaltzen du Rosa Luxemburg iraultzailearen (Polonia, 1870-Berlin, 1919) irakaspena Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kide denak.
"Mugitzen ez denak ez ditu bere kateak sentitzen". Adierazgarria iruditzen zaio sozialismo alemaniarraren teorialari eta marxismoaren lehen lerroko sustatzaile izan zen emakumeak botatako esaldi hori ere.
Luxemburgek ez zuen feministatzat bere burua; ez behintzat sozialismoaren aldeko borrokaren buruan ibili zen hasierako urteetan. Emakumeen eskubideak defendatu soilik egiten zuela esaten zuen. Baina bere lagun feministen eraginez hartu zuen bideak etorkizuneko feministen eredu bihurtu zuen, gaur egungoenganaino iritsita. Eta ez soilik XIX. mende amaieran eta XX. hasieran dozenaka gizonezkoren aurrean, tente eta irmo, hizlari aritzen zelako. Ez bakarrik emakume izanik orduko pentsalari garrantzitsuenetakoa bihurtu, eta Leninekin berarekin aurrez aurre, maila berean, aritzen zelako eztabaidan. Sortzen ari zen sozialismoaren eta ezkerreko pentsamenduaren erdigunean ezarri zuen feminismoaren ikuspegia, kasik oharkabean, eta bide argi bat marraztu zuen. Ondo erakusten dute haren hitzek: "Feminista izanik ezkerrekoa ez denari estrategia falta zaio. Ezkerrekoa izan eta feminista ez denari, sakontasuna falta zaio".
Gerra, indarkeria eta gizonezkoen mundu bortitz horretan jatorriz judua zen emakumeak izan zuen "kemena" apartekoa iruditzen zaie Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kideei. Eredutzat dute borrokalari nekaezina, eta horregatik elkartu ziren taldean. "Omenaldi txiki bat egiteko". Bazekiten ezkerreko mugimendu zabalak Berlinen Luxemburg oroitzeko ekitaldiak egiten dituela, urtero, 1996tik. Haren izaera internazionalista, antiinperialista eta antikapitalista oroituz, Europako hainbat herritan zabalduz joan dela ekimena. Londreskoa da entzutetsuena.
Bilbo Zaharrari begira
"Zergatik ez egin guk ere?". Galdera hori sortu zitzaion Bilbo Zaharreko lagun talde bati solasean ari zela. "Zergatik ez Bilbon? Eta zergatik ez auzoan?", dio Jubetok. "Bilbo Zaharrak historia luzea du; langile klasearen borrokan oso pisu handia izan du". Meategietako eta bestelako langile borroka askok lehen jatorria Bilbo Zaharrean dutela ohartarazi du. Eta, historiaren pasarte gogor bezain emankor haiek ahanzturan erorita daudela sentituta, berpizten saiatzea erabaki zuten. "Pentsatu genuen berreskuratu behar genuela gure historia, baina lotuz gaur egongo egoerarekin, eta, baita ere, etorkizunera begira eratuz joan nahi dugun herriarekin", azaldu du Jubetok; "zeren, gaur egun, badakigu iraultza ez dugula egun batean lortuko, iraultza egunero egiten dela".
Esan eta egin. Luxemburgen bideari heldu, eta haren pentsamendu ildoak etxera ekartzeko ekitaldiak prestatzen hasi ziren. Iraganera begiratu eta egungo egoerari buruzko hausnarketetan sakontzea helburu hartuta, "ezkerreko edo eraldatzaile sentitzen diren guztientzako" erakargarri izango diren saioak urtero antolatzeko lana hartu zuten. Duela hiru urte egin zuten Rosa Luxenburg Konferentzia, lehen aldiz, San Frantzisko auzoan eta Atxuriko Hika Ateneo gunean. Pentsalariaren ekarpen politikoak aztertu, eta garai berean Bilbo Zaharrean gertatzen ari ziren langile borrokak aztertu zituzten. Ondoren, internazionalismoaren ikuspegiari eutsi, egungo nazioarteko joeren errepasoa egin, eta iraultzaren "behetik gorako" izaera aztertu zuten.
Feminismoa hartu zuten mintzagai iaz. XX. mendean pentsaera feministek pentsamendu iraultzaileei eginiko ekarpena aztertu, eta feminismoa bai bizitza pribatuan bai militantzia ereduetan nola txertatzen den eztabaidatu zuten.
Aurten ere feminismoa izango dute jardunaldiek oinarrian, baina, oraingoan, "etxera" begiratu nahi dute antolatzaileek. Egun Euskal Herrian ezkerreko mugimenduetan dauden errealitateei erreparatu nahi diete, eta gaia landu dutenek ikusi dituzten oztopoei buruz mihian haririk gabe mintzatu. Argi azaltzen du eztabaidaren muina izenburuak: Ezker erresistentzietan feminismoari erresistentziak. Zer egin?.
Rosa Luxemburgen biografiaren egile Lorea Agirrek pentsalariak gaiaren inguruan egindako ekarpenen berri emango du. Pili Alvarez militante feminista gaztetxeetan ikusi dituen errealitate desorekatu eta bortitzei buruz arituko da. Halaber, herri mugimenduetan halako egoerak saihesteko protokoloa proposatuko du. Jokin Azpiazu, berriz, gizontasun ereduei buruz arituko da. Eztabaidari indarra emateko, 75 minutuko tartea utzi dute iritziak eta proposamenak partekatzeko. Olatz Dañobeitiak bideratuko du hausnarketa prozesu hori.
Hamarkada bat auzoari lotuta
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Zazpi bizitza omen dituzte katuek; hala dio esaerak, behintzat. Eta bizitza horiek gainditu ditu 7Katu gaztetxeak ere. Bilboko Zazpikaleetan jarraitzen du, Solokoetxeko eskaileretan, hamar urteren ondoren. Marruka eta miauka, eroriz eta altxatuz. Lautan hustu dute eraikina, baina ateak zabaldu dizkiote gazteek behin eta berriz. Sortu zenetik aritu da gaztetxea "zirikatzen, auzoa eraldatzen, alternatibak eraikitzen, errebelde eta inkonformista izaten", eta hala jarraituko dute aurrerantzean ere, "poztasunean, tristuran, gaiztakerian edo ontasunean, maitasunean edo gorrotoan, okupazioan edo erresistentzian". Bete duen hamarkada ospatzeko, aste osoko egitaraua prestatu dute, Marru edo miau, borrokak badirau lelopean. Datorren astelehenean hasiko dituzte ospakizun ekitaldiak.
Sortu zenetik, Zazpikaleak eraberritu eta auzoari alternatiba kultural eta politikoa eskaintzeko helburua du 7Katuk. Hala iritsi ziren Solokoetxeko eskaileretako eraikinera, duela hamar urte. Eraikin hutsa zena edukiz bete dute gazteek ordutik. Bilboko auzoa eraldatzeko hazia da gaztetxea, Iñaki Etxarri batzordeko kidearen arabera. "Auzoa bere osotasunean iraultzea zaila da. Baina gazteen esparruan arnasgunea da 7Katu: biltoki bat bestelako bizi eredua izan nahi duten herritarrentzat, eta espazio bat herri proiektuak gauzatu nahi dituztenentzat". Dioenez, Bilboko Udalak erakusleiho bihurtu nahi du auzoa; turismoa erakartzeko gune. Eta 7Katun ez datoz bat hiri eredu horrekin. Horregatik, alternatibetarako espazioa da gaztetxea, Etxarriren iritziz; bestelako Bilbo bat eraiki eta arnasten hasteko birika bat.
Kolorea eman nahi diote Bilbori gaztetxeko kideek. "Kalean dena zen grisa, titaniozko kaosa, pobreziaren baldosa [...] Hamar urtean kolorez pintatzen gazte ametsa, uniformetasun beltza, gorriz, berdez, horiz, morez". Hala diote Oihana Bartra bertsolari bilbotarrak 7Katu gaztetxearen 10. urtemugarako beren-beregi sortu duen abestiaren hitzek. Akats taldeak jarri die musika hitzei, La Basu eta Raperos de Emaus taldeko Ritxe abeslariekin batera. Elkarlanean egin dute abestia sortzeko lana, eta filosofia berarekin osatu dute bideoklipa ere: auzoko bizilagunak, dendariak, tabernariak eta hiriburuko hainbat kolektibotako kideak elkartu dituzte orain arteko ibilbidea goraipatzeko sortu duten bideoklipean.
Urte osoan gaztetxeak duen jarduna irudikatu dute 10. urteurrenerako prestatu duten zazpi eguneko programan. Hala azaldu du Etxarrik. "Lau ardatz nagusi ditu gaztetxearen jardunak. Herri mugimenduaren elkargunea da, batetik. Formaziorako aukera ere eskaintzen du; gehienbat, gazteen arazoekin zerikusia duten gaiei dagokienean. Eskaintza kulturala eta alternatiboa ere badu; hau da, beste toki batzuetan ikusten ez diren lanak ezagutarazteko espazioa da. Eta urte osoko tailerrak ere badaude: bertso eskola eta txalaparta saioa, kasurako". Halako itxura du hilaren 23tik aurrera garatuko duten ospakizun programak. Solasaldiak, tailerrak eta, nola ez, ospakizun ekintzak uztartuko dituzte hurrengo asteko igandera bitarte.
Itzal luzeko mugimendua
Hamarkada bat beteko du 7Katu gaztetxeak. Baina hamar urte gainditzen dituen historia du Zazpikaleetako okupazio mugimenduak. Eta, besteak beste, horren emaitza ere bada gaur egun Solokoetxeko eskaileretan dagoen gaztetxea, Etxarriren ustez. 1992an indarrez itxi zuten Banco de España kaleko gaztetxea ekarri du gogora 7Katuko kideak. Mugarria izan zen ordukoa. Baina, hustu ondoren, urte luzetako beheraldia izan zuen auzoko okupazio mugimenduak.
2005. urtean piztu zen berriz ere gaztetxearen aldeko dinamika. Gazteen aisialdia eta auzoko bizitza aldatuko zuen lokalaren beharraz arduratu zen Bilboko Alde Zaharreko Gazte Asanblada sortu, eta 7Katu I izango zena okupatu zuten Unamuno plazako geltokian. Lau egunera bota zituzten handik. Baina berehala erantzun zioten itxiera hari, 7Katu II gaztetxea ireki baitzuten gazteek Unamumo plazan BBK-k egoitza duen eraikinean; hamabi egunen buruan bidali zituzten.
Okupazioaren hazia landatuta zegoen, ordea. Eta lanean jarraitu zuten auzoko gazteak. "Gaztetxearen beharra mahai gainean jartzea lortu zen bi kasuekin, eta arrasto sakona utzi zuen herritarrengan". 2007ko urtarrilaren 13an okupatu zuten Solokoetxeko eskaileretako eraikina; gaur egungo 7Katu gaztetxea dena, alegia. Ateak ireki eta lehen lau urteetan, lautan hustu dute 7Katu. Baina auzoko gazteek ateak ireki dizkiote aldiro.
Lanean jarraitzeko
Duela hiru urte izan zuten azken arazoa. Bilboko Udalak ez zuen gaztetxeko kideekin hartu-emanik izan nahi, eta 7Katu dagoen eraikinaren jabeekin negoziazio prozesu batean sartu ziren gazteak. Jabeek ez zuten inolako akordiorik erdietsi nahi izan, ustez, Bilboko Udaleko ezkutuko presioek eraginda. "Eraikinaren jabea pribatua bada ere, arazoa ez da eremu horretara mugatu behar. Gure eskaera udaletxeari begirakoa da; jakitun izan behar da auzoko gazteen errealitate eta beharraz. Eta jakin beharko luke 7Katu bezalako espazio batek zer toki betetzen duen hiriburuan".
Erresistentzian jarraitzeko biderik onena beren bide propioa urratzen jarraitzea da, Etxarriren arabera. Eta hala egin dute azken urteetan. "Gaztetxearen alde egin dezakegun gauzarik onena gure proiektua garatu eta indartzea da. Eta horretan gabiltza gaur egun ere".
Oroimena ikastetxearen atarira
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Zortzi hamarkada beteko dira aurten Francoren aldeko tropek Bilbo hartu eta ia 40 urtez indarrean izan zen diktadura ezarri zutela. Agintari frankistek hiriburuko kale izendegian egindako aldaketak aztertzen ari da Bilboko Udala, eta, Oroimen Historikoaren Legeari tiraka, frankismoari gorazarre egiten diotenak aldatzeko saioak egin ditu azken urtean. Gaia korapilatu zaio udalari, ordea. Irala auzoko Errege Katolikoen kaleari izena aldatzeko eskatu dute EH Bildu, Udal Berri eta Goazen alderdiek; PPk, bere aldetik, Zumalakarregi, Sabino Arana eta Dolores Ibarruri kaleak hiriburuko izendegitik kentzeko eskatu zuen; baina auziak sortutako zalapartagatik, atzera bota zuten eskaera. Edonola ere, datorren osteguneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaiari buruz. Erakundeetatik harago doa kale izendegiaren auzia, ordea. Adibidez, diktadura betean Felix Serrano izendatu zuten Indautxuko ikastetxea, eta hari izena aldatzeko eskatu dute hainbat herritarrek Eskola Kontseiluan.
Itzal luzea utzi du frankismoak Bizkaiko hiri eta herrien paisaia linguistikoan zein arkitekturan. Francoren erregimenak 1938ko urrian kaleratu zuen 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra baino lehenagoko ikastetxeen izenak berrikusteko agindua. Helburu argia zuen dekretuak: "Espainiako nazioaren mugimenduarekin" bat zetorren izendegia ezartzea. Urte berean, urrezko domina eman zion Bilboko alkate zen Felix Lekerikak Felix Serranori, haren "bertute aberkoi bezain erlijiosotsuak eta irakastekoak" nabarmenduz. Irakaslea eta pedagogoa izan zen Felix Serrano. Burgosen jaio zen, 1866an, eta 1904an jo zuen Bizkaiko hiriburura. Iturribide kaleko ikastetxean jardun zuen irakasle gisa; eta zuzendari ere aritu zen Berastegiko ikastetxean gero —gaur egungo Justizia Jauregian zegoen Berastegiko eskola—.
Korapilatsua da Indautxuko ikastetxearen izen aldaketaren afera. 1918an ireki zuten Indautxuko Ikastetxea. Handik gutxira, errepublika garaian, Luis Eleizalde euskaltzainaren izena jarri zion udal gobernuak. Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Eleizalde, eta Bilboko hainbat eskolatan euskara bultzatzeko saioak ere egin zituen; tartean, Indautxukoan. 1923an hil zen, eta, euskararen alde Indautxuko ikastetxean egindako lana omentzeko, bere izena jarri zion eskolari orduko alkate Ernesto Erkorekak, 1933an.
Izenen korapiloan
Francoren aldeko armada Bizkaiko hiriburuan sartu ondoren aldatu zitzaion ikastetxeari izena, berriz. Jose Maria Areilza Bilboko lehen alkate frankistak agintea hartu eta gutxira agindu zuen "Fronte Popularrak edota separatistek" Bilbon ezarritako izendegia bertan behera uzteko. Luis Eleizalde Ikastetxea zena, orduan, Indautxu Ikastetxea bihurtu zen horregatik. Baina ez zen hori izan zentroan egin zuten aldaketa bakarra. Izenarekin batera izana ere aldatu zioten eskolari, eta gainontzeko herri eta hiriburuek ezagututako garbiketak jasan zituzten Bilboko ikastetxeetako irakasle eta langileek ere. Indautxun, Angela Cristobal Reinondo, Florencio de la Vefa Quintanilla, Antonio Casaus Ledesma, Jose Luis Iturriaga Goiarrola eta Juana Elorza Azpeitia irakasleak kaleratu zituzten. Eta Generalisimo Franco izena ere jarri zioten ikastetxeari handik gutxira.
Nolanahi ere, ez zuen luzaroan iraun Generalisimo Franco izenarekin, aldaketa izan baitzuen berriz. Serranoren semeak Indautxuko eskolari haren aitaren izena jartzeko iradoki zuen udalean, 1956an. Proposamenarekin bat egin zuen udalbatzak, eta Hezkuntza Ministerioak ere onartu zuen eskaera 1961ean. Ordutik, haren izena darama Indautxuko Ikastetxeak. Herritar askok ez dute ezagutzen Felix Serranoren izenaren atzean dagoen historia. Eta gaia ezagutarazteko urratsak egin dituzte azken hilabeteetan horregatik. 1918an eskolak ateak ireki zituenean zuen izen bera berreskuratu nahi dute auzoko hainbat kidek: Indautxuko Ikastetxea. Eta eskaera ere egin dute zentroko Eskola Kontseiluan.
Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea ixteko arriskuaz ohartarazi dute
Alaitz Armendariz
Barakaldoko La Milagrosa ikastetxeko kideak 2016-2017koa azken ikasturtea ez izateko borrokatzen ari dira. Iragarri dutenez, eraikinaren jabe den fundazioak zahar etxe bat sortu nahi du bertan, eta horrek bertako irakasle eta ikasle g...
Iñigo Gaztelu: “Ueman sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari”
Natalia Salazar Orbe
Beste bost herri batuko zaizkio bihar Uemari. Horietatik bi Bizkaikoak dira: Larrabetzu eta Areatza. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bihar egingo du batzar nagusia, Larrabetzun; besteak beste, udalon eskaerak aztertzeko. Iñigo Gaztelu alkatearentzat (Larrabetzu, 1968), ohorea da agerraldirako euren herria aukeratu izana.
Zergatik egin zenuten Ueman sartzeko eskaera?
Aspalditik datorren kontua da. Aurreko agintaldiko alkate Mariasun Gaztelurekin mahai gainean jarri zen Ueman sartzeko nahia. Eztabaidatu zen, eta herriarentzat aurrerapauso bat izango zela erabaki zen. Iaz, buru-belarri sartu ginen eztabaidan, eta pentsatu genuen Ueman sartzeak lagundu egingo zuela Larrabetzun euskararen erabilera bultzatzen. Ueman egonda, mankomunitatean sartuta dauden beste herriekin batera euskararen alde zerbait gehiago egin daitekeela iritzi genion.
Zeintzuk ekarpen eta onura ekarriko dizkio herriari?
Alde batetik, laguntza teknikoa izango dugu. Hori lagungarria izango da udalaren barne funtzionamenduari begira. Gaur egun, udaletxean denok euskaldunak garen arren, funtzionamendua ez da erabat euskalduna. Hori lortzeko laguntza emango digu. Beste alde batetik, euskararen arnasgune sare batean sartzen garen aldetik, laguntasuna izango dugu kontzientziazioa landu eta euskara kalean bultzatzeko.
Larrabetzun euskararen ezagutza %70etik gorakoa da. Erabilerak ere bide bera darama ala behera egin du?
Azken urteetan, beste leku batzuen antzera, erabilerak behera egin du kalean; nahikoa nabarmen, gainera. Hori ikusita, aurrerapauso bat eman behar dugu, eta saiakera egin hori eteteko eta egoera horri buelta emateko. Ueman egonda, antzeko egoera duten beste udalerri batzuekin batera landu ahalko dugu honi buelta emateko bidea.
Euskara "hizkuntza erabilia eta bizia izatea" jarri duzue helburu. Horretarako, zeintzuk konpromiso hartu beharko dituzue?
Udalaren barne funtzionamenduari dagozkionak daude, batetik. Osoko bilkurak, batzordeak, talde politikoen arteko harremanak eta aktak euskaraz egin eta jasotzen dira. Hala ere, txosten batzuk oraindik ez dira euskaraz egiten. Gure konpromisoa da hori guztia euskaraz egitea. Eta, kanpora begira, kanpaina jakinak egin behar ditugu sentsibilizazioa lantzeko kalean.
Zuen esku dagoen guztia eginda, gaur egun posible al da udal moduan erabat euskaraz funtzionatzea?
Barne funtzionamendua erabat euskaraz egitea, bai, berma daiteke. Beste administrazio batzuekin harremanetan jartzen garenean, ordea, arazoak sortzen dira, solaskide guztiak ez direlako euskaldunak. Gureari dagokionez ere, autokritika egin behar dugu, denok euskaldunak izanik ez dugulako den-dena euskaraz egiten. Hori posible egiteak helburua izan behar du guretzat.
Udalaz gain, elkarte eta norbanakoei ere konpromisoak eta ahalegina eskatu dizkiezue. Zein lan dagokie haiei?
Denok batera egin behar dugu lan. Elkarte guztiei eskatu nahi diegun konpromisoa da lehentasun moduan jar dezatela euskara kalean erabiltzea, eta euskara bultza dezatela. Gure asmoa da herriko elkarte guztiekin dauzkagun harremanetan lehentasunen artean euskara jartzea. Bai kirol eta bai kultur taldeekin elkartzen garenean. Herriko foro guztietan euskararen alde beste pauso bat ematea eskatuko diegu elkarte guztiei.
Eurekin lantzen hasi zarete hori?
Izan ditugu harreman batzuk. Herrian badaukagu Euskara Sustatzeko Erabilera Plana. Urtero izan dugu elkarteekin euskararen alde lan egin eta hau bultzatzeko helburua. Ez da gauza berria. Baina, Ueman sartzearekin batera, erronka berri bat jarri diogu geure buruari. Lehentasun moduan jarri behar dugu gure gai ordenan euskarari bultzada bat ematea.
Elkarteen aldetik zein jarrera sumatu duzue?
Oso jarrera ona dago aspalditik. Euskara bultzatzeko helburuan eskutik goaz denok. Elkarteak bat datoz. Horretan, zoriondu egin behar ditugu.
Biharko batzarra Larrabetzun egitea garrantzitsua da zuentzat?
Ohore bat da. Aurten sartuko gara Ueman, eta biharkoa gurean egitea ohorea da. Herriko elkarteek omenaldi txiki bat egingo diote mankomunitateari, hainbat urtean euskararen alde egin duen lana aitortzeko. 12:00etan hasita izango da, herriko plazan. Gauza txikia izango da: bertso saioa eta topa bat.
Eta, bihartik aurrera, zer?
Ez da, bereziki, ezer aldatuko. Egiten ari garen lanari eutsi behar diogu. Baina orain ardura bat gehiago daukagu: Ueman sartu gara, ez besterik gabe, talde batean gaudela esateko, etiketa bat jartzeko. Ez. Sinetsita gaude Ueman egotea Larrabetzun euskara bultzatzeko lagungarria izango dela. Baina ardura bat ere bada. Helburu batzuk bete behar ditugu, eta orain artekoa baino lan gogorragoa egin beharko dugu. Euskararen alde borrokan jarraitu behar dugu.
Bilboko kaleetako TAO aparkaleku sistema berritu egingo dute
Aitziber Laskibar Lizarribar
Auto bidezko kontrola, sakelako telefonoei begiratuta libre dauden aparkalekuen berri izatea, parkimetroetara joan behar izanik gabe ordaindu ahal izatea. Hori dator Bilboko aparkaleku sistemara. Ez egun batetik bestera, ha...
Teknologiak ez du generorik
Oihana Cabello
Susan Wojcicki , Steve Jobs, Bill Gates, Sheryl Sandberg, Mark Zuckerberg, Ginni Rometty... Izen ezagunak, baina batzuk besteak baino ezagunagoak. Zientzia eta teknologiaren munduan emakumeek gero eta leku gutxiago dute, eta, horrekin kezkatuta, proiektu berritzailea garatu dute Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar fundazioak: Inspira Steam. Zientzia eta teknologia ardatz hartuta, ingeniaritza, artea eta matematika ere landu dituzte. Innobasqueren eta Espainiako Gobernuaren menpekoa den Zientzia eta Teknologiarako Fundazioaren laguntza izan dute, eta egin dituzte lehenengo tailerrak.
Bilbo eta inguruetako ikastetxeetan, Basaurin, Iurretan, Loiun eta Gernikan egin dituzte lehen saioak. Gernika BHIn abenduan amaitu zuten tailerra, eta balorazio ona egin du tailer horren arduradun eta dinamizatzaile Zaloa Campillo gernikarrak. Ingeniaria da, telekomunikazio eta industria arloetako espezializatua. Gaur egun, Euskal Herriko telekomunikazio ingeniarien elkargoko kudeatzailea da.
Campilloren esanetan, ume eta gazteek zientzia eta teknologia nola ikusten eta ikasten duten aztertu nahi dute, eta, bide batez, ikasleak zientziara hurbildu. "Ingeniaritza eskolan, Deustuko Unibertsitatean, ikasle kopuruak behera egin du, eta neskak gero eta gutxiago dira. Gaur egun, ikasleen %20 edo %10 dira", zehaztu du Campillok.
Beraz, ikastetxeetan eman dituzten tailerrek helburu zehatz bat dutela azaldu du gernikarrak: "Gazteek, eta gazteen artean neskek, erreferente modura erabil dezaketen norbait izatea; eta haien ingurukoa balitz, hobeto". Hartara, zientzian edo teknologian ari den emakumezko baten erreferentzia izanda, haren pausoei jarrai diezaieketela dio Campillok. "Horregatik, tailer denetako dinamizatzaileak emakumezkoak gara".
Kontzientzia hartu
Gernika-Lumoko institutuko ikasleekin kasu errealak eta praktikoak landu dituzte tailerrak izan dituen zazpi saioetan. Campillok dioenez, "gauza onak eta txarrak azaldu dizkiegu parte hartu duten hogei ikasleei". Hala, emakume zientzialariek egunerokoa nola bizi duten, lana bilatzeko orduan zer-nolako trabak eta zailtasunak izaten dituzten, edota lanean zer desberdintasun pairatu behar dituzten ere argi eta garbi azaldu dute tailerretan. "Kontzientzia hartu behar dute, etorkizunean egoera horiei nola aurre egin ikasteko", adierazi du tailerraren dinamizatzaileak; "horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu mutilek ere saioren batean parte hartzea".
Neskak teknologiaren mundura hurbiltzea du xede proiektuak, baina mundu horren ezagutza kontzientea izanda. Campilloren hitzetan, jakin behar dute titulazio horiek beraientzat ere badirela, ikasteko gai direla, eta mutilen eskubide berberak dituztela.
Irtenbide ugari
Arlo horretan lana badago emakumeentzat, baina sarritan ikasleek ez dituzte ezagutzen zientzia eta teknologiako ikasketek ematen dituzten irtenbideak. "Ordenagailuak konpontzetik harago doa gure lana. Informatika ingeniariek gaur egun hainbat arlotan lan egiten dute. Esate baterako, sakelako telefonoetarako aplikazioak diseinatzen. Telekomunikazioan adituak diren ingeniariak, bestalde, kriminologoak izan daitezke, telefonoetako datuak berreskuratzen edo aztertzen. Gainera, robotika, elektronika eta komunikazioa ere menperatzen dutenez, hainbat arlo dituzte zabalik: medikuntzarena, esaterako. Mediku batek Gurutzetako ospitaletik Los Angelesen —AEBetan— egingo duten ebakuntza bat gidatu behar badu, ingeniari batek bitartekoak jar ditzake hori posible egiteko. Edo ebakuntza mota batzuk egiteko robotak asma ditzake".
Bizkaian eta Gipuzkoan garatu dute proiektua ikasturte honetan. Hamabi ikastetxetan aritu dira lanean, eta horietan, denetara, hemeretzi talde sortu dituzte.
Mendekua mendeku truk
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ez zen tiro hotsik Bizkaian 1937ko urtarrilean, frontea gelditu baitzuen neguak. Baina bake girorik ez zegoen lurraldean. Pikotxen eta aitzurren zaratak hiriburuaren inguruko landa eremuetan; lubakiak egiteko milaka lur tona, aurrera eta atzera. Hotza eta nekea. Geldiunerik ez. Bilbo defenditzeko sistema eraiki beharra zegoen; Burdin Hesia, altzairuzko gerrikoa ala herio gerrikoa: defentsa militarretik harago, esperantzaren ikurra zen. Gerrarako prestatzen ari ziren Bizkaian. Baina atsedenik ez zuen ematen zeruak: danba! Heriotz kolpeak berriz, hiriburuan. Bonben zartadek eman zioten urte hasierari ongietorria Bilbon; ez ezkilek. 1937ko urtarrilaren 4an, berriz erori ziren bonbak. Hamaikagarren erasoa, hamaikagarren hildakoa. Ezin gehiago jasan, haserre ziren hiriburuko herritarrak. Faxistak preso zeuden espetxeetara martxa egin zuten, urtarrilaren 4 hartan. Mendeku gosez ala amorruz, erasoz hartu zituzten espetxeak. 224 preso hil zituzten sarraskian.
Faxisten bederatzi bonba hegazkinek eta hamabi ehiza hegazkinek zeharkatu zuten hiriburuko zerua 1937. urteko laugarren egunean, eta hamazortzirekin itzuli ziren arratsaldean. Bost herritar larriki zauritu ziren bi erasoen ondorioz, eta sei lagun hil; tartean, Arazeli Oses 18 urteko emakumea. Berriz ere bonbak. Berriz ere hilotzak. Eskarmentua hartua zuten ordurako errepublikanoek, eta hegazkinak prest zituzten Leioako Lamiako aerodromoan, faxistek arratsaldean egin zuten bigarren erasoaldiari aurre egiteko.
Bonbaketari faxistak Bilboko zeruan agertu eta segidan abiatu ziren hegazkin errepublikazaleak defentsan. Alemaniako Junker 52 motako hegazkin bat eraistea lortu zuten, Alonsotegin. Jausgailuz egin zuten salto bi pilotuek: Adolf Herrmann eta Karl Gustav Schimth alemaniarrek. Enekurin lurreratu zen Schimth, eta Gobernuaren ordezkaritza zegoen Carlton hotelera eraman zuten handik. Ez zuen zorte bera izan Herrmannek. Hiriburuan lurreratu bezain pronto hil zuten tiroz.
Faxistek hiriburuaren aurka egindako hamaikagarren aire erasoa zen urtarrilekoa. Sutan ziren herritarrak horregatik, eta giroa leherrarazi zuten azken bonbek. Erasoen helburua herritarrak aztoratzea zela zioen sortu berri zen Eguna euskarazko lehen egunkariak: "'Bilbao' gain arerioen egazkiñak oraintsurengo jaurti eben sua, e`ria ezerestu eta bi´rinduteko barik, [...] oke´raren adizkidiak eta betiko saspikiak nastea so´rtu eta basakeriak egingo ebezan itxaropenez. Euren guraria lortu ete eben? Betiko gaizkiñak eta saspikiak nastea so´rtu ta eriotzia erein guraz jagi ziranik ezin ukatu". Ezin da jakin faxisten helburua zein izan zen zehazki: izua sortzea, herritarrak aztoratzea, ala biak. Baina erantzuna izan zuten jaurtitako obus-en zartadek. Hainbat herritar eta miliziano elkartu, eta manifestazio espontaneoa sortu zuten hiriburuan, leherketen ondoren. Hildako pilotu alemaniarraren gorpua hartu, eta Bilbaina gobernuaren egoitzara egin zuten lehenik, gobernuko ordezkariei preso hartutako Schimth pilotuaren burua eskatuz. Baretu baino, are gehiago oldartu zen giroa handik gutxira, Bilbainan bildutako jendetzak Begoña auzora egin baitzuen gero.
Erasoa kartzeletan
Begia begi truk, hortza hortz truk. Mendeku bila jo zuten errepublikaren aldekoek Begoñako lau espetxeetara. Uztailaren 18ko kolpe militarrarekin bat egin zuten 2.000 lagun baino gehiago zituzten preso Larrinagako Espetxe Probintzialean, Karmeloko komentuan, Galera etxean eta Aingeru Jagolearen komentuan. Presondegietako zaintzaileek babestutako hesiak gainditu eta lau kartzelak jazarri zituzten herritarrek. Hiru orduz iraun zuen erasoak, eta ehunka hildako eragin zituen altxamenduak: 109 preso hil ziren Aingeru Jagolearen espetxean, 53 Larrinagakoan, 52 Galera etxean eta sei Karmelokoan.
Berehalakoa izan zen Jaurlaritzaren erantzuna. Espetxeetara bertara egin zuten Telesforo Monzon, Juan Astigarrabia eta Juan Gracia gobernuko hiru kontseilariek, oldarraldiari amaiera emateko helburuarekin. Erasoa gaitzetsi eta jazarpenaren arduradunak epaitzeko asmoa erakutsi zuen gobernuak segituan. Eguna egunkariak jaso zuen Jaurlaritzaren jarrera. "Lauga´ren eguneko gabean egindako gaiztakeriak eztabe atxekirik. Ez alpe´rik bilatu. Zuzentza egitiaren etzirala izan esan geinke, gaiztakeriari bide emon eta asatutia´ren baño". 48 herritar auzipetu zituzten gertakariengatik. Baina ez zen epaiketarik egon. Ez, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Bizkaiaren aurkako erasoa abiatu zuen Mola jeneralak martxoan, eta indar guztiak gerra frontearen lehen lerroan jarri zituen gobernuak horregatik.
Urtarrileko hura ez zen izan errepublikaren aldeko eremuan egindako preso hilketa bakarra. Aire erasoen ondoren, antzeko jazarraldiak izan ziren Donostiako Ondarretako kartzelan, Tolosakoan eta Irungo espetxean, besteak beste. Aurrez, Bilboko itsasadarrean ere izan zen antzeko pasarte bat, 1936ko irailaren 25ean. Cabo Quilates eta Altuna Mendi itsasontziak espetxe bihurtuak zituen Bizkaiko Defentsa batzordeak, eta, matxinatuekin bat egitea leporatuta, jendez beteak zeuden. Aire eraso baten ondoren, ontzietara jo zuen milizianoz eta zibilez osatutako talde batek, eta 70 preso hil zituzten gertakarietan.
Mendekuaren mendekua
Presoen aurkako erasoak ez ziren ahanzturan erori. Kontrara. Ekainean, faxistek Bilbo hartu eta berehala, urtarrilaren 4ko hilketak mendean hartzeko ardura hartu zuten frankoren aldekoek. Mendekua hartu zioten mendekuari. Espetxeen aurkako jazarraldian parte hartzeagatik fusilatu zituzten hainbat herritar: Elvira Martinez santurtziarra eta Ana Naranjo sestaoarra, tartean. Eta erasoan zuzenean parte hartu zutenez gain, gertakariak saihesteko "ezer egin ez zutenak" ere zigortu zituzten frankistek. Alfredo Pañeda eta Marcelino Hernandez espetxe zaindari bilbotarrak, kasurako.
Bonbardaketak eta tropen arteko borrokaldiak bukatu ziren 1937ko udan. Gerra baten bukaera izan zen hura, eta beste gerra baten hasiera. Fusilatzeek, garroteek eta ziegek hartu zuten bonba eta balen lekua. Jazarpenaren aro berri bat abiatu zuten faxistek, eta zigorra zuen ezaugarri nagusi. Hasieratik utzi zuten argi Francoren aldekoek. Bilbo hartu eta bi egunera fusilatu zituzten Evencio Alonso, Fidel Irure, Fidel Iza eta Emiliano Alvarez suhiltzaileak, bonben suak itzaltzen aritu izanagatik.
Hamabi espetxe Bilbon
Espetxeak berriz betetzeko hustu zituzten frankistek. Guztiz aldatu zen hiriburuko espetxeetako presoen izaera ideologikoa: Errepublikaren aldekoek bete zituzten ordura arte Errepublikaren aurkakoek bete zituzten ziegak. Are gehiago, txiki geratu ziren espetxeak hainbeste preso sartzeko, eta beste hainbat eraikin egokitu behar izan zituzten frankistek. Bilboko presondegien kopurua da horren erakusle nagusia. Hamabi presondegi izan ziren hiriburuan, eta espetxe bihurtu zituzten ikastetxe edota kultura zentroak izandako hainbat eraikin: Arriaga antzokia, Deustuko Unibertsitatea, Eskolapioen ikastetxea, Orueko txaleta, Tabakalera eraikina eta Zezen Plaza, tartean.
Bizkaiko lurraldean izandako espetxe eta kontzentrazio esparruak ikertu ditu Ascension Badiola historialariak, eta aurkitu dituen datuak Cárceles y campos de concentración de Bizkaia liburuan bildu ditu. Dioenez, 1937. urtearen amaieran, 29.350 preso zeuden Bizkaia osoan. Eusko Jaurlaritzak zerabiltzan datuen arabera, 1937ko amaieran 7.933 preso zeuden Bilbon; horietatik 2.136, Larrinagako kartzelan. Espetxeaz gainera, exekuzio gunea ere bazen Larrinagakoa, eta heriotza zigorrera kondenatuta zeudenak eraman ohi zituzten hara. Ignacio Unzeta preso egondakoaren lekukotzaren arabera, astebetean 200 preso fusilatu zituzten han, eta beste zortzi hil zituzten garrotean. "Horietako bati garrotea ematen ari zitzaizkionean, tramankulua matxuratu egin zen, eta, konpontzen zuten bitartean, presoa berpiztera eraman zuten, arazoa konpondutakoan lana bukatu ahal izateko".
Ezaguna da Urduñako kontzentrazio esparruko baldintzen gogortasuna. Unerik latzenean, 4.131 herritar izan ziren han preso. Gutxiago ezagutzen da Deustuko Unibertsitatean egokitu zuten kontzentrazio esparruarena. Frankistek Bilbo hartu eta berehala jarri zioten giltzarrapoa hiriburuko unibertsitateari, eta 1940ra bitarte milaka izan ziren handik igaro ziren herritarrak. Garairik gogorrenean, 4.460 preso ere izan zituen; han sartzen ziren halako bi. Datu gutxi daude Deustukoaren inguruan, baina 187 preso hil zirela jasotzen dute hainbat iturrik. Badiolak bildutako lekukotzen arabera, preso batek baino gehiagok euren buruaz beste egin zuten leihotik behera botata. Espetxe baldintzen egoeraren berri ematen dute gertakari horiek. Debekatuta zegoen espetxetako leihoetatik begiratzea, eta Eskolapioen ikastetxean, tiroz hil zuten preso bat leihotik burua ateratze hutsagatik.
Bizkaian, Zornotza eta Durangoko espetxean giltzapetu zituzten emakume gehienak. Baina Bilboko Orueko txaletean ere hainbat andre izan zituzten preso. Berez, 30 lagunentzako tokia zuen etxeak, eta 700 emakume ere izan ziren giltzapetuta. Lekukotzen arabera, 40 emakume inguruk egiten zuten lo 5,5 x 4,5 metroko gela batean.