Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea ixteko arriskuaz ohartarazi dute

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea ixteko arriskuaz ohartarazi dute

Alaitz Armendariz

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxeko kideak 2016-2017koa azken ikasturtea ez izateko borrokatzen ari dira. Iragarri dutenez, eraikinaren jabe den fundazioak zahar etxe bat sortu nahi du bertan, eta horrek bertako irakasle eta ikasle guztiak kanporatzea ekarriko luke, nahitaez. Itunpeko ikastetxeko zuzendaritzak salatu du alokairua urtez urte igo dietela azkenaldian, eta ekonomikoki “itota” daudela. Ikastetxea Hijas de la Caridad kongregazioaren menpe dago, eta taldeak jakinarazia die abuztuaren 31n proiektua bertan behera utziko duela. Ikasleek eta euren familiek mobilizazioak hasi zituzten joan den astean, fundazioak haiekin hitz egin eta denen artean akordio bat lortzeko. 3 eta 16 urte bitarteko 350 ikasle eta 39 langile ditu zentroak.

Juan Ortega La Milagrosako zuzendariaren arabera, duela urtebete inguru jakin zuten mojen kongregazioak ikastetxearen proiektua alde batera uzteko asmoa zuela. Ordutik, beste elkarte baten babesa bilatzen ibili dira titulartasuna lortu ahal izateko: Kristau Eskolarekin saiatu ziren lehenbizi, baina alferrik izan zen. “Bidaide fundazioaren bitartez Miranda fundazioarekin hitz egin zuten, baina ez zuten lortu alokairua jaistea”. Horren ondoren, Ikastolen Elkartearengana jo zuten. “Gure asmoa titulartasuna Ikastolen Elkarteari uztea da, eta abuztuaren 31rako guk langileen edo gurasoen kooperatiba bat lortzea”, azaldu du Ortegak. Hala, kooperatiba horrek Ikastolen Elkartea edukiko luke patroi bezala.

Alokairuaren prezioa

Ikastolen Elkarteak ikastetxearen izenean negoziatu du alokairuaren prezioa fundazioarekin, baina ezezkoa jaso dute. “Ez dutela onartzen jakinarazi ziguten aurreko astean”, salatu du Ortegak. Ordutik, mobilizazioak egin dituzte egunero Barakaldoko udaletxearen aurrean. “Gure helburua ikastetxearen proiektuarekin aurrera egitea da. Gure lana da, eta, batez ere, gure ikasleen eskola”, aldarrikatu du. Aurreko astean, ikastetxeko gurasoen elkarteko kide batzuk Barakaldoko alkatearekin bildu ziren, baina, zuzendariak azaldu duenez, alkateak “gauza handirik” ezin duela egin ohartarazi zien.

Gakoa hilero ordaindu behar izaten duten alokairuan dago. 2014tik aurrera ikastetxeari alokairua igotzen hasi zen La Miranda Fundazioa. “Bat-batean”, hilabeteko alokairua 6.000 euro igo zieten, Ortegak nabarmendu duenez. “Lehen, 8.000 euro inguru ordaintzen genituen, eta, bat-batean, 14.000 ordaintzen hasi behar izan genuen”. 2015eko urtarrilean berriro igo zieten alokairua, eta hilero 20.000 euro ordaintzen hasi ziren. “Horrek esan nahi du 2015etik hona milioi erdi euro ordaindu ditugula”, azaldu du zuzendariak. Zehazki, urtero 200.000 euro ordaintzen dituzte.

Aurreko ostiralean, ikastetxeko ikasleen familiekin bildu ziren arazoaz hitz egiteko, eta ikusitakoarekin pozik agertu da Ortega. “Familien jarrera oso positiboa izan zen; haien asmo bakarra ikastetxea mantentzea da, eta ikastetxearen proiektuarekin batera aritzea”.

“Bideragarritasunik gabe”

La Miranda Fundazioko presidente Rafael Carrigasen hitzetan, berriz, ez dute inor “kaleratuko”. “Ez dugu proiektu bat beste baten gainean jarriko; xede soziala bakarrik dugu, eta, Barakaldok zahar etxe bat behar badu, guk eskaera horri erantzungo diogu”. Carrigasek adierazi du Hijas de la Caridad kongregazioak “aspaldi” adierazi ziela ez zuela ikastetxearen proiektuarekin jarraitu nahi. “2001ean jada ohartarazi ziguten alde egingo zutela, ez dutela prest dagoen jenderik”. Gainera, Carrigasek iragarri du ikastetxeko langileak ez direla berarekin bildu gaiaz aritzeko. Baieztatu du Kristau Eskola eta Ikastolen Elkartea haiekin harremanetan jarri direla, baina ez dutela akordiorik lortu ez batarekin eta ez bestearekin. “Kristau Eskolak ez zuen proposamenik aurkeztu, eta Ikastolen Elkartearena ez zen bideragarria, hipotesiak baino ez dituzte planteatu; horregatik, fundazioko patronalak atzera bota zuen proposamena”.

Atzo bertan La Miranda fundazioko patronala Ikastolen Elkartearen beste proposamen bat aztertzeko batu zen, eta ikastetxeko zuzendaritzak gaur espero du hartutako erabakiaren berri izatea. Amaia del Campo Barakaldoko alkateak adierazi du berak boto bakarra duela fundazioaren patronatuan ikastetxearen alde egiteko. Edonola ere, elkarrizketarako aukera guztiak “agortzea” eskatu du, akordio bat lor dadin.

Herritarren, Barakaldoko PSE-EE eta Irabazi alderdien eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuen babesa jaso du ikastetxeak aste honetan. Gatazkari irtenbide bat emateko eskatu die ELAk Eusko Jaurlaritzari, Barakaldoko Udalari eta Kristau Eskolari. Sindikatuak gaitzetsi egin du Miranda Fundazioaren jarrera, interes ekonomikoak “hezkuntza eskubide eta lan eskubideen gainetik” jartzen dituelako. CCOO eta LABek 40 lanpostu gal daitezkeela ohartarazi dute, besteak beste.