Ezkerra, bere etxeari begira

Rosa Luxemburg iraultzaile sozialistaren ekarpenak aztertzeko konferentzia hirugarren urtez egingo dute gaur. Ezker mugimenduetan feminismoaren benetako egoera zein den aztertuko dute, Bilbon.

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sozialki berdinak, humanoki desberdinak eta erabat libre izango garen mundu baten alde”. Liluratu egiten du XX. mende hasierako esaldi horrek Yolanda Jubeto ekonomialari feminista. “Askatasun ikuspegi hori oso gaur egungoa da”, dio. “Aniztasun hori garai hartan aldarrikatzea itzela da; guztiok ez dugula berdinak izan behar, eskubide berak izan behar ditugula eta sozialki aukera berdinak, baina, gero, bakoitzak aske izan behar duela, izateko modu desberdinak izan behar ditugula”. Miresmenez azaltzen du Rosa Luxemburg iraultzailearen (Polonia, 1870-Berlin, 1919) irakaspena Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kide denak.

“Mugitzen ez denak ez ditu bere kateak sentitzen”. Adierazgarria iruditzen zaio sozialismo alemaniarraren teorialari eta marxismoaren lehen lerroko sustatzaile izan zen emakumeak botatako esaldi hori ere.

Luxemburgek ez zuen feministatzat bere burua; ez behintzat sozialismoaren aldeko borrokaren buruan ibili zen hasierako urteetan. Emakumeen eskubideak defendatu soilik egiten zuela esaten zuen. Baina bere lagun feministen eraginez hartu zuen bideak etorkizuneko feministen eredu bihurtu zuen, gaur egungoenganaino iritsita. Eta ez soilik XIX. mende amaieran eta XX. hasieran dozenaka gizonezkoren aurrean, tente eta irmo, hizlari aritzen zelako. Ez bakarrik emakume izanik orduko pentsalari garrantzitsuenetakoa bihurtu, eta Leninekin berarekin aurrez aurre, maila berean, aritzen zelako eztabaidan. Sortzen ari zen sozialismoaren eta ezkerreko pentsamenduaren erdigunean ezarri zuen feminismoaren ikuspegia, kasik oharkabean, eta bide argi bat marraztu zuen. Ondo erakusten dute haren hitzek: “Feminista izanik ezkerrekoa ez denari estrategia falta zaio. Ezkerrekoa izan eta feminista ez denari, sakontasuna falta zaio”.

Gerra, indarkeria eta gizonezkoen mundu bortitz horretan jatorriz judua zen emakumeak izan zuen “kemena” apartekoa iruditzen zaie Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kideei. Eredutzat dute borrokalari nekaezina, eta horregatik elkartu ziren taldean. “Omenaldi txiki bat egiteko”. Bazekiten ezkerreko mugimendu zabalak Berlinen Luxemburg oroitzeko ekitaldiak egiten dituela, urtero, 1996tik. Haren izaera internazionalista, antiinperialista eta antikapitalista oroituz, Europako hainbat herritan zabalduz joan dela ekimena. Londreskoa da entzutetsuena.

Bilbo Zaharrari begira

“Zergatik ez egin guk ere?”. Galdera hori sortu zitzaion Bilbo Zaharreko lagun talde bati solasean ari zela. “Zergatik ez Bilbon? Eta zergatik ez auzoan?”, dio Jubetok. “Bilbo Zaharrak historia luzea du; langile klasearen borrokan oso pisu handia izan du”. Meategietako eta bestelako langile borroka askok lehen jatorria Bilbo Zaharrean dutela ohartarazi du. Eta, historiaren pasarte gogor bezain emankor haiek ahanzturan erorita daudela sentituta, berpizten saiatzea erabaki zuten. “Pentsatu genuen berreskuratu behar genuela gure historia, baina lotuz gaur egongo egoerarekin, eta, baita ere, etorkizunera begira eratuz joan nahi dugun herriarekin”, azaldu du Jubetok; “zeren, gaur egun, badakigu iraultza ez dugula egun batean lortuko, iraultza egunero egiten dela”.

Esan eta egin. Luxemburgen bideari heldu, eta haren pentsamendu ildoak etxera ekartzeko ekitaldiak prestatzen hasi ziren. Iraganera begiratu eta egungo egoerari buruzko hausnarketetan sakontzea helburu hartuta, “ezkerreko edo eraldatzaile sentitzen diren guztientzako” erakargarri izango diren saioak urtero antolatzeko lana hartu zuten. Duela hiru urte egin zuten Rosa Luxenburg Konferentzia, lehen aldiz, San Frantzisko auzoan eta Atxuriko Hika Ateneo gunean. Pentsalariaren ekarpen politikoak aztertu, eta garai berean Bilbo Zaharrean gertatzen ari ziren langile borrokak aztertu zituzten. Ondoren, internazionalismoaren ikuspegiari eutsi, egungo nazioarteko joeren errepasoa egin, eta iraultzaren “behetik gorako” izaera aztertu zuten.

Feminismoa hartu zuten mintzagai iaz. XX. mendean pentsaera feministek pentsamendu iraultzaileei eginiko ekarpena aztertu, eta feminismoa bai bizitza pribatuan bai militantzia ereduetan nola txertatzen den eztabaidatu zuten.

Aurten ere feminismoa izango dute jardunaldiek oinarrian, baina, oraingoan, “etxera” begiratu nahi dute antolatzaileek. Egun Euskal Herrian ezkerreko mugimenduetan dauden errealitateei erreparatu nahi diete, eta gaia landu dutenek ikusi dituzten oztopoei buruz mihian haririk gabe mintzatu. Argi azaltzen du eztabaidaren muina izenburuak: Ezker erresistentzietan feminismoari erresistentziak. Zer egin?.

Rosa Luxemburgen biografiaren egile Lorea Agirrek pentsalariak gaiaren inguruan egindako ekarpenen berri emango du. Pili Alvarez militante feminista gaztetxeetan ikusi dituen errealitate desorekatu eta bortitzei buruz arituko da. Halaber, herri mugimenduetan halako egoerak saihesteko protokoloa proposatuko du. Jokin Azpiazu, berriz, gizontasun ereduei buruz arituko da. Eztabaidari indarra emateko, 75 minutuko tartea utzi dute iritziak eta proposamenak partekatzeko. Olatz DaƱobeitiak bideratuko du hausnarketa prozesu hori.