Umeak, pediatra barik hazten

Umeak, pediatra barik hazten

Eider Mugartegi

Osasun zentro bakoitzari pediatra bat dagokio 0-14 urte bitartean dauden 900 umeko, baina kalkulu horiek ez dira beti betetzen. Lekeitioko osasun etxea da horren adibide. Kontuan izanik Lekeitioko osasun etxeak inguruko herrietako ume guztiak hartzen dituela, pediatra eta erdi izan beharko luke, baina, ostera, ez dute bakar bat ere. Lekeitioko osasun etxean umeak artatzeko ardura duen medikua ez da pediatra, familia medikua baizik.

Dirudienez, Lekeitioko osasun etxeko kasua ez da bakarra: beste udalerri batzuetan ere badute arazo bera, hau da, haurra pediatrarenera eraman eta artatzen duena familia mediku bat izatea. Horixe da egun Bizkaian eta Bizkaitik kanpo guraso askok duten errealitatea.

Lekeitioko arazoa ez da berria, baina guraso asko ez dira orain arte egoeraz jabetu. Albistea jakin, eta haserretu egin dira.

Altzuan taldearen bidez jakin dute guraso askok Lekeition umeak artatzen dituen medikua ez dela pediatra. Bularreko tailerretik sortu zen taldea. Tailer hori labur gelditu zitzaien, beste gai batzuk ere landu nahi zituzten eta. Beraz, talde bat sortu zuten umeekin izaten diren hazkuntzari lotutako beste kezka batzuei ere erantzun bat emateko asmoz. Lekeitioko Udalari espazio bat eskatu zioten, eta bigarren urtea daramate astean birritan biltzen. Bilera horietako batean azaldu zen ezustekoa.

Altzuan taldekoek argi utzi dute ez daukatela ezer orain dagoen medikuaren kontra. “Euren eginean ondo egiten dute lan, baina ez dira pediatrak. Ni oftalmologoarengana banoa, oftalmologoak ikustea nahi dut, edo dermatologoarengana banoa dermatologoak ikustea, eta ez beste mediku batek”, diote.

Larrialdietan, urrun

Umeak artatzen dituzten medikuak lanez gainezka daudenean, osasun etxeko urgentzietako medikuarengana bideratzen dituzte, azaldu dutenez. “Urgentzietako medikua ere familia medikua da; beraz, pediatra batek umea artatzea nahi badugu, behartuta gaude Gurutzeta edo Mendaroko ospitaleetara joatera”. Ospitale biak Lekeitiotik ordubetera daude errepidez; urrunegi, gurasoen ustez. Hurrerago Gernika-Lumo eta Galdakaoko ospitaleak daude, baina horiek ez dute pediatra-urgentzia zerbitzurik.

Arazoari erantzun bat bilatu nahian, mugitzen hasi ziren gurasoak. Hasieran, nor bere kontura. “Lekeitioren moduko herri batean eskubide hori geneukan edo ez jakin nahi genuen, eta Eusko Jaurlaritzak esan digu pediatra bat dagokigula 900 umeko. Lekeition eta inguruetan ia 1.400 ume daude; beraz, pediatra eta erdirako eskubidea dugu”.

Osakidetzari idatziak ere bidali dizkiote pediatra baten eske, baina, azaldu dutenez, erantzuna beti izan da bera: “Oso profesionala da, eta zerbitzua bermatuta dago”. Gurasoen esanetan, inork ez dio kentzen profesionaltasunik sendagileari, baina nabarmendu dute haren berezitasun edo espezialitatea ez direla umeak; “ez da pediatra bat”.

Oztopo horiek eta erantzun horiek ikusita, erakundeen aurrera talde modura agertzea erabaki dute orain, guztien artean indar handiagoa egiteko. Horrela, jendeari egoeraren berri ematen hasi dira, eta Osakidetzari konponbidea eskatzeko sinadura bilketa hasi dute. Alde batetik, Change.org orrialdean hasi dira sinadurak eskatzen. Helburua 1.000 sinadura biltzea dute, eta oraingoz 682 daramatzate. Bestalde, kalera ere atera dira egiten ari direna bistaratzeko, eta horretan jarraituko dutela azpimarratu dute. “Egun bakarrean 400 sinadura batu genituen”.

Postu gutxi

Egoera kaleratu eta babes bila mugitzen hastean, ikusi dute Euskal Herrian arazo handia dagoela pediatrekin. “Ez dago pediatren lanpostu nahikorik: ez dute postu berririk ateratzen dauden beharrizanak betetzeko, eta, posturik ateratzen ez bada, jendea ez da hori ikastera animatuko”.

Osakidetzaren esanetan, postuak eskaintzea Espainiako Estatuaren eskumena da. Hala ere, Osakidetzak eskaintza hori benetan bermatu beharko lukeela azpimarratu dute Lekeitioko gurasoek. “Egoerari erantzuna ematen diotela diote, baina gure ustez ez da horrela. Lekeitiora inork ez duela etorri nahi ere esan digute, arazoa arrazoitu nahian, baina ez dugu uste horrela denik. Lanpostua eskainiz gero, etorriko litzateke baten bat. Arazoa da ez dutela posturik eskaintzen”.

Euskal Herriko Pediatren Elkarteagaz ere hitz egin dute gurasoek: “Askotan goizaldeko ordutegia duten larrialdi postuak eskaintzen dizkietela esan digute; baina ez da gure kasua, 08:00etatik 15:00etara izango litzateke-eta lana”.

Altzuan taldekoek azaldu dutenez, urte asko dira Lekeition pediatrarik ez dutela. “Azken pediatra egon zenetik, gutxi gorabehera hamar urte igaro dira, eta pediatra bakarra egon da tarte horretan, baina lekualdaketa eskatu zuen, eta berriz ere familia medikua bidali dute”.

Lekeitioko osasun etxean Aulesti, Amoroto, Ispaster, Gizaburuaga, Mendexa eta Lekeitioko umeak batzen dira. Hori dela eta, herri horietako guztietako alkateekin bildu nahi dute, guztien artean indarra egiteko. “Ez da erraza izango, guk uste baino arazo sakonagoa delako. Hala ere, jarraituko dugu eskatzen”.

Udalen erantzunen arabera, modu batera edo bestera jokatuko dute. “Ez badira konprometitzen, gure kontura egingo dugu aurrera. Badakigu hau iraupen lasterketa bat dela, baina gure umeen osasuna dago jokoan”.