Gizartea

Kolokan dagoen eredua

Kolokan dagoen eredua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Errieta kolektiboa merezi dute bizkaitarrek, Unai Rementeria lurraldeko ahaldun nagusiaren arabera. "Erlaxatu" egin dira herritarrak azken urtean: "Ez dugu intentsitate berarekin birziklatzen. Egunerokoaren parte izan beharko luke birziklatzeak, baina datuek erakusten dute ohituretatik kanpo geratu dela". Aldundiak emandako datuen arabera, iaz 605.000 tona hondakin bildu ziren Bizkaian, horietatik 247.000 gaikako bilketaren bidez; beraz, hondakinen %43,78 besterik ez da jaso birziklatzeko moduan. Egoera iraultzeko, kontzientziazio kanpaina bat abiatuko du aldundiak datozen egunetan. Diputazioak datu horiek eman dituen aste berean, Bizkaiko Zero Zabor plataforma sortu dute 40tik gora eragilek, erakundearen jarduera nahikoa ez dela iritzita. "Lurraldeko hondakinen kudeaketa eredua birpentsatzeko helburua" plazaratu dute.

Zaborra pilatzen ari zaio Bizkaiari, eta arazo bihurtu zaio orain arte eztabaida politikoetatik kanpo mantendu duen auzia; azken urteetan estalitako eztabaidak atera zaizkio berriz. Gipuzkoako atez ateko zabor bilketarekin sortutako ika-miken harira, Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenak esan zuen Bizkaian herritarrek ez dutela zaborrarekin kezkatu behar; poltsan bildu eta edukiontzira atera besterik ez dutela herritarrek, kudeaketa erakundeen esku zegoela. 2015ean, Bizkaian %67,7 birziklatzen zela esan zuen Iosu Madariagak, orduan Ingurumen diputatua zenak. Ekologistak Martxan elkarteak datuak faltsuak zirela salatu zuen orduan, baina aldundiak ez zuen atzera egin. Handik bi urtera erakunde berak kaleratu berri dituen datuek agerian utzi dute azken urteetako datu eta adierazpenak ez datozela bat errealitatearekin.

Kaleratu berri diren datuak hobetzeko neurriak hartu nahi ditu erakundeak, eta Gero arte. Birziklatu eta atzera itzularazi kanpaina abiatu du hondakin "gutxiago" sortzeko eta sortzen direnen birziklatzea eta berrerabilera sustatzeko. Zehazki, birziklatze tasa %67ra igotzeko erronka hartu du erakundeak. Izan ere, Europako Batasunak hiriburuetan birziklatze tasa igotzeko konpromisoa hartu zuen 2015ean, eta, planarena arabera, %65eko tasa izan behar dute udalek, gutxienez, 2030ean. Horregatik, 17,6 milioi eurotik gorako ekarpena egingo du diputazioak aurten, norabide horretan aurrera urratsak egiten hasteko.

Lurralde osoari egiten dio mesede hondakinen kudeaketa egokiak, ahaldun nagusiaren arabera: "Bruselak proposatzen duen ekonomia zirkularraren ereduak bultzada emango dio lehiakortasunari, hazkunde ekonomiko iraunkorra sustatuko du, eta lanpostu berriak sortzen lagunduko du. Gehiago birziklatuta, udalen eta mankomunitateen gastua gutxituko da, eta, horietan gutxiago gastatuta, funts gehiago erabil daitezke beste zerbitzu publiko batzuetarako. Birziklatzea apustu zentzuduna eta egin beharrekoa da, ezinbestekoa lurralde moderno eta arduratsua izan nahi badugu".

Eredu agortua

Iaz bukatu zuen 2005ean aldundiak ezarritako Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (BHKPI), eta oraingoz luzatu egingo dute plana, inolako berrikusketarik egin gabe. Hondakin plan hori berriz begiratzea da, hain zuzen, Bizkaian sortu berri den Zero Zabor plataformaren helburua. 40 eragile baino gehiagoren atxikimendua lortu du, eta datozen asteetan indarrak biltzen jarraituko dutela azaldu du Josetxo Alvarez plataformako kideak. Askoren artean, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, EH Bildu eta Ahal Dugu talde politikoak, Bizilur, Mugarik Gabe, Mundubat eta Sin Plastico gizarte eragileak eta hainbat elkarte ekologistak egin dute bat ekinaldiarekin. "Bizkaiko udaletara joko dugu atxikimendu gehiagoren bila".

Alvarezek argi du: hondakinen kudeaketa eredua jarri behar da auzitan. "Premiazkoa da kudeaketa eredua birpentsatzea; betiere, gizartearen interesak aintzat hartuz. Rementeriak dio erlaxatu egin garela bizkaitarrak, eta gero eta gutxiago birziklatzen dela. Baina irakurketa beste norabide batean egin beharko litzateke; izan ere, aldundiak ez du arretarik jarri, Zabalgarbi errauste planta duelako, eta gure zaborra beharrezkoa duelako errauskailuak funtzionatzeko".

Plataformak salatu duenez, aldundiak ez ditu eraikitzen beharrezko azpiegiturak birziklatzea posible izan dadin. Kontrara, Bizkaiko hondakinen tratamenduaren ardatza da Zabalgarbi, Alvarezen arabera, eta planta hori da birziklatzeko oztoporik handiena, haren esanetan.

Kontraesanez beteta dago Zabalgarbi. Sortzen diren hondakinak erretzeko da planta, baina ingurunean sekulako kalteak eragin dituela azaldu dute azken urteetako txostenek. Euskal Herrian CO2 gehien isurtzen duten enpresen artean hirugarren da —235.000 tona isuri zituen 2014an, 165.000 autok isurtzen dutenaren parekoa—, eta, Tecnalia enpresak 2015ean egindako ikerketaren arabera —Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko azterketa—, 2005ean Zabalgarbi ireki zenetik hirukoiztu eta laukoiztu egin da inguruko landarediak daukan artseniko kantitatea. Metal astuna da artsenikoa, eta arriskutsua da osasunarentzat. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, minbizia eragiten du hura etengabe kontsumitzeak.

Material organikoa

Birziklatzen ez den materiala erretzen da Zabalgarbin, eta, diputazioaren arabera, azken lau urteetan zerbait gutxitu da zabor mota hori: 369.252 tona jaso ziren 2013an; iaz, berriz, 356.631 tona, %3,42 gutxiago. Balantze baikorra egin du horregatik aldundiak. Edonola ere, Zabalgarbira iristen den zabor nahasia jatorrian ez bereizteagatik bihurtzen da, askotan, birziklaezin.

Horrez gain, errauskailura eramaten den zaborraren zati bat errauts eta zepa bihurtzen da, eta bestelako zabortegietara eramaten dituzte hondakin horiek: Larrabetzu eta Igorrera zepak, eta Zalla eta Lemoako zabortegietara errautsak. Gurpil zoroaren antza du, plataformaren ustez: zaborren tratamenduaren eraginez hondakina sortzen da, eta zabortegiak behar dira horrentzat ere. Alegia, desagertu ordez, bestelako zaborra sortzen du Zabalgarbin tratatutako zaborrak.

Aldundiaren arabera, Bizkaiko biztanle guztiek eskura dituzte gaikako bilketa egiteko baliabideak, eta gehiago eta hobeto birziklatzea errazten du horrek. Diputazioaren hondakinak kudeatzeko planak jasotzen duenez, materia organikoaren %4,5 bereizi behar zen 2016 urterako. Gaur egun, %1,14 besterik ez da jasotzen, ordea, Alvarezen esanetan. Salaketa sakonagoa ere egin du: "Organikoa zaborraren %40 da, eta ez da horren tratamendua egiteko proposamenik egiten. Oro har, erakundeek ez dute bultzatu organikoaren bilketa". Gipuzkoan eta Bizkaian 2016an zenbat material organiko jaso zen aztertu besterik ez dago kantitateaz jabetzeko: Bizkaian 6.613 tona jaso ziren —1.148.000 biztanle ditu—, eta Gipuzkoan, berriz, 42.604 tona —717.000 herritar bizi dira bertan—.

Gaur egungo sistemak ez du balio, Bizkaiko Zero Zabor plataformako kidearen arabera. "Agortuta dago. Hondakinik ez sortzea lortu behar dugu, eta Zero Zabor plataformak ildo horretan egingo du lan aurrerantzean". 2005ean martxan jarritako hondakinen kudeaketa planari ari zaio jarraitzen aldundia. Plataformako kideek uste dute zaharkituta dagoela eta beharrezkoa dela berriz aztertu eta bestelako neurriak hartzea.

Plan berritu bat egiteko oinarriak ere adostu dituzte plataforman bildu diren eragileek: konpostatzea bultzatzea, ontziak birziklatzea sustatzea, Europako Batasuneko hainbat tokitan ezarri den itzultze sistema aztertzea, merkataritzan eta dendetan bereizitako bilketa bultzatzea eta heziketa kanpainan aurrera pausoak ematea, besteak beste.

Lanerako baliabideak sortzea eta herritarren artean diskurtso berriak eratzea da plataformaren helburua. "Tokian tokiko kudeaketa ardatz hartuta, hondakinik gabeko gizarte jasangarriago baten alde egingo dugu lan, eta aldundiari presio egingo diogu neurriak har ditzan".

Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Arrano frankistaren zantzuak desagertzear dira Bilboko Plaza Eliptikotik. Espainiako Ogasun Ministerioaren egoitzaren goialdean dagoen armarri handia arranorik gabe geratuko da. Burua, hegoak, hankak eta koroa kenduko dizkiote ikurrari, izaera frankista ezabatzeko. Urte luzeetan hainbat eragilek egindako eskaeraren ondoren, Memoria Historikoaren Legea beteko da aurki. Astelehenean hasi ziren ipintzen lanak egiteko beharrezkoak diren aldamioak. Bilboko Udalak uztailaren 27ra arteko baimena eman dio ezabatze lanak egingo dituen Gurtek enpresari, aldamioak eta lanaren hondakinak jasotzeko edukiontzia bertan izateko.

Aste honetan aldamioak jarrita, ikurra "datozen asteetan" kentzea aurreikusten dute lana gauzatzeko arduradunek. Arranoa desagerrarazteaz gain, eraikinaren aurrealde osoa eta hegala garbitu, eta iraizgaitz bihurtu beharko dute eremua langileek. Hartara, 340 metro koadrotan egingo dituzte lanak, eta 136.500 euro beharko dira hartarako.

Ez da izan lehen saioan

Bilbok duen ikur frankistarik esanguratsuena da Plaza Eliptikokoa; bai lekuagatik beragatik, bai duen tamainagatik, bai harrian zizelkatutako armarria izateagatik, eta bai duen ikusgarritasunagatik. Baina frankismoaren adierazgarririk argiena izan arren, ezezkoak jasoak dituzte hura kentzeko eskaerek. 2002. urtean, Iñaki Azkuna alkatea buru zuen udalak armarri frankista kentzeko baimena ukatu zion Ogasun Ministerioari. Udaleko Ondare Batzordeak gomendatu zuen eskaera atzera botatzeko, armarriak duen "eskultura balioagatik".

2014. urtean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen sinbolo frankistak kentzeko; tartean, Plaza Eliptikoan dagoena. Urte berean, Eduardo Sanz Madrilgo abokatuak Bilboko Udala salatu zuen, besteak beste, Memoria Historikoaren Legea urratzeagatik. Bilboren kasuan, Plaza Eliptikoko ikur frankista aipatzen zuen abokatuak. Ikurra kentzea ez dagokiola udalari erantzun zuen epaileak; eraikinaren jabetza duen Ogasun Ministerioa dela horren arduradun. Eta harengana jo zuen abokatuak. Ogasun Ministerioak Bilboko Udalari lanak egiteko baimena eskatu zion, eta orain eman dio baimena udalak. Iazko urte amaieran izan zen.

Lehenago ere, hainbat elkartek eskatu dute Plaza Eliptikoko arrano frankista kentzeko. Eskaera formalak, agerraldiak eta protestak egin dituzte. Ahaztuak elkartea da horietako bat. Erabakia ontzat hartu arren, "berandu" datorrela ohartarazi du orain.

Edozein kasutan, lanak egiteko aldamioak jarri dituzte, eta aste gutxitan ezabatuta egongo da Plaza Eliptikoko ikur frankista.

Zerbitzua izatetik harago

Zerbitzua izatetik harago

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Logikara bueltatzea dela; haur eta gazteek, tokian tokiko ikastetxeetan, tokian tokiko produktuak jatea zentzudunena dela, eta, beste inondik eramatea baino hobe dela eskolako sukaldean elikagaiak prestatzea. Gero eta gehiago dira eskola jangeletako ereduak zalantzan jarri eta bestelako kudeaketa bat eskatzen ari diren Bizkaiko ikastetxeak. Eusko Jaurlaritzaren esku dago zerbitzua gaur egun, eta aldaketa eskariak pilatzen ari zaizkio erakundeari: Durangaldeko bederatzi ikastetxek ere egina dute eskaera formala. Erantzunaren zain daude oraindik, baina ez, horregatik, geldi. Indar gehiago bildu nahi dutela azaldu du Eli Agirre Berton Bertokoa egitasmoko kideak. "Hau ez da ikastetxeetara mugatzen den auzia, gizarte osoaren heziketarako balio dezake. Abiapuntua dira eskoletako jangelak". Aldarrikapen jaialdia egingo dute Abadiñon ekainaren 10ean, eta gizarte eragile eta sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.

Iaz sortu zuten Berton Bertokoa egitasmoa hezkuntza komunitateko kideek, eta, ordutik, hazi besterik ez da egin. Gaur gaurkoz, Durangaldeko bederatzi ikastetxe biltzen dira proiektuan: Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, Zaldibar, Berriz, Atxondo eta Elorrioko eskolak. Orotara, 3.000 haur biltzen dituzte zentroek, eta jangela eredua alda dezala eskatu diote Jaurlaritzari bederatzi zentroetako Eskola Kontseiluek, guraso elkarteekin eta beste hainbat eragilerekin batera.

Ikastetxe bakoitzari orain arteko eredua ala bestelakoa garatzeko aukera ematea nahi dute egitasmoko kideek. Betiere, aukera guztiei babes instituzional eta ekonomiko bera eman, eta sukaldeko zein jangeletako langileen lan baldintzak errespetatuz. Argi dio Agirrek: beraiek ez dutela nahi jangelaren kudeaketa beraien esku geratzea. "Gaur egun, Jaurlaritzaren ereduaren alternatiba gehienek gurasoen gain uzten dute erantzukizuna".

Esperientzia eredugarriak diren arren, bestelakoa da Durangaldeko hezkuntza komunitatearen eskabidea. "Ez dugu nahi eskoletako jantokien ardura gure gain erortzea. Zer gertatuko litzateke gaur posible bada eta bihar ez? Jaurlaritzak eredu osoa aldatzea nahi dugu guk: jangelen izaera bera aldatzea eta haurren hezkuntza prozesuan sartzea eskatzen dugu". Haurrek ikastetxeetan igarotzen duten denboraren laurden bat bazkalorduan eta bazkaldu osteko denbora tartean pasatzen dute: hau da, bi ordu baino gehiago. "Zerbitzu hutsa baino gehiago da jangeletakoa, heziketa prozesuaren parte da".

Gune hezitzaileak

Alde horretatik aipatu du Agirrek EHIGE guraso elkarteak eta Mugarik Gabeko Albaitariek abiatutako Gure platera, gure aukera egitasmoa ere. Ikastetxeetako jantokiak "osasuntsuak, bertakoak eta justuak" eskatzeaz gain, eskola jantokiak "sukaldaritza zerbitzu" izateari utz diezaiola eta "espazio integral eta integratzaile" bihur dadila eskatzen dute eragileek, eta, diotenez, proposamen horrek, gaur egun dagoen eredua goitik behera aldatzea eskatzen du halabeharrez.

Hain zuzen, jantokien beste eredu posible bat martxan jartzeko bidea erakusten duten bi proiektu daude Gure platera, gure aukera egitasmoaren atzean: Gernika-Lumoko Allende Salazar eta Markina-Xemeingo Bekobenta. 2015ean jantokien kudeaketa aztertzeko Jaurlaritzak babestutako proiektu pilotuak dira, bi-biak.

Bestelako erabakia hartu zuen Larrabetzuko eskolak: Jaurlaritzak 2000. urtean ezarritako araudia baztertu zuen, zeinaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokiak eredu bakarrean bidez kudeatu behar diren: hau da, lau urtean behin, jangela zerbitzua emateko catering enpresen artean lehiaketa publikoa egin, eta zerbitzua nork emango duen erabaki behar du ikastetxeak. Erabaki horren ondorioz, sukaldeak kentzen ari dira hainbat eskolatan. Durangaldeko ikastetxeak ere badira horren adibide, eta, Agirrek azaldu duenez, Berton Bertokoa egitasmoan dauden bederatzi ikastetxeetatik bostek baino ez dute sukaldea.

Gaur egungo kudeaketa ereduaren aurretik, eredu propioa zuen eskola bakoitzak, eta tokian tokiko guraso elkarteak arduratzen ziren jangelaz —gehienetan eskolan bertan prestatzen zuten janaria—. Langile eta gurasoek eskatuta hartu zuen zerbitzua Jaurlaritzak, 2000n, eta catering bidezko eredua ezarri zuen: gaur egun, kudeaketa zuzena izenez ezagutzen dena, alegia.

Araua bertan behera uztea eskatzen ari dira Durangaldean. "2000. urtean Jaurlaritzak onartutako araudia aldatu behar dugu. Kudeaketan aukera ezberdinak aintzat hartzea beharrezkoa da. Izan ere, gaur egun baldintzak onartu ezean, Jaurlaritzaren kudeaketatik kanpo geratzen zara; ondorioz, ez dituzu diru laguntzak jasotzen". Egunero jangelan bazkaltzen duen ikasle baten menuaren prezioa 4,60 euro da —garraioa ere ordaintzen badu, 3,30 euro—, eta Jaurlaritzaren diru laguntza dute familiek.

Catering enpresek ez dute elikadura ziurtatzen Agirreren ustez. "Gaur egun, ez dago bermatuta haurren jatekoaren kalitatea, ezta jatorria ere". Horregatik dio, eskolak tokian tokiko eta sasoiko lehengaiekin hornitzea logikoa dela. "Catering enpresei ere eskatu diegu produktuak nondik datozen argitzeko". Gogora ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeek kontratatutako zortzi enpresak 18,4 milioiko isuna jaso dutela oinarrizko arauak urratu eta "merkatua banatzeagatik".

Aldarrikapen jaia

Ikasturtea bukatu arte aurrerantzean ere gaiari buruzko informazioa zabalduko dutela azaldu du Agirrek, eta aldarrikapenerako jaia ere egingo dute Abadiñon, ekainaren 10ean. "Urtebete da egitasmoa abiatu genuela, eta atxikimenduak biltzen aritu gara ordutik; norabide berean kokatuko dugu ikasturte bukaerako jaia ere". Tailerrak, herri bazkaria eta kontzertuak egingo dituzte.

Maldari aurre egin ezinik

Maldari aurre egin ezinik

Natalia Salazar Orbe

Eremu ikusgarria da Bilboko Mallonako Galtzadena; Donejakue bidea handik pasatzen da. Paisaia polita da. Zazpikaleetako Unamuno plazatik gora Begoñarantz doan kalea da. Aldapa hori oso maldatsua da, ordea. Eskailera mordoari egin behar diete aurre egunero bertako bizilagunek etxetik auzora jaitsi eta igotzeko. Auzokoek oso gustuko dute eremua, baina konponbideren bat behar dute. Sakon aztertu ondoren, proposamen bat jarri dute mahai gainean: Begoñako metroaren igogailua doan erabiltzeko aukera izan nahi dute. Horrez gain, sinetsita daude Santo Domingo Guzmanera arteko igogailu batek haien egunerokoan lagun lezakeela.

Kexu dira. Adinekoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat gero eta zailagoa da auzotik ateratzea. Hala ekarri du gogora Javier Muñozek. Bihotzean auzo elkarteko presidentea da bera: "Osasun arazo bat izanez gero, etxera ezer ordaindu gabe iristeko aukera izan beharko genuke. Gurpil aulkia dutenek handik jaisteko aukera izan beharko lukete".

Ezinegona adierazteko protestak ere egin dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko neurriak gura dituzte. Konponbidea ez da erraza. "Ez dugu nahi ez arrapalarik, ez eskailera mekanikorik. Zaratak sortzen dituzte". Horrez gain, paisaia aldetik balio handiko kalea izanik, sakon hausnartu behar dituzte aukerak. "Goiko aldean arrapala bat jartzea azter liteke, eragin bisuala handia ez bada".

Hiru dira iristeko arazoak sortzen dituzten eremuak: Mallonako Galtzadak, Santo Domingo Guzman urbanizazio pribatua eta Gurutzea. Arazoa larria dela diote. "Anbulantziarik ezin da pasatu. Zaborra botatzeko ere, beheko alderaino joan behar dugu".

Arkeologia museoaren ondoan igogailu bat dago, Prim kalean. Mallona kalean plataforma bat urbanizatu dute oraintsu, eta haraino iristen da igogailua. "Horri esker, Mallonako hirugarren zenbakiraino iristen gara. Hala, 1, 3 eta 5 zenbakietara iristeko modua bermatuta dago. Baita 9.erako tarte handi batera iristeko modua ere". Santo Domingo Guzmanekoek uste dute posible dela plataforma horretatik euren urbanizazioraino iristea. Eta igogailu berri bat proposatu dute. Bihotzean elkarteak babestu egingo du proposamena, urbanizazioko bizilagunek aurrera egitea erabakitzen badute. Elkarteak batzarra eskatuko du udalarekin, euren eskaerak serio aurkezteko.

Metroaren arazoak

Irisgarritasun arazoak gutxi ez, eta metroaren hirugarren lineak ere buruhausteak sortu dizkie Mallonako Galtzadak kaleko hainbat bizilaguni. Linearen obren ondorioz, arrakalak sortu dira zenbait etxebizitzatan. Horrez gain, zarata handiak pairatu behar dituzte.

Metroa egiteko lanei duela bi urte berriz ekin zietenean sortu ziren arazoak. Kalean, eraikinetan eta etxebizitzetan arrakalak azaldu ziren. Irune Uria izan zen kaltetuetako bat. Fatxadakoak konpondu zituzten, eta etxe barrukoak konpontzeko diru laguntza eman zioten.

Baina arazoak hor dirau. Apirilaren 8an, metroa martxan jarri aurreko asteburuan, zaratak entzuten hasi ziren. "Geroztik, metroaren hirugarren linea egunero, orduero, denbora guztian entzuten dugu. Zarata handia egiten du. Sei minutuan behin trumoiarena bezalako zarata entzuten dugu. Zoramena da".

Metro zerbitzurik ez dagoenean ere, zaratek ez dute etenik, gainera. "Gauez ere entzun egiten da. Esan ziguten probak egiten aritzen direla trenekin eta gidariekin".

Eusko Trenbide Sareak da hirugarren linea hori kudeatzearen arduraduna. Asteon jarri da harremanetan enpresa Uriarekin. "Esan didate deituko didatela, eta etorriko direla neurketak egitera. Dardara eta zarata zenbatekoak diren ikusi nahi dute".

Metroaren lehenengo eta bigarren lineen geltokiaren gainean dago Mallonako Galtzadak. "Horrekin ez dugu izan arazorik. Obren ondorioz izan genituen molestia batzuk. Gainerakoan, metroak primeran funtzionatu du". Orain, zaratez gain, arrakala gehiago ikusi ditu. "Txikiak dira, baina, honek jarraitzen badu, arazoa larriagoa izan daiteke. Nahiz eta dardara txikia izan, kontua kezkagarria da guretzat".

Kalea etxe bihurtuta, halabeharrez

Kalea etxe bihurtuta, halabeharrez

Natalia Salazar Orbe
Kale gorrian nago. Horixe da nire egoera". 23 urteko gazte baten hitzak dira. Angel du izena. A-8 autobideko zubi baten azpian bizi da, Gurutzetan. Garita zahar baten barruan. Han ditu bere ondasun guztiak. Lau hilabete daramatza e...

Arnasa luzeago baten bila

Arnasa luzeago baten bila

Lander Muñagorri Garmendia

Gisa honetako makinek beste denbora batera eramaten gaituzte; baina ez soilik denbora kronologikora, baita beste erritmo batera ere. Denbora bizitzeko beste modu batera". Hori dioen bitartean, inauguratu berri duen Erredakzioa egitasmoaren lokalean dago Tania Arriaga kazetari eta EHUko irakaslea. Mende inguru duen inprenta zahar bat dago sarreran, eta, barrurago joanez gero, berunezko eta egurrezko tipoz betetako armairu bat, edo txibaletea. Iragan kutsua dario inguruari, eta horiek eramaten dute Arriaga beste denbora edo beste erritmo batera. Kazetaritzari askotan falta zaion arnasa luzeago edo pausatuago hori eman nahi dio makina horiekin, garai horietan egiten zen lanaren modua gaur egun egiten jarraitzeko. Makina badute, eta, hilabete barru inguru, erreportaje batekin osatutako Minerva aldizkaria ere argitaratuko dute, besteak beste inprentako makina zahar hori erabilita.

Bilboko Solokoetxe auzoan dago Erredakzioaren lokala, La Taller grabatu gunearen parez pare. Hain zuzen, La Tallerren hedapena dela azaldu du Arriagak. "Maite [Martinez de Arenaza, La Tallerreko arduraduna] grabatuekin dabil, eta arte grafikoa egiten du; berak erabiltzen dituen makinak eta hau aski hurbil daude elkarrengandik", dio, inprentari erreferentzia eginez. Azken finean, bietan teknika grafikoa eta inprentaren erabilera partekatzen dute, eta horregatik daude horren hurbil elkarrengandik. "La Tallerren, teknika grafikoen bidez sortutako arte irudien ekoizpena da helburua, eta Erredakzioa, berriz, testuak ekoizteko eta hedatzeko bulego gisa pentsatu dugu". Baina, finean, kazetaritza berreskuratu nahi du Arriagak, dena presaka egin behar hori alboratu, eta patxadaz egindako lanak ekoiztu nahi ditu espazio horretan. Eta horretarako daukate gaur egun erabiltzen ez den inprenta bat.

Minerva aldizkari hori izango da gune horrek eskainiko duen lehen proiektua. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako aldizkari ilustratuen itxura eman nahi diote aldizkariari, eta, horretarako, kazetari eta ilustratzaile bati egingo diote testua eta irudiak egiteko enkargua. Lehen zenbakia ekainaren erdi aldera argitaratzea aurreikusten du Arriagak, eta Mirentxu Purroyk AEBei eta Donald Trumpi buruz idatzi duen erreportajea izango du ardatz. Ilustrazioak egiteko ardura Higi Vandisi eman diote. Aldizkariak testu bakarra izango du, eta kazetaritza lanari berari prestigioa emateko modu bat izango da. "Produktua bera artea balitz bezala saltzea izango da asmoa, kazetariaren lanari balioa emanez". Aldizkariaren 250 ale inprimatuko dituzte; edizio mugatua, beraz.

Hala ere, aldizkaria ez dute eskuratu berri duten makinan inprimatuko. Ez, behintzat, osorik. Hala egitekotan, orri guztietako testuak eskuz osatu beharko baitzituzten, lerro bakoitza osatuz, eta letra guztiak alderantziz jarriz. Duela mende bat egiten zen bezala. "Hala egiteak lan handia eskatzen du". Azala, ordea, gisa horretan egingo dute, eta ilustrazioak ere inprenta horretatik pasatuta inprimatuko dituzte. Ilustrazio bakoitzaren fotograbatu bat egingo dute La Taller gunean, eta horiek inprenta horretan jarri ahal izango dituzte ondoren aldizkarian inprimatzeko. Testuak Deustuko Anotherpress inprentan egingo dizkiete. "Teknologia ezberdinak erabiliko ditugu aldizkari hau inprimatzeko".

Aldizkari hori izango da espazio berritik aterako den lehen egitasmoa, "baina auskalo zer gehiago eman dezakeen". Izan ere, plataforma zabala da Erredakzioa, eta inork gune hori erabili edo proiekturen bat garatzeko aukera izan dezan nahi du Arriagak. Horregatik, proiektu ezberdinei ateak irekiko dizkien espazio baten moduan definitu du Erredakzioa.

Makinak berreskuratzen

Iraganeko inprenta eta erredakzio bat sortzeko aukera aztertzen ari zirela topatu zuten makina honen erreferentzia Arriaga eta Martinez de Arenazak. "Kantabriako inprenta batean zeukaten, baztertuta eta hautsa biltzen; hori erosi, eta txibaletea eta gillotina bat ere oparitu ziguten", gogoratu du. Lokal bat alokatu, eta bertan jarri dituzte makina hauek. "Auzoko adineko pertsona batzuk dagoeneko etorri dira inprenta ikustera, eta eurek lan nola egiten zuten erakustera", dio. Arriagak ez du baztertzen etorkizunean makina horiekin dibulgazio lana egitea, kazetaritzako ikasleek ikus dezaten garai batean nola egiten zuten lan inprentetan.

Hain justu, horretarako balio dezake inprentako makina zahar horiek egungo kazetaritzako ikasleei erakusteak: beste patxada eta arnasa batekin nola lan egiten zen ikusteko. Oraingoz, ordea, aldizkari bat argitaratzen hasiko dira, "urtean bi zenbaki-edo". Aurrerago emango duena ikusteko dago.

Etorkizuna, eztabaidan

Etorkizuna, eztabaidan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxearen etorkizuna ez dago argi oraindik. Eskolak emateko eraikina eta titulartasuna, bi-biak zalantzan ditu La Milagrosak. Orain arte, Hijas de la Caridad kongregazioaren menpe egon da zentroa, baina proiektua bertan behera utziko zuela iragarri zuen duela urtebete. Era berean, alokairua bikoiztu die eraikinaren jabe Miranda fundazioak, eta ikastetxea ez da gai prezio hori pagatzeko. Hori ikusita, EH Bildu eta Ahal Dugu-k legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, ikastetxearen etorkizuna bermatu eta publifikazioaren aldeko pausoak eman ditzala eskatzeko.

Joan den astean, Jaurlaritzak proposamena ukatu zuen. Hezkuntza komunitateak kooperatiba sortu eta ikastetxearen titulartasuna bere kargu hartzea nahi du Jaurlaritzak, eta, behin-behineko irtenbide gisa eta alokairuaren arazoari aurre egiteko, Barakaldoko EHUko Ingeniari Elkargoaren eskola zaharra eskaini dio zentroari.

Alokairua da La Milagrosako auzia ulertzeko gakoetako bat. 2014an, hilero alokairua igotzen hasi zen Miranda fundazioa, kuota bikoizteraino —urtebetean, 100.000 eurotik 250.000ra—, eta gastuari aurre egiteko baliabiderik gabe geratu da ikastetxea. Fundazioak zahar etxe bat ireki nahi du eraikinean, ikastetxeko kideen arabera, eta horregatik hartu du prezioa bikoizteko erabakia. Hortaz, baliabide ekonomikorik gabe eta titulartasun faltan dago ikastetxea orain; Hijas de la Caridad kongregazioak zentroa uzteko asmoa zuela erabaki ondoren, beste elkarte batzuen babesa bilatzen aritu dira La Milagrosako kideak: zehazki, Kristau Eskolarekin eta Ikastolen Elkartearekin; baina ez dute lortu ados jartzea.

Ikastetxea lekualdatzeko proposamenak egoera aldatu dezake, ordea, oraindik ez baitago guztiz baztertuta Hijas de La Caridad kongregazioak Barakaldoko zentroaren ardura berriz hartzeko aukera. Zentroak 3 eta 16 urte bitarteko 350 ikasle eta 39 langile ditu gaur egun.

Behin betiko irtenbide bila

La Milagrosaren titulartasunaren arazoa konpontzeko eta "ikastetxearen etorkizuna bermatzeko", EH Bildu eta Ahal Dugu-k ikastetxea sare publikora gehitzeko proposamena egin berri dute Jaurlaritzan, baina osoko zuzenketa aurkeztu dute EAJ, PP eta PSOEk: batetik, ikastetxea kudeatzeko kooperatiba sortzea proposatu dute; eta, bestetik, behin betiko irtenbidea aurkitu arte eskola EHUko Ingeniaritza Eskolako eraikin zaharrera mugitzea. Barakaldoko Udalaren jabetzakoa da eraikina 2014tik, eta Jaurlaritzaren esku utzi du orain, La Milagrosako ikastetxearen auzia konpontzeko.

Jaurlaritzak onartutako proposamena ez da bideragarria, La Milagrosako hezkuntza komunitatearen arabera; kontrara, tranpatia dela uste salatu dute. "Ikastetxea ixtea hezkuntza komunitateari leporatu nahi diote. Gero, entzun beharko dugu irtenbide bat proposatu digutela eta ez dugula gauzatu. Baina ez da horrela, guk epe luzerako ikastetxearen jarraipen serio eta fidagarria defendatzen dugulako".

Zalantzak besterik ez dituzte ikastetxeko guraso eta irakasleek. Salatu dutenez, matrikulazio kopuru minimoa eskatzen du Jaurlaritzak ikastetxeak zabalik edukitzeko, baina urtarrilean bukatu zen izena emateko epea. Berdin ingeniaritza eskolaren erabilerarekin ere. "Zergatik eskaintzen digute eraikin hori orain, hasieratik ukatu badigute?".

Iritzi berekoa da EH Bildu koalizioa ere. Rebeca Ubera legebiltzarkideak "tristetzat" jo du Hezkuntza Sailak joan den astean hartutako jarrera. "Funtzio sozial inportantea betetzen zuen La Milagrosak Ezkerraldean, eta gaur agerian geratu da borondate politikorik ez dagoela arazoari aurre egiteko. Hirutariko gobernu berriak aurkeztu eta onartu duen zuzenketak hezkuntza komunitatearen bizkarrean uzten du ardura osoa, eta, hala, Jaurlaritzak eskuak garbitzen ditu. Tristea da horrelako jarrera izatea Hezkuntza Sailak". Bestalde, gogorarazi du 350 ikasletik 181ek beka jasotzen dutela, eta beharrezkoa dela egoera aintzat hartzea.

Oihane Gisasola EH Bilduko Barakaldoko zinegotziaren arabera, herriak beharrezkoa du beste eskola publiko bat. Duela bi urte egin zuen udalak Ansio auzoan ikastetxe berria eraikitzeko eskaera lehen aldiz, eta Gisasolak gogorarazi du duela bi hilabete mozio bat onartu zutela Barakaldoko Udaleko osoko bilkuran, non Jaurlaritzari eskatu zioten eskola berri bat eraiki dezala.

Erlojuaren kontra dabiltza Barakaldoko La Milagrosa ikastetxean. Izan ere, bi hilabete besterik ez da falta ikasturtea bukatu eta udako oporrak iristeko, eta datorren ikasturtea non eta nola abiatuko duten argitu gabe dute oraindik.

Botilak gordetzen zuen sekretua

Botilak gordetzen zuen sekretua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sustraien inguruko jakin- minak Bilbora ekarri zuen Andrew Gangoiti Robinson artista australiarra, eta, 2004an, bekadun aritu zen Bilbo Arten. Horrela hasi zuen bere arbasoen historiari buruzko ikerketa eta artea uztartzeko proiektua. Beragatik izena jaso zuen Andres Gangoiti Cuesta osabari gertatutakoa argitzeko premia zuen, eta buru-belarri sartu zen orain argia ikusi duen proiektuan. Eretza-Mendi itsasontzian langile zuen osaba; ikatz botatzailea. Itsasoan lanean ari zela atxilotu zuten, tripulazio osoarekin, 19 urte zituela. 1937a zen. Lau urte geroago, kartzelan hil zen. Urteetan osabari buruzko arrastoei jarraitzen aritu ondoren, 2007an aurkitu zituzten haren gorpuzkiak, baita hari gertatutakoaren oinarrizko informazioa ere.

Botila batek gordetzen zuen sekretua. Gorpuzki bihurtutakoaren izen abizenak, jatorria eta heriotzaren zergatia, besteak beste; tuberkulosiak jota hil zen. Ezkaba mendiaren magalean Aranzadik aurkitutako hilerrian topatu zuten Gangoitiren gorpua, beste 130 bat gorpurekin. Botilen hilerrian. Iruñeko San Kristobal espetxeko erietxeko kapilau batek botila bana jarri zien hildako presoei hankartean, horietako bakoitzaren datuekin. "Donostian egindako gerra kontseiluan 30 urtera zigortua, matxinadarekin bat egin izanaren delituagatik", jasotzen du Gangoitiren botila barruko idatziak.

Papera usteldu gabe zuen botila bakarra zen australiarraren osabarena. Gainontzekoek kortxozko tapoia zuten. Denboraren joanak janak zituen kortxoak, eta baita barruko paperak ere. Gangoitiren botila zen metalezko tapoia zuen bakarra eta, ondorioz, gorpuzkien nondik norakoak fidel gorde zituen bakarra.

Idazki haren kopia beste ehunka dokumenturekin ikus daiteke Bilboko Itsas Museoan, Andrew Gangoitiren The Last Voyage (Azken bidaia) erakusketan. Collage eran aurkeztu ditu, obra handi batean, osabaren ingurukoak. Parez pare duen beste collage erraldoian, Eretza-Mendi ontziari buruzkoak jasotzen dira.

Frankistek atxikitako tripulazio haren zeregina ere erakusten dute dokumentuek: ontzia Argentinako La Platan laborez bete eta elikagaiak Bilbora eramatea zuen eginbehartzat. Faxistek Bizkaia bonbardatu eta hilabetera Euzkadiko Gobernuak emandako mandatua zen.

Itsasontzia ez zen helmugara heldu, eta marinelen patua ezkutuan egon zen, luzaro. Hori argitara emateko eta halakoak Euskal Herriko "familia arruntei, familia askori" gertatu zitzaizkiela ohartarazteko egin du artista australiarrak lan historiko-artistikoa.

Integrazioa plan bidez

Integrazioa plan bidez

Lander Muñagorri Garmendia

Arrotza den herri batera iritsi eta bertan integratzea beti izaten da zaila, dena baita arrotz. Prozesu horretan laguntzeko, Elorrion Aniztasuna izeneko programa jarri dute martxan, herrian erroldatu berriek ahal bezain azkar utz diezaioten arrotz sentitzeari. "Elorriora datozenek hizkuntza, kultura edo ohitura ezberdin batekin egiten dute topo askotan, eta ahalik eta integrazio handiena lortzea izan beharko luke gure helburuak, denon artean herri pluralago bat lortzeko", azaldu zuen programaren aurkezpenean Idoia Buruaga alkateak, etorkin talde batez inguratuta zegoela.

Helburu horrekin, Ongi etorri Elorriora izeneko baliabide gida kaleratu du udalak, "bertako langileen artean banatu eta harrera egiteko", azaldu du Txus Arrieta Euskara, Hezkuntza eta Gizarte arloko zinegotziak. Gidak herriaren ezaugarrien, hizkuntzen eta bertan dauden erakundeen berri ematen du. "Bazen garaia gure herrira datozen pertsona horiei harrera ganoraz egiteko". Lau hizkuntzatan argitaratu dute gida hori, jatorri ezberdina duten horiek uler dezaten.

Baina harrera hori egitea ez dagokio udalari bakarrik. Herritarrek ere badute horretarako ardura, eta, horren jakitun izanda, herritarren artean talde bat sortuko dute. "Udalak harrera formal bat egin dezake, baina hortik aurrera ez, eta harrera hori egiteko sortuko da herritar talde bat", Arrietaren arabera. Horrez gain, Elorrion bertan dauden iritziak jakiteko ikerketa bat ere abiatu du udalak, "herria zein egoeratan dagoen ikusteko".

Aniztasun jaialdia Iurretan

Asmo berberarekin, Iurretan bertan ere atzerritik datozen herritarren integrazioa sustatzeko aniztasun jaialdia egingo dute bihar. Pertsona batek beste bat ezagutzen duenean topikoak apurtzen direlako, topaketak, bazkaria eta dantzak egingo dituzte egun osoan.

Gerrak esnatutako sumendiak

Gerrak esnatutako sumendiak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bando batekoa gaur, eta bestearen menpekoa bihar. Kontraerasoa erasoari galdutako posizioak berreskuratzeko, eta berriz galtzeko; bandera bat tontorrean jarri orduko, bestera aldatzeko. Urrats bat aurrera eta beste bi atzera aritu zen Eusko Gudarostea Bizkaiko mendiguneetan 1937ko maiatzean. Infernuarekin parekatu izan dira Sollube, Jata, Bizkargi eta Lemoatxako tontorretako guduak. Irudi bolkanikoa eman zion George Steer kazetariak, adibidez, Sollubek duela 80 urte zuenari. "Erupzio bete-betean dagoen sumendia ematen du Sollubek. Sugarrak tontor gainetatik ageri dira, gailurrak horien islaz inguratuz, eta maldan behera etortzen dira, laba erreka kiskalgarria balitz bezala". Ilargiaren kraterren itxurarekin parekatu zuen kazetariak Bizkargiren orduko paisaia ere. Sutan ziren Bizkaiko mendiak maiatzean.

Saibigain eta Intxortako guduen antzera, borroka gogorrenen ospea dute Bizkaiko tontorretako aurrez aurrekoek, eta narrazio epikoak eraiki dira guztien inguruan. Bada kontakizun guztiek nabarmentzen duten ezaugarri bat: bando biek armategian zuten desoreka orekatzen zuen errepublikanoek euskal mendiez zuten ezagutzak, eta faxistek abiazioari esker egindako aurrerakadak geldiarazten zituzten gauez, horregatik. Euzko Gudarosteak galdutako posizioak berreskuratzeko ahaleginetan egin zuen indar, eta argi nabari da maiatzeko guduen estrategiak jasotzen dituzten txostenetan. "Gaua heltzean, edota abiazioaren erabilera eragozten duen eguraldia dagoenean, ahal den kemen guztiarekin kontraerasoko dira etsaiaren posizioak, horiek berreskuratzeko determinazioarekin. Abiazioak atzera eginarazten digun guztietan errepikatuko da maniobra hori".

Bandera bat eguneko

Bilbo babesteko Burdin Hesitik kanpo geratu ziren Bizkaiko mendialde garaienak, baina hala moduzko defentsa lerroa zuten eraikia, hala ere. Eta tontorrak hartzea estrategikoa zen faxistentzat: Eusko Gudarostearen kanoiak deuseztatzeko, batetik; eta Burdin Hesiaren aurkako operazioa abiatzeko talaiak eskuratzeko, bestetik. Propagandarako ere erabili zituzten gainak, Abc egunkariak Burdin Hesia hautsi zuten eguneko kronikan ondo azaldu bezala: "Franco jeneralisimoak tontorretik [Bizkargitik] begiztatu zuen operazioa, eta artilleria nazionalaren eta legionariaren arteko elkarlan perfektua nabarmendu zuen".

Azkar aldatzen ziren borroka fronteari buruzko berriak maiatzean zehar. Gudu zelai beraren inguruan kontrakoak ziren mezuak igortzen ziren egun batetik bestera. Maiatzaren 8an galdutzat ematen zuen Bermeoko tontorra Agirre lehendakariak Prietori bidalitako telegraman: "Egoera txit gaitza. Gaur Sollube eta posizio funtsezkoak galdu dira". Bi egun igarota, guztiz irauli zen egoera. "Gaur, heroien borroka Sollube berreskuratzen hegazkin metraila eta odol errekaren artean". Eguna egunkarian ere mendietako gertakariek hartu zituzten hilabeteko goiburu nahiz kroniken lehen lerroak. "Gudate au asi zanetik joaldirik gogorenak eta gordiñenak ementxe egiten dirala esatean, ez diñogu guzurik. Paxistak, gaurarte euki ez diuezan arma guztiak onerakoxe batu ditue. Bilbao'k garantzi andia du eurentzat".

Hiriburua hartzeko azken pausoak besterik ez ziren izango mendiguneetakoak. Horretarako prestatzen ari ziren faxistak, eta, Sollube, Bizkargi eta Jatan bala eta bonbak jaurtitzearekin batera, milaka orri bota zituzten Bilbon, zerutik. Hamaikagarren abisua zen: "Mila aldiz esan du jeneralisimoak eta Espainia berriak gordeko dituela Euzkadiko balio espiritualak eta askatasun tradizionalak. Euzkalerriko biztanleok: utz itzazue armak. Emaiezu bizkarra zuen buruzagi kriminalei, suntsimendu eta hondamenera zaramatzate eta. Francok irabaziko du. Espainia berria nagusituko da betirako. Zuk, langile, lana eta lansari nahikoa izango duzu. Zure eskubideak, zure semeenak eta zure sendiarenak errespetatuko ditugu, eta emango dizugu justizia ogiarekin batera, aberridun izatearen harrotasuna, espainiarra besterik gabe izatearena". Hilabete falta zen, hain justu, azken kolperako.

Berez, maiatzaren 14an menderatu zuten faxistek Sollube, baina beste hamar egun igaro ziren posizioak behin betirako finkatzeko. Bien bitartean, Bizkargi eta Jatako gainetan borrokan ziharduten. Hilaren 8an abiatu zuten Bizkargiren aurkako erasoa. Bi eguneko epean, hamasei aldiz kontraeraso zioten tontorrari. 120 hildako baino gehiago izan zirela jasotzen du Iñaki Egaña historialariak Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan. Madrilgo euskal miliziek Euskadiko borrokei buruz idatzitakoak ere azaltzen ditu Egañak: "Hain gureak diren mendi horietarantz, non frogatzen ari baita zuen borroka kemena, begira ditugula begiak, gaur bihotz gainezka dugun urduritasun garratza desagerraraziko duten berri itxaropentsuen zain geratzen gara".

Lurpea eta erbestea

11 eguneko gudua izan zen Bizkargikoa, eta, historiografiaren arabera, 1936ko gerrak utzitako pasarterik lazgarrienetakoak utzi zituen mendiak. Norabide berean, gune eredugarria izan zela nabarmendu du Andoni Astigarraga idazleak. "Bizkargiko gaina faxisten guda erasoen lekuko handienetakoa izan zen, eta ordainetan ezertxo ere eskatu gabe dena ematen jakin zuten euskal gudarien heroikotasunaren agerkari gorenetakoa bezala geratuko da historian".

Txorierriko bailara eta Bizkaiko hiriburua begiztatzen zuten faxistek Bizkargitik, eta Gaztelumendiko lerroan Jaurlaritzak eraikitako defentsa sistemaren kontrola ere bazuten. Gauzak horrela, Molak Bilboren aurkako erasoa maiatzaren 28an abiatzeko agindua eman bazuen ere, ekainaren 11ra atzeratu zuten operazioa. Hedabide faxistek atzeraldia eguraldiari egotzi zioten arren, Espainiako frontean izan zituzten arazoen ondoriozkoa izan zen atzerapena historialarien arabera.

Kalkulaezina da Sollube, Bizkargi eta Jatan hil zen borrokalari kopurua; izan ere, ehunka dira, oraindik ere, lurpean dauden kaskezur zulatuak. Faxistek beren tropetako gorpuak hartzeko aukera izan zuten, eta baita gerora beren nahien arabera ehorzteko ere. Baina errepublikaren alde borrokatutako milizianoek ez zuten zorte bera izan. Galtzaileen bandokoentzat hildako tokia bihurtu zen hilobia, de facto. Gatazka militarraren ondorioz desagertutakoen zerrenda nabarmen handitu zuten Bizkaiko maiatzeko borrokek.

Halarik ere, tontorretako gertakariez haragoko ardura ere bazen Bizkaian. Gero eta nabariagoa zen faxisten aurrerakadari galga jartzea ezinezkoa zela, eta haurren ebakuazioak azkartu zituzten horregatik. Frantzia 300.000 euskaldun hartzeko prest zegoela zioen Euzkadi egunkariak hilaren 5ean. Egun berean, jendetza elkartu zen Santurtziko portuan, gerratik ihes egiteko: Frantziara eta Ingalaterrara, gehienak. Maiatzaren 6an, 2.486 haur jaso zituen Habana transatlantikoak. Ordutik hilaren 13ra bitarte 26.659 herritarrek utzi zuten Bizkaia itsasoz; eta, horien artean, 19.144 ziren haurrak. Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailaren arabera, 37.930 haur ziren erbestean 1938ko apirilean. Bizi osorako erbestea bihurtu zen askorentzat, eta baita betiereko identitate baten ezaugarri ere: gerrako umeak izenarekin ezagutuko dira ordutik.

Emakume batzorde nazionalak andre eta ama ingelesei idatzitako gutuna ere jasotzen du Egañak 1936ko gerrari buruzko liburukietan. Hala dio: "Emakume ingelesok! Hona Euzkadiko emakumeek zuengandik espero duten gauza bakarra: zuek gobernuari esan diezaiozuela armada italiarrak eta pilotu alemaniarrek egindako hilketa izugarri hau saihestu nahi badute presa dagoela arrazoiaren eta justiziaren nagusigoa ezartzeko".

Hasi bezala bukatu zen 1937ko maiatza: mendiguneetan. Maiatzaren 29an abiatu zuten faxistek Lemoatxako posizioak hartzeko erasoa, eta ekainaren 5era bitarte iraun zuten borrokaldiek. Uste baino luzeago jo zuten maiatzeko guduek, eta uste baino erresistentzia indartsuagoa egin zuen Euzko Gudarosteak. Mendigunea hartuta, Burdin Hesiaren aurka jo zuten zuzenean, eta ekainaren 12an arrakalatu zuten lerroa.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, jo webgune honetara:

berria.eus/oroiteria