Etorkizuna, eztabaidan

Etorkizuna, eztabaidan

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxearen etorkizuna ez dago argi oraindik. Eskolak emateko eraikina eta titulartasuna, bi-biak zalantzan ditu La Milagrosak. Orain arte, Hijas de la Caridad kongregazioaren menpe egon da zentroa, baina proiektua bertan behera utziko zuela iragarri zuen duela urtebete. Era berean, alokairua bikoiztu die eraikinaren jabe Miranda fundazioak, eta ikastetxea ez da gai prezio hori pagatzeko. Hori ikusita, EH Bildu eta Ahal Dugu-k legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean, ikastetxearen etorkizuna bermatu eta publifikazioaren aldeko pausoak eman ditzala eskatzeko.

Joan den astean, Jaurlaritzak proposamena ukatu zuen. Hezkuntza komunitateak kooperatiba sortu eta ikastetxearen titulartasuna bere kargu hartzea nahi du Jaurlaritzak, eta, behin-behineko irtenbide gisa eta alokairuaren arazoari aurre egiteko, Barakaldoko EHUko Ingeniari Elkargoaren eskola zaharra eskaini dio zentroari.

Alokairua da La Milagrosako auzia ulertzeko gakoetako bat. 2014an, hilero alokairua igotzen hasi zen Miranda fundazioa, kuota bikoizteraino —urtebetean, 100.000 eurotik 250.000ra—, eta gastuari aurre egiteko baliabiderik gabe geratu da ikastetxea. Fundazioak zahar etxe bat ireki nahi du eraikinean, ikastetxeko kideen arabera, eta horregatik hartu du prezioa bikoizteko erabakia. Hortaz, baliabide ekonomikorik gabe eta titulartasun faltan dago ikastetxea orain; Hijas de la Caridad kongregazioak zentroa uzteko asmoa zuela erabaki ondoren, beste elkarte batzuen babesa bilatzen aritu dira La Milagrosako kideak: zehazki, Kristau Eskolarekin eta Ikastolen Elkartearekin; baina ez dute lortu ados jartzea.

Ikastetxea lekualdatzeko proposamenak egoera aldatu dezake, ordea, oraindik ez baitago guztiz baztertuta Hijas de La Caridad kongregazioak Barakaldoko zentroaren ardura berriz hartzeko aukera. Zentroak 3 eta 16 urte bitarteko 350 ikasle eta 39 langile ditu gaur egun.

Behin betiko irtenbide bila

La Milagrosaren titulartasunaren arazoa konpontzeko eta “ikastetxearen etorkizuna bermatzeko”, EH Bildu eta Ahal Dugu-k ikastetxea sare publikora gehitzeko proposamena egin berri dute Jaurlaritzan, baina osoko zuzenketa aurkeztu dute EAJ, PP eta PSOEk: batetik, ikastetxea kudeatzeko kooperatiba sortzea proposatu dute; eta, bestetik, behin betiko irtenbidea aurkitu arte eskola EHUko Ingeniaritza Eskolako eraikin zaharrera mugitzea. Barakaldoko Udalaren jabetzakoa da eraikina 2014tik, eta Jaurlaritzaren esku utzi du orain, La Milagrosako ikastetxearen auzia konpontzeko.

Jaurlaritzak onartutako proposamena ez da bideragarria, La Milagrosako hezkuntza komunitatearen arabera; kontrara, tranpatia dela uste salatu dute. “Ikastetxea ixtea hezkuntza komunitateari leporatu nahi diote. Gero, entzun beharko dugu irtenbide bat proposatu digutela eta ez dugula gauzatu. Baina ez da horrela, guk epe luzerako ikastetxearen jarraipen serio eta fidagarria defendatzen dugulako”.

Zalantzak besterik ez dituzte ikastetxeko guraso eta irakasleek. Salatu dutenez, matrikulazio kopuru minimoa eskatzen du Jaurlaritzak ikastetxeak zabalik edukitzeko, baina urtarrilean bukatu zen izena emateko epea. Berdin ingeniaritza eskolaren erabilerarekin ere. “Zergatik eskaintzen digute eraikin hori orain, hasieratik ukatu badigute?”.

Iritzi berekoa da EH Bildu koalizioa ere. Rebeca Ubera legebiltzarkideak “tristetzat” jo du Hezkuntza Sailak joan den astean hartutako jarrera. “Funtzio sozial inportantea betetzen zuen La Milagrosak Ezkerraldean, eta gaur agerian geratu da borondate politikorik ez dagoela arazoari aurre egiteko. Hirutariko gobernu berriak aurkeztu eta onartu duen zuzenketak hezkuntza komunitatearen bizkarrean uzten du ardura osoa, eta, hala, Jaurlaritzak eskuak garbitzen ditu. Tristea da horrelako jarrera izatea Hezkuntza Sailak”. Bestalde, gogorarazi du 350 ikasletik 181ek beka jasotzen dutela, eta beharrezkoa dela egoera aintzat hartzea.

Oihane Gisasola EH Bilduko Barakaldoko zinegotziaren arabera, herriak beharrezkoa du beste eskola publiko bat. Duela bi urte egin zuen udalak Ansio auzoan ikastetxe berria eraikitzeko eskaera lehen aldiz, eta Gisasolak gogorarazi du duela bi hilabete mozio bat onartu zutela Barakaldoko Udaleko osoko bilkuran, non Jaurlaritzari eskatu zioten eskola berri bat eraiki dezala.

Erlojuaren kontra dabiltza Barakaldoko La Milagrosa ikastetxean. Izan ere, bi hilabete besterik ez da falta ikasturtea bukatu eta udako oporrak iristeko, eta datorren ikasturtea non eta nola abiatuko duten argitu gabe dute oraindik.