Kolokan dagoen eredua

Kolokan dagoen eredua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Errieta kolektiboa merezi dute bizkaitarrek, Unai Rementeria lurraldeko ahaldun nagusiaren arabera. “Erlaxatu” egin dira herritarrak azken urtean: “Ez dugu intentsitate berarekin birziklatzen. Egunerokoaren parte izan beharko luke birziklatzeak, baina datuek erakusten dute ohituretatik kanpo geratu dela”. Aldundiak emandako datuen arabera, iaz 605.000 tona hondakin bildu ziren Bizkaian, horietatik 247.000 gaikako bilketaren bidez; beraz, hondakinen %43,78 besterik ez da jaso birziklatzeko moduan. Egoera iraultzeko, kontzientziazio kanpaina bat abiatuko du aldundiak datozen egunetan. Diputazioak datu horiek eman dituen aste berean, Bizkaiko Zero Zabor plataforma sortu dute 40tik gora eragilek, erakundearen jarduera nahikoa ez dela iritzita. “Lurraldeko hondakinen kudeaketa eredua birpentsatzeko helburua” plazaratu dute.

Zaborra pilatzen ari zaio Bizkaiari, eta arazo bihurtu zaio orain arte eztabaida politikoetatik kanpo mantendu duen auzia; azken urteetan estalitako eztabaidak atera zaizkio berriz. Gipuzkoako atez ateko zabor bilketarekin sortutako ika-miken harira, Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenak esan zuen Bizkaian herritarrek ez dutela zaborrarekin kezkatu behar; poltsan bildu eta edukiontzira atera besterik ez dutela herritarrek, kudeaketa erakundeen esku zegoela. 2015ean, Bizkaian %67,7 birziklatzen zela esan zuen Iosu Madariagak, orduan Ingurumen diputatua zenak. Ekologistak Martxan elkarteak datuak faltsuak zirela salatu zuen orduan, baina aldundiak ez zuen atzera egin. Handik bi urtera erakunde berak kaleratu berri dituen datuek agerian utzi dute azken urteetako datu eta adierazpenak ez datozela bat errealitatearekin.

Kaleratu berri diren datuak hobetzeko neurriak hartu nahi ditu erakundeak, eta Gero arte. Birziklatu eta atzera itzularazi kanpaina abiatu du hondakin “gutxiago” sortzeko eta sortzen direnen birziklatzea eta berrerabilera sustatzeko. Zehazki, birziklatze tasa %67ra igotzeko erronka hartu du erakundeak. Izan ere, Europako Batasunak hiriburuetan birziklatze tasa igotzeko konpromisoa hartu zuen 2015ean, eta, planarena arabera, %65eko tasa izan behar dute udalek, gutxienez, 2030ean. Horregatik, 17,6 milioi eurotik gorako ekarpena egingo du diputazioak aurten, norabide horretan aurrera urratsak egiten hasteko.

Lurralde osoari egiten dio mesede hondakinen kudeaketa egokiak, ahaldun nagusiaren arabera: “Bruselak proposatzen duen ekonomia zirkularraren ereduak bultzada emango dio lehiakortasunari, hazkunde ekonomiko iraunkorra sustatuko du, eta lanpostu berriak sortzen lagunduko du. Gehiago birziklatuta, udalen eta mankomunitateen gastua gutxituko da, eta, horietan gutxiago gastatuta, funts gehiago erabil daitezke beste zerbitzu publiko batzuetarako. Birziklatzea apustu zentzuduna eta egin beharrekoa da, ezinbestekoa lurralde moderno eta arduratsua izan nahi badugu”.

Eredu agortua

Iaz bukatu zuen 2005ean aldundiak ezarritako Bizkaiko Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala (BHKPI), eta oraingoz luzatu egingo dute plana, inolako berrikusketarik egin gabe. Hondakin plan hori berriz begiratzea da, hain zuzen, Bizkaian sortu berri den Zero Zabor plataformaren helburua. 40 eragile baino gehiagoren atxikimendua lortu du, eta datozen asteetan indarrak biltzen jarraituko dutela azaldu du Josetxo Alvarez plataformako kideak. Askoren artean, ELA, LAB eta CCOO sindikatuak, EH Bildu eta Ahal Dugu talde politikoak, Bizilur, Mugarik Gabe, Mundubat eta Sin Plastico gizarte eragileak eta hainbat elkarte ekologistak egin dute bat ekinaldiarekin. “Bizkaiko udaletara joko dugu atxikimendu gehiagoren bila”.

Alvarezek argi du: hondakinen kudeaketa eredua jarri behar da auzitan. “Premiazkoa da kudeaketa eredua birpentsatzea; betiere, gizartearen interesak aintzat hartuz. Rementeriak dio erlaxatu egin garela bizkaitarrak, eta gero eta gutxiago birziklatzen dela. Baina irakurketa beste norabide batean egin beharko litzateke; izan ere, aldundiak ez du arretarik jarri, Zabalgarbi errauste planta duelako, eta gure zaborra beharrezkoa duelako errauskailuak funtzionatzeko”.

Plataformak salatu duenez, aldundiak ez ditu eraikitzen beharrezko azpiegiturak birziklatzea posible izan dadin. Kontrara, Bizkaiko hondakinen tratamenduaren ardatza da Zabalgarbi, Alvarezen arabera, eta planta hori da birziklatzeko oztoporik handiena, haren esanetan.

Kontraesanez beteta dago Zabalgarbi. Sortzen diren hondakinak erretzeko da planta, baina ingurunean sekulako kalteak eragin dituela azaldu dute azken urteetako txostenek. Euskal Herrian CO2 gehien isurtzen duten enpresen artean hirugarren da —235.000 tona isuri zituen 2014an, 165.000 autok isurtzen dutenaren parekoa—, eta, Tecnalia enpresak 2015ean egindako ikerketaren arabera —Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko azterketa—, 2005ean Zabalgarbi ireki zenetik hirukoiztu eta laukoiztu egin da inguruko landarediak daukan artseniko kantitatea. Metal astuna da artsenikoa, eta arriskutsua da osasunarentzat. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, minbizia eragiten du hura etengabe kontsumitzeak.

Material organikoa

Birziklatzen ez den materiala erretzen da Zabalgarbin, eta, diputazioaren arabera, azken lau urteetan zerbait gutxitu da zabor mota hori: 369.252 tona jaso ziren 2013an; iaz, berriz, 356.631 tona, %3,42 gutxiago. Balantze baikorra egin du horregatik aldundiak. Edonola ere, Zabalgarbira iristen den zabor nahasia jatorrian ez bereizteagatik bihurtzen da, askotan, birziklaezin.

Horrez gain, errauskailura eramaten den zaborraren zati bat errauts eta zepa bihurtzen da, eta bestelako zabortegietara eramaten dituzte hondakin horiek: Larrabetzu eta Igorrera zepak, eta Zalla eta Lemoako zabortegietara errautsak. Gurpil zoroaren antza du, plataformaren ustez: zaborren tratamenduaren eraginez hondakina sortzen da, eta zabortegiak behar dira horrentzat ere. Alegia, desagertu ordez, bestelako zaborra sortzen du Zabalgarbin tratatutako zaborrak.

Aldundiaren arabera, Bizkaiko biztanle guztiek eskura dituzte gaikako bilketa egiteko baliabideak, eta gehiago eta hobeto birziklatzea errazten du horrek. Diputazioaren hondakinak kudeatzeko planak jasotzen duenez, materia organikoaren %4,5 bereizi behar zen 2016 urterako. Gaur egun, %1,14 besterik ez da jasotzen, ordea, Alvarezen esanetan. Salaketa sakonagoa ere egin du: “Organikoa zaborraren %40 da, eta ez da horren tratamendua egiteko proposamenik egiten. Oro har, erakundeek ez dute bultzatu organikoaren bilketa”. Gipuzkoan eta Bizkaian 2016an zenbat material organiko jaso zen aztertu besterik ez dago kantitateaz jabetzeko: Bizkaian 6.613 tona jaso ziren —1.148.000 biztanle ditu—, eta Gipuzkoan, berriz, 42.604 tona —717.000 herritar bizi dira bertan—.

Gaur egungo sistemak ez du balio, Bizkaiko Zero Zabor plataformako kidearen arabera. “Agortuta dago. Hondakinik ez sortzea lortu behar dugu, eta Zero Zabor plataformak ildo horretan egingo du lan aurrerantzean”. 2005ean martxan jarritako hondakinen kudeaketa planari ari zaio jarraitzen aldundia. Plataformako kideek uste dute zaharkituta dagoela eta beharrezkoa dela berriz aztertu eta bestelako neurriak hartzea.

Plan berritu bat egiteko oinarriak ere adostu dituzte plataforman bildu diren eragileek: konpostatzea bultzatzea, ontziak birziklatzea sustatzea, Europako Batasuneko hainbat tokitan ezarri den itzultze sistema aztertzea, merkataritzan eta dendetan bereizitako bilketa bultzatzea eta heziketa kanpainan aurrera pausoak ematea, besteak beste.

Lanerako baliabideak sortzea eta herritarren artean diskurtso berriak eratzea da plataformaren helburua. “Tokian tokiko kudeaketa ardatz hartuta, hondakinik gabeko gizarte jasangarriago baten alde egingo dugu lan, eta aldundiari presio egingo diogu neurriak har ditzan”.