Ekonomia

2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

2017. urte hasieran estreinatuko dute Getxoko itsas estazio berria

Hasi da atzerako kontua. Getxoko transatlantikoen itsas terminal berria 2017. urte hasieran estreinatuko dute. Hala, ate berri bat irekiko zaie Bizkaira itsasoz etorriko diren etorkizuneko bidaiari eta turistei. Proiektua aurrera eramateko, itsas estazioaren obren kontratuak adjudikatu ditu Bilboko Portu Agintaritzak, 6,7 milioi euroko aurrekontuarekin.

Terminal berria hamabost metro garai izango da, eta 3.200 metro karratu erabilgarri izango ditu. Bilboko Portu Agintaritzak nabarmendu du eraikina "modernoa, dinamikoa eta argitsua" izango dela. Beiraz hornitutako kontainer handi baten itxura izango du, zinkezko estalki arin batez estalia. Dinamismo hori lortze aldera, itxiera okerra izango du estalkiak. Era berean, estazioan eraikiko dituzten sei argi zuloei esker, argitasunik ez da faltako. 4,6 milioi euroko kostua izango du —BEZik gabe—, eta Excavaciones Viuda de Sainz SA enpresa arduratuko da lanez. Obrak 11 hilabete igarotzerako amaitzea aurreikusi dute.

Bidaiarien ontziratze eta lehorreratze beharrei erantzuteko, eraikinaren diseinuan bereizi egin dira bidaiarien eta bagajeen fluxua. Gainera, bidaiarien joan-etorria errazteko, aparteko eskailerak egongo dira sartzen eta ateratzen ari diren erabiltzaileentzat. Orotara, bi solairu eta solairu bitarte bat izango ditu eraikinak. Ataria beheko solairuan egongo da, turismo informazioko erakusmahaiarekin batera. Bertan egingo diete harrera bidaiariei, eta bertan erregistratu beharko dituzte bagajeak. Lehen solairuan, itxarongelaz gain, ontziratuko diren bidaiarien kontrol eremua eta lehorreratzeko gunea egongo dira. Solairuartean, berriz, OPI aretoa eta bulegoak eraikiko dituzte.

Pasabide mugikorra

Getxoko itsas estazio berria Europako terminalen abangoardian egongo dela adierazi du Portu Agintaritzak: "Bisitariek izango duten lehen pertzepzioa eraikin moderno, dinamiko, bero eta atsegin batena izango da, hartzen dituen gizartearena bezalakoa".

Terminal berria diseinatzeko garaian kontuan hartu dituzte ontzi enpresek emandako datuak. Alde batetik, itsasontzien nazioarteko segurtasun arauak aintzat hartzeko eta nazioarteko puntako terminalen erreferentziak izateko. Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, materialak aukeratzean "funtzionaltasuna, iraunkortasuna, mantentze erraztasuna eta segurtasuna" lehenetsi dituzte.

Itsas estazioaz gain, terminala osatuko duen beste pieza garrantzitsu bat eraikiko dute: plataforma mugikor bat, finger edo gang-way estilokoa, aireportuetan erabiltzen direnak bezalakoa. Plataforma horri esker, bidaiariak zuzenean sartuko dira terminalera edo itsasontzira, kaia zapaldu beharrik gabe. Pasabide mugikorrak erosotasuna eta segurtasuna eskainiko die bidaiariei. Obraren kontratua Prosertek enpresari adjudikatu dio Portu Agintaritzak, 966.000 euroko aurrekontuarekin —BEZik gabe—, eta lanak amaitzeko hamar hileko epearekin.

Datuei erreparatuz gero, Bilboko Portuaren izena gero eta gehiago ari da hedatzen Europan barrena. Iaz, inoiz baino ontzi handiagoak porturatu ziren. Gainera, munduan barrena nabigatzen duten transatlantiko handienen artean daude haietako asko. Esaterako, nabarmentzekoa da Anthem of the Seas, munduko handienen artean bigarrena. 348 metro luze da, eta 4.200 pertsonak bidaiatu dezakete. Anthem of the Seas ontziak Bilbora egin zuen inaugurazio bidaia. Beste zenbait transatlantiko aipagarri ere ailegatu dira Getxora. Tartean, Britannia, 330 metro luze eta 4.000 bidaiarirentzako lekuarekin, eta Celebrity Eclipse, 317 metro luze eta 2.645 lagunek bidaiatzeko aukerarekin.

Aberastasun iturria agorrarazita

Aberastasun iturria agorrarazita

Eezkerraldeak ezin du gehiago. Euskal Herrian egoera ekonomiko larriena duen eskualdea da. Biztanleen %21 lanik gabe daude. 25.000 pertsona inguru dira horiek. Horietatik, %61ek ez dute inolako diru laguntzarik jasotzen. Hala, langabeziak, prekarita...

Laneko segurtasuna, kolokan

Laneko segurtasuna, kolokan

Santurtzi dolutan dago. Joan den astean bi behargin hil ziren herrian. Bata, Bilboko portuan; bestea, Balparda industrialdean. 58 urte zituzten biek. Segurtasun arazoak, arriskuen prebentzioa eta prekaritatea jarri dituzte mahai gainean, beste behin ere, bi ezbehar horiek.

Sociedad Estiba y Desestiba enpresako langilea zen portuan hildakoa. Britania Seaways ferryan karga lanak egiten ari zirela, kontainerren karga eta deskarga makina batek harrapatu zuen. Aspaldian ez zen horren ezbehar larririk gertatzen portuan. Hala ere, lan istripu ugari izaten dira sarri: horietako batzuk larriak dira, gainera. Hala azaldu dute Bilbo Estibako enpresa batzordeko Urko Goikoetxeak eta LABen ordezkari Alain Olagortak.

Oraingoz, ez da argitu zelan gertatu zen Abantoko beharginaren heriotza sortu zuen istripua. Goikoetxeak azaldu duenez, "karga eta deskarga lana oso arriskutsua da. Beharginak egunero jarri behar du arriskuan bere bizitza". Olagortak dio ez daukatela datu askorik. "Eremu nahiko lasaian gertatu zen. Ez zegoen masifikaziorik, portuko beste leku batzuetan ez bezala". Zain daude ea zer erakusten duten segurtasun kameretako bideoek, gertatutakoa argitzea zaila dela iritzita.

Hala ere, segurtasunarekin lotuta arazo orokor bat badagoela onartu dute batak zein besteak. "Makinak mantentzeko inbertsio handiagoa egitea falta dela nabari dugu". Gabezia batzuk antzeman ditu Bilbo Estibako enpresa batzordeko presidenteak.

Enpresei har ditzaketen neurriei buruzko ideiak ematen dizkie Coordinadora bere sindikatuak, etengabe. "Hala ere, dela finantzaketa faltagatik, dela zulo ekonomiko batean sartuta gaudelako, enpresek murrizketak egiten dituzte mantentze lanetan eta langileen babeserako neurrietan".

Mekanismo berriak, protokolo berriak eta makinerian ezar daitezkeen aurrerapen teknologiko berriak aztertu dituzte, beharginek pairatzen dituzten arriskuak murrizteko. "Baina enpresek uzkur jokatzen dute kostu ekonomikoak sor ditzaketen proposamenen inguruan". Lan orduak luzatzea ekar dezaketen segurtasun neurriak ere ez dituzte batere gustuko.

Neurri zehatzei dagokienez, makinen hutsak azkar antzematen laguntzeko prozesu batean ari dira lanean egun. "Baliabide mekanikoen asteroko eta hileroko ebaluazio batean datza sistema: beharginek zein enpresek errebisio txikiak egin beharko lituzkete, intzidentzia parte txikiak betez. Horiei esker, makinen huts txikiak identifikatuko lirateke".

Kolektibo gisa aldarrikapen bat egin beharko balute, argi du zein izango litzatekeen: "Enpresek gehiago inberti dezatela gure langile taldea babesteko eta prebentzioa finantzatzeko".

Olagortak identifikatuak ditu portuan segurtasun arazoak sor ditzaketen zenbait gabezia. Goikoetxearekin bat dator: uste du makina askoren egoera penagarria dela. "Batzuk zaharrak dira, eta beste batzuk, mantentze lanik egiten ez delako, ez daude behar bezala". Zalantzarik ez du horrek harreman zuzena duela segurtasunarekin. Dena den, ziurtatu du Abantoko beharginaren heriotzarekin lotutakoa ondo zegoela.

Horrez gain, oinezkoak eta makinak ibiltzeko espazio asko eta asko mugatu gabe daude portuan. "Horrek arrisku handia dakar. Hala ere, egia da ez dela erraza espaziook mugatzea; makinak itsasontzietara gerturatzen dira merkantziak mugitzeko, eta, bidean, ohargileak eta espezialistak aritzen dira lanean, besteak beste. Zaila da batzuentzako eta besteentzako esparruak zehaztea, baina lan gehiago egin daiteke alor horretan".

Bestalde, segurtasun eta prebentzio protokolo asko berrikusi egin behar direla deritzo. "Protokoloek ez gaituzte babesten behar bezala. Azken hildakoa 2006 edo 2007koa bada ere, istripu larri edo arinagoak gertatzen dira sarri".

Protokolo horiek paperean jasotzen dutena gauzatzeko eskaera ere egin du. "Paperak dena jasotzen du. Egunerokoan gauza asko gauzatzea zaila da, ordea. Eta borondate handirik ere ez dago".

ELAren analisia ere bide beretik doa. Berezkoa du arriskua portuko beharginen lanak, baina badaude segurtasun arazoak areagotzen dituzten faktore batzuk. Horietako batzuk behin eta berriro gertatzen direla uste du Leire Heredia Lan osasunerako ordezkariak. "Lan erritmo bortitzak darabiltzate langileek. Beti presaka aritu behar dute, itsasontziak eta kamioilariak zain edukitzen dituzte eta. Horrek arriskua areagotzen du". Bestalde, gainerako ordezkari bien antzera, gogora ekarri du makinetako askok "gabezia txiki ugari" dituztela. "Enpresek oso inbertsio gutxi egiten dutela sarri salatu dute prebentzio ordezkariek. Baina ez da lortu arazo horien aurkako neurri egokirik ezartzerik".

ELAk salatu du lan arriskuen prebentzio legeak oraindik leku askotan eta hainbat modutan ez dela betetzen, hil honetan 20 urte bete baditu ere. "Enpresa gehienetan diru gutxi inbertitzen da prebentzioaren arloan; batzuetan, informazio eskasa dagoelako; beste batzuetan, baliabide ekonomiko falta dela medio, edota krisia aitzakiatzat hartuta. Legeak ezartzen dituen gauza asko ez dira aurrera ateratzen, eta horrek eragin zuzena dauka langileen osasunean, produkzioa prebentzioaren aurretik jartzen delako".

Alde horretatik, Goikoetxeak uste du beharginak oso arduratsuak direla. "Langileek badakite %100 erne egon behar dutela jarduna hasten dutenetik bukatzen duten arte. Eta horregatik ez da gertatzen istripu gehiago".

Prekaritatea eraikuntzan

Segurtasun gabeziei ez ezik, prekaritateari ere lotutakoa izan zen Santurtziko beste lan istripua. Xabier Ugartemendia zerbitzu pribatuen federazioko LABeko arduradunak eman ditu azalpenak. Eraikuntza sektoreko langilea zen hildakoa. Istripua izan zuenean, kontraturik gabe zegoen, autonomo batentzako lanean. Hil eta hurrengo egunean eman zioten izena Gizarte Segurantzan. "Izena emateko bost egun izaten dira. Beraz, ezin jakin enpresaburu horrek izena emateko asmoa zuen edo beltzean aritzea gura zuen".

Argi dago inongo segurtasun neurririk ez zeukala. "Zortzi metrotik behera erori zen. Ez zeukan segurtasun uhalik, ez ezer". Eraikuntza sektorean gertatzen den prekaritatearen eredu argitzat jo du egoera hori. "Hitzarmena ez zaie aplikatzen; lan ordu asko egiten dituzte, eta askok beltzean kobratzen dute".

Herediak ere argi du: "Egiturazko arazoa da prekaritatea, eta zenbait kontzeptu errotik aldatzea eskatzen du: lan gainkargak, erritmoak, azpikontratazioa, trebakuntza eta prebentzio neurrien falta, besteak beste". Lana antolatzeko aldaketa ezinbestekotzat jo du. Horretan datza zailtasuna, ordea: "Patronalek kontu hauek gero eta malguagoak nahi dituzte, produkzio eta etekin gehiago lortzeko".

Aurten hogei behargin hil dira Bizkaian —LABen datuen ara- bera —; horietako bi, hain zuzen, erretiroa hartzeko gutxi falta zutela Santurtzin zendutakoak dira.