Aberastasun iturria agorrarazita

Aberastasun iturria agorrarazita

Natalia Salazar Orbe

Eezkerraldeak ezin du gehiago. Euskal Herrian egoera ekonomiko larriena duen eskualdea da. Biztanleen %21 lanik gabe daude. 25.000 pertsona inguru dira horiek. Horietatik, %61ek ez dute inolako diru laguntzarik jasotzen. Hala, langabeziak, prekaritateak, ordu estrek eta hitzarmen kolektiboak ez aplikatzeak ito beharrean dauzka hango langileak eta langabeak. Horri aurre egiteko, aski dela ozen esango dute gaur Sestaon egingo duten manifestazioan. Hainbat eragile eta sindikatuk egin dute protestarako deia: Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtziko langabeen batzordeek; Barakaldoko Gazte Asanbladak, Berri Otxoak plataformak, Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak eta ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK eta CNT sindikatuek. Langileen eskubideak errespetatzeko aldarriak borobilduko du hilabetez eskualdean egin duten kanpaina.

“Egoera larria eta korapilatsua da”. Hala uste du Alfredo Castro Berri Otxoak plataformako kideak. Erakundeek eta adiministrazioek konponbidea bilatzeko lanik ez dutela egiten sinetsita dago. “Erakundeek ez dute erabiltzen hori guzti hori aldatzeko duten presio ahalmena. Agian aldaketa interesatu ere ez zaie egingo. Inpresio hori ematen dute”.

Edurne Oliver LABeko Ezkerraldeko ordezkariak analisi argia egin du: “Eskualdean aberastasuna egon badago, baina enpresarientzat gura dute, ez langileentzat”. Eta, Castroren antzera, uste du erakundeak soilik inplikatzen direla enpresak babesteko; “behargineei ez diete babesik ematen”.

Ezkerraldean gertatzen ari dena ez da krisiaren ondorio. Bizkaian eta ia Euskal Herri osoan aberastasun gehien sortzen zuen eremu zena gain behera dagoen eskualde bihurtu da. Produkzio sistema aldarazi zuten industria eraitsi eta birmoldatu izana egin ditu egungo egoeraren errudun. “Lehen, industriak bultzatzen zuen tokiko ekonomia; orain, merkataritza guneak jarri dituzte, eta zerbitzuen sistema indartu dute”.

Prekaritatearen lehen oinarriak orduantxe ezarri zirela sinetsita dago. “Ordura arte, enpresa handiak zeuden Ezkerraldean: soldata onak ordaintzen zituzten, eta lan baldintza egonkor samarrak eskaini. Orain, merkataritza gune handietako baldintzek prekaritatea ekarri dute”.

Analisi orokorraz gain, adibide zehatzagoak ere mahai gainean jarri dituzte Ezkerraldeko eragileek, egoeraren larritasunaz jabearazteko. Naval, Zamakona ontziolak, Santurtziko portua, Jauregizar eraikuntza enpresa zein Ikearen garraio enpresan gertatzen diren lan baldintzen zapalkuntzak ekarri dituzte gogora.

Portugalen erroldatuta

Jauregizar eraikuntza enpresakoa jo dute adibide saminenetakotzat. Sestaoko Vega Galindon babes ofizialeko 163 etxebizitza egiten ari da. Kontratatuak izateko, langileek Portugalen erroldatu behar dute. Beharginek tramitea gauzatzeko arazoak badituzte, enpresak berak egiten du izapidea. Hala azaldu du Castrok: “Helburua Portugalgo hitzarmena ezartzea da, noski”. Lehen eskutik dute egoera horren berri. Sestaoko langabeen batzarreko kideek jakinarazi diete baldintzok eskatzen dituztela.

Salaketa egin duten eragileentzat latzena da babes ofizialeko etxeak egiten ari den enpresa batean ari dela gertatzen hori guzti hori. “Hau ez da enpresa pribatu bat, besterik gabe”. Europa mailako legeak baliatzen ditu enpresak, beste herrialde bateko hitzarmenak ezarri ahal izateko. “Portugalgo hitzarmenak hartu dituzte, noski; ez Alemaniakoak”, esan du, ironiaz.

Azpikontratazioen arazoa

Navalen 405 langile azpikontratatutako hainbat enpresatan ari dira beharrean. Lan merkatua erabat desegituratuta dagoela ekarri du gogora Castrok. Eta enpresa azpikontratuen gainean erakunde publikoek are kontrol gutxiago egin dezakete. “Berez, kontrol gutxi egiten da era horretako jardueren gainean. Kasu honetan, kontrol horiek guztiak ez betetzea errazagoa da, azpikontratatutako enpresa azpikontratatuak direlako”.

Azpikontratu horien erruz, lan jardun luzeetan ari dira beharginak. “Sei eguneko lan astean 10 orduko lanaldiak dituzte; edo 12koak,bost egunetan”. Orduko bospasei euro kobratzen dute, gainera, nahiz eta lan itunak askoz gehiago jaso.

Zamakona ontzioletan ere egoera ez da hobea. Lan gehiena behargin azpikontratatuek egiten dute, hamabi orduko jardunetan. “Lanean aritu beharreko gutxieneko ordu batzuk eskatzen dizkiete langileei. Beharginek, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, onartu egin behar izaten dituzte baldintzok”. Ezkerraldeko langabezia tasari erreparatuta, egoera “zail samarra” dela adierazi du Berri Otxoak plataformako kideak.

Santurtziko portua ere ez da kanpaina horren salaketetatik kanpo geratu. Enpresek lan ituna ez dutela betetzen diote eragileek. Lointek enpresan, esaterako, egunean hamar orduko lanaldiak dituztela ekarri dute gogora. “Duela zenbait urte, 35 orduko lan asteari buruz hitz egiten zen. Eta, oraindik, gaur egun 40 ordukoa ere erabat ezarri gabe dago”.

Portua Ezkerraldeko zein Bizkaiko altxortzat jo du Oliverrek. Lan sama handitzen hasi denez, aparteko orduak egiten hasi dira berriz ere beharginak. “Asteburuetan zein gauez lan ordu mordoa egiten dituzte”.

Oro har, azpikontratazio maila handia dela salatu du LABeko ordezkariak ere. Naval, Zamakonari, portuari eta antzeko enpresa handiei buruz ari da. Tokiko lan hitzarmenen ordez, kanpokoak darabiltzate, gainera: Europa Ekialdekoak. Baina baita estatuko beste eremu batzuetakoak ere. Lan erreformak horretarako aukera ematen diela azaldu du. “Aparteko ordu mordoa egin behar dituzte beharginek. Horrek guzti horrek ez du aberastasunik sortzen, prekaritatea baizik”.

Joan den udako gertakari bitxi baina larria ekarri du gogora. “Navalek kanpoko beharginak behar zituela zabaldu zuen komunikabideetan. Hemen langile kualifikaturik ez zegoela jarri zuten aitzakiatzat. Hori ez da egia. Gakoa ondokoa da: kanpokoak badira, posible dute soldata txikiagoak ordaintzea”. Tokiko hitzarmenak eta baldintzak mantendu eta ezartzearen aldeko aldarria egin du.

Merkataritza gune handiak

Beste horrenbeste gertatzen da Ikearen garraio enpresarekin. Gidariei hilean 60 ordurako asegurua egiten diete; eta hamarrekoa, bestalde, muntatzaileei. Hala ere, praktikan, astelehenetik larunbatera egiten dute lan batzuek eta besteek, egunero hamar orduz.

Inolako kontrolik ez dago. Hori da behin eta berriro errepikatzen duten salaketa. “Langile batek gaixo agiria hartzen badu, kontrol zorrotzak egiten dizkiote, benetan lanean aritzeko moduan ez dagoela baieztatzeko. Kontrol zorrotz horiek ez dizkiete egiten enpresei, hitzarmenei eta lan baldintzei. Ez, bederen, Ezkerraldean”. Hala kritikatu du Castrok.

Arauak egon badauden arren, ez da ikuskapen sakonik egiten. “Dozenaka eredu daude. Baliteke Lan Ikuskaritza noizbait gerturatzea horietara azterketak egitera, baina erakundeek ez dute benetako interesik hau guzti hau konpontzeko”.

Emakumea eta zerbitzuak

Beste hainbat alorretan gertatzen den bezala, kasu honetan ere, emakumeek alderik txarrenetako bat pairatu behar dute. Zerbitzuen alorrean jardun ohi dira sarri. Lan ordu partzialak bete behar izaten dituzte, normalean ez diete-eta lanaldi osoko kontraturik egiten. “Enpresaren ordutegien mende daude beharginak horrela. Ordu puntualetan aritzeko kontratuak izaten dituzte: asteburuetan, beherapen garaian edota eskaintza bereziren bat egiten denerako, besteak beste”. Egoera horrek kontziliazioa edo beste lan osagarriren bat bilatzeko zailtasun handiak sortzen dizkie. Saltoki handietako hitzarmenak darabiltzate horietako gehienek. Horiek ere estatu mailakoak dira. “Oso soldata txikiak, lan ordu asko eta malgutasun oso handia aurreikusten ditu hitzarmen horrek”. Kasu hori ere legezkoa da, baina prekaritate handia sortzen du.

Lan baldintzen kaskartzea gaiztotu besterik ez da egin krisiak goia jo ostean. Hala adierazi du Castrok: “Era horretako egoerak murriztu beharrean, azken urteetan, krisiaren ostean, areagotu egin dira”.

Laguntza publikoen ordaina

Salatutako enpresa horietako batzuek diru laguntzak ere jaso dituzte lan kargarik ez zegoen garaietan. “Orain, ordea, beharginei lan baldintza ezegonkorrak ematen dizkiete, kontzientziek ausiki egin gabe”. Diru laguntza publikoek ez dutela ordain sozialik galdatzen kritikatu dute. “Enpresoi ez diete esaten dirua baldintza batzuen truke emango dietela; esaterako, handik aurrera sortzen duten enpleguak kalitatezkoa izan behar duela eskatuta. Hala, arazoa bideratu ostean, gauzek berdin jarraitzen dute”.

Etsipena eta amorrua. Bi berba horiek laburbiltzen dituzte Ezkerraldeko bizilagunen sentimenduak. Izan ere, kontrol handiago batek enplegu gehiagori emango lioke bidea. “Egunean hamar eta hamabi orduko lan jardunak dituzten beharginei buruz ari gara. Hori guztia kontrolatuko balitz, lanpostu gehiago sortuko lirateke”. Enpleguaren banaketaren aldeko aldarrikapena egin dute.

Kanpaina martxan jarri duten eragile eta sindikatuek herritarrei egoeraren berri ematea dute helburu; “datuak eman ditugu, eta mobilizazioak bultzatu, arlo horretan hobekuntzak lortzeko bidean”. Ezkerraldeko udaletan mozioak aurkeztu dituzte. Eta onartuko dituzten itxaropena badute. Horrek zer bide izango duen ikusteko dago, ordea. Gaur, behintzat, indar erakustaldia egiten saiatuko dira, 19:30ean Kasko plazatik abiatuko den manifestazioarekin.