Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Sailkatugabeak

“Gizartean zabalduta dago gaixo psikikoa gaixo arriskutsua dela”

Luis Pachecok hartu berri du 1999an martxan hasi zen Euskadiko eta Nafarroako Psikiatria Elkartearen presidentetza. Bere aurrekoen lanari jarraipena eman, eta beste helburu bat ezarri dio elkartearen bideari: buruko gaixotasunak dituzten pertsonen inguruan diren estigmak txikitzea.

Buruko gaixotasunak dituztenak erotzat hartzen ditu gizarteak.

Bai, gainera, azkenaldian, uste horiek areagotu baino egin ez dituzten gertakariak jazo dira Bizkaian. Hilabete eskas batean, psikiatra bati eraso zion artatzera zihoan gaixo batek, eta Santutxun eta Sestaon hilketak gertatu ziren. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak protagonista izan diren gertaera horiek alarma piztu dute; gaia pil-pilean dago. Elkartearen arduretako bat uste horiei buelta ematea da, ez baitira inola ere benetakoak. Frogatuta dago buruko eritasuna duten pertsonak ez direla gainontzeko biztanleak baino bortitzagoak. Baina, komunikabideek halako gertakariei ematen dieten garrantziaren eraginez, eta gutxiengo baten jarrera dela eta, gizarteak kolektibo osoa epaitzeko joera duenez, gaixo psikikoa gaixo arriskutsua dela zabalduta dago. Lanean eta harreman sozialetan bazterturik daude, eta, gainera, gizarteak hatzez seinalatzen ditu. Baina ez dira bortitzak, ezta eroak ere. Pentsa, orain gutxi arte psikiatrok ere ero puntu bat genuelako ustea zabaldua zegoen…

Buruko eritasunen inguruko ezjakintasuna al dago?

Bai, noski, eta horrek gaixoa behar bezala laguntzea oztopatzen digu batzuetan. Deprimituta edo triste egotea ez da gauza bera, adibidez. Denok egon gaitezke burumakur momentu jakin batean, baina depresioa hortik haratago doa. Hala ere, gizarteak ez du gaixotasun gisa onartzen, eta inguruko jendeak, askotan, oporretan joan behar duela esaten dio gaixoari, edo kalera irten behar duela. Deprimituta dagoenak agian ez du ohetik altxatzeko gogorik, ezta jatekorik ere, ezta irribarre egitekorik ere. Eta ingurukoek asmo onez emandako aholkuek kalte egin ahal diote, bere buruari halako egoeran egotearen erantzule eginez.

Eta zuen lana halakoetan gaixoari laguntzea da.

Hala da, nahiz eta oraindik gizartean guztiz onartua ez dagoen. Izan ere, historikoki baztertua edo txarto ikusia egon den medikuntzaren adarra da psikiatria; herri sinesmenen arabera, pertsonengan albo ondorioak eragiten zituzten sendagaiak banatzen genituen psikiatrok.

Psikofarmakologiaren historia oso laburra izateak ere eragina izan du horretan, 1950eko hamarkadan hasi baitziren era horretako sendagaiak sortzen. Baina, azken hogei urtean, batez ere, aurrerapen handiak eman dira arlo horretan. Gaur egun, psikiatriarekin kritikoak izan diren adituek ere aitortzen dute psikofarmakologiaren eboluzioa eta garrantzia.

Tratamendu psikofarmatologikoek sortzen dute, beraz, jendearen mesfidantza.

Baina, gaur egun, lehen ez bezala, adituen artean zabalduta dagoen ustea da psikoterapia eta psikofarmakoen bateratzearekin lor daitekeela tratamendu onena. Hala ere, buruko gaixotasunen inguruan dagoen ezjakintasuna dela eta, gaitz horiei aurre egiteko sendagaien aurka dago jende asko oraindik. Baina, buruko gaixotasun larri bat medikazio gabe tratatuz gero, pertsona hondamendira eraman lezake.

Zeintzuk dira eritasun ohikoenak?

Gaixo gehienek ez dute gaixotasun larririk; antsietatea, depresioa eta gisako patologiak dira nagusi. Gero eta tratamendu egokiagoak garatzen ari dira horiek artatzeko, baina batzuetan ez da posible guk nahi besteko zerbitzua eskaintzea, eskaera handia baita.

Osasun zerbitzu publikoak betetzen al du eskari hori?

Bai, nahiz eta asko itxaron behar den eta zerbitzuaren kalitatea ez den nahi bestekoa. Azken urteetan asko hobetu da alde horretatik. Gaur egun, talde psikiatriko osotuak daude Osakidetzan, psikiatraz, psikologoz, erizain espezializatuz zein gizarte laguntzailez osatuak. Gero eta arinago sumatzen dira gaixotasunak, eta, beraz, eraginkorragoak dira tratamenduak. Buruko eritasunen jatorria ez da aurkitu, ordea, eta, beraz, ezta azkeneko konponbidea ere. Baina, sendagaiei esker, paziente gehienek bizitza normal bat izatea lortu da, gizartean integratu ahal izatea.

Generoen artean ba al da ezberdintasunik?

Datu zehatzik ez dago, eta, beraz, zaila da ondorio argiak ateratzea. Oro har, depresioen kasuan, emakumeek gizonek baino laguntza psikiatriko gehiago eskatzen dute. Denetariko arrazoiak izan daitezke tartean: biologikoak, menopausia kasu; edota soziokulturalak. Baina zaila da zehaztea. Izan ere, depresioa ez da gaixotasun gisa onartzen askotan, ahuldadearekin identifikatzen da. Uste okerrak dira horiek, baina gizonezko batzuek laguntza ez eskatzea eragin dezakete. Horrez gain, suizidio saioak hazi egin dira azkenaldian, batez ere gazteen artean, baina genero aldetik ez dut uste ezberdintasun handirik dagoenik.

Krisiak ba al du eraginik?

Bai, buruko gaixotasun larrien kasuan ez, baina gainontzekoetan laguntza psikiatrikoaren eskaera igo egin da. Egia esan, orain bost urte arteko gizarte ongizateak ere igo zuen eskaera, jendeak frustrazioak barneratzeko ahalmen txikiagoa zuelako agian, eta buru osasunaz arduratzen diren zerbitzuetara jotzen zuen, irtenbide eske. Orain, krisialdian, lehen zituen aukera batzuei uko egin behar die gizarteak, eta ez dakit horretarako prest ote gauden. Langabezia tasa izugarri hazi da, adibidez, eta gizartearen ondoez horrek pertsonei ere eragiten die, noski. Normala da lanik ez eta seme-alabak mantendu behar dituen pertsona ondo ez egotea, baina zelan hobetu daiteke haren egoera egokiago: dirua eta etxea emanez, edo laguntza psikologikoaren bidez? Kasu horietan, medikuek egoerari aurre egiten lagundu dezakegu, baina irtenbidea ez daukagu guk.

“Sistemak ez du funtzionatzen: kalean bizitzea onartzen du”

Etxerik gabe bizitzea aterpea ez edukitzea baino askoz gehiago da. Sustraiak, harreman sarea… dena dute faltan egoera horretan diren bizkaitarrek. BesteBi plataforma errealitate hori gizarteratzeko eta salatzeko sortu zen.

Nortzuk izaten dira aterperik gabeko pertsonak?

Aterperik gabe dagoen pertsona, normalean, bakarrik dagoen gizon edo emakumea da. Zenbait gertaeraren eraginez asko sufritu du, eta, azkenean, kalera joatea beste erremediorik ez zaio gelditu. Denok izaten ditugu momentu lazgarriak, senide bat hiltzen denean, edo familia arazoak ditugunean kasu, baina etxerik gabeko pertsonek denbora gutxian halako trauma asko jasan izan ohi dituzte. Lepoan daramaten sufrimendu zama oso gogorra da, lur jota daude, eta ez dute indarrik laguntza eskatzeko, aurrera jarraitzeko. Gainera, kontuan hartu behar da etxerik gabe bizitzeak aterpea ez izatea baino askoz gehiago esan nahi duela: berotasunik gabe, leku batean errotzeko aukerarik gabe, segurtasunik gabe... bizi da pertsona halako egoeran.

Eta egoera horretan daudenak laguntzeko sortu zen BesteBi.

Bai, plataforma sortzen dugun eragile guztiek arlo horretan egiten dugu lan, eta batez ere sentsibilizazio eta salaketa lanak egiteko batzen gara. 2007an sortu genuen plataforma, San Frantzisko kaleko Posada de los Abrazos egoitzako sutearen harira. Gertaera hura pizgarri antzeko bat izan zen. Lau lagun hil ziren, eta arloan lan egiten dugun elkarteok mobilizazioak antolatu genituen, Posadaren ahotsa gizarteratu nahian. Denok biltzeko mahai baten beharra nabaritu genuen, ordura arte erakunde publikoen inguruan sortutako espazioetan besterik ez baikinen batzen.

Eta lan horretan dihardugu ordutik, etxerik gabeko pertsonen egoera gizarteratuz, halako kasuak Bilbo moderno baten ematea duina ez dela jendeak ikus dezan, beste albo batera begiratu ez dezan. Kalean bizi den pertsona bat hiltzean mobilizatu egiten gara, adibidez, salaketa eta omenaldi xume bat egin nahian.

Askotan gertatzen dira halako heriotzak?

Azken kasua joan den astean gertatu zen: osasun zerbitzuek Errekalde auzoan gizon bat jaso zuten, eta Basurtuko Ospitalean hil zen. Orain dela pare bat urte ere, heriotza asko jazo ziren; Barakaldon, kalean bizi ziren bi gizon hilabeteko epean hil ziren. Izan ere, kalean bizitzeak pertsona fisikoki zein psikologikoki izugarri suntsitzen du.

Gizonezkoak izan ohi dira normalean, ezta?

Zentroetan emakume gutxiagori egin ohi zaie harrera, baina ez dago gaiaren inguruko azterketa jakinik. Prostituzioan dabiltzan neskak, adibidez, ez dira inongo datuetan azaltzen, baina etxerik gabeko pertsonak dira. Hala ere, nik uste dut emakumeak gizonak baino arinago eskatzen duela laguntza bere inguruan, eta, beraz, gutxiago heltzen dira gure larrialdietarako zentroetara.

Bestalde, etxegabekoen batez besteko adina 37 eta 40 urte artean dago. Hala ere, oso zaila da datu zehatzak lortzea. Bizkaian etxerik gabe dauden pertsona gehienak Bilboaldean daude. Hiri ez oso handia izan arren, etxegabekoen poltsa propioa baitauka, Bilbotik mugitzen ez direnak. Guztira, kalean bizi direnak 200 edo 300 direla kalkulatzen dugu. Hala ere, horiek izozmendiaren punta besterik ez dira guretzat. Beste asko daude etxe barik: larrialdiko egoitzetan bizi direnak, etxerik etxe dabiltzanak... Azken finean, errotzeko eta harremanak egiteko lekurik ez dutenak.

Egoerak ba al du konponbiderik?

Zaila da, pertsona bakoitzaren arazoa eta bizi-baldintzak ezberdinak baitira, eta, beraz, konponbidea ez da berdina. Politika eraginkorragoak behar dira, baita prebentziorako ere. Gizarteak bizkarra ematen die etxerik gabe diren pertsonei, eta denok galtzen dugu horrela, baina pertsona hori izango da kaltetuena: ez du Osakidetzaren edo abokatu baten arreta lortuko, adibidez. Erakunde publikoen politikak oinarrizko behar horiek asetzeko beste bide batzuk sustatzera bideratuta egon beharko lirateke. Gainera, arlo guztietan gero eta murrizketa gehiago egiten ari dira, eta pobreenek pairatuko dituzte gehienbat.

Beraz, gizarte zerbitzuak ez dira nahikoa.

Ez, nahiz eta zerbitzu asko dauden, ez dira guztiz eraginkorrak; egokitu egin behar dira. Adibidez, udalaren egoitzak neguan bakarrik daude irekita, eta, gure ustez, urte osoan eduki beharko lirateke irekita. Etxegabe batzuk berandu heltzen dira egoitzetara, edo zailtasunak dituzte bertan gelditzeko. Adibidez, kalean urduri eta babesik gabe sentitzen den pertsona batek gela literadun handi batean ere ez du atseden hartuko agian. Egoitza xumeagoak moldatu beharko lirateke, baina pertsonaren duintasunerako eta intimitaterako baliagarriagoak. Orain, Europa osoko kanpaina batean parte hartzen ari gara, 2015erako kalean lo egiten inor ez dadila egon aldarrikatzen duena. Etxerik gabe dagoen inor ez egotea, berriz, askoz zailagoa da.

Krisiak ere izango du eraginik.

Noski, azkenaldian soslai bereko gero eta kasu gehiago ikusten dira. Bertan jaiotako gizonak dira, 40 eta 50 urte bitartekoak gehienak, orain arte egoera ez oso onean zirenak, baina langabezian gelditu, eta etxerik gabe daudenak egun. Lehen ere baziren halako kasuak, baina krisiaren eraginez ugaritu egin dira, azaleratu.

Zein uste duzu dela arazoaren erroa?

Bizi garen sistemak ez du ondo funtzionatzen, jendea etxerik gabe edo kalean bizitzea onartzen du. Gainera, herrialdea ekonomikoki ondo egon zen momentuetan pobrezia ez zen jaitsi. Ekonomikoki oparoak izan ziren urte horietan gizarteak ez zuen babes maila finkatzeko eta eraginkorragoa bihurtzeko ahaleginik egin. Dirua zegoenean gizarte zerbitzuei ez zitzaien garrantzirik ematen, eta, beraz, lehenengo murrizketak jasan dituzten sailak izan dira. Krisiarekin, pikutara bidaltzen ari dira etxegabekoei ematen zaien babesa; eskubideak galtzen ari gara, eta, aldi berean, gero eta jende gehiago dago larri.

Zer egin beharko lukete herritarrek?

Desindustrializazio garaian ere langabezia izugarri igo zen, baina elkarren artean elkartasun handia zegoen. Orain, krisi garaian gaude berriro, baina gizartea indibidualista da, eta ez dago laguntza emateko joerarik.

Gure harreman sareak mantentzea eta indartzea ezinbestekoa da. Ondo gaudenean, agian, ez ditugu beharko, baina lana gal dezakegu, edo etxea ezin ordaindu... Hortik etxerik gabeko egoerara igarotzea ez da zaila. Non dago alde batera edo bestera bultzatuko gaituen gakoa? Laguntza sareetan. Etxerik gabeko pertsona guztiek sare horiek apurtuak izaten dituzte, eta berriro martxan jartzea oso zaila izan ohi da.

Aldundiak egingo dituen murrizketa eta kaleratzeak salatu ditu LABek

LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiaren datorren urterako aurrekontuak auzitan jarri ditu. Besteak beste, murrizketak eta kaleratzeak aurreikusten dituela eta, Batzar Nagusiek —EAJ eta PPren aldeko bozarekin— atzo onartutako proiektua jendaurrean salatu nahi izan du asteon.

Proiektu horrek gastu publiko eta soziala jaistea jasotzen duela dio LAB sindikatuak. Besteak beste, foru aldundiak berak kudeatzeko aurrekontua 2011koa baino ehun milioi euro txikiagoa izango dela nabarmendu dute. "Udalei eman beharreko ekarpena gutxitzeaz gain, kulturan, ingurumenaren babesean, nekazaritzako azpiegituretan... murrizketak egongo dira". Sindikatuak onartzen du Gizarte Ekintza Sailak igoera izango duela —aurten baino %0,33 gehiago—, baina neurri berean gizarte sustapena %0,31 jaitsiko dela ohartarazten du. "Gizarte bazterketaren kontrako borrokarentzako diru sailak ere jaitsi dira, noiz eta krisi egoera larrian gauden garai honetan", diote sindikatuko kideek.

Hala, LABen irudiko, aurrekontu hauek "zerbitzu publikoaren kalitatearen kontra" doaz. Gainera, zerbitzuok "pribatizatzen" ari direla ohartarazi dute. Izan ere, sindikatuak azaldu duenez, zerbitzu publikoak sostengatzeko aurrekontua gutxitzearekin batera, aldundian gutxienez hutsik geratuko diren 67 plaza amortizatuko dituzte. Era berean, ordezkapenak ordaintzeko diru saila ere %34 gutxituko da. "Horrek larri okertuko du herritarrei eman beharreko zerbitzua".

Enpresa pribatuek egingo duten lan publikorako diru partidak, berriz, igo egin dira, LABen esanetan —20 milioi gehiago; 2011rekin alderatuta, %7,50eko gorakada—. Sindikatuaren arabera, pribatizazioek %11 egingo dute gora datorren urtean.

Foru Aldundiak "krisiaren kaltea langileek ordaintzea" nahi duela salatu dute, eta oraingoan administrazioko beharginei egokituko zaiela. Salaketa hori azaltzeko honako datu hauek eman dituzte: langileria gastuak %3,75 gutxitu nahi ditu aldundiak. Aldiz, LABen esanetan, 59 kargu publiko eta konfiantzazko kargu daude, eta horien gastua, urtean, foru diputatuenekin batera, 5,3 milioi eurokoa da. "Ez dira lotsatzen murrizketak iragartzen dituztenean, nahiz eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko idazkariaren soldata —diputazioan inolako lanik egin gabe— herritar guztion artean ordaintzen dugun?".

Krisiaz eta murrizketez hitz egiten den bitartean, "beharrezkoak eta premiazkoak ez diren gastuetarako dirutza itzela erabiltzea" ere leporatzen dio aldundiari sindikatu abertzaleak. Bizcaytik fundazioa, Athletic, Bizkaia Bilbao Basquet, San Mames Barria, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta enparauak aipatu dituzte horren adibide gisara.

Konponbidea, zerga politikan

LAB sindikatuak zerga presioa aldatzeko ere eskatu du, gaur egungoa "atzerakoia" iruditzen zaiolako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %31koa dela, eta Europako Batasuneko batez bestekoa %41ekoa dela diote. "Aldeak urtean 5.200 milioi euro ez biltzea esan nahi du".

Gainera, PFEZari dagokionez, biltzen denaren %90 beharginen lansarietatik datorrela ohartarazi dute. "Langileok enpresariek eta profesionalek aitortzen duten baino %62 gehiago aitortzen ari gara". LABen arabera, gehien irabazten dutenei zerga tasak "jaitsi dizkiete etengabe", eta kapitaleko diru sarrerak %20ko tasa finkoa dute, eta lan errentek baino gutxiago ordaintzen dute.

Ondarearen gaineko zerga urteetan bertan behera utzita egon dela gogorarazi dute, halaber. Sozietateen gaineko zergari dagokionez, tasa %12,7koa dela nabarmendu dute, eta Europako Batasuneko batez bestekoa, berriz, %22koa dela. Zerga politika aldatzeak murrizketak eragotz ditzakeela dio LABek.

Udalari San Tomas azoka kudeatzeko eskatu diote

BILBO. Bilduk San Tomas eguneko azoka zuzenean berak kudeatzeko eskatu dio Bilboko Udalari. Orain arte, BBK-k antolatzen zuen. Koalizioaren udal taldeak salatu duenez, aurrezki kutxako gizarte ekintzaren saila arduratzen da salpostuak adjudikatzeaz, e...

Euskara sustatzeko, 4,4 milioi banatuko dira 2012an

Bizkaiko lurralde historikoan euskararen normalizazioa lortzeko datorren urtean egingo diren proiektuak diruz laguntzeko, 4,4 milioi euroko diru sorta onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Diru laguntzak jasotzeko eskubidea izango duten erakunde eta eragileak lau multzotan banatu dituzte. Talderik handiena, bai behintzat egokitu zaion diru sortari dagokionez, udalek, udal erakunde autonomoek, mankomunitateek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek osatzen dute. Azken horiek 1,725 milioi euro izango dituzte eskura. Honako jarduera hauek jaso ahal izango dituzte diru laguntzak: irakurketa euskaraz sustatzea helburu duten programak, etorkinen hizkuntza gaitasunerako programak eta euskarazko materialak sustatzeko ekimenak —batez ere haur eta gazteentzat direnak—. Erakunde publikoei dagokienez, guztira, 1,825 milioi jasoko dituzte.

Euskara hutsezko argitalpenen edizioan diharduten enpresek eta norbanakoek 90.000 euro izango dituzte euren artean banatzeko; arlo horretan lan egiten duten irabazi asmorik gabeko erakundeek, berriz, 350.000 euro. Enpresa mundua euskalduntzeko 280.000 euroko diru sorta izango da; lan munduan euskararen erabilera zabaltzea izango da finantzatuko diren proiektuen xedea.

Azken diru kopurua —150.000 euro— informazio eta komunikazio teknologietan euskararen presentzia indartzeko proiektuek jasoko dute. Baliabide informatikoen azpiegitura ahalik eta osatuena lortu nahi da jarduera horiekin. Eskaera guztiak egiteko epea urtarrilaren 2an hasi eta urtarrilaren 30ean bukatuko da.

Maderas de Lekeitio, Bizkaiko egur sektorearen krisiaren isla

Maderas de Lekeitio enpresak lana erregulatzeko txostena aurkeztu du, eta hilaren bukaeran jarduera gelditzeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzak. Horren ondorioz, enpresako 21 beharginek lanik gabe hasi beharko dute urtea. Garai batean, aitzitik, 140 langile ere izan zituen lantokiak. Enpresa hori itxita, sakonagoa bilakatu da Busturialdeko eta Lea-Artibaiko zurgintzaren sektorearen krisia. Hala, azken hamarkadetan bi eskualde horietako ekonomiaren motor garrantzitsuenetako bat izandako jardueraren gainbehera bete-betean egiaztatu da.

Maderas de Lekeitioko langile batzordean ordezkaritza duen sindikatu bakarrak, LABek, adierazi du Bizkaiko egur sektorean moldaketa "sakona" egin beharko litzatekeela. Sindikatuaren iritziz, "aspalditik" hartuta egon beharko lukete neurri horiek. "Azken garai honetan ikusten ari ginen sektoreko hainbat enpresa ixten ari zirela, saltzea gero eta zailagoa zela, lana erregulatzeko txostenak nonahi genituela, ez zela erraza egurra lortzea gure eguneroko jardunak jarrai zezan". LABen ustez, deskribatutako egoeraren "errua" ez da langileena: "Ikusi besterik ez dago egur enpresen Bizkaiko hitzarmena ez dela berritu 2003tik".

Pinu publikoak, "usteltzen"

Horrez gain, sindikatuak salatu du "aldundiak eta hainbat udalek kudeatzen duten" pinuen egurra "erdi usteltzen" dagoela Bizkaiko basoetan; hau da, pinudien jabe diren erakunde publikoek ez dutela merkaturatu saltzeko moduan dagoen egurra. LABek emandako datuen arabera, pinu publikoek 30.000 hektarea betetzen dituzte Bizkaian, eta beste 70.000 hektarea inguru jabe pribatuen eskuetan daude. Pinuek emandako egurra merkatuan egongo balitz, sektorea "arnasberritu" egingo litzateke, sindikatuaren irudiko. Egoera horren inguruko galdera bat ere plazaratu du sindikatuak: "Zergatik ez dira hasi egur horren zertarakoaz eta kudeaketaz hausnartzen?" Erakundeei "gezurtiak" izatea leporatu die sindikatuak. "Neurri zuzentzaileak har ditzakete, baina ez dituzte hartzen". Egoera horren atzetik "arrazoi ilunak" ikusten ditu LABek. Salatu egin dute egoera: "Enpresaren jabeak bankuekin hipotekatuta dagoen 22 hektareako lursaila dauka lan egiteko, baita makineria ere, eta Maderas de Lekeitio itxi egingo dute".

Gogoetaren beharra

LABeko kide Jon Iñaki Alkortak egurraren sektorean "hausnarketa orokor bat" egin beharra nabarmendu du. "Hausnarketa serio bat egingo balitz, eragile sozial, politiko eta sindikal guztiek parte hartuta, plantea genezakeen sektoreak zer behar duen, pinuak bota ditzakegun, eta zer-nolako kostuekin". Beraz, zalantzan jarri du pinudiek gaur egunean betetzen duten funtzioa. "Basogintza bera berritzeko politikei buruz ere ez da hitz egiten. Zertarako behar ditugu 100.000 hektarea pinu?".

Ekonomia hazten ari zenean sektorea moldatzeko bideen inguruko gogoeta egin behar izan zutela onartu du. Bestalde, Marokora egurra esportatzen hastea konponbide bat izan daiteke, Alkortaren iritziz. Prezioak behera egin arren, egurrak merkatuan egon beharko luke, haren ustez, kontrako erabakiak "espekulazioa" elikatzen duelako. Aurrera begira, gogoeta egiteko eskatu du, Bizkaian "zer basogintza mota behar den" zehazteko. "Erantzukizun publikoak ere hor daude".

Bizikletak alokatzeko doako zerbitzua jarri dute

OROZKO. Doako bizikleta alokairua jarri dute martxan Orozkon. Eguenetik domekara egongo dira eskura, 10:00etatik 14:00etara. Zapatuz, 17:00etatik 19:00etara ere bai. Museoan daude eskuragarri, eta erabiltzeko badaezpada bost euroko fidantza ordaindu b...

Ur Partzuergoarekin duen ituna luzatu du aldundiak

BILBO. 2008an sinatutako lankidetza hitzarmena luzatu dute Foru Aldundiak eta Ur Partzuergoak, 2016ra bitarte. Hala, urtero 55 milioi euro emango dizkio foru administrazioak. Diputazioaren esanetan, hitzarmen honek Bizkai osorako "ur partzuergo bakarr...