ARRATIA. Arratiako Udalen Mankomunitateak aurten iaz baino aurrekontu txikiagoa du; %11 gutxiago, hain zuzen. Lau ardatz nagusi ezarri ditu erakundeak: langabeziaren kontra borrokatzea, hondakinak gutxitzea, energia modu eraginkorrean erabiltzea eta i...
Sailkatugabeak
Bizkaia, kafe kapsulak birziklatzen aitzindaria
Kafe kapsulak birziklatzeari ekingo dio Bizkaiko Foru Aldundiak. Foru erakundeak asteon sinatutako akordio bati esker, produktu hori birziklatzen aitzindaria bihurtuko da lurraldea.
Garbikerrek eta Nestle España y Productos del Cafe enpresak adostutakoaren arabera, Garbigune bakoitzean —Bizkaian 23 daude— aluminiozko eta plastikozko kapsulak jasotzeko edukiontziak jarriko dituzte. Egunero, Garbigune Mugikorra deritzon sistema baten bitartez, jaso egingo dituzte edukiontziotako kapsulak, eta Garbikerren ibilgailuek eramango dituzte beste leku batera.
Kapsulak beste biltegi horretatik Nestle enpresak hartuko ditu, eta birziklapen plantara eramango ditu. Aluminioa berreskuratu egin daiteke birziklapeneko prozesu orokorretik abiatuta, foru aldundiaren arabera. Horretarako, aluminio guztia beste instalazio batera eraman behar da bertan gero tratamentua egiteko. Bestalde, kafearen soberakinak konposta egiteko erabiliko dituzte.
Kapsulak birzikla daitekeen aluminioz eginda daude, eta material hori oso-osorik birziklatzeko modukoa dela jakinarazi du foru aldundiak. Beraz, bermatuta dago beste erabilera batzuetarako birziklatu ahal izatea.
Kafea hartzeko gero eta herritar gehiagok kapsulak darabiltzaten makinak dituztela kontuan hartuta erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak birziklapen neurri horiek hartzea; hain zuzen, orain arte ez zegoen beste hondakin mota bat sortu delako.
Suitzan eta Alemanian, 2008an aitzindaria izan zen metodo hori, eta Bizkaian erabiltzeari ekingo dio Garbikerrek.
Abran dragatzerik ez egiteko kexuka hasi dira herritarrak
Abrako itsasertzean, Punta Lucero inguruan, Bilboko Portuko Agintaritzak aurreikusita dauzkan dragatze lanak egiterik ez dute gura Getxoko hainbat gizarte eragilek. Hori dela eta, informazioa jaso, zabaldu eta mobilizazioak egiteko erabakia hartu zuten iragan ostiralean Portu Zaharreko Etxetxun egindako batzarrean elkartu ziren 60 lagun inguruk. Abra Bizirik plataforma ere sortu dute. Portu Zaharreko arrantzaleak, Itxasoruntz, LZPren kontrako asanblada, Euskal Herriko Surf Federazioa, Getxo Surf, Getxo Bizia eta Getxoko Bilduk osatu dute taldea. Batzarrean herritar gehiago ere izan ziren.
Hiru erabaki nagusi hartu zituzten bertan. Batetik, ahalik eta informazio gehien jasotzea. Izan ere, plataformakoek jakinarazi dutenez, Getxoko Udalak abenduko osoko bilkuran esan zuen zeukan informazio guztia herritarren esku jarriko zuela, alegazioak egiteko bidea aztertuko zuela eta dragatzeak izan ditzakeen ondorioei buruzko azterketa independente bat egingo zuela. Orain arte horrelakorik ez duela egin salatu dute. Horrez gain, Auzokideok elkarteak dragatzeetatik ateratako materialak ferryen moilarako erabiliko ote zituzten galdetuta, alkateak ezetz erantzun zien. Geroago, baina, proiektuan kontrakoa ikusi zuten.
Jasotako informazioaren arabera, Bizkaiko Batzar Nagusietan, iaz, aho batez hartu zuten Areatzan (Muskiz) egiten hasi ziren dragatze bat geldiarazteko erabakia. "Dragatzea geldiaraztea ez ezik, ateratako harea kutsatuta ez baldin bazegoen zegoen lekura bueltatu behar zela erabaki zuten", ekarri dute gogora. "Beraz, ez dugu ulertzen zergatik planteatzen duten orain kontu hori", esan dute.
50 milioi metro kubo harea
Dragatzeak egitearen aurka ez daudela argitu dute elkarteok. Beharrezkoak diren kasuetan egin behar direla deritzote. Getxoko kasu horretan, baina, 50 milioi metro kubo harea ateratzeko proiektuari buruz ari direla gogorarazi dute. Horietatik guztietatik, gainera, proiektuak 27 milioi nora bideratuko dituzten baino ez duela zehazten salatu dute.
Eta horrek eragingo lituzkeen ondorioak ere aztergai izan zituzten batzarrean. Aztik egindako eraginaren txostenaren arabera, azaldu dutenez, itsaslasterren aldaketak gertatuko dira, baita hondartzetan ere; olatuak jaitsi egingo diren arren, hondartzetan sedimentazioa handiagoa izango da —harea pilaketa handiagoa—. Hala ere, itsasoa hasten den lekuan bertan harea galdu egingo dela eta haitzak agertuko direla azaldu dute. Arrantzan ere ondorioak nabarituko dituztela diote, hondoa asko mugituko delako. Hain zuzen ere, batzarrean parte hartu zuten arrantzale zenbaiten arabera, aurretik egin diren dragatze batzuen ondoren izkira handia galdu egin zen.
Elkarretaratzea, hilaren 28an
Eragina gogorra izango dela deritzote. "Kalte handi, iraunkor eta atzeraezinak" iragarri dituzte. Ondorioak Abra inguruan dauden herri guztietara zabalduko direla ikusita, beste herri batzuekaz koordinatu beharra aurreikusi dute. Hasteko, hilaren 28an, 13:30ean, elkarretaratzera deitu dute Portu Zaharrean. Izan ere, mobilizazioak beharrezkoak direla erabaki dute batzarrean.
Herrietako esamolde eta hitz xelebreen lehia egin dute Lea-Artibai eskualdean
Guztira 300 lagunek parte hartu dute Lea-Artibai Euskarari tldeak antolatutako berba eta esaera xelebreen lehiaketan. Euskararen Eguna aitzakiatzat hartuta, euskalkiak biltzeko ahalegina egin dute elkarte horretako kideek. Iker Ajuriagerra Lea-Artibai...
Gizarte murrizketen aurka agertu da Bildu ere
Bizkako Foru Aldundiak gizarteratzeko laguntza berezia jasotzeko baldintzak gogortu izana kritikatu du Bilduk, eta erabakia "bertan behera uzteko eta 60/2011 Foru Dekretua berriro indarrean jartzeko" eskatu du. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntz...
Bilduk “botere absolutua” erabiltzea leporatu dio Bilboko udal gobernuari
Bilboko Bilduren udal taldearentzat, bi hitzetan laburbil daiteke Iñaki Azkunak gidatutako udal gobernuaren jardun politikoa agintaldiko lehenengo sei hilabeteetan: "Botere absolutua".
Koalizioko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak agerraldia egin zuen atzo goizean, Bizkaiko hiriburuko gobernu berria osatu zenetik urte erdi bete dela, denbora tarte horretan udal politikak izan duen bilakaera aztertzeko. Joan den urteko udan hasitako agintaldian Bilbon egin diren udalbatzen ezaugarri nagusia "arrabola" izan da, Ibaibarriagaren iritziz. Horrez gain, jeltzaleek Espainiako Diputatuen Kongresuan agertzen duten arrazoibidea eta Bilboko Udalean egiten duetna alderatu ditu. "EAJren ordezkariek gehiengo osoaren arriskuez ohartarazi diote Raxoiri behin eta berriz. Gehiengo absolutuaren eta botere absolutuaren marra oso fina dela azpimarratu diote, Bilboko kasua gertutik ezagutzen dutelako". Gogorarazi du hauteskundeetan Azkunak "18 urtez gorako lau bilbotarretik baten babesa soilik" jaso zuela. Hala, ordezkaritza politikoa banatzeko indarrean dagoen sistema kolokan jarri du Ibaibarriagak, "egungo hauteskunde sistemak" udalbatzan gehiengo osoa "eman" baitzion Azkunari, erroldaren %26,75en babesa jaso arren. Oposizioak aurkezten dituen proposamenak "behin eta berriro zokoratzea" leporatu dio Bilboko alkateari, baita "enmiendator" figura sortzeaz ere.
Hitz horrekin, ezkerreko koalizioko zinegotziak modu ironikoan salatu du udal gobernuak osoko bilkuretan izandako jarrera. Izan ere, oposizioaren proposamenak baztertu beharrean, testuei zuzenketak egin, eta ondoren onartu ditu Azkunaren gobernuak proiektu ugari azken hilabeteetan. "Interes handiko gaiei buruz EAJk duen jarrera estaltzeko" modua izan da, Ibaibarriagaren irudiko.
Mespretxua eta plan ezkutua
Bilduk salatu du udal gobernuak "ageriko mespretxuz" jokatzen duela oposizioarekin. Halaber, Ibaibarriagak adierazi du oraindik ez dakitela zein den Azkunaren gobernuak "agintaldi honetarako daukan plana". "Lehenengo momentutik, Azkunak bere etxea balitz bezala gobernatu du Bilbo". Koalizioaren ordezkariaren arabera, alkatetzak hiria kudeatzeko duen moduaren barnean "ez du lekurik Azkunak bezala pentsatzen ez duen inork, ezta bestelako hiri eredua nahi duten eta horren alde aritzen direnek ere". Urte erdi honetan Bilbon jazotako hiru gertakari dira, haren ustez, udal gobernuaren jarrera horren isla nagusiak.
Alde batetik, Errekaldeko Kukutza gaztetxea hustearen inguruan irailean alkateak izandako jokaera dago. "Bertan, Azkunak bultzatutako bortizkeriaren indarra gailendu zitzaion arrazoiaren indarrari; instituzioek baztertuta daukaten auzo baten ilusioari, hain zuzen". Bestetik, Basurtun irekiko zen meskitari baimena ukatzea aipatu du Ibaibarriagak. "Ordenari buruzko iritziaz baliatuta eta PPren babesarekin, Azkunak iragarri zuen berarena bezalako sinismen erlijiosoa ez duenak eskubide gutxiago izango zituela. Meskita baimenik gabe gelditu zen, non eta eliza katolikoz beterik dagoen hiri honetan". Azkenik, alkateak igandean ireki zuten dendei emandako babesa kritikatu du: "Ez du galdu aukerarik euren irabaziak soilik lehenesten dituztenak babesteko".
Hortaz, Bildurentzat "argi gelditu da" zein den Azkunak proposatzen duen hiri eredua: "Eskumakoa, autoritarioa eta parte hartzeari itxia". Ibaibarriagak esan duenez, Bilduk "aurre egingo dio" hiri eredu horri, "beste Bilbo bat lehenesten duten" eragileekin batera lan eginez.
Petronorrek erdira jaitsi du produkzioa
MUSKIZ. Petronor findegiak ia erdira murriztu du produkzioa urtarrilean, krisiak eraginda. Enpresak berak iragarri du orain arte egunean ekoizten zituen 220.000 upeletatik 100.000 ekoizteari utziko diola. Petronorrek ez du jakinarazi neurri horrek lan...
“Metal batzuen kontzentrazioa handia da gune batzuetan”
Ingurumena aztertzeko erabiltzen du kimika Ainara Gredilla kide den EHUko ikerketa taldeak. Credillok itsasadarreko sedimentuen eta uretako metal astunen kontzentrazioa aztertu du aurkeztu berri duen doktore tesian. Gainera, berrikuntza ugari ere ekarri du Credillok; izan ere, metodo tradizionalez gain, "berdeagoak" ere erabili ditu, kimiometrian oinarrituak.
Zein izan da, zehazki, zure ikerketaren helburua?
2008 eta 2011 bitartean Nerbioi-Ibaizabal itsasadarreko metalen kutsadura aztertu dut, bai uretan eta bai sedimentuetan. Nire tesiaren zuzendari Silvia Fernandezek egindako lanaren jarraipena izan da, hark antzeko ikerketa bat egin baitzuen 2005etik 2008ra. Tesiaren funtsa berbera izan da biontzat: metal astunen kontzentrazioa aztertu dugu, baina aplikazio ezberdinak erabili ditugu helburu hori lortzeko. Asmoa izan da kutsadura metalikoaren bilakaera neurtzea espazioan eta denboran; horretarako, hiru hilabetean behin hainbat lagin hartu ditugu itsasadarreko zortzi puntutan, hiru urtez; guztira 32 lagin, bai ibaiadar txikietan —Gobelan, Galindon, Cadaguan eta Asuan—, eta bai jario nagusian jasoak —Zazpikaleetan, Zorrotzan, Udondon eta Arriluzen—.
Horretarako, metodo aitzindari bat erabili duzu.
Egia esan, sedimentuen kasuan, bi metodo erabili behar izan ditut: bai tradizionala, bai alternatiboa. Lagin bakoitza betiko teknikarekin aztertu dugu —hau da, erauzketa erabiliz—, zehazteko zein den sedimentu horietako metal astunen kontzentrazioa. Dena den, teknika espestroskopikoak ere erabili ditut, izpi infragorriak eta X izpiak erabiliz. Bi metodo horien bidez jasotakoa bildu dut gero: metodo tradizionalekin zehazturiko metal astunen kontzentrazioa eta izpiek jasotako informazioa. Biak konparatuz, eta kimiometria aplikatuz, eredu matematiko batzuk zehaztu ditut, formula antzeko batzuk. Hamalau metalen kontzentrazioa aztertu dut, eta beste horrenbeste ekuazio osatu ditut, beraz.
Zertarako balioko dute formula horiek?
Lortutako eredu matematiko horiei esker, hurrengo laginketetan ez da beharrezkoa izango betiko metodoak erabiltzea hartutako sedimentuen metal kontzentrazioa jakiteko; izpien bidez jasotako informazioa aztertu, eta ekuazio matematiko horiek aplikatzea nahikoa izango da. Etorkizuneko ikerketetan baliagarria izango da itsasadarrean garatu dugun metodo berri hori.
Zein dira ohiko metodoen desabantailak?
Normalean erabiltzen ditugun analisi teknikak garestiagoak dira, eta elementu arriskutsuak erabili behar izaten dira; azidoak, adibidez. Izan ere, metodo tradizionalak aplikatzeko erauzketa egin behar da, hau da, sedimentuan dagoen eduki metalikoa egoera likidora pasatu, azken substantzia hori analizatu ahal izateko. Orain, izpien bidezko metodoei esker lortutako eredu matematikoen bidez, laginak jaso eta hamalau metal astunen kontzentrazioa jakin ahalko dugu zuzenean. Horrela, ez da azidorik erabili beharko, hondakin gutxiago sortuko ditugu, eta, gainera, laginak bere propietateei eutsiko die, beste analisi batzuetan erabili ahal izateko.
Itsasadarreko ura aztertzeko ere prozedura bera erabili duzu?
Ez, ikerkuntza eredu berri horiek sedimentuetarako bakarrik garatu ditugu, uraren kasuan matrize konplikatuagoa beharko litzatekeelako. Nire tesian, uraren kutsadura metalikoa ere aztertu dut, baina betiko metodoekin. Sedimentuekin egin dugun moduan, zortzi eremutan jaso ditugu laginak hiru hilabetean behin, itsasgoran eta itsasbeheran, sakonera handietan eta gainazalean.
Itsasadarra gero eta garbiago dagoela diote…
Nire ikerketa taldeak aztertzen eman dituen sei urteetan, kutsadura organikoa alde batera utzirik, ondorioztatu dugu gero eta txikiagoa dela metal astunenen kontzentrazioa. Hala ere, gune jakin batzuetan, metal batzuen kontzentrazioa berez izan behar lukeen baino handiagoa da. Inguruko geologia dela eta, uretan aluminio, kobre eta manganeso asko dago, eta sedimentuetan aluminio, magnesio eta burdina nahikotxo. Sedimentuak aztertuta, berezko balioetatik gora daude eremu batzuetan kadmioa, beruna eta zinka.
Eta zein izan daiteke gehiegizko kontzentrazio horien jatorria?
Historian, industria jarduera handia egon da Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren inguruan, eta nabariak dira jarduera horren ondorioak, sedimentuetan batez ere. Errepidetik ere ailega daitezke metal astunak uretara, euriaren eraginez; eta beste erreka txikiago batzuetatik ere bai.
Horrez gain, eremu batzuetan uretako metalen kontzentrazioa igo egin dela sumatu dugu. Hipotesi bat besterik ez da, baina uste dugu sedimentuen eta uraren arteko mugimendu biogeokimikoen eraginez izan daitekeela; inguruko baldintzen arabera, batetik bestera igaro daitezke metalak.
Zein ondorio izan ditzakete?
Bizidunek metatu egiten dituzte metal astunak, ez dituzte kanporatzen. Itsasadarreko organismoek, beraz, uraren bitartez substantzia horiek jaso, eta ehunetan pilatzen dituzte. Normalean, gaur egun ez ditugu itsasadarreko ostrak jaten, baina, halako animalia kutsatuak janez gero, gizakiarengan ere metatu daitezke metal horiek.
Euskaraz eta ingelesez kaleratu duzu tesia…
Tesiaren bi bertsio egin ditut: bata ingelesez, eta bestea ingelesez eta euskaraz. Gaur egun, zientzian dena argitaratzen da ingelesez, lana errazteko. Baina betidanik euskaraz ikasi dut, eta ahal zen neurrian gure hizkuntzan idatzi nahi nuen. Unibertsitatearen laguntza izan dut horretarako. Atal batzuk euskaraz idatzi ditut, eta horren itzulpena unibertsitateak berak finantzatu dit, baita aurkezpena euskaraz eta ingelesez egin ahal izateko interprete bat ere. Eskertzekoa da; izan ere, ingelesez eta gaztelaniaz egin ohi dira tesiak.
Jarraipenik izango al du zure lanak?
Orain doktoretza osteko beka bat lortu dugu ikerkuntzan espezializatzeko, eta, horri esker, ikertzen jarraitu ahalko dut. Gure asmoa da eratu ditugun eredu matematikoen sendotasuna aztertzea. Beste toki batzuetako sedimentuak hartu, eta lortutako formulak aplikatuko ditugu lagin horietan, kontzentrazio metalikoak zehazteko aplikagarritasuna frogatzeko. Printzipioz, Nerbioi- Ibaizabal itsasadarraren antzeko propietateak dituzten eremuetarako balio beharko lukete gure ereduek. Hori frogatzea izango da hurrengo pausoa: Portugalen, Frantzian, Brasilen, Mexikon, Espainian eta beste toki batzuetan hartutako laginak aztertuko ditugu.
Bizkaiak ez du igoko errentaren gaineko zerga
BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak ez du pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga igoko, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak iragarri duenez. Hain zuzen, baieztatu du ez dutela ezarriko Mariano Raxoik iragarritako neurri fiskal hori. Iragarri duenez, Batz...
Bi mende dituen baserri bat okupatu dute Uriosten
ORTUELLA. Bost gaztek baserri bat okupatu zuten joan den zapatuan, Ortuellan, Urioste auzoan. Jabeek salaketa jarri dute; haserre daude, eta azaldu dute etxeak bi mendeko lotura duela familiagaz. Baserria okupatu duten gazteek 82 urteko familia burua ...