Lur Maiteak salatu duenez, emaitza erabakita eskatu da lindanoari buruzko ikerketa

Lur Maitearen salaketari jarraikiz herriaren defendatzaileak AENAri eta Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerei erantzuteko, bi erakunde horiek erabaki dute beste ikerketa bat egitea Loiuko aireportuko pista baten buruan dagoen lindano biltegiaren egoerari buruz. 2006an egindako auditoria “osatzeko” eta biltegiaren “segurtasuna berriz berresteko” ere aginduko dute azterketa; hori esan zuten AENAk eta Jaurlaritzak martitzenean, Espainiako Herriaren Defendatzailearen ordezkariekin arazo horri buruz hitz egiteko aireportua bisitatu ostean.

Lur Maitea elkartearen ustez, “sumingarria da” han esandakoa. “Zelan iragar dezakete ikerketa bat eskatuko dutela, azterketa horren ondorioak zeintzuk izango diren iragartzen ari badira?”, salatu dute.

Txorierriko elkarteak jakinarazi du herriaren defendatzailearen bulegoak ere erantzun hori eman diola: “Modu ofizialean gutun bidez erantzungo digutela iragarri digute. Hala ere, haiek ere esan digute ezinezkoa dela ikerketa bat eskatzen duenaren aginduetara eskatzea. Are gutxiago diru publikoarekin”.

Lur Maiteak behin eta berriz esan duenez, “gezurra da arriskurik ez dagoela”. Haien ustez, horren erakusgarri da AENAren larrialdietarako planak jasotzen duena: “75. orrian, biltegi edo gelaxka hori egon badagoela onartzen du. Apurtzeko arriskua dagoela dio, eta, bero handiagaz, deskonposatu eta gas fosgenoa, gas klorhidrikoa eta dioxinak sortzeko arriskua dagoela ere bai”.

AENAk, Ingurumen Sailaren ordezkariek eta herriaren defendatzailearen ordezkariek bilera bat egin zuten martitzenean; han, lindano biltegia beste nonbaitera eramateko aukera aztertu zuten arren, azkenean baztertu egin zuten bide hori.

Bi konponbide

Lur Maitea elkarteak bi irtenbide ikusten dizkio arazoari. Planteatu duten lehenengo aukera da biltegia dagoen bezala utzi, aireportua itxi, bizilagunei kalte-ordainak eman eta orain dituzten etxeen antzekoak ematea beste nonbaiten.

Bigarren aukera da lindano hondakinak handik atera eta ordaina ematea bizilagunei orain arte eragindako kalteengatik. Hondakinak handik ateratzeko modu bat ere proposatu dute, gainera. Hain zuzen, gogorarazi dute Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusiko doktore batek baduela sistema bat hondakin horien eragina desaktibatzeko. “Sistema hori erabili zuten Flix enpresak Ebroren delta kutsatu zuenean”, adierazi dute elkarte ekologistakoek.