Guztira hamazazpi zikoina bikote ikus daitezke Bizkaian. Urduñan, zortzi daude. Foruan eta Zornotzan, bina; eta Durangon, Igorren, Mungian, Muruetan eta Plentzian bana.
Bizkaia
EAJ eta AI, Erraldeko administraziotik kanpo
DURANGO. Erraldeko administrazio kontseiluko azken batzarrean, Bilduren ordezkariek hiltegia berriz kapitalizatzearen alde egin zuten. Elorrio, Berriz eta Ispasterreko ordezkariek (EAJ) eta Abadiñoko Independenteek (AI), berriz, hiltegiaren likidazioaren aldeko jarrera agertu zuten. Hala, jeltzale eta independenteek administrazio kontseilua utzi dute.
TXISTUAREKIN, HISTORIARI GORAZARRE
Lopez Diaz III.a Bizkaiko Jaunak hiribildua sortu zueneko 725. urteurrena ospatzeko ekitaldietan murgilduta dabiltza Lanestosan. Hurrengoa biharko prestatu dute. Hain zuzen, udalak eta Piñaburu elkarteak txistularien alardea antolatu dute. 13:00ean hasiko da kontzertua, herriko plaza nagusian, eta Bizkai osoko 40 txistulari eta musikarik baino gehiagok parte hartuko dute. Musikariekin batera, Iñaki Lazkano tenore zallarra ere oholtza gainean egongo da. Dantzariak ere ez dira faltako. Izan ere, herriko dantza taldeak kontzertuaren bukaera aldera herriko dantza berezi bat dantzatuko du: lorez apaindutako uztai dantza.
Garaieratik datorren arazoa
Zikoinek toki garaietan egiten dituzte habiak, kanpandorre, teilatu eta zutoin puntetan, besteak beste. Hegazti horien bizitokiak 400 kilo arteko pisua eta metro eta erdiko diametroa izan dezake. Dimentsio horren ondorio dira eraikinak hondatzea eta gizakiarentzat arriskutsuak gerta daitezkeen hainbat egoera sortzea. Pertsonek ez ezik, zikoinek ere istripuak izaten dituzte. Adibidez, argindar zutoinetan geldituta behin baino gehiagotan elektrokutatu dira. Bada, horri guztiari aurre egiteko asmoz, Urduñan dauden habiak toki seguruago batera aldatzeko asmoa du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Urduñako lekualdatzea ez da izango Bizkaian egingo den aurreneko saiakera. Zornotzan ere ahalegindu dira aurreko urteetan. Durangaldeko herrian telefonia zutoin baten gainean egin zuten habia zikoinek, 2008an. Arrisku handia ekar zezakeenez, handik 150 metrora zegoen parke batean berriz jartzea erabaki zuten. 2010ean egindako aldaketak arrakasta izan zuen, hurrengo urtean habi berrira joan baitziren.
Urduñako aldaketarekin, berriz, ez zen gauza bera gertatu. Iaz ikastola baten ondoan zeuden bi habia ordezkatu zituzten, oinezkoentzat arriskutsuak zirela argudiatuta. Handik 170 metrora dagoen erlijio kongregaziora eraman zituzten, baina arrakastarik gabe, ez baitziren hara egokitu. "Batzuetan habiak garraiatzea ez da irtenbiderik egokiena. Horregatik, zenbaitetan lekuz aldatzea baino eraginkorragoa da habia kentzea eta hurrengo urtean zikoinek zer egiten duten ikustea". Hitzok Jon Hidalgo Lurgaia fundazioko kidearenak dira — lehen Urdaibai fundazioa zenekoarenak—. Aurten, nolanahi ere, Urduñan egingo duten bigarren saioan, habietako bat lekualdatu egingo dute berriro ere.
Goranzko joera
Nahiz eta zikoinak ikusteak askori ilusioa egin, ez dira asko inguruko herrietan dauden bikoteak. Hala ere, azken urteetan hegazti horien kopuruak gora egin du nabarmen. 1989an, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hiru bikote baino ez zeuden; 2004an, ordea, 37 ziren. Bizkaiari dagokionez, hamazazpi bikotek egiten dute bisita udaberriro: Durango, Forua, Igorre, Mungia, Murueta, Plentzia, Urduña eta Zornotzako herritarren begiak dira horren lekuko zuzenak.
Hazkunde horretan berebiziko lana egin du Lurgaia fundazioak. Hidalgok esan duenez, fundazioaren helburua Urdaibai aldean zikoina zurien kopurua haztea zen. Hasieran zailtasunak izan arren, orain da lan horren emaitza ikusteko unea. "Hegaztiak ugaritzea zen gure xedea. Hasieran, Urduñan eta Durangon bakarrik zeuden. Egun, gero eta zikoina gehiago daude Bizkaian zein Kantabrian (Espainia)", azaldu du.
Fundazioaren ugalketa proiektua bukatuta dago. Orain, erakundeei dagokie hegaztiei kontrol lana egitea. "Gure egitasmoa amaituta dago. Foruan kaiola erraldoietan urtebetez izan genituen zikoinak hemengo girora egokitzen". Epea igarota, askatu egin zituzten haien jokaera zein zen ikusteko. Herriko baldintzetara ohitu, eta bertan egin dute habia ondorengo urtean.
Habia leku seguru batera mugitzea bezain garrantzitsua da sasoi eta modu egokian egitea aldaketa. Horregatik, kumeek sei aste inguru dituztenean egiten da, ekain aldera. Era berean, hegaztiak ahalik eta gutxien mugitzea komeni da. "Bizitoki zaharra dagoen inguruan jarri behar da bizitoki berria. Asko urruntzen bada, lekualdaketak ez du arrakastarik izango", azaldu du Hidalgok.
Aurrena, habia berria eraiki behar dute arduradunek. Bizitokia zortzi eta hamar metro arteko garaiera duen zutoin baten gainean kokatuta egongo da. "Zikoinek oso toki garaietan egiten dute habia, altuerak segurtasuna ematen dielako. Bizileku berria ere antzeko baldintzetan eraiki behar da, bertan ugalduko badira", argitu du.
Behin lekua erabakita eta makila jarrita, puntan metro bateko diametroa duen metalezko plataforma lau bat jarri ohi dute. Gurutzatutako makilak gainean ipini, eta goroldio, lasto edo lurrarekin atontzen da habiaren beheko aldea. Gerora, zikoinek eurek egokitu ohi dute beren erara. Hegaztiak tokiz aldatzeko garaian ezinbestekoa da kumeek gurasoak begi bistan izatea, bestela elkar ez ezagutzeko arriskua baitago. Era berean, bizitoki zaharra alboratzea ere komenigarria izaten da. Izan ere, zikoinen joera izaten da urtero-urtero habia toki berean jartzea.
Hainbat belaunalditako zizelkarien erakusleihoa
Roscubas anaiak 1953. urtean jaio ziren. Egoitz Iñurrieta, berriz, 1982an. Hirurek egindako lanak ikusgai dira Zugaztietako eskultura parkean. Izan ere, Meatzaldea Goikoa Euskal Herriko zizelkari gazte eta ez hain gazteen erakusleiho izatea nahi dute. Roscubas bikien belaunaldiko euskal eskultoreen artean, Jose Antonio Legorburuk (Zarautz, 1952) eta Victor Arrizabalagak (Mañaria, 1957) dute euren lanetako bat ikusgai bertan.
Lehenengoari dagokionez, Lurraren tximiniak eskulturaren bitartez Zugaztietako meatzari iragana azaleratu nahi izan du. Bigarrenak, berriz, Lolita izeneko lana ezarri du parkea inguratzen duten urmaeletako baten ertzean: burdinazko emakume bat da, belardian etzanda dagoena eta paisaiarekin batera hainbat margolanetan irudikatzen diren musak gogora ekartzen dituena.
Artista gazteen artean, Luis Fernandez (1981) eta Jasone Irigoien (1977) gipuzkoarrak nabarmentzen dira. Fernandezek erreketako harrien higadura itxuratu du Eserleku hutsa lanean. Ostera, Irigoienek Sustraiak eskulturaren bidez Zugaztietako meatzari jatorria irudikatu du: harkaitzetatik azaleratzen diren altzairuzko espiralek osatzen dute artelana.
Bi belaunaldi horien artean dauden artistek ere lekua dute Meatzaldea Goikoa parke honetan: Juanjo Novella (Portugalete, 1961), Txemi Novoa (Bilbo, 1971) eta German de los Riosen (Bilbo, 1974) sorkuntzak dira horren adierazpenik argiena.
Urte osorako aterpetxe eskaera etxe bakoentzat
BILBO. Beste Bi elkarteak salatu du Bilboko Udalak etxerik bakoentzako aterpetxea itxi eta neguko plana bukatutzat eman izana. Iñigo Galla elkarteko kidearen esanetan, "negua bukatu arren egunotako eguraldia ez da kalean egotekoa". Plataformak, neguko aterpetxea barik, urte osoan zabalik egongo dena nahi du.
Ibilian, ondarea ezagutu
Zazpigarren urtez Zeanuriko erroten ibilaldia antolatu dute Ipizki taldeak eta Joko Alai elkarteak. Igande goizean egingo da, bada, mendia eta ondarearen ezagutza uztartzen dituen paseoa. Aurtengo ibilbidea iazko berbera izango dela azaldu dute antola...
1.200. Internetez egin diren aitorpenak.
Kanpaina hasi aurretik 1.200 aitorpen jaso ditu ogasunak internetez. Oraindik badago bide hori erabiltzeko aukera.