Bizkaia

Herriko liburuak denon eskura

Liburuak denon ondarea direlako. Liburuetako jakituria, historia, istorioak, abenturak, informazioa... denonak eta denontzat direlako. Ideia hori buruan hartuta jarri du Markina-Xemeingo herri liburutegiak Astindu etxeko liburuak proiektua martxan. He...

2

Etxe kaleratzeen funtsa osatzeko eskatutako milioiak. Gutxienez bi milioi euroko funts bat sortzea gura du PSE-EEk, hipoteka ordaindu ezin izanik etxetik kaleratzen dituztenei laguntzeko. Ez-arauzko proposamena aurkeztu dute.

‘Bizibeteak’

Askotan komunikabideetan antzekoak agertu izanagatik, biziki hunkitu ninduen orain hiru aste inguru Connecticut-en gertatutako sarraskiak. AEBetara heldu berritan izan zen, eta bidaian bertan irakurritako hainbat albisterekin batera korapilatu zitzaidan sabelean berria. "Bertze sarraski bat eskolan", zioen egunkari honetako albiste-buruak. Hogei ume inguru tirokatuta, bospasei irakaslerekin batera. Heriotza goiztiarrak denak; eta haurrenak zer esanik ez.

Lagun baten laguna ere hil zen orain hilabete luze, gaitzen batek jota, 32 urte inguru zituela. Doluminak eman nizkion lagunari, eta zer pentsatu handia eman zidaten bere hitzek: "Inon ez dugu sinatu bizitzak 70 urte iraun behar duenik". Eta egia da.

Eta ez da bizitza bat luzeagoa izate hutsagatik aberatsagoa, beteagoa. Badaude 80 urteko bizitza hutsak eta badaude 20 urteko bizitza beteak; lurbira honetan hartutako jarrerak ematen dio balioa geure mundualdiari.

Otu zait hiru pilaretan eusten dela jarrera hori: ametsetan, arriskuetan eta hautuetan. Continuum bat osatzen dute, eta komunean dute galbanari eta beldurrari aurre egiteko beharra. Lehengoek indarra ematen digute aurrera egiteko; zentzua ematen diote egunerokotasunari zelanbait, zergati bat egiten eta egiten ez ditugun horiei. Inozoa izan badaiteke ere, azenarioa jarraitzen duen astoaren irudia bezala, bultzada bat dira ametsak. Eta badira, halere, ametsik, ilusiorik, pasiorik bako pertsonak.

Arriskuek, balizko bigarren zedarriak, oztopa gaitzakete, baina horregatik dira erronka; baita probokazio ere. "Bizitza bakarra dago!", egiten dute garrasi ausartegiek. "Te-te, bizitza bakarra dago…", esango du, ordea, arduratsuegiak. Oreka da giltza hemen (ere), eta gure jokabideak itxuratuko du ibiliko dugun bidea.

Azkenik hautuak ditugu, erabakiak. Bai ala ez; barru edo kanpo. Eta ausardia behar da bizitzan leku zehatz bat aldarrikatzeko: elkarte batean sartzeko, alderdi politiko batekin elkarlanean aritzeko, fededuna izateko… Talde bateko kide izatea onartzean nork bere banakotasuna murrizten du.

Eta ba al dago norbere askatasuna ematea baino portaera eskuzabalagorik? Denontzat onuragarria izan daitekeen zerbaitengatik ni-a gu bihurtzea baino jokaera eskertzekoagorik?

Jamie Brown Heguy 19 urteko euskal-amerikarra zendu da arestian, eta, bertako euskal komunitatean diotenez, lan handia egiten zuen boluntario gisa euskal kultura lurrotan zabaltzearren.

Gertaera tristea, baina gaztea izanagatik bizitza eskuzabaltasunez zukutu zuen. Urteek zimurrak dakartzate, ez balio handiagoa. Arriskuak egonagatik amestu gura izateak eta, gerora, hautatzeak dakar baliotasuna.

Doazela hitzok horrela dihardutenen omenez.

BASAKATUAK BIZIRIK DIRAU BIZKAIAN

Basakatuen espeziea es da desagertu Bizkaian. Hala erakusten du Artzentalesen duela bi aste aurkitu zuten animaliak —irudian—. Katuak zauriak zituela eta, Gorlizera eraman zuten, foru aldundiak fauna basatia sendatzeko duen zentrora. Eta bertan jarraituko du erabat suspertu arte. Ostean, Artzentalesera itzuliko dute. Aurreko gorputz adarretako bat hautsia du. Orain arte, espezie gurutzatuak aurkitu dituzte; azken hori, ordea, arraza garbikoa da.

DISKO FESTA, OIHAN VEGAREN ESKUTIK

Oihan Vega DJ bergararra bertatik bertara, zuzenean ikusteko aukera izango da gaur, Bermeoko Kafe Antzokian. Aurreko egunetan, beste hainbat herritatik ibili da. 18:00etan hasi eta 21:00etara bitartean, bere disko festa berezia martxan jarriko du, dan...

Zorroztarrie bloga martxan jarri dute Arratiako gazteek

Arratia eskualdean eta inguruan egiten diren hitzaldi, batzar, jai eta ekitaldien berri emateko, Zorroztarrie bloga sortu dute Arratiako gazteek. "Arratiako gazteon artean komunikazio falta zegoela sumatu genuen", azaldu du Irati Urien Zorroztarrieren sortzaile taldeko kideak. Hori izan zen bloga abian jartzeko arrazoi nagusia. Gazteen "pasibotasuna" ikusten zutenez, sarera saltoa eman eta eskualdeko gazteentzako komunikazio leiho bat sortzea erabaki zuten. Hartara, jendeak gehiago erabiliko lukeela eta erantzun ona izango zuela pentsatu zuten sortzaileek: "Denon artean gauzak sortzeko, gazteok inoiz baino batuago egon behar baitugu".

"Zorroztarrie, Arratieko gazteon komunikaziño lastatie" irakur daiteke blogean sartzean. Antzinako erremintak zorrozteko erabiltzen zen harria da zorroztarria, zorroztarrie Arratiako euskalkian esanda. Lastatie-k, berriz, txoko edo leiho esanahia du, lastoa uzten zen lekua, "kortaren modukoa". "Guk ez ditugu berba horiek erabiltzen", argitu du Urienek. "Zorroztarria lastategian egoten zen, eta hitz polita iruditzen zaigu. Ez da helburu handietako bat, baina blogean erabiliko ditugun hitz batzuk ahaztuta dauzkagu edo ez ditugu erabiltzen, eta hor daudela jakiteko ere balioko du, neurri batean".

Kontrainformazioa landuko dute eskualdeko gazteek Zorroztarrien. "Oraingoz, bi lagun baino ez gabiltza idazten, baina ikusten dugunean erantzun ona dagoela eta jendeak parte hartzeko gogoa duela, arazo barik utziko genioke nahi duenari blogean sortzen". Aukera hori aurrerago aztertuko dutela jakinarazi du Urienek.

Bloga hainbat ataletan dago banatuta. Zorroztarrien sartu, eta Hasiera atalak ematen du ongietorria. Bertan, gaur-gaurko gaiak argitaratzen dituzte. Egutegia-k, berriz, datozen egun eta hiletan egongo diren ekitaldien berri ematen du. Gazte Zukgua prozesu eratzaileari buruzko atala ere badago; izan ere, Arratian ere taldea daukate. Bideoentzat eta argazkientzat ere txoko bat du blogak; apurka-apurka argitaratuz eta atal hori betez joango dira.

Azkenik, Ala porai! atala dago, nahi duenak bertan idatz dezan, Arratiakoa izan zein ez izan; proposamenak, komentarioak, blogaren ingurukoak zein beste edozein gairi buruzkoak idazteko modua izango du interesa duenak. Zorroztarrieko eskumako zutabean, gazteentzako webguneen loturak daude: Arratiako gaztetxeak, Gazte Danbada eta Topatu.info, besteak beste.

Bloga jendarteratuz

Ia hilabete darama martxan blogak. Baina Zorroztarrierekin hasi baino lehen, azaroan bloga sustatzeko bideo bat grabatu zuten eskualde osoko gazteek. "Pentsatu genuen bat-batean blogarekin hasiz gero jendea ez zela behar bezala enteratuko. Hartara, Zorroztarrieren berri emateko bideoa egin genuen, eta erantzun ona izan zuen zinez", azaldu du Urienek. Gazteak kontatu du jendeari asko gustatu zitzaiola eta oraindik ere entzuten dela horren inguruko txantxaren bat. Bideoa sortu eta hilabetera jarri zuten bloga abian: "Askok galdetzen ziguten ea eginda al zegoen eta noizko egongo zen prest. Zorroztarrie ezagutzeko gogoa zuen jendeak".

Erantzun ona espero dute sortzaileek. Hala ere, Urienek onartu du ez dela erraz izango: "Horrelako gauzetan, Arratian ez dago behar besteko mugimendurik. Horregatik, indar handia egin beharko zaio, bloga aurrera atera dadin. Seguru nago oraindik batzuek ez dakitela dagoenik ere, baina jendearentzat erabilgarri eginez, Zorroztarrie hedatzea lortuko dugu".

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

zorroztarrie.blogspot.com

Bizkaiko eremuan, atzerritar

Trebiñu administratiboki Burgosko (Espainia) herria izan arren bertako herritar gehienek Euskal Herriko, Arabako herri bihurtu nahi dutela ez dakienik ez da egongo. Bizkaian bertan, ordea, bada askorentzat ezezaguna den antzeko kasu bat. Enkarterri eskualdean dagoen herri txiki bat da. Karrantza, Artzentales eta Turtzioz ditu mugakide. Administratiboki, ordea, Kantabriaren (Espainia) menpe dago. Laurehun biztanle ere ez ditu, eta hogei kilometro koadroko eremua: Villaverde Turtzioz da herri hori.

Aspaldi, bertako herritarrek herria Bizkaian sartzeko saioa eta prozesua abiatu zituzten. Udalak bera ere esku hartu zuen, eta 1986an, osoko bilkura batean, oniritzia eman zioten anexioa eskatzen zuen mozioari. Espainiako Gobernuak, ordea —PSOE zegoen garai hartan agintean— atzera bota zuen Villaverde Turtziozko herritarren erabakia, eta gaur egunera arte ez da era horretako bestelako saiorik izan.

"Gaur egun, herrian ez dago enklabeari buruzko eztabaidarik", azaldu du Jose Ignacio Agirre bertako Tejea kultur elkarteko kideak. "Denbora luzea daramate gauzek lasai. Jendeak onartuta dauka afera politikoa dela hori eta Kantabriako politikariek ez dutela onartuko lurraldez aldatzea", iritzi dio.

Eliza ere, bizkaitarra

Bizimodua, baina, Enkarterriko beste edozein herritarren antzera egiten dute Villaverde Turtziozen. "Oinarrizko zerbitzuak Enkarterriko beste herri baten antzera gauzatzen ditugu: eskolatzea, osasun arloa eta bizimodu soziala zein kulturala".

Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu publikoak baliatzen dituzte hainbat alorretan. Kontuan hartu behar da Santandertik (Kantabria, Espainia) 79 kilometrora daudela. Elizari dagokionez ere, Bilboko Elizbarrutiko parte da herriko parrokia.

Umeek, beraz, euskara ikasten dute eskolan. "Duela zenbait urteko ez dakit zer-nolako gorabehera politikoak tarteko, herriko eskola publikoa kendu zuten. Ordutik, ume gehienak Turtziozko eskola publikoetara eramaten dituzte; gainerakoak Zallako eskola pribatuetara joaten dira. Bizkaiko eskoletan ari dira ume guztiak txiki-txikitatik", azaldu du Agirrek. Eskola sasoia amaituta, "Balmasedako edo Bilbo inguruko institutuetan" hasten direla gehitu du.

Zabor bilketa eta autobus zerbitzua ere foru aldundiak ematen dizkie. "Ez dago Kantabriako autobus linearik Villaverden. Bizkaibus lineak dira guztiak. Zaborrei dagokienez, Enkarterriko mankomunitatearekin funtzionatzen dugu".

Gazteak dira euskal herritar sentimenduari eta Bizkaiko herri bihurtzeko nahi horri eusten diotenak. "Gazteen artean, bai, zalantzarik gabe, nagusi da sentimendu hori. Kontuan hartu behar da txiki-txikitatik bizimodua Enkarterrin egiten dutela eta harremanak eremu horrekin dituztela. Oso gazte gutxik izango dute Kantabriarekiko lotura sentimendua. Onartu egiten dute Kantabriaren menpeko herri batean bizi direla; pentsamendu, kirol, harreman eta bestelakoei dagokienez, ordea, Euskal Herriarekiko gertutasun sentimendua dute", ondorioztatu du.

PRCko (Partido Regionalista de Cantabria) alkatea daukate gaur egun udalean, "Miguel Angel Revillaren jarraitzaileak", Tejea elkarteko kidearen esanetan. "Revillak, herritar on legez, asko hobetu zituen Villaverde Turtziozko azpiegiturak, bizimodua... Kantabriako gobernuan egin zituen urteetan", esan du. Horrek bertako herritarrak lasai mantendu dituela deritzo, 1980ko hamarkadan piztu zen prozesua berriz abiatzeko beharrik gabe.

Desanexio prozesua

Ricardo Sanz Cebrian aritu zen Villaverde Turtzioz Bizkaira anexionatzeko prozesuko abokatu gisa. 1986ko irailean idatzi zuen hark udalak gehiengo osoz onartuko zuen mozioa. "1995eko abenduaren 29ko epai baten bitartez, udalak integraziorako egindako akordioa onartu zuen [Espainiako] Auzitegi Gorenak".

Espainiako Gobernuari erreferenduma egiteko eskaera egin ziotenean, ordea, ukoa etorri zen. "Ministroen Kontseiluak atzera bota zuen baimen hori. Eta [Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere bat egin zuen horrekin".

Villaverde Turtziozko herritarren artean, 1986 eta 1991 bitartean "ilusio sentimendua" nagusi zela gogorarazi du abokatuak. "Bertako gazte asko euskara ikasten ari ziren, eta bizilagunek, gainera, Kantabriaren aldetik utzita zeudela antzematen zuten". Sanz kritikoa da: "Beti pentsatu izan dut era horretako enklabeak anakronismo hutsa direla. Enklabeon egoera administratiboak zaildu egiten du zerbitzu publikoen kudeaketa. Dena den, uste dut integraziorako prozesu batean kontuan hartu behar den oinarrizko faktorea herritarren, kasu honetan, Villaverde Turtziozko herritarren borondatearekiko errespetua dela".

Bestalde, ez du uste luze gabe herritarren artean berriz ere Bizkaian integratzeko nahia piztuko denik. "Are gutxiago dugun krisi sakonean", esan du. Krisi garai horretan "primun vivere, deinde filosofare (lehendabizi bizi, ostean filosofatu) latinezko adierazpenak indar berezia" hartzen duela deritzo, gainera. Legeari dagokionez, egoera ez da aldatu. "Ministroen Kontseiluaren arabera, integrazio prozesuaren aurretik Kantabriak berak Villaverde Turtzioz bere lurretatik bereizteko prozedura onartu behar du. Eta autonomia estatutuak ez du aurreikusten horrelakorik".

Villaverde Turtziozera doanak planteatu ere ez du egiten, Jose Ignacio Agirreren esanetan, Euskal Herrian edo Kantabrian dagoen. "Egunerokoan, Enkarterriko beste edozein herriren antzekoa da. Lurralde hesi bat daukagu, baina ez dugu inongo desberdintasunik gure eskualde naturaleko beste edozein herritarrekin alderatuta".

Felipe Gonzalezen arbasoak, Villaverde Turtziozkoak

Herri txikia izanik, bitxikeriaren bat edo beste gordetzen du haren historiak. XIX. mendeko bigarren erdi aldera, hainbat etorkinek jo zuten Bizkaira lan bila, meatzaritza eta industria puri-purian zeuden garaietan. Tartean, Pio Gonzalez zegoen, Leong...