San Antonen bedeinkazioa hartuko dute abereek

Gabonak igarota, kultur agendak hustu egin dira nabarmen. Hala ere, badaude oraindik zenbait ospakizun. Datorren eguenean, hilak 17, San Anton eguna da: baserritarren eta animalien babeslearen eguna. Urkiolan eta Bilbon, esaterako, abereak bedeinkatzeko tradizioari eutsiko diote beste urte batez. Dozenaka fededunek joko dute Urkiolako santutegiaren ateetara. Bertan, animaliak bedeinkatzeko ekitaldiaren ostean, opilak ere eskuratuko dituzte. Opil horiek lana, dirua eta osasuna ekarriko duen urtearen seinale izango dira. Gaur egun, ganaduaren ordez, katuak eta txakurrak bedeinkatzen dira bereziki.

Animaliez gain, beraz, ogia eta barazkiak ere bedeinkatuko dituzte. Meza nagusia 12:00etan egingo dute, baina 13:00etan eta 18:00etan ere izango dira beste bi.

Bilbon, bestalde, antzeko irudiak ikusteko aukera izango da egun horretan bertan. San Antonen elizan elkartuko dira euren animaliek santuaren bedeinkapena hartzea nahi duten hainbat eta hainbat herritar. Bezperen orduan egingo dute, 17:00etan. Txakurrak izan ohi dira gehien ikusten diren animaliak, baina besterik ere ageri ohi da. Iaz, esaterako, txerri beltz bat eraman zuten Txarriduna elkartekoek, bedeinkazioa jasotzera.