Hondakin urak tratatzea ezinbestekoa da ibai eta erreketara ur garbia isurtzeko. Kutsatzaile organiko zein inorganikoen deuseztapen hori araztegietan egin ohi da, prozesu fisiko-kimiko baten bidez; baina bada garbiagoa edo ekologikoagoa den modurik er...
Bizkaia
Ondarroako aurrekontua, milioi eurotan.
Ondarroako Udalak 9,5 milioi euroko aurrekontua dauka. 1,2 milioi azpiegituretarako izango dira. Besteak beste, Iperkale urbanizatuko dute. "Obren helburua zerbitzuak herritarrei gerturatzea da", esan du Argia Ituarte alkateak.
Bakioko azpiegiturak auzitan
Nahasita dago giroa Bakion. Txakolingunearen irekierak eztabaida piztu du herrian. Txakolingunea bezalako proiektuak herritarrek dituzten beharrizanen gainetik jartzen dituztela salatu dute askok. Horren erakusle da azken asteetan herrian zabaldu den leloa: Kiroldegi publikoa Txakolindegiaren truke. Bestalde, txakolinaren museoa izan behar duenak ere ez du Bakioko txakolingile garrantzitsuenen babesik jaso.
2011ko irailaren 30etik itxita dago herriko kiroldegia. Mantentze baliabide faltagatik itxi zuten. Hala argudiatu zuen Bakioko Udalak hartutako erabakia orduan. Baina berriz zabaltzeko asmoa dute orain, eta kudeatzaile izateko lehiaketa publikoa ireki zuen udalak horretarako. Enpresa bakarrak aurkeztu zuen proiektua lehiaketara: Guedanek. Hortaz, horri ematea adosteko ohiz kanpoko osoko bilkurara deitu zuen martxoaren 13rako. Oposizioak salatu du itxi aurretik ere enpresa horren ardura zela kiroldegia kudeatzea.
Hainbat herritar, ordea, ez daude ados udalak hartutako erabakiarekin. Kiroldegiaren kudeaketa enpresa pribatuaren esku uzteak horren erabileraren inguruko baldintzak aldatzea ekarriko duelako. Adierazi dute goizez kirol prestakuntzarako zentro bat irekitzea dela kiroldegia kudeatuko duen enpresaren lehentasuna. Eta, hortaz, ohiko kiroldegia erabiltzaile arruntena izan ohi den hori beste zerbait izango da aurrerantzean. Arratsaldez soilik erabili ahal izango dute herritarrek, eta erabiltzeko urtean ordaindu beharreko kuota "oso garestia" izango dela diote.
Guedan enpresak egindako kudeaketa proposamenean, 401,5 euro ordaindu behar izango du batez beste herritar bakoitzak urteko. Adingabeek eta helduek kuota merkeagoa izango lukete: 16 urtetik beherakoek, 198 euro; 65 urtetik gorakoek, berriz, 269 euro. Kopuruak herritarrak asaldatu ditu. "Pentsatu lau pertsonako familia batean zer-nolako gastua ekarriko duen. Izugarria da urtean 1.600 euro ordaindu behar izatea kiroldegira joan ahal izateko. Eta, gainera, arratsaldez joateko aukera dago soilik", adierazi du Amets Jauregizar EH Bilduko Bakioko zinegotziak.
EH Bilduk ez du udalak hartutako erabakiarekin bat egin. Eta beharrezkoa ikusten du herritarren artean kiroldegiaren proiektuaren inguruko iritzia jasotzeko parte hartze prozesua abiatzea: "Argi dugu enpresak aurkeztutako proiektu horrek goitik behera aldatzen dituela kiroldegiaren baldintzak".
Kiroldegia eta Txakolingunea
Kiroldegiaren tirabirak Txakolingunearekiko mesfidantza zabaldu du herrian. "Nola da posible udalak dirurik ez dagoela esatea kiroldegirako, eta, gerora, dirutza ematea horrelako museoa zabaltzeko?". Ez daude Txakolingunearen proiektuaren aurka. Baina horren eraikuntzan udalak erabilitako prozedura salatu dute. Argi diote herritarren beharrei erantzutea izan beharko litzatekeela udalaren lehentasuna eta ez Txakolingunea irekitzea.
Salaketa gisa, San Jose jaietako ospakizunetan kirolariz mozorrotuta atera zen kalera herritar talde bat. Eta Txakolingunearen irekiera egunean ere, txistuka hartu zituzten agintariak. Bakioko alkateak, ordea, Txakolingunea eta kiroldegia ez direla nahastu behar adierazi zuen: "Proiektu ezberdinak dira, eta ez dute elkarrekin zer ikusirik. Hortaz, ez dira elkar lotu behar".
Hainbat herritar ez ezik, txakolingile batzuk ere haserre daude. Bakioko lau ekoizlek salatu dute txakolina bestelako helburu batzuetarako erabiltzen ari direla Txakolingunearekin. Eta herrian dagoen egoerarekin horrelako proiektua martxan jartzea ez zaie egokia iruditzen. "Bakioko txakolina historia da, kultura da, eta, batzuentzat, ogibidea", ohartarazi zuten inaugurazio egunean. Txakolingunean hori guztia ez dutela kontuan hartu uste dute: "Arduradunei hausnarketa sakona egiteko eskatzen dizuegu". Txakolinaren museoak bada, ez du herriko hiru txakolingileren babesa lortu. Ados Txakolina, Doniene Gorrondona Txakolina eta Zabala Txakolina upategiak izan dira adierazpena sinatu dutenak.
Besterik ere agertu da haserre Txakolingunearen auzian. Elena Perez eta Elena Castaño interpretazio zentroan dauden hainbat piezaren egileak dira. Ikusgai daude museoan. Baina oraindik ez dute lan hori egiteagatik kobratu: "Ez digute gure lanengatik ordaindu, hortaz, gureak dira oraindik. Erakusgai egoteak jabego intelektualaren eskubidearen urraketa egitea da", salatu du Pereak.
Ordaindu bitartean lanak Txakolingunetik kentzeko eskaria egin diote alkateari. Baina ez dituzte kendu. "Udalak proiektu osoa ordaindua du, legez", adierazi zuen Apraiz alkateak. Udalak aldi baterako enpresa talde bati eman zion Txakolingunea eraikitzeko obra, eta baita horrek sortutako kostuak ordaindu ere. Enpresa talde horrek dauka zorra museoan ikusgai dauden piezak egin dituzten bi sortzaileekin. Hori horrela, egoera hori enpresa barruko gatazken ondorio dela ohartarazi du alkateak. "Horretan udalak ezer gutxi egin dezake". Euren artean konpondu beharrekoa dela iruditzen zaio.
POLTSA BETE HEZURREZ IRITSI DA EUROPE
Europe talde suediarrak Bag of Bones azken lana aurkeztuko du gaur, Bilboko Santana 27 aretoan. 19:00etan zabalduko dituzte ateak. Ordubete geroago, Space Octopus taldeak berotuko du giroa. Ostean iritsiko da Stockholmgo talde mitikoaren ikuskizuna. H...
Durangotik Gasteizerako autobus eredua aldatzeko eskatu du Bilduk
Durango eta Gasteiz lotzen dituen autobus zerbitzuak kexa ugari sortu ditu erabiltzaileen artean. Arabako Foru Aldundiak garraio linearen adjudikazioa berritzeko aurreproiektua onartu zuen joan den hilean. EH Bilduk salatu duenez, baina, aurrekoaren eredu berberari eusten dio. Hori dela eta, Mañaria, Izurtza eta Otxandioko alkateek iragarri dute euren udalek alegazioak aurkeztuko dituztela.
Autobus linea horren kudeaketa Arabako Foru Aldundiaren esku dagoela gogorarazi dute hirurek. Zerbitzua "arrisku eta mentura" ereduan adjudikatuta zegoela azaldu dute. "Hau da, foru aldundiak ez dio inolako laguntza ekonomikorik ematen linea horri, eta oso gutxieneko baldintzak eska ditzake soilik", azaldu dute.
Era horretako adjudikazioak erabiltzaileen artean kexa eta salaketa ugari sortu arren, adjudikazioa berritzeko aurreproiektuak kudeaketa eredu berari eusten dio, eta hori dela eta, harrituta azaldu dira koalizioko ordezkariak. Bertako herrietako "mugitzeko premiak enpresa pribatu baten errentagarritasun irizpideen eskuetan" uzten dela salatu dute.
Horiek horrela, alegazioak aurkeztuko dizkiote aurreproiektuari. Besteak beste, kontratuaren eredua kontratu programara aldatzeko eskatu dute, eta baita beharrezko autobus maiztasuna bermatzea ere, besteak beste. Jakitun dira Bizkaiko udalen ordezkari izanik bide laburra duela euren eskaerak. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza eskatu diote. Erabiltzaile, kaltetu zein herritarrei ere apirilaren 10a baino lehen alegazioak aurkezteko deia egin diete.
“Makiak ez ziren Bizkaian errotu, ez zutelako ez EAJren babesik ez gordelekurik”
Gerediaga elkarteko kidea da Jon Irazabal (Iurreta, 1960). Urtero bezala, Durangoko bonbardaketaren urtemugaren harira hainbat ekintza egiten ari dira aste honetan. Etzidamu beteko dira 77 urte. Aurten, makiak dira antolatutako ekintzen ardatza. Borrokalari haiek oroitzea "beharrezkoa" iruditzen zaio Irazabali. Astelehenean izango da ekitaldi nagusia, 20:00etan hasita, Andra Mari plazan.
Nortzuk izan ziren makiak?
Francoren armada gailendu ahala, mendian borrokan jarraitu zuten hainbat milizianok, eta, guda bukatuta ere, mantendu egin ziren. Hasieran, ihes egindakoak edo mendietakoak deitzen zieten. Errepublikazale ugarik jo zuten erbestera, eta, II. Mundu Gerran, Frantziakoekin batera aritu ziren Alemaniaren aurka. Gerrillari horiek maqquia izenez ezagutzen ziren. Korsikarra da hitza, eta sastrakak nagusi diren mendiak izendatzeko erabiltzen dute. Hango gerra bukatu ondoren, Espainiara itzuli zen gerrillari asko, eta Francoren aurka borrokatu ziren. Horregatik jaso zuten izen hori hemen ere.
Zergatik erabaki duzue makien gaia lantzea?
Datorren apirilaren 1ean, 75 urte beteko dira Francok gerra bukatu zela iragarri zuenetik. Baina, artean, borrokak bizirik iraun zuen hainbat frontetan. Borroka horretan mantendu ziren gizon eta emakumeei oroimena egitea pentsatu genuen. Eta horiei eskainiko diegu martxoaren 31ko oroimen eguna.
Bizkaian, zein eskualdetan izan zuten eragina makiek?
Santander, Asturias eta Galizia inguruan zeuzkaten borroka guneetarako pasabide bat izan zen Bizkaia. 1944an, Euskal Herrian mugimendu armatua piztea erabaki eta berrogei kideko maki talde bat antolatu zuten. Azaroaren 18 eta 19an, Hondarribitik hamar bat gizon eta emakume sartu ziren Hegoaldera. Baina, muga zeharkatzean, kargagailu bat galdu zuen taldeko kideetariko batek, eta mugako patruila batek aurkitu. Ondorioz, Donostiako Brigada Político Social zelakoa haien bila hasi, eta Meliton Manzanas poliziaren eskuetan erori ziren.
Zer ondorio ekarri zuen horrek?
Atxilotuen paperen artean, Bizkaian laguntza eman ahal zuten pertsonen zerrenda bat aurkitu zuten, eta, ondorioz, hainbat eta hainbat pertsona atxilotu zituzten. Tartean Patxi Zurikarai zegoen, EAJko Euzko Naia erakunde armatuaren Durangaldeko arduradun nagusia.
Beste saiorik egin al zuten makiek Bizkaian?
1945ean, bost makik osatutako talde bat saiatu zen Gernika inguruan gune bat sortzen, baina ez zen posible izan. Urte berean, Legutioko guardia zibilen eta makien arteko liskarra izan zen, Gorbeia inguruan. Hiru gerrillari atxilotu zituzten. 1946an, makien Malumbres brigada etorri zen Santandertik Bilbora. Erresistentzia armatua pizten ahalegindu ziren Bilbon eta Enkarterri inguruetan.
Zer ekintza egin zituzten?
Santandertik etorritako makiek Basurtuko kobazulo batean atondu zuten kuartel nagusia. Mateo Obra izan zuten buruzagia. Handik hainbat ekintza antolatu zituzten: besteak beste, Basurtun mendiko guardia falangista baten etxean armak lapurtu zituzten, El Sauko meategian lehergailuak lapurtu zituzten, eta Karrantzako geltokian trenaren bagoi bi erre zituzten. Loiuko banketxe batean lapurretan ari zirela, poliziak maki bat hil eta buruzagia atxilotu zuen. Derioko hilerrian fusilatu zuten, 1949ko ekainaren 14an.
Zergatik ez zen errotu makien mugimendua Bizkaia inguruetan?
Lehenengo eta behin, ez zuten lortu EAJren babesik. Borroka gogorra eta basatia zen makiena, eta ez zuten presio handirik egiten. Bestalde, Bizkaiko mendiak ez ziren egokiak gerrillariak babestu ahal izateko: ez dira oso altuak, eta baso mardulik ere ez daukate.
Zein izan zen Euzko Naia erakunderen egitekoa?
1944an, Juan Ajuriagerra Bizkai Buru Batzarreko presidente zenaren zuzendaritzapean, Euzko Naia izeneko erakunde armatua antolatu zuen alderdi jeltzaleak Hego Euskal Herrian. Talde horren helburu nagusia Euskal Herrian ordena publikoari eustea izan zen. Askok ekintza armaturako jauzia eman nahi izan bazuten ere, ez zuten baimendu, eta beste lan batzuetan aritu ziren. Muskizko Primitivo Abad, Ramon Olazabal eta Sabin Apraiz izan ziren erakundea antolatu zuten batzuk. Egia esan, orain arte oso gutxi ikertu erakunde horren inguruan.
Babesik gabeko gazteak hartzeko etxeen pribatizazioa salatu dute
Gizarte zerbitzuak pribatizatzearen aurkako protestak areagotu egin dira azkenaldian han eta hemen. Oraingoan, babesik ez duten umeak eta nerabeak zaintzeko etxeak daude jomugan; hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Er...
Shakespeareren ‘Tomas Moro’, Campos antzokian
BILBO. Tomas Moro, una utopía William Shakespeareren lanean oinarritutako antzezlana taularatuko dute bihar, Bilboko Campos antzokian. Ignacio Garcia Mayk egin duen egokitzapeneko pertsonaia nagusia Jose Luis Patiño izango da. Errege baten eta Elizaren botereak aurrez aurre jarriko dira agertokian: Ingalaterra Erromaren aurka ibiliko da, hain zuzen ere.