Landareei esker, ura garbi isuri

Hondakin urak tratatzea ezinbestekoa da ibai eta erreketara ur garbia isurtzeko. Kutsatzaile organiko zein inorganikoen deuseztapen hori araztegietan egin ohi da, prozesu fisiko-kimiko baten bidez; baina bada garbiagoa edo ekologikoagoa den modurik ere. Izan ere, uretako landareek garbiketarako gaitasun handia daukate, eta, beraz, zergatik ez erabili hondakin urak garbitzeko?

Uretatik haientzako elikagai diren osagaiak hartzeko ahalmena daukate zenbait landare espeziek, eta, ondorioz, mantenugai horiek uretatik ken ditzakete. Fitoarazketa deritzon sistema horren abantailez jabetuta, Ibarrangeluko Udalak Garteiz auzoko urak iragazki berdeen bidez arazteko proiektua aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari duela hiru urte, eta iaz jaso zuen berori martxan jartzeko 145.200 euroko diru laguntza. Hartara, eta egin beharreko obrak eginda, arazketa sistema naturala martxan jarri dute berriki Garteizen.

Zenbait baserri sakabanatuk osatzen dute Garteiz auzoa, eta hondakin urak isurtzeko sistema zaharkitua zeukan. Haren kokapen geografikoak, gainera, saneamendu sare orokorrerako grabitatezko hargune bat egitea eragozten zuen. Hori dela eta, arazteko modu tradizionala ordezkatzen duen sistema horretan jarri zuen arreta Ibarrangeluko Udalak.

Egitasmoa gauzatzeko oniritzia eta diru laguntza emanda, hasierako proiektu gisa baliatu nahi du Jaurlaritzak Garteiz auzokoa, gerora beste leku batzuetan ezarri ahal izateko. Izan ere, Ana Oregi Ingurumen sailburuaren iritziz, “bakartuta dauden herrigune, landa auzo eta baserrietarako sistema ezin hobea definitzea ahalbidetzen du, gunearen kokapen geografikoak eta orografikoak baldintzatu gabe”. Garteizen kokapena “esperimentu modura arazte sistema ez konbentzional, iraunkor, autonomo eta ekologiko bat ezartzeko ezin hobea” dela dio Oregik. “Era horretan, irtenbidea teknikoki egokia den ikusiko da, baita azkenean arazteko bideragarria den ere”.

Sistema bera ezartzea, gainera, arazketa modu tradizionala egiteko beharrezko azpiegitura eraikitzea baino askoz merkeagoa da, Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak zehaztu duenez. “Ez bakarrik obra egiterakoan, baizik eta mantenua egiteko orduan ere bai”. Hari beretik, energia konbentzional gutxi kontsumitzen duela azaldu du.

Izan ere, landareek urmaeletan eta ibaietan modu natural batean uren autoarazketarako darabilten prozesua imitatzea da iragazki berdeen sistemaren ezaugarri nagusia. Hain zuzen, lurzoruaren eta landareen gaitasun fisiko, kimiko eta biologikoa baliatzen du hondakin urak arazteko.

Laginak, hilero

Hori horrela, landare makrofita flotatzaileen bidez hasi dira arazten Garteizko baserrietako urak. Auzotarrek utzitako lursailetan 30 metro koadro inguruko eremu bi atondu dituzte arazte sistema berritzailea ezartzeko, eta landare espezie bi landatu dituzte bertan: eremuetako batean Phragmites australis lezka autoktonoa, eta bestean Typha latifolia espezie aloktono baina ez inbaditzailea. Ziluagak azaldu duenez, “eraginkorrena zein den ikusi beharko da, klima honetara zein egokitzen den ondoen”.

Haien sustrai eta errizomek esponja trinko bat osatzen dute, eta ura nahas-mahas horretatik ibiltzera behartzen dute, eta, halaber, materia organikoa degradatzen duten mikroorganismoen euskarri modura ere balio du. Iragazkiko landareek lokatza digeritzen dute, era horretako hondakinak degeneratzeko arazoa saihestuz.

Finean, urak arazteko landare horien gaitasun garbigarria baliatzen du sistemak, eta baita oxigenoa transferitzeko daukaten ahalmena ere. Gastu energetiko txikia eta eraginkortasun handia dutela eta, Oregik esan du “ur gaineko landare horien iragazki berdeek Kyotoko Protokoloaren eta Uraren Esparru Zuzentarauaren helburuak lortzen laguntzen dutela. Hori bai, alkateak ohartarazi du ezer baino lehen solidoak kendu behar direla, eta, bestalde, bizilagunek ezin dezaketela edozer bota; “lixiba botaz gero, adibidez, landareek sufritu egingo luketelako”.

Sistema berria martxan jarrita, Jaurlaritzak eta Busturialdeko Ur Partzuergoak jarraipena egingo diote, protokolo zehatz bat jarraituz. Ziluagak azaldu duenez, gutxi gorabehera bi urtean egingo dute jarraipena, arazketa zenbaterainokoa den aztertzeko, urak araztu orduko eta ondoren laginak hartuz.

Emaitzak emaitza, Ziluagak esan du “gaur-gaurkoz pozik” daudela, bai udala bai auzotarrak. “Goiz da balorazio zehatz bat egiteko, baina baikor gaude, arazte maila altua izango dela uste baitugu”.