Bizkaia

Basque Fest jaialdiak 51.000 lagun erakarri ditu Aste Santuan

51.000 pertsona baino gehiago elkartu ditu euskal kulturaren erakuslehio den Basque Fest jaialdiak, Bilboko Udalak emandako datuen arabera. 150 plan eta proposamen baino gehiago eskaini ditu jaialdiak Aste Santuan eta Pazko astean.

Jaialdiak "helburu guztiak bete" dituela deritzo udalak. Hain zuzen, honako hau izan da asmoa: "Hiria bizirik, aktibo eta erakargarri mantentzea jaiegunetan, bai turistentzat, bai bertokoentzat, bai inguruko herrietatik eguna Bilbon pasatzera etorri direnentzat".

Kalejirek eta animazio talde eta bandek 19.640 lagun elkartu dituzte Zazpikaleetan, Ledesman, Albiako lorategietan, Mazarredo zumarkalean, Poza kalean, San Mames zumarkalean eta Egaña kalean. Itsasadarrean egindako ibilbide antzeztuak ere zenbatu dituzte kopuru horretan. Eguen, bariku eta zapatuan ekitaldi horietarako sarrerak amaitu egin ziren.

Bestalde, Erriberako eta Zabalguneko merkatuetan 17.250 sarrera zenbatu dituzte lau egunetan. Herri kirolen erakustaldiek ere ikusle asko bereganatu dituzte. "Bereziki, nazioarteko turistek erakutsi dute interes handia". Ikuskizuna ere ez da ohikoa izan, gainera. Harrijasotzaileek itsasadarrean egin dituzte indar eta tekniken erakustaldiak; hain zuzen ere, itsasontzi baten gainean jaso dituzte harriak. 1950eko hamarkadako tradizioa berreskuratu dute.

Aizkolariak Areetako pasealekuan ibili dira enborrak mozten. Eta Esperantzako pilotalekuan, pilotariak palan eta zesta-puntan jokatzen ikusteko aukera izan da.

Proba horietan guztietan, 7.450 zaletik gora elkartu dira. Horien artean, seme-alabekaz batera gerturatu diren familiak izan dira. Kasu horietako askotan, gaztetxoek bertan ezagutu dituzte hainbat jolas; besteak beste, lehen aldiz zaku lasterketetan, igel tokan eta artaburuak jasotzen aritzeko aukera izan dute.

Alondegiari dagokionez, kontzertu txikiak eskaini dituzte. Audience, John Berkout, Bakelite eta Wills Drummond taldeak igo dira oholtzara. Indie, american rock, country rock eta pop rock estiloak euskal taldeen bitartez entzuteko beta izan dute ikusleek, Plaza Barrian. Oreka TX, Kukai eta Kalakan taldeek eratutako ikuskizunak ere arrakasta handia izan zuen.

“Guretzat, Europa iparraldeko hiriak izan daitezke hirigintza eredu”

Bilboko eta Bizkaiko arkitekturaren mundua indartze aldera, arkitekto talde batek BIA Bilbao Bizkaia Architecture egitasmoa jarri du martxan. Irailean egingo den Urban Regeneration Forum biltzarra izango da bidean egingo duten lehen urratsa. Hiriburuak azken urteetan izan duen eraldaketa nabarmendu dute BIAko kideek, baina etorkizunera begira, "txarto egindako gauzak hobetu" eta "aurrera jarraitzeko bidea sektore guztiak bat eginik" osatzeko eskatu dute. Matxalen Acacuso da egitasmo horren komunikazio idazkaria.

Zerk bultzatu zaituzte BIA sortzera?

Irailean egingo den biltzarraren aitzakian sortu zen BIA. Ideia hori bultzatzeko eratu genuen plataforma, eta ezaugarri berezi batzuk eman zitzaizkion. Ez Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) delegazio bat, nazioarterako marka berria baizik. Esan daiteke BIA markaren sorrerak biltzarraren sorrerarekin bat egin duela; ekintzak eta markak bat egin dute. Biltzarra lehen harria izango litzateke, baina bi urtez behin egiteaz gain, beste ekitaldi batzuk sortzeko akuilua izango da. Biltzarra beste eragile batzuekin indarrak batzeko erabiliko dugu.

Zer motatako jendea bildu zarete proiektu honetan?

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzako hainbat kidek sortu dute BIA. Nahiz eta hasieran arkitektoek bultzatu ideia guztia, plataforma zabala izateko asmoz jaio gara. Erakunde pribatu zein publikoak, zientzia eta teknologia parkeak, enpresa pribatuak... gurera erakartzeko asmoa daukagu. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskaini ziguten laguntza hasieran, eta, horretaz aparte, beste hainbat erakunde zein enpresak ere bultzada handia eman digute.

Bilboren eta Bizkaiaren eraldaketa nahi duzuela diozue. Zer uste duzue falta zaiola Bilbori eta Bizkaiari?

Bilbo aldatu da dagoeneko, eta jakintza horretaz baliatuz, mundura zabaldu nahi dugu esperientzia hori. Bilbok izan duen eraldaketa Bizkaia mailan ere ikusi ahal izan da, ekonomia arloan bereziki. Gure ustez, eta BIA beharbada horretarako sortu da, falta da bertako arkitektura eta hirigintza sektoreen artean komunikatzea. Kanpotik etorritako arkitekto famatuez gain, berton gaudenak ere kontuan hartzeko eskatzen dugu, eta gure lana goraipatzeko.

Horrez gain, txarto egin diren gauzen inguruan hausnarketa bat egitea falta zaigu; espekulazioaren inguruan, adibidez. Gauza guztietatik ikasi, eta hiri bizi eta osasuntsu bat eraiki nahi dugu. Bilbok beti jarraituko du eraldatzen. Orain oso egoera ekonomiko kaskarrean gaude, baina egoera horri ere aurre egin beharko diogu, era batera edo bestera.

Zuretzat zer behar du hiri batek ahalik eta onena izateko?

Oreka. Espazio libre eta espazio pribatuaren arteko oreka. Etxebizitzentzako, administrazioentzako, industriarentzako eta kulturarentzako eremuen arteko oreka. Baita autoen eta oinezkoen arteko oreka ere. Inbertsio ekonomikoaren eta etekinen arteko oreka.

Bilborako eredu interesgarriak jaso dituzue? Zein hiri da eredugarria?

Europa iparraldeko hiriak izan daitezke guretzat eredu. Batez ere, bi arrazoiengatik: ekonomikoki antzekoak izan gaitezkeelako, eta, klima aldetik ere antza daukagulako.

Zein eragin du egoera ekonomikoak hirien arkitekturan?

Oso eragin handia dauka, derrigorrean. Duela urte batzuk bultzada ekonomikoa eta estrategikoa eman zioten arkitekturari Bilbon. Eta orain ikusten ari gara arkitektura eta ingeniaritza arloko beharrak eraikinen birgaitzera bideratu direla. Garapen iraunkorraren ereduari balioa ematen dioten proiektuen beharra dago. Hiria une oro eraldatzen ari den elementua da, eta eraldaketa horretan, eremu berriak eraiki ziren, baina eraikita zeudenak ere mantendu behar dira, eta hori oso garrantzitsua da. Eraldatu bai, baina dagoena ere mantendu behar da. Argi izan behar dugu hori.

Arkitektura arte gisa ikusten duzue. Zeintzuk dira Bilbon arte horren eraikin esanguratsuenak?

Arkitekturak badauka parametro estetiko oso garrantzitsua. Museoak edo arte aretoak izaten dira bere adierazlerik garrantzitsuenetarikoak, baina hainbat eraikinetan ere arte hori ikus daiteke. EHUko Abandoibarrako paraninfoa, udaletxearen eraikin berria, Miribillako eliza, Foru liburutegia, itsasadarra gurutzatzen duten zubiak eta beste hainbat elementu txiki dira horren adibide.

Zer lotura izan behar dute arkitekturak eta pertsonek?

Oso handia, osoa. Pertsona da arkitekturaren azken bezeroa. Pertsonak bizi behar du etxebizitza batean. Pertsonak lan egin behar du bulego batean, edo ikasi behar du eskola batean. Aldarrikatu behar dugu pertsonok zenbateko balioa daukagun eraikuntza batean: argi gehiago behar dut, berotasun handiagoa behar dut, erosoago sentitu behar dut, edo isiltasuna behar dut. Hori guztia erabiltzaileak sentituko du.

Esan daiteke Bilbok nazioarteko arkitekto onenen eraikinak bildu dituela. Foster, Gehry, Pelli... Zerk egiten du erakargarri Bilbo arkitekto horientzat?

Guggenheim museoa prozesu horren lehen harria izan zen. Orduan, lehenak besteak etortzea ahalbidetu zuen. Beste herri batzuk ere saiatu dira eraldaketa hori egiten. Bartzelona, Gijon eta Coruña ere aldaketa hori egiten saiatu dira, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak dituen. Distantzia luzeagora joanda, badaude kontuan hartzeko beste adibide batzuk; Hanburgo eta Asiako hainbat hiriburu.

Nolakoa da Bizkaiko arkitektoen egoera? Zeintzuk dira dituzuen arazo nagusiak?

Daukagun arazo nagusia lan eskaera da. Asko jaitsi delako azkenaldian. Legeak ere aldatu dira, eta orain arteko esparruak ez du balio dagoeneko. Alternatiba berriak bilatu behar ditugu.

Eremuak babesteko baliabide bat baino gehiago dago

Eredu bat baino gehiago dago eremu bat aberastasun ekologikoagatik babesteko. Hasiera batean, Natura Zaintzeko Legeak babestutako hiru eremu aurreikusten zituen: Parke naturala, biotopoa eta arbola berezia. 2010ean Natura 2000 Sarea zabaldu zen Europa...

JERRY GONZALEZ, URTEURRENERAKO

Jerry Gonzalezen hirukoteagaz ospatuko du Bilbaina Jazz Clubek 23. urteurrena. Bihar 20:00etan ariko da Gonzalez, BBK aretoan, eta sarrerak 15 euroan eros daitezke. Gonzalezek hainbat lan eta kolaborazio garrantzitsu egin ditu; besteak beste, Paco de ...

Zerutik sua, “Bizkaia txikitzeko”

Sirena hotsak eta Santa Maria parrokia elizako kanpaien dilin-dalanak. Etortzear zegoenaren iragarleak ziren: bonbardaketa. 77 urte beteko dira bihar Gernika-Lumon zarata horiek nagusitu zirenetik. 1936ko gerrako bonbardaketarik ezagunena eta lazgarri...

Babesak saria du ordainetan

Enkarterrin Ordunteko mendilerroa babesteko 200.000 euro bideratuko ditu aurten Bizkaiko Foru Aldundiak. Europako Batasunagaz batera finantzatuko du zenbait urtetan eremu horretan bultzatuko duten kontserbazio proiektua. Interes komunitarioko gune izendapena dauka, eta Europako Batasuneko Natura 2000 sare barruan dago. Era horretako izendapenek eremu horiek babesteko erraztasun handiagoak ematen dituztela dio Eduardo Renovales Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeko Natur Baliabideen Saileko kideak.

Era batera edo bestera gune babestuak aitortzeak "laguntza ekonomikoak jasotzea" errazten du, batez ere. "Eusko Jaurlaritzak diru laguntzaren bat emango badu, gehiago erreparatuko dio espazio natural bati, Europatik laguntzak lortzeko erraztasunak izango direlako".

Bizkaian hiru parke natural daude: Gorbeiakoa, Urkiolakoa eta Armañongoa. Eta barruan interes komunitarioko guneak dituzte. Beraz, baliteke eremu batek balio handia izan arren, parke natural izendapenik ez izatea. Renovalesek azaldu duenez, era horretakoak dira Ordunteko eremua eta Gorobel edo Salbada mendilerroa. Lehenengoa interes komunitarioa duen gunea da; bigarrena, berriz, hegaztientzako babes bereziko gunea. Gorbeiako parke naturalaren barruan Itxina izeneko ingurua dago. Biotopo babestua da.

Urdaibaiko biosfera erreserba ere badu Bizkaiak. Ajangiz, Zornotza, Arratzu, Arrieta, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Munitibar, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta herrien lurrak hartzen ditu. "Oso handia da". Barruan interes komunitarioko lau gune dauzka: Urdaibaiko ibai sarea, Urdaibaiko artadiak, itsasertzeko eta paduretako guneak eta Gaztelugatxeko biotopo babestua.

Babes eta aitorpenak izan badituen arren, Urdaibai "erakundeen aldetik bazterrean utzita" dagoela uste du Alfonso Caño irakasle eta ekologistak. Hala ere, eremu horretan ipini dituzten baliabideei aipamen berezia egin die. Besteak beste, Busturiako Madariaga dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa, azken urteetan jarritako informazio panelak, txori migratzaileak aztertzeko Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Centre eta markatuta dauden GR bideak ekarri ditu gogora.

Azpiegitura publikoen artean, Madariaga dorretxea eta Urdaibaiko patronatua aipatu ditu. "Euskadiko Bioaniztasun Zentroa ingurumen hezkuntzaren aldetik, hezkuntza formalarentzat da; baita bisitarientzat ere", azaldu du. Dena den, hasierako asmoak zein ziren gogoan hartuta, "labur" geratu dela deritzo. "Ikerketa zentro bihurtu gura zuten; azkenean, ordea, ez da horrelakorik gauzatu. Bioaniztasunari buruzko ikerketak sortu gura ziren, baina horretara ez da ez baliabiderik ez ikerlaririk bideratu".

Urdaibaiko patronatuari buruz, "elementu garrantzitsuena" dela azpimarratu du. "Eraikin horretan informazio zentroa eta liburutegia daude. Garrantzitsua da han bizi direnentzat. Izan ere, zerbait tramitatu behar baduzu, baserri batean etxebizitza bi atera daitezkeen jakiteko, esaterako, hara jo dezakezu".

Urdaibai Bird Centre "oso toki garrantzitsutzat" jo du. "Bikaina da. Ornitologoak eta ingurumen hezkuntzan adituak daude, eta oso onak dira guztiak". Egindako lanari dagokionez, gogora ekarri du hegazti batzuei jarritako gailuei esker posible izan dela Mauritaniatik ateratako mokozabal talde batek iparralderantz egindako bideari jarraituta Bizkaira noiz iritsiko den kalkulatzea. "Oso lan interesgarria izan da".

Egoitzan bertan sartu beharrik gabe ere, inguruan hegaztiak behatzeko bi eremu libre daudela ekarri du gogora. "Aurrean dagoen urmaeleko hegaztiak behatzeko aukera ematen dute".

Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzak baleak ikusi ahal izateko behatoki bat egitea onartu duela iragarri du. "Matxitxakoko itsasargian egingo dute. Handik, baleak eta izurdeak ikusi ahalko dira, besteak beste". Urtea bukatu aurretik hasiko dituzte lanak. Duela hiruzpalau urte egin gura izan zuten. "Berriro pentsatu behar izan da, diru kontuak direla tarteko, eta gauza txikiagoa egingo da". Kudeaketa, "ziurrenik", Ambar taldeak egingo duela aurreratu du.

Edozelan ere, Biosfera erreserba izanik, ez dagoela "behar bezala babestuta" deritzo irakasleak. "Babeserako ez da gauza handirik egiten. Horretarako, zaintza egon beharko litzateke, eta oso gutxi eta sakabanatuta dago".

Gune babestua, Eusko Jaurlaritzak Urdaibain Baccharis halimifolia landare inbaditzailea errotik kentzeko Life proiektu bat jarri zuen martxan. "Urte askotan diru mordoa lortu da lan horretarako", ekarri du gogora Ekologistak Martxan taldeko Renovalesek. Ordunten ere beste Life proiektu bat daukate. Hango ekosistema lehengoratzeko proiektua da. "2017ra bitarterako bi milioi euroko inbertsioa egin dute, eremu horretako pagondoak eta hariztiak berreskuratzeko".

Mehatxuak

Parke naturalek edo bestelako izendapen eta babes berezia duten eremu horiek mehatxu asko dituztela ohartarazi du Ekologistak Martxan elkarteko kideak. Batetik, "Bizkai osoko arazo" moduan jo du fracking-a. Renovalesen arabera, "ez du bereizten eremu babestuen eta babesik gabeko eremuen artean". Beraz, espazio naturalek ere fracking ustiapenak pairatzeko arriskua dutela ohartarazi du. Gogora ekarri du, era berean, "gobernuan dagoen alderdiari eremu bat horretarako erabil daitekeela iruditzen bazaio eta horretarako baimena ematen badu, arriskua zabalduko da". Bizkaiko kostaldea fracking-erako lauki sareetan banatuta dagoela azaldu du. "Baimen horiek arriskuan jar dezakete parke natural bat. Gorbeia inguruan, esaterako, zundaketak egin dituzte daborduko".

Bestalde, pinu eta eukalipto ugari landatzen eta lurraren paretik mozten direla salatu du. "Lurra, beraz, landaretzarik gabe geratzen da, eta higadura arriskua handitu egiten da". Esan duenez, Bizkaian gero eta gehiago landatzen da: "Urkiolan eta Gorbeian, esaterako, eukaliptoa eta pinuak daude. Beraz, eremu babestua izan arren, ez dituzte baztertzen kalteak eragin ditzaketen jarduera ekonomikoak", gaitzetsi du Renovalesek. Caño ere bat dator salaketa horrekin. Urdaibairi mehatxu bat dakarkiola ohartarazi du. "Lur higadura areagotzen dute. Oro har, Bizkaian dagoen ingurumen arazorik handienetakoa da. Arazo isila, baina larria".

Dena den, Renovalesek aitortu du, "traba gehiago" egoten direla bakoitzak nahi duena landatzeko: "Administrazio publikoak ondo kontserbatuta dagoena hobeto kontserbatzen saiatuko dira beti". Ordunten, esaterako, pinu eta eukaliptoak kendu, eta hango ekosistemak lehengoratuko dituztela azaldu du.

Harrobiak ere aipatu ditu mehatxuen artean. "Enpresek haitzak dauden eremuetara jotzen dute, eta leku horietan egon ohi dira ondoen kontserbatutako landareak". Atxarteko harrobia aipatu du: "Parke naturalaren erdigunean zegoen. Barrura sartuz gero, gaur egun, oraindik, bertan behera utzitako kamioitzar zaharrak ikus daitezke".

Urkiolan harrobiekaz istilu gehiago ere izan direla aipatu du. "Harrobi asko eremu babestuen mugan zeuden. Gune babestu izendapena edukitzea, sarritan baliagarria izan da harrobiei jarduera baimenik ez emateko".

Bisitariek askotan leku horietan egiten dituzten kalteen berri eman du Ekologistak Martxan elkarteko kideak. "Gorbeian, Itxinako biotopoan, esaterako, haitzetan pintura markak egiten dituzte bisitariek". Beraz, kasu horretan, espazio hori babesteak, hein batean, kalte ere egin diola iruditzen zaio. "Milaka liburuk jasotzen dituzte Itxinako ibilbideak", argudiatu du ustea.

Horren haritik, espazio naturalen "masifikazioaz" ohartarazi du Renovalesek. Astialdirako, Bizkaiko dibertimenduzko eremuak bultzatu beharko liratekeela deritzo, babestutako eremuen ordez. "Gainera, ez dira presio kanpainak egiten, bisitariek mendiak zikindu ez ditzaten, eta zaindariek ere ez dute etengabe zaintzen. Jendea joatea gura baduzu, mendia garbitzeko neurriak ere sustatu behar dituzu".

Ordunten suteekaz duten arazoa ez du alde batera utzi gura izan. "Abeltzaintza tradizio luzea dute han; Bizkai osoko luzeena". Ohitura zaharra dute: Larreak aberasteko mendiari su ematen diote. Duela zenbait aste 160 hektarea erre zituzten horrela", ekarri du gogora. Hori saihesteko, "abeltzainekaz akordioak adostu" behar direla deritzo. Bizkaiko Nekazaritza Sailak berak baieztatu du sute haiek nahita eragindakoak izan zirela.

Sukarrietan Guggenheim berria egingo balute, berriz, Urdaibaiko erreserbarako mehatxu handia eragingo lukeela deritzo Cañok. "Errentagarria izateko 100.000 bisitari etorri beharko lirateke urtero. Horrek errepide eta aparkaleku gehiagoren beharra dakar. Positiboa izan liteke jatetxeentzat; baina naturarentzat, negatiboa". Inguru horrek daukan harrera ahalmenaz eztabaidatu beharko litzatekeela uste du; hau da, zenbat bisitari hartzeko gai den. "Guk nahikoa presio egiten dugu ekosistema honetan; hori handitzeak kalteak ekarriko lituzke".

Erakusle gehiago izango dira etzi, Morgako azokan

Udalak eta herritarrek udaberriko azoka antolatu dute, beste urte batez, Morgan. Dagoeneko 15. ekitaldia da. Etzi egingo dute, Andra Mari auzoan. Aurtengo berrikuntza nagusia erakusle kopuruaren gorakada izango da. Baserriko produktuen eta elikagaien ekoizleak kalean egongo dira, ohi bezala. Denboraldiko lehen ortuariak, pastelak, gazta, eztia, txakolina, ogia, sagardoa eta enparauak izango dituzte salgai. Frontoian, berriz, eskulangileak ipini dira, euren erakustokiekin. Besteak beste, zurginak eta otzaragileak egongo dira.

Horrez gain, hiru txosna ipiniko dituzte, azoka girotzeko. Haietako bat herriko andreena izango da, eta taloak egiten ibiliko dira. Animalia exotikoen erakusketa ere atonduko dute. Urtero bezala, emuak, ostrukak eta bestelako animaliak egongo dira ikusgai.

Eguerdian, herri kirolek erakarriko dituzte gehienen begiradak. Izan ere, Aitzol Atutxa aizkolari gaztea eta Iñaki Azurmendi lehiatuko dira. Biak ala biak Euskal Herriko txapelketan jokatutakoak dira. Beñat Lekuek eta Igor Duñabetiak ere parte hartuko dute erakustaldian.

BASERRITARREN AZOKA

Non. Morgan.

Noiz. Etzi.

10,8

Hotelen okupazioak izandako beherakada. %10,8 egin du behera hotelen okupazioak martxoan, aurreko urteko hil berberagaz alderatuta. Bilbon %40,6ko okupazioa neurtu dute.

Sukaldeko saltsa berria jaietan

Eguaztenetik dabiltza Santurtzin San Jorge jaiak ospatzen. Gaurtik etzi bitartean, hamaika ekitalditan parte hartzeko aukera egongo da, eta datorren asteko asteburuan ere jarraituko du festa giroak. Hain zuzen ere, orduan egingo dute aurtengo jaiek da...