“Guretzat, Europa iparraldeko hiriak izan daitezke hirigintza eredu”

Bilboko eta Bizkaiko arkitekturaren mundua indartze aldera, arkitekto talde batek BIA Bilbao Bizkaia Architecture egitasmoa jarri du martxan. Irailean egingo den Urban Regeneration Forum biltzarra izango da bidean egingo duten lehen urratsa. Hiriburuak azken urteetan izan duen eraldaketa nabarmendu dute BIAko kideek, baina etorkizunera begira, “txarto egindako gauzak hobetu” eta “aurrera jarraitzeko bidea sektore guztiak bat eginik” osatzeko eskatu dute. Matxalen Acacuso da egitasmo horren komunikazio idazkaria.

Zerk bultzatu zaituzte BIA sortzera?

Irailean egingo den biltzarraren aitzakian sortu zen BIA. Ideia hori bultzatzeko eratu genuen plataforma, eta ezaugarri berezi batzuk eman zitzaizkion. Ez Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) delegazio bat, nazioarterako marka berria baizik. Esan daiteke BIA markaren sorrerak biltzarraren sorrerarekin bat egin duela; ekintzak eta markak bat egin dute. Biltzarra lehen harria izango litzateke, baina bi urtez behin egiteaz gain, beste ekitaldi batzuk sortzeko akuilua izango da. Biltzarra beste eragile batzuekin indarrak batzeko erabiliko dugu.

Zer motatako jendea bildu zarete proiektu honetan?

Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko ordezkaritzako hainbat kidek sortu dute BIA. Nahiz eta hasieran arkitektoek bultzatu ideia guztia, plataforma zabala izateko asmoz jaio gara. Erakunde pribatu zein publikoak, zientzia eta teknologia parkeak, enpresa pribatuak… gurera erakartzeko asmoa daukagu. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskaini ziguten laguntza hasieran, eta, horretaz aparte, beste hainbat erakunde zein enpresak ere bultzada handia eman digute.

Bilboren eta Bizkaiaren eraldaketa nahi duzuela diozue. Zer uste duzue falta zaiola Bilbori eta Bizkaiari?

Bilbo aldatu da dagoeneko, eta jakintza horretaz baliatuz, mundura zabaldu nahi dugu esperientzia hori. Bilbok izan duen eraldaketa Bizkaia mailan ere ikusi ahal izan da, ekonomia arloan bereziki. Gure ustez, eta BIA beharbada horretarako sortu da, falta da bertako arkitektura eta hirigintza sektoreen artean komunikatzea. Kanpotik etorritako arkitekto famatuez gain, berton gaudenak ere kontuan hartzeko eskatzen dugu, eta gure lana goraipatzeko.

Horrez gain, txarto egin diren gauzen inguruan hausnarketa bat egitea falta zaigu; espekulazioaren inguruan, adibidez. Gauza guztietatik ikasi, eta hiri bizi eta osasuntsu bat eraiki nahi dugu. Bilbok beti jarraituko du eraldatzen. Orain oso egoera ekonomiko kaskarrean gaude, baina egoera horri ere aurre egin beharko diogu, era batera edo bestera.

Zuretzat zer behar du hiri batek ahalik eta onena izateko?

Oreka. Espazio libre eta espazio pribatuaren arteko oreka. Etxebizitzentzako, administrazioentzako, industriarentzako eta kulturarentzako eremuen arteko oreka. Baita autoen eta oinezkoen arteko oreka ere. Inbertsio ekonomikoaren eta etekinen arteko oreka.

Bilborako eredu interesgarriak jaso dituzue? Zein hiri da eredugarria?

Europa iparraldeko hiriak izan daitezke guretzat eredu. Batez ere, bi arrazoiengatik: ekonomikoki antzekoak izan gaitezkeelako, eta, klima aldetik ere antza daukagulako.

Zein eragin du egoera ekonomikoak hirien arkitekturan?

Oso eragin handia dauka, derrigorrean. Duela urte batzuk bultzada ekonomikoa eta estrategikoa eman zioten arkitekturari Bilbon. Eta orain ikusten ari gara arkitektura eta ingeniaritza arloko beharrak eraikinen birgaitzera bideratu direla. Garapen iraunkorraren ereduari balioa ematen dioten proiektuen beharra dago. Hiria une oro eraldatzen ari den elementua da, eta eraldaketa horretan, eremu berriak eraiki ziren, baina eraikita zeudenak ere mantendu behar dira, eta hori oso garrantzitsua da. Eraldatu bai, baina dagoena ere mantendu behar da. Argi izan behar dugu hori.

Arkitektura arte gisa ikusten duzue. Zeintzuk dira Bilbon arte horren eraikin esanguratsuenak?

Arkitekturak badauka parametro estetiko oso garrantzitsua. Museoak edo arte aretoak izaten dira bere adierazlerik garrantzitsuenetarikoak, baina hainbat eraikinetan ere arte hori ikus daiteke. EHUko Abandoibarrako paraninfoa, udaletxearen eraikin berria, Miribillako eliza, Foru liburutegia, itsasadarra gurutzatzen duten zubiak eta beste hainbat elementu txiki dira horren adibide.

Zer lotura izan behar dute arkitekturak eta pertsonek?

Oso handia, osoa. Pertsona da arkitekturaren azken bezeroa. Pertsonak bizi behar du etxebizitza batean. Pertsonak lan egin behar du bulego batean, edo ikasi behar du eskola batean. Aldarrikatu behar dugu pertsonok zenbateko balioa daukagun eraikuntza batean: argi gehiago behar dut, berotasun handiagoa behar dut, erosoago sentitu behar dut, edo isiltasuna behar dut. Hori guztia erabiltzaileak sentituko du.

Esan daiteke Bilbok nazioarteko arkitekto onenen eraikinak bildu dituela. Foster, Gehry, Pelli… Zerk egiten du erakargarri Bilbo arkitekto horientzat?

Guggenheim museoa prozesu horren lehen harria izan zen. Orduan, lehenak besteak etortzea ahalbidetu zuen. Beste herri batzuk ere saiatu dira eraldaketa hori egiten. Bartzelona, Gijon eta Coruña ere aldaketa hori egiten saiatu dira, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak dituen. Distantzia luzeagora joanda, badaude kontuan hartzeko beste adibide batzuk; Hanburgo eta Asiako hainbat hiriburu.

Nolakoa da Bizkaiko arkitektoen egoera? Zeintzuk dira dituzuen arazo nagusiak?

Daukagun arazo nagusia lan eskaera da. Asko jaitsi delako azkenaldian. Legeak ere aldatu dira, eta orain arteko esparruak ez du balio dagoeneko. Alternatiba berriak bilatu behar ditugu.