Bizkaia

Bertako produktuen kalitatea

Nafarroako Erribera nekazari lurraldea da. Duela berrogei urte, Pedro Luis Anton eta Maria Corona Campo euren lurretan lantzen zituzten produktuak ontziratzen hasi ziren. Hainbat urtetako lanaren ostean, 1988an, Pedro Luis kontserba enpresa sortu zute...

Durangoko alde zaharraren egoera salatu dute

Durangoko alde zaharrean hainbat arazo daudela salatu dute DAZ Durangoko Alde Zaharra auzo elkarteko kideek, udalak ez diela-eta konponbiderik ematen. "Abandonatuta" sentitzen dira. Hain zuzen, 2010ean bilera bat egin zuten udaleko ordezkariekaz, eta ...

5,7

Denboraleen kalteak ordaintzeko foru funtsaren milioiak. Bizkaiko Foru Aldundiak funts bat sortu du neguko denboraleek kostaldeko herrietan eragin zituzten kalteak ordaintzen laguntzeko. Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuaren esanetan, kalteen %100 ordainduko ditu foru aldundiak. Osotara, 5,7 milioi izango ditu funtsak. Oraindik ez dakite zenbat herrik eskatuko duten laguntza.

Bilboko Ibiltari Sarearen ibilaldiak, astean bitan

Oinez ibiltzea sustatzeko Ibiltari Sarea ipini du martxan Bilboko Udalak. Hiru ibilbide atondu dituzte. Nahi dutenek txangoetan parte hartzeko aukera dute, izenik eman barik, monitoreagaz. Ibilbideak txandakatu egiten dira. Martitzen eta eguenetan iza...

Bilboko historia, eskura

Hiriburuko historia bertatik bertara ezagutzeko doako bisita gidatuak antolatu ditu udalak. Arkitektura eta historia aldetik duten balioa eta gizarte arloan egin duten ekarpena aintzat hartuta aukeratu dituzte eraikinak. Bilboko Erruki-etxe Santu eta Erreala, zezen plaza eta Basurtuko ospitalea dira txoko horiek.

Maiatzean erruki etxean egingo dira bisitak. Udalak gogora ekarri duenez, "Bilboko historiagaz lotutako" erakundea da berau. Hain zuzen, Athleticeko jokalarien lehoiak ezizenak eta futbol zelaiaren izenak San Mamesi —lehoiek irentsi zuten martiria— eskainitako kaperan dute jatorria. Izan ere, egoitzaren ondoan dago zelaia. Gaur egun zahar etxea da, baina 1774an pobreentzako aterpe gisa sortu zuten Zingira kalean. Mendea bete zuenean, handitu egin behar izan zuten, eta, ondorioz, baita lekuz aldatu ere. Zazpikaleak utzi zituen lehenengo ekipamendu soziala izan zen hura. Zabalgunera eraman zuten.

Eraikin neoklasikoa da, eta kutsu neobarrokoak ditu. Lorategi erromantiko batek inguratzen du. Antonio Goikoetxeak diseinatu zuen, eta Savoiako Amadeo I.a Espainiako erregeak inauguratu, 1872an. Bilbo handitzeko ardura izan zutenek eraikin aitzindari hori erreferentetzat hartu zuten gaur egun Kale Nagusia ixten duten kaleak antolatzeko.

Zezen plazarako bisita gidatuak, berriz, ekainean egingo dituzte. Jatorritik bertatik eremu hori erruki etxeagaz lotuta dago. Izan ere, sarreren bidez bildutako diru kopuruaren erdia ongintza erakundeari ematen dio.

1970eko hamarkadaren hasieran eraiki zuten plaza, sute batek kiskalitako aurrekoaren hondakinen gainean. 1882koa zen zaharra. 14.752 leku ditu, eta barruan, besteak beste, zezenei buruzko museoa eta plazara atera aurretik toreatzaileek otoitz egiten duten kapera daude.

Irailean, Basurtuko ospitalea

Udan ez da bisitarik izango. Atsedenaldi horren ostean, irailean Basurtuko ospitalea erakusteari ekingo diote. 1908an eraiki zuten, eta Ospitale Zibil Santua izena jarri zioten. Modernotasunaren eredu izan zen. Banakako pabiloiak dira ezaugarri nagusietako bat. Bilboko familia aberatsek eman zituzten dohaintzan, eta euren izenak dituzte.

Pabiloiak banaka eraikitzea berritasun handia izan zen garai hartan, osasungarritasun irizpideak hartu zituztelako kontuan. Izan ere, espezialitate bakoitzak pabiloi bat izateak saihestu egiten zuen pazienteek infekzioak harrapatzea.

Bisita gidatuetan lur azpiko pasaguneen egitura ezagutzeko aukera eskainiko dute. Pasagune horiek pabiloi guztiak lotzen dituzte. Agiriak leku batetik bestera bidaltzeko duten sistema pneumatikoa ikusteko modua ere izango dute bisitariek.

Parte hartu gura duenak aurretik izena eman behar du 010 zenbakira deituta. Bilbotik kanpo deituz gero, 94-401 00 10 zenbakira deitu beharko da. Bisitak euskaraz eta gazteleraz prestatu dituzte. Euskaraz egin gura duenak egun bakarra du horretarako: barikua. Taldean doazenek goizez egin behar dituzte, 10:00etan. Norbanako gisa doanak, bestalde, arratsaldez baino ez du bisita egiteko modua; 16:30etik aurrera, hain zuzen ere.

Gazteleraz aukera gehiago dago: astelehen eta eguenetan, 10:00etan eta 18:00etan. Eta martitzen eta eguaztenetan, 17:00etan eta 18:45ean. Gutxi gorabehera, ordu eta erdi irauten du.

BISITA GIDATUAK

Non. Erruki etxean, zezen plazan eta Basurtuko ospitalean.

Noiz. Maiatzean, ekainean eta irailean, hurrenez hurren.

Ordutegia, euskaraz. Barikuetan: 10:00etan, bisitak taldean egin gura dutenentzat; 16:30ean, norbanakoentzat.

Guztien onura jomugan

Gure bizitzan lana funtsezkoa da, oinarrizkoa. Gure eguna, asteak, urteak, lanaren arabera antolatzen ditugu; baita harremanak ere. Lanez aldatzen bagara, gure errealitatea irauli egiten da". Eta areago jo du Koopera gizarte sarearen kudeatzaile Javier Mariñok: "Lankide bati galdetu diot ea nola etorri zen: txalupa batean etorri zen. Senegaldarra da. Lagun batek eta biek hartu zuten, hemen enplegua seguru izango zutelakoan. Iruzur egin zieten. Ehun lagun sartu zituzten, kabitzen ez ziren lekuan. Seigarren egunean, ura sartzen hasi zen; ez hondoratzeko, ur edangarria eta elikagaiak itsasora bota zituzten. Biharamunerako, ez zitzaien ezer geratzen, eta hiru egunez egon ziren egoera horretan. Bizia jokatzerainoko garrantzia du lanak".

Isabel Fernandez aholkulari eta trebatzaileagaz eta Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoagaz batera, Bilboko Elizbarrutiko Caritasek antolatutako Sortu beste enplegu bat: posible da solasaldian parte hartu du. Mariñoren esanetan, gaur egun enpleguak duen egoera luzerako izango da. "Nahi dutena esango dute, baina hau ez da bi urtean konponduko". Eta iraupen luzeko langabezian daudenak izan ditu gogoan: Bizkaian, langabetuen %9 dira.

Krisiak lan munduan eragin dituen aldaketez ohartarazi du. Batetik, merkatua mundu mailakoa dela nabarmendu du. Hau da, lanpostua lortzerakoan, lehiakidea edonongo edonor izan daiteke. Eta horrek muturreko espezializazioa sortu du. "Nire aita fabrikan sartu zen, aprendiz moduan. Han egin zuen ibilbide osoa. Ez zuen aparteko prestakuntzarik, eta ez zuen behar izan. Orain, edozein lanpostu eskuratzeko, erabat trebatuta eta espezializatuta egon behar duzu. Gero eta merkatu lehiakorragoa da, eta prest ez dagoenak ez dauka zer eginik".

Enpregua suntsitzen

Dorronsorok ere bat egin du egoeraren larria deskribatzean: "Enplegua suntsitzen ari gara. Krisiaren aurreko egoerara noiz itzuliko garen zain gaude, oro har. Bada, ez dira garai haiek itzuliko". Deustuko Unibertsitateko ekonomialariaren esanetan, azpigaratutako herrialdeetan oinarritu da XX. mendeko bigarren erdian mendebaldeak gozatu duen hazkundea. "Haiek egiten zuten lan merkea, eta haiek kontsumitzen zuten guk ekoitzitakoa. Baina, urteekin, gugandik ikasi dute. Orain badakite euren kasa ekoizten, eta, apurka-apurka, Mexikon, Brasilen edo Indian klase ertaina sortuz joan dira. Orain ez gaituzte behar". Hala, haren ustetan, etorkizuna aurretik ezagututakoaren bestelakoa izango da, "erabat ezberdina". Eta asmatzen zaila. "Krisi hau igarri ez genuen bezala, aldaketak ere ezustean harrapatuko gaitu. 2007an, euskal enpresariek esaten zuten garai hartan geneukan hazkundeagaz urtebetean eskulan barik geratuko ginela. Eta 2008an, bat-batean, langile guztiak sobera!". Edozelan ere, argi dauka laugarren sektorearen aldeko apustua dela gakoa: Alemaniak eta AEBek ikerketaren alde egin dute, eta orain euren industria horren fruituak jasotzen ari da.

Euskal Herriak daukan beste arazo batez ere ohartarazi du Dorronsorok. Egungo populazioaren piramidea eskuetan, 2040koa nolakoa izango den azaldu du: "Geroz eta behargin gutxiago egongo da sektore pribatuan beharrean, geroz eta erretiratu gehiagoren pentsioa eta funtzionario gehiagoren soldata ordaintzeko". Bilakaera horrekin sistema gaur egun dagoen moduan ez dela iraunkorra dio. "Aldaketa behar du, eta seguru nago asmatuko dugula horretan. Baina, horretarako, epe laburreko arazoak konpontzeaz gain, adibidez langabezia, epe ertainera eta luzera begira ere ipini behar dugu gizarte modura".

Eta enpleguak ere aldatu egin behar du. Egungoa baino duinagoa eskatu dute solaskideek: "Gizarteratzen laguntzen duena eta gizarte osoaren onura ekarriko duena". Helburu horregaz ipini du martxan Bizkaiko Caritasek Lan duina, justiziaren muina kanpaina; eta asmo berberagaz sortu zuen Koopera. "Bi arlotan behar egiten dugu: batetik, ohiko lan munduan txertatzen laguntzeko programak ditugu; bestetik, enplegu sozialari lotutako kooperatibak, ingurumenaren eta birziklatzearen arloan", azaldu du Mariñok. Oraingoz, asko landu gabeko sektoreetan baino ez da jorratu halako enplegua. Baina sinetsita dago edozein sektoretan lor daitekeela: "Bankan eta finantza munduan ere bai".

Erabakietan aldaketa

Fernandezek enpresa eta erakundeegaz behar egiten du. "Sarri izaten ditugu topaketak. Enplegu sozialaren aldeko apustua nola egin daitekeen aztertzen dugu haiegaz, eta ikusten dugu ez dutela horren aldeko jarrerarik. Horrek ez diela irabazirik ematen argudiatzen dute. Haien pentsamoldera gerturatu, eta baietz erantzuten diegu. Hasteko, irudia hobetzen lagunduko die, marka sortzen. Eta, epe ertainera, irabaziak ere emango dizkie". Poztu egin da Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak enplegu duinaren aldeko apustua egiten hasi direlako.

Mariñok azpimarratu du guztien zeregina dela: "Kontsumo ekintza bat boto bat da; ekonomia eta enplegu eredu baten edo beste baten aldeko hautua. Kontsumitzerakoan zer aukeratu, hura babesten duzu". Horregatik, norbanako, enpresa eta erakunde publikoei eskatu die kontsumitzerakoan hori gogoan izateko. Klima aldaketa aztertzeko BC3 ikerketa zentroa ipini du adibide. "Euren dokumentuak suntsitzeko, gu kontratatu gaituzte. Aukerak asko dira; ez gara bakarrak. Dituen beharren arabera, bakoitzak ikusiko du enplegu duinaren alde dagoen zein enpresari kontsumitu. Bilatu egin behar da".

Aldundiak lanpostuak sortzeko plan bat abiatu du Hego Uriben

Bizkaian lanpostuak sortzeko Eskualdeak Suspertzeko Programak garatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Eskualdez eskualde, lana sortzeko neurriak hartzen ari da. Iaz ipini zuen martxan lehena, Ezkerraldean eta Meatzaldean. Urtarrilean Enkarterriko plana abiatu zuen. Eta Hego Uribe eskualdera hedatuko du orain. Joan den martitzenean egin zuten programa aurkezteko bilera. Basaurin elkartu ziren eskualdea osatzen duten 11 udalerrietako alkateak eta Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua. Bertatik bertara azaldu zien, bada, egitasmoaren berri: foru aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu eskualdean langabezian dauden 125 herritar lan merkatuan sartzeko asmoz.

Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao, Zaratamo eta Zeberio herriek osatzen dute Hego Uribe. "Krisiak asko zigortu du eskualdea, eta enpresa gehiegi itxi dira azken urteetan", aitortu du Pradalesek. Basauriko Edesa lantegiaren itxiera jarri du diputatuak eskualdearen egoeraren adibide gisa. Azpimarratu du foru aldundiak enpresa ez ixteko hainbat neurri proposatu zituela. "Lanpostuak mantentzeko enplegu plana aurkeztu zitzaion Edesari. Finantzatzeko prest egon ginen. Eta Bizkaiko talde politikoen laguntza izan arren, Fagorrek eragotzi egin zuen. Ez zigun laguntzen utzi".

Edozelan ere, sinetsita dago eskualdeak baduela etorkizunik. "Ilusioa eta motibazioa dugu Bizkaia eta eskualdea aurrera ateratzeko". Bide horretan kokatu du Hego Uriberako diseinatu duten plana. Helburu bikoitza duela adierazi du diputatuak. Batetik, beharrizanik handiena duten pertsonak lan merkatuan sartzea. Eta, bestetik, negozio berriak udalerrietako enpresa ehunaren "bultzatzaile" berriak izatea. "Autoenplegua bultzatzeko bitartekoak eskaini nahi dizkiegu herritarrei".

Laguntza eta prestaketa

Horretarako, eskualdean langabezian dauden 125 pertsonari prestakuntza eta laguntza emango diete: "Negozio plana egiteko eta euren enpresa martxan jartzeko prestakuntza emango diegu". Programaren "onuradunak" langabezian dauden gazteak eta 25 urtetik gorakoak izango dira. Udalerriek, diputazioko teknikariek eta Dema foru sozietateak hautatuko dituzte parte hartuko duten 125 herritar horiek. Diputatuak azpimarratu du hautaketan "herritarren jarrera" hartuko dutela kontuan.

Prestakuntza faseak irauten duen hiru hilabeteetan 350 euroko laguntza jasoko dute hautatuek. Eta euren enpresa martxan jarri ondoren, 5.000 euroko diru laguntza emango die foru aldundiak. Pradalesek azaldu duenez, bere sailak eskaintzen dituen bestelako diru laguntza batzuekin bateragarria izango da.

Aste bi barru jarri nahi dute martxan ekonomia suspertzeko plana Hego Uriben. Bi fasetan garatuko dela azaldu du diputatuak. Lehenik, 63 herritarrekin, eta ondoren, 62rekin: "Hautatuak direnekin era pertsonalizatu batean garatu nahi dugu programa". Izan ere, parte hartuko duten 125 horien %60k euren negozio propioa sortzea gura du foru aldundiak, diputatuak adierazitakoaren arabera.

Hego Uribeko biztanleen %21 daude langabezian gaur egun: "Oso eskualde zigortua da". Pradalesek aitortu duenez, hori izan da Eskualdeak Suspertzeko Plana bertan martxan jartzera bultzatu dituen arrazoi nagusia: "Bizkaian egoera larriena duten eskualdeetan hasi gara. Ezkerraldea eta Meatzaldean abiatu genituen lehenik, eta Enkarterrietan gero. Horregatik gatoz orain Hego Uribera".

Diputatuak iragarri duenez, datozen hilabeteetan zabalduko dute gainontzeko eskualdeetara plana. Hurrengoa Busturialdea izango dela azaldu du. "Bizkaian lanpostuak sortzea da foru aldundiak 2014. urterako duen erronka nagusia".

Erralde zegoen orubean auzo etxea egin gura du udalak

Durangoko hiltegia zegoen lekuan auzo etxe bat jarri gura du Durangoko Udalak. Hiltegiaren eraikina eraitsi ostean —"epe ertainera" egingo dute—, bizilagunen eskaerei erantzungo liekeen gunea eratzea dute helburu. Horretarako, Herria auzo elkarteagaz harremanetan dagoela iragarri du alkateak.

Bilbon, Galizian bezala

Gastronomia azokaBilboItsaskiaren herria Bilbon dago egunotan. MarisGalicia egitasmo gastronomikoak 1.000 metro koadrotik gora dituen karpa bat jarri du Vista Alegre zezen plazan. Hilaren 18ra arte egongo da zabalik.Bost erakustoki eta saltoki atondu ...

Oiolatik deskonektatzea nahi du gehiengoak

Barakaldon Oiolako ura kontsumitzeari uzteko eskaera egin dute, berriz ere, oposizioko alderdiek. Hala, EH Bilduk, EAJk, EBk eta PPk Oiolatik Deskonektatzearen Aldeko Plataformak aurkeztutako mozioaren alde bozkatu dute; agintean dagoen PSE-EEk kontra...