Guztien onura jomugan

Gure bizitzan lana funtsezkoa da, oinarrizkoa. Gure eguna, asteak, urteak, lanaren arabera antolatzen ditugu; baita harremanak ere. Lanez aldatzen bagara, gure errealitatea irauli egiten da”. Eta areago jo du Koopera gizarte sarearen kudeatzaile Javier Mariñok: “Lankide bati galdetu diot ea nola etorri zen: txalupa batean etorri zen. Senegaldarra da. Lagun batek eta biek hartu zuten, hemen enplegua seguru izango zutelakoan. Iruzur egin zieten. Ehun lagun sartu zituzten, kabitzen ez ziren lekuan. Seigarren egunean, ura sartzen hasi zen; ez hondoratzeko, ur edangarria eta elikagaiak itsasora bota zituzten. Biharamunerako, ez zitzaien ezer geratzen, eta hiru egunez egon ziren egoera horretan. Bizia jokatzerainoko garrantzia du lanak”.

Isabel Fernandez aholkulari eta trebatzaileagaz eta Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoagaz batera, Bilboko Elizbarrutiko Caritasek antolatutako Sortu beste enplegu bat: posible da solasaldian parte hartu du. Mariñoren esanetan, gaur egun enpleguak duen egoera luzerako izango da. “Nahi dutena esango dute, baina hau ez da bi urtean konponduko”. Eta iraupen luzeko langabezian daudenak izan ditu gogoan: Bizkaian, langabetuen %9 dira.

Krisiak lan munduan eragin dituen aldaketez ohartarazi du. Batetik, merkatua mundu mailakoa dela nabarmendu du. Hau da, lanpostua lortzerakoan, lehiakidea edonongo edonor izan daiteke. Eta horrek muturreko espezializazioa sortu du. “Nire aita fabrikan sartu zen, aprendiz moduan. Han egin zuen ibilbide osoa. Ez zuen aparteko prestakuntzarik, eta ez zuen behar izan. Orain, edozein lanpostu eskuratzeko, erabat trebatuta eta espezializatuta egon behar duzu. Gero eta merkatu lehiakorragoa da, eta prest ez dagoenak ez dauka zer eginik”.

Enpregua suntsitzen

Dorronsorok ere bat egin du egoeraren larria deskribatzean: “Enplegua suntsitzen ari gara. Krisiaren aurreko egoerara noiz itzuliko garen zain gaude, oro har. Bada, ez dira garai haiek itzuliko”. Deustuko Unibertsitateko ekonomialariaren esanetan, azpigaratutako herrialdeetan oinarritu da XX. mendeko bigarren erdian mendebaldeak gozatu duen hazkundea. “Haiek egiten zuten lan merkea, eta haiek kontsumitzen zuten guk ekoitzitakoa. Baina, urteekin, gugandik ikasi dute. Orain badakite euren kasa ekoizten, eta, apurka-apurka, Mexikon, Brasilen edo Indian klase ertaina sortuz joan dira. Orain ez gaituzte behar”. Hala, haren ustetan, etorkizuna aurretik ezagututakoaren bestelakoa izango da, “erabat ezberdina”. Eta asmatzen zaila. “Krisi hau igarri ez genuen bezala, aldaketak ere ezustean harrapatuko gaitu. 2007an, euskal enpresariek esaten zuten garai hartan geneukan hazkundeagaz urtebetean eskulan barik geratuko ginela. Eta 2008an, bat-batean, langile guztiak sobera!”. Edozelan ere, argi dauka laugarren sektorearen aldeko apustua dela gakoa: Alemaniak eta AEBek ikerketaren alde egin dute, eta orain euren industria horren fruituak jasotzen ari da.

Euskal Herriak daukan beste arazo batez ere ohartarazi du Dorronsorok. Egungo populazioaren piramidea eskuetan, 2040koa nolakoa izango den azaldu du: “Geroz eta behargin gutxiago egongo da sektore pribatuan beharrean, geroz eta erretiratu gehiagoren pentsioa eta funtzionario gehiagoren soldata ordaintzeko”. Bilakaera horrekin sistema gaur egun dagoen moduan ez dela iraunkorra dio. “Aldaketa behar du, eta seguru nago asmatuko dugula horretan. Baina, horretarako, epe laburreko arazoak konpontzeaz gain, adibidez langabezia, epe ertainera eta luzera begira ere ipini behar dugu gizarte modura”.

Eta enpleguak ere aldatu egin behar du. Egungoa baino duinagoa eskatu dute solaskideek: “Gizarteratzen laguntzen duena eta gizarte osoaren onura ekarriko duena”. Helburu horregaz ipini du martxan Bizkaiko Caritasek Lan duina, justiziaren muina kanpaina; eta asmo berberagaz sortu zuen Koopera. “Bi arlotan behar egiten dugu: batetik, ohiko lan munduan txertatzen laguntzeko programak ditugu; bestetik, enplegu sozialari lotutako kooperatibak, ingurumenaren eta birziklatzearen arloan”, azaldu du Mariñok. Oraingoz, asko landu gabeko sektoreetan baino ez da jorratu halako enplegua. Baina sinetsita dago edozein sektoretan lor daitekeela: “Bankan eta finantza munduan ere bai”.

Erabakietan aldaketa

Fernandezek enpresa eta erakundeegaz behar egiten du. “Sarri izaten ditugu topaketak. Enplegu sozialaren aldeko apustua nola egin daitekeen aztertzen dugu haiegaz, eta ikusten dugu ez dutela horren aldeko jarrerarik. Horrek ez diela irabazirik ematen argudiatzen dute. Haien pentsamoldera gerturatu, eta baietz erantzuten diegu. Hasteko, irudia hobetzen lagunduko die, marka sortzen. Eta, epe ertainera, irabaziak ere emango dizkie”. Poztu egin da Eusko Jaurlaritza eta foru aldundiak enplegu duinaren aldeko apustua egiten hasi direlako.

Mariñok azpimarratu du guztien zeregina dela: “Kontsumo ekintza bat boto bat da; ekonomia eta enplegu eredu baten edo beste baten aldeko hautua. Kontsumitzerakoan zer aukeratu, hura babesten duzu”. Horregatik, norbanako, enpresa eta erakunde publikoei eskatu die kontsumitzerakoan hori gogoan izateko. Klima aldaketa aztertzeko BC3 ikerketa zentroa ipini du adibide. “Euren dokumentuak suntsitzeko, gu kontratatu gaituzte. Aukerak asko dira; ez gara bakarrak. Dituen beharren arabera, bakoitzak ikusiko du enplegu duinaren alde dagoen zein enpresari kontsumitu. Bilatu egin behar da”.