Bizkaia

“Arrantzaleen alde egiten dut, baina erosleei kalterik egin barik”

Lekanda itsasontzia porturatu eta harrapatutako bokarta guztia atera baino minutu batzuk lehenago, Bermeoko Kofradiako lonjako ateak zabaltzen ari da, daborduko, Joseba Altonaga Pelisier (Bermeo, 1963). Arrainen enkantea egiteko ardura du. 33 urte daramatza zeregin horretan.

Sakelakoari begira bizi da. "Telefonoz egiten dugu dena. Antzina, talaiariaren figura ere bazegoen. Irrati bidez abisua ematen zioten itsasontziek hari: noiz iritsiko ziren, zer-nolako arrainak zekartzaten... Orain, ordea, sakelakoak daudenez, itsasontzikoek zuzenean niri deitzen didate. Noiz iritsiko diren esaten didate, eta zelako arraina eta zein tamainatakoa dakarten". Gero, erosle guztiei deitzen die hark. "Entzun, 16:30ean iritsiko da itsasontzia. Bokarta dakar, 40-42ko alekoa [40-42 ale kilogramoko]". Azalpen guztiak ematen dizkie.

Txalupak iristen direnerako prest egoten dira lonjan. "Arraina aztertu egiten dugu, zer-nolako kalitatea eta tamaina duen ikusteko. Erosleek egin beharreko deiak egiten dituzte. Eta, arraina saldu ostean, pisatu egiten dugu guztia".

Hegaluzeen kasuan prozesua desberdina izaten dela dio. Lehenik eta behin, pisatu egiten dute arrain guztia. Gau osoa ematen dute horretan, eta eguna argitzean, 07:00etan, saldu egiten dute.

Erosle bakoitzak bere gustua dauka: arrain bat edo beste hobesten dute. "Daukaten merkatuaren arabera —arrain gazituak egiteko, freskoetarako edo arrandegietarako—, bata edo bestea aukeratzen dute. Fabrikak dituztenek, arrain gazitua egiteko, bokarta handia gurago izaten dute, xerra handiak ateratzeko. Arrandegietakoek, ordea, txikia dute gurago".

Bermeon bokartak harrapatzeko lau ontzi besterik ez dela geratzen azaldu du, penaz, Altonagak. "Ezin gara lehiatu beste batzuen antzera. Egunotan arrantzan atera direnek, baina, polito harrapatu dute".

Arrain asko hartzeak, ordea, prezioetan ere eragina izan dezake. "Arlo horretan gauza askok dute zeresana: kalitateak, tamainak, freskotasunak... Ez da berdin estimatzen gauez arrantzatutakoa edo goizean harrapatutako arraina... Zenbat eta freskoago eta kalitate handiagokoa izan, orduan eta garestiago". Beste faktore batzuk ere zerikusia daukate; arrainen salmenta "korapilatsua" da oso. "Beste portuetan zenbat arrain sartu den ere baloratu egiten da".

"Prozesu horretan guztian behar gogorrena egiten duenak eskuratzen du irabazi gutxien, beste lanbide askotan gertatu ohi den bezala". Arrantzaleen kasua da hori. Itsasora atera, eta, baldintza gogorretan lanean aritu eta gero, lonjan, arraina merke zelan saldu den ikusi behar dute. Joan den astean, berbarako, Lekanda itsasontziko bokarta garestiena 2,045 euroan saldu zen, kiloa; merkeena, 80 zentimoan.

"Inor ez dago konforme inoiz bere aukeragaz", adierazi du Altonagak. "Ni bitartekaria baino ez naiz. Herrietako bake epailearen parekoa naiz arrantzaleentzat. Haien alde egiten saiatzen naiz, betiere erosleei kalterik egin barik. Guztientzat ahalik eta lan hoberena, mesedegarriena egiten saiatzen naiz".

Altonagaren arabera, arrainaren kalitateak markatu ohi du erosleak ordainduko duen prezioa. "Arraina kalitate onekoa bada, denak daude erosteko prest. Normalean, arrain saltzaileek garestiago erosten dute, arrandegira ahalik eta azkarrena iristeko. Izan ere, erosketa egindako ordena errespetatzen da gero arraina pisatzeko orduan. Beraz, zenbat eta azkarrago hartu arraina, orduan eta azkarrago bukatuko dute prozesua, eta lehenago iritsiko dira arrandegira".

Beharrean dabilen 33 urteetan, gutxi aldatu da Altonagaren behar egiteko modua. Talaiariaren lanpostua desagertzeaz aparte, enkante eredua ez da ia aldatu. "Pisatzeko modua, kalitatea eta erakusketa era aldatu dira. Arrantzaleak berak asko zaintzen du arraina. Lehenago, izozkailuetan egoten zen arrain guztia, eta ez zen ikusten; orain, den-dena atera behar da kaira. Zentzu onean egindako pausoak asko izan dira. Erosleek arrainaren kalitatea bertatik bertara ikustea ezinbestekoa da. Merkantzia ikusi egin gura dute erosi aurretik".

Enkantea

Erosleak zain ditu Altonagak. Bokartaren kalitatea eta tamaina ikusita, enkantea egiteko eremura sartu dira guztiak. Sei euroan abiatu dute enkantea. Erosle guztiak, isilik eta zain, erruletan bolatxoak bueltaka dirauen bitartean. "Tentsioa nabari da".

"Merke" saldu da. "Normala da, arrain asko dagoelako. Ezberdinak dira goizeko eta arratsaldeko enkanteak. Arratsaldez arrandegiak itxita daudenez, ez dute horrenbesteko interesik arrain freskoa erosteko. Enkantea 07:00etan egin balitz, garestiago salduko litzateke". Biharamunean denetariko arrainak salduko direla iragarri die lankideei. Altonagaren lana zuzenean ikusi gura duenak egunotan dauka aukera, Bermeoko Arrain Azokako erakustaldietan.

Elkarretaratzea bihar, homofobiaren aurka

Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) eta beste hainbat elkartek elkarretaratzera deitu dute larunbat honetarako, Donostian. Homofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela baliatuz, elkarretaratzea egingo dute Donostiako Bulebarrean, ar...

ZEA MAYS ETA WILLIS DRUMMOND, DOAN

Zea Mays eta Willis Drummond taldeen kontzertuak doan entzuteko aukera izango da bihar, Social Antzokian. 21:00etan hasiko dute saioa. Las Tea Party, Planetaleta eta Les Alborregach DJak ere han izango dira. Kontzertuok MAZ Basauri zikloaren barruan a...

Gueñesko Udalak lursaila eskaini dio Osakidetzari ospitale bat eraikitzeko

Gueñesko Udalak 6.000 metro koadroko lursaila eskaini dio Osakidetzari Enkarterriko eskualde ospitalea eraikitzeko. Sodupeko Hurtado de Saratxo auzoan kokatuta dago udalerriak osasun erakundeari eskainitako lur eremua, futbol zelaiaren eta etorkizunean eraikiko duten Bigarren Hezkuntzako institutuaren artean. Proposamenarekin ospitalea eraikitzeko proiektua desblokeatu nahi dutela adierazi du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

2008an Zallako Udalak Karmen auzoko lur eremua eman zion Osakidetzari eskualdeko osasun espezialitateetarako zentro bat eraikitzeko. Baina Ura Uraren Euskal Agentziak adierazi zuen auzo horretan uholdeak gertatzeko arriskua zegoela. Hori dela eta, proiektua geldiarazi zuten. Sei urte pasatu dira ordutik, eta, eraikuntzak aurrera egiten ez duela ikusita, Zallako Udalak Osakidetzari eskatu dio emandako lur eremua bueltatzeko.

Artarazek adierazi du egoera hori ikusita Sodupeko lurrak eskaintzea erabaki dutela udalean: "Berdin da ospitalea non kokatzen den. Kontua da eraiki egin behar dela". Gaineratu du ez duela udalen artean eztabaidarik piztu nahi, baina iruditzen zaio Zallako Udalaren geldialdiak ez duela beste aukerarik uzten: "Eskualdeko beste udalerriren batek ospitalea eraikitzeko alternatibaren bat badu aurkeztu dezala ahalik eta arinena".

Eman dituzten datuen arabera, 4.000 metro karratu beharko lituzke Osakidetzak zentroa eraikitzeko. "Lursaila hori baino handiagoa denez, etorkizunean handitzeko modua ematen du", adierazi du Gueñesko alkateak. Azaldu du ondo komunikatutako tokia dela, autobus eta tren geltokia alboan dituela eta Cadaguako lasterbidea ere 500 metrora duela.

Medikuntzako ikasleak, kexu

Basurtu eta Gurutzetako medikuntzako seigarren mailako ikasleek elkarretaratzea egin zuten martitzenean, Basurtun Medikuntza eta Odontologia Fakultatea eta Erizaintza eskola eraiki ditzatela aldarrikatzeko. Salatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak duela sei urte agindu zuela Basurtuko fakultatea egingo zuela, "baina ez du bere hitza bete".

Leioako campuseko fakultateak "zaharkituta" daudela ohartarazi dute. Gero eta ikasle kopuru handiagoa joaten da, eta instalazioak "ez dira egokiak", ikasleen arabera. Nabarmendu dute Basurtuko egoera ere larria dela. Txapaz egindako irakaskuntza unitatea dutela azaldu dute: "Behin-behineko eraikina izango zela adierazi ziguten, lau urterako, eta gu baino zaharragoa da".

Ikasleek adierazi zuten euren atzetik etorriko diren ikasleak "fakultatea ospitale baten ondoan ez duten Espainiako bakarrak izan ez daitezen" lan egin nahi dutela, nahiz eta ikasketak aurten bukatzen dituzten.

2013ko bukaeran, ikasleek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu zioten Basurtuko fakultateko proiektuarekin zer gertatzen zen argitzeko. Ikasleak aitortu dutenez, "suminduta" daude Errektoretzak eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoa bete ez dutelako. Azaldu dute erakunde biek EHUko lehentasunezko proiektua zena sei urtez atzeratu dutela. Baina, bestalde, unibertsitateko beste hainbat fakultatetan lanak egin dituztela.

IRISGARRITASUNERAKO BERME ESKE

Santurtziko kaleetan irisgarritasuna bermatzeko lan asko egin dela aitortu arren, oraindik alor horretan zeregin handia dagoela dio EH bilduk. Hain zuzen, Juan Crisostomo Arriaga kalearen irisgarritasun arazo larriak aipatu ditu koalizioak: eskailera ...

Usansoloarrak prest galdeketarako

Galdakaotik bereizi eta udalerria osatu ala auzo izaten jarraitu. Hori da datorren azaroaren 23aren usansolotarrek bozkalekuetan adieraziko dutena. Galdeketa antolatu du Usansolo Herria plataformak, eta "desanexioa bai ala ez?" galdera egingo die auzokideei. Argi adierazi du Monika Mena plataformako kideak zein den euren helburua: "Herri izateko sortu ginen, eta hori lortu arte lanean jarraituko dugu: Usansolo Bizkaiko 113. herria izango da".

Galdakaoko erdigunetik ia hiru kilometrora dagoen auzoa da Usansolo. 5.000 bat biztanle ditu. Duela 25 urte hasi zen desanexioaren aldeko mugimendua. Eta prozesuari ere ekin zioten. Lehen galdeketa, eta oraingoz azkena, 1987an egin zuten. Herritarren %85 agertu ziren Galdakaotik bereiztearen alde. Ordutik, etengabekoak izan dira desanexioa eskatzeko aldarrikapenak, eta auzoan ere ahoz aho dabilen gaia da.

Gutxi izan dira Bizkaiko Hitzari desanexioaren aurkako iritzia eman dioten usansolotarrak. Eta jarrera hori agertu duten gehienek ez dute izenik eman nahi izan. Ez da izan Ricardo Zabalaren kasua. Argi adierazi du desanexioaren aurka dagoela, baina haren adiskide Jose Luis Bilbaok kontrara erantzun du berehala: "Ni Galdakaotik bereiztearen alde nago". Bilbaoren ildotik jo dute jasotako iritzi gehienek. Eta, gaiaz galdetzean, hirugarren pertsona erabiltzen dute usansolotarrek Galdakaoz berba egiteko, izan gabe ere, dagoeneko herri direlakoan eta Galdakao ondoko udalerria. Hori da Juanjo Molinaren kasua. Argi adierazi du: "48 urte daroatzat hemen bizitzen, eta herritzat jo dut beti Usansolo". Haren esanetan, auzokideen gehiengoak bere iritziarekin bat egiten du: "2011ko udal hauteskundeetan Usansolo Herria plataformaren alde bozkatu zuten guztiek bat egiten dute eskaera horrekin". 1.593 boto jaso zituen desanexioaren aldeko plataformak; hau da, hautesleen %62,5ek babestu zituen. Eta bi zinegotzi dituzte Galdakaoko Udalean, auzoari dagozkion biak. Molinak dio ez duela erakundeekiko konfiantzarik: "Ez dut uste gure eskaera entzungo dutenik".

Berbagai da auzoan

Amaia Amarika eta Mari Jose Castañares ere desanexioaren alde agertu dira. Baina prozesua "zaila" izango dela uste dute biek. "Usansolo herri bihurtzea oztopatzen duen lege bat onartu zuten duela gutxi", adierazi du Amarikak. 2012an Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako Bizkaiko lurralde mugapeen 9/2012 foru arauaz ari da. Lege horrek, Bizkaian dauden 112 udalerriez gainera, ez du berririk sortzen uzten. Eta onartu zen arte martxan egon diren desanexio prozesuak bertan behera uzten ditu. Usansolo da kasu bakarra.

Iritzi berekoa da Castañares: "Galdakaoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak oso modu txarrean kudeatzen dute auzi hau". Udalak auzoa ahaztua duela uste dute biek, eta hauteskunde garaian soilik erakusten dutela eurekiko interesa. "Europako Parlamentua aukeratzeko hauteskundeak egingo dira laster, eta usansolotarren iritzia jasotzeko bulegoa ireki berri du EAJk auzoan", kexatu da Castañares.

Usansoloko auzokidea da Ramon Hortelano, eta herri izatearen alde agertu da. Miren Elorriaga, berriz, Galdakaoko erdigunean bizi da, eta auzoen Galdakao aldarrikatzen du. Eztabaida piztu da bien artean. Hortelanoren iritziz, bigarren mailako auzokideak dira usansolotarrak Galdakaoko Udalarentzat: "Zentrotik auzoei ematen zaien trataera ez da batere ona". Ez du iritzi bera Elorriagak: "Galdakao ez da erdigunea bakarrik. Auzoen herria da: San Ignazio, Bengoetxe eta Aperribai bezalakoa da Usansolo ere". Baina onartu du Usansolok nortasun propioa garatua duela. Eta Galdakao osatzen duten beste auzoek antzeko arazoak dituzten arren desanexioa eskatzen duen bakarra dela.

Aitortu du Usansoloko auzokideek hala erabakiz gero ez lukeela arazorik izango. Hortelanok argi azaldu du bere aldarrikapena: "Usansolok dituen baliabideak beharrizanen arabera kudeatu ahal izatea litzateke eraginkorrena". Iruditzen zaio azken urteetan plataformak udalean duen ordezkaritzaren lanak fruituak eman dituela eta emango dituela aurrerantzean ere.

Iratxe Arana eta Mikel Viaña ere desanexioaren aldeko usansolotar bi dira. "Baliabide nahikoa dugu udalerri izateko. Usansolok harengandik jasotzen duena baino askoz gehiago ematen dio Galdakaori", salatu du Viañak. Udalak auzoan egin nahi duen zabortegia jarri du horren adibidetzat.

Alde edo aurka egon, usansolotarrek aspalditik daukate desanexioari buruzko iritzia erabakita. Azaroan, bigarrenez, boto bidez agertu ahal izango dute.

‘UHINAK’ SORTUKO DITU GAUR EH SUKARRAK

Uhinak bere azken diskoko kantak eramango ditu EH Sukarrak Bermeoko Kafe Antzokiko taula gainera, gaur. 23:30ean hasiko dute kontzertua. Bermeora joaten direnek aukera izango dute 1989an Eibarren (Gipuzkoa) sortu zen taldearen zortzigarren diskoa zuze...

Dantza bidez, erabakitzeko eskubidea aldarri

MUNGIA. Erabakitzeko eskubidearen aldeko dantza ikuskizun berezia antolatu du Mungiako Gure Esku Dago taldeak, biharko. 17:00etan izango da, Foruen plazan. Euskal Herriko zazpi herrialdeak irudikatuko dituzte berrehun lagunek, dagozkien koloreekaz, za...

100.281

Bizkaian apirilean zeuden langabeak. Martitzenean eman zituen Espainiako Enplegu Ministerioak enpleguari buruzko azken datuak. Apirileko kaleratze eta kontratuak kontuan hartuta, orain 100.281 langabe daude herrialde historikoan; hau da, martxoan baino %0,50 gehiago. Iazko apirilean baino gizon-emakume gehiago dabiltza lan bila; halakorik gertatu den Hego Euskal Herriko herrialde bakarra da.