Igandean egingo dute 2014ko Euskaltel Euskadiko Nesken Surf Biltzarra. Bakioko hondartza hautatu du Euskal Herriko Surf Federazioak aurtengo lehiaketarako. Emakumeen arteko txapelketa izango da igandekoa, eta, 08:30ean hasita, oholaren gainean jarri e...
Bizkaia
Desoreka sozialak arintzeko laguntza eskatu du udalak
SESTAO. Herriko beharrizan sozial eta ekonomikoei buruzko plan bat osatuko du Sestaoko Udalak. Horren ostean, bere gainetik dauden erakundeetara bideratuko du lan hori, beste herri batzuekaz alderatuta dituen desorekak arintzeko laguntza eskatzeko.
Lagatzu eguna, Larrabetzun
Lagatzu Eguna ospatuko dute bihar, Larrabetzun. Euskal jaia egingo dute, hain zuzen. Lehenago, gaur iluntzean motorrak berotuko dituzte. Duo Deno taldeak kaleak girotuko ditu, 20:00etan hasita.Bihar goizean abiatuko dituzte jarduerak. 11:00etan, Cup S...
Herriko aniztasuna abestietan
Nazio, estatu zein futbol taldeen ereserkiak ezagunak izan ohi dira eta asko, erraz identifikatzekoak. Herri batek eta bertako auzo bakoitzak ereserki bana izatea, ordea, bitxiagoa eta bereziagoa da. Bada, galdakoztarrek badute. Bihar aurkeztuko du Juan Carlos Irizar konposatzaileak hamalau abesti horiek biltzen dituen diskoa. "Txistu, soinu eta Bizkaiko dultzainerako" osatutako abestiak dira Irizarrenak, eta hiru urte behar izan ditu lan horiek guztiak amaitzeko. "Auzo guztiei egin diet ereserki bana, bandagaz lekuotara joan naizenean pasatu ditudan une on guztiengatik eskerrak emateko", adierazi du Udal Musika Bandako zuzendari eta ereserkien konpositore denak.
Galdakao herriaren eta bertako futbol taldearen ereserkiak egiteko eskaera jaso zuen Irizarrek. "24 urte bete behar ditut bandako zuzendari gisa. Eta, lan hori bukatuta, bururatu zitzaidan opari bat egin behar nuela. Musikagile gisa, auzo bakoitzari kantu desberdin bat egitea pentsatu nuen". Eremu bakoitzarentzako kantu desberdin bat osatu du. Konpositorea bera ondo sentiarazteko baliagarria izan da lan hori eta "ohorea" izan da beretzat behar hori egitea.
"Batzuei kalejira, jota bat beste bati, zortzikoa, vals-a, balada...". Bakoitzari mota bateko kantua egin dio. Denak ala denak, baina, "sentikorrak, dira, politak", egilearen beraren esanetan. "Toki desberdin bakoitzari doinu bereizi bat eskaintzea erronka bat zen niretzako", azaldu du. "Hainbat bandek elkarregaz jotzen dutenean gozatzeko" moduko musika izango dela aurreikusi du. "Kantu politak dira; hemengo eta hango bandek zein txarangek jotzeko modukoak".
Nori zer konposatu aukeratzeko prozesua, berriz, "lan erraza" izan dela azaldu du bandako zuzendariak. "Auzo horretatik pasatzen nintzenean, galdetzen nien ea zein doinu mota gustatuko litzaieken konposatzea". Plazakoetxeren auzoko konposizioa egiteko prozesua, ordea, bereziagoa izan dela nabarmendu du: "Bandak bertan elkartu ohi gara, herrira sartzeko, eta pasagune modukoa egiten digute. Bikoteak han geratu ohi dira, zain. Beraz, auzo hari balada erromantiko bat egitea pentsatu nuen". Estilo zirikatzailea edo gogorragoa gura izan dutenentzako ere konposizioak egokitu ditu. "Irekita nago ni denera. Ez zait axola". Nahi izan duten estilora moldatu da, beraz, Irizar.
Musika estiloaz haratago, konposizioari dagokionez, bestalde, "teknika barruan" darmala dio. "21 musika tresna ingururentzako konposizioak egin ditut. Jotzen hasi aurretik, baina, badakit nik zelako soinua izango duen abestiak. Bekatu hori barruan sartuta daukat nik; drogen antzerako kontua da. Aspalditik daukat teknika hori barneratuta", esan du.
Lana oraindik amaitu gabe dauka, ordea. Auzo handietarako musikak konposatu ostean, "orain txikietatik" egin baitiote eskaera Irizarri. Edozein modutan, proosamen horiei erantzuteko denbora beharko duela azaldu du, horiei ere ereserki bana egin beharko baitie. Denera, beste lauzpabost abesti sortzeko erronka badu, beraz.
Ereserki horiek herrian entzutea eta erabiltzea "oso polita" izango litzatekeela deritzo Irizarrek. Biharko aurkezpenean diskoa banatuko dute, eta gero salgai jartzeko asmoa dute. Hala ere, bandari zein gura duenari partiturak helarazteko prestutasuna agertu du konposatzaileak. "Nire lana artxiboan sartzerik ez dut nahi", adierazi du. Erabiltzea gurago du.
12:00etan jarri dute biharko hitzordua, Urreta kiroldegian. Udal Bandak eta koruak Galdakaoko eta Aupa Galdakao futbol taldea kantak interpretatuko dituzte. Bi horiek letra dute, eta gainerakoak instrumentalak dira. Kontzertuan dultzaina, soinu eta txistuaren laguntza ere izango dute. Hala ere, hiru edo lau kanturi letra ipintzeko asmoa badute, "auzoetakoek hala eskatu baitute", Irizarren arabera. Abesti guztiak interpretatuko dituzte biharko aurkezpenean, eta auzo bakoitzari ereserkiaren partitura eta CD bana emango dizkie konposatzaileak berak.
Jaiotzez oñatiarra den arren, Aizarnazabalen bizi da. Hala ere, "bihotzez galdakoztarra" dela dio "argi eta garbi". "Bizkaia Gipuzkoa baino gehiago maite dut nik", aitortu du. 1985ean, bere lehenengo diskoa, Donosti Romantico, Xoxoa diskoetxean grabatu zuen eta "orduz geroztik, Bizkaiagaz maitemindu nintzen ni, Benito Lertxundi bezala. Sentimenduen aurka ezin dut ezer egin", adierazi du.
Metaleko mahaia, gori bezain hotz
Urtebeteko liskar eta tirabiren ondoren, maiatzaren hondarrean eseri ziren mahai beraren bueltan lau sindikatu nagusiak —ELA, Euskadiko CCOO, LAB eta UGT-Euskadi— FVEM patronalarekin. 2013ko uztailaren 7an berritu gabe zeuden lan hitzarmenak indarrik gabe geratu ziren, urtebete lehenago sinatu zen lan erreformak hala biltzen zuelako. Eta, epemuga hori baino lehen, itun berri bat sinatzeko ahalegina egin zuten CCOOk, LABek eta UGTk patronalarekin. Eusko Jaurlaritza ere sartu zen auzian, baina akordiorik ez zen lortu.
Urtebete igarotzera doa orduz geroztik, eta epaitegiek gero eta zeresan handiagoa hartu dute hitzarmenen auzian. Baita metalekoan ere. Hain zuzen ere, sindikatu guztiek adostu zuten 2001-2003 urte arteko hitzarmenak gaur egun oraindik indarrean jarraitu behar zuela ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak urte honetako martxoaren 18an. Bestetik, Bilboko merkataritza arloko epaitegiak esan zuen CCOOk eta UGTk hitzartutako 2008-2011 arteko itunak indarrean jarraitzen zuela. Joan den aste hasieran, ordea, EAEko Auzitegi Nagusiak patronalaren alde egin zuen. Sindikatu biek helegitea jarri diote azken ebazpenari. Edozelan ere, une honetan Bizkaian lurralde mailako bi hitzarmen daude indarrean.
Hitzarmenen gorabeherak epaitegietan bukatu beharrean, negoziazio mahaietara itzultzeko proposamena egin zuen maiatzean UGT-Euskadi sindikatuak Bizkai, Gipuzkoa eta Araban. Orain arte, bi aldiz batzartu dira Bizkaiko eragileak, baina jarrera denak ezberdinak dira. Hori bai, sindikatuak bat datoz patronalaren proposamena gehiegizkoa dela. Izan ere, enpresek langileen lanorduak aldatu ahal izateko 250 orduko bermea eskatzen du FVEMek, soldata igoerarik ez proposatzeaz gain. Horren aurrean, sindikatuek ez daukate mobilizazio agenda bateraturik, ezta proposamen bateraturik ere. Datorren asteartean bilduko dira lau sindikatuak patronalarekin, baina inor gutxik espero du aurrerapausorik negoziazioetan.
ELAko Metal Federazioko kidea
2013ko uztaileko negoziazioetan ez zuen parte hartu ELA sindikatuak, eta, orain, "sektorearen babes juridikoa aldatu delako" eseri da negoziazio mahaian. Hala ere, Unai Martinez Metal Federazioko kideak adierazi duenez, adostasunik lortuz gero hitzarmenean biltzen diren baldintzak betetzen direla "ziurtatu beharko da" aurrerantzean. Horregatik, enpresako antolaketari garrantzia eman dio, bestela "ez delako beteko". CCOO eta UGT ere kritikatu ditu Martinezek, Espainian estatu mailako metaleko hitzarmena negoziatzen ari direlako. "Itun hori sinatzen bada, akabo hemengoa". Horregatik, adierazi du sindikatu horiekin ez direla jarriko pankarta beraren atzean, eta LABen jarrera "harrigarria" dela dio.
CCOOko Industria idazkaria
Negoziazio mahaiko jarrerak "urrun" ikusten ditu Javier Gomez CCOOko industria idazkariak. Joan den urteko negoziazioetan LAB eta UGTrekin egin zuten proposamenetik abiatu beharko litzatekeela uste du, nahiz eta hartan 36 hilabeteko ultraaktibitatea proposatzen bazen orain UGT eta CCOOk 24koa izateko aukera aztertzen ari diren. Baina patronalaren jarrera itxiagatik itxaropen gutxi du. "Epaitegien bidearen, enpresa mailako gatazkaren edo akordioaren artean aukeratu behar du". Eta kasurik onena azkena dela uste du. "Horretarako, behar den guztietan eseriko gara". Hala ere, mobilizazioei ez die muzin egiten, "negoziazioarekin bateragarriak badira". Uztailaren 3an, metaleko hitzarmenen aldeko mobilizazio bat egingo dute Arboledan.
LABeko Bizkaiko metalaren arduraduna
LABek joan den urteko negoziazioan defenditzen zuen 36 hilabeteko ultraaktibitate aldiari eusten dio egungo mahaian. Ez hori bakarrik, 2001-2003 arteko hitzarmena aldarrikatzen jarraitzen du, eta akordiorako bidea itun horretatik abiatuta egin beharko litzatekeela dio. Horrela, KPIaren araberako soldata igoera eta baldintzak betetzea bermatzeko blindajea eskatu du. "Patronalak oraindik ez digu erantzun zergatik ez den posible", Natale Landa Bizkaiko metalaren arduradunaren arabera. Erantzuna jaso arte joango dira bileretara. Gainera, akordio hori patronalari ere komeni zaiola dio, "enpresen artean lehia desleiala ekiditeko". Batasun sindikalaren aldeko aldarria ere zabaldu du negoziazio epe horretan, batera mobilizatzeko deia eginez. Asteazkenean kontzentrazioa egin zuten, bakarrik, FVEMen egoitzaren aurrean.
UGTko Metal Federazioko idazkaria
Joan den astean EAEko Auzitegi Nagusiak patronalaren aldeko epaia eman izanak FVEMeko ordezkariei "haizea" eman diela uste du Joserra Manso UGTko Metal Federazioko idazkariak. Hala ere, negoziazioan sinesten du, "posturak gerturatzea baita elkarrizketaren muina". Horretarako abiapuntua joan den uztailean hiru sindikatuek adostu zuten proposamena izan beharko litzatekeela dio. Baina gaitzetsi egin ditu bileren hasieratik mobilizatzeko deia egin dutenak: "Negoziaziorako ez da onena".
‘La llamada’, Bilboko Campos Eliseosen
La Llamada antzezlana taularatuko dute bihar, Campos Eliseos antzokian. Macarena Garcia protagonista duen musikalak fedea du abiapuntu. Rock musika talde bat zuzenean ariko da ikuskizunaren zehar.Nerabezarotik heldutasunera ematen den pausoari buruzko...
Mendexako Marierrotako lanak amaitu dituzte
Jabego publikokoa da Mendexako Marierrota eraikina, eta interpretazio zentroa da gaur egun. Azken denboraleen ondorioz, baina, itxi egin behar izan zuten, enbatek sortutako kalteak konpontzeko. Lanak amaituak dituzte, baina oraindik ez dute zabaldu.XV...
Kontsumo gela, jabe bila
Uztailaren 1erako zen epe muga, baina hilabetez gehiago egongo da zabalik. Hala ere, "malgu" jokatuko dutela argi utzi gura izan du Jagoba Zallo Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaritzako kideak. Bilboko Bailen kalean drogen zaintzape...