“Maila handia dute surfean aritzen diren emakumeek”

Igandean egingo dute 2014ko Euskaltel Euskadiko Nesken Surf Biltzarra. Bakioko hondartza hautatu du Euskal Herriko Surf Federazioak aurtengo lehiaketarako. Emakumeen arteko txapelketa izango da igandekoa, eta, 08:30ean hasita, oholaren gainean jarri eta olatuen gainean irristaka arituko dira egun osoz. Urtero bezala, adinka banatu dituzte lehiaketaren mailak. Eta, horretaz gain, Open lehiaketa ere egingo dute. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute azken horretan. Izena aldez aurretik eman behar da parte hartzeko, eta 1.000 euroko saria jasoko du irabazleak.

Itsasoa du Euskal Herriak, eta, horren eraginez, asko dira gaur egun surfean zaletu direnak. Mundu mailan ere ezaguna den hondartza du Bizkaiak: Mundakakoa. Duen ezker olatua sonatua da kirolean aritzen diren lehen mailakoen artean. Baina Bizkaiko hondartza gehienetan ikus daitezke ohol gainean aritzen direnak. 80ko hamarkadan sortu zen Bizkaiko Surf Federazioa, hainbat surf elkartek bat eginda. Kirola hedatzea zen federazioaren asmo nagusia. Baita lortu ere, eratu eta gutxira Gipuzkoako federazioarekin elkartu eta Euskal Herriko Surf Federazioa sortu baitzen. Bizkaikoa eratu izana Euskal Herrikoa sortzeko lehen urratsa izan zen. Eta hainbat aukera ekarri zituen horrek. Federazioa sortzeak nazioarteko lehiaketak burutzeko aukera eta Euskal Herriaren izena mundu osoan zabaltzeko aukera eman du.

Sortu zenetik hainbat lehiaketa antolatu ditu EHSFk. Eta iganderako saioa jarria du Bakion, urtero ospatzen duten emakumeen arteko lehiaketa egiteko. Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzak txandakatzen dituzte biltzarra egiteko. Eta denboraldiko lehiaketen kokalekuak hartzen dituzte kontuan, hondartzak ahalik eta gutxien errepikatzeko. Hala adierazi du Gabriel Leon federazioko kudeatzaileak.

Emakumeen artean surfa bultzatzeko asmotan sortu zuten Nesken Surf Biltzarra, Leonen arabera: “Emakumeen artean surfa zabaltzeko antolatu zen lehen aldiz”. Kirolean gizonezkoen arteko txapelketa gehiago antolatzen direla aitortu du, baina azken urteetan gero eta emakume surflari gehiago dagoela nabarmendu du. Aurtengo txapelketa “berezia” izango dela adierazi du federazioko kideak: “Emakumeen Biltzarra egiten den hamargarren urteurrena izango da igandekoa”.

Bizkai eta Gipuzkoan, 400 emakume baino gehiago aritzen dira surfean gaur egun. Eta mundu mailako lehiaketetan euskal emakumeen izenak entzun daitezke. Leticia Canales sopelarraren kasua aipatu du Leonek: “Mundu mailako surflarien aurka aritzen da nazioarteko txapelketetan”. Aitortu du surfa egiten duten euskal emakumeen artean gero eta maila handiagoa ikusten duela: “Nire ustez, maila handia dute gaur egun surfean aritzen diren emakume euskaldunek”. June eta Nadia Erostarbe zarauztarrak, Mari Aizpurua donostiarra, Ariane Otxoa bilbotarra eta Garazi Sanchez getxoztarra ere aipatu ditu federazioko kudeatzaileak. Sanchez izan zen iaz Sopelako Arriatara hondartzan egindako Emakumeen Surf Biltzarreko garailea: “Oso gazteak dira. Gehienek 25 urte inguru dituzte, baina maila ikaragarria dute”.

Berriz elkartuko dira igandean, Bakioko hondartzako uretan. Euskal Herriko emakume surflariez gain, lehiaketak beste hainbat tokitakoak erakartzeko helburua duela adierazi du Leonek: “Galiziatik eta Asturiastik ere etortzen dira parte hartzera. Federazioko kideok antolatzen ditugun txapelketak irekiak izan daitezela nahi dugu”.

Adinka banatu dituzte igandeko lehiaketarako mailak. Lau antolatu dituzte guztira: 12 urte bitartekoentzat, 14 urtekoentzat, 16koentzat eta 18koentzat. Baina, horiez gain, txapelketa irekia ere egingo dute, nahi duenak parte har dezan. Izena aldez aurretik eman behar da horretarako, eta irabazleak 1.000 euroko saria jasoko duela adierazi du Surf Federazioko kudeatzaileak.

Zirkuituaren parte

Igandekoa ez da Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen txapelketa bakarra. Biltzarrean lortzen duten puntuazioak federazioak antolatzen dituen Ikastxiki eta Euskal Surf zirkuiturako balio du. Hiru probak osatzen dituzte zirkuitu horiek, eta emakumezko zein gizonezkoentzat antolatzen dituzte. Gizonezkoek irailean izango dute lehen lehiaketa, Sopelako Arriatara hondartzan. Eta lehen hogei postuetan geratzen direnak Mundakan arituko dira bigarrenez. Emakumeen kasuan, Sopelako eta Zarauzko lehiaketak izango dituzte igandeko Nesken Surf Biltzarraren ondoren. Leonek adierazi du lehiaketa guztietan lortzen duten puntuazioaren emaitzaren arabera jasoko dituztela azken sariak.

Udan egiten diren lehiaketetan ikusle gehiago batzen dela azaldu du: “Eguraldiak eragin handia izaten du”. Baina bestelakoetan surflariak eta horien senide eta lagunak joaten direla jakinarazi du. Igandekoa egun “polita” izango delakoan dago federazioko kidea: “Egunsentiarekin batera hasiko gara mailakako txapelketekin, eta iluntzera bitarte iraungo du; hamabi ordu inguru egingo ditugu hondartzako olatuei begira”.

Horrez gain, Leonek iragarri duenez, uztailaren 23an Euskal Herriko txikien lehiaketa egingo dute, Sopelan. Eta handiena, berriz, urrian egingo dute, Donostiako Zurriolako hondartzan.