Natalia Salazar Orbe
Jaialdi handien artean handia zen orain arte ere. Are handiagoa egin dute aurten. Kobetamendik eskaintzen dituen ingurune eta ikuspegi ikusgarriak azken tantaraino zukutu nahi ditu aurten BBK Live jaialdiak. 96 taldez osatutako egitaraua estreinatu zuen atzo.
Asteburuko proposamena
Indarra, oholtza gainean
Natalia Salazar Orbe
Historian zehar bereizi egin dira herri musika eta musika kultua. Herri musikak ez du izan musika kultuak besteko aitorpenik. Gaur egun ere hala gertatzen da, sarri asko. Batere aitorpenik ez zuten estilo batzuek, ordea, prestigioa lortu dute urteekin. Jazzarena da adibiderik argienetako bat. "Basatien musikaren itzulera" gisa deskribatu zuen New York Times egunkariko kazetari batek, 1924an. Handik hamarkada batzuetara, AEBetako Kongresuak "ohiz kanpoko altxor nazionaltzat" jo zuen. Ibilbide oparo horretan aurrera egin du jazzak, eta mundu osora zabaldu da. Euskal Herrian ere sustraitu da. Bizkaian, erro sendoak ditu Getxoko jaialdiak. Han dute zaleek urteroko zita. Asteazkenaz geroztik martxan dute Nazioarteko 42. Jazzaldia. Izen handiko artistak igoko dira oholtzara. Gaurtik igandera bitartean Algortako Biotz Alai plazan ikusi ahalko dira Billy Hart, Chano Dominguez eta Michel Camilo.
Bilboko kaleak, hankaz gora
Natalia Salazar Orbe
Eraikin handien artean, antzoki bat. Ibilgailuen joan-etorri zaratatsuak saihestuta, ez entzunarena egiten duen zirku karpa bat. Oinezkoen begirada arretatsua erakartzen duten ikuskizunak aire zabalean. Hastear da Bilboko kaleak berriz ere agertoki bihurtuko dituen beste ekinaldi bat. Lurreratzear da XIX. Kalealdia. Astelehenean hasi eta larunbatera bitartean, nazioartean arte eszenikoen alorrean erreferente diren 26 konpainiak 60 ikuskizun baino gehiago taularatuko dituzte. Gehienak aire zabalean, eta doan.
Doinuek kalea astintzeko egunak
Natalia Salazar Orbe
Eguzkiaren aroari ongietorria. Suaren garrek argiztatutako urteko gaurik laburrena. Kantuak, dantzak, saltoak... Udako solstizioa iritsi dela ospatzeko unea. Horixe irudikatzen du San Joan gauak. Zornotzan garrantzi handia izan du, betidanik, ospakizun horrek.
Soineko dirdiratsua jantzita
Natalia Salazar Orbe
Eguna irauli. Gauari astindua eman eta kalera atera. Iluntasuna argitu eta jardueraz betetako ospakizunez gozatu. Horixe proposatu du, beste urtebetez, Gau Zuriak. Bilboren sorreraren 718. urteurrena ospatzeko, argiz, musikaz, kolorez eta ikuskizunez jantziko ditu hiriko hainbat kale eta txoko.
Espazioaren konkista
Natalia Salazar Orbe
Hirigunetik eta ohiko aretoetatik alde egin dute, aurten ere, arte eszenikoek. Bestelako eremuen bila, izaera propioa duten lekuetan lurreratzen hasiak dira Bilbon. Auzoz auzo, kalean, denen esku aurkezten ari dira gogotsu prestatutako lanak. Denetarikoak: zirku garaikidea, clown-ak, magia, ikus-entzuleen parte hartzea eskatzen duten jarduerak zein kaleko antzerki ikuskizunak. Hiri osoko oihala maiatz hasieran altxatu ostean, martxan jarraitzen du Eszena Kalera programak.
Urtetik urtera handituz doa eskaintza. Aurten, 24 konpainiak 58 emanaldi eskainiko dituzte, denera. Maiatzean hasita, irailera arte izango dira saioak. Iaz, hemezortzi taldek 50 emanaldi programatu zituzten.
"Kalitatea, originaltasuna eta berrikuntza". Horiek dira datozen hiletan Bilboko auzoetan ikusi ahalko diren lanen ezaugarri nagusiak. Hala ekarri du gogora antolatzaile lanetan aritu den udalak. Asteburuan bertan aurkituko dituzte ikus-entzuleek lan berritzaileon zenbait eredu.
Ume, gazte eta heldu asko ere erakartzen dituzten bideo jokoak ditu oinarri horietako batek. Pac-man dantz ikuskizuneko protagonistek dantzan jarriko dituzte ikus-entzuleak. Ameztu Produkzioak konpainiako aktoreak agertokiaren gainean zein ikusleekin bat eginda ariko dira, gora eta behera.
Pantailako bola guztiak jatea helburu zuen Pac-man bideo joko ospetsuan parte hartuko du Txema Forok. Joko horrek berezitasunak ditu, ordea. Bolatxoak jateko dantzan egin behar da. Egin beharko dituen dantza proba guztiak gainditzeko, DJ Casetteren laguntza izango du, baita bertaratzen diren ikus-entzuleena ere.
Familia osoarentzako emanaldi gisa aurkeztu dituzte denak. Hortzmuga konpainiak Femmes eramango du, gaur, Zorrotzako Azoka plazara. Neoaktibista sozial bilakatu diren adineko emakume batzuen aldarrikapen kantua dakar ikuskizunak. Politikoki egokitzat jotzen ez den aldarrikapen bat egingo dute goitik behera beltzez jantzitako antzezleek. Kalean zein espazio publikoetan esku hartzeko pentsatuta dago, sorreratik bertatik, ikuskizuna. Publikoaren parte hartze aktiboa bilatuko dute protagonistek.
Zientzia fikzioa ekarriko du asteon taularatuko duten hirugarren ikuskizunak. Espazio zabalaren eremu txiki bat bihurtuko da Atxuriko Enkarnazio plaza, gaur. Bi espaziontzi batetik bestera ibiliko dira, hegan, bakoitza bere aldetik. Oinezkoei espazioko mapak aurkeztu eta norantz egin behar duten galdetzen ariko dira, eta asko eta asko ezustean harrapatuko dituzte astronauta lanetan ariko diren antzezleek.
Hegan doazela, bi espaziontzien ibilbideak gurutzatu egingo dira, eta Enkarnazio plazan topo egin eta elkar joko dute. Ordura arteko egoera are bitxiago bilakatuko da handik aurrera.
Trafiko istripuetan gertatu ohi den legez, aseguruaren kontuak konpontzeko agiriak aterako dituzte astronautek. Eztabaidan hasiko dira. Elkar ulertzerik ez dutenez izango, kaskoak kenduko dituzte. Eta orduan iritsiko da ezusterik handiena. Primate bana azalduko da kasko bakoitzaren azpitik; baina bata espezie batekoa da, eta bestea, beste batekoa.
Uztail eta irailean ere bai
Horiexek dira asteongo saioetan ikus-entzuleek aukeran izango dituzten emanaldiak. Hala ere, aukera handia eta zabala dute oraindik. Orain artean, maiatzera eta ekainera mugatzen zen programa. Aurten, uztailean eta irailean ere eskainiko dituzte ikuskizunak. Saioak euskaraz edo gazteleraz zein mutuak izango dira, eta gaiak eta estiloak ere askotarikoak izango dira.
Berritasuna ez da auzoak kultur arloko sormen lan ugariren agerleku bilakatzea. Azken urteetako berritasuna da zirkuitu baten gisa diseinatuta datozela aspaldion emanaldi horiek. Euskal Herriko kale arteen zirkuiturik handiena bilakatuta dago, hala, Bilboko Eszena Kalera programa.
Kale Nagusia eta Areatza kaleko emanaldi handien taula bihurtuta ikustera ohituta daude bilbotarrak zein bisitariak. Oraingo honetan, Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Ignazio, Irala, Ibarrekolanda eta Atxuri hartuko dituzte kaleko artistek. Horixe da-eta programaren helburua: "Zenbait proposamen eszeniko auzoetara hurbiltzea, bertako kaleak animatzea eta auzokideen parte hartzea eta era horretako ikuskizunekiko harremana bultzatzea". Horrez gain, arte eszenikoetako bertako profesional eta taldeei euren lanak ikus-entzuleei hurbiltzeko aukera ere eskaintzen diete.
Bilboko Zirkuitua areto barruko emanaldien programari lekukoa hartu dio, hala, Eszena Kalera programak. Programazio deszentralizatua eta arte eszenikoak indartzeko beste bultzada baten gisara aurkeztu du udalak.
Uda eta haren ostekoak
Programak eten bakarra izango du: abuztuan. Hiria hustu ohi den garaian, kaleko emanaldiak ere eten egingo dituzte. Irailean itzuliko da, kaleko giro biziaren parte gisa. Besteak beste, Trapu Zaharra konpainiak Sefini eramango du Olabeagara. Euren atrezzo guztia saltzera kalera aterako diren bi komikoren istorioa plazaratuko dute. Konpainia zahar bateko bi aktore beterano dira. Kontratu prekarioak besterik lortzen ez dutela eta, konpainia itxi behar dute. Material guztia saltzen duten bitartean, euren ibilbide artistikoaren errepasoa egingo dute.
Arte eszenikoetako sektorearen egoera ezegonkorraren isla izan daiteke, beraz, antzezpena. Errealitatetik gertu egon zitekeen istorio hori fikzioa eta zientzia fikzioa ardatz dituzten beste istorio batzuekin nahastu edo tartekatuko da. Kalitatea eta umorea ez dute faltako antzokiko sabaia zerua izango duten ikuskizunek.
Enara askeen oihartzuna
Natalia Salazar Orbe
Enaden Begiak jardunaldi ekologistak egingo dituzte Ean bihar eta etzi. Energia nuklearraren aurkako borroka ezagutarazita, topaketok memoria historikoa eta indarren bilgunea izatea dute asmo. Azalduko dute, Lemoizen ez eze, Ogeian ere geldiarazi egin zutela zentrala egiteko asmoa.
Bilbo Zaharrari astindua
Natalia Salazar Orbe
Iluntasuna kolorez jantzi eta bazterketari askotariko ekinaldien bidez erantzun dion auzo indartsu eta bizia da Bilbo Zaharra. Eragile eta elkarteen lanari esker, kultur adierazpen ugariren sorleku bihurtu da. Auzotarrek eurek bizi...
Kaleak umorerako plaza
Peru Azpillaga
Kaleak eta artea. Ezingo litzateke ulertu bata bestea gabe. Kalean marrazten da eguneroko bizitza eta arteak koloreztatzen du bestela grisa eta hutsa izango litzatekeen zirriborroa.
Sudur gorrien atzetik
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Gero eta gehiago errotzen ari dira clown jaialdiak Bizkaiko herrietan. Askatasuna irudikatzen dute clownek, nonbait, eta terapia pertsonal gisa jotzen dute askok horiek ikusi edota interpretatzera, nork bere barnean gordeta dituen alde guztiak inolako lotsarik gabe ateratzeko bide modura. Ezbairik gabe, pertsonaia bitxiak dira clownak, eta umorea, kritika soziala edota haserrea nahasteko gaitasuna dute; beti ere, hitzik egin gabe. Horixe dute xede nagusi: isiltasunetik ahalik eta sentimendu gehien adierazten saiatzen dira clownak. Bada, pertsonaia bitxi eta maitagarri hauek maite dituztenek badute non aukeratu, clown jaialdi bana jasoko baitute Bilbok eta Arrigorriagak asteburuan.