Asteburuko proposamena

Euskal giroko ospakizuna

Algortako San Nikolas ikastolaren 50.urteurrenaren inguruko ekitaldien barnean, Euskal Jaia antolatu dute biharko. Mende erdi, ez ordea gehiegi lelopean, urte osoko egitarau zabal bat prestatu dute ikastolakoek. Bihar, baserritar edo arrantzale jantzita joateko deia egin dute. Herritar denak gonbidatuta daudela nabarmendu dute: "Algortar guztiak etor daitezela, urteurrena denon artean ospatzeko", dio ikastolako Gaizka Arrizabalagak.

Txistularien eta fanfarrearen musikaz girotuta hasiko dute eguna, 09:30ean. Horien musika lagun dutela, 11:00etan hasita, herriko dantza taldeek kalejira bat egingo dute Telletxe plazara heldu arte. Han, dantza emanaldi bat egingo dute. Baserriko produktuen erakusketa ere egongo da. Teilagorri plazan izango dira ikusgai goiz osoan, 11:00etatik 15:00etara. Hamar bat erakusmahai ipiniko dituzte.

Bestalde, umeentzako hainbat ekitaldi egingo dituzte. Besteak beste, 11:00etatik 14:00etara, herri kirolak izango dira Bihotz Alai plazan. Zenbait tailer ere egingo dituzte. Herri bazkaria 15:00etan egingo dute Zabala eskolan. Ostean, bertso kafea izango dute, Algortako bertsolari eskolakoekin.

Arratsaldean, Telletxe plazan, Iñaki Perurenak erakustaldia egingo du. 19:00etan, Getxoko antzerki eskolako kideek eta San Nikolas ikastolako zenbait ikaslek kale antzerkia egingo dute. "Algortako Erdi Aroko giro euskaldunaren inguruko antzezlana izango da". 17:30etik 20:00etara bitartean, Osabi taldeak herriko tabernak girotuko ditu. Eguna biribiltzeko, herri erromeria egingo dute Telletxe plazan, Erdizka Lauetan taldearen eskutik. Gero, Beñat Gantxegi DJaren emanaldia izango da.

Gaurtik, jai giroa

Girotzen hasteko, arratsalde musikala antolatu dute gaurko. Bertsoband saioa eta Bihotz Alai abesbatzaren emanaldia izango da 18:00etatik 21:00etara bitartean. Bertsoband-ean, Algortako musika bandaren doinuak eta Paya anai-arreben bertsoak uztartuko dituzte.

Bestalde, urteurreneko ekitaldien barnean, hamar asteburutarako mendi irteerak antolatu dituzte. Bihar eta etzi, adibidez, Kalamendi (314 m), Kamaraka (800 m), Besaide (564 m), Mello (633 m) eta Lekanda (1.302 m) tontorretara joango dira.

EUSKAL JAIA

Zer.San Nikolas ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko Euskal Jaia egingo dute.

Non. Algorta, Getxo.

Noiz. Bihar, egun osoan.

Urteurren borobilak

Hor Dago Abante konpartsak hogei urte bete dituela eta BERRIA-ren hamargarren urteurrena ospatzeko bazkari bat egingo dute bihar. "Urtebetetzeak normalean otorduen inguruan ospatzen direnez, zer hobea bazkari bat baino", adierazi du Arantza Ibabek, Ho...

Animaliak protagonista

Baserritarren azoka

Morga

Beste urte batez, lehenengo sektorea babesteko eta sustatzeko asmoz, Morgako Udalak XIV. Morgako Azoka antolatu du domekarako. Salerosketak eta erakusketak ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere izango dira goiz osoan. 10:00etatik aurrera, herritarrak eta bisitariak euskal nekazaritzara gerturatuko dira ohiko azokaren bidez. Aurten, 28 postu ezarriko dituzte Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian. Horietan, sor-marka duten produktuak eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera egongo da. Besteak beste, honako produktu hauek dastatu eta erosi ahal izango dira: ogia, gozokiak, euskal pastela, gazta, eztia, sagardoa, txakolina, txokolatea, patea, kontserbak, marmeladak eta nekazaritza ekologikoak ekoitzitako produktuak.

Beste alde batetik, artisautza lanak ikusi eta erosteko abagunea izango da. Adibidez, altzariak eta egurrezko tailuak, beiraz eta larruz egindako produktuak, zilar bitxigintza, esku pilotak, oleoak, grabatuak, eskuz margotutako kamisetak eta artilezko abarkak eta galtzerdiak egiten dituzten eskulangileak egongo dira azokan. Gainera, kasu askotan, artisauek lana nola egiten duten zuzenean ikusteko aukera izango dute bisitariek.

Giro ona izango da. Ohiko moduan, taloak dastatzeko postu bat jarriko dute plazan. Horrez gain, txosna bat ere jarriko dute, eta musikak herriko kaleak girotuko ditu goiz osoan.

Zaldi probak

Ekitaldi nabarmenen artean, zaldi proben erronka dago. 13:00etan hasiko da, eta, aurten, Amalloko Giñerregiren Guda eta Munitibarko Motrolluren Lai arituko dira lehian. Zaldiek 1.010 kiloko pisua duen harria mugitu beharko dute, ordu erdiko bi saiotan.

Zaldiak ez dira izango azokako animalia bakarrak. Batetik, arrano eta belatzen falkoneria ikuskizuna egongo da. Bestetik, goiz osoan, animalia exotikoen erakusketa bat antolatu dute.

XIV. MORGAKO AZOKA

Noiz. Domeka honetan egingo dute azoka.

Non. Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian antolatuko dira ekintzak.

Herrietako lehen jaiak

Bizkaiko herrietako jaien egutegia gaur bertan hasiko da. San Jorgeren omenezko festak izaten dira herrialde historikoan lehenengokoak. Santuaren eguna datorren martitzenean izango da, baina Santurtzin gaur bertan hasiko dira ospakizunekin. Gueñesen ere bihar egingo dute haren omenezko erromeria.

Ezkerraldean, gaur bertan emango diote hasiera San Jorge jaiei. Egitarauan makina bat ekitaldi jaso dituzte, bi asteburuetarako eta martitzenerako. Santurtziko parke nagusian hasiko dira festak, umeentzako tailer eta puzgarriekin. 18:00etan, gainera, kale animazioa izango da, Ku-Klux txarangarekin. Gauean ere ez da musikarik faltako: arrantza portuan, Hirukoa, Para gustos & Veneno Hellz eta Dex taldeek kontzertua emango dute. Hirurak Santurtziko musika taldeak dira, eta hip hop doinuak sortu eta abesten dituzte.

Hori ez da izango herriko musikarien lanak ezagutzeko aukera bakarra. Hurrengo asteko asteburuan ere, barikuan hain zuzen, beste hiru rock talde igoko dira arrantza portuan jarrita egongo den agertokira: Deskuadre, Dias Negros eta The Name. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira.

Bihar, berriz, Egan taldearen erromeriak jarriko die dantzatzeko musika jai zaleei. Txakolinari eskainitako eguna biribiltzeko aukera aparta izango da. Hain zuzen ere, goizetik egongo da aukera Bizkaiko mahastietako salda dastatzeko. Gernika parkean egongo dira erakustokiak atonduta. Horrez gain, 12:00etan bisita gastronomiko gidatua egingo dute, txakolina pintxoekin laguntzeko. Herriko tabernetan egingo dute, eta 8 euro ordaindu beharko du parte hartu gura duenak. 13:00etan, herri kirol erakusketa egingo dute: besteak beste, Iñaki Perurena ibiliko da harri-jasotzen. Erakustaldia arrantza portuan egingo da.

Gueñesen, egun bakarrean

Hirugarren urtez, Gueñesko Lasier, Lanbarri eta Sologutxi auzoetako bizilagunak festa giroan elkartuko dira. Izan ere, bihar, San Jorge ermitaren inguruetan erromeria egingo dute. Ohitura hori duela lau hamarkada galdu zen, eta azken urteetan berreskuratzeko ahalegin berezia egiten ari dira. Horrela, bada, goizean goiz hasi eta gauera arte izango dute zertaz gozatu Enkarterriko inguru horretara doazenek.

Goizean, Enkarterriko lehen sektorearen erakusleiho garrantzitsua izango da erromeria gunea. Eskualdeko nekazari, abeltzain eta eskulangileen produkturik onenak ezagutu eta erosteko aukera egongo da. Azoka girotzeko, gainera, dantza alardea eskainiko du herriko dantza taldeak. 13:15ean izango da jai eguneko une garrantzitsuetako bat: Unai Llantada Zallako alpinistak pregoia irakurriko du. Eguerdian, putxeran egindako indaba txapelketa jokatuko dute. Han prestatutako lapikokoa izango dute herri bazkariko jaki nagusia, gainera.

Arratsaldean, berriz, musikarik ez da faltako. 18:00etan, umeen koreografia lehiaketa egingo dute. Iluntzean, Nueva Banda izeneko taldeak dantzatzeko doinuak joko ditu. 20:30ean hasiko da dantzaldia, eta festa bukatu arte ariko dira musika jotzen. Bien bitartean, saiheskia eta txokolate beroa banatuko dituzte, jai zaleak indarberritzeko. 23:00etan bukatuko da festa.

Ezkongaien bueltan

Euskal ezkontza

Abanto

Astelehenetik Abanto Euskal Astea ospatzen ari da. Egunero-egunero makina bat ekitaldi izan dituzte, bereziki ume eta ikasleentzat prestatutakoak. Gaurtik domekara bitartean, ordea, adin guztietako herritarrek izango dute gozatzeko aukera. Batez ere, bihar, euskal ezkontzaren antzezpena dela eta.

Eguerdiko hamabiak jotzearekin batera hasiko da ezkontzako erritua. Ezkongai bakoitza bere etxetik irtengo da, 12:00etan. Andregaia Murrietan egongo da eta senargaia San Lorenzon. Ibilbidea Abanto Musika Eskolak eta Aldatz Gora fanfarreak lagunduta egingo dute.

Abiatzen direnetik ordu erdi igarotakoan, Haritzalde plazan elkartuko dira bi ezkongaiak eta haien segizioak. Dotea irakurriko dute. Horretarako, eskualdeko bertsolarien eta txalapartarien laguntza izango dute. Amaieran, Enarak dantza taldeak dantza egingo die ezkongaiei.

Ezkontza bera 13:00ean izango da. Abantoko San Pedro Apostoluaren eliza aukeratu dute horretarako. Elizkizuna hainbat abesbatzak girotuta egongo da. Besteak beste, Otxote Muñatones, Sanfueseteko Emakumeen Elkarteko Korala eta Carrerasko San Pedro Hogeita Lau abesbatzako kideek kantatuko dute mezan. Bukaeran, berriz ere, Enarak dantza taldeak dantza egingo du ezkonberrien aurrean. Saioa aurreskuarekin bukatuko dute.

Meza ostean, trikipoteoa egingo dute Haritzalde plazan. Fanfarreak, musika eskolako musikariek eta abesbatza batek girotuko dute ibilera. 15:00etan, berriz, herri bazkaria egongo da Carrerasko pilotalekuan. Sartu ahal izateko, euskal jantzi tradizionalak eroan beharko dira jantzita. Eztei ospakizunekin bukatzeko, pilotalekuan bertan euskal erromeria egingo dute, Erdizka Lauetan taldekoekin.

Domekan bukatuko da Abantoko Euskal Astea. 12:00etan, euskararen aldeko bizikleta martxa hasiko da, herriko AEKren euskaltegiaren eskutik.

EUSKAL ASTEA

Noiz. Domekara bitartean. Bihar, euskal ezkontza antzeztuko da.

Non. Abanton.

Euskadiko Xake Txapelketaren azken partidak jokatuko dituzte asteburuan

Euskal Herriko 26 xakelari lehiatuko dira Zornotzan Euskadiko 28. Xake Txapelketan. Irabazleak 800 euroko sariaz gain, Espainiako Xake Txapelketarako sailkatzea lortuko du.

Xakelarien teknikak eta jokaldiak ikustera edonor joan daiteke, partidak irekiak baitira. Alabaina, Zornotzara joan ezin direnek Internet bidez zuzenean ikus ditzakete saioak udalerriko xake elkartearen webgunean: zornotzakoxakeelkartea.com helbidean. Partida gehienak arratsaldez jokatuko dituzte, baina domekan goizez egingo dute azken erronda.

Beste urte batez kalitate oneko jokalariak bilduko dira. Lehian ariko dira, besteak beste, Alejandro Franco, Iñigo Argandoña, Santiago Gonzalez, David Artasio eta Patrice Etxegarai.

Halaber, aurtengoan lau zornotzar sailkatu dira; Zornotza Xake elkarteko Luis Javier Arias, David Diez, Jose Martin Albo eta Jon Asel Goiria.

XAKE TXAPELKETA

Zer. Euskadiko 28. Xake Txapelketa.

Non. Zelaieta zentroan.

Noiz. Gaur eta bihar, 16:00etan hasita. Etzi, 09:00etan hasita.

Bitxikerien zaleen topaleku

Asteburu honetan bildumagileen topagune bihurtuko da Mungia. Bitxikiak 2013 izeneko bilduma zaleen hamaikagarren azoka egingo dute. Urtero bezala egitarau zabala prestatu dute Bitxikiak bilduma zaleen elkartekoek. Herriko dendak ere azoka honetarako beren-beregi atondu dituzte, 33 saltokitan hainbat bilduma ipini baitituzte ikusgai.

Herriko kiroldegian egingo dituzte ekitaldi nagusiak. Azokan egongo dira hainbat elkarte, haien bildumak erakutsiz. Halaber, salerosketetarako eta trukerako gunea ere jarriko dute. Panpinen etxeak, komikiak, egunkari zaharrak, kirola egiteko oinetakoak, Coca Colaren pinak, Nancy panpinak, antzinako giltzak, telegrafoak... askotariko bildumak egongo dira, hara biltzen direnen gozagarri.

Hiru biltzar

Gaztegunean, ostera, biltzarrak egingo dituzte. Hain zuzen ere, hiru antolatu dituzte aurtengoan. Tartean, lurrinen bildumazaleen 21. topaketa egingo dute, eta, horrekin batera, Lurrin bat, bitxi bat erakusketa ere egongo da. Era berean, Lego zaleen 5. topaketa ere egingo dute, Antonio Bellonek koordinatuta. Lego-en inguruko ikastaro eta tailerrak ere prestatu dituzte gazteentzat. Bestalde, Pez gozokien lehenengo topaketa da aurtengo nobedadea. Igor Lopezek koordinatuko du.

Suhiltzaileen erakusketa

Horrez gain, Suhiltzaile kontuak erakusketa zabaldu dute gaur, udaletxeko erakusketa aretoan. Lanerako arropak, kaskoak, armarriak eta beste hainbat objekturekin osatu dute.

Alberto Santiagoren —Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaile ohia—, Jon Santistebanen —Bilboko Udaleko suhiltzailea—eta Joselu Santamariaren—Aiarako Haraneko suhiltzaileen patzuergoko kidea— laguntzarekin antolatu dute, eta hil honen erdialdera arte egongo da ikusgai.

Gainera, bihar eta etzi, hainbat garaitako suhiltzaileen ibilgailuak jarriko dituzte ikusgai Matxin plazan.

BILDUMA ZALEEN AZOKA

Zer. Bitxikiak 2013, Bildumazaleen 11. Feria.

Non. Mungiako kiroldegian.

Ordutegia. Bihar 10:30etik 14:30era, eta 16:30etik 20:30era. Etzi, 10:00etatik 14:30era.

Erakusketa orduak. Astelehenetik eguenera, 18:00etatik 20:30era. Bariku eta zapatuan, 11:00etatik 14:00etara eta 18.00tatik 20:30era. Domekan, 11:00etatik 14:00etara

Pauso memoriadunak

Dantza

Sopela

Aukera dantza konpainiak Gernika, mihise gaineko dantza ikuskizuna aurkeztuko du bihar Sopelako kultur etxean.

1937ko apirilaren 26an Gernikan gertatu zen bonbardaketaren kontakizuna da; protagonisten ahotan, lehenengo pertsonan azalduta. Hain zuzen ere, hainbat herritarrek beren bizipenak eta testigantzak kontatzen dituzte.

Ikuskizun horrekin hausnarketa eragin nahi dute, zenbait giza errealitatera hurbilduta. Horretarako, bonbardaketan hil zirenek —berpiztu ostean— azaltzen dute gertaturikoa. Ezbeharraren aurretik nolako bizimodua zuten eta bonbardaketak utzitako ondorioak kontatzen dituzte. Dantza tradizionala eta garaikidea batzen ditu emanaldiak. Memoriaren bidez bizi berri batean berpiztea posible dela adierazten dute dantza emanaldiko protagonistek.

Argi eta koloreez gain, doinuak ere garrantzia dauka: Aitor Amezagak konposatutako musikak eta Pablo Sorozabalen Gernika martxa ezagunak girotzen dute ikuskizuna. Era berean, Alaitz Ormazabalen ahotsak ere Gernikako sarraskiaren memoria "bizirik mantentzen" laguntzen du, konpainiako kideen esanetan. Izan ere, narratzaile zein abeslari moduan, kontu eta bertso zaharrak uztartuz, gertatu zena azaltzen du.

Aldez aurretik sarrera erosi gura dutenek udaletxean, Kurtzio kultur etxean edota Larrabasterrako Sopelarin bulegoan eskura dezakete sei eurotan.

Lehengoa gaurkotuz

Orain dela hamasei urte sortu zuten Aukeran dantza konpainia, eta ordutik tradiziozko dantza hizkuntza berriak sortzen dihardute. Ballet klasikoa eta dantza garaikidea lantzen dituzte. Koreografietan arau asko desegituratu eta garaiko atalak eransten dituzte. Horrela, euskal tradiziozko dantzaren aberastasuna erakusteko asmoz, hizkuntza berri eta gaurkotuago bat lortuz.

DANTZA IKUSKIZUNA

Non. Kurtzio kultur etxean.

Noiz. Bihar, 20:30ean.

Sarrerak. Sei euro. Aurretik salgai daude udaletxean, Kurtzio kultur etxean eta Larrabasterrako Sopelarin bulegoan.