MUNGIA. Udaberriko Kontzertu Korala antolatu dute Mungian biharko. San Pedro eta Andra Mari elizan egingo da emanaldia, eta hiru abesbatzak parte hartu dute. Lehenengoa Fruizko Lamiñe abesbatza izango da. Atzetik, Lezamako Ekidazu abesbatzak abestuko du. Azkenik, Mungiako J. M. Arregi abesbatzak itxiko du kontzertua. 20:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Asteburuko proposamena
Etzi ibilgailu klasikoen Bizkaiko 2. bira egingo da
PLENTZIA. Ibilgailu klasikoen Bizkaiko bira egingo da domekan, bigarren urtez. 10:00etan abiatuko dira autoak, Plentziako Ontziola plazatik. Herrialde historiko osoa zeharkatuko dute, 220 kilometro osotara. Helmuga leku berean izango dute.
Pazko jaiak, han eta hemen
Pazko jaiak gaur hasiko dira Zamudion. 19:00etan emango diote su txupinari, eta hark eztanda egitearekin batera gozokiak botako dituzte. Sabino Arana plazatik jai giroa herri osora zabalduko da, Bertokogaz eta herriko txistulariekaz. 20:00etan, perret...
Urrutiatarren aztarnak
Museoen Nazioarteko Eguna dela eta, Enkarterriko Museoak bisita gidatua prestatu du biharko. Lehenik, euren egoitza emango dute ezagutzera: Bizkaiko Batzar Nagusien Abellanedako batzar etxea. Handik Zallara joango dira autobusez, eta La Mella auzoa ezagutuko dute. Autobusean inor lekurik gabe ez geratzeko, parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute. Horretarako, enkarterrimuseoa@bizkaia.net helbide elektronikoa eta 94-650 44 88 telefono zenbakia erabili daitezke.
Izena eman dutenek 10:30erako egon beharko dute museoaren egoitzan. Antonio Urrutiaren eskultura ikusiko dute, eta haren garaiko testuingurua ezagutzeko balioko duten bi areto bisitatuko dituzte. Antonio Urrutia Zallako alkate izan zen XVII. mende bukaeran. Baita Enkarterriko teniente jenerala eta Santiagoren ordenako zalduna ere. Zallako La Mella auzokoa zen; han zuen haren familiak jauregia, eta bertako baselizan lurperatzen zutenean jartzeko eraiki zuten gaur egun Enkarterriko Museoan dagoen eskultura.
Bitxia da Urrutiaren irudia, belauniko agertzen delako, otoitzean. Halako beste bat baino ez dago Bizkaian, Ziortzako monasterioan. Izan ere, ohikoena hildakoaren irudia etzanda agertzea izaten zen, ehortzita dagoen jarrera igualtsuan.
XVI. mendean agertu ziren urrutiatarrak Zallako auzo honetan. Euren jauregiaren aurrean baseliza eraikitzeko agindua eman zuen Antonio Urrutiak, bere familia bertan lurperatzeko. Gaur egun, jauregia bera eta tenplua hondatuta daude. Ermitatik salbatu zen ondare bakarra museoan dagoen eskultura hori da. Jauregiari leihoetatik ere sastrakak irteten zaizkio.
Inguru hartatik errege bidea igarotzen zen. Familiak enbarazu egiten ziela uste zuen. Baina, edonola ere, XVIII. mendean Urduñako bideak indarra hartu zuen arte, Zallatik igarotzen zen hori zen Enkarterriko garrantzitsuena. Bide hori ere ezagutuko dute biharko bisitan.
Bukatzeko, burdinola bat ere bisitatuko dute. Zalla eta Balmaseda artean, Cadagua ibaiaren ibilguan hainbat izan ziren urrutiatarren garaian.
BISITA GIDATUA
Noiz. Bihar, 10:30ean hasita.
Non. Enkarterriko Museoan eta Zallako La Mella auzoan.
Umorea iritsi da Leioara
Umore azokaLeioaUdalerrira heldu zen atzo Leioako Umore Azoka, kaleko artisten azoka. Domekara arte, kalean 120 agerraldi ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Mari Carmen Urbieta Leioako alkateak azaldu duenez, "kaleko arteen alorrean lan ...
Auto klasikoak gertutik ikusi ahalko dira bihar
ORTUELLA. Meatzaldeko auto klasikoen lehenengo topaketa egingo dute bihar. 10:00etatik 11:15era bitartean helduko dira autoak eta Europa pasealekuan jarriko dituzte ikusgai. Eguerdian Gallartara eta Zugastietara joango dira.
Baserritarren jaia berotzen
Gaur hasi eta domekara bitartean, deriotarrek San Isidro jaiak ospatuko dituzte. 19:00etatik aurrera, Herria martxan, martxa herrian ekitaldiaren barruan biribilketa egin ostean, herriko plazan hainbat jarduera egingo dituzte. 20:30ean, pregoia eta traka egin, eta txitxiburruntziarekin hasiko dituzte jaien ospakizunak. Gauean bost musika talderen kontzertuak egongo dira txosnetan.
Bihar goizean sukalkia, eskulangintza azoka eta umeentzako jolasak egingo dituzte. Gauean Mental Eraser, Hesian eta Vendetta taldeen eta DJ Bullen emanaldiak izango dira. Etzi, elikadura azoka eta eskualdeko dantza taldeen alardea egingo dituzte goizean. Arratsaldean, ostera, pelota eta briska txapelketak izango dira. Baita txitxarrilloa eta salsa dantzen erakustaldiak ere.
Eguaztena, San Isidro eguna, haur eta gaztetxoentzako ekintzez beterik dago. 11:30etik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara haientzako jarduerak eta marrazki lehiaketa izango dira. Bestalde, urtero legez, San Isidro elizan meza egongo da goizean. Jaiei amaiera emateko txokolate jana egingo dute arratsaldean.
Txorierrin Larrabetzuk ere ospatuko du baserritarren eguna. Goizean herriko ekoizleen produktuak salerosteko azoka egongo da plazan. 11:00etatik 15:00etara egongo dira erakusmahaiak zabalik. 12:00etan, umeentzako jolasak izango dira. 12:30ean, berriz, baserritarrek eurentzat prestatutako luntxa izango dute, trikitilariek lagunduta. 14:30ean, gainera, bazkaltzeko elkartuko dira. Bazkalostean briska eta mus txapelketak izango dituzte eta 17:00etan emakumezkoen pala txapelketa jokatuko da.
Arrietan, eguazten goizean meza eta baserritarrentzako omenaldia eta hamaiketakoa izango dituzte. 19:00etan, berriz, hiru uztarriren arteko idi probak izango dira probalekuan. Lemoizen goizean egingo diete omenaldia herriko baserritarrei, meza ostean.
Zeanuriko feria
Zeanurin egun handia izaten da San Isidrorena. Abere, Artisau eta Nekazaritza Produktuen 32. Azoka egingo dute, urteroko legean, eguaztenean. 10:00etan zabalduko dute azoka. Besteak beste, ardiak eraisteko zein gaztagintza erakustaldiak, ardi mozketa lehiaketa eta artxo errearen dastaketa egingo dituzte. 11:00etan, meza izango da, San Isidro elizan. 12:00etan, Arrikibar dantza taldekoen emanaldia eta azokako sari banaketa izango dira, plazan. Arratsaldean, idi probak egingo dituzte probalekuan: Zeanuriko Mintegi baserriko idiak, Mungiako Iñaki Lopategirenak eta Gatikako Jon Ander Bilbaorenak lehiatuko dira.
Zapatuan bukatuko dira jaiak , segalarien arteko lehiarekin, triki poteoarekin eta bertso afariarekin. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso ibiliko dira kantuan.
SANISIDROAK
Zer. Baserritarren egunaren inguruko ospakizunak.
Noiz. Asteburuan eta eguaztenean.
Non. Derio, Larrabetzu, Zeanuri, Arrieta, Lemoiz...
500 aste, irakurleekin
Durangaldeko Anboto aldizkaria argitaratu zutenetik 10 urte bete ziren iaz. Gaur, berriz, 500. zenbakia atera dute. "Urteurrena konturatu barik heldu zitzaigun, eta ez genuen jairik antolatzeko astirik izan. Orduan pentsatu genuen 500. zenbakia argita...
Bermeoko sutean kaltetutakoei laguntzeko
BILBO. Bermeoko alde zaharreko sutean kaltetutakoentzat dirua biltzeko kontzertu sinfonikoa egingo dute bihar. Euskeria abesbatzaren eta Jesus Guridi orkestraren doinuek beteko dute Bilboko BBK aretoa, 20:00etatik aurrera. Sarrerak hamar euroan daude ...
Barre algara artean igaroko dute asteburua
ARRIGORRIAGA. Nazioarteko XVIII. Clown eta Pailazoen jaialdia ospatuko dute gaurtik domekara arte. Hamaika konpainiaren emanaldiak izango dira, tartean Euskal Herriko taldeak: Cía, Estropizio, Mago Jon Zabal, Tiritirantes, Malas Compañías eta Zanguango Teatro. Nazioarteko ordezkariak ere etorriko dira. Gaur arratsaldean hasi, eta asteburuan goiz eta arratsaldez izango dira saioak.