Gaztainak eta perretxikoak izango dira asteburuko jaki preziatuenak Galdamesen. Urteroko Gaztainaga eguna ospatuko dute domekan, San Pedro plazaren bueltan. Aurtengoa festa gastronomiko horren 20. ekitaldia izango da.Egitarauari 11:00etan ekingo diote...
Asteburuko proposamena
Tontorretik tontorrera
Mendi martxaZeanuriZeanuriko lasaitasuna aztoratuko duten Gorbeia Suzien izeneko bigarren mendi martxa eta lasterketa jokatuko dira bihar, Suzien Mendi Klubak antolatuta. Ibilbideak oinez egitea gustuko dutenek bat egingo dute are esfortzu handiagoa e...
Herriko mugetatik ibilaldia egingo dute domekan
IGORRE. Mugari Bira mendi ibilaldia egingo dute domekan, Igorren. 26. aldia izango dute aurtengoa. Herriko mugetatik egingo dute txangoa, 08:30ean abiatuta. 25 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, kiroldegitik abiatuta. Izena ordu erdi lehenago e...
Organo kontzertua izango da bihar, Mañariako elizan
MAÑARIA. Bizkaiko Hotsak organo jaialdiaren edizio berri bati ekingo zaio asteburu honetan. Mañariako Santa Maria elizan, 19:30ean hasita, Jesus Ruiz Garciaren kontzertuaz gozatzeko aukera egongo da, doan. Madrilgo Medinaceli basilikako organo jolea da Garcia. Gaur, Balmasedako San Severino elizan eskainiko du kontzertua Ignacio Ribas Talensek, 20:15ean hasita.
Herriko produktuen azoka egingo dute domekan
LARRABETZU. Gurpidek eta Larrabetzuko Udalak antolatuta, datorren domekan herriko produktuen azoka egingo dute, plazan. Larrabetzuko ekoizleek euren baserrietako ortuariak eta fruituak eroango dituzte, salgai ipintzeko.
Indaba usaina daukan herria
Gaur iluntzean hasiko dira Balmasedako San Severino jaiak. 22:00etan irakurriko dute pregoia ÑKU Komediak taldeko kideek. Lehen ekitaldi horren ostean, festa giroa nagusituko da herrian. Bihar, kasurako, poteoa, herri bazkaria, kirol norgehiagokak eta erromeria izango dituzte. Etzirako, berriz, dantza erakustaldia, kontzertuak eta play back lehiaketa antolatu dituzte, besteren artean. Edonola ere, Balmasedan egunik handiena datorren eguaztena izango da.
Zaindariaren eguna ospatzen dute urriaren 23an. San Severino egunak, baina, badu santua baino ikur handiagorik: putxera. Enkarterriko sukaldaritzaren bereizgarria dira putxeran prestatutako indabak. Urtero nazioarteko lehiaketa antolatzen dute. Aurtengoa 43. ekitaldia izango du norgehiagokak. Dena den, lehiakide gehienak bizkaitarrak izaten dira. San Severino plazan, 11:00ak aurretik: hori dute izena emateko hitzordua. Goiz osoan ibiliko dira sukaldari lanetan, eta 12:00etarako prest izango beharko dute. Ordu horretan hasiko dira putxerak epaimahaiaren aurrean aurkezten, eta 13:30 arteko epea izango dute horretarako. 45 minuturen buruan ezagutuko da aurtengo indabarik onenaknork prestatu dituen.
Babarrun gorriz zein pinkartez egindako errezeta tradizionala lehenetsiko du epaimahaiak. Horiez gain, ohiko osagaiak erabili ahal izango dira: txorizoa, odolkia, urdaia, txerrikia, saiheskia eta behi hegala. Hala ere, lapikokoak, gutxienez, txorizoa, odolkia eta urdaia izan beharko ditu.
Sariak banatu ostean jantoki erraldoi bihurtuko da Balmasedako erdigunea. Arratsaldean, berriz, erromeriak dantzan ipiniko ditu guztiak. 18:00etan hasiko da Saltoka taldearen saioa.
PUTXERA EGUNA
Non. Balmasedako San Severino plazan.
Noiz. Datorren eguaztenean.
Bost mende burdina lantzen
Taula periodikoan 26. zenbakia du burdinak. Latinezko ferrum-etik datorkio Fe ikurra. Elementu kimiko horren ustiapenak tradizio luzea izan du Euskal Herrian, Bizkaian bereziki. Mearen kalitate onak, egur ikatza lortzeko basoen ugaritasunak eta ibaiek eskainitako komunikabide oparoak baldintza onak ezartzen zituzten minerala landu eta burdina lortzeko lantegiak izateko. Bizkaian, El Pobalen zegoen burdinola itxi zen azkena. 2013ko Ondarearen Europako Jardunaldien harira antolatutako ekintzen barruan, bihar hitzaldia egingo du Marta Zabala El Pobal museoko zuzendariak, 12:00etan. Adierazi duenez, "burdinolara egiten diren ohiko bisitetan azaltzen ez dena ezagutzera ematea da helburua. 2004an museo gisa zabaldu arte egindako berreraikuntza lan hori ezagutzera eman nahi dugu".
Erdi Arotik gaur egunera arte, mineral horren lanketak zein produkzioak forma ezberdinak izan ditu. Mendietan kokatzen ziren haizeola eta zeharroletatik, ibaietako ur indarra erabiltzen zuten burdinoletara igaro zen, eta hortik, labe garaietako industria modernoraino.
Bizkaiko burdin mearen ugaritasun horren testigu da Meatzaldea eskualdea. Inguru horretan dago El Pobal burdinola, Muskizen. Barbadun ibaiaren arroan, burdinola berezia da, XVI. mende hasieran hasi eta 1965. urtera arte Bizkaian martxan jarraitu zuen bakarra izan baitzen.
Salazarretik Santa Anara
Muñatones gaztelutik eskualdea mendean hartua zuen Salazartarren leinuak jarri zituen olaren lehen harriak, XVI. mende hasieran. Gaur egun garai haietako aztarna gutxi badago ere, urte luzeko ibilbide bati hasiera eman zioten. Burdinolaren garairik oparoenak XVII. eta XVIII. mendeak izan ziren. Garai horretakoak dira egun mantentzen diren eraikuntza asko: lantegia, aireztatze aretoa, tunel hidraulikoa eta urandela, besteak beste.
Teknologia aurrerapenak eta labe garaien sorrerak ekarritako siderurgia tradizionalaren krisia pairatu zuen El Pobalek ere XIX. mendean. Labe garaien sorrerak burdinolak zaharkituta geratzea ekarri zuen, eta XIX. menderako funtzionatzeari utzi zioten. Muskizko ola, krisi horren aurrean merkatuan lehiatu ahal izateko, burdin produkzioari utzi eta metalaren eraldaketa lanetan hasi zen. Eraldaketa horrek azpiegitura berrien eraikuntza ekarri zuen: sutegia, ikaztegiak, harrizko hauspoak eta mailua.
XX. mende hasieran bostek soilik jarraitzen zuten martxan Bizkaian, eta bigarren erdirako El Pobalekoa zen zabalik mantendu zen bakarra. Industria garapenak, ordea, burdinolaren errentagarritasuna merkatutik kanpo geratzea ekarri zuen, eta 1965ean ateak itxi zituen azken burdinola izan zen. Santa Ana de Bolueta izan zen ordutik burdingintza produkzioaren erregina.
Ateak itxi ondoren, 1990ean Bizkaiko Foru Aldundiak erosi zuen burdinola, museo gisa zabaltzeko asmoz. Hamalau urtez egin ziren berreraikuntza lanei esker, 2004en El Pobaleko ateak berriz zabaldu ziren. Orain, baina, ez du burdinik sortzen. Berotasun zaharren epeltasuna baino ez zaio geratzen.
Museo bilakatze horrek berreraikuntza lan ugari izan ditu. Zabala El Pobal museoko zuzendariaren esanetan, "egun ikusten dena agerian uzteko lan handia egon da atzetik". Dokumentu eta ikerketa arkeologikoei esker, bost mendeko historia berregitea lortu da. "Kontserbatutako makineriaren berreraikuntza, orduko itxura ematea eta falta zenaren erreplika egitea lan zaila izan da. Kontu handiz eta zehaztasun osoz egin da, izan zenarekiko errespetuz".
Horretaz gain, museo bizia izatea nahi zutela adierazi du Zabalak. Garai bateko tresnak eta makineriak berreraikitzeaz gain, horiek funtzionamenduan jartzea zen helburuetako bat.
Lan horri guztiari esker, burdina lantzeko gehiago erabiliko ez bada ere, haur, gazte zein helduei historian bidaiatu eta burdinaren kultura ezagutzeko aukera ematen du El Pobalek. "Badirudi atzo itxi zutela", dio Zabalak.
Ikuspegi kultural, sozial, ekonomiko zein paisajistikoan eragin zuzena izan du burdinaren kulturak Bizkaiko historian. Alde horretatik, El Pobalen berreraikuntza garrantzitsua izan dela nabarmendu du Zabalak, "oinarrizko sektore baten aztarna baita". Egiten diren bisita gidatuetan ez du denborarik ematen egin den berreraikuntza lan horren nondik norakoak zehaztasunez azaltzeko. Bihar, bada, horretan sakonduko dute.
Haurren begiradak
ErakusketaBilboHaurrek helduen mundua zelan ikusten duten argitara ematea helburu duen argazki erakusketa bat dago zabalik Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Itsasadarraren bi aldeetako begirada txiki handiak izenburupean, kameraren bitartez mundua no...
Lur azpira begiratuta, historia osatu
Mende eskaseko ibilbidea dauka arkeologiak Bizkaian. 1844tik, kasualitatez aurkitzen ziren elementuak ez zirela hondatuko bermatzeko lanak egiten ziren, eta gero gorde, edo ikusgai ipini. Adibidez, Mikeldia. Mantentze lanak egin ostean, gorde egin zuten hura aurkitu zuten inguruarekiko interesik agertu barik. Baina 1914az gerora, lurpeak gordetzen dituen aztarnen bila jo dute ikerlariek, aurkitutakotik informazioa lortu eta antzinako bizkaitarrak nola bizi ziren ezagutzeko. Bilboko Arkeologia Museoko arkeologo Jose Luis Ibarraren esanetan, Santimamiñeko kobazuloen aurkikuntzak ezarri zuen bi garaien arteko mugarria. Bilakaera hori ezagutzeko erakusketa bat atondu dute, eta hil osoan egongo da ikusgai.
Gaur egun arkeologia lanak "ohikoak eta normalak" direla dio. Bi ekintza mota bereizi ditu: ikerketa arkeologia eta eskaeraz egindakoa. Ikerketa arkeologia ikertzaileen proiektuek osatzen dute: ezagutu nahi den inguru batean indusketak egiten dituzte, eta diru laguntza bidez finantzatzen dira. Obrak eta eraikuntza lanak hasi aurretik enkarguz egiten diren ikerketak dira besteak. Hau da, ingurua aldatu aurretik lurpean zer dagoen aztertzen dute, ondarerik ez dela kaltetuko bermatzeko. Ibarrak dio bigarren horiek aspaldion asko urritu direla, ia desagertzeraino, eraikuntza sektorea erabat geldirik dagoelako. Ikerketa arkeologia, berriz, oraingoz erritmoari eusten dabil, "instituzioek diru laguntzak ordaintzen dituzten bitartean". Gaur egun martxan dauden hainbat adibide aipatu ditu: Elorrioko Argiñetako nekropolia, Arrolako kastroa Nabarnizen eta Bermeoko Tribisburu nekropoli erromatarra.
Hainbat informazio eskuratzen ari direla dio. "Ikertzaileak beti aurkitzen du zerbait. Adibidez, uste batekin abiatzen ditu indusketak, baina gero ez du ezer aurkitzen. Edozein kaletarrentzat horrek ez du garrantzirik; ikertzaileak, ordea, asko ikasi du: orain badaki berak zuen ustea okerra zela". Eta horri lotuta adibide bat ipini du. Dio Foruko aztarna erromatarrak ikusten dituzten askok desilusioa hartzen dutela. "Ponpeiaren pareko zerbait aurkitzea espero dute. Baina aztarnategi horrek, apala izan arren, sekulako garrantzia dauka. Bizkaian, Erromako inperioaren bazter galdu honetan, lehen uste zutenaren kontra, erromanizaziorik izan zela frogatzen du".
Elikadura eta ingurunea
Aurkitzen denaren arabera, informazio mordoa eskuratu daiteke. Adibidez, hilerri batean hezurrak agertuz gero, garai hartako jendearen gorpuzkera ezagut daiteke. Baita zelan elikatzen ziren ere. Eta objektuak ere mantendu badira, are zehaztasun gehiago eskuratzen dute kulturari eta ohiko bizimoduari buruz. Ibarrak dio aztarnategietan aurkitutako hazi edo lorauts aztarnei esker inguru naturala nolakoa zen ere irudikatu dezaketela. "Zientziaren atzetik doa arkeologia. Duela hamar urte ezin genuen hainbeste jakin. Baina, gaur egun hezur bati edo burdina zati bati milaka proba eta ikerketa egin ahal zaizkio".
Objektuok ikertzeko kontserbatu egin behar dira. Hori da, hein handi batean, Laura Garcia Boullosaren lanak ahalbidetzen duena. Arkeologia museoko kontserbazio arduraduna da, eta, bihar, nahi duen edonori zelan lan egiten duen erakutsiko dio 17:30ean hasiko den bisitan.
"Materiala museora iristen denetik zer egiten dugun azalduko dut. Gaur egun zaharberritzen ari garen objektuak ikusiko dituzte, eta zein tratamendu ematen diegun ezagutuko dute", laburbildu du bisita. Bereziki burdinazko elementuak ikusiko dituzte, orain horiekin lanean dabilelako: aiztoak, lantzen buruak... Harriren bat eta hilarriren bat ere egongo da ikusteko moduan.
Pieza museora sartzen denean, katalogatu egiten dute; informazio guztia jaso eta argazkiak atera. Gero, hondatu ez dadin zer egin behar den aztertu eta dagozkion neurriak hartzen dituzte. "Lurpean baldintza jakin batzuetan egon da. Ateratzerakoan, shock egoeran sartzen da. Desegiteko arriskua egon daiteke; hori saihestu behar dugu".
Pieza guztiekin hala jokatzen dute. Hartara, etorkizunean ikertzaileek eskuragarri izango dituztela bermatzen dute. Baina gero ikusgai ipiniko direnak zaharberritu eta osatu ere egiten dituzte. Batez ere, zeramikazko objektuekin jokatu ohi dute horrela. Urtero, 150 eta 200 pieza inguru zaharberritzen dituzte. Garciak dio jendeak ez duela ulertzen mantentze prozesua zer den, zaharberritzearekin nahasten duela, eta hori argitzen saiatuko da biharko saioan.
Bizkaiko ukuilu nagusia
Abeltzaintza azokaGernika-LumoUrtero legez, Gernika-Lumok Urriko Lehen Astelehena ospatuko du. Azoka eta enparauak domekan hasiko dira, eta astelehenean jarraituko dute Santa Ana aparkalekuan eta Merkatu plazan. Lehen sektorea bultzatzeko eta laguntze...