LehiaketaLoiuLapikoan bor-bor egindako indaben usainak hartuko ditu Loiuko txoko guztiak datorren domekan. Izan ere, Nazioarteko Putxera Txapelketa antolatu du udalak. Aurtengoa hirugarren norgehiagoka izango da, eta, aurreko urteetako arrakasta ikusi...
Asteburuko proposamena
Eskualdeko baserritarren azoka egingo da etzi, Berrizko sanantonetan
Bart hasi ziren Berrizen San Anton jaiak, Olakueta plazan Donien atxa altxatzearekin batera. Hala, datozen egunetan hainbat ekitaldi izango dira herrian. Adibidez, gaur, santuaren omenezko mezarekin hasiko dute eguna. Arratsaldean, berriz, sagardotegi ibiltaria eta trikitilarien erromeria izango dira plazan, 19:30etik aurrera. 21:30ean, pilota partidak jokatuko dira.
Bihar goizean, pailazoen ikuskizuna izango da umeentzat. 12:30etik 14:00etara, Potxinek eta Patxinek Oihan koloretsua antzeztuko dute. Iluntzean, berriz, Luhartz taldearen erromerian dantzatzeko aukera egongo da, Olakueta plazan.
Domeka goiz osoan, eskualdeko ortuari eta fruitu ekoizleen produktuak ikusgai eta erosgai egongo dira probalekuan. Frontoian, eskulangileen txokoa ipiniko dute, eta bien bitartean baserriko oilaskoa emango dute dastatzeko. 13:00ean, Iremiñe dantza taldeak eta San Lorentzo dantza taldeak emanaldia egingo dute elkarrekin. Iluntzean, azkenik, Lapsus kabaretaren ikuskizuna izango da kultur etxean, 19:00etan.
SAN ANTON JAIAK
Non. B,errizen.
Noiz. Domekara bitartean.
Animaliek festa eguna izango dute gaur, Urkiolan
San Anton animalien zaindari izendatu zenetik, haren egunez etxeko abereak bedeinkatzeko ohitura dago. Bizkaian, horretarako leku esanguratsuena Urkiolako santutegia (Abadiño) izaten da. Garai batean baserriko animaliak eramaten ziren, behiak tartean. Egun, etxeko animaliak eroaten dituzte; batez ere, txakur eta katuak. Eta, gaur ere, hala egingo dute askok. Goiz eta arratsaldeko mezak bukatutakoan, animaliak bedeinkatuko dituzte atarian.
Baita ogia eta ortuko produktuak ere. Ohitura hori dute Urkiolan. Santutegiak berak zazpiehun ogitxo inguru banatuko ditu. Dena den, azken urteetan geroz eta gehiago dira etxetik euren produktuak eroaten dituztenak.
Urtero legez, errepikapena egingo dute etzi. Eguerdiko meza nagusiaren ostean, dantzariak eta txistulariak izango dira, eta otarrak zozketatuko dituzte, ortuariz eta txerrikiz beteta.
Bilbon, gaur
Bilbon ere bedeinkatuko dituzte animaliak. Gaur izango da, 17:30ean, Zazpikaleetako San Anton elizan. Txarriduna txerriaren akademiak antolatzen du hiriburuko ekitaldia. Urtero, Vietnamgo arrazako txerrikumeak eroaten dituzte kalejiran.
Gastronomiari lotutako jaiak
Hiru eguneko egitarau oparoarekin ospatuko dituzte Mungian neguko jaiak: sanantontxuak. Urteroko legean, urtarrilaren 18ko nekazaritza eta abeltzaintza azoka izango da festetako ekitaldi nagusia. Gastronomiak leku garrantzitsua izango du asteburuan, eta domekako indaba lehiaketak biribilduko du.
Gaur, San Anton egunez, 12:00etan hasiko dira jaiak. Ordu horretan meza izango da santuak Belakon duen ermitan. 18:00etan, idi probak jokatuko dira Neurketa kalean. 4.300 kiloko harriari tiraka lehiatuko dira uztarriak. Gauean, berriz, musikak hartuko du lekukoa. 21:00etan, Gatiburen kontzertua hasiko da Olalde aretoan. Azken diskoari errepasoa egingo diote.
Bihar, urteko azoka egunik garrantzitsuena izango du Mungiak. San Antontxu eguneko feria egingo da ferialekuan. Behi, asto, txerri, ahuntz, ardi eta oilo; euskal baserrietako abereen erakustoki eta salmenta gune bihurtuko da. Gainera, 11:00etan behi arraza ezberdinen erakustaldia ere egingo dute. Foruen plazan, Matxin plazan eta inguruko kaleetan, berriz, baserriko produktuen eta artisau lanen postuak ipiniko dituzte. Era berean, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVIII. Lehiaketa jokatuko da. 14:00etan, Amilotx dantza taldeak saioa eskainiko du udaletxe aurrean.
Bazkalosterako ohitura da profesionalen arteko pilota partida Mungian. 17:00etan hasiko da lehen lehia, udal frontoian. 18:30ean, Poxpolo Ta Konpainia pailazoen taldeak umeentzako ikuskizuna eskainiko du Olalde aretoan. San Antontxu eguna Egan taldearen erromeriagaz bukatuko da.
Plaza, sukalde bihurtuta
Etzi ere zeresana izango du baserriak jaietan; hain zuzen, ortuko produktu batek. Lapikoko eguna ospatuko dute Mungian: Euskal Herriko IV. indaba txapelketa. Goiz osoan ibiliko dira lapikokoa prestatzen lehiakideak. Eguerdian, herri bazkaria izango dute, eta 17:00etan sarituko dituzte lehiakide onenak.
Horrez gain, 10:30ean eta 11:00etan txikien eta helduen herri krosak abiatuko dira. Eta 13:00ean, bertso saioa egongo da. Fredi Paia, Alaia Martin, Igor Elortza eta Jexux Mari Irazu arituko dira Iñaki Beitia Arbilduren esanetara.
SAN ANTONTXU JAIAK
Noiz. Gaur hasi, eta domekara bitartean.
Non. Mungian.
Zer. Kontzertuak, baserritarren feria, indaba lehiaketa, kirol norgehiagokak...
Tolerantziaz, umeekin
Barakaldo
Arrazakeria eta tolerantzia arazoak umeek ulertzeko moduan erakutsiko dituzte bihar Clara Campoamor gizarte etxean, Baserriko saltsan txotxongilo antzezlanaren bitartez. Beste urtebetez, familiako kide guztientzako arte eszenikoen programa abiatu dute Barakaldon.
Denboraldi berriari hasiera emango dion saioa 4 urtetik gorako haurrentzat da. La Baldufa Lleidako (Herrialde Katalanak) antzerki konpainiaren ikuskizunaren euskarazko bertsioa da taula gainera eramango dutena. Antzezlan horretan fabula gisa landuko dituzte gaur egun puri-purian dauden gizarte gatazkak: besteak beste, arrazakeria eta tolerantzia. Hala ere, umeentzako ikuskizunak izanik, modu erraz batean landuko dituzte gaiok, eta umore onez.
Baserriko saltsan antzezlana baserri batean garatuko da. Bertan hainbat animalia bizi dira, eta bat-batean, oilo andrearen arrautza bat desagertuko da. Jazoera horretatik aurrera, nahasmena nagusituko da, eta baserriko bizilagunek konfiantza galduko dute bata bestearekiko.
Bihar hasita, martxoaren 15era bitarteko programa aurkeztu du udalak. Helburua 4 eta 11 urte arteko gaztetxoak kultur jarduera horietara joan daitezen bultzatzea da; ahal dela, familia giroan, besteak beste, guraso zein aitona-amonekin.
Gainera, jakinarazi dute arte eszenikoen programak gero eta ikusle gehiago erakartzen dituela. Hain zuzen, emandako datuen arabera, iaz, urritik abendura bitartean, emanaldi horietako bakoitzean, batez beste, 224,23 ikusle izan ziren. Hiru hileko horretan, guztira, 827 ume, 714 heldu, 26 zahar eta lau gazte bildu ziren antolatutako zazpi ikuskizunetara.
Datorren asteari dagokionez, Gurutzetan egingo dute emanaldia. Elmer eta elefantea saioa ikusteko aukera izango da. Teatro de la Luna Madrilgo antzerki konpainiak taularatuko du. Ikuskizun hori ere, biharkoa bezala, euskaraz izango da.
Sarrerak Gurutzetako kultur etxean edo Clara Campoamor gizarte etxean —antzezlana antzeztuko duten lekuaren arabera— egongo dira salgai, hiru eta bi eurotan.
Kulturaz giroa epelduz
Kultur jarduerakBilboDeustura Udazkeneko Kulturak egitasmoak lau urte bete ditu. Kultura jardueren eskaintza zabala egiten duen jaialdia da, eta dagoeneko martxan dabil. Musika, antzerkia, poesia eta bertso emanaldiak, hezkuntza tailerrak, ipuin konta...
Lasterka, bi herri lotzeko
Herri krosaBalmasedaBalmaseda eta Zalla herriak lotuko dituzte gaur hainbat eta hainbat korrikalarik: herri batetik bestera korrika egingo dute Balmaseda-Zalla-Balmaseda herri krosean parte hartuta. Atletismoaren egutegitik kanpo urte asko egin ostea...
Trikitia mundu zabalean
Getxo
Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egingo dute bihar, Getxon. 19:00etatik aurrera hasiko da jaialdia, Areetako Andres Isasi musika eskolan.
Festarako beta izango da biharkoan. Horrez gain, musika tresna horren sekretuak azaleratzeko tartea ere bai. Besteak beste, trikitia jotzeko era eta estilo desberdinak erakustea du helburu Bizkaiko Trikitixa Elkarteak antolatutako ekitaldiak.
Aurten hainbat gonbidatuk parte hartuko dute jaialdian. Irlandatik, David Munnelly joango da Getxora. Portugaldik, berriz, Artur Fernandes. Euskal Herritik ordezkaritza zabala izango da. Hain zuzen ere, Alboka Tropikeko kideak, Maixa Lizarribar eta Alaitz Telletxea eta Gari eta Iñaki han izango dira.
Jaialdia bukatu ostean emango diote hasiera festari. Algortako The Piper's tabernan Trikijaia antolatu du trikiti elkarteak. Aldats taldearen erromeriaz gozatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. Jaialdia bukatutakoan, gainera, doako autobus zerbitzua izango da bertatik festa egingo duten tabernara joateko.
Sarrerak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hasi aurretik erosi ahalko dira Andres Isasi eskolako leihatilan. Aldez aurretik eskuratzeko aukera ere badagoela azaldu dute antolatzaileek: BBK-ko kutxen eta Algortako kultura etxearen bitartez. Zortzi euroan daude salgai. Trikijairako sarrera, bestalde, librea da.
Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak elkarteak berak lantzen dituen ildoak jorratzen ditu. Hain zuzen, irakaskuntza, batetik, eta musika tresna bera sustatzea, bestetik. Biharko jaialdian parte hartuko duten atzerriko musikariek ikastaroa emango dute gaur. Munnelly, Fernandes eta Guillem Anguera izango dira maisu-maistra lanetan —Anguera Herrialde Katalanetakoa da, eta duela bi urte ere parte hartu zuen—.
Txapelketa, Zaldibarren
Asteburuan Getxotik haratago ere entzun ahalko dira trikiti doinuak. Zaldibarren, esaterako, Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 22. Txapelketa izango da, domekan. Kanporaketetan sailkatu direnek joko dute finalean. Olazar pilotalekuan izango da, 17:30etik aurrera.
Haizeolekin, jatorrietara
Burdinola zaharrenak, hastapenetako burdinolak, mendietan bertan egin ohi ziren, burdinaren minerala zegoen lekuan bertan, hain zuzen ere. Lehenengo mendeaz geroztik, jakina zen burdinaren minerala zegoela Bizkaiko mendietan. 2.000 urte geroago, arkeologoek lehenengo mendeko burdinolen arrastoak aurkitu zituzten. Haizeola ere esaten zaie. Besteak beste, Ortuellako basoetan egin dituzte aurkikuntzak Javier Franco arkeologoak eta haren taldeak. Orain, herrian bertan, kultur etxean, aurkikuntza horiei buruzko erakusketa dago ikusgai.
Francok azaldu duenez, aurkitutako hondakin horiek "Ortuellako aztarnategi antzinakoenean aurkitutakoak dira. Hain zuzen, XI. mendeko burdinola bateko hondakinak dira".
XV. mendean utzi zioten haizeolak edo mendiko burdinolak erabiltzeari. "Horien ordez, burdinola hidraulikoak erabiltzen hasi ziren, burdina eskuratu ahal izateko probetxugarriagoak zirelako", Javier Francok berak adierazi duenez.
Burdinaren minerala metal bihurtzen zuten antzinako tailer horiek. Metal hori erramintak eta armak egiteko erabiltzen zuten, besteak beste.
Javier Franco arkeologoaren esanetan, normalean, burdinola horietako labeak inguru maldatsuetan kokatzen ziren. "Aldaparen goiko aldetik eta beheko aldetik egoten zen", azaldu du. "Erredukzio labeak, normalean, zelaigunetik gertu kokatzen ziren. Zertarako? Bada, labeak tenperatura egokia hartzen zuenean —1.100 gradu inguru— zepa likidoak aldaparen alderantz hustu ahal izateko", azaldu du.
Labe horiek barrutik "basarekin eta buztinarekin estaltzen zituzten". Hastapenetako haizeola haiek lehenengo galdategiak izan zirela esan daiteke, Francok azaldu duenez.
Helburu didaktikoa
Lan horiek egin dituzten arkeologoen helburua burdindegi horiek ezagutaraztea da, baina babestea ere nahi dute, gerorako mantendu, ezagutarazi eta ikertzen jarraitu ahal izateko.
Ortuellako alkate Saulo Nebredak erakusketaren garrantzia azpimarratu du: "Javier Francok eta bere lantaldeak egin duen behar esker, gure herriko meatzaritzari buruz gutxi ezagutzen diren arloetara hulbiltzeko aukera izango dugu. Horrek egundoko garrantzia dauka Ortuellarentzat, gure iraganaz eta gure nortasunaz behar bezala jabetzeko". Datorren azaroaren 29ra arte izango da aukera erakusketa bisitatzeko, astelehenetik zapatura bitartean.
ORDUTEGIA
Lanegunetan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 21:30era egongo da zabalik.
Larunbatetan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Hiribilduko ospetsuenak
XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran Bilboko Hiribilduan zer-nolako kultura eta kirol jarduerak zeuden ezagutarazteko, garai hartako pertsonaiak baliatu dituzte Euskal Museoan. Hain zuzen, Bizkaiko entzutetsuen galeria erakusketa ikusgai dago. Aurretik herriko pertsonekin, kalekoekin, egin zuten erakustaldiari pertsonaia famatuagoenak hartu dio lekukoa: kirolariek, artistek eta idazleek osatzen dute erakusketa.
69 olio lanek osatzen dute Euskal Museoko aldi baterako lehen eta bigarren aretoetan —beheko solairuan— jarri duten erakusketa. Horietako 65 gizonezkoen erretratuak dira, eta, gainerako laurak, emakumezkoenak.
Museoko kideek jakinarazi dutenez, erretratu horietan azaltzen diren pertsonetako batzuk oso ezagunak dira jende guztiarentzat. Beste batzuei dagokienez, oso esparru zehatzetan dira ospetsu. Denek ala denek dute ezaugarri komunen bat: garai bateko Bilboko hiribilduko bizitza kulturaleko protagonista izan ziren, eta berrikuntzaren bat egin zioten zegokien esparruari.
Pertsona horiek, gainera, Bilboren historiaren bilakaeran funtsezkoak izan diren elkarteen eta mugimenduen sorrerari lotuta daude. Besteak beste, Athletic, euskal antzerki lirikoa eta euskal margolaritza eta Abrako Itsas Klubari lotutakoak dira.
Protagonistak
Erakusketan aurki daitezkeen pertsona ospetsuen artean, Jesus Guridi euskal musikaria dago. Mirentxu eta Amaia operen eta El Caserio zarzuelaren sortzailea da Guridi.
Rafael Moreno Aranzadi Pichichi-ren irudia ere jaso dute. Askoren ustez, bere belaunaldiko jokalaririk onena izan zen. Hark sartu zuen San Mames futbol zelaiaren historiako lehenengo gola, inaugurazio egunean bertan.
Teofilo Guiard Bilboko kronikagilearen irudia da erakusketan aurki daitekeen beste bat. Hiribilduaren historiaren ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen.
Kirol alorreko ospetsuen artean, Candido Palomo txirrindularia ere ageri da. Kirol arloan eta Bilboko kirol elkarteen esparruan ospetsua izan zen.
Emakume gutxiren irudia jaso dute museoan. Daudenak, ordea, "gizonak bezain garrantzitsuak" direla azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Horien artean, Matilde Orbegozo olerkaria dago. Libururik argitaratu ez bazuen ere, haren lanak herriko egunkari eta aldizkari askotan irakurri zituzten bilbotarrek.
Pertsonaien zerrenda luzea da: Angel Sopeña, Felipe Serrate, Enrique Ibarreta, Angel Bilbao Chiquito de Abando eta Cocherito de Bilbao kirolari eta zezenketariak; Nicolas Ledesma, Iparragirre, Anselmo Guinea eta Nati la Bilbainita artistak; eta Miguel Unamuno, Jose Orueta, Antonio Trueba, Emiliano Arriaga eta Alfredo Etxabe idazleak. Horien guztien artean bisitariari ezagutaraziko diote zer-nolakoa zen beren garaiko Bilbo hura, eta baita beren bizitzako zein oinatz dagoen bizirik oraindik ere.
Ohiko bisitaz gain, Euskal Museoak bisita gidatuak egiteko aukera ere eskaintzen du. 20 euro ordaindu behar dira horretarako. Umeentzako beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Erreserbak egiteko ondoko telefono zenbakira deitu behar da: 94-415 54 23.
ORDUTEGIA
Asteartetik larunbatera. 11:00etatik 19:00etara dago zabalik erakusketa.
Igandetan. 11:00etatik 14:00etara.
Astelehenetan. Itxita dago museoa.
Sarrera. Hiru euro balio du sarrerak; ikasleenak, euro eta erdi. 12 urtetik beherakoentzat eta erretiratuentzat doan da.