Natalia Salazar Orbe
Adierazpen askatasunari Espainiako Zigor Kodeak ezartzen dizkion mugek hautsak harrotu dituzte. Interneten idatzitako iruzkinengatik askok eta askok deklaratu behar izan dute epaile baten aurrean. Ez nolanahiko epaitegi batean, gainera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko aretoetan eserita aurkitu dute euren burua hainbatek. Hori gutxi balitz bezala, espetxe zigorrak ere ezarri dizkiete. Arrazoiak, antzekoak: sare sozialetan iritzia ematea, espetxetik atera den pertsona bati ongietorri mezu bat idaztea, txiste bat kontatzea edo iruzkin sarkastikoak egitea. Biktimekiko mezu iraingarriak idaztea edo terrorismoa goratzea leporatu diete gehienetan pertsona horiei. Akusazioak norbanakoen aurkakoak dira; beraz, bakar-bakarrik egin behar dio aurre norberak era horretako prozesu bati. Hori saihestu, talde barruko babesa areagotu, eta gisa horretako epaiketak salatzeko talde bat eratu dute: Armiarma operazioan auzipetuen absoluzioaren aldeko plataforma. Larunbatean egingo dute lehenengo ekitaldia: Adierazpen askatasunaren aldeko jardunaldia. Zorrotzako gaztetxean prestatu dute, aldarrikapen eta jai giroan.
Herri bazkariarekin hasiko dituzte jarduerak. Gero, auzipetuta dauden pertsonetako batzuek hartuko dute hitza. Jorge Correa da horietako bat; @Boro LH gisa da ezaguna. "Gure esperientziaren berri emango dugu. Gertatutakoari buruz zer-nolako analisia egiten dugun eta gure ustez horri guztiari eman beharko litzaiokeen erantzuna zein den azalduko dugu". Eztabaidarako tartea utziko dute hizketaldi horiek, eta, ondoren, elkarretaratzea egingo dute. Jardunaldiak bukatu ondoren, kontzertuak izango dira gaztetxean bertan: Def Con Dos eta Take Warning taldeak ariko dira.
Sare sozialetan iruzkinak egiteagatik operazio haren lau faseetan atxilotu zituzten 76 pertsonetako batzuek osatzen dute plataforma. Leku anitzetako herritarrak elkartu dira bizitako egoerei eta etorkizunean sor litezkeenei erantzuna emateko.
Sinetsita daude iraingarritzat edo terrorismoaren gorazarretzat jo daitezkeen iruzkinak zigortu beharrean beste zerbait zigortu eta mugatu nahi dutela Interneten: kultura, kazetaritza eta aktibismo sozialean hainbat herritarrek egiten duten lana, hain zuzen.
Ideologia jakin bat jomugan
Salatu dute Armiarma operazioaren barruan atxilotu dituzten guztiek ezkerreko ideologia edo ideologia anarkista dutela. "Ez dago eskuineko edo eskuin muturreko ideologia duen atxiloturik. Ez Armiarma operazioaren barruan, ez Twitter edo Facebook sareetan iritzia emateagatik izan diren beste kasuetan". Hala, neurri biko justizia salatu dute. "Bistakoa da ia legez kanpokoa dela ezkerreko ideologia izan eta jendaurrean hala adieraztea". Haiek atxilotu eta zigortu egiten dituzte; aldiz,"eskuin muturrekoek mehatxu egin dezakete, edo sare sozialetan nahi dutena esan, frankismoaren biktimei barre egin... Ez zaie gertatuko ezer".
Joan den abenduaren 16an Berlinen egin zuten atentatuan zauritu zen Iñaki Ellakuria bilbotarrari idatzitako mezuak dira horren adierazle. Twitterren, besteak beste, era honetako mezuak idatzi zituzten: "Ze pena ez zintuztela akabatu, inozo, izorra zaitez..." "Hurrengoan, zortea badago, eraman ezazu familia ere". Hori eta antzeko beste iruzkin batzuk ez dituzte delitutzat jo. Hala ere, plataformako kideek ez dute nahi inor euren ideiengatik jazartzerik, ideologia bat edo beste izan: "Baina hau ez da bidezkoa".
Erantzun baten beharra
Egoera horri erantzuteko beharraren ondorioz sortu dira plataforma eta larunbateko ekitaldia. Mozal legea deritzona baino lehenagokoak dira euren plataformaren barruan elkartu diren auzipetuen prozesuak. "Hala ere, Armiarma operazioek mugarria ezarri zuten. Horiek gertatu aurretik, inork ez zukeen pentsatuko txiste bat kontatzeagatik edo Twitterren zure iritzia emateagatik Espainiako Auzitegi Nazionalean bukatuko zukeenik. Operazio hori martxan jarri zutenetik, gauzek okerrera egin dute". Are gehiago, haren esanetan, mozal legea indarrean sartu zenez geroztik. Hori dela eta, "premiazkotzat eta beharrezkotzat" jo dute legeok desagerraraztea. Baita herritarren segurtasunerako legea, Zigor Kodearen erreforma eta itun antiterrorista ere.
Plataforma eratu zutenez geroztik, propaganda, astintze eta salaketa lana egin dute, orain arte. Larunbatekoa izango da forma fisikoa izango duen lehenengo ekitaldia. Eta ez dute baztertu pauso gehiago ematea. Besteak beste, iritzi delituez akusatutakoen abokatuek manifestu bat egin dute: "40 inguru abokatuk sinatu dute".
Nor bere zentsore
Armiarma operazioaren bigarren fasean atxilotu zuten Correa. Epaiketaren zain dago. LaHaine webguneko kazetaria da; informazio ofizialaz harago, mugimendu sozialen informazioa zabaltzen du bertan. "Ez dira ari ni jazartzen irainak idazteagatik, nire ideiengatik baizik: independentista, komunista eta gizarte mugimenduen webgune bateko kazetari izateagatik".
Sare sozialek iritziak eta ideologiak hedatzeko ematen duten erraztasunaren beldur dira agintariak. Hala sinetsita dago bera. Teknologia berri horiek indarra hartu aurretik eremu jakin batzuetan landu eta ezagutzen ziren iritziei hegoak eman dizkiete, eta batetik bestera barreiatzeko moduan jarri. "Sare sozialetan eurei interesatzen ez zaien informazioa hedatzen da. Ez dute horrelakorik baimendu nahi. Gure kasuak eredu gisa erabili nahi dituzte, eta herritarrek beren burua zentsura dezaten lortu".
Kazetari gisa, beragan, bederen, izan du eragin hori. "Gauzak zelan idatzi hausnartzen dut orain, berriz ere Espainiako Auzitegi Nazionalean ez bukatzeko. Sare sozialetan gauza bera gertatuko da". Argi du: "Kontua ez da esan nahi dudana esaten ez dudala; baina ondo hausnartzen dut nola idatzi behar dudan".