Asteburuko proposamena

Aldaketen lekuko biziak

Aldaketen lekuko biziak

Natalia Salazar Orbe
Begien aurrean ageri denak ezkutuan gordetzen ditu denboraren joan-etorriak bere gainean zizelkatutako pasarteak. Begirada huts batean sumatzen dena baino gehiago da paisaia. Iraganeko gertakariek, berau okupatu duten biztanleek ze...

Agertoki pribilegiatua

Agertoki pribilegiatua

Natalia Salazar Orbe

Kostaldeko itsasargia izango balitz legez, dir-dir ageri da herria Ogoñoko lurmuturretik eta Izaro irlatik. Olatuek astintzen jarraitzen duten arren, musika doinuen erritmora dantzatuko da egunotan. Iritsi da, beste behin, Mundaka Festival; Busturialdeko herria musika, gastronomia eta naturaren hiriburu bilakatuko duen jaialdia. Izan ere, musika estilo askotarikoak agertoki ikusgarrian eskaintzeko parada baino zerbait gehiago bihurtu da urteekin jaialdia. Gastronomiak eta bertako produktuek protagonismo berezia hartuko dute aurten. Hegalaburrari eskainitako eguna izango dute igandean, hiru egunetako ekitaldiei bukaera emateko.

Rock, soul zein blues doinuek hartuko dute Santa Katalina penintsula. Agertoki paregabea. Bertatik igaroko dira, besteak beste, Ocean Colour Scene britainiarrak. The day we caught the train, The riverboat song edota The circle abesti entzutetsuak taularatuta, dantzan eta kantuan jarriko dituzte ikus-entzuleak.

New Yorketik iritsiko dira The Rad Trads taldekoak. Zuzeneko talde dibertigarriak soul, jazz, swing eta rock doinuak joko ditu, betiere, ezaugarri duten energia handiarekin. Hala ere, artista eta musikari zerrenda luzea dakar gaur hasi eta igandera bitarteko egitarauak. Mundakako jaialdian ariko dira, besteak beste, Mando Diao, Beth Hart, Lee Fields & The Expressions edota Quique Gonzalez & Los Detectives.

Egun guztiei bukaera emateko ardura izango dute DJek. Dark DJ ariko da gaurkoan. Bere estilo propioarekin, nazioarteko hainbat jaialditan bihurtu da ezagun. Chelisen txanda iritsiko da bihar. Bost urtez nabarmenen artean kokatu du Rockdelux aldizkari garrantzitsuak. DJ Blackak hartuko die lekukoa igandean. Energiaz betetako rhythm & blues, boogaloo eta soul gordina astinduko ditu bere saioan.

Dastatze guneak

Musika eta paisaia ikusgarriaz harago, gastronomiari ohi baino leku handiagoa egin diote aurten. Igandean, herri osora zabalduko dute jaialdiaren eremua Atune Egunarekin. Hala, ateak zabalik, edonork izango du itxiera ekitaldia gozatzeko aukera.

Hegalaburraren sekretu guztiak ezagutaraziko ditu egun horretan Arzak jatetxeko Xabier Gutierrez sukaldariak. Arrain preziatu hori prestatzeko saio bitxia eramango du kostaldeko herri txikira, Sabel dantzaren bost mugimenduak izenburupean. Esku profesional horiek prestatutako jakia dastatzeko emango diete bisitariei.

Kozinatu aurreko prozesua zer- nolakoa den ikusteko aukera ere izango da. Hala, arrain hori prestatzeko zelan zatitu behar den irakatsiko diete, lehenago, bertaratzen diren guztiei.

Ostean, herrigunea astindu eta giroa lau haizetara zabaltzeko bermut saioari egingo diote lekua. Talaia erdian kokatuta, eguerdi aldera, eguraldia lagun baldin bada jenderik gehien erakartzen duen eremuan, DJ Blackak girotutako saioa izango da. Hark zabalduko dizkio ateak geroago Santa Katalinan egingo dituzten kontzertuei: Seiurte, Willis Drummond eta The Rad Trads taldeek emango diote bukaera hirugarren Mundaka Festivali.

Jaialdiaren zutabeetako bat izanik, gastronomiaren atalak salmenta, erakusketa eta dastatzeak egiteko gunea izango du: Urdaibaiko Esentziak. Han egingo dituzte dastatzeak, tailerrak edota showcooking saioak, besteak beste.

Mundakids

Ume, gazte eta helduentzako jarduerak prestatu dituzte. Txikienek eurentzako txoko propioa izango dute bihar eta etzi: Mundakids. Haientzat ere musika eta gastronomia uztartuko dituen egitaraua prestatu dute. Gastronomia tailerretan, ikasi eta jolasteaz gain, musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeko aukera izango dute. Teknologia berriak musika tresna klasikoekin eta hardware analogikoekin konbinatuta, musikaren ikerketan murgilduko dira gaztetxoak. Kontzeptu horiek musika estimulu gisa hurbiltzea du helburu tailerrak.

Alde gastronomikoari dagokionez, sukaldaritzan aritzeko aukera emango die Aitor Amutxastegik. Hondarribiko Arraunlari Berri jatetxeko sukaldaria da. Taloa eta hegaluzea lehengai hartuta, jakiak prestatuko dituzte beste tailer batzuetan ere.

Sarrerak

Egun bakarrerako sarrerak 40 euroan daude salgai. Bestalde, hiru egunetarako bonua 65 eurotan saltzen dute. Egun bakarrerako sarrera dutenak jaialdiaren eremutik ateratzen badira ezin izango dute sartu berriro. Bonua dutenei, berriz, eskumutur bat jarriko diete. Beraz, ez dute izango arazorik kanpora eta barrura ibiltzeko.

Dena dago prest. Magiaz betetako jaialdia abiatzear da. Bikingoek Mundakara iritsi zirenean ikusi zuten herriko lehen lur eremuak Santa Katalina izan behar zuen. Handik egin zuten itsasadarrean barrena sartzeko bidea. Eremu hori bilakatu da artista entzutetsu askorentzako agerleku eta musika gosez joango diren ikus-entzuleentzako topaleku. Labar garaien gainean, itsasoari begira emango dituzte kontzertuak lehenengoek, eta paraje misteriotsu horretan gozatuko dute ekitaldiez bisitariek.

Munduko kulturen trukerako agertokia

Munduko kulturen trukerako agertokia

Natalia Salazar Orbe

Antzinako erritmoen taupadak, dantzarekiko pasioa, tradizioa, dantza tribalak eta naturarekiko loturak bat eginda. Munduko kultura askoren erakuslekua, eta bertakoaren agertokia. Horixe bihurtu da Portugalete egunotan: asteon abiatu da Nazioarteko 43. Folklore Jaialdia Portugaleten, beste herrialde batzuetako kultura ezagutzeko aukera emateaz gain bertakoak munduan ezagutarazteko baliagarria den jaialdia. Abian da herrialde bateko beroa besteko hotz handiarekin fusionatuta sortuko duten koktelaren dastatzea.

Astelehenean egin zuten lehen emanaldia; ikusgarrienetako bat izan ohi da: Portugaletera iritsitako talde guztiak leku berean ikusteko aukera izan zen. Canilla pasealekuan aritu ziren Polonia, Mexiko, India, Txuvaxia eta Ekuadortik iritsitako dantzari eta musikariak, Elai-Alai anfitrioiarekin batera. Gorka Mostajo bertako dantzaria da, eta antolatzaileetako bat. Hala laburbildu ditu lehen saioak: "Primeran joan dira. Aniztasun handia dago dantzetan. Jaialdi polita daukagu aurten".

Aste osoa iraun du musika eta erritmo askotarikoak elkartu dituen jaialdiak. Eta oraindik bada aukerarik, bai herrian bertan, eta baita handik kanpo ere. Izan ere, jaialdiak Bizkaira hainbat talde ekarri dituela aprobetxatuta, herriz herri ibiliko dira erakustaldiak egiten.

Orain arte herrian ikusi ez diren zein beste urte batzuetan ere izan diren taldeen emanaldiak dituzte aurten. Ekuadorko eta Mexikoko taldeak dira esperientzia errepikatu dutenak. Azkenek bosgarren bisitaldia dute. "Maskaren erakustaldia eta gonen mugimendu handia erakutsi dituzte lehenengoek. Oinekin lurrari astinduak eman dizkiote bigarrenek".

Txuvaxiakoak iruditu zaizkio berezienetakoak Mostajori. Izan ere, Errusiako federazio txiki batekoak izan arren, haien dantzek ez dute izan dantza errusiarrek izan ohi duten ezaugarririk. Euren kulturaren berezitasunak taularatu dituzte. "Oso saio dantzatuak ekarri dituzte". Indiakoek ere aho zabalik utzi dituzte ikusleak: "Mugimendu anarkikoak egiten dituzte, ordena berezirik jarraitu gabe, estilo libreagoan. Jantziak ere bereziak dira, kolore bizikoak".

Astearterako gorde dute jaialdiko unerik "ikusgarriena": Munduko Dantzak. Azken urteetan gauzatu dute: "Sei agertoki jartzen ditugu Karlos VII.a kalean, eta aulkiz inguratzen. Hala, herrialde guztietako taldeak ikus daitezke, dantzariak batetik bestera igarotzen direlako".

Bestalde, igandean eta astelehenean dantza saioetan ahaztuta geratzen diren musikarien kontzertuak entzuteko aukera izango da. "Herrialde bakoitzeko musika tradizionala entzun ahalko dugu".

Urtero ehun boluntarioren lana eskatzen duen jaialdi honek bizirik jarraitzen duela erakutsi du. 43.a dute jada. "Eta badatoz belaunaldi berriak atzetik".

EKUADOR
Tungurahua talde folklorikoa

1970ean abiatu zuen arte tradizionala hedatzeko ibilbidea Tungurahua talde folklorikoak. Kulturaren, tradizioaren eta bertako bizilagunen alaitasunaren eta edertasunaren arte bizia erakusten duen taldea bilakatu da. Hainbat alor jorratzen dituzte euren ikuskizunek: antzinako erritmo eta mugimenduak, herriaren samurtasuna eta maitasunaren pedagogia. Hori dela eta,Tungurahua taldea Ekuadorko kulturaren eredu eta lekukotzat hartzen da munduan.

MEXIKO
Colimako Unibertsitateko ballet folklorikoa

Nazioarteko hainbat jardueratan Mexiko herriaren ordezkaria izan da Colimako Unibertsitateko ballet folklorikoa. 1980. urtean sortu zuen Rafael Zamarripa Castañeda koreografo eta eskultoreak. 2013an Colima estatuko kultura ondarearen altxor izendatu zuten ballet folklorikoa.

TXUVAXIA (ERRUSIA)
Txuvaxiako kantu eta dantza konpainia

Herri kantak kantatzen zituen abesbatza izan zen, hastapenetan, Txuvaxiako konpainia. 1924an abiatu zuen ibilbidea. Abesti, dantza folkloriko eta jokoz osatzen dute erakustaldia.

POLONIA
Wisla

Wisla musika eta dantza folklorikoko taldea iritsi da Poloniatik. 1995ean sortu zuten. Esperientziari esker, berehala hartu zuen maila artistiko handia. Poloniako dantza tradizionalek osatzen dute, bereziki, euren programa. Musikari bikainek osatutako orkestrarekin iritsi da Portugaleteko jaialdira.

INDIA
Rangsagar

Tradizio handiko eta kultura aberatseko herrialdea da India. Bertako kultura koloretsuaren eredua da Rangsagar taldea. Indiako dantza folklorikoz eta herrialdeko hainbat tributako dantzez osatutako bilduma dauka. Eta horren lagin bat aurkeztuko du Portugaleten eta Bizkaiko beste hainbat herritan.

EUSKAL HERRIA
Elai-Alai

Jaialdira gonbidatutako bost herrialdeetako folklore taldeekin batera ariko da Portugaleteko Elai-Alai anfitrioia ere. Zuberoa eta Lapurdiko inauteriak dantzatuko ditu Euskal Herriko ordezkariak.

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia aldatu egin da sorreratik gaur egunera arteko ibilbidean. Hasieran ordaindu egin behar ziren ikuskizunak, eta orain doakoak dira. Agertokiak ere aldatu egin dituzte. Eta, apurka, handituz joan da. "Talde eta herrialde berriekin harremanak egin dituen heinean haziz joan da. Jaialdiak izena lortu du. Ez Portugaleten bakarrik. Ekartzen ditugun taldeek beste herri batzuetan ere emanaldiak egiteak jaialdia sendotzen laguntzen du".

Reggae jai txapelduna

Reggae jai txapelduna

Aitziber Laskibar Lizarribar

Itsasoari begira, itsasoa bera ukitzen duten lurretan dago Armintza. Alde batetik, mendialde eta zelai berdeek besarkatzen dute, eta amaierarik gabekoa diruditen ur urdinek, beste aldetik. Arrantza portu txikia da. Txalupak ber-bertan dituela, itsasoari begira bizi dena. Itsas zabalaren bestaldean, ikusmenak harrapatzen ez duen nonbaitekiko maitasun istorio gisa azaltzen dute antolatzaileek ia azken hogeita hamar urtean urtero errepikatzen den jaialdiaren muina: "Armintzako arrantza portua jamaikar jatorriko musikaren eta Euskal Herririk tropikalenaren arteko maitasun gutun bat idazten hasi zen". Txikitik sortu zen Txapel Reggae jaialdia, era xumean, eta handira egin du azken urteetan. Urruti dago Potato, Kannabis eta Yassa musika taldeeren kontzertuek abiatu zuten lehen edizio hura.

Karmengo jaietan hasi zen jaialdia, programazioaren barruko reggae egun gisara. 1990a zen. 27 urteren ondoren, tradizio bihurtu da reggae zaleentzat; galdu ezin den jaialdi berezia. Jamaikar jatorriko musika esperimentatzen hasiak ziren euskal taldeentzako plataforma gisara sortutakoa, nazioartean itzal handia duten artista ugariren lankidetzarekin egiten den jaialdi handi bihurtu da; Bizkaiko kostaldeko kultur proiektu garrantzitsuenen artean zein kultura jamaikarraren inguruko agendan leku egitea lortu duen hitzordua.

Eta, duen kokapen bereziagatik zein egitarau aberatsagatik ez ezik, beste zerbaitegatik ere bada "aparta" Txapel Reggae, antolatzaileen esanetan: "Jaialdi irekia, plurala eta doakoa delako", giro aparta izaten duelako, eta "gau ahaztezin bat igaro nahi duen edonork ongi etorria jasoko duelako".

Herritarren babesa

Hain zuzen, herritarren parte hartzea goratu eta eskertu dute antolatzaileek: "Marka komertzial handiek aire zabaleko makrojaialdi ugari babesten dituzten garai honetan, benetan bitxia da horren herri txiki batean biztanle guztiak eskuzabaltasunez musika saio hau antolatzeko laguntzen ikustea".

Aurtengo egitaraua "oso internazionala" izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta jamaikar tradizioa eta doinu britaniarrak nahastuko direla bereziki. Ska, dancehall eta roots erritmo dantzagarriak izango dira nagusi biharko saioetan. Eta mundu osoan ospe handikoak diren reggae musikariak igaroko dira Armintzako portuan jarritako agertokitik. Besteak beste, Macka B, Danny Red eta Jah Observer. Tokiko taldeek ere izango dute lekua nazioarteko izen handi horien ondoan.

Bi gune nagusi

Aurreko jaialdietan bezala, bi gunetan banatuko da Txapel Reggae: Skateparkean egongo den Pay-Pay Dub Stage gunean sound system musika protagonista duen agertokia egongo da, eta Euskal Herriko musikariak izango dira nagusi, arratsaldean, 16:00etan hasita. Mad Muasel abeslari bizkaitarrak, adibidez, abesti zaharrak eta sorkuntza berriak eramango ditu Armintzara. Aiaraldeko Sound System Laudioko (Araba) gazte taldea ere Skateparkean jarritako agertokian arituko da. Baita Iruñeko Sustrainans & Titanians in Dub ere. Salda Dago, reggae mugimenduan lelo bihurtu diren hitzen egile gaztea, Thunder Clap Sound System kolektiboaren laguntzarekin arituko da.

Sadhu Stage izena eman diote beste guneari: portuan jarritako agertokiari. Izen handiko musikariak arituko dira, gauean, 22:00etatik aurrera. Erresuma Batuko eta Jamaikako musikariak izango ditu oinarri gune nagusi horrek: Macka B artista eta aktibista, sound system kulturan maisua den Jah Observer, Dany Red abeslaria, Irregular Roots banda eta The Hot Knives banda. Etxeko talde bat ere arituko da itsaso aurrean kokatutako agertoki berezian: Iruñeko Skabidean.

Baina jarraitzaile gehien bilduko dituzten emanaldiak gauean izango diren arren, Armintzara joaten denak eguerditik izango du zerekin gozatu. Txapel Reggae jaialdian ohiko bihurtu den rasta poteoa, esate baterako, 12:00etan hasiko da. Armintzako kale eta tabernetan zehar ibiliko da Batukale Sambaren musikaren laguntzarekin. Egun osoan egingo diren gainontzeko ekitaldiak ere musikaz alaitutakoak izango dira; goizean egingo den skate txapelketa, esaterako.

Jaialdian izaten den giro ona nabarmendu, eta horretan laguntzeko eskatu dute antolatzaileek: "Errespetua eskatzen dugu; Armintzara bilduko diren pertsona ororenganakoa, herria berarenganakoa eta ingurunearenganakoa".

Musikazaleen festa piztu da

Musikazaleen festa piztu da

Natalia Salazar Orbe

Musikak giroa astindu du. Airean dago, iltzatuta. Domekara arte ez du alde egingo. Bilbo pop eta rock estiloen hiriburu bihurtuta dago ordura arte. Kobetamendi inguruko landak hainbat artista entzutetsuren ikuskizunen agertoki bilakatuko dira. Abian da XII. BBK Live jaialdia. Atzo hasi zuten, eta oraindik giroan sumatzen dira Depeche Mode, Justice zein Maadraassooren kantu eta mezuen uhinak. Hasiera besterik ez zieten eman jaialdiari. Denera, 70 talde ariko dira BBK Live jaialdian.

Ikuskizuna aurrera doa. Kartelburu entzutetsuek zein horren ezagun ez izan arren ezusteak emango dituzten taldeek girotuko dute Kobetamendi, gaur. Hantxe ariko dira Primal Scream, Blonde Readhead, Trentemoller zein The Killers, besteak beste.

Spaceman, Human edota Bones kantu arrakastatsuek lekua izango dute gaur The Killers taldearen ikuskizunean. Mundu osoan 22 milioi disko baino gehiago salduta iritsiko da Bilboko agertokira. Haren agertokitik gertu ariko da Phoenix talde frantziarra. 2009an, Grammy saria irabazi zuen, Musika Alternatiboaren Albumik onena egin zuelako: Wolfang Amadeus Phoenix.

Biharko kartelburuei dagokienez, Die Antwood aipatu dute antolatzaileek. Musika eszena irauli zuen talde hegoafrikarrak 2010ean argitaratu zuen lehen diskoarekin. Harrezkero, orduan abiatutako lan nekaezinarekin jarraitu dute, rapa, musika dantzagarria eta sustrai-musika euren estetika bereziarekin eta zuzeneko ikusgarriekin uztartuz.

Two Door Cinema Club izango da kontzertu nagusietako beste bat. Ipar Irlandako indie rock eta indie pop musika estiloak eramango ditu Alex Trimble, Sam Halliday eta Kevin Baird hirukoteak Bilbao agertokira.

Nazioarteko taldeez gain, tokiko artista eta taldeei ere lekua egin diete aurten ere. Han ariko dira, besteak beste, Izaro edota Niña Coyote eta Chico Tornado.

Leku bereziak

BBK Live jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat da pop eta rock estilo askotarikoak eramten dituela agertokietara. Iaztik aurrera, baina, beste bat ere gehitu zaie bi eredu horiei: Basoa espazio bereziak musika elektronikoa astinduko du. Hantxe ariko dira gaur eta bihar, besteak beste, Javi Green edota Nicola Cruz. Nazioartean ospea hartu duten artisten emanaldiak iragarri dituzte.

Espazio berezi horrez gain, aurten ere, Bereziak zikloak hirigunera gerturatu du BBK Live. Kobetamendiko jaialdiaz gain, hiriko hainbat espaziotan hainbat kontzertu eta jarduera prestatu dituzte. Gaur eta bihar, Rufus T. Firely eta Nudozurdo taldeak ariko dira. Bihar, Delorean eta Iseo & Dodosound w/The Mousehunters ikusi ahalko dira. Horrez gain, Jagermusic ontzia Pio Baroja kaitik aterako da. Bertan ariko dira Kaixo, Rrucculla eta King Kayman taldeak. Umeekin batera aritzeko Play'N'Kids saioak zortzi orduko jarduerak eta musika eskainiko dizkie familiei.

Ohiko musika jaialdi bat baino harago joan da BBK Live urteekin. Betidanik eskaini die espazio paregabea kontzertuez gozatu ostean atsedena agertokietatik gertu hartu nahi zuten bisitariei. Kontzertuen esparrutik hiru kilometro ingurura kokatu dute urtero kanpalekurako espazioa. Eremu berde horretan, arbolen artean, jartzen dituzte bisitariek euren dendak. Beharrezko zerbitzu guztiak aurkituko dituzte eremu horretan: ura, ur beroa, dutxak, komunak, entxufeak zein janari mota askotarikoak eskaintzen dituzten establezimenduak.

Ohiko kanpaleku horren ondoan, jaialdia esklusibo bihurtzeko beste zerbitzu batzuk ere eskaini dituzte aurten: Glamping-a, hain zuzen. Eremu horretan, atzean geratuko da era horretako topaketek sortzen duten xarma. Edo, bestela, baliteke beste xarma mota baten bila ari den beste publiko mota bat ere erakarri nahi izatea. Izan ere, denetariko luxuak eskainiko dituen zerbitzua prestatu dute: lau, bi zein pertsona bakarrarentzako dendak eskaini dituzte aukeran. Horrez gain, gosaria, berez puzten diren koltxoiak izara eta guzti, gau mahaia zein LED argia dituzte eskuragarri lekuotan.

BBK Live jaialdiaren espazioan, 22 barra jarri dituzte, denera. Hara biltzen direnek otorduetarako aukera zabalagoa aurkituko dute aurten. Eskaintza gazia eta gozoa. Arropak, diskoak, liburuak zein elastikoak salgai dituzten erakuslekuek osatzen dute, bestalde, azokaren eremua.

Ez beti da ez

Udako festen hasierak berriz ere sexu eraso matxistak agerrarazi dituzte. Salaketak izan dira, eta baita horiek gaitzesteko protestak ere. BBK Live jaialdiak eraso sexisten prebentziorako Ez beti da ez kanpaina jarri du abian. Errespetua eta askatasuna ardatz dituzten harremanen gaineko kontzientzia zabaltzea du helburu mezu sinple eta ezagun horrek. Era horretako erasoak zelan identifikatu eta horiei zelan erantzun zehazten duen gida bat jarri dute eskuragarri, besteak beste, antolatzaileek. Argi utzi gura izan dute erasorik edo faltarik txikienak ere gizartearen gaitzespen kolektiboa aurkitu behar duela aurrez aurre.

Eskumuturrekoz ordaindu

Txanponek eta billeteek ez dute lekurik aurtengo jaialdian. Eskumuturreko adimendunek kendu diote lekua esku diruari. Sistema hori besterik ezin da erabili. Eskumuturrak duen txip horrekin kontrolatzen dute Kobetamendiko esparrurako sarrera ere.

Teknologia berriekin batera egokituz joan da jaialdia bera, garai berrietara. Itxura dotore edo erosoegia hartzen ari dela pentsatuko dute zenbaitek. Eskaintza batzuek eta besteek duten erantzunak finkatuko du etorkizunerako eredua. Oraingoz, musikaren uhinek bazter guztiak beteko dituzte.