Politika

Oroimenaren aterpean

Oroimenaren aterpean

Natalia Salazar Orbe

Demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zirenei omenaldia egingo diete, igandean, Artxandan. Aztarna digital itxura daukan Aterpe 1936 eskulturaren parean izango da, azken hamar urteetan egin duten legez. Askatasuna defendatu zuten guztiak izango dituzte gogoan Bilbon. 1936ko gerran errepresioa pairatu zutenak eta haien familiak izango dira protagonista zalantzaezinak. Izan ere, aurten omenaldiak hauteskunde kanpainarekin bat egin duenez, bigarren mailara pasatuko dira alderdi politikoak.

Berezia izango da, era berean, hainbat urteurrenek bat egin baitute. Hala azaldu du Eduardo Gonzalezek, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak: "1936ko kolpe militar faxistaren 80. urteurrena betetzear da". Horrez gain, hamar urte dira Juanjo Novella artistaren Aterpe 1936 inauguratu zutela.

1936ko gerran demokraziaren alde borrokatu zuten sentsibilitate anitzetako borrokalariek bat egiteko hitzordua izango da. Aterpe 1936 ikur unibertsala da. "Gerra hartan eta osteko diktaduran herriak aukeratutako agintariak eta euskal herritarren askatasuna eta eskubideak defendatu, faxismoaren aurka aritu eta askatasunean bizi nahi duen gizateriaren ametsen alde euren burua arriskuan jarri zuten pertsona guztiak" oroituko dituzte omenaldian. Hala jakinarazi dute ekitaldia antolatu duten elkarteek: ELA fundazioa, CNT, Sabino Arana, Ramon Rubial, Eusko Lurra eta Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataforma.

Kokalekua bera ere sinbolismoz beteta dago. Izan ere, odolez bete ziren Artxandako txoko guztiak 1937ko ekain hartan.

Gudarien ordezkaritza

Besteak beste, Jose Moreno gudaria eta Eibarko miliziano baten alaba izango dira ekitaldian. Moreno Aterpe 36 elkartearen sustatzaileetako bat izan zen. Justizia, oroimena eta erreparazioa aldarrikatuko dituzte. Morenok berak argi azaldu zituen helburu horiek eskulturaren inaugurazioa egin zutenean: "Francok presoak sailkatzea nahi izaten zuen, eta aztarna bana jarri zigun guztioi; oraindik aldean daramagun aztarna. Horren ikur izan nahi du eskultura honek, gure eta etorkizuneko gazteek gogora dezaten zer jasan behar izan genuen".

Haren hitzak indarrean daude oraindik. Gonzalezek gogora ekarri du urteak aurrera doazela, eta protagonista izan zirenak desagertzen ari direla. "Haien seme-alabak eta ilobak dira orain gurdiari tiraka ari direnak". Familia gehienetan dago errepresioa pairatutako senideren bat. Hala ere, 80 urte igaro dira, eta, askorentzat, bizitzak aurrera egin du. Baina Aterpe 36 elkarteak eginahaletan jarraituko du gerrako eta osteko izugarrikeriek argia ikusteko eta jazotakoagatik justizia egiteko: "Gertatutakoa konpondu egin behar dugu, gutxieneko duintasun bat emango duen eran utzi behar dugu. Aitortza egin behar da. Eta benetan zer gertatu zen jakin. Egiaren batzorde batek landuko duen justizia aldarrikatzen dugu. Dagoeneko, ezin ditugu epaitu esku hartze zuzena izan zuten asko eta asko; Franco eta Mola jenerala, kasurako. Baina, Rodolfo Martin Villa [ministro ohia] eta Billy el Niño [polizia ohia] auzipetuta daude Argentinako salaketaren barruan". Bestalde, sinetsita dago domekakoa bezalako omenaldiek laguntzen dutela erreparazio lanetan.

Faxistek Bilbo bonbardatu zuteneko 79. urteurrena beteko da bihar. Eta etzi egingo dute omenaldia. Artxandako eskulturak bizirik mantenduko du miliziano, gudari, borrokalari, erbesteratu, preso, biktimen senide eta gerrako umeen oroimena. Gonzalezen ustez, erakundeek oroimen horri dagokion forma ematea falta da, "memoria historikoaren lege propioa eratuta".

Periko Solabarria elkartea sortu dute hura gogoan hartzeko asmoz

Periko Solabarria elkartea sortu dute hura gogoan hartzeko asmoz

Gotzon Hermosilla

Gaur zortzi, ekainaren 24an izango da Periko Solabarria ezker abertzaleko kide historikoaren heriotzaren lehenengo urteurrena. Solabarria hil eta gutxira, haren kide, lagun eta senitarteko zenbaitek iragarri zuten fundazio edo elkarte bat sortzeko asmotan zebiltzala, hark defendatutako balioak belaunaldi berriei ezagutarazteko xedearekin. Orain, heriotzaren lehenengo urteurrenean, Periko Solabarria elkartea aurkeztu dute jendearen aurrean, eta urteurrenerako prestatu dituzten ekitaldien berri ere eman dute.

Elkartea legeztatzeko prozesuan dago orain, eta hango kide Juanjo Zarragak aurkezpenean esan duenez, "asmoa ez da soilki Periko oroitzea; gune bat sortu nahi dugu, mundu guztiari zabalik egongo dena, Perikok sustatu zituen borroka guztiak bultzatzeko". Izan ere, Solabarria beti egon zen prest bere laguntza behar zuten talde eta herri mugimendu guztiei eskaintzeko, eta bere jarduera politikoa ezker abertzalean garatu bazuen ere, oso harreman onak zituen ezkerreko alderdi, sindikatu eta mugimendu guztiekin. Horregatik, izaera zabala eman nahi diote Periko Solabarria elkarteari, eta nahi duten guztiek parte hartzeko aukera izango dute.

"Borrokak piztu, sustatu eta jarraipena ematea" izango da elkartearen beste eginkizunetako bat. Horien artean, "langileen memoria historikoa" berreskuratzea nabarmendu du Zarragak, "eskualde honetako langile eta meatzariei lapurtu nahi dieten kontakizuna", eta hori islatuko da Solabarriaren heriotzaren urteurrenerako prestatu duten egitarauan.

Lehenengo ekitaldia etzi izango da, ekainaren 19an. Mendi ibilaldi bat antolatu dute, Trapagarango Larreineta auzotik abiatuta, Solabarriaren bizitzan hain garrantzi handia izan zuen meatzaritzaren aztarnak ezagutarazteko. Solabarriaren biografiako zein eskualdearen iraganeko lekurik esanguratsuenak bisitatu ostean, Gallartako Meatzaritzaren Museoan amaituko da ibilaldia, Abanto-Zierbenan.

Hitzaldiak eta omenaldia

Datorren astean, zenbait hitzaldi antolatuko ditu Periko Solabarria elkarteak. Lehenengoa ekainaren 20an izango da, Pedro: konpromisoz eta borrokaz beteriko bizitza izenburupean, eta han Solabarriak apaiz gisa egindako urratsak izango dituzte mintzagai -garai hartan On Pedro gisa ezagutzen zuten guztiek, horregatik agertzen da izen hori hitzaldiaren goiburuan-.

Solabarriarekin batera apaiz langileen mugimenduko kide izandako Juan Arregik eta Juan Zulaikak, eta Javier Sadaba filosofo eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Etika katedradun izandakoak parte hartuko dute hitzaldian.

Hurrengo egunean beste hitzaldi bat izango da, Periko, beti gazte izenburukoa, eta Solabarriaren eta gazte mugimenduaren arteko harremana aztertuko dute. Frankismoaren garaiko JOC eta HOAC erakundeetako kide izandakoak, Jarraiko kide izandako Ana Lizarralde eta Ernaiko Gotzon Elizburu egongo dira. Hitzaldi biak Portugaleteko azokan egingo dituzte, 19:30ean hasita.

Ekainaren 24an, Solabarria hil zeneko urteurrenean, omenaldia egingo diote Arrondegiko zubiaren ondoan, Lutxanan (Barakaldo), 12:30ean. Eta 22:00etan, berriz, Kontzertu gorria izeneko ekitaldia egingo dute itsasadarrean zehar, itsasontzi batean, Iñaki Uriarteren gidaritzapean.

1,8 milioi euroko isuna dela eta, udalari kontuak eskatu dizkiote berriztarrek

1,8 milioi euroko isuna dela eta, udalari kontuak eskatu dizkiote berriztarrek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Berrizko herritarrak haserre daude udalarekin. Bilboko Administrazio Auzitegiak 1.823.526 euroko isuna jarri dio udalari, eta azalpenak nahi dituzte herritarrek; azalpenak, eta erantzukizuna. EAJk kudeatzen duen udala irregularki aritu delakoan jarri dio zigorra auzitegiak. Dirutza ordaindu behar du udalak ondorioz, eta herritarrak seguru daude horrek zuzenean eragingo diela. "Udalaren dirua guztion dirua da", dio Andoni Barreñak, Berrizek 1,8M + zergatik? plataformako kideak.

Auzi horren harira, bi helbururekin sortu berri den plataforma da Berrizek 1,8M + zergatik?. Gertatu denari buruzko azalpenak nahi ditu, batetik; udalarengandik informazio zuzena jaso. Bestetik, isuna irregularki aritu direnek ordaindu behar dutela aldarrikatzen du; zigorra ez dadila herritarren gain erori.

2003. urtean du jatorria auziak. Berrizko Udalak lurzoru publiko batean etxebizitzak egitea erabaki zuen. Deialdi publikoa egin zuen hartarako, eta enpresa pribatu bat sortu zuen prozedura kudeatzeko: Susa. Berrizko Udala zen enpresa pribatu horren jabe osotasunean, eta, azaldu zuenez, prozedura azkartzea izango zen haren lana.

Etxebizitzak eraikitzeko deialdia egin zuen Susak. Hainbat enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta Abaroari eman zion lanak egiteko ardura. Lehian bigarren geratu zen Jauregizar enpresaren ustez, ordea, esleipena ez zen zuzena izan. Lanak berari zegozkiola sinetsita, helegitea aurkeztu zuen, eta, 13 urteko prozedura luzearen ondoren, orain jaso du auzitegiaren erantzuna: arrazoia eman dio epaitegiak. Etxebizitza haiek egiteko esleipenean irregulartasunak izan zirela esan du, eta Jauregizarri zegokiola kontratua.

Izan ere, lehiaketa irabazi zuen Abaroa enpresak ez zituen egiaztatu beharreko oinarrizko dokumentazio guztiak aurkeztu eskaera egitean. Hala ere, berak jaso zuen esleipena, Euskadiko Kontu Epaitegiak irregulartasunaz ohartarazi zuen arren.

1.823.526 euro, interesak eta auziaren kostua ordaindu behar ditu orain udalak; urte osoko aurrekontuaren herena. Dirutza erantzuleek ordaindu dezatela eskatzeko, protesta egin zuen azken udalbatzan plataformak, eta sinadurak biltzen ari da.

Adierazpen bat etorkizunari

Adierazpen bat etorkizunari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Galdera horri erantzuteko hitzordua dute igandean ispastertarrek. Erabakitzeko eskubideari hautetsontzia jartzeko erronka hartu dute bertan. Eta irudi bera errepikatuko da Azpeitian, Debagoienean, Goierrin (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba) ere. Baina igandeko galdeketak ez dira ekimen bakanak izango. Euskal Herriko hamaika herritan adierazpen egunak egingo ditu plataformak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak jasotzen aritu dira azken hilabeteetan herritarrak, eta horiek aurkezteko ekitaldiak egingo dituzte asteburuan. Bizkaiko herri batek baino gehiagok herri galdeketa ere iragarriko du datozen egunetan. Loratu egiten da Gure Esku Dago udaberrietan.

Duela bi urte egin zen etorkizunari buruzko lehen herri galdeketa Euskal Herrian, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Kasu bakan bat izatetik urrun geratu da 2014ko lehen bozketa hori. Eta zerrenda baten hasierako izen bihurtu da Etxarri-Aranatz. Hilabete gutxira, Bizkaiko Arrankudiaga Zollok hartu zuen sakandarren testigua. "Nahi duzu euskal estatu subirano bateko herritar izan?" galderari erantzun zioten bertako herritarrek 2014ko azaroan. Parte hartzea %61,5ekoa izan zuen, eta %89,6 agertu ziren euskal estatuaren alde Arratiako herri horretan.

Zerrenda horri Ispaster gehituko zaio igandean. Eta Dima izango da hautetsontziak jarriko dituen hurrengo herria. Hilaren 19an erantzungo diote dimoztarrek parte-hartze prozesu baten bidez adostu duten galderari: "Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura duzu?". Gero eta luzeagoa da Bizkaian galdeketa egingo duten herrien zerrenda. Aulesti, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela, Barrika, Lemoiz, Urduliz eta Arrigorriagan datorren urteko udaberrian galdetuko dute etorkizunari buruz. Iragarpen ofizialak dira horiek. Baina ez da behin betiko zerrenda. Izan ere, Bizkaiko beste hainbat herritan ere galdeketa egiteko asmoa du plataformak. Ziurrenik, datozen asteetan emango dute asmo horien berri.

Hirugarren urtemuga

Azken urteetan egindako lanaren fruituak dira asteburu honetan jasoko direnak. Izan ere, asteazkenean hiru urte beteko dira Gure Esku Dago sortu zenetik. Hiru oinarriren baitan herritarren arteko elkarguneak sortzeko erronka hartu zuen plataformak: Euskal Herria herri bat da. Etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Eta erabaki hori hartzea euskal herritarrei dagokie. Ardatz horien baitan herritarrak saretzen aritu zen herri dinamika urtebetez, eta lehen urtemugan Durango eta Iruñe arteko 123 kilometroak eskuz elkartu zituen Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.

Aurreikuspen guztiak hautsi zituen kateak, 150.000 herritarrek baino gehiagok parte hartu baitzuten. Azken hamarkadetan Euskal Herrian izandako ekitaldirik jendetsuena izan zen ordukoa, eta "historikotzat" jo zen. Mugarria izan zen giza katea, eta aldarrikapenak herritarren artean izan zuen atxikimendua are gehiago zabaltzeko lanean, eskua emanda jarraitu zuen herri ekimenak, "erabakitzeko eskubidearen aldeko borondateak batzen".

Udaberritik udaberrira jauziak eman ditu plataformak. Eta iazko ekainean ere, hautetsontziak irudikatzeko ekitaldiak antolatu zituen Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Aurrez, herri eta auzoetan oihal bidez jositako atxikimenduen oihalak elkartu zituzten hiriburuetako estadioetan. Milaka lagunek hartu zuten orduko ekimenean ere. Baina giza kateak ez bezalako irudia utzi zuen ekitaldiak: leku hutsak ere bazirelako estadioetan.

Ez zuen lanean jarraitzeko gogoa galarazi horrek. Are gehiago, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikan jarraitzeko beste arrazoi bat ikusi zuen Gure Esku Dago-k aulki huts horietan. Hala azaldu zuen Angel Oiarbide plataformako bozeramaileak ekitaldi horien balorazioa egiteko unean ere. "Aulki hutsek erakusten dute herri honetan asko dagoela oraindik josteko, erabakitzeko eskubidea oinarri bat izan dadin".

Oihalez jositako hautetsontzi horien erabilera egunera iristeko Eskura izeneko gogoeta prozesuan murgildu zen plataforma estadioetako ekimenaren ondoren. Eta udazkenean eman zuen hausnarketaren berri. 2018. urtean jarri zuen plataformak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko data, eta horra iritsi bitarteko bide orria ere zehaztu zuten bertan. Hor kokatzen dira asteburuan Bizkaiko eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako herrietan egingo diren erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak, Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago-ren Bizkaiko arduradunaren arabera. "Hiru geltokiko bidea marraztu zen Eskura hausnarketan. Lehena, herriz herri eta auzoz auzo erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenak adostea. Bigarrena, Euskal Herri mailan, eskubide beraren aldeko ituna osatzea. Eta azken urratsa, erabakia bera hartzea". Lehen urrats horretan buru-belarri ari dira lanean herri ekimeneko kideak urtarriletik.

Bidearen garrantzia

Isilpekoa izan da azken hilabeteetan Gure Esku Dago-ko kideek egin duten lana. Herritarrekin elkartu, hausnartu eta erabakitzeko eskubidearen inguruko adostasunak biltzen aritu dira tokian toki. "Lan handia egin dugu barnera begira, eta akaso azken boladan gutxiago ikusi da gure lana kalean. Baina aurrera begirako urratsak adostu ditugu, eta adierazpenaren aldeko lanean gogotsu aritu dira lanean herrietan". Oinarri sendoa jarri dute tokian toki egin dituzten harremanetan. "Metro bat ala oihal zati bat saltzea errazagoa da herritarrak mahai beraren bueltan esertzea baino. Harremanak eta konplizitateak sortu dira, eta sukaldeko lan horrek garrantzi handia du. Sorpresa asko hartu ditugu harreman dinamika horretan jasotako erantzunekin".

Galdeketa egunean baino, horra iristeko bidean jarri du arreta plataformako kideak. Azaldu du etorkizunari buruzko galdeketa egiteko baldintzak sortzen aritu direla herri eta auzoetan. Erabakien adierazpenetan islatu dituzte atxikimendu horiek guztiak. Eta asteburuan aurkeztuko dituzte horietako asko. "Lekuan lekuko errealitatera egokitutako adierazpenak egunotan aurkeztuko dituzte".

Behetik gorako mugimendua da Gure Esku Dago. Eta herri eta auzo bakoitzak bere ezaugarrien arabera egiten du lan. Edonola ere, adierazpen guztiek bizkarrezur bera dutela azaldu du Zenarruzabeitiak: "Etorkizunaz erabakitzeko nahi bat adierazten dute denek". Prozesu horren mugarria izango da asteburua. Orain arte egindako lan horren guztiaren "loratzea", alegia.

Herri galdeketa ugari espero dira 2017. urterako Bizkaian. Oraingoz, 11 herritan iragarri dituzte bozketak. Baina baliteke asteburuan zerrenda horretan herri gehiago sartzea. Zenarruzabeitiak azaldu du aurrez baldintzarik izan ez den tokietan ere aurrerapausoak nabaritu dituztela plataformako kideek. "Herritarren eta Gure Esku Dago-ko herrietako kideen aldetik aldaketa nabaritu da galdeketei dagokienez. Aurretik planteatu ere egiten ez zen agertokia posible dela ikusi dute adierazpen prozesuan sortu diren harremanekin". Horra bideak duen garrantziaren beste adibide bat.

Lehen olatua

Mugarria izango da aurtengo udaberria Gure Esku Dago-rentzat. Indar handiagoarekin ala txikiagoarekin, baina udaberriz udaberri loratu den herri ekimena dela erakutsi du plataformak orain arte. Igandean, Euskal Herriko 34 udalerritan egingo dute galdeketa. Ia 148.000 biztanlek egingo dute botopapera hautetsontzian sartzeko ariketa. Gainontzeko herrietan, erabakitzeko eskubidearen aldeko sinergiak batzen jarraituko dute asteburuan. Antzerki, bazkari ala egun osoko jaien bitartez, beste bultzada bat emango diote etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenari. Mugimenduari adjektiborik jarri baldin bazaio, "alaitsu" eta "koloretsu" gisakoak jarri zaizkio. Eta halakoak espero dituzte datozen egunetako adierazpen egunak ere.

"Erabakiaren aroan" murgilduta dagoela adierazi zuen plataformak Eskura gogoeta aurkeztu zuenean. Eta erabakiaren lehen olatua izango da igandekoa. Ez azkena, ordea. Halakoa espero dute datorren urteko udaberria ere. Eta begirada 2018koan dute jarria, Hego Euskal Herriko hiru milioi biztanleak hautetsontzietara deitzeko erronka jarria baitu herri ekimenak. Lanerako erreferentzia gisa jarri dute data, faktore bik baldintzatuko baitute marraztu duten bide orriaren epeak betetzea. Bat: tokian tokiko adierazpenek duten adostasunerako gaitasuna. Eta bi: erabakitzeko itunaren aldeko adostasun mailak.

Itzala mende laurdenez

Itzala mende laurdenez

Aitziber Laskibar Lizarribar
Espetxean kalean baino denbora gehiago darama German Urizar de Paz bilbotarrak. 49 urte bete berri ditu, eta 24 zituela espetxeratu zuten. 25 urte egingo ditu preso astelehenean. Kartzelan denbora gehien daraman preso bizka...

Adierazpen askatasuna, auzitan

Adierazpen askatasuna, auzitan

Natalia Salazar Orbe
Algortatik Hanka taldeak antolatutako manifestazio batean parte hartu zuten hamasei lagunek isuna jaso dute. Legezkoa zen protesta batean ari ziren. Ekitaldia egin zuten bitartean Poliziak ez zuen inor identifikatu. Hala ere, handi...