1,8 milioi euroko isuna dela eta, udalari kontuak eskatu dizkiote berriztarrek

1,8 milioi euroko isuna dela eta, udalari kontuak eskatu dizkiote berriztarrek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Berrizko herritarrak haserre daude udalarekin. Bilboko Administrazio Auzitegiak 1.823.526 euroko isuna jarri dio udalari, eta azalpenak nahi dituzte herritarrek; azalpenak, eta erantzukizuna. EAJk kudeatzen duen udala irregularki aritu delakoan jarri dio zigorra auzitegiak. Dirutza ordaindu behar du udalak ondorioz, eta herritarrak seguru daude horrek zuzenean eragingo diela. “Udalaren dirua guztion dirua da”, dio Andoni Barreñak, Berrizek 1,8M + zergatik? plataformako kideak.

Auzi horren harira, bi helbururekin sortu berri den plataforma da Berrizek 1,8M + zergatik?. Gertatu denari buruzko azalpenak nahi ditu, batetik; udalarengandik informazio zuzena jaso. Bestetik, isuna irregularki aritu direnek ordaindu behar dutela aldarrikatzen du; zigorra ez dadila herritarren gain erori.

2003. urtean du jatorria auziak. Berrizko Udalak lurzoru publiko batean etxebizitzak egitea erabaki zuen. Deialdi publikoa egin zuen hartarako, eta enpresa pribatu bat sortu zuen prozedura kudeatzeko: Susa. Berrizko Udala zen enpresa pribatu horren jabe osotasunean, eta, azaldu zuenez, prozedura azkartzea izango zen haren lana.

Etxebizitzak eraikitzeko deialdia egin zuen Susak. Hainbat enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta Abaroari eman zion lanak egiteko ardura. Lehian bigarren geratu zen Jauregizar enpresaren ustez, ordea, esleipena ez zen zuzena izan. Lanak berari zegozkiola sinetsita, helegitea aurkeztu zuen, eta, 13 urteko prozedura luzearen ondoren, orain jaso du auzitegiaren erantzuna: arrazoia eman dio epaitegiak. Etxebizitza haiek egiteko esleipenean irregulartasunak izan zirela esan du, eta Jauregizarri zegokiola kontratua.

Izan ere, lehiaketa irabazi zuen Abaroa enpresak ez zituen egiaztatu beharreko oinarrizko dokumentazio guztiak aurkeztu eskaera egitean. Hala ere, berak jaso zuen esleipena, Euskadiko Kontu Epaitegiak irregulartasunaz ohartarazi zuen arren.

1.823.526 euro, interesak eta auziaren kostua ordaindu behar ditu orain udalak; urte osoko aurrekontuaren herena. Dirutza erantzuleek ordaindu dezatela eskatzeko, protesta egin zuen azken udalbatzan plataformak, eta sinadurak biltzen ari da.