Politika

“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

“Adierazpen askatasuna duzu, haiek nahi dutena esaten baduzu”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Adierazpen askatasuna gain behera doala argi du Alfredo Remirezek (Amurrio, 1980). Gero eta leku estuagoa ikusten dio amurrioarrak —azken urteetan Bilbon bizi da—, eta ez du uste epe laburrera egoerak hobera egingo duenik. Neurri eta lege murriztaileak beren helburua lortzen ari direla iruditzen zaio: autozentsura.

2015eko maiatzean atxilotu zintuen Guardia Zibilak, Bilbon, etxetik atera zinenean. Zergatik atxilotu zintuzten?

Sare sozialetan terrorismoa goratu eta biktimak umiliatzea leporatzen didate.

Eta zergatik uste duzu atxilotu zintuztela?

Nik uste dut benetako arrazoia beste bat dela: halako garbiketa eta razzia bat egiten ari direla ezkertiarra den eta sare sozialetan aritzen den jendearen aurka. Eta tokatzen zelako: justu, bi egun lehenago izan zen Gasteizko herri harresia; oihartzun mediatiko eta sozial oso handia izan zuen, eta uste dut minduta zeudela. Bestalde, gure atxiloketak astearte batean izan ziren, eta igandean hauteskundeak ziren. Orduan, beren propaganda izatea tokatu zitzaigun.

Armiarma operazioa deitu zutenaren hirugarren sarekadan atxilotu zintuzten, txio batzuk oinarri hartuta. Zein txio motak eraman zaituzte auzitara?

Hasieran akusaziorako zituzten txio batzuk oraingo fasean kendu egin dituzte. Haiek egiten dutena da zure txioak begiratu eta zure ideologia markatu dezaketenak hartu; nire kasuan, presoen eskubideen aldekoak, senideen aldekoak, etxe kaleratzeen kontrakoak, Poliziaren inguruko bromak, eta besteren bat. Gero, aurrerago, epaiketari begira dena zorroztu denean, zazpi edo zortzi txio geratu zaizkit.

Epaiketara zazpi edo zortzi txiogatik zoaz?

Bai. Eta horien artean bi alde bereiziko nituzke: presoei ongietorria emateko txioak, batetik. Pablo Gorostiaga eta Xabier Alegriari ongietorria eman nien kondena osoa bete ostean kartzelatik atera zirenean. Haiek esaten dute hori terrorismoa goraipatzea dela, baina nire ikuspuntua bestelakoa da, zeren nik uste dut etxera bueltatzen den preso bakoitza gatazka konpontzeko pauso bat dela. Kontakizunaren bi aldeak dira horiek: nor pozten den norbait etortzeagatik eta nortzuk ez.

Mozal legea dago atzean?

Nire kasuan, ez. Gurea izan zen mozal legea indarrean jarri aurretik adierazpen askatasunaren aurka zabaldu zen azken auzia.

Astelehenean izango duzu epaiketa. Zein eskaera egin dizute?

Bi urteko espetxe zigorra, bost urteko zaintzapeko askatasuna eta hamasei urteko inhabilitazioa.

Zergatik hamasei urteko inhabilitazioa?

Gauza bitxiak gertatzen dira herri honetan: bortxatzaile bat, Pablo Abasolo, adibidez, indultatu egin dute, eta suhiltzaile izateko aukera du orain; eta niri, txio batzuk idazteagatik, hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate. Nire kasuan, gainera, eragin handia izan dezake lanean. Klinika laguntzailea naiz, eta uste dut zigorra jarriz gero ezingo nukeela horretan lan egin. Edozein kargu edo lan publikotarako hamasei urteko inhabilitazioa eskatzen didate txio batzuk idazteagatik. Niri itzela iruditzen zait.

Txiolaria zara, eta emari handia duzu. Inoiz pentsatu izan duzu egoera honetan egon zintezkeela?

Horrela egongo nintzenik ez nuen inoiz pentsatuko. Egia da lehen operazioa izan zenean gure artean bromak egiten genituela: 'Zer, ez zaigu tokatu...'. Gero, egia da, gero eta operazio gehiago egon, zirkulua txikiagotzen ikusten duzula. Are gehiago, nahiko jarraitzaile nituela ikustean. Badakit beren jomuga izan naitekeela daukadan oihartzunagatik. Ia 6.000 jarraitzaile ditudala uste dut.

Zure izenari ezkutuan eusten zenion...

Beti aritu naiz nahiko era anonimoan, beti pentsatu dudalako garrantzitsua mezua dela eta ez nork bidaltzen duen mezua. Gainera, azkenean, @erreharria ez naiz ni; alter ego moduko bat da. Behin lagun batek esan zidan: "Harrapatu zintuztenean bazirudien Spiderman Peter Parker bihurtu zela"; halako sentsazio bat izan zen. Ni hor nenbilen nire gauzekin, eta ez nion garrantzirik ematen zein oihartzun zeukan. Harrapatu nindutenean ikusi nuen zenbat jende nuen atzetik eta zenbat jendek kasu egiten zidan. Badirudi haiek argi zutela, eta ez zitzaiela gustatzen.

Adierazpen askatasunaren muga dago auziaren erdian?

Nik ironia erabiltzen dut, baina haien marra gero eta estuagoa da. Lehengo egunean galdetzen zidaten: zein muga jarri behar zaizkio adierazpen askatasunari Twitterren? Ba, ez dakit, baina gaur egun jartzen dizkigutenak oso estuak dira. Lehengoan irakurri nuen Facebooken gertatutako gauza bat: bideo bat jarri zuten non agertzen baitzen polizia bat beste pertsona baten atzetik korrika. Nahiko barregarria omen zen; ihes egiten ari omen zen mutila, eta polizia, nahiko lodi, ezin haren atzetik joan... Ba, bideo hori partekatu duen jendeari isunak jartzen ari dira, eta 'iruzkin barregarriak' egin dituen jendeari ere bai. Izugarria da noraino iristen ari den. Beste adibide bat: bazegoen ume bat minbizia zuena, orain hil dena, eta toreroa izan nahi zuena. Ume hori tauromakiaren inguruan propaganda egiteko erabili zuten. Eta jendea oso komentario txarrak, mingarriak, idazten hasi zen. Nik ez nuke sekula halakorik jarriko, eta, gainera, egun horretan bertan idatzi nuen: "Gaur da eguna non antitaurinoek nazka gehiago ematen didaten taurinoek baino". Baina hori gauza bat da, eta beste bat hori idatzi zuen pertsonaren etxera joan eta atxilotuta eramatea. Baina nora goaz?

Zu ere atxilotuta eraman zintuen Guardia Zibilak Salvera, ordu gutxira askatu zintuzten arren.

Etxera gutun bat bidaltzearekin nahikoa zuten; deklaratzera joateko zitazioa bidal zezaketen. Baina azpijoko guztia egin zuten: gu harrapatu, komisariara eraman, eta justu Teleberri-rako askatu, telebista guztietan ateratzeko. Eta, hori guztia, paper bat emateko. Etxean eman ahal ziguten. Propaganda hutsa izan zen.

Adierazpen askatasunaren inguruan gertatzen ari denaren jakitun da jendea?

Nik uste dut ezetz. Andeka Jurado, Kaiet Prieto, Cesar Estamberry, Arkaitz Terron... Jende pila bat dago. Atxilotu eta gero aurpegia eman dutenen berri dugu, baina askoz jende gehiago dago pasatzen ari dena komisariatik eta epaiketetatik isilean, lana galtzeko beldurragatik, familia arazoengatik edo beste mila arrazoirengatik. Gero eta gehiago gertatzen ari da, eta jakin ere ez dakigu. Eta horretan zerikusi handia du mozal legeak. Egunero jartzen dituzte isunak. Egunero. Eta konturatu behar dugu noren kontra diren isunak: Euskal Herrian lehen isuna Axier Lopezek jaso du, Argia-ko kazetariak. Ahotsa.info-koak ere, beste komunikazio eredu bat lantzen dutenak, jopuntuan daude. Boro, La Haine-ko mutila ere bai... Beti doaz leku berera; beti ezkerretara. Eta, gainera, zentzurik gabe. Carrero Blancoren iloba ere atera zen jendaurrean esaten ez zitzaizkiola horrenbesterako iruditzen Carrerori buruzko txisteak.

Eta beste kontu bat ere badago tartean: Espainiako ezkerra. Cesar Estamberry bada akusatua, adierazpen askatasuna aldarrikatu behar da; [Guillermo] Zapata bada, ez dago horren txarto Irene Villari buruzko txisteak egitea. Nik ez dut Irene Villaren inguruko txisterik egin. Eta ez dut esan judu guztiak hautsontzi batean sartzen direnik. Baina tartean dago euskalduna izatea. Euskalduna, edo katalana, orain. Hor dago muga oso garrantzitsua: "Zerbait egingo zuten...".

Faltan sumatzen duzu hausnarketa sakonagoa?

Ez. Hipokrisia besterik ez da. Betiko hipokrisia. Euskaldunen kontra beti balio izan du denak. Espainiako ezkerrak gainditu gabe duen zerbait da, eta, agian, orain konturatzen dira batzuetan, beraiei tokatzen zaienean. Lehengo egunean idatzi nuen: "Euskal Herriko guraso guztiek ez dute esaten tortura existitzen dela, baina guztiak beldurtzen dira bere semea denean eramaten dutena". Eta jende askok esaten du: "Denok dugu adierazpen askatasuna, baina kontuz zer esaten duzun"; hori izugarria da. Niri guardia zibil batek botatzen dit kristorena Twiterretik, eta nik erantzuten badut, ni ibili behar naiz kontuz zeren badakit legeak bera babestuko duela, eta gu, ez.

Euskal Herrian kontzienteago dira herritarrak?

Bai eta ez. Euskal Herrian denetariko esperientzia dugu. Gogoratu Egin, gogoratu Egunkaria... Egunkaria-ren kasua euskaldun askorentzako mugarria izan zela uste dut; auzi horrekin euskaldun guztien kontra egin zutela sentitu zuen askok. Eta Martxelo Otamendi torturatu zutela denek sinetsi zuten. Baina, oraindik, adibidez Txeroki bada torturak salatzen dituena, ez du jende guztiak sinesten. Eta badago beste egia bat jendeak ez duena ikusi nahi. Niri, adibidez, esaten didate: "Agian gehiegi hitz egin duzu...". Baina nola gehiegi hitz egin? Zer da gehiegi esatea? Edo, adibidez, banoa manifestazio batera, grabatzen dut polizia batek pertsona bati egindako erasoa, eta delitu bakarra gurea da, grabatzeagatik! Hori da mozal legea, eta hori da haren intentzioa: inpunitatea izatea. Eta gakoa da: adierazpen askatasuna izan baduzu, haiek nahi dutena esaten duzun bitartean. Bestela, badakizu zer dagoen.

Barneratuta dago gizartean zer den adierazpen askatasuna?

Ez dugu barneratua, zeren guztioi gustatzen zaigu esatea nahi duguna, baina ez dugu gustuko besteek esaten dutena entzun edo irakurtzea. Baina badago diferentzia bat: batek idazten duena ez badut gustuko edo idazten duenak min egiten badit, nik blokeo egitearekin nahikoa dudala; blokeatzen dut eta kito. Baina haiek ez badute gustuko, ez dute blokeatzen; etortzen dira zure etxera zure bila eta atxilotuta eramaten zaituzte.

Zure aurkako operazioan hogei bat lagun atxilotu zituzten arren, bakarrik epaituko zaituzte.

Bai. Haiek ere hasi dira ikasten. Bakoitzari sumario bat zabaldu ziguten; horrela, ez elkartzeko. Gure aurkako operazioan 25 auzipetu gintuzten, eta Armiarma operazioetan, guztira, ehun paseak, agian berrehundik gertu. Gure operaziokoen artean, bat Bartzelonakoa da, bestea Granadakoa, bestea euskalduna... sumarioetan banaka banatzen bagaituzte, eskaera desberdinak egin eta abar, oso zaila da indarrak batzea. Eta problemak, bakarrik bazaude, askoz handiagoak dira; taldean beti konpontzen dira hobeto, eramangarriagoak dira. Hori haiek badakite.

Bi urteko espetxe-zigor eskaera duzu. Kartzelara sartzeko benetako arriskua ikusten duzu?

Bai, bai. Argi daukadana da errudun aterako naizela. Sartuko naizen ate beretik aterako naiz astelehenean, baina ez naiz garbi aterako. Ate beretik sartu zen Billy el Niño torturatzailea. Ehunka tortura kasu zituen, pila bat lekukotza... eta garbi atera zen. Ni ez naiz garbi aterako. Espainiako Auzitegi Nazionalera doazen euskaldun guztiak errudun ateratzen dira. Beste gauza bat da nola ohitzen garen errepresiora. Ni ez banaiz espetxera sartzen baina ordaindu behar badut 5.000 euroko isuna, libratu naizela pentsatuko dugu? Hori esaten diogu geure buruari: "Hori zortea @erreharriarena!". Hori ez da libratzea! Hori da adierazpen askatasuna zigortzea, moztea. Kartzelara ez joatearekin konformatzen gara, egin dudan delitu bakarra Interneten idaztea izanik.

Egoerari buelta ematen hasiko zaiola uste duzu, edo ez zara oso baikor alde horretatik?

Ez, zeren lortzen dute beldurra eragitea. Nik ezagutzen ditut ni atxilotu eta hurrengo egunean bere Twitter kontuak ezabatu zituztenak. Asko. Hori da lortzen dutena. Eta jendeak gero eta autozentsura gehiago du. Askotan pentsatzen dut "zein txiste ona honen inguruan!". Baina jarraian esaten duzu: badaezpada ez dut ezer egingo. Eta hau ere ez dut egingo; hau ez dut idatziko... Aurreko batean ere, bideo bat ibili zen sarean ikusten zena guardia zibil batzuk zezenketen aurkako mutil bat jipoitzen. "Otra vez exquisito el trato dado", idatzi nuen, badaezpada. Jarri nuen, eta gero pentsatu nuen: ea orain ere hanka sartzen ari naizen...

Zure babeserako ekitaldi ugari egin dira, #Alfreedo kanpaina asko mugitu da sarean...

Bai. Batetik, Plataforma por la Absolucion de los Encausados en la Operacion Araña lanean ari da. Euskal Herriko jendea eta kanpokoa dago taldean, eta gauza asko egiten ari da. Adibidez, apirilaren 8rako Zorrotzako gaztetxean adierazpen askatasunaren aldeko jardunaldiak antolatu dituzte. Egun guztian egongo dira ekintzak eta gero kontzertuak; horien artean, Def Con Dos. Zerbait gehiago jakin nahi duenak Encausados Araña begiratu dezala.

Eskerrak eman nahi dizkiet babesa eman didaten guztiei, Alfreedo elkartasun eguna antolatu zutenei... Kanpaina desberdina izan da, apurtxo bat frikia, baina gertatzen ari denarekin oso ondo datorrena. Oihartzun handia izan du, eta atxikimendu piloa jaso ditut. Eskerrak eman nahi dizkiet denei, eta besarkada bat auzipetu guztiei.

Beste bi aldiz jipoitu dute Ibon Iparragirre

Beste bi aldiz jipoitu dute Ibon Iparragirre

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Gero eta okerragoa da Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera. C3 estadioan du hiesa, eta osasun egoera larrian dute preso Madrilgo Alcala Mecoko espetxean. Preso ondarroarraren egoera are gehiago estutzen ari da kartzela barruan...

Ezkerra, bere etxeari begira

Ezkerra, bere etxeari begira

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sozialki berdinak, humanoki desberdinak eta erabat libre izango garen mundu baten alde". Liluratu egiten du XX. mende hasierako esaldi horrek Yolanda Jubeto ekonomialari feminista. "Askatasun ikuspegi hori oso gaur egungoa da", dio. "Aniztasun hori garai hartan aldarrikatzea itzela da; guztiok ez dugula berdinak izan behar, eskubide berak izan behar ditugula eta sozialki aukera berdinak, baina, gero, bakoitzak aske izan behar duela, izateko modu desberdinak izan behar ditugula". Miresmenez azaltzen du Rosa Luxemburg iraultzailearen (Polonia, 1870-Berlin, 1919) irakaspena Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kide denak.

"Mugitzen ez denak ez ditu bere kateak sentitzen". Adierazgarria iruditzen zaio sozialismo alemaniarraren teorialari eta marxismoaren lehen lerroko sustatzaile izan zen emakumeak botatako esaldi hori ere.

Luxemburgek ez zuen feministatzat bere burua; ez behintzat sozialismoaren aldeko borrokaren buruan ibili zen hasierako urteetan. Emakumeen eskubideak defendatu soilik egiten zuela esaten zuen. Baina bere lagun feministen eraginez hartu zuen bideak etorkizuneko feministen eredu bihurtu zuen, gaur egungoenganaino iritsita. Eta ez soilik XIX. mende amaieran eta XX. hasieran dozenaka gizonezkoren aurrean, tente eta irmo, hizlari aritzen zelako. Ez bakarrik emakume izanik orduko pentsalari garrantzitsuenetakoa bihurtu, eta Leninekin berarekin aurrez aurre, maila berean, aritzen zelako eztabaidan. Sortzen ari zen sozialismoaren eta ezkerreko pentsamenduaren erdigunean ezarri zuen feminismoaren ikuspegia, kasik oharkabean, eta bide argi bat marraztu zuen. Ondo erakusten dute haren hitzek: "Feminista izanik ezkerrekoa ez denari estrategia falta zaio. Ezkerrekoa izan eta feminista ez denari, sakontasuna falta zaio".

Gerra, indarkeria eta gizonezkoen mundu bortitz horretan jatorriz judua zen emakumeak izan zuen "kemena" apartekoa iruditzen zaie Rosa Luxemburgen Lagunak taldeko kideei. Eredutzat dute borrokalari nekaezina, eta horregatik elkartu ziren taldean. "Omenaldi txiki bat egiteko". Bazekiten ezkerreko mugimendu zabalak Berlinen Luxemburg oroitzeko ekitaldiak egiten dituela, urtero, 1996tik. Haren izaera internazionalista, antiinperialista eta antikapitalista oroituz, Europako hainbat herritan zabalduz joan dela ekimena. Londreskoa da entzutetsuena.

Bilbo Zaharrari begira

"Zergatik ez egin guk ere?". Galdera hori sortu zitzaion Bilbo Zaharreko lagun talde bati solasean ari zela. "Zergatik ez Bilbon? Eta zergatik ez auzoan?", dio Jubetok. "Bilbo Zaharrak historia luzea du; langile klasearen borrokan oso pisu handia izan du". Meategietako eta bestelako langile borroka askok lehen jatorria Bilbo Zaharrean dutela ohartarazi du. Eta, historiaren pasarte gogor bezain emankor haiek ahanzturan erorita daudela sentituta, berpizten saiatzea erabaki zuten. "Pentsatu genuen berreskuratu behar genuela gure historia, baina lotuz gaur egongo egoerarekin, eta, baita ere, etorkizunera begira eratuz joan nahi dugun herriarekin", azaldu du Jubetok; "zeren, gaur egun, badakigu iraultza ez dugula egun batean lortuko, iraultza egunero egiten dela".

Esan eta egin. Luxemburgen bideari heldu, eta haren pentsamendu ildoak etxera ekartzeko ekitaldiak prestatzen hasi ziren. Iraganera begiratu eta egungo egoerari buruzko hausnarketetan sakontzea helburu hartuta, "ezkerreko edo eraldatzaile sentitzen diren guztientzako" erakargarri izango diren saioak urtero antolatzeko lana hartu zuten. Duela hiru urte egin zuten Rosa Luxenburg Konferentzia, lehen aldiz, San Frantzisko auzoan eta Atxuriko Hika Ateneo gunean. Pentsalariaren ekarpen politikoak aztertu, eta garai berean Bilbo Zaharrean gertatzen ari ziren langile borrokak aztertu zituzten. Ondoren, internazionalismoaren ikuspegiari eutsi, egungo nazioarteko joeren errepasoa egin, eta iraultzaren "behetik gorako" izaera aztertu zuten.

Feminismoa hartu zuten mintzagai iaz. XX. mendean pentsaera feministek pentsamendu iraultzaileei eginiko ekarpena aztertu, eta feminismoa bai bizitza pribatuan bai militantzia ereduetan nola txertatzen den eztabaidatu zuten.

Aurten ere feminismoa izango dute jardunaldiek oinarrian, baina, oraingoan, "etxera" begiratu nahi dute antolatzaileek. Egun Euskal Herrian ezkerreko mugimenduetan dauden errealitateei erreparatu nahi diete, eta gaia landu dutenek ikusi dituzten oztopoei buruz mihian haririk gabe mintzatu. Argi azaltzen du eztabaidaren muina izenburuak: Ezker erresistentzietan feminismoari erresistentziak. Zer egin?.

Rosa Luxemburgen biografiaren egile Lorea Agirrek pentsalariak gaiaren inguruan egindako ekarpenen berri emango du. Pili Alvarez militante feminista gaztetxeetan ikusi dituen errealitate desorekatu eta bortitzei buruz arituko da. Halaber, herri mugimenduetan halako egoerak saihesteko protokoloa proposatuko du. Jokin Azpiazu, berriz, gizontasun ereduei buruz arituko da. Eztabaidari indarra emateko, 75 minutuko tartea utzi dute iritziak eta proposamenak partekatzeko. Olatz Dañobeitiak bideratuko du hausnarketa prozesu hori.

Preso gutxiago, baina okerrago

Preso gutxiago, baina okerrago

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hatz erakuslearen irudia herriz herri zabaltzen aritu da Sare herritar plataforma azken hilabeteetan. Ikur hori erabili dute euskal presoen eskubide urraketak salatzeko eta euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatzeko. Hatz erakusle bakoitzarekin, norbanako bakoitzaren konpromisoa irudikatu nahi izan du plataformak. Bide horretan, urrats bat gehiago egingo dute bihar. Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan altxatutako hatz horiek bilduko dituzte Bilboko kaleetan, Euskal presoak Euskal Herrira! Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. goiburupean egingo den manifestazioan. 17:30ean, Casillan abiatuko da biharko protesta. Bizkaiko hiriburuak azken urteetako urtarrilero hartu duen itxura hartuko duela espero dute antolatzaileek: milaka herritar bilduko direla Autonomia kaletik udaletxera arteko ibilbidean. Gainontzeko lurraldeetako presoek bezala, asteburuan ez dute bisitarik izango espetxean dauden Bizkaiko 105 presoek; protestan parte hartu ezin duten arren, manifestazioan egoteko modu gisa egin diete uko senideen bisitak jasotzeari.

Gaur egun, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 349 lagun dituzte preso Espainiako eta Frantziako espetxeetan; eta, horien artean, 105 dira bizkaitarrak: Frantziako kartzeletan 19 daude, eta Espainiakoetan, 84. Bizkaitar bakarra dago etxetik 60 kilometro baino gutxiagoko kartzela batean: Zaballakoan (Araba) dute eritasun larria duen Txus Martin preso basauriarra. Jose Ramon Foruria markinarra ere gaixo dago, eta etxean ari da zigorra betetzen; espetxe zigor arindua ezarri zioten gaixotasunagatik.

Oro har, behera egin du euskal presoen kopuruak azken urteetan. Baina, oraindik ere, Bizkaiko 112 herrietatik 29k dute herritarren bat espetxean. Bilbo, Durango eta Galdakao dira preso kopuru gehien duten herriak: 30 bilbotar daude etxetik ehunka kilometrora dauden espetxeetan, 11 galdakoztar, eta beste horrenbeste durangar. Euskal presoek jasaten duten eskubide urraketen aurpegirik krudelenetakoa da gaur egun indarrean den sakabanaketa politika, Sare plataformaren arabera; baita eritasun larria duten presoak espetxean mantentzea ere. Guztira, hogeita bi euskal preso daude gaixo espetxean gaur-gaurkoz; eta, horien artean, bost dira bizkaitarrak.

Egoera hori ikusaraztea izan da, besteak beste, Sare plataformak abiatutako Salatzen dut kanpainaren helburua. Eta azken asteetan hainbat eremutako herritarrek eta eragile sozialek eskatu dute presoen eskubideak errespetatu daitezen. Urrian aurkeztu zuen kanpaina Sarek. Ordutik hona, herriz herri hedatu du hatz erakusle erraldoiaren ikurra. Galdakao, Ondarroa, Erandio, Getxo, Elorrio... Bizkaiko herri guztietan bildu ditu norbanakoen atxikimenduak. Eta aldarriarekin bat egin dute Euskal Herriko ehunka euskal preso eta iheslari ohik ere. "Presorik gabeko herria" izan artean, lanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten joan den igandean bukatutako Kalera Kalera dinamikan. Gauza nabaria da: azken urteetan handituz joan da euskal presoen eskubideen alde altxatutako hatz erakusleen kopurua.

Gero eta eritasun gehiago

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten presoen kopuru orokorrak behera egin badu ere, espetxean dauden presoen egoerak okerrera egin du, nabarmen. Kezka hori azaleratu berri du Jaiki Hadi elkarteak. Osasun arloko hainbat kidek osatutako psikologo, psikiatra eta medikuk sortutako taldea da Jaiki Hadi. Boluntarioak dira elkarteko kideak, eta urteak daramatzate gaixotasunak dituzten euskal presoei behar duten laguntza ematen saiatzeko lanean. Astelehenean jakinarazi zuten elkarteko ordezkariek presoen kopuru orokorrak behera egin duen arren gehiago direla gaixo dauden presoak. 2011n hamar ziren eritasun larri eta sendaezinak zituzten presoak, eta hogeita bi dira orain. Hau da, euskal presoen %23 daude gaixo.

Adinez gero eta nagusiagoak dira EPPK osatzen duten presoak: %5ek 60 urte baino gehiago dituzte; eta presoen %10etik gora dira 20 urte baino gehiagoko espetxealdia betetzen ari direnak; 12 presok, halaber, 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan. Adinez gero eta nagusigoa izan, espetxean igarotzen den denborak are kalte handiagoa egiten dio pertsonaren osasunari, Jaiki Hadi elkarteko kideen arabera. Eta azken bost urteetan eritasun diagnosien kopuruaren goranzko joera horri kezkaz begiratzen diote osasun arlotik. Kartzelak larriagotu egiten du gaixo dagoenaren osasun egoera: minbiziak, gaixotasun degeneratiboak edota larriak diren gaitz psikikoak nabarmen okertzen ditu.

Baina gaixo ez dagoenaren osasunari ere kalte egiten dio espetxeak. Hala jaso dute Jaiki Hadi-ko medikuek, Espetxea eta Osasuna txostenean. Presoek jasan ohi duten "etengabeko tentsioak" osasunean eragin zuzena duela diote.

Erregimen berezia dute EPPK-ko presoek, eta neurri bereziak ezartzen dizkiete horregatik. Horien artean daude etengabeko espetxe eta ziega aldaketak, gaueko zenbaketak, miaketak, leihoetan metalezko xafla zulatuak dituzten ziegetara eramatea... Espazio eta denborarekiko pertzepzioaren galera sortzeko arriskua areagotu egiten da neurri horiekin, eta patogenoak bihurtu litezkeen arazoak sor ditzakete halako egoerek.

Bakartze edo isolamendu egoera da guztien artean neurri gogorrena. Medikuen arabera, hainbat preso daude kideengandik bakartuta. Emakumezkoak dira gehienak. Arantza Zulueta bilbotarraren kasua da horien artean larriena. 2014ko urtarrilean atxilotu zuten Zulueta, EPPKren eta euskal gizartearen arteko bitartekari lana egitea egotzita. Polizia operazio hartatik espetxean jarraitzen duen bakarra da. Hainbatetan egin du epaiketa egin bitartetan behin-behinean aske uzteko eskaera —azkena, iazko urrian—. Hala ere, Puerto de Santamariako espetxean (Cadiz, Espainia) dute, eta bakarturik dute kartzelatu zutenetik. Egunean 20 ordu ematen ditu ziega barruan.

Muturreko egoera da Zuluetarena. Ez du inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik; egunean lau orduz atera daiteke 13x5 metro dituen patiora; eta bakarrik izaten da gehienetan, beste presorik ikusi gabe. Jaiki Hadi elkartearen arabera, espetxe arautegian behin-behineko neurri gisa agertzen da preso bat bakartzea; baina behin betiko ezartzen diete EPPK-ko hainbat kideri. "Pertsonaren nortasuna ezabatu eta menperatzeko mekanismo" gisa definitzen dute bakartzea, eta medikuek diote bakardade eta antsietate sentimendu sakona eragiten duela. Jaiki Hadi-ko medikuen arabera, "tortura modu bat" da presoak bakartzeko neurria, eta, azaldu dutenez, Nazio Batuen Erakundeak berak azaldu du egoera hori denboran luzatzea larria izan daitekeela presoaren osasunerako. Abokatuaren egoera salatu eta berehala kaleratzea eskatzeko Arantza Askatu plataforma sortu dute hainbat herritarrek. Eta eragile ugariren babesa jaso du mugimenduak.

Arazo fisiko eta psikikoak

Gaixotasun larriak dituzten presoez gain, badira bestelako gaitzak dituztenak ere. Jaiki Hadi-k osatutako txostenaren arabera, gaur-gaurkoz, 73 presok dituzte gaixotasun fisikoak. Eta horiek guztiak artatzeko lanean aritzen dira elkarteko boluntarioak. Arazo traumatologikoak, digestiboak eta bihotz arazoak dira gaitz guztien artean ugarienak. Eta eguneroko jarraipena behar dute horiek. Gaitz arinagoak dituztenei ere gertuko artapena egin behar zaiela diote medikuek. Baina bidean, oztopoak baino ez dituzte Jaiki Hadi-ko medikuek.

Espetxeek ez dute baimentzen kanpoko medikurik kartzelan sartzen. Eta, ondorioz, idatziz komunikatzen dira gehienak. Presoek eskutitzetan kontatutako sintomen araberako diagnosia egiten saiatzen dira, eta tratamendurik egokiena bilatzen dute. Eritasuna larriagoa denean, senide eta lagunek asteburuetan egiten dituzten bisitak baliatu izan dituzte sendagileek, gaixoak kristal bidez bada ere ikusi ahal izateko. Telefono dei mugaturen bat ere lapurtzen diete senideei beren gaitzei buruzko informazioa jasotzeko. Muga horien ondorioz, sarritan, gaixotasun fisikoa duten hainbat presok ez dute dagokien arta jasotzen. Gaixotasun psikikoei dagokienez, hogeita lau kasu antzeman dituzte Jaiki Hadi-ko medikuek. Horien artetik bost kasu larritzat dituzte; baina denek behar dute jarraipena.

Arazo fisikoak eta psikologikoak aintzat hartuz, 97 kasu ditu Jaiki Hadi-k identifikatuta. EPPK osatzen duten presoen %24,25ek gaitza dute. Eta, horien artean, %10,3k dute sendaezina den gaixotasuna. Diotenez, espetxea bera traba bihurtzen da presoak artatu eta diagnostikoak egiteko. Eta, horregatik, antzeman gabeko kasu gehiago egon daitezkeela diote. Gaixoen kopurua gora egiten ari da, eta laguntza behar dute Jaiki Hadi elkartean presoei mediku laguntza eraginkorra eta duina eman ahal izateko.

Mendekua mendeku truk

Mendekua mendeku truk

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ez zen tiro hotsik Bizkaian 1937ko urtarrilean, frontea gelditu baitzuen neguak. Baina bake girorik ez zegoen lurraldean. Pikotxen eta aitzurren zaratak hiriburuaren inguruko landa eremuetan; lubakiak egiteko milaka lur tona, aurrera eta atzera. Hotza eta nekea. Geldiunerik ez. Bilbo defenditzeko sistema eraiki beharra zegoen; Burdin Hesia, altzairuzko gerrikoa ala herio gerrikoa: defentsa militarretik harago, esperantzaren ikurra zen. Gerrarako prestatzen ari ziren Bizkaian. Baina atsedenik ez zuen ematen zeruak: danba! Heriotz kolpeak berriz, hiriburuan. Bonben zartadek eman zioten urte hasierari ongietorria Bilbon; ez ezkilek. 1937ko urtarrilaren 4an, berriz erori ziren bonbak. Hamaikagarren erasoa, hamaikagarren hildakoa. Ezin gehiago jasan, haserre ziren hiriburuko herritarrak. Faxistak preso zeuden espetxeetara martxa egin zuten, urtarrilaren 4 hartan. Mendeku gosez ala amorruz, erasoz hartu zituzten espetxeak. 224 preso hil zituzten sarraskian.

Faxisten bederatzi bonba hegazkinek eta hamabi ehiza hegazkinek zeharkatu zuten hiriburuko zerua 1937. urteko laugarren egunean, eta hamazortzirekin itzuli ziren arratsaldean. Bost herritar larriki zauritu ziren bi erasoen ondorioz, eta sei lagun hil; tartean, Arazeli Oses 18 urteko emakumea. Berriz ere bonbak. Berriz ere hilotzak. Eskarmentua hartua zuten ordurako errepublikanoek, eta hegazkinak prest zituzten Leioako Lamiako aerodromoan, faxistek arratsaldean egin zuten bigarren erasoaldiari aurre egiteko.

Bonbaketari faxistak Bilboko zeruan agertu eta segidan abiatu ziren hegazkin errepublikazaleak defentsan. Alemaniako Junker 52 motako hegazkin bat eraistea lortu zuten, Alonsotegin. Jausgailuz egin zuten salto bi pilotuek: Adolf Herrmann eta Karl Gustav Schimth alemaniarrek. Enekurin lurreratu zen Schimth, eta Gobernuaren ordezkaritza zegoen Carlton hotelera eraman zuten handik. Ez zuen zorte bera izan Herrmannek. Hiriburuan lurreratu bezain pronto hil zuten tiroz.

Faxistek hiriburuaren aurka egindako hamaikagarren aire erasoa zen urtarrilekoa. Sutan ziren herritarrak horregatik, eta giroa leherrarazi zuten azken bonbek. Erasoen helburua herritarrak aztoratzea zela zioen sortu berri zen Eguna euskarazko lehen egunkariak: "'Bilbao' gain arerioen egazkiñak oraintsurengo jaurti eben sua, e`ria ezerestu eta bi´rinduteko barik, [...] oke´raren adizkidiak eta betiko saspikiak nastea so´rtu eta basakeriak egingo ebezan itxaropenez. Euren guraria lortu ete eben? Betiko gaizkiñak eta saspikiak nastea so´rtu ta eriotzia erein guraz jagi ziranik ezin ukatu". Ezin da jakin faxisten helburua zein izan zen zehazki: izua sortzea, herritarrak aztoratzea, ala biak. Baina erantzuna izan zuten jaurtitako obus-en zartadek. Hainbat herritar eta miliziano elkartu, eta manifestazio espontaneoa sortu zuten hiriburuan, leherketen ondoren. Hildako pilotu alemaniarraren gorpua hartu, eta Bilbaina gobernuaren egoitzara egin zuten lehenik, gobernuko ordezkariei preso hartutako Schimth pilotuaren burua eskatuz. Baretu baino, are gehiago oldartu zen giroa handik gutxira, Bilbainan bildutako jendetzak Begoña auzora egin baitzuen gero.

Erasoa kartzeletan

Begia begi truk, hortza hortz truk. Mendeku bila jo zuten errepublikaren aldekoek Begoñako lau espetxeetara. Uztailaren 18ko kolpe militarrarekin bat egin zuten 2.000 lagun baino gehiago zituzten preso Larrinagako Espetxe Probintzialean, Karmeloko komentuan, Galera etxean eta Aingeru Jagolearen komentuan. Presondegietako zaintzaileek babestutako hesiak gainditu eta lau kartzelak jazarri zituzten herritarrek. Hiru orduz iraun zuen erasoak, eta ehunka hildako eragin zituen altxamenduak: 109 preso hil ziren Aingeru Jagolearen espetxean, 53 Larrinagakoan, 52 Galera etxean eta sei Karmelokoan.

Berehalakoa izan zen Jaurlaritzaren erantzuna. Espetxeetara bertara egin zuten Telesforo Monzon, Juan Astigarrabia eta Juan Gracia gobernuko hiru kontseilariek, oldarraldiari amaiera emateko helburuarekin. Erasoa gaitzetsi eta jazarpenaren arduradunak epaitzeko asmoa erakutsi zuen gobernuak segituan. Eguna egunkariak jaso zuen Jaurlaritzaren jarrera. "Lauga´ren eguneko gabean egindako gaiztakeriak eztabe atxekirik. Ez alpe´rik bilatu. Zuzentza egitiaren etzirala izan esan geinke, gaiztakeriari bide emon eta asatutia´ren baño". 48 herritar auzipetu zituzten gertakariengatik. Baina ez zen epaiketarik egon. Ez, behintzat, Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Bizkaiaren aurkako erasoa abiatu zuen Mola jeneralak martxoan, eta indar guztiak gerra frontearen lehen lerroan jarri zituen gobernuak horregatik.

Urtarrileko hura ez zen izan errepublikaren aldeko eremuan egindako preso hilketa bakarra. Aire erasoen ondoren, antzeko jazarraldiak izan ziren Donostiako Ondarretako kartzelan, Tolosakoan eta Irungo espetxean, besteak beste. Aurrez, Bilboko itsasadarrean ere izan zen antzeko pasarte bat, 1936ko irailaren 25ean. Cabo Quilates eta Altuna Mendi itsasontziak espetxe bihurtuak zituen Bizkaiko Defentsa batzordeak, eta, matxinatuekin bat egitea leporatuta, jendez beteak zeuden. Aire eraso baten ondoren, ontzietara jo zuen milizianoz eta zibilez osatutako talde batek, eta 70 preso hil zituzten gertakarietan.

Mendekuaren mendekua

Presoen aurkako erasoak ez ziren ahanzturan erori. Kontrara. Ekainean, faxistek Bilbo hartu eta berehala, urtarrilaren 4ko hilketak mendean hartzeko ardura hartu zuten frankoren aldekoek. Mendekua hartu zioten mendekuari. Espetxeen aurkako jazarraldian parte hartzeagatik fusilatu zituzten hainbat herritar: Elvira Martinez santurtziarra eta Ana Naranjo sestaoarra, tartean. Eta erasoan zuzenean parte hartu zutenez gain, gertakariak saihesteko "ezer egin ez zutenak" ere zigortu zituzten frankistek. Alfredo Pañeda eta Marcelino Hernandez espetxe zaindari bilbotarrak, kasurako.

Bonbardaketak eta tropen arteko borrokaldiak bukatu ziren 1937ko udan. Gerra baten bukaera izan zen hura, eta beste gerra baten hasiera. Fusilatzeek, garroteek eta ziegek hartu zuten bonba eta balen lekua. Jazarpenaren aro berri bat abiatu zuten faxistek, eta zigorra zuen ezaugarri nagusi. Hasieratik utzi zuten argi Francoren aldekoek. Bilbo hartu eta bi egunera fusilatu zituzten Evencio Alonso, Fidel Irure, Fidel Iza eta Emiliano Alvarez suhiltzaileak, bonben suak itzaltzen aritu izanagatik.

Hamabi espetxe Bilbon

Espetxeak berriz betetzeko hustu zituzten frankistek. Guztiz aldatu zen hiriburuko espetxeetako presoen izaera ideologikoa: Errepublikaren aldekoek bete zituzten ordura arte Errepublikaren aurkakoek bete zituzten ziegak. Are gehiago, txiki geratu ziren espetxeak hainbeste preso sartzeko, eta beste hainbat eraikin egokitu behar izan zituzten frankistek. Bilboko presondegien kopurua da horren erakusle nagusia. Hamabi presondegi izan ziren hiriburuan, eta espetxe bihurtu zituzten ikastetxe edota kultura zentroak izandako hainbat eraikin: Arriaga antzokia, Deustuko Unibertsitatea, Eskolapioen ikastetxea, Orueko txaleta, Tabakalera eraikina eta Zezen Plaza, tartean.

Bizkaiko lurraldean izandako espetxe eta kontzentrazio esparruak ikertu ditu Ascension Badiola historialariak, eta aurkitu dituen datuak Cárceles y campos de concentración de Bizkaia liburuan bildu ditu. Dioenez, 1937. urtearen amaieran, 29.350 preso zeuden Bizkaia osoan. Eusko Jaurlaritzak zerabiltzan datuen arabera, 1937ko amaieran 7.933 preso zeuden Bilbon; horietatik 2.136, Larrinagako kartzelan. Espetxeaz gainera, exekuzio gunea ere bazen Larrinagakoa, eta heriotza zigorrera kondenatuta zeudenak eraman ohi zituzten hara. Ignacio Unzeta preso egondakoaren lekukotzaren arabera, astebetean 200 preso fusilatu zituzten han, eta beste zortzi hil zituzten garrotean. "Horietako bati garrotea ematen ari zitzaizkionean, tramankulua matxuratu egin zen, eta, konpontzen zuten bitartean, presoa berpiztera eraman zuten, arazoa konpondutakoan lana bukatu ahal izateko".

Ezaguna da Urduñako kontzentrazio esparruko baldintzen gogortasuna. Unerik latzenean, 4.131 herritar izan ziren han preso. Gutxiago ezagutzen da Deustuko Unibertsitatean egokitu zuten kontzentrazio esparruarena. Frankistek Bilbo hartu eta berehala jarri zioten giltzarrapoa hiriburuko unibertsitateari, eta 1940ra bitarte milaka izan ziren handik igaro ziren herritarrak. Garairik gogorrenean, 4.460 preso ere izan zituen; han sartzen ziren halako bi. Datu gutxi daude Deustukoaren inguruan, baina 187 preso hil zirela jasotzen dute hainbat iturrik. Badiolak bildutako lekukotzen arabera, preso batek baino gehiagok euren buruaz beste egin zuten leihotik behera botata. Espetxe baldintzen egoeraren berri ematen dute gertakari horiek. Debekatuta zegoen espetxetako leihoetatik begiratzea, eta Eskolapioen ikastetxean, tiroz hil zuten preso bat leihotik burua ateratze hutsagatik.

Bizkaian, Zornotza eta Durangoko espetxean giltzapetu zituzten emakume gehienak. Baina Bilboko Orueko txaletean ere hainbat andre izan zituzten preso. Berez, 30 lagunentzako tokia zuen etxeak, eta 700 emakume ere izan ziren giltzapetuta. Lekukotzen arabera, 40 emakume inguruk egiten zuten lo 5,5 x 4,5 metroko gela batean.

Etorkizuna ehuntzen

Etorkizuna ehuntzen

Natalia Salazar Orbe

Gure Esku Dago dinamikak etenik gabe jarraitzen du beharrean. Herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarria beste bi herritan gauzatu dute aurten: Ispasterren eta Diman. Bizkaian aitzindaria izan zen Arrankudiagaren atzetik pauso hori eman duten ondorengoak dira. Baina ez dira azkenak izango; beste hainbatek galdeketak iragarri dituzte-eta datorren urterako.

Ekainean egin zuten galdeketa Ispasterren. 377 herritarrek eman zuten botoa: horretarako eskubidea zutenen %63,79k. Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritar izan? galderari erantzun behar izan zioten. 351k baiezkoa eman zioten, parte hartu zutenen %93,1ek, hain zuzen.

Dimak jarri du hurrengo mugarria. Azaroaren 27an egin zuten galdeketa han. Parte hartzearekin pozik azaldu da dinamika: %63,4koa izan zen. Euskal estatu bat sortzearen aldekoak gailendu ziren: %95,2k bozkatu zuten euskal estatu "burujabe" baten alde. Kontra azaldu zirenak %1,3 izan ziren.

Emaitzei baino gehiago, parte hartzeari erreparatzen diote sustatzaileek. Herritarrek eurek duten erabakitzeko eskubideari baiteritzote garrantzitsuen. Hori da Gure Esku Dago-ren oinarria eta helburua. Galdeketok "demokraziarantz pauso bat gehiago direla" adierazi dute, eta ez duela atzera bueltarik.

Festa giroan egin zituzten galdeketak, batean eta bestean. Eta datorren urtean galdeketak egingo dituzten herrietako ordezkariak ere hartu zituzten.

Izan ere, goraka ari da prozesuan aurrera egin eta herritarrei galdetzeko pausoa eman duten udalerrien kopurua. Lea-Artibai eskualdeko zotzi herritan maiatzaren 7an egingo dute galdeketa: Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren.

Busturialdean ere hainbat dira apirilaren 2rako kontsulta iragarri dutenak, tartean, Gernika-Lumo, Bermeo eta Busturia. Eta zerrenda haziz doa: Abadiño, Uribe Butroeko zazpi herri —tartean, Mungia eta Bakio — zein Zornotza.

Jatorri eta iritzi politiko ezberdinetako ordezkariak biltzen ditu dinamikak. Horrek aberasten du asmoa, Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko koordinatzailearen arabera: "Hau ez da bakarrik abertzaleen kontu bat, ez da lurraldetasunaren inguruko kontu bat, ariketa demokratiko bat baizik; herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara lan egiten".

Batasunaren izenean

Batasunaren izenean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bake giroa gerran. Izan daiteke irudikapen bat ala ekaitzaren aurreko barealdia. 1936ko abenduan uharte bat zen Bizkaia; elkar uztartu ezin ziren bi errealitateren agertokia. Lurraldearen periferian, balen hotsak; bien bitartean, letren burrunba Bilbon. Armak mintzamolde nagusi zirenean, jakintzaren lengoaia nagusitu zen hiriburuan 36ko hartan. Abenduaren lehen egunean egin zen Universidad Vasca-Eusko Irakastola Nagusia irekitzeko ekitaldia, Basurtuko Ospitale Zibilean. Unibertsitatea sortzeko lehen hazia zen hura, eta Medikuntza fakultatea izan zen irekitzen lehena. Ehundik gora ikasle izan ziren 1937ko urtarrilean abiatutako ikasturtean. Sei hilabeteko amets laburra, ordea; gerra frontea hiriburura iristearekin batera bukatu baitzen unibertsitatearen esperantza. Armak garaile. "Espainia berria nagusitu da". Zetorrenaren iragarpena egin zuen Jose Maria Areilza Bilboko alkate faxistak 1937ko uztailaren 8ko hitzaldian. "Gera dadila argi: Bilbo armaz konkistatu da [...]. Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta gerra lege gogor, biribil eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe [...]. Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da [...] garaiturik erori da betirako Euzkadi zeritzan amesgaizto hori, Bizkaia Espainiaren zati bat da berriro".

Estatutuko eskumena

Hamabost urte lehenago, 1922ko argazki zahar bat: Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean, gazte talde bat ageri da Alfonso XIII.a Espainiako erregearen aurrean kartelak eskuan dituztela. "Unibertsitatea nahi dugu", diote esku artean dituzten paperek. Gazte abertzale horien arteko bat zen Jesus Maria Leizaola. Eta, hain zuzen, hark izan zuen 36ko hartan unibertsitate egitasmoa eratzeko ardura, Angel Apraiz Eusko Ikaskuntzako presidente eta idazkariarekin batera. Hezkuntza antolatzeko eskumena jasotzen zuen 1936ko urrian onartutako estatutuak, eta, gerra egoeran egonda ere, unibertsitatea eratzeko lehen urratsak egin zituzten. Ordura arte, Valladolid eta Zaragozarako unibertsitateetara jo behar zuten euskal herritarrek goi mailako ikasketak egiteko. Eta herritarren artean gero eta indar handiagoa zuen Euskal Unibertsitate ofizialaren aldeko aldarrikapenak.

Lehen "hazia" zen, hortaz, Eusko Irakastola Nagusia. Gerra frontea gertu zegoen, eta unibertsitatea sortzeko dekretuak berak zioen ezinezkoa zela "obra erabat perfektua" egitea. 1937ko urtarrilaren 3an hasi ziren eskolak. Ehundik gora ikaslek eman zuten izena, eta, haien artean, %7 ziren emakume. Fakultatean txertatu zen Basurtuko Ospitaleko Erizaintza eskola ere —ordura arte Valladoliden menpe zegoena—, beste 276 ikaslerekin. Euskararen derrigortasunari buruzko eztabaida ere izan zen, eta Osakintza Euskara hautazko ikasgaia baino ez zen ezarri. Jose Zinkunegi izan zen irakaslea.

Hazia jarri bai, baina kimatzeko denborarik ez. Bilboko zubiak eraistearekin batera itxi zuten unibertsitatea. Hiriburua hartu zuten frankistek; eta pentsamoldearen inbasioari ekin zioten berehala. Basurtuko ospitaleko unibertsitateari ateak ixtearekin batera, iluntasunera eraman zuten euskara eta euskal kulturaren zantzua zuen edozer. Estatu berria eraikitzera iritsi ziren faxistak, eta argi utzi zuten hori lehen momentutik.

Unibertsitatea ireki eta hamar hilabetera, hala azaldu zuen Javier Lauzurika gotzainak, Bilboko institutuak irekitzeko ekitaldian, 1937ko urrian: "Espainiako elizan eta aberrian, maitatasun guztiak bildu behar dira. Espainia diodanean, Eliza esaten dut [...]. Espainia maitatzea da handiena maitatzea, gorenena. Eta, gaitzestea, aldiz, sakratuena gaitzestea da […]. Ikasleok: maitatu ezazue Espainia eta Jainkoa maitatuko duzue. Espainiak zoriontasuna emango dizue lurrean, eta Jainkoak, zeruaren erreinuan, gloria". Horra ordutik aurrera frankismoan hazi eta heziko ziren belaunaldien heziketaren oinarria.

Eskolak, "nazionalak"

Arma eraginkorra da hezkuntza; are gehiago, gizarte berri bat eraiki eta kultura bat deseraiki nahi denean. Batasuna oinarrizko zutabea zen erregimen frankistarentzat; zentzu guztietan: lurralde batasuna, hizkuntza batasuna, kultura batasuna... Batasun horretan, oztopoa ziren euskara eta euskalduntasunarekin zerikusia izan zezakeen edozein zantzu; kulturatik hasi, eta ikurretara. Eta oztopoa desagerrarazteko bide bat izan zen hezkuntza sistema; akulturazio prozesurako zutabea. Ordura arte udal eskolak edo probintzia eskolak izandakoak "nazional" bihurtu ziren, ideologia berri baten haztegi.

Pedro Sainz Rodriguez Hezkuntza ministroak Bilbon egindako hitzartzean mandatua jarri zion euskal gizarteari: "Guk mundu berri bat aurkitu behar dugu, eta guk izango ditugu gure inperioaren uztarripean jaioko diren nazioak, eta herri horiei eman behar diegu, gure erlijio eta kulturarekin batera, gure hizkuntza. Gaztelania da gure inperioaren arma".

Listo, makineria martxan zen. Eta, aurrerantzean, aginte publikoak aginduko zuen euskaraz noiz egin eta nola erabili ahalko zen. Erabakia hartua zuen: bizitza publikotik atera behar zen hizkuntza; eskolatik, kaletik eta elizatik. Euskararen auzia ere politikoa zen, eta ez linguistikoa.

Batasuna gorde behar bazen, katakonbetara eraman behar zen euskara, "separatismoa" eragiten zuelako. Eta batasuna "sakratua" zen. Frankok esana: "Eskualde bakoitzaren izaera errespetatuko da. Baina kalterik eragin gabe batasun nazionalari, zeina erabatekoa nahi dugun, hizkuntza bakarrarekin: gaztelaniarekin; eta nortasun bakarrarekin: espainolarekin". Ez euskara, eta ez euskaldun. Hilerrietara ere iritsi zen debekua. 1937ko martxoan, beren menpeko herriei hilerrietan ziren ikur nazionalista eta marxistak kentzeko agindua bidali zieten Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek.

Kanpaina ideologikoa abiatu zuen Falangeak 1937an: "Espainola bazara, hitz egin ezazu espainolez". Norabide berean, dekretuak kaleratzen hasi zen gobernua ere. 1938ko maiatzean, Antolakuntza eta Ekintza Sindikaleko Ministerioak debekatu egin zuen gaztelania ez zen hizkuntza erabiltzea "tituluetan, elkarte izenetan, araudietan eta aipatutako ministerioaren menpeko erakundeen batzar eta bilera deialdietan". Urte berean, erlijio ekintzetan euskararen erabilera debekatu zuen Bilboko elizbarrutiaren agintari zen Gasteizko apezpikuak.

Debekuekin batera iritsi ziren zigorrak ere. Algortako Mariano Torres bikarioa altxamendu militarra baino lehen predikuak euskaraz egiteagatik atxilotu zuten. Sondikan, Ines Jauregi eta Pilar Urrutia gazteei isuna eta 34 eguneko espetxea ezarri zieten trenean euskaraz ari zirelako. 1937ko azaroan, Crescencia Merino atxilotu zuten Bilbon, jantzietan ikurrinaren koloreak konbinatzeagatik. Eta, Areatzan, Jose Ignacio Gorostiza atxilotu zuen Guardia Zibilak 1965ean, gerrikoan ikurrinaren koloreak eramateagatik.

Zentsura nagusi

Agintarien artean euskaraz hitz egiteko debekua zabaldu ahala zabaldu ziren salaketa publikoak ere. Aski ezaguna da eskoletako "eraztunaren jokoa" ere; nola jartzen zioten euskaraz egiten zuenari, haurrak beren artean salatzera behartuz, eta nola zigortzen zuten egunaren amaieran eraztuna zeramana.

Zentsurari ateak ireki zizkion Irakaskuntza eta Kultura Ministerioak, bere menpeko batzorde garbitzaileak martxan jarriz. Honako ideia hauek jasotzen zituzten argitalpenak erre eta bahitzeko agindu zuen batzordeak: "Ordenaren aurkako ideiak, moralaren aurkako kontzeptuak, marxismoaren propaganda dutenak, gure armada aintzagarriari errespeturik ez diotenak, Espainiako batasunari erasotzen diotenak, erlijio katolikoa arbuiatzen dutenak eta gure gurutzada nazionalaren oinarrien eta helburuen aurka egiten dutenak". Irakasleak, idazleak, kazetariak, musikariak... "arriskutsuak" ziren erregimen berrirako, eta horien lanak ere aztertu zituen garbiketa batzordeak. Resureccion Maria Azkue euskaltzainburu lekeitiarra, adibidez, nazionalistatzat hartu zuen batzordeak, karlista ezaguna zen arren.

Euskararen aurkako neurrien zerrendak ez zuen bukaerarik. Jon zirenek Juan izan behar zuten, eta Mikel zirenek, Miguel. Justizia Ministerioak esana: "Separatismoak eta marxismoak erregistro zibilean egindako anomalien aurrean, gaztelania ez den hizkuntza ala dialekto batean eginiko izen erregistroak baliogabetzea eta legez kanporatzea".

Egunkariak jomuga

Iritzi publikoa astintzen zuten hedabideek. Eta estatuaren esku geratu zen horien kontrola ere. 1938an, Prentsa Legearen bidez, errepublikanoen aldeko hedabideak zigortu zituen. 36ko gerra aurretik zortzi egunkari zeuden Bizkaian: Euzkadi, El Liberal, El Noticiero Bilbaíno, El Pueblo Vasco, La Gaceta del Norte, Tierra Vasca, La tarde, El Nervión eta Excelsior. Gaceta del Norte errespetatu zuen Frankismoak, eta El Correo Español izena jarri zion El Pueblo Vasco egunkariari. Gainontzekoak desegin egin zituen erregimenak. Eta bere araberako hedabidea eraiki zuen: Hierro, egunkari falangista. Uztailaren 5ean argitaratu zuen egunkari frankistak lehen zenbakia, Bilbo mendean hartu eta hiru astera. Euzkadi egunkariaren egoitza eta makinak erabili zituzten hasieran, eta El Liberal-ekoak gero.

Hedabideak ere estatuaren esku geratu ziren frankismoan, hortaz. Errepublika garaikoak itxi, eta erregimenaren eraikuntza ideologia eraikitzeko oinarrizko tresna izan ziren. Norabide horretan kokatzen dira No-do famatuak ere —Albistegia eta dokumentalak—. Espainiako eta nazioarteko egoerari buruzko erreportaje laburrak ziren No-doak. Baina oinarrian beti zegoen erregimenaren propaganda ideologikoa egitea. Euskaldunak espainiar "zintzo" gisa aurkezten zituzten erreportajeetan.

Erregimen frankistak hasieratik jarri zuen martxan euskara eta, oro har, euskal kultura desagertzeko makineria. Orduko esanek eta gertakarien oihartzun mutuek gorreria eragiten dute oraindik.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

berria.eus/oroiteria