Etorkizuna ehuntzen

Natalia Salazar Orbe

Gure Esku Dago dinamikak etenik gabe jarraitzen du beharrean. Herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldarria beste bi herritan gauzatu dute aurten: Ispasterren eta Diman. Bizkaian aitzindaria izan zen Arrankudiagaren atzetik pauso hori eman duten ondorengoak dira. Baina ez dira azkenak izango; beste hainbatek galdeketak iragarri dituzte-eta datorren urterako.

Ekainean egin zuten galdeketa Ispasterren. 377 herritarrek eman zuten botoa: horretarako eskubidea zutenen %63,79k. Nahi al duzu euskal estatu burujabe baten herritar izan? galderari erantzun behar izan zioten. 351k baiezkoa eman zioten, parte hartu zutenen %93,1ek, hain zuzen.

Dimak jarri du hurrengo mugarria. Azaroaren 27an egin zuten galdeketa han. Parte hartzearekin pozik azaldu da dinamika: %63,4koa izan zen. Euskal estatu bat sortzearen aldekoak gailendu ziren: %95,2k bozkatu zuten euskal estatu “burujabe” baten alde. Kontra azaldu zirenak %1,3 izan ziren.

Emaitzei baino gehiago, parte hartzeari erreparatzen diote sustatzaileek. Herritarrek eurek duten erabakitzeko eskubideari baiteritzote garrantzitsuen. Hori da Gure Esku Dago-ren oinarria eta helburua. Galdeketok “demokraziarantz pauso bat gehiago direla” adierazi dute, eta ez duela atzera bueltarik.

Festa giroan egin zituzten galdeketak, batean eta bestean. Eta datorren urtean galdeketak egingo dituzten herrietako ordezkariak ere hartu zituzten.

Izan ere, goraka ari da prozesuan aurrera egin eta herritarrei galdetzeko pausoa eman duten udalerrien kopurua. Lea-Artibai eskualdeko zotzi herritan maiatzaren 7an egingo dute galdeketa: Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren.

Busturialdean ere hainbat dira apirilaren 2rako kontsulta iragarri dutenak, tartean, Gernika-Lumo, Bermeo eta Busturia. Eta zerrenda haziz doa: Abadiño, Uribe Butroeko zazpi herri —tartean, Mungia eta Bakio — zein Zornotza.

Jatorri eta iritzi politiko ezberdinetako ordezkariak biltzen ditu dinamikak. Horrek aberasten du asmoa, Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko koordinatzailearen arabera: “Hau ez da bakarrik abertzaleen kontu bat, ez da lurraldetasunaren inguruko kontu bat, ariketa demokratiko bat baizik; herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara lan egiten”.

Basauriko herri galdeketa, debekatuta
Basauriko herritarrek herrigunea zelan eraldatu erabaki zezaten galdeketara deitua zuen udalak, irailaren 25erako. Administrazioarekiko Auzietako Bilboko Epaitegiak, ordea, debekatu egin zuen herritarrei zuzenean galdetzea.

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatu eta modernizatzeko udalak aurkeztutako proposamenari bide eman ala ez aukeratu behar zuten herritarrek. Estatuaren Abokatutzak aurkeztutako helegiteari erantzunez, galdeketa bertan behera utzi zuen epaitegiak, kautelaz.

Udalak erabakia errespetatu egin zuen, nahiz eta ados ez egon. Eta herrigunea zelan eraldatu erabakitzeko galdeketa aurrerago egiteko asmoa agertu zuen. EH Bilduk galdeketa egiteko eskatu zuen.

Usansoloren segregaziorako bide orria, martxan
Galdakaoko Udalak Usansoloren segregazioa ebatziko duen galdeketa gauzatu ahal izateko bide orria abiatu du. Uztailean aurkeztu zuen ibilbidea Ibon Uribe alkateak. EAJ, EH Bildu, Usansolo Herria, PSE-EE eta Irabaziren aldeko botoak izan zituen proposamenak. PP kontra azaldu zen, eta abstentziora jo zuen Galdakao Orain taldeak.

Hiru fase aurreikusten ditu bide orri horrek. Lehenengoan, batzorde paritarioak prozesua abiatzeko akordioa aurkeztu beharko dio aldundiari. Batzorde hori eratu dute, baina polemika sortu da. Usansolo eta Galdakaoko sei pertsonak osatu behar zuten: bakoitzetik hiruna kidek. Azken hauteskundeetako emaitzen arabera aukeratu ziren Usansolokoak. Galdakaokoa, ordea, alkateak eta bi zinegotzik osatuko zuten.  Alkateak irailean iragarri zuen zinegotziok EAJkoak izango zirela. Ondorioz, Usansolo Herria kexu azaldu da.

Lehen fasean lurralde mugak ere ezarri behar dira. Bigarren fasean, bitariko batzordeak bideragarritasun ekonomikoa aztertu beharko du. Hirugarren eta azken fasean, bideragarritasuna aztertuta eta Batzar Nagusien oniritzia jasota, usansolotarrek erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izango dute.