Politika

Erantzun gabeko alarma hotsak

Erantzun gabeko alarma hotsak

Aitziber Laskibar Lizarribar
Erantzunik ez duten galderak eta erantzunik ez duten sos deiak. Geldirik dago gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen afera; euren sorterrietako herritar eta instituzioen babesa jasotzen, baina kartzeletako...

Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Hasi dituzte Bilboko Plaza Eliptikoan dagoen arrano frankista kentzeko lanak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Arrano frankistaren zantzuak desagertzear dira Bilboko Plaza Eliptikotik. Espainiako Ogasun Ministerioaren egoitzaren goialdean dagoen armarri handia arranorik gabe geratuko da. Burua, hegoak, hankak eta koroa kenduko dizkiote ikurrari, izaera frankista ezabatzeko. Urte luzeetan hainbat eragilek egindako eskaeraren ondoren, Memoria Historikoaren Legea beteko da aurki. Astelehenean hasi ziren ipintzen lanak egiteko beharrezkoak diren aldamioak. Bilboko Udalak uztailaren 27ra arteko baimena eman dio ezabatze lanak egingo dituen Gurtek enpresari, aldamioak eta lanaren hondakinak jasotzeko edukiontzia bertan izateko.

Aste honetan aldamioak jarrita, ikurra "datozen asteetan" kentzea aurreikusten dute lana gauzatzeko arduradunek. Arranoa desagerrarazteaz gain, eraikinaren aurrealde osoa eta hegala garbitu, eta iraizgaitz bihurtu beharko dute eremua langileek. Hartara, 340 metro koadrotan egingo dituzte lanak, eta 136.500 euro beharko dira hartarako.

Ez da izan lehen saioan

Bilbok duen ikur frankistarik esanguratsuena da Plaza Eliptikokoa; bai lekuagatik beragatik, bai duen tamainagatik, bai harrian zizelkatutako armarria izateagatik, eta bai duen ikusgarritasunagatik. Baina frankismoaren adierazgarririk argiena izan arren, ezezkoak jasoak dituzte hura kentzeko eskaerek. 2002. urtean, Iñaki Azkuna alkatea buru zuen udalak armarri frankista kentzeko baimena ukatu zion Ogasun Ministerioari. Udaleko Ondare Batzordeak gomendatu zuen eskaera atzera botatzeko, armarriak duen "eskultura balioagatik".

2014. urtean, Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zuen sinbolo frankistak kentzeko; tartean, Plaza Eliptikoan dagoena. Urte berean, Eduardo Sanz Madrilgo abokatuak Bilboko Udala salatu zuen, besteak beste, Memoria Historikoaren Legea urratzeagatik. Bilboren kasuan, Plaza Eliptikoko ikur frankista aipatzen zuen abokatuak. Ikurra kentzea ez dagokiola udalari erantzun zuen epaileak; eraikinaren jabetza duen Ogasun Ministerioa dela horren arduradun. Eta harengana jo zuen abokatuak. Ogasun Ministerioak Bilboko Udalari lanak egiteko baimena eskatu zion, eta orain eman dio baimena udalak. Iazko urte amaieran izan zen.

Lehenago ere, hainbat elkartek eskatu dute Plaza Eliptikoko arrano frankista kentzeko. Eskaera formalak, agerraldiak eta protestak egin dituzte. Ahaztuak elkartea da horietako bat. Erabakia ontzat hartu arren, "berandu" datorrela ohartarazi du orain.

Edozein kasutan, lanak egiteko aldamioak jarri dituzte, eta aste gutxitan ezabatuta egongo da Plaza Eliptikoko ikur frankista.

Lehen olatu handia iritsi da

Lehen olatu handia iritsi da

Natalia Salazar Orbe

Eskualdeek lekukoa hartu diete gutxika-gutxika Gure Esku Dago-ren olatuari heldu dioten herriei. Bizkaiaren zati handi bat urdinez koloreztatuko da igandean; bereziki, ekialdea. Durangaldeak, Lea Artibaik, Uribe Butroek eta Uribe Kostak galdeketak egingo dituzte. Haiekin batera bustiko dira Orozko eta Zeanuriko herritarrak ere. Guztira, 32 herrik egingo dute euren etorkizuna erabakitzearen aldeko apustua. 128.160 herritarrek dute botoa emateko eskubidea.

Mugarri garrantzitsua izango da etzikoa Gure Esku Dago dinamikarentzat. Herri handi batean egingo dute galdeketetako bat: Durangok ia 30.000 biztanle ditu. Horren jendetsuak izan ez arren, badaude beste herri handi batzuk ere. Hala azaldu du Alex Zenarruzabeitia Bizkaiko arduradunak: "Herri esanguratsuetan sartuko gara: Mungian, Sopelan eta Durangon".

Bermeo eta Gernika-Lumoko galdeketen ostean datoz maiatzaren 7koak. %26tik gorako parte hartzea izan zen batean, eta %27tik gorakoa bestean. Bi horien antzeko populazio kopurua du Mungiak, esaterako. Konparazioak egitea eta emaitza batzuen arabera beste batzuk aurreikustea zaila da, ordea. "Antzekotasunak izan ditzakete. Hala ere, herri bakoitzak bere iragana eta lan egiteko era propioak dauzka. Oso korapilatsua da". Populazioa handia baita herri horietan; eta baita pluralagoa ere.

Gure Esku Dago dinamika herritarren mugimendu bat da. Hala ekarri du gogora Zenarruzabeitiak. Beraz, emaitzei dagokienez, ezinezkoa da hauteskunde instituzionalekin konparaziorik egitea. "Guk ez dauzkagu alderdi politikoek dituzten baliabideak. Herritarrak gara herritarrentzat galdeketak antolatzen ditugunak". Beraz, parte hartzeari buruzko datuak konparatzeko orduan, aurreko urteetan landu dituzten dinamikak hartu behar dira kontuan: giza katea zein estadioetan egin ziren ekimenak, kasurako. "Herri bakoitzak ekimen horietara eraman duen jendearen inguruko konparazioa egin behar da. Alegia, giza katera 500 herritar eraman dituztenei dagokienez, galdeketan 1.000 pertsonak ematea botoa datu ona da. Erakundeek deitutako hauteskundeen emaitzekin egiten diren konparazioak engainua dira. Eta gu ez gara eroriko tranpa horretan".

2014an, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) izan ziren Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko lehen galdeketak. Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egin zuen urte bereko ekainean, Durangotik Iruñera. 2015ean, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko estadioetan egin zituzten ekitaldiak, 2016ko galdeketak iragartzeko. Eta iaz hasi ziren galdeketak herriz herri egiten. Aitzindaria izan zen Arrankudiaga-Zollo, eta haren atzetik iritsi zen Ispaster. Ekainean egin zuten. Dimak hartu zion lekukoa, joan den azaroan. Martxoaren 19an egin zuten galdeketa Larrabetzun. Eta apirilaren 2an egin zuten Busturialdeko herri gehienek eta Arrigorriagak.

Gainerakoetan bezala, igandean bozkatuko duten herrietan galdeketa antolatzen pasatu dituzte azken hilabeteak. Taldeak sortu, babesak bilatu, erabakitzeko eskubidearekin bat egiten duten herritarren atxikimendua lortu, galderak hitzartu, sinadurak bildu... Prozesu horretan, ahalik eta aniztasun handiena lortzea da Gure Esku Dago-ren erronka handienetako bat.

09:00etatik 20:00etara

Boto aurreratua jada ari dira jasotzen herriotan. Igandean, bozkalekuak 09:00etatik 20:00etara artean egongo dira irekita. Nortasun agiriarekin bozkatu behar da, eta, agirietan botoa ematen den herria bizileku gisa agertzen ez bada, errolda agiria eraman behar da. Espainiako nortasun agiria ez dutenek pasaportea eta errolda agiria aurkeztu behar dituzte.

Emaitzez harago, lanketa horiek guztiek herrietan utziko dituzten oinarriak dira garrantzitsuenak. "Emaitzei soilik garrantzia eman beharrean, ikusi behar dugu bakoitza, bere errealitatea onartuta, horren araberako lanketa egiten ari dela. Eta lanketa horiek oso onak izaten ari dira. Oso erantzun ona jasotzen ari gara herritarren aldetik zein alderdi politikoetatik edo eragile askotatik. Hori oso garrantzitsua da. Azken emaitza ikusiko dugu; baina egindako lana oso goraipatzekoa da".

Ia eskualde oso batean egingo dute galdeketa, lehenengoz, Bizkaian

Ia eskualde oso batean egingo dute galdeketa, lehenengoz, Bizkaian

Natalia Salazar Orbe

Demokraziaren oinarria. Oinarrizko eskubidea. Herritarren erabakitzeko eskubidea. Horixe gauzatuko dute igandean Bizkaiko hainbat herrik. Busturialdeko 17 herritan eta Arrigorriagan dena dute prest Gure Esku Dago dinamikak sustatutako galdeketak egiteko. 49.346 herritarrek azaldu ahalko dute zer-nolako estatus politikoa duen Euskal Herria nahi duten etorkizunerako.

Mugarri bat izango da Bizkaian, bertan eskualde moduan egiten duten lehenengo galdeketa izango baita. Busturialdeko herri hauetako bizilagunak daude deituta bozkatzera: Ajangiz, Arratzu, Bedaroa, Bermeo, Busturia, Ea, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gorozika, Gernika-Lumo, Ibarruri, Kanala, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Natxitua. 39.146 herritar, denera. Eta, Arrigorriagan, beste 10.200. 48 mahai baliatuko dituzte horretarako. Den-denak boluntarioz osatuta. Orain arte bezala. Herritarrak baitira erabakitzeko eskubidearen sustatzaile eta gidariak.

Orain artean herri txikietan egin diren galdeketek parte hartze handia izan dute: %60tik gorakoa. Oraingoan, proba zailago bati egin beharko diote aurre sustatzaileek, hiru herri handitan deitu dituzte-eta bozketak. Gernika-Lumok eta Bermeok 17.000 biztanle inguru dituzte. Eta Arrigorriagak, 12.000tik gora.

Bidea egin dutenak

Arrankudiaga Zollok, Dimak, Ispasterrek eta Larrabetzuk sortutako olatuari helduko diote herriok oraingoan. 2014ko azaroan egin zuten galdeketa Arrankudiaga Zollokoek, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) lekukoa hartuta. Botoa eman zezaketen herritarren %61,5ek jo zuten Gure Esku Dago dinamikak jarritako hautetsontzietara. Horietatik, %89,6 agertu ziren euskal estatu bat sortzearen alde.

Haren atzetik iritsi zen Ispasterreko galdeketa. Maiatzaren 7an Lea Artibai eskualdera iritsiko den olatuaren eragileetako bat izan zen. Iazko ekainean egin zuten. 377 herritarrek eman zuten botoa: horretarako eskubidea zutenen %63,79k. Eta 351k euskal estatu burujabe baten herritar izan nahi zutela bozkatu zuten: parte hartu zutenen %93,1ek.

Dima izan zen hurrengoa. Azaroan egindako galdeketan, boza eman zezaketenen %63,4k hartu zuten parte. %95,2 azaldu ziren euskal estatu burujabe baten alde.

Martxoaren 19ko olatuari heldu zion Larrabetzuk. 1.585 lagunek zuten aukera estatus politikoari buruzko iritzia emateko. 919k eman zuten botoa: hautesleen %57,98k.

Emaitzak gorabehera, parte hartzea da Gure Esku Dago dinamikak sustatzen duena. Izan ere, ariketa demokratikotzat ditu galdeketak, abertzaleekin edo lurraldetasunarekin soilik lotutako kontuez harago.

Asteburu honen ostean, hurrengo galdeketa garrantzitsua maiatzaren 7a izango da. Durangaldeko, Lea Artibaiko, Uribe Butroeko eta Uribe Kostako 30 herritan egingo dituzte galdeketak. Baita Orozkon eta Zeanurin ere.

09:00etatik 20:00etara

Etzi, 09:00etan zabalduko dituzte botoa emateko mahaiak, Busturialdean eta Arrigorriagan. Eta 20:00etan itxi. Bermeon izango da mahai gehien: hamabost. Hamar jarriko dituzte Gernika-Lumon. Herritarrek nahi duten mahaian bozkatu ahalko dute.

Galderei dagokienez, herri guztietakoek ildo berari jarraituko badiote ere, desberdintasunik bada batetik bestera. Arratzun oinarriak finkatzeko bideari ekin diote: Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?, galderari erantzun beharko diote bertako bizilagunek. Gainerakoetan, euskal estatu independente edo burujabe bateko herritar izan nahi duten erantzun behar dute.

Bitxikeriak ere izango dira

Etorkizunari buruz erabakitzeko nahia handia dela nabari da leku askotan. Herri batzuek ez dute galdeketarik antolatu; bai, ordea, horietako auzo batzuek. Eta herriak berak deialdia egin arren, zenbait auzok beren aldetik ere egin dute deia.

Kanala auzoa da horietako adibide bat. Bertako bizilagun batzuk —itsasadarraren eskuinaldean bizi direnak— Gautegiz Arteagakoak dira. Ezkerraldekoak, berriz, Sukarrietakoak. Sukarrietak ez du egingo galdeketarik; Gautegiz Arteagak, bai. Eta Kanalekoek euren aldetik egingo dute. Eak, Natxituak eta Bedaronak bakoitzak bere aldetik deitu dute galdeketetara, azken biek ez dute-eta Eako parte izan nahi.

Bestalde, Muxikan hiru galdeketa egingo dituzte: Muxikak berak deitu duena, batetik, eta Gorozika eta Ibarruri auzoek beren aldetik antolatutakoak, bestetik. Etorkizunari buruz erabakitzeko gogoak mugarik ez duen seinale. Urtegietako ateak zabalduta askatzen direnean bezala, igandean libre beheratuko dira hainbat herritako urak. Indar handiz beheratu ere, horiei mugarik jartzerik ez dago eta.

Sukarrietak Gorenera joko du San Antonio enklabea berreskuratzeko

Sukarrietak Gorenera joko du San Antonio enklabea berreskuratzeko

Natalia Salazar Orbe

Busturialdean mugakide diren bi herriren arteko liskarra baretzerik ez da izan, oraingoz. Sukarrieta eta Busturia ez dira ados jarri San Antonio enklabea nori dagokion erabakitzeko. Azkenean, epai batek ebatzi du Busturiarena izan behar duela. Herri horren mugen barruan dagoen enklabea izanik, hari dagokiola erabaki zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, joan den azaroan. Sukarrietako Udala ez dator bat erabakiarekin. Hori dela eta, afera berriz aztertzeko errekurtsoa jarri zuen. Erantzuna bera izan zen. Orain, iragarri du helegitea jarriko duela Auzitegi Gorenaren aurrean.

Soka luzeko afera da Abiña auzoarena. San Antonio enklabea, legez eta administratiboki Sukarrietaren menpe dagoen lurraldea bada ere, Busturiko udalerriaren lur eremuek inguratzen dute. 2015ean EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia berretsi zuen urte berean Espainiako Auzitegi Gorenak. Hala, aldundiak San Antonio enklabea desagerrarazteko espedientea martxan jarri zuen iazko martxoan.

Nola desagerrarazi

Hainbat proposamen aztertu ostean, Sukarrieta eta Busturi arteko muga lerroa aldatzea onetsi zuen aldundiak, enklabea bi herrien artean banatzeko. Hala, Sukarrietak iparraldeko zatia hartuko zuen; Busturiak, berriz, hegoaldekoa. Aldundiak argudiatu zuen hori zela irtenbiderik orekatuena bientzat. Hala ere, EAEko Auzitegi Nagusiak azaroaren 23an emandako autoa betetzeko, aldundiak aldatu egin behar izan zuen enklabea desagerrarazteko hasieran egindako proposamena.

Auto haren arabera, aldundiak 2013ko epaia bete behar zuen. Hortaz, enklabea desagerrarazi behar zuen. Orduko hartan, baina, bi prozedura bereizi zituen auzitegiak: "Enklabea inguratzen duen udalerriaren esku geratzen bada —alegia, Busturiaren esku —, Bizkaiko udal mugarteei buruzko 8/1993 Foru Araua aplikatu behar diote. Enklabea banatzeko hasierako proposamenari eusten badiote, berriz, 9/2012 Foru Araua da aplikatu beharrekoa. Eta, ondorioz, beharrezkoa da udalerri bien arteko adostasuna".

Hortaz, EAEko Auzitegi Nagusiak aldundiak egokitzat jotzen zuen proposamena egiteko aukera eman arren, funtsean aukera bakarra zegoen: inguratzen duen udalerriaren esku uztea enklabe osoa, ez baitzegoen adostasunik aldundiak 2016ko martxoan egindako proposamenean.

Sukarrietak, ordea, ez du amore emateko asmorik. Udala sinetsita dago San Antoniok historikoki zilegitasuna duela bere mugen barruan jarraitzeko. Autoa irregularra dela dio. Hala, joan den astean egin zuten ohiz kanpoko bilkuran erabaki zuten EAEko Auzitegi Nagusian jarritako berraztertze errekurtsoa ezeztatzen duen autoaren aurkako kasazio helegitea aurkeztea. Helburua argia da: "Errekurtso honekin, lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du udalak, arauzko bide guztiak erabiliz. Horrela dihardu Busturiaren erreklamazioa martxan jarri zenetik".

Sukarrietak ez du begi onez ikusi enklabea desegiteko aukeratzen zen moduaren arabera arau bat edo beste erabiltzeko ebazpena. "Ulertezina" da. Horrez gain, salatu du enklabe batean erabili ezin den araua ezartzeko proposamena egiten duela. Proposamen hori Busturiaren aldekoa delako kexatu da, gainera.

Auto horren aurkako berraztertze helegitea jarri zuen herri kaltetuak. Baina areto berak deuseztatu du "auto berri eta labur baten bitartez". Hori dela eta, Espainiako Auzitegi Gorenera joko dute, eta kasazio errekurtsoa aurkeztuko.

Argudio historikoz josi dute helegitea. "Enklabea era horretan ebazten bada, Bizkaiko Batzar Nagusietan bigarren eserlekua zuen Sukarrietari XVII. mendera arte osoko bilkurak egiten zituen lekua kenduko diote; jatorrizko eliza kenduko diote; baita sorrerako hilerriaren aztarnak ere. Azken finean, Sukarrietari bere jatorria, arima eta historia lapurtuko dizkiote".

Sukarrietako Udalak hasiera-hasieratik defendatu du Abiña ez dela enklabea. Besteak beste, kostaldetik jarraikortasuna duela dio. Busturiak bestelako iritzia du: ezinezko deritzo enklabea Sukarrietan sartzeari, ez baitu loturarik herriarekin. Izan ere, Busturiko Udalari dagozkion itsaso eta lehorraren arteko gunea da.

Sukarrietako alkate Erruki Goirienak iragarri du euren jarrerari eutsiko diotela: "Udalak, orain arte egin duen moduan, bere lurraldearen osotasuna defendatzen jarraituko du, eta udalerriari edo bertako bizilagunei kalte egingo dien edozein irtenbide auzitegietara eramateko prest dago. Hori da gure betebeharra, eta gure uste sendoa".

Batzar Nagusiei eskatu die Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpena eman bitartean gai horren inguruko erabakiak atzera ditzatela, edo aldundiak emandako proposamenaren kontra bozka dezatela, "udalerri honi konponezineko kalterik ez egiteko".

Bultzada, herria mugi dadin

Bultzada, herria mugi dadin

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Esaera zaharraren arabera, dabilen harriak goroldiorik ez. Atsotitzari tiraka dabiltza Larrabetzun: 560 kiloko probarria tiraka herriko plazara eraman zuten joan den igandean herritarrek, 1,5 kilometroz. "Askoren indarrak edozer gauza mugi dezakeela irudikatu nahi genuen", aitortu du Maiorga Torvisco Larrabetzuko Gure Esku Dago plataformako kideak. Eta harria nola, herria hala. Larrabetzuarrak hautetsontzietara mugitzea dagokie igande honetan, etorkizunaz erabakitzeko galdeketa baitute. Euskal estatu burujabe bateko kide izan gura duzu? galdera erantzutera deitu dituzte 1.585 herritar. "Larrabetzu mugituko dugu igandean".

Gure Esku Dago-k 2017an Euskal Herrian zehar egingo dituen herri galdeketen lehen olatua da igandekoa. Guztira, 35 herritan jarriko dituzte hautetsontziak; eta horien artean Larrabetzu da Bizkaiko herri bakarra —Gipuzkoako Oiartzualdea eta Tolosaldea eskualdeetako herrietan, Astigarragan eta Hernanin izango dira gainontzekoak—. "Maiatzean ere galdeketen beste olatu bat egongo da Euskal Herrian, eta Bizkaiko hainbat herrik egingo dute orduan. Guk indartsu ikusi genuen Larrabetzuko taldea, eta horregatik erabaki genuen martxoan egitea, lurraldeko bakarrak izan arren. Lehen olatua hartu dugu, eta orain da gure garaia". Torviscok ez du egin igandean herrian jasoko diren emaitzen aurreikuspen zehatzik. Baina herritarren artean jaso dituen sentipenez aritu da, eta baikorra dela aitortu du. "Herritarrak animatuta daudela sumatzen da, eta parte hartze handia espero dugu horregatik".

Ospakizunerako eguna

Igandekoa mugarria izango da, plataformako kidearen arabera. "Herritarrei galdetzea baino gauza parte hartzaileago eta demokratikoagorik ez dago". Eta, horregatik, aldarrikapenaz harago, ospakizunerako eguna ere izango da etzikoa larrabetzuarrentzat. 09:00etatik eman ahal izango dute botoa herritarrek; eta musika emanaldiak eta dantza ikuskizunak izango dira egun osoan. "Demokrazia ariketa izango da galdeketa. Herritarrek tamaina honetako jarduera bat martxan jartzeak festa bat behar duela uste dugu. Ez dugu nahi botoa ematearekin bukatzen den ekintza soila izatea, eta egun osoko festa izango da horregatik".

Mugimendu baikor eta berrizaletzat jo izan da Gure Esku Dago plataforma, oro har. Eta hala gertatu zaie Larrabetzun ere. "Horma asko hautsi ditugu herrian, eta oraindik ere beste horrenbeste ditugu apurtzeko. Rol asko eraitsi ditugu, lanean ari garen taldetik hasita. Eta herritarren artean ere kutsatu dugu giro hori".

Etzi, hamasei urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea; 1.585ek, zehazki —2.056 herritar ditu Larrabetzuk—. Torviscoren esanetan, ez da batere erraza izan horiengana guztiengana iristea, baina baikortasunez begiratzen dio igandeari, hala ere. "Herria oso plurala da. Lanean hasi ginenetik, gure eragina zabaltzen saiatu gara etengabe, eta esango nuke, pixkana bada ere, lortu dugula".

Egun handia dute etzikoa larrabetzuarrek, baina martxoaren 20tik aurrera lanean jarraituko dutela azaldu du plataformako kideak. Parte hartzean dago gakoa. Harria mugitu duten bezala mugitu nahi dute herria. Eta, horretarako, argi dute herritar guztiak direla beharrezko.

Herriaren ordezkari isilduak

Herriaren ordezkari isilduak

N. Salazar Orbe
Ezohiko irudia utzi du Gernikako Batzar Etxeak asteon. Aginte lekuetan oraindik nagusi izan ohi den gizonen presentzia nabarmena alde batera utzi, eta emakumeek hartu dute lurralde historikoaren ordezkaritza eta partaidetzaren organo na...