Kultura

Kortako behien txapelak

Kortako behien txapelak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Enbor zatiak, lantzen ari diren egurrak, baserriko lan tresnak. Mahai luzea, mantel koadroduna duena. Bi aldeetan banku bana, otordu jendetsuak hartzeko modukoak. Harrizko horma sendoak. Ez du abererik, ez da korta. Ez da lantegia ere. Baina Txirri eta Garbiñeren korta da, azken urteetan hainbat txapel ehuntzen ikusi duen elkargunea. Bizkaiko azken lau bertsolari txapelketetako txapeldunak bertatik atera dira. Han batzen dira, duela dozena bat urte ingurutik, hiru abere horiek: Etxahun Lekue, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes. "Gu Txirri eta Garbiñeren kortako behiak gara". Harro errepikatzen dute hirurek nolakotasun hori; nabarmentzen dute, aldarrikatzen. "Anaiari esan diodanean hona gentozela, bera ere Txirri eta Garbiñeren kortako behia dela esan dit", dio Fredi Paiak Xabi anaiari buruz. Asteon egindako hitzordura joateko gogoz geratu dela hura ere. Egun ez da behien bilkuretara joaten, baina bai hasierako urteetan. 2006an Bizkaiko txapela irabazi zuenean, Larrabetzuko korta bereziko parte zen.

Etxahun Lekueren gurasoak dira Txirri eta Garbiñe. Larrabetzuko etxean duten behealdeari esaten diote korta, lehen hala zelako. Bertso txapelketak dituzten garaietan, han batzen dira Lekue, Paia eta Estiballes entrenatzeko, eta azken lau edizioetako Bizkaiko txapeldun bihurtu dira. Aurten, Lekuek jantzi du txapela; duela bi urte Paiak; eta 2012an eta 2010ean, Estiballesek.

Hirukoteak ez du gogoan zehazki noiz hasi ziren Larrabetzun batzen; "2004 edo 2005ean izango zen". Orduko hartan Xabi Paya ere aritzen zen haiekin —eta txapela lortu zuen—, eta, gerora, "urteren batean", Ibon Ajuriagojeaskoa ere izan dute kide. Azken hiru urteetan, Beñat Ugartetxea dute bidaide. "Aurreko finalean sartu zenean geugaz zebilen". Aurten ere finalean sartu izana saritzat dute, eta gustura daude laurak lortutakoaz.

Konfiantzaren uzta

"Giroa" dute gakotzat. "Elkartzea bera ez da arraroa", dio Paiak, entrenamenduetarako erabiltzen duten mahai handiaren bueltan: "Beste hainbat bertsolari ere batzen dira entrenatzeko, bertso eskoletakoak eta, baina hemen sortzen den giroa berezia da". Urteetan ondutako konfiantzaz gain, lekuak berak ere zerikusia duela seguru daude hiru txapeldunak. "Gu geu Larrabetzuko eskoletan geratuko bagina, adibidez, gela batean, gain behera egingo luke honek". Tabernan izaten dute hitzordua, eta kortara joaten dira jarraian: mahaiaren bueltan egiten dituzte batak besteari proposatutako ariketak, elkarrekin egiten dute kantuan, argitzen dituzte zalantzak eta aztertzen ikuspegi desberdinak, eta bakoitzaren lanak emandako onenei zein txarrenei buruz hausnartzen dute. Saioaren aurretik, entrenamenduan bertan, eta ondoren. "Asko laguntzen du geroko afariak ere".

Txirrik eta Garbiñek prestatzen diete saioaren ondorengo afaria, asteazkenero; "tira, Garbiñek gehiago", aitortu du Paiak. Elkarrekin afaltzen dute guztiek, "eta hor sortzen da elkarrizketa beste era batera, lasai...".

Euren arteko konplizitateak ematen dien aberastasuna eztabaidaezina da. "Etxahun Larrabetzuko bertso eskolan dabil, eta hor ere kantatzen du; Fredi Algortako bertso eskolako kidea da; eta ni, Santutxuko eskolakoa", dio Estiballesek. "Baina gero hirurok gauza komun asko ditugu, eta elkarregaz konfiantzan eta gustura sentitzen gara".

Aspalditik dute laguntasun hori, Jon Lopategiri esker bertsotan elkar topatu zuten garaietatik. Ez dute ahazteko Lopategik Bizkaiko bertsolari gazteak nola hartu eta batu zituen. Nola eramaten zituen hara eta hona bere autoko maletategian, eta nola entrenatzen zituen etenik gabeko kantu saioetan. "Errendimendu Handiko Zentroa zen hura!", dio barre artean Paiak. "Orduan ez ziren haurrentzako aulkitxoak behar, eta maletategian joaten ginen", oroitu du Estiballesek. "Orain, umeak barnetegira eramateko aseguruak ere egin behar dira!". Barre artean gogoratzen dituzte haurtzaro eta nerabezaroko garai haiek, Lopategirekiko miresmena dariela. "Giltzarria izan zen nire bertsolaritza bidean, beragatik izan ez balitz ez nukeelako jarraituko bertsotan. Bakarrik geratu nintzen herriko bertso eskolan, eta berak hartu ninduen", azaldu du Lekuek.

Aspalditik dute, beraz, hiru txapeldunek laguntasun eta talde sentimendua. "Hemen ibili aurretik ere elkarregaz asko kantatu dugu. Gauza asko bizi izan ditugu, elkarregaz bertso afari askoren ostean geratu gara, elkarri konfidentzia asko egin diogu".

Berezitasunetatik edaten

Batzen diren bertsolari bakoitzaren berezitasunak ere badira guztiek jasotzen duten aberastasunaren giltzarri, haien hitzetan. "Oso bertsolari diferenteak gara, eta, era berean, nahiko maila pareko bertsolariak", zehaztu du Lekuek. Bakoitzak baditu bere indarguneak eta bere ahulguneak, eta bakoitzak bere ekarpenak egiten ditu: "Arlo oso desberdinetako ekarpenak egiten ditugu", azaldu du aurtengo txapeldunak. "Nik agian gehiago lantzen dut errima edo puntuak zelan lotu; Fredik gehiago egiten du orokorrean gaiari nondik oratu; Arkaitzek ideietan egiten du indar; eta Beñatek umorerako daukan gaitasun hori besteok ez daukagu. Denok gara oso diferenteak".

Bakoitzak duen onena ematen dio hurkoari, eta, txapeldunen esanetan, nabaritzen dute kortako entrenamenduen ondoren norberak "koska bat" egiten duela gora.

Gustura egoten dira txapelketa sasoietako asteazkenero. "Aurreko txapelketan esaten genuen txapelketako onena eguaztenetako entrenamendua zela: hemen egon, kantatu, gero afaldu, berba egin... Brometan esaten genuen, baina bromen artean egia gordetzen da", aitortu du Paiak. "Broma da, baina egiatik dezente dauka, bai", erantsi du Lekuek.

Aurtengoa da horren guztiaren adierazle. Txapelketan aurkezteari uko egin arren, asteazkeneroko entrenamenduetan egon dira Paia eta Estiballes. Sekula baino finago, gainera. Eskertuta agertu da aurtengo txapelduna. Eta harrituta ere bai: "Beñat eta biok izan gara formalenak arlo horretan. Ni bertan bizi naizenez errazago dudalako, eta Beñat gutxi huts egitekoa delako. Hauek biek beti dauzkate beste kontu batzuk. Ba, esango nuke aurten izan dela gutxien huts egin duten urtea. Inoiz baino formalago ibili dira! Eguaztenero-eguaztenero etorri dira, eta etorri gaiegaz, aholkuegaz gainera". Eurek ez diote ezetz: "Aurreko urteetan desberdina zen", Paiaren hitzetan: "Etortzen ez bazinen, ez zinen entrenatzen, eta zeure buruaren kalte izango zen. Aurten, etortzen ez bazinen, arazoa zen agian ez zirela hauek entrenatzen, eta orduan pisua handiagoa zen".

Botilero sentsaziorik ez dutela diote, hala ere, Paiak eta Estiballesek. "Lagun sentsazioa" dela dutena. Eta, lehenago ere, gainontzekoak laguntzen aritu zaizkiela. Berezi sentitu dute aurtengo txapelketa. "Ahots berriei leku uzteko" eta "neke puntu bategatik" lehian ez aritzeko erabakita, entzuleen eserlekuetatik jarraitu zuten larunbatean finala, elkarren ondoan. Oholtza gainean ziren guztiak lagunak dituzten arren Lekuerekin "talde sentimendua" dutela eta, berak irabaztea nahi zutela aitortu dute; "baina ez beste norbaitek irabazterik ez dugulako nahi".

Eta pozarren daude emaitzarekin: "Guretzat, Etxahunek irabaztea bada ziklo bat borobiltzea", azaldu du Estiballesek. Ziklo bat amaitu den galdetuta, argi erantzun du: "Orain, Etxahunena hasten da".

Lekuek txapela irabazi eta "merezimenduz irabazi" duelako oso pozik dagoela adierazita, "zapatuko poztasuna" oraindik mantentzeko arrazoi gehiago ere badituela azaldu du Paiak: "Ikusi genuen gazte asko datozela, eta onak". Estiballesek eta biek lehian parte ez hartzeko hartutako erabakiak horiei leku egiten utzi ahal izan diela pentsatzeak ere asebetetzen du. Eta taula gaineko irudiak utzi zion "Bizkaiko bertsolaritzaren ikuspegiak". Etorkizuna ikusi du. Estiballesek ere ez aurkezteko erabakia hartuta "erreleboaren ardura" ondo betetzen lagundu duen sentsazioa du, eta gustura dago.

"Aurtengoak badauka 2006ko txapelketaren antz apur bat", hausnartu du Lekuek. "Hori izan zen lehen txapelketa Igorrek [Elortza] eta Unaik [Iturriaga] parte hartu ez zutena. Ordura arte bagenekien Unai eta Igor egongo zirela, buruz burukora pasatuko zirela eta oso saio ona egingo zutela. Maila bat ziurtatuta zegoen. Baina, horiek kendu zirenean, finalean sartu ginen zortziek genuen ardura zen ahalegindu behar genuela hori igar ez zedin; guk ere maila bat ziurtatu behar genuen. Aurten ere eduki dugu horretatik: lortu behar genuen Arkaitz eta Fredi egon barik ere final on bat egiten".

Alor horretan aldaketak etorriko diren esperantza du Paiak: "Azken hogei urtean bi figura zentral izan ditugu Bizkaiko bertsolaritzan. Unai eta Igor egon ziren, eta gero gu ginen gazteak. Agian, hemendik aurrera ez dira egongo bi figura zentral buruz burukoak egiten hamar urtez".

Irailean hasi zituzten kortako entrenamenduak amaitu dituzte oraingoz. Hurrengo hitzordua urtarril erdialderako dute, Lekueren gurasoekin. Ohitura dutenez, asteazkenero afaltzen eman dietenak afaltzera gonbidatzen dituzte txapelketa amaitu ondoren. Gerora Larrabetzun batuko dira, berriro, irailetik aurrera, Euskal Herriko txapelketa baitu Lekuek. Beraz, entrenamenduei ekingo diete, berriro, Txirri eta Garbiñeren kortako behiek. Hortik aurrera Bizkaiko aurtengo txapeldunak egingo duen bideari buruz, "ikusiko dugu", dio.

Elkartasun akrobaziak

Elkartasun akrobaziak

Alaitz Armendariz

Egoera larri batean alaitasunez laguntzea: hori izango da abenduaren 29an Bilborock aretoan egingo duten ekitaldiaren xedea. Malas Compañias zirku taldeko kideek eta Karola Zirku Espazioko lagunek gala berezi bat prestatu dute, errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat proiekturi laguntzeko. Bost euro balioko dute sarrerek, eta, hala, lortzen duten dirua Greziako Kios irlan errefuxiatuei laguntzen dieten elkartasun proiektuetara bidaliko dute.

Ikuskizunean, Malas Compañias antzerki taldeaz gain, Karola Zirku Espazioa osatzen duten beste zortzi bat taldek hartuko dute parte. Bi pailazok gidatuko duten saioan, eskujokoak, akrobaziak, uztai jolasak, aireko dantzak eta bestelakoak egingo dituzte, eta umorea ere izango da. Nabarmendu dutenez, haur zein helduentzat aproposa izango da emanaldia. Sarrerak Bilborock aretoko leihatiletan daude eskuragarri jada.

Errefuxiatuei laguntzeko ez ezik, ikuskizunak antzerki taldeetako kideek elkar agurtzeko ere balioko duela azaldu du Malas Compañiaseko kide Mikel Pikazak. "Urtarrilean eta otsailean aktoreen oporrak izan ohi dira, nolabait esatearren; hortaz, guztiok elkartzeko aprobetxatuko dugu", azaldu du. Karola Zirku Espazioa ia hamar taldek osatzen dute, eta elkartzeko aitzakia bat ere izango da Bilborocken eskainiko duten ikuskizuna.

Pikaza izan zen Bilborocken ikuskizun bat egitea proposatu zuena. "Bi gauza elkartu dira: nire asmo bat, eta antzerki konpainia". Azaldu duenez, urtarrilean Greziara boluntario moduan joateko asmoa dauka, errefuxiatuei laguntzeko. "Hainbat proiektutako kideekin harremanetan jarri nintzen, boluntario gisa lan egiteko eta zirkuko jarduerak eskaintzeko". Orduantxe bururatu zitzaion Pikazari hemendik ere lagundu zezakeela, eta, hala, dirua biltzeko gala bat egitea proposatu zien beste antzerki konpainiei. Bere talde Malas Compañias da, beraz, ekitaldiaren bultzatzailea, baina guztira ia hamar taldek hartuko dute parte abenduaren 29ko ikuskizunean.

Asko egiteko oraindik

Urte osoan , aretoetatik at ez da izaten aukera askorik antzerki lanak ikusteko. Hala, Pikazaren hitzetan, Euskal Herriko antzerki taldeen ibilbidea beti izaten da "malkartsua". Nolanahi ere, pozik dagoela esan du, azken hiruzpalau urteetan goranzko joera egon delako. Garai "gozoan" daudela aitortu du, nahiz eta oraindik "erresistentzia handia" topatzen duten zirkurako programazioa prestatzeko orduan.

"Zirku eskolatik atera ginenean, hasieran gure ikuskizunak oso umilak ziren, baina, pixkanaka, ikasiz joan gara, eta berezko estilo bat garatu dugu", azaldu du Pikazak. Dena dela, adierazi du oraindik "asko" dagoela egiteko kale antzerkiaren eta zirkuaren alde. "Ematen zaion garrantzia ez da beste toki batzuetan ematen zaionaren parekoa".

Errefuxiatuen egoeraz ere mintzatu da Pikaza. "Arazoa itzela da, gordina eta larria. Guk, ekitaldian, ikuspuntu baikor batetik jorratu nahi dugu: badakigu oso errealitate gordina dela, baina ez dugu gordinago egingo. Ez dugu inor gaizki sentiaraziko; justu kontrakoa". Umorearekin gauza asko landu daitezkeela uste du Pikazak. "Saiatuko gara arazo latz horren inguruan umorez eta baikortasunez hitz egiten".

Paleolitoko labar irudi multzoak topatu dituzte Lekeition eta Berriatuan

Paleolitoko labar irudi multzoak topatu dituzte Lekeition eta Berriatuan

Iñigo Astiz

14.000 urte inguru behar izan dituzte Lekeitioko Armintxe eta Berriatuko Atxurra kobazuloetan bisonte, ahuntz eta lehoi irudiek albiste bilakatzeko. Maiatzean eman zuten Bizkaiko Aldundiak eta Ades espeleologia taldeko kideek Atxurran topatutako labar pinturen berri, eta urriaren 13an eman zuten Armintxeko aurkikuntzaren albistea. Garrantzitsuak biak, eta bereziki ikusgarriak Lekeitiokoak. Lekeitiokoa "gizateriaren altxor bat" zela esan zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, eta aurkikuntzaren garrantzia azpimarratu zuen. "Adituen arabera, Iberiar penintsulan dagoen grabatu multzo zirraragarri eta ikusgarrienetakoa da".

Kobako sarreratik 50 metrora topatu dituzte Armintxen irudiak, eta Madeleine garaiko goi paleolitokoak direla zehaztu dute. Oraingoz, hemezortzi zaldi, bost ahuntz, bi bisonte eta zehaztu gabeko lau hankako lau animalia identifikatu dituzte. Gainera, bi lehoiren irudiak ere topatu dituzte. Eta garrantzitsua da azken datu hori, arkeologoen hitzetan, orain arte ez baita animalia horren garai hartako irudirik topatu Kantauri isurialdeko ezein leizetan. Irudi abstraktuen multzo garrantzitsu bat ere aurkitu dute animalien margolanekin batera.

Santutegi handia

Atxurran 70 dira, guztira, identifikatu ahal izan dituzten animalia irudiak. Bizkaian, Santimamiñe koban baino ez zuten orain arte halako multzo handirik ikusi arkeologoek, eta balio dezake datu horrek Berriatuan egindako aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko. "Hau ez da kobazulo txiki bat; hau santutegi handi bat da", azaldu zuen maiatzean Diego Garate arkeologoak.

"Zaintza maila gorena" ezarri die aldundiak bi kobei, eta, aurreratu dutenez, ez da bisitatzeko aukerarik izango. Ondare hori hedatzeko bideak bilatuko dituztela hitzeman dute, halere.

Pantailaren tronua eskuratuta

Pantailaren tronua eskuratuta

Iñigo Astiz

Aurten heldu dira ezpatak eta dragoiak Euskal Herriko kostara. Besteak beste, Gaztelugatxe eta Barrikako Muriola hondartza hautatu ditu aurten Erdi Aroan girotutako AEBetako fantasiazko Game of Thrones telesail entzutetsuak bere zazpigarren denboraldiko kapitulu batzuk grabatzeko, eta garai bateko zinema produkzio erraldoiek besteko arreta erakarri du gune horietara. Hantxe izan dira lanean telesaileko aktore nagusietariko batzuk, eta Euskal Herriko ehunka pertsonak hartu du parte estra modura grabazioetan, baina kontu handiz gorde dituzte tramaren detaile guztiak HBO ekoizpen etxeko arduradunek. Bestela ere bazuten bi kokapen horiek bisitariari deigarri iruditzeko nahikoa meritu, baina pantailaren tronua ere eskuratu dute orain.

Barrika izan zuten lehen geltokia azaroan, eta grabazioek piztutako jakin-mina azpimarratu zuen Roberto Muñoz alkateak. "1.569 biztanle dituen herri honetan ikusmin handia piztu du muntaketarako etorri den jende uholdeak". Aktore, teknikari eta bestelako langileak ere kontuan hartuta, 300 langile inguru batu zituen grabazioak herrian, alkatearen hitzetan. Herria telesailean agertzeak turismoa erakartzen lagunduko duen esperantza agertu zuen, gainera.

Barrikatik Bakiora. Hiru egun eman zituen telesaileko aktore taldeak Gaztelugatxe ermita inguruan grabaketak egiten, baina denbora gehiago pasatu zuten langileek ingurua telesailerako prestatu eta egokitzen. Jende mugimendu horrek herrian eta inguruan utzitako diru kopurua azpimarratu zuten egun haietan lurraldeko eta herrietako ordezkari politikoek. Aktoreak lanean ari zirenean balizatu eta itxi egin zituen poliziak grabazio gunearen inguruak eta errepideak. Oso urrundik baino ezin izan ziren ikusi grabaketak horregatik, baina jendetza bildu zen, halere, prismatikoekin zer edo zer ikusterik zuten probatzera, eta irudi gutxi batzuk ere lortu zituzten teleobjektibo handia baliatu zuten argazkilariek. Nahikoa, halere, sailaren zaleenen irudimena martxan jartzeko.

Herritarren kexak

Iaz, Nafarroan izan ziren telesailekoak. Bardean grabatu zituzten ordukoan sekuentzia batzuk, eta, Bizkaian egindako grabazioez gain, Zumaiako Itzurun hondartzan ere izan dira aurten (Gipuzkoa). Telesaileko lantaldeak plaian egindako aldaketek eragin dute polemika han. Hondarretan zegoen petrila kendu zuten hondeamakinekin langileek, eta protesta gisa pankartak eta jarri zituen herriko surf elkarteak, lelo bakarrarekin: "Itzurun errespetatu".

Kaleko artearen xarma

Kaleko artearen xarma

Natalia Salazar Orbe
Hiriaren erdian, itsaso zabalaren gainean kokatutako eskailerak, goitik behera; auto mordoa elkarren gainean pilatuta; baita eraikinez eraikin, teilatuak patinez zeharkatu behar dituela dirudien mutikoaren abileziak ere. Eraikineta...

Mendien bihotza, hiribururaino

Mendien bihotza, hiribururaino

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gailurra, horma amaiezina, hotza, elurra, nekea, adrenalina, frustrazioa, poza ala tristura. Askotarikoak dira mendiaren inguruan sortzen diren sentimenduak. Zaila bada ere, sentipen horiek guztiak pantaila handira eramango dituzte datozen egunetan. Gaur hasi eta abenduaren 18ra bitarte, mendiaren bihotza ikusleengana eramateko saiakera egingo dute Bilbao Mendi Film jaialdian aurkeztuko dituzten dokumentalek. Bederatzigarren aldia du aurtengoa, eta gero eta herritar gehiago erakartzen duen ekitaldia da. Iaz 8.000 ikus-entzulek baino gehiagok hartu zuten parte, eta langa hori gainditzea espero dute bederatzigarren edizioan. Aurtengoan 47 film proiektatuko dituzte guztira: 43 sail ofizialean eta lau sail ofizialetik kanpo. Mundu mailako estreinaldiak ere izango dira lehian arituko direnen artean. Zortzi dira Euskal Herriko ekoizpenak eta horien arteko hiru dira euskaraz egindakoak. Proiekzioez gain, erakusketak eta solasaldiak ere egingo dituzte datozen hamar egunetan.

The Great Alone film britainiarrak egingo du ekitaldiaren inaugurazioa, gaur. Greg Khos estatubatuarrak Lance Mackey zakur-lera gidariaren bizitzari buruz osatutakoa da lana. Eta nazioarteko zortzi festibaletan film onenaren saria jaso du jada. Indartsu hasiko da, horrenbestez, Bilboko festibala. Bihartik aurrera saio bi izango dira asteko egunetan; 17:00etan bata eta 19:30ean bestea; eta hiru saio, aldiz, asteburuko egunetan; 15:00etan, 17:15ean eta 19:30ean. BBK aretoa, Euskalduna jauregia eta Azkuna zentroko zinema aretoak izango dira jaialdiaren agertoki nagusiak.

Azken edizioetan egin bezala, Bilboko metroko geltokietan ere argazki erakusketak jarri dituzte. Vcephoto nazioarteko mendiko argazkilaritza lehiaketan finalista izan zirenen lanak dira metroan ikusgai jarri dituztenak: Krystle Wrigth australiarrarenak, Paul Bride kanadarrarenak eta Yhabril bilbotarrarenak, alegia. Zabalgunean ere hainbat erakusketa jarriko dituzte datozen egunetan. Eta, urtarrilaren 8ra bitarte, Jose Maria Alvarez argazkilari eta eskultore bilbotarraren Izotzezko Olatuak erakusketa izango da ikusgai Rekalde aretoan.

Mundu mailako lau estreinaldi eta Europako hamar izango dira Bilboko festibalean. Saio ofizialean euskal herritarrek egindako lau film izango dira lehian: Mikel Sarasolaren Humla eta Kursssuaq; Durangoko Biodeografik ekoiztetxeak egindako Imaginador; Iker Elorrieta getxoztarraren I Forgot Myself Somewhere; eta Jon Herranzen Mar Alvarez, no logo. Filmak ekoitzi ez dituzten arren, badira horietako protagonistak diren euskal herritarrak ere. Iker eta Eneko Pou anaia eskalatzaileen kasua da: 2015ean nazioarteko beste hainbat eskalatzailerekin egindako espedizioari buruzko Common Ground filmean agertzen dira biak.

Euskarazko lanak

Sail ez ofizialean izango dira euskarazko emanaldiak. Horien artean dago Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxoztarrek transhumantziari buruz osatutako Akabuko Martxea dokumentala eta Eñaut Izagirre elgoibartarrak eta Ibai Rico gasteiztarrak egindako Incognita Patagonia lana. Patagoniako izotz eremuan espedizioa egin dute bi euskaldunek, Evan Milles estatubatuarrarekin batera. Eskalada, glaziarren kartografia, eta izotz zelaien zeharkaldiak uztartu dituzte beraien lanean, eta, National Geographic-eko gazte esploratzaileen programak babestutako lana da.

Film luzeez gain, laburmetraiek ere badute tokia festibalean. Duela bi urte jarri zuten abian Mendi Short lehiaketa, eta gero eta indar handiagoa hartu du film laburren atalak ere. Gehienez bost minutu irauten duten lanak dira, eta jaialdian lantzen diren gai berberak landu behar dituzte sail horretan aurkeztutako lanetan. Patxi Razkin ordiziarrak irabazi du aurten Mendi Short lehiaketa, euskaraz osatu duen Erantzun zuzena lanarekin.

Baina pantaila handiko proiekzioez gain, hitzaldi eta mahai inguruak ere egingo dituzte datozen egunetan. Alex Txikon alpinista lemoarrak Nanga Parbat mendira egin den lehen neguko igoera hizpide hartuta hitzaldia emango du, Ali Sadpara kidearekin batera. Bihar izango da hori. Eta, lemoarraren bizipenez gain, bestelako solasaldiak ere izango dira Bilbon datozen egunetan. Julio Villar alpinista eta idazle donostiarrak, adibidez, Viaje a pie liburuaren aurkezpena egingo du bihar.

Saria, mendizaletasunari

Bina Shah idazle pakistandarrak herrialde musulmanetako emakumeen ahalduntzeari buruzko saioa eskainiko du. Mahai inguruaren ondoren A Girl in The River: The Price of Forgiveness filma izango da ikusgai. Laburmetrai onenaren 2016ko Oscar saria jaso zuen dokumental horrek. Obaid-Chinoyk beste Oscar sari bat ere badu, 2012an Saving Face lanagatik jasotakoa.

Mendizaletasunaren balioen defentsa eta transmisioa saritzen duen WOP fundazioaren saria ere banatuko dute jaialdian, hilaren 17an. Hainbat jarrera saritzea da garaikurraren helburua: besteak beste, hobetzeko gaitasuna, ahaleginak, talde lana, fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; eta mendi, eskalada eta muturreko hainbat kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea. Sr. Chris Bonington alpinista britainiarrari aitortu dizkiote ezaugarri horiek guztiak.

XX. mendeko alpinista onenen artean dago Bonington, eta, 82 urte dituen arren, aktibo jarraitzen du mendian eta eskaladan. Mundu osoko mendiak esploratzen aritutakoa da britainiarra, eta hainbat bide ireki ditu lehen aldiz; Mont Blanc, Eiger eta Patagoniako Paine Dorrean, kasurako. Saria jasotzeaz gain, My Life and Time filma aurkeztuko du jaialdian; haren ibilbidearen begirada egiten duen lana.

WOP saria banatzen duten egunean bertan esango dute antolatzaileek, jaialdian ikusitako filmen artean, sarituak zeintzuk izango diren. Eta igandean, sariak banatu aurretik, epaimahaiak aukeratutako dokumental horien guztien emanaldia egingo dute egun osoan zehar.

Jaialdiko proiekzio guztietara joateko bonoak agortuta daudela jakinarazi dute jaialdiko antolatzaileek. Hortaz, saioetara joan ahal izateko, banakako sarrerak hartu behar izango dira. Emanaldiak izango diren aretoetan edo webgunean jaso daiteke horri buruzko informazioa.

Batasunaren izenean

Batasunaren izenean

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bake giroa gerran. Izan daiteke irudikapen bat ala ekaitzaren aurreko barealdia. 1936ko abenduan uharte bat zen Bizkaia; elkar uztartu ezin ziren bi errealitateren agertokia. Lurraldearen periferian, balen hotsak; bien bitartean, letren burrunba Bilbon. Armak mintzamolde nagusi zirenean, jakintzaren lengoaia nagusitu zen hiriburuan 36ko hartan. Abenduaren lehen egunean egin zen Universidad Vasca-Eusko Irakastola Nagusia irekitzeko ekitaldia, Basurtuko Ospitale Zibilean. Unibertsitatea sortzeko lehen hazia zen hura, eta Medikuntza fakultatea izan zen irekitzen lehena. Ehundik gora ikasle izan ziren 1937ko urtarrilean abiatutako ikasturtean. Sei hilabeteko amets laburra, ordea; gerra frontea hiriburura iristearekin batera bukatu baitzen unibertsitatearen esperantza. Armak garaile. "Espainia berria nagusitu da". Zetorrenaren iragarpena egin zuen Jose Maria Areilza Bilboko alkate faxistak 1937ko uztailaren 8ko hitzaldian. "Gera dadila argi: Bilbo armaz konkistatu da [...]. Hemen, ez hitzarmenik eta ez hil ondorengo esker onik, baizik eta gerra lege gogor, biribil eta gupidagabea. Batzuek irabazi egin dute, eta besteek galdu, bai horixe [...]. Espainia bakarra, handia eta librea gailendu da [...] garaiturik erori da betirako Euzkadi zeritzan amesgaizto hori, Bizkaia Espainiaren zati bat da berriro".

Estatutuko eskumena

Hamabost urte lehenago, 1922ko argazki zahar bat: Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarrean, gazte talde bat ageri da Alfonso XIII.a Espainiako erregearen aurrean kartelak eskuan dituztela. "Unibertsitatea nahi dugu", diote esku artean dituzten paperek. Gazte abertzale horien arteko bat zen Jesus Maria Leizaola. Eta, hain zuzen, hark izan zuen 36ko hartan unibertsitate egitasmoa eratzeko ardura, Angel Apraiz Eusko Ikaskuntzako presidente eta idazkariarekin batera. Hezkuntza antolatzeko eskumena jasotzen zuen 1936ko urrian onartutako estatutuak, eta, gerra egoeran egonda ere, unibertsitatea eratzeko lehen urratsak egin zituzten. Ordura arte, Valladolid eta Zaragozarako unibertsitateetara jo behar zuten euskal herritarrek goi mailako ikasketak egiteko. Eta herritarren artean gero eta indar handiagoa zuen Euskal Unibertsitate ofizialaren aldeko aldarrikapenak.

Lehen "hazia" zen, hortaz, Eusko Irakastola Nagusia. Gerra frontea gertu zegoen, eta unibertsitatea sortzeko dekretuak berak zioen ezinezkoa zela "obra erabat perfektua" egitea. 1937ko urtarrilaren 3an hasi ziren eskolak. Ehundik gora ikaslek eman zuten izena, eta, haien artean, %7 ziren emakume. Fakultatean txertatu zen Basurtuko Ospitaleko Erizaintza eskola ere —ordura arte Valladoliden menpe zegoena—, beste 276 ikaslerekin. Euskararen derrigortasunari buruzko eztabaida ere izan zen, eta Osakintza Euskara hautazko ikasgaia baino ez zen ezarri. Jose Zinkunegi izan zen irakaslea.

Hazia jarri bai, baina kimatzeko denborarik ez. Bilboko zubiak eraistearekin batera itxi zuten unibertsitatea. Hiriburua hartu zuten frankistek; eta pentsamoldearen inbasioari ekin zioten berehala. Basurtuko ospitaleko unibertsitateari ateak ixtearekin batera, iluntasunera eraman zuten euskara eta euskal kulturaren zantzua zuen edozer. Estatu berria eraikitzera iritsi ziren faxistak, eta argi utzi zuten hori lehen momentutik.

Unibertsitatea ireki eta hamar hilabetera, hala azaldu zuen Javier Lauzurika gotzainak, Bilboko institutuak irekitzeko ekitaldian, 1937ko urrian: "Espainiako elizan eta aberrian, maitatasun guztiak bildu behar dira. Espainia diodanean, Eliza esaten dut [...]. Espainia maitatzea da handiena maitatzea, gorenena. Eta, gaitzestea, aldiz, sakratuena gaitzestea da […]. Ikasleok: maitatu ezazue Espainia eta Jainkoa maitatuko duzue. Espainiak zoriontasuna emango dizue lurrean, eta Jainkoak, zeruaren erreinuan, gloria". Horra ordutik aurrera frankismoan hazi eta heziko ziren belaunaldien heziketaren oinarria.

Eskolak, "nazionalak"

Arma eraginkorra da hezkuntza; are gehiago, gizarte berri bat eraiki eta kultura bat deseraiki nahi denean. Batasuna oinarrizko zutabea zen erregimen frankistarentzat; zentzu guztietan: lurralde batasuna, hizkuntza batasuna, kultura batasuna... Batasun horretan, oztopoa ziren euskara eta euskalduntasunarekin zerikusia izan zezakeen edozein zantzu; kulturatik hasi, eta ikurretara. Eta oztopoa desagerrarazteko bide bat izan zen hezkuntza sistema; akulturazio prozesurako zutabea. Ordura arte udal eskolak edo probintzia eskolak izandakoak "nazional" bihurtu ziren, ideologia berri baten haztegi.

Pedro Sainz Rodriguez Hezkuntza ministroak Bilbon egindako hitzartzean mandatua jarri zion euskal gizarteari: "Guk mundu berri bat aurkitu behar dugu, eta guk izango ditugu gure inperioaren uztarripean jaioko diren nazioak, eta herri horiei eman behar diegu, gure erlijio eta kulturarekin batera, gure hizkuntza. Gaztelania da gure inperioaren arma".

Listo, makineria martxan zen. Eta, aurrerantzean, aginte publikoak aginduko zuen euskaraz noiz egin eta nola erabili ahalko zen. Erabakia hartua zuen: bizitza publikotik atera behar zen hizkuntza; eskolatik, kaletik eta elizatik. Euskararen auzia ere politikoa zen, eta ez linguistikoa.

Batasuna gorde behar bazen, katakonbetara eraman behar zen euskara, "separatismoa" eragiten zuelako. Eta batasuna "sakratua" zen. Frankok esana: "Eskualde bakoitzaren izaera errespetatuko da. Baina kalterik eragin gabe batasun nazionalari, zeina erabatekoa nahi dugun, hizkuntza bakarrarekin: gaztelaniarekin; eta nortasun bakarrarekin: espainolarekin". Ez euskara, eta ez euskaldun. Hilerrietara ere iritsi zen debekua. 1937ko martxoan, beren menpeko herriei hilerrietan ziren ikur nazionalista eta marxistak kentzeko agindua bidali zieten Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariek.

Kanpaina ideologikoa abiatu zuen Falangeak 1937an: "Espainola bazara, hitz egin ezazu espainolez". Norabide berean, dekretuak kaleratzen hasi zen gobernua ere. 1938ko maiatzean, Antolakuntza eta Ekintza Sindikaleko Ministerioak debekatu egin zuen gaztelania ez zen hizkuntza erabiltzea "tituluetan, elkarte izenetan, araudietan eta aipatutako ministerioaren menpeko erakundeen batzar eta bilera deialdietan". Urte berean, erlijio ekintzetan euskararen erabilera debekatu zuen Bilboko elizbarrutiaren agintari zen Gasteizko apezpikuak.

Debekuekin batera iritsi ziren zigorrak ere. Algortako Mariano Torres bikarioa altxamendu militarra baino lehen predikuak euskaraz egiteagatik atxilotu zuten. Sondikan, Ines Jauregi eta Pilar Urrutia gazteei isuna eta 34 eguneko espetxea ezarri zieten trenean euskaraz ari zirelako. 1937ko azaroan, Crescencia Merino atxilotu zuten Bilbon, jantzietan ikurrinaren koloreak konbinatzeagatik. Eta, Areatzan, Jose Ignacio Gorostiza atxilotu zuen Guardia Zibilak 1965ean, gerrikoan ikurrinaren koloreak eramateagatik.

Zentsura nagusi

Agintarien artean euskaraz hitz egiteko debekua zabaldu ahala zabaldu ziren salaketa publikoak ere. Aski ezaguna da eskoletako "eraztunaren jokoa" ere; nola jartzen zioten euskaraz egiten zuenari, haurrak beren artean salatzera behartuz, eta nola zigortzen zuten egunaren amaieran eraztuna zeramana.

Zentsurari ateak ireki zizkion Irakaskuntza eta Kultura Ministerioak, bere menpeko batzorde garbitzaileak martxan jarriz. Honako ideia hauek jasotzen zituzten argitalpenak erre eta bahitzeko agindu zuen batzordeak: "Ordenaren aurkako ideiak, moralaren aurkako kontzeptuak, marxismoaren propaganda dutenak, gure armada aintzagarriari errespeturik ez diotenak, Espainiako batasunari erasotzen diotenak, erlijio katolikoa arbuiatzen dutenak eta gure gurutzada nazionalaren oinarrien eta helburuen aurka egiten dutenak". Irakasleak, idazleak, kazetariak, musikariak... "arriskutsuak" ziren erregimen berrirako, eta horien lanak ere aztertu zituen garbiketa batzordeak. Resureccion Maria Azkue euskaltzainburu lekeitiarra, adibidez, nazionalistatzat hartu zuen batzordeak, karlista ezaguna zen arren.

Euskararen aurkako neurrien zerrendak ez zuen bukaerarik. Jon zirenek Juan izan behar zuten, eta Mikel zirenek, Miguel. Justizia Ministerioak esana: "Separatismoak eta marxismoak erregistro zibilean egindako anomalien aurrean, gaztelania ez den hizkuntza ala dialekto batean eginiko izen erregistroak baliogabetzea eta legez kanporatzea".

Egunkariak jomuga

Iritzi publikoa astintzen zuten hedabideek. Eta estatuaren esku geratu zen horien kontrola ere. 1938an, Prentsa Legearen bidez, errepublikanoen aldeko hedabideak zigortu zituen. 36ko gerra aurretik zortzi egunkari zeuden Bizkaian: Euzkadi, El Liberal, El Noticiero Bilbaíno, El Pueblo Vasco, La Gaceta del Norte, Tierra Vasca, La tarde, El Nervión eta Excelsior. Gaceta del Norte errespetatu zuen Frankismoak, eta El Correo Español izena jarri zion El Pueblo Vasco egunkariari. Gainontzekoak desegin egin zituen erregimenak. Eta bere araberako hedabidea eraiki zuen: Hierro, egunkari falangista. Uztailaren 5ean argitaratu zuen egunkari frankistak lehen zenbakia, Bilbo mendean hartu eta hiru astera. Euzkadi egunkariaren egoitza eta makinak erabili zituzten hasieran, eta El Liberal-ekoak gero.

Hedabideak ere estatuaren esku geratu ziren frankismoan, hortaz. Errepublika garaikoak itxi, eta erregimenaren eraikuntza ideologia eraikitzeko oinarrizko tresna izan ziren. Norabide horretan kokatzen dira No-do famatuak ere —Albistegia eta dokumentalak—. Espainiako eta nazioarteko egoerari buruzko erreportaje laburrak ziren No-doak. Baina oinarrian beti zegoen erregimenaren propaganda ideologikoa egitea. Euskaldunak espainiar "zintzo" gisa aurkezten zituzten erreportajeetan.

Erregimen frankistak hasieratik jarri zuen martxan euskara eta, oro har, euskal kultura desagertzeko makineria. Orduko esanek eta gertakarien oihartzun mutuek gorreria eragiten dute oraindik.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

berria.eus/oroiteria

Argiak garai ilunen itzalari

Argiak garai ilunen itzalari

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Iluntasunera eraman zuen erregimen frankistak euskal liburugintza. Zentsuraren eraginez, ezkutuan gorde ala desagerrarazi zituen euskaraz idatzitako liburuak; eta berriak argitaratzea ezinezko lana bihurtu zen. Luzea da 36ko gerraren ondoren euskarari eta euskal kulturgintzari eginiko jazarpenak utzitako soka. Baina basamortu horretan, euskarari arnasa emateko jarduerek ez zuten etenik izan. Durangoko Azoka da horien artean esanguratsuenetako bat. Frankismo betean egin zuten azoka estreinakoz, eta euskal kulturgintzaren topaleku nagusia bihurtu da urteak pasatu ahala. Gaur irekiko ditu ateak 51. aldiz, eta, asteartera arte, milaka lagun bilduko dira Durangora. Aurten, euskal kultura eta euskara sustatzen aritu diren herritar anonimoak omenduko dituzte, eta, Argizaiola saria emanda, aitortza publikoa egingo zaie.

Aldaketa garaia izan zen 60ko hamarkada. Areagotuz joan zen ikastolen mugimenduaren jarduna, eta gero eta oihartzun handiagoa zuen langileen borrokak. Garai horretan, erregimen frankistak ere testuinguru berrira bere burua egokitzeko neurriak hartu zituen; adituek, gerora, erregimenaren "irekiera" gisa izendatu duten etapa bati hasiera eman zion. Lege eta dekretu berriak atera zituen gobernuak. Tartean, elkarteen sorrera "errazten" zuen 191/1964ko legea. Ingurumari horretan sortu zuten Gerediaga elkartea, 1965eko ekainean.

Euskal Herriko liburugintza eta diskogintza ekoizpena ezagutzera ematea zen Gerediagaren asmoa, eta sortu eta gutxira antolatu zuten lehen Liburu eta Disko Azoka. Urriaren 30etik azaroaren 1era bitarte hamazortzi erakusmahai jarri zituzten Andra Mari elizako aterpean; 51 urteren ondoren, euskal kulturaren erdigune bihurtu da ekitaldia.

Oztopoekin hasi eta hazi

Espero ez zuten arrakasta izan zuen ekitaldiak lehen aldi hartan. 1965eko Anaitasuna aldizkarian publikatutako kronika da Durangoko azokaren arrakastaren lekuko. "Jai au ez da izan, gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jaien antzeko. Euskal Jaia esaten denean, folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu gura izan dau. Folklore gauzak ezetzi gura barik, euskal kultura adierazo, indartu ta zabaldu gura izan dau".

Baina frankismoaren "irekiera" garaietan ere, nahasia zen giro politikoa. Azokaren lehen aldian, adibidez, antolatzaileek dena prest utzi zuten bezperan elizako aterpean. Azokaren egunean Gerediaga elkartekoak elizpera joatean, Espainiako banderekin aurkitu zuten aterpea. Zentsura saihesteko euskara eta gaztelerazko kartelen bidez iragarri zen azoka 1971 arte —urte horretan egin zen euskara hutsezko lehena—. Azokaren arrakasta ez zen denen gustukoa, eta Francoren aldeko agintarien artean ere zatiketa eragin zuen ekitaldiak.

Bizkaiko gobernadore zibila azoka debekatzen saiatu zen 1974an, baina Marcelino Oreja Informazio eta Turismo idazkariorde izendatu berriak babesa eman zion. Galarazteko ahaleginak egin zituzten, hala ere: erlijioa aitzakia hartuta, azoka Andra Mari elizpean egiteko baimena ukatu zieten antolatzaileei. Baina aurkitu zuten aurrera jarraitzeko bidea Gerediagakoek ordukoan ere. Merkatu plazan egin zuten azoka, eta ekitaldiaren aterpe izan zen, harik eta aretoa txiki geratu zen arte.

Aldaketa nabariak izan ditu azokak bere ibilbide osoan. Ezagutu zuen kasetearen iraultza, CD eta teknologia berriena, eta elkarte berrien babesgunea izan da. Azoka egunetan kaleratu zen euskara hutsezko Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia ere: 1990eko abenduaren 6an. Tokiz ere aldatu behar izan da azoka; betiere, elkartzen ziren herritarrak sartzeko espazio arazoengatik. Karpa bat jarri zuten 1996an, eta, estalpe hori txiki utzita, Landako gunera egin zuen jauzi 2003an. Hazi besterik ez da egin ordutik, eta eskaintza ere gero eta handiagoa du. Sortzaile eta hartzaileen arteko harremanak estutzeko gune berriak ere ireki ditu: Ahotsenea, Irudienea, Szenatokia, Kabi@, Saguganbara... ehunka dira bost egunetan horietan egiten diren ekitaldiak.

Bizitzekoa DA! goiburua jarri diote aurtengoari. 349 nobedade izango dira azoka beteko duten 246 erakusmahaietan, eta 200 ekitalditik gora antolatuko dituzte. Bizi esperientzian jarri dute arreta Gerediagakoek. Bizipen askoren gordelekua izan da azoka 51 urtez, eta jarraitu nahi dute aurrerantzean bizipenak sortzen.

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Natalia Salazar Orbe

Tradizioek kulturan duten eraginaren isla izan ohi dira bateko eta besteko herri musika eta dantzak. Horixe erakutsiko dute Barakaldon, gaur hasita, Herrien arteko XX. Folklore Jaialdian parte hartzen duten taldeek. Galiziako eta Avilako ordezkariak izango dira, jaialdia antolatzen duen Ibarra-Kaldu taldeaz eta Balmasedako Eguzki dantza taldeaz gain. Ibarra-Kaldurentzat aldi berezia izango da, eta ez XX. jaialdia delako soilik, baita mende erdia bete duelako ere.

Biharko ekitaldian A Coruñako Catalmibre Tradicional eta Avilako Urdimbre taldeek egingo dute erakustaldia. Galiziarrak lehenago ere egonak dira Barakaldoko jaialdian. Hala ekarri du gogora Aitor Gorostizak, Ibarra-Kaldu taldeko kideak: "Oso inpresio ona utzi zuten. Galiziako dantza alai eta biziak egiten dituzte, gaita banda eder batek lagunduta". Urdimbre ez dute ezagutzen, baina hari buruzko "oso erreferentzia onak" dituzte.

Barakaldo antzokian egingo dute ikuskizuna. Han izango da talde anfitrioia ere. Bakoitzak ordu laurdeneko saioa egingo du bihar. Domekan, Balmasedara eramango dute erakustaldia. Urtero aukeratzen dute Barakaldotik kanpoko herri bat jaialdia hara ere zabaltzeko: "Hala, beste udalerri batzuekin partekatzen dugu jaialdiak dakarkiguna; batez ere, kultura zirkuitu nagusietatik urrun dauden udalerriekin egiten dugu. Helburua da kultura zabaltzea, eta ahalik eta jende gehienak bestelako folkloreak eta kulturak ezagutzeko aukera izatea".

Horrez gain, tokian tokiko taldeei bultzada bat ematea ere badute xede: "Haiei uzten diegu egun horretan Euskal Herriko folklorea erakusteko ardura. Hala, jaialdira datozen kanpoko taldeen ondoan, euren herrietan egiten duten lana ikusaraz dezakete". Hogei minutuko ikuskizuna eskainiko du talde bakoitzak.

Bestalde, gaur musika izango da jaialdiaren protagonista, urtero jaialdiaren lehen egunean gertatzen den legez. Kanpoko taldeak ekarri ohi dituzte. "Aurten, XX. urteurrenaren harira, txistu kontzertu berezi bat antolatu dugu, orain egiten direnen antzekoa: abesbatzak eta metalek lagunduta". Bilbao Musikako kide Jasone Akizuk zuzenduko du. Eta Dzipoo eskolako abesbatzak ere parte hartuko du. Kilika bertso eskola ariko da aurkezpen lanetan. Horrez gain, Ibarra-Kaldu taldeko musikariek ere zerbait prestatu dute, propio, ikuskizunerako.

Argazki erakusketa batek osatzen du jaialdiaren egitaraua. Hilaren 15era bitartean egongo da ikusgai Clara Campoamor kultur etxean. Herrien arteko Folklore Jaialdiaren atzera begirakoa osatu dute. "Hogei urteotan jaialditik pasatu diren talde guztien emanaldiak gogorarazteko argazki bilduma ederra da". Bideo bat ere ikusgai dago emanaldietako unerik ikusgarrienak gogora ekartzeko.

Ametsa, egia bihurtuta

Aspaldidanik taldeak zuen ametsa egia bihurtzen ikusi zuen duela hogei urte. "Euskal Herriko hainbat taldek egiten zituzten jaialdiak ikusita, guk ere gurea antolatu nahi genuen". Bat-batean sortu zitzaien aukera. "Asturiasko talde batek hara joatera gonbidatu gintuen, bisiten trukea eskainita. Haien gonbitari erantzun beharrak eman zigun aspaldiko ametsa gorpuzteko bultzada".

Orduz geroztik igaro diren urte guztietan, hainbat talde ekarri dituzte Barakaldoko agertokietara. Euskal Herriko eta estatuko dantzari eta musikariez gain, Belgika, Andorra eta Portugalgo ordezkariak ere izan dituzte. Eta ikusleek eskertu egiten dute Ibarra-Kalduren esfortzu hori: "Urtetik urtera jende gehiago erakarri du jaialdiak".

Beste kultura adierazpen batzuk ezagutzeko aukera ematen duela eta, oso interesgarritzat jo du era horretako jaialdiek egiten duten ekarpena. "Gainera, gure kultura hemendik kanpo ezagutarazteko bidea zabaltzen digu, trukeen bidez".

Taldearen hastapenak

Herrien arteko Folklore Jaialdia sortu baino 30 urte lehenago hezurmamitu zen herrian benetan zegoen amets eta nahi sakona. 1966a zen. Frankismoaren diktadura indarrean zegoen. Eta bide ofizialaren aldekoa ez zen elkarterik apenas zegoen. Beurko-Bagatzako gazte talde batek auzoan kultur elkarte bat sortu nahi zuen. "Gure elkarteak nola eta dantzan egin zituen lehen urratsak, dantzari taldea izan baitzen elkarteak eman zuen lehen kimua; sortu eta atoan". Baliabiderik gabe eta batere laguntzarik gabe abiatu zuten bidea: "Irabazi asmorik gabe, nork bere apurra jarrita, eta auzolanean. Orain dugun egoera ahalegin eta sakrifizio askoren gainean dago eraikita".

Gaur egun 2 eta 55 urte arteko 120 kide inguruk osatzen dute; dantzariak eta musikariak. Hala ere, elkartearen inguruan askoz jende gehiago ari da lanean, "aldian-aldian antolatzen ditugun jarduera eta ekitaldietan, auzoan oso errotuta egon garelako beti. Taldea Bagatzan sortu zen, auzoarentzat eta auzoari esker".

Euskal Herri osoko dantzak egiten dituzte plazetan eta agertokietan. Garai guztietakoak: zaharrak eta berriagoak, "kultura eta folklorea etengabe biziberrituz doazelako". Alardeetako esparruaz harago ere aritzen dira. "Talde diziplinatik kanpo daudenei ere helarazi nahi diegu dantza, erromeria dantzen ikastaroak eginez. Taldeok ez baikara dantza ondarearen jabe bakarrak: dantza guztiona da, herriarena".

Ibilbide luzea bezain emankorra izan da Ibarra-Kaldurena. Pasadizo mordoa ere kontatzeko modukoak dira. Gogorarazten hasita, liburu bat idazteko beste abentura oroitu ditu Gorostizak. Hori dela eta, taldearen historia laburbiltzen duen liburua egin dute. "Taldeetako adinekoek gogoan dute nolakoak izaten ziren garai hartako dantza emanaldiak: beti baimena eskatu beharrean. Eta, gero, poliziaz inguratuta egin behar izaten zuten dantzan, zelatan, euskal usaina zerion edozer susmagarria zelako".

Urteek aurrera egin ahala, bizipen samurragoak egokitu zaizkie. Baita elkartasuna agerian uzten dutenak ere: "Elurra zela eta, Andorrara heldu ezinik geratu ginen behin. Bidean aterpe eman zigun herrian bertan egin genuen emanaldia, harrera eta laguntza eskertzeko".

Taldearen izena, berau eratu zen garaiko giro soziopolitikoaren eraginez aukeratu zuten. Elkartea sortu aurreko urteetan zabaldu zen Barakaldo izenak burdinolen edo galdategien ibarra esan nahi zuela. "Garai hartan gure udalerriak ukaturik zuen euskaltzaletasuna aldarrikatzeko modu bat iruditu zitzaien sortzaileei. Etimologiaren aldetik izenak ez zuen batere oinarririk, ordea. Ilusio bat zen". Baina ilusioek izaten dute ametsak gorpuzteko eta proiektu sendoak abiatzeko indarra. Horren erakusle, Ibarra-Kalduren 50 urteko ibilia.