Mendien bihotza, hiribururaino

Mendien bihotza, hiribururaino

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gailurra, horma amaiezina, hotza, elurra, nekea, adrenalina, frustrazioa, poza ala tristura. Askotarikoak dira mendiaren inguruan sortzen diren sentimenduak. Zaila bada ere, sentipen horiek guztiak pantaila handira eramango dituzte datozen egunetan. Gaur hasi eta abenduaren 18ra bitarte, mendiaren bihotza ikusleengana eramateko saiakera egingo dute Bilbao Mendi Film jaialdian aurkeztuko dituzten dokumentalek. Bederatzigarren aldia du aurtengoa, eta gero eta herritar gehiago erakartzen duen ekitaldia da. Iaz 8.000 ikus-entzulek baino gehiagok hartu zuten parte, eta langa hori gainditzea espero dute bederatzigarren edizioan. Aurtengoan 47 film proiektatuko dituzte guztira: 43 sail ofizialean eta lau sail ofizialetik kanpo. Mundu mailako estreinaldiak ere izango dira lehian arituko direnen artean. Zortzi dira Euskal Herriko ekoizpenak eta horien arteko hiru dira euskaraz egindakoak. Proiekzioez gain, erakusketak eta solasaldiak ere egingo dituzte datozen hamar egunetan.

The Great Alone film britainiarrak egingo du ekitaldiaren inaugurazioa, gaur. Greg Khos estatubatuarrak Lance Mackey zakur-lera gidariaren bizitzari buruz osatutakoa da lana. Eta nazioarteko zortzi festibaletan film onenaren saria jaso du jada. Indartsu hasiko da, horrenbestez, Bilboko festibala. Bihartik aurrera saio bi izango dira asteko egunetan; 17:00etan bata eta 19:30ean bestea; eta hiru saio, aldiz, asteburuko egunetan; 15:00etan, 17:15ean eta 19:30ean. BBK aretoa, Euskalduna jauregia eta Azkuna zentroko zinema aretoak izango dira jaialdiaren agertoki nagusiak.

Azken edizioetan egin bezala, Bilboko metroko geltokietan ere argazki erakusketak jarri dituzte. Vcephoto nazioarteko mendiko argazkilaritza lehiaketan finalista izan zirenen lanak dira metroan ikusgai jarri dituztenak: Krystle Wrigth australiarrarenak, Paul Bride kanadarrarenak eta Yhabril bilbotarrarenak, alegia. Zabalgunean ere hainbat erakusketa jarriko dituzte datozen egunetan. Eta, urtarrilaren 8ra bitarte, Jose Maria Alvarez argazkilari eta eskultore bilbotarraren Izotzezko Olatuak erakusketa izango da ikusgai Rekalde aretoan.

Mundu mailako lau estreinaldi eta Europako hamar izango dira Bilboko festibalean. Saio ofizialean euskal herritarrek egindako lau film izango dira lehian: Mikel Sarasolaren Humla eta Kursssuaq; Durangoko Biodeografik ekoiztetxeak egindako Imaginador; Iker Elorrieta getxoztarraren I Forgot Myself Somewhere; eta Jon Herranzen Mar Alvarez, no logo. Filmak ekoitzi ez dituzten arren, badira horietako protagonistak diren euskal herritarrak ere. Iker eta Eneko Pou anaia eskalatzaileen kasua da: 2015ean nazioarteko beste hainbat eskalatzailerekin egindako espedizioari buruzko Common Ground filmean agertzen dira biak.

Euskarazko lanak

Sail ez ofizialean izango dira euskarazko emanaldiak. Horien artean dago Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxoztarrek transhumantziari buruz osatutako Akabuko Martxea dokumentala eta Eñaut Izagirre elgoibartarrak eta Ibai Rico gasteiztarrak egindako Incognita Patagonia lana. Patagoniako izotz eremuan espedizioa egin dute bi euskaldunek, Evan Milles estatubatuarrarekin batera. Eskalada, glaziarren kartografia, eta izotz zelaien zeharkaldiak uztartu dituzte beraien lanean, eta, National Geographic-eko gazte esploratzaileen programak babestutako lana da.

Film luzeez gain, laburmetraiek ere badute tokia festibalean. Duela bi urte jarri zuten abian Mendi Short lehiaketa, eta gero eta indar handiagoa hartu du film laburren atalak ere. Gehienez bost minutu irauten duten lanak dira, eta jaialdian lantzen diren gai berberak landu behar dituzte sail horretan aurkeztutako lanetan. Patxi Razkin ordiziarrak irabazi du aurten Mendi Short lehiaketa, euskaraz osatu duen Erantzun zuzena lanarekin.

Baina pantaila handiko proiekzioez gain, hitzaldi eta mahai inguruak ere egingo dituzte datozen egunetan. Alex Txikon alpinista lemoarrak Nanga Parbat mendira egin den lehen neguko igoera hizpide hartuta hitzaldia emango du, Ali Sadpara kidearekin batera. Bihar izango da hori. Eta, lemoarraren bizipenez gain, bestelako solasaldiak ere izango dira Bilbon datozen egunetan. Julio Villar alpinista eta idazle donostiarrak, adibidez, Viaje a pie liburuaren aurkezpena egingo du bihar.

Saria, mendizaletasunari

Bina Shah idazle pakistandarrak herrialde musulmanetako emakumeen ahalduntzeari buruzko saioa eskainiko du. Mahai inguruaren ondoren A Girl in The River: The Price of Forgiveness filma izango da ikusgai. Laburmetrai onenaren 2016ko Oscar saria jaso zuen dokumental horrek. Obaid-Chinoyk beste Oscar sari bat ere badu, 2012an Saving Face lanagatik jasotakoa.

Mendizaletasunaren balioen defentsa eta transmisioa saritzen duen WOP fundazioaren saria ere banatuko dute jaialdian, hilaren 17an. Hainbat jarrera saritzea da garaikurraren helburua: besteak beste, hobetzeko gaitasuna, ahaleginak, talde lana, fideltasuna eta baikortasuna aldaketak lortzeko motor gisa; eta mendi, eskalada eta muturreko hainbat kirolekin lotutako ekintzak familiarekin uztartzen jakitea. Sr. Chris Bonington alpinista britainiarrari aitortu dizkiote ezaugarri horiek guztiak.

XX. mendeko alpinista onenen artean dago Bonington, eta, 82 urte dituen arren, aktibo jarraitzen du mendian eta eskaladan. Mundu osoko mendiak esploratzen aritutakoa da britainiarra, eta hainbat bide ireki ditu lehen aldiz; Mont Blanc, Eiger eta Patagoniako Paine Dorrean, kasurako. Saria jasotzeaz gain, My Life and Time filma aurkeztuko du jaialdian; haren ibilbidearen begirada egiten duen lana.

WOP saria banatzen duten egunean bertan esango dute antolatzaileek, jaialdian ikusitako filmen artean, sarituak zeintzuk izango diren. Eta igandean, sariak banatu aurretik, epaimahaiak aukeratutako dokumental horien guztien emanaldia egingo dute egun osoan zehar.

Jaialdiko proiekzio guztietara joateko bonoak agortuta daudela jakinarazi dute jaialdiko antolatzaileek. Hortaz, saioetara joan ahal izateko, banakako sarrerak hartu behar izango dira. Emanaldiak izango diren aretoetan edo webgunean jaso daiteke horri buruzko informazioa.