Kultura

25 urte plazak eskaintzen

25 urte plazak eskaintzen

Maddi Ibaibarriaga

Berezia izan da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. 25 urte bete ditu, eta bertsotan gazteek egin arren, egitura heldua daukala erakutsi du. Bizkaiko gazte askori lehenengo plaza eskaini die sariketak, eta hor hasi izan dira bertsolari moduan hazten. Gaur egun Bizkaian dauden puntako bertsolari guztiek kantatu dute sariketan, eta egun hura "urduritasunez" gogoratzen duten arren, irribarrea ere ateratzen zaie oroitzapenekin.

Ardatz bi dauzka bertsolari gazteen sariketak: eskualdeka eta taldeka jokatzen da. Bakoitzak bere eskualdeko taldean hartzen du parte, baina taldean egiten da bertsotan, lagunen babespean.

Sariketa sortu zenetik, eskualdeen egitura aldatuz joan da. Hasieran, bost eskualdetan banatzen zen, baina, sariketa egonkortu eta eskualde guztietan bertsolariak egon ahala, gehituz joan da kopurua. Horrela, 2016ko sariketan sartu zen zortzigarren eskualdea. Orain, Bizkai osora zabalduta dago sariketa. Hauek dira eskualdeak: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta.

Txapelketaren egitura berberari eutsi dio, ostera, 25 urtean: maila bitan jokatzen da: A mailan eta B mailan. A mailan, 18 urtera arteko hiru bertsolarik kantatzen dute, eta B mailan, ostera, 24ra arteko beste hiruk. Saioaren emaitza jakiteko, sei bertsolarien puntuazioak batzen dira. Seiko taldeetan kanporaketa fasea jokatzen dute lehenengo zortzi eskualdeek; finalaurrekoetara lau pasatzen dira; eta finalera, ostera, bi.

Taldearen babespean

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren antolaketan, Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea aritzen dira elkarlanean.

Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sustapen arduradunak sariketan kantatu izan du urte askoan, eta, orain, antolakuntza beharretan aritzen da. Vidalek azaldu duenez, sariketaren helburu nagusia bertsolari gazteek jendaurrean kantatzea da. "Adin horretan, motibatu egiten ditu plaza bat edukitzeak, eta, jendaurrean kantatzeko, entrenatu egin behar da. Sariketara heltzeko bidean, asko ikasten dute gazteek". Gazteentzat plaza gehixeago egoten dira, baina gaztetxoenentzat Eskolarteko Txapelketa eta BBK dira plazarako aukera bakarrak.

Bestalde, taldeka aritzeak ere berezi egiten duela esan du. "Taldean jokatzeak lasaitasuna eta ardura batera ematen dizkizu: ahalik ondoena egin behar da taldeak aurrera egiteko, baina ez zaude bakarrik, eta hori oso garrantzitsua da gazteentzat".

Bide batez, sariketa hau haien adineko bertsokideak ezagutzeko plaza ere badela azaldu du Vidalek: "Lagun egiten dira, eta beste motibazio bat da bertsotan jarraitzeko".

Trebatzeko plaza

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragileak azaldu du azkenengo hiru-lau urteetan bestelako aldaketa batzuk ere egon direla gazteen sariketan. "Gazteei eurei protagonismo osoa emateko bidean, gai-jartzaile taldean adin horretako gazteak sartu dira, haien kezkak eta haien grinak gaietan ere ager daitezen. Gainera, aurkezle beharretan ere, haiek aritzen dira". Bizkaiko ekosistema osoa elikatzea da helburua, txapelketetan gai-jartzaileak eta epaileak ere beharrezkoak direlako. "Horrelako sariketak oso egokiak dira gai-jartzaileak eta epaileak trebatzeko, gero txapelketan edo herrietako bestelako plazetan aritu daitezen; ezinbesteko funtzioa betetzen dute horrelako plazek", azaldu du Narbaizak.

Bestalde, sarietan ere egon da aldaketa. "Lehen, sari ekonomikoa egoten zen. Orain, dieta ematen zaie, baina, saria ekonomikoa izan beharrean, irteera bat antolatzen da. Iaz hasi ginen hori aldatzen, eta parte hartzaile guztientzako multiabentura plan bat prestatu dugu lehiatik kanpo elkarrekin egon eta ondo pasatu dezaten". Lehenengo aldiz, iaz joan ziren multiabentura egitera, eta, haiek ontzat jo ostean, aurten berriro emango dute sari hori.

Lehenengo plaza

Gaur egun punta-puntan dabiltzan bertsolariak lehiatu dira BBK sariketan. Horietako bat, Etxahun Lekue, gaur egungo Bizkaiko Txapelduna da.

Aurtengo sariketaren prentsaurrekoan, Lekuek irribarrez gogoratu zuen bere lehenengo plaza. "Urduri nengoen, baina gure taldeko nagusien babesa sentitu nuen", azaldu zuen. "Sariketan parte hartzea inportantea izan zen niretzat publiko aurrean kantatzeari beldurra kentzeko".

Bere kasuari dagokionez, Lekuek azaldu zuen Larrabetzun seikotea osatzeko nahiko bertsolaririk egon ez eta beste eskualde batzuekin kantatu izan zuela. Orain, iaztik, Larrabetzuk Uribe Butroe taldean parte hartzen du, Mungialdearekin batera. "Horrek esan gura du bertso eskola berriak sortu direla eta fruitua eman duela", dio Lekuek.

Sariketaren garrantziaz jabetzeko nahikoa da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalera begirada bat botatzea: han kantatu zuten zortzi bertsolarietatik guztiek kantatu dute BBK sariketan. Harrobia lantzeko leku ona den seinale.

Urteurren berezia

Aurtengo BBK sariketaren finala barikuan jokatu zen, Bilboko BBK aretoan. Busturialdea eta Uribe Kosta heldu dira aurten finalera, eta Busturialdeak irabazi du.

Baina aurten, ohiko finala egiteaz gain, urteurrena gogora ekartzeko ere aprobetxatu dute antolatzaileek. Horretarako, Iratxe Ibarra bertsolariak bertso sorta bat egin zuen, eta denen artean kantatu zuten finalaren ostean. Horrela amaitu zuten markinarraren bertsoa: "Sariketaren funtsa/ ez dago ezbaian/ holakoen premina/ baitago Bizkaian/ teilatuak oinarri/ ona euki daian".

1993ko lehenengo sariketa hura Lea-Artibai eskualdeak irabazi zuen, finala Durangaldearen kontra jokatu ostean.

Aurtengoa jokatu da, baina etorriko da hurrengo urtekoa ere, eta sariketak bere helburua betetzen jarraituko du: Bizkaiko bertsogintzaren oinarriak sendo irautea.

Iraganeko uneak dastatuz

Iraganeko uneak dastatuz

Alaitz Armendariz

Neskatxa batek madalena bat dastatzen du Marcel Proust idazlearen Denbora galduaren bila eleberrian, eta keinu horrek bere haurtzaroko oroitzapenak dakarzkio. Esperientzia sentsorial hori da, hain zuzen, Bilboko Euskal Museoak bere azken erakusketan proposatzen duena. Time Machine Soup proiektuan, zortzi zopa dastatuta "iraganeko une paregabeetara bidaiatzeko aukera" eskaini nahi du Gatza eta Piperra taldeak. Zopak "denbora makina" izango dira. Hala, gastronomiak euskal kulturan izan duen "garrantzia" islatu nahi du, eta zein modu "ohikoan" transmititzen diren tradizioak Euskal Herrian.

Proiektua Gatza eta Piperra taldeak abiatu zuen iaz Donostia 2016ren harira, eta Bilboko Euskal Museoan dago ikusgai orain, apirilaren 30era arte. Erakusketaren diseinatzaile Santos Bregañaren hitzetan, erakusketa emakumeei "omenaldia" egiteko ere badago pentsatua, kultur transmisioan izan duen "garrantziarengatik". Sukaldaritza tradizionala eta horren inguruko errezetak belaunaldi batetik bestera igaro dira, haren ustez, familia lotura "indartsuak" sortuz. Eta hori da Time Machine Soup erakusketak sentiarazi nahi duena.

Zortzi zopak prestatzeaz Bilboko Zazpikaleetako hainbat jatetxe arduratu dira: Portuberri Barri, Muga, K2, Arambarri, Casa Loren, Txerri Duck, Pastyrroz, Vermuteka eta La Bodeguilla. Halere, ez dute argitu zein zopa prestatuko duen bakoitzak. Erakusketa asteko egun guztietan egongo da zabalik, astearteetan izan ezik, egun horretan Euskal Museoa itxi egiten duelako. Zopak dastatzeko aukera, ordea, ostiral, larunbat eta igandeetan izango da soilik.

Zopa bakoitza dastatzearekin batera, jatorriz noizkoak diren eta bestelako xehetasunak azaltzen dituzten oharrak ere ikusgai izango dira.

ZOPA INDUSTRIALA
Tomate zopa latan

Zorroko tomate zopa da bisitariek topatuko duten lehena. "Betikoa". 1962. urtean Andy Warhol margolariak Campbell markako lata bateko diseinua egin zuen, eta horixe da, ziurrenik, egun ezagutzen den tomate zopa ezagunena. Izenak berak dioen moduan, industria zopen prestaketa ez da etxean egiten; fabrika batean egiten da normalean. Kasu honetan, Campbell markako zopa latek pop artea mugimendu artistiko garrantzitsua bilakatzen lagundu zuten.

1950eko hamarkadan, Andy Warhol orduko publizitate arloko ilustratzaile onenetarikoa zen. Artista moduan errekonozimendu handiagoa izateko hainbat erakusketa egin zituen New Yorken, baina ez zuten arrakasta handirik izan. Lagun batek egunero ikus zitekeen zerbait margotzeko aholkatu zion, "Campbell zopa lata baten moduko zerbait". Hurrengo egunean, supermerkatura joan eta aurkitu zituen Campbell zopa lata guztiak erosi zituen. 1962an, lata horiek Los Angelesen (AEB) egin zuen lehen erakusketako ardatz bihurtu ziren, eta denboraren poderioz arte garaikidearen ikur bilakatu ziren.

AMONAREN ZOPA
Eltzeko klasikoa, letrekin...

"Zure amonarena baino askoz ere hobea". Esaldi horrekin argi geratzen dira zopa horren asmoak. Oilasko, baratxuri, azenario, porru, apio, tipula eta urez egina dago, "noizbait izandako oroitzapen onak berriz ureztatzeko". Halere, ohartarazpen bat ere egiten dute erakusketan: "Erraz gerta daiteke salda atsegin hau ez izatea zuen amamaren antzekoa". Baina, hala izan arren, zopak bere egitekoa beteko du: haren zaporeak eta haren ukituak "nortasun dinamika bat" eragingo dute, jendeak gogoan duen sentimendu "atsegin" bati lotutako zoparen ezaugarriak azpimarratu baititu.

Amonaren zopa"omenaldi" bat da, beren bizitzaren zati handi bat senarrarentzat edo haurrentzat jatekoa prestatzen eman duten emakumeentzat. Emakume horiek ez zuten laudoriorik edo eskerrik jaso, ezta espero ere, bizi ziren gizarteak normaltzat hartzen baitzuen senideei otorduak prestatzea —baita ongi egitea ere—.

ZOPA ZOZOA
Aberatsen soberakinak

XIX. mendekoa da, jatorriz. Zopa zozoa deitutako zopa langileriaren ikur bilakatu zen. Aberatsek txiroentzat utzitako soberakinez egindako zopa da. Batzuentzat, bizimodu gaitzaren sinboloa zen; besteentzat, jaiotzetik jendeak dituen ahultasunen sinbolo. Orduan hasi zen herri xehearekin interesatzen ziren edo herri xehearen interesekoak ziren sorkuntzei izena ematen.

Zopa zozoa deiturikoa langile askok eta askok elikatzeko segurtasunik ez zuten garaiaren sinboloa da. Erlijio etxeek behartsuei eskaintzen zieten zopa janari bakuna izan ohi zen, baina ahal bezain ona izaten zen beti: edozein moduko karitatea egitea "bekatua" litzateke. Behartsuentzat ongi kozinatzea Jainkoari ohore egiteko bide bat zen. Baina "ahal bezain ona" zen zopa hori ez zen beti zopa bikaina, ezta gutxiago ere. Ohar bat, badaezpada: "Beharbada, zopa honek ez gaitu aseko, baina zozo-zozo utziko gaitu". Halere, pista bat ematen dute: Tolosako babarrun gorriz eginda dago.

ZOPA MAGIKOA
Belar mikatzak

"Belar mikatzak, perretxikoak eta igel hanka". Horiek dira duela hainbat mende zopa magikoa egiteko erabiltzen zituzten osagaiak. 1466. urtean hasi ziren Europan sorginkeriaren aferarekin kezkatzen, eta horrekin larrituta ibili ziren XVII. eta XVIII. mendeen artean.

Garai horretatik bi sukaldaritza heldu dira gaur egunera. Lehena "emakume sukaldaritza" deiturikoa da, akelarre gauetan egiten omen zutena eta osagai "harrigarri edo nazkagarriekin" egiten zutena. Baina bazen beste bat ere, sorgin sukaldaritza deiturikoa: sendabideak egiten zituzten horrekin. Orduko "adituen" arabera, produktu horiek aukera ematen zioten garai hartako jendeari larru bidez hartzeko landareek eskaintzen zizkieten substantzia haluzinagarriak.

OILO SALDA
Zeruetako salda

Izenak berak dio zer daraman zopa honek; beraz, osagaiei dagokienez, sekretu handirik ez dago. Erdi Aroko bigarren zatian margolari askok margotu zuten erditu berri ziren emakumeek edan ohi zuten zopa hori. Eta obra horietan adierazten da, hain zuzen, osagai nagusia hegazti bat zela.

Gainera, ongi aukeratutako espezieak erabiliz gero, ia "gaztetasun elixir bat" sor zitekeela esaten zen. Erdi Aroa aspaldi igaro zen, baina zopa mota hori oraindik ere oso osagarri ontzat hartua dago, eta erditu berri diren emakumeei eskaintzen zaie. Baina, finean, salda horrek Erdi Aroaren inguruan jendeak duen liluraren iturrietaraino joatea ahalbidetzen du.

ZESARREN ZOPA
Madari eta arrosa-ur infusioa

Antzinako Erromako garaian ez zuten bizirik irauteko jaten, plazer hutsagatik baizik. Udarez eginda dago honako Zesarren zopa hau, eta, beraz, Tibero enperadorearen jaki maiteenaz egindako zopa dastatzeko aukera izango dute erakusketara asteburuetan doazen bisitariek.

Orduko medikuen iritziz, udareak gordin jatea ez zen osasungarria, digestioa zailtzen zuelako. Egosita, berriz, janari oso osasungarria eta atsegina zen. Egosita daude zopa honetan.

SALDA BELTZA
Metal zaporea

Oso modu "librean" hartu dute zopa hori egiteko erabili duten osagai nagusia: odola. Eta ez dago zertan asaldatu: odolez egindako hainbat jaki jaten ditu jendeak gaur egun; txorizoa eta odolkia, adibidez. Duela mende batzuk ere hala zen: zopetan hainbat abereren odola erabiltzeak erakusten du garai hartako gizartearentzako ere ez zela tabu bat. Hori bai: ezein gizartek ez du abere horien hilketa ekintza "hutsaltzat" hartu: gizarte bakoitzak modu batean antolatu du historian. Dena dela, ez dago zertan izutu: zoparen izen arraroa gorabehera, odolki zaporea besterik ez du.

JATORRIZKO ZOPA
Itsasoko uraren zopa

Time Machine Soup esperientzia gizateriaren abentura abiatu zen garaira heldu da. 4.000 milioi urte atzera eramaten du zopa honek bisitaria: itsaso sakonaren hondoraino, bizitza sortu zen tokira.

Zaila da historiaurrean zopak nola egiten zituzten irudikatzea, buztingintza eta metalgintza oraindik ezezagunak zirelako, baina ikerlariak ziur daude historian erabili dituzten teknikak aurretik ere erabili dituztela. Edonola ere, itsasoko animalien zaporea dauka bidaia gastronomiko honetako azken zopak, alegia, arrain zaporea.

Animazioko lan berritzaileen agertoki

Animazioko lan berritzaileen agertoki

Natalia Salazar Orbe

Animazioa umeentzako marrazki bizidunez harago doan mundu zabal bat da. Beste generoek baino leku eta oihartzun txikiagoa izan ohi badu ere, lan asko egiten da eremu horretan. Lan hori guztia ikusgarri egiten ari da egunotan Animakom animazio komunitatearen Bilboko lehenengo jaialdia. Genero horri buruzko lehenengo jaialdi tematikoa da. Asteazkenean zabaldu zituen ateak eta, igandera bitartean, film laburren alorrean iaz egindako tokiko eta nazioarteko lanik onenetakoen lagin zabal bat erakutsiko du.

Ia 120 film labur ikusteko aukera emango du jaialdiaren lehenengo aldi horrek. Animakomera aurkeztu dituzten filmak, ordea, askoz gehiago izan dira; alor horretan gauzatzen diren lan ugarien adierazgarri. "Otsailaren 3an ireki genuen deialdia, eta 20an itxi. 600 lanetik gora jaso genituen". Hala azaldu du Pedro Rivero jaialdiko animazioko filmen lehiaketaren zuzendariak.

Agertoki gutxitara iristen diren arren, sortzaile askok egiten dute animazioaren aldeko hautua. Krisiaren astinduari egotzi dio era horretako lanen ikusgarritasunak behera egin izana Goya saria birritan jaso duen bilbotarrak.

Sortzaileen artean, gehienak emakumeak dira. Haien lanak dira jaialdian ikusi ahalko diren gehienak: "120 lanetatik %70 emakumeek egindakoak dira. Eta ez ditugu bilatu nahita". Izan ere, animazio eskoletan zinea egiten dutenen artean emakumeen ehunekoa "izugarri handia" da. "Hala ere, maila profesionalera igarotzean, portzentaje hori asko murrizten da. Eta, talde lanean aritzen direnean, emakumea bigarren planoan geratzen da, zokoratuta".

Animakomen helburuetako bat da animazioaren munduan beharrean ari diren emakume errealizadore, irudigile eta animatzaileen lana azpimarratzea. Hala, jaialdia martxoaren hasieran egiteko hautua nahita egindakoa da. Emakumeen Nazioarteko Egunari lotuta antolatu dute. Eta ohorezko saria ere aurreikusi dute haientzat. Urtero, animazioaren munduan emakumeek egiten duten lana aitortzeko saria emango dute. Aurten, Anna Solanas zuzendaria eta Nuria Riba diseinatzaile eta animazioko zuzendaria izan dira saridunak, I+G Stop Motion ekoiztetxeko kideak. Gaur iluntzean egingo dute sari banaketa. Biak ala biak adituak dira panpinekin egiten den animazioan. Milatik gora jaialditan hartu dute parte mundu osoan, eta ehunka sari jaso dituzte.

Haiena da Animakom jaialdia iragartzeko kartelean jaso duten filmaren irudia. Estereotipoak hausten dituzten lanak dakartzate bai haiek eta bai parte hartu duten beste emakumeek. "Zabalduta dagoen iritzia da emakumeek gauza ederrei buruzko lanak baino ez dituztela egiten. Eskemak eta aurreiritziak apurtzen dituzte lan hauek".

Bihar emango dituzte lan horietako asko. Egun horretan, denak ala denak izango dira emakumeek zuzendutakoak.

Nazioartean, maila ona

Nazioartean aurkitu ditu Riverok lanik onenak; Iranen, bereziki. Horiek ere, emakumeek eginak. "Animazioak hizkuntza komuna du, mugez harago". Euren lanekiko dedikazio handia duten pertsonak aurkitu ditu munduan zehar egin dituen bidaietan. "Izugarria da talde lanean aritzeko duten ahalmena. Proposamen bikainak egin eta lantzen dituzte, baina ez dira ikusten. Denbora asko behar duten lanak dira". Horien lagin bat izango da Bilboko jaialdian.

Antolatu dituzten bi lehiaketetan eta paraleloan ematen ari diren atalean ikusi ahalko dira lan horiek guztiak; Panorama eta Krazykom film labur ero eta alternatiboen ataletan, hain zuzen.

Euskal Herrian sortutako lan batzuk ere izango dira. Onak badira ere, "zaila da kanpokoek duten maila handiarekin lehiatzea".

Lehiaketei dagokienez ere berritzailea da Animakom. "Gurea ikasleen lehiaketa antolatzen duen lehenengo jaialdia da. Atzerrian edo kanpoan ia zine jaialdi guztietan izan dira era horretako lehiaketak, animazio eskolak dituztelako. Orain artean, hemen ez da horrelakorik izan. Gaur egun, bai, Zierbenakoa daukagu. Baina gehiago beharko genituzke". Hala, hezkuntzari dagokionez, berrindartu beharko litzatekeen arlotzat jo du. "EHUko Begoña Vicarioren kasua ere adierazgarria da [lehiaketaren epaimahaikidea ere bada]. Apurka, murriztu egin dizkiote animazio ikasgaiaren eskola orduak".

Ikasleen sailean mundu osoko 32 lan ari dira lehian. "Irandarrak izugarri gustatu zaizkit. Eta nabarmentzekoak dira Estonia, Polonia, Alemania eta Frantziakoak, besteak beste".

Bestalde, sail ofizialean lehiatuko dira profesionalen lanak. 42 dira guztira.

Nazioartean tradizio handiagoa duten animazioko jaialdiek lan ugari Bilbora eramateko aukera ahalbidetu dute. Annecyko jaialdia da horietako bat. Frantzian egiten dute, eta mundu mailako Cannes jaialditzat jo daiteke. Azken jaialdiko lanik onenen sorta eskainiko du, helduentzako eta umeentzako emankizunetan.

Bilboko bertako Zinebi jaialdiaren lankidetza ere nabaria izan da. Emakumeek egindako animazioko film laburren emanaldia eskainiko du; azken lau jaialdietan emandakoen artean aukeratutakoak dira.

Sari ugari prestatu dituzte. Grand Prix izango da ikasleentzat, eta, epaimahaiaren saria profesionalentzat. Horiez gain, euskal film laburrik onena, emakumeek zuzendutako film onena eta gidoi onena sarituko dituzte.

Berrikuntza saria ere izango da. Berrikuntzak, baina, ez du esan nahi lanek 3D teknikarekin eginda egon behar dutenik. "Krispetekin egindako lan bat ikusi berri dut. Inoiz ikusi dudan berritzaileena izan da".

Haurrak, egile

Umeentzako lekua ere gordeko du jaialdiak. Stop-Motion tailerraren bidez, animaziora hurbiltzeko bidea zabalduko diete, bide praktiko bat baliatuta. Parte hartzen duten guztien artean film labur bat grabatzea da helburua. Jardunaldia amaitzean, jaialdiaren amaierako galan emango dute. Ekoizpenaren prozesu osoa egiten irakatsiko diete.

Bilbao Berrikuntza Faktoria izango du egoitza nagusi jaialdiak. Edonor joan daiteke han emango dituzten lanak ikustera; sarrera doan da.

Aurten hasitako ibilbideak jarraipena izatea du helburu. Jaialdia martxoan egingo dute, beti. Batetik, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko; eta, bestetik, hirian egiten diren bestelako zine jaialdiekin batera uztartzeko aukera ematen duelako. Besteek eskaintzen ez duten alorra lantzen baitu honek. Izan ere, animazioko film laburren jaialdia egin ezean Bilboko eta inguruetako ikus-entzuleentzat eskuraezina litzatekeen animazio-zinemaren programazioa dakar Animakomek. Oihalak altxatu dira, eta magia hasi da.

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Izar Beltz legez kontra hustu dutela salatu dute ateneoko kideek

Natalia Salazar Orbe

Izar Beltz ateneoaren 11. urteurreneko ospakizunak prestatzeko astelehenero egiten zuten batzarraren ostean iritsi zen ezustekoa. Asteartean, goizean goiz, Ertzaintzak hustu egin zuen Bilboko Irala auzoan zegoen "gune autogestionatu, libertario, antiespezista eta antierrepresiboa". Kautelaz hartutako neurri hori legez kanpokotzat jo dute hango kideek. "Legez ezin dute gauzatu era horretako esku hartzerik. 11 urte egin ditugu han, eta isilbidezko akordio bat geneukan jabearekin". Azken bi urteetan, elkarren arteko giroa gaiztotu egin da, eta ez ziren horren ondo moldatzen. "Beraz, normalena prozesu zibil batean sartzea zen". Horrelakorik ez da gertatu, ordea, eta hustu egin dute. "Legez ezin dute gauzatu neurri hori era horretako prozesu batean".

Egoera horri aurre egiteko, hustearen aurkako salaketa jarri dute Izar Beltzekoek. Aurreikusi dute epaileak erabakiren bat hartuko duela bospasei egun barru. Berriz ere gunean sartzeko baimena emango dieten itxaropena dute. Hori gertatuz gero, prozesu zibila abiatzea da euren asmoa.

Hamaika urtez atzera eginda, inor gutxik esango luke erabat utzita zegoen gune hura gaur egun Bilbon erreferente bilakatuko zenik. Urteetan gune horrek hartu duen oihartzun hori jo dute, hain justu, hustearen arrazoitzat. "Era horretako jarduerak erabaki politikoen eraginak izaten dira. Duela zenbait hilabete, Etxarri hustu zuten. Orain guri egokitu zaigu. Gure auzoan irauten duen era honetako gune bakarra Oihuka da. Noiz arte? Ez dakigu. Gaztetxeak eta gurea bezalako guneak esparru politikoak dira. Agintariek ez dute nahi euren hirian era horretako espazio autogestionaturik".

Epailearen erabakia iritsi bitartean, erantzun soziala eman dute kalean. Elkarretaratzera eta manifestaziora deitu zuten asteartean bertan. "Jende eta kolektibo asko etorri ziren. Ia 600 lagun elkartu ginen. Babes handia erakutsi digute. Hori oso garrantzitsua da: erakutsi digu gauzak ondo egin ditugula. Astearte buruzuri bat zen, euria ari zuen, eta, hala ere, ia 600 lagun azaldu ziren babesa ematera. Ederra da oso, eta adierazgarria".

Salaketa ugari

Iruñetik, Durangotik, Gasteiztik... hainbat herritatik gerturatu ziren ateneoaren hustearen aurkako salaketa egitera. "Eta esparru zabal baten babesa ere izan dugu". Besteak beste, Udalberrik eta Ezker Anitzak salatu egin dute neurria. Lehenengoek gogora ekarri dutenez, "tradizioz langileen mugimenduarekin lotutako kultur guneak diren ateneoak ideien hedapen fokuak izan dira. Eta Iralakoa printzipio eta balio batzuk ardatz hartuta azken hamarkadan hainbat jarduera — kulturalak, bereziki — gauzatu dituzten pertsonen topagune izan da. Leku plurala zen; ideologia, estrategia eta ikuspuntu askotarikoei ematen zien lekua". Antzeko iritzia azaldu du Ezker Anitzak. Ateneoaren eta okupatutako bestelako gizarte guneen helburua da "gure auzoei bizitza ematea eta auzokideen mugimendua sortzea eta antolatzea".

Ospetsua zen Izar Beltz, oso. Hango jantoki beganora jende ugari biltzen zen larunbatero. Hala gogoratu dute hango kideek: "Euro baten truke platerkada bat jan zenezakeen. Beti jendez gainezka zegoen". Igandeetan zine emanaldiak egiten zituzten. Gimnasioa, bi entsegu gela zein lanak egiteko erreminten mailegua; denetarik eskaintzen zuen. Baita kontzertuak eta antzerkia ere. Betiere, drogarik gabe. "Gurean ez zegoen alkoholik edo tabakorik, gure irizpide politikoan era horretako konturik ez delako sartzen". Ikusteko dago proiektuari aurrera egiten utziko dioten.

Elkartasuna elkartasunari

Elkartasuna elkartasunari

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Mundu oso bat kabitzen da 100 metro koadroan, baldin eta sartzen dena mundu berri bat eratzearen aldekoa bada. Norbanako eta herri eragileentzako espazioa gordetzen du Bilboko Zazpikaleetako Zirika herri guneak. Aretoa erabili nah...

Euskal sorkuntza suspertzeko sendagaia

Euskal sorkuntza suspertzeko sendagaia

Natalia Salazar Orbe

Hasi da euskara eta sorkuntza saretzen dituen film laburren zirkuitua. Martxan da euskal sortzaileak eta ikus-entzuleak harremanetan jartzen dituen proiektua. Laburbirak hasi du Euskal Herrian eta hemendik kanpo euskarazko film laburrak ezagutarazteko bidea. Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, 32 herritan ikusi ahalko dira euskaraz sortutako zortzi film labur. Tartean, Valentzia, New York, Paris eta Londres. Bihar, Sondikan izango dira.

Zortzi film labur eramango dituzte txokorik txoko. Gai, iraupen eta trataera ezberdinekoak. Leire Lardizabal Laburbiraren arduradunak eman ditu azalpenak: "Denetarik dago: dokumentala, animazioa, iragarkiak, fikzioa, kontakizunak, salaketak... Edozeinek gustura ikusteko emanaldia da. Batetik bestera guztiz aldatzen da istorioa, saioak irauten duen ordu eta laurdenean".

Azken saskia dakar Oier Fuentesek. "Nafarroako azken saskigilea elkarrizketatu du. Kontsumo gizarte honen eraginez artisauen mundua desagertu dela salatzen du lanak". Salaketa hori Jesus Mari Sein igantziarraren bidez egiten du dokumentalean.

Aldarrikapena umorearekin uztartzen du Elemakarrak lanak. Euskararen erabileraren aldeko aldarrikapen zuzen eta argia egin du Ibon Izak. "Makarra samarra da. Neskatila batzuek euskararekiko duten jarrera kontatzen du, umorea baliatuta". Azken zatira arte mutua da.

Bi lan mutu dituzte aurten. Jalgi da bestea, Donibane Lohizuneko Eki Pagoagak zuzendua. "Iparraldeko estiloa nabari zaio lanari. Dantzen bidez, herri zapaldu batean bizi den neska baten istorioa kontatzen du. Dantzak bizitza ematen dio".

Hileta eta Ihesa lanak dira luzeenak. Kepa Sojo eta Alejandro Diaz Castaño dituzte zuzendari, hurrenez hurren. Lehenengoa 1925ean kokatuta dago. Etxeko emakume gaztea hil egin da, eta beilatokian daude denak. Semeetako batek teologia ikasi du, eta mendian dabil, galduta. "Beilatokira itzultzen da, eta aurreratu ezin dezakedan misterio bat gertatzen da. Eszenografia aldetik oso ondo eginda dago. Jantziak ere ondo landu dituzte". Fikziozko lan horretan hainbat aktore ezagun aritu dira. Besteak beste, Itziar Atienza, Kandido Uranga eta Jose Ramon Soroiz.

Ihesa "lan esperimental gisa" definitu du Lardizabalek. Goiko solairutik datorren itogin batek bultzatuta, bizilagunengana doa protagonista. "Hiru neska gazte aurkitzen ditu. Edari bat ematen dio haietako batek, eta, hortik aurrera, irudimena askatzen da".

Iragarkiek ere tarte bat hartuko dute emanaldian. Euspot lehiaketara bost urtetan aurkeztu direnen artean onenak jarriko dituzte ikusgai.

Lan kolektiboen artean, Beti bezperako koplak lanak indarkeria matxistaren aurkako salaketa egingo du. Bego Vicariok koordinatuta, hogei artista gaztek egindako lanak uztartzen ditu.

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari diren gazte batzuena da azken lana: 280º izenekoa. Lekeitioko Zine Bileran saritu zuten. Sukaldari profesional izan nahi duen gazte bat du protagonista.

Bizkaiko zazpi herritan

Zazpi geldiune egingo ditu birak Bizkaian: Sondika, Ermua, Basauri, Sestao, Areatza, Igorre eta Etxebarri bisitatuko ditu. Herriotako euskara elkarteei esker eskainiko du Topaguneak aukera hori. Argi du federazioko arduradunak: "Erreferentzia gu bihurtu bagara ere, garrantzitsua da azpimarratzea Laburbirak 14. urtea bete badu eta aurtengo edizioan 32 emanaldi egingo baditu herrietako elkarteetatik jasotzen duen erantzunari esker egingo dituela. Alegia, jendea ez balego prest euren herrietan antolatzaile lanetan aritzeko, ez litzateke egingo. Guk filmen aukeraketa egiten dugu, kartelak prestatzen ditugu, kudeaketa lanak egin... Baina Laburbira herri bakoitzera doanean emanaldia eurek proiektatzen dute. Eurek hartu behar dituzte aretoak, eurek iragartzen dute herrian; publikoari eurek egin behar diote harrera... Azken batean, eurek egiten dituzte antolatzaile lanak". Osatu den sare horrek duen garrantzi handia ekarri du gogora. "Elkarteok ez balute eskatuko Laburbira euren herrietara eramatea nahi dutela, ez litzateke egingo".

Sona handia lortu du proiektuak. Horren adierazle, New Yorken, Londresen, Parisen eta Valentzian ere emanaldiak egingo dituzte. "Euskal Etxeetatik kudeatzen dute. Inguru horietan dabilen jendeak bultzatu du. Hala ere, bada euskaraz jakin ez arren gerturatzen denik ere. Euskal kulturarekiko interesa dutenak mugiarazten ditu". Filmak euskaraz ematen dituzte lekuotan, baina azpidatziekin.

"Harrigarria da. Baina aurretik Shanghain ere izan da. Parisen badaramatza jada urte batzuk. New Yorkera iristen den lehen aldia da. Valentziatik ere urtero eskatzen digute". Uruguaitik ere eskaera egin zieten. "Baina, azkenean, ezinezkoa izan da antolatzea".

Topaguneak "beharrezkotzat" jo zuen hasiera-hasieratik euskarazko sortzaileak eta euren lanak ezagutarazteko proiektu hori martxan jartzea. "Gurea hizkuntza gutxitua izanik, arlo guztietan gertatzen den bezala, zabalkunderako zailtasunak daude. Ikus-entzunezkoen barruan, film luzeek bide errazagoa izan dezakete. Baina film laburren mundua ez dago profesionalizatuta, eta zailago dute".

Sustapen lana egiten du federazioak. "Bultzatzen duguna da euskaraz bizitzea zentzu guztietan. Eta hau gure kulturari bultzada emateko modua da". Izan ere, ikus-entzunezkoek gero eta indar handiagoa daukate, gero eta gehiago sortzen eta kontsumitzen dira. "Ikusi besterik ez dago sare sozialetan eta Interneten zer-nolako mugimendua dagoen".

Gabezia horretaz jabetuta, Laburbiraz gain, beste hiru proiektu dauzka martxan Topaguneak: Benito Ansola sariak, Kameretoia eta Irudienea. "Ikus-entzunezkoetan hasi gura duen jende gazteari bide bat zabaltzea da helburua". Benito Ansola lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea apirilean zabalduko dute.

Duela hamalau urte Laburbirak bidea hasi zuenetik gauza asko aldatu dira: Film Laburren Zirkuitu gisa hasita, seigarren edizioan bataiatu zuten Laburbira legez. Filmen formatua izan zen, hala ere, aldaketarik garrantzitsuena. Manuel Moreno Topaguneko kidea izan zen hastapen haietan: "Hasieran, 35 milimetroko formatu profesionalean egiten zenez, normalean filmen kopia bakarrarekin egin behar izaten zen zirkuitu osoa. Horrek, besteak beste, egun berean bi herritan edo gehiagotan emanaldia antolatzeko aukera mugatzen zuen".

Formatu aldaketak egileentzako kostuen merkatzea ekarri du. "Bide horretatik, produkzioa demokratizatu egin dela esan daiteke. Ondorioz, askoz gehiago da gaur egun euskaraz egiten dena. Eta, asko hobetu badaiteke ere, euskarazko zinemagintzak orduan ez zeukan errekonozimendua, zirkuitua, ikus-entzuleria eta ibilbidea dauzka gaur egun".

Hamaika ekitaldi, hogei urte ospatzeko

Hamaika ekitaldi, hogei urte ospatzeko

Alaitz Armendariz

Dagoeneko hogei urte igaro dira 1997an Bilboko Guggenheim museoa ireki zutenetik, eta hori ospatzeko bat egin dute museoak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k. Hiru erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, 2017ko urrira bitarte hainbat ekitaldi eta jarduera antolatzeko. Aldundiak eta BBK-k ekarpen ekonomikoa egingo dute horretarako: lehenengoak 200.000 euro bideratuko ditu Guggenheim museora, eta bigarrenak 100.000 euroko ekarpena egingo du. Lurraldeari Irekitzea, Toparte eta Eginberri izango dira 2017an egingo diren egitasmoak.

Lurraldeari Irekitzea ekintzaren bidez, Bilboko museoko erakusketak Bizkaiko gainerako herrietako biztanleengana heltzea lortu nahi dute. Horretarako, Guggenheim museora joateko garraioa eta sarrerak doan eskainiko dizkiete herritarrei. Horrez gain, artea eta zientzia jorratuko dituen ekitaldi aitzindari eta parte hartzaile bat ere egingo dute, eta musika eta museoaren arkitektura bateratuko ditu, zientzia eta teknologia baliatuta. Museoaren 20. urteurrena ospatzeko berariaz diseinatutako ikuskizun bat ere eskainiko dute. Bi emanaldi horietarako datak zehazteke daude oraindik.

Beste alde batetik, Toparte programa Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kultura eragile eta erakundeentzako lankidetza proiektu bat izango da. Horren bitartez, Guggenheim museoak zenbait gune doan erabiltzeko aukera emango du kanpoko jarduerak antolatzeko. Hiru izango dira Toparteren xedeak: inguruko kultura eragileak bateratzea, garatzen diren proposamenen aberastasuna transmititzea eta ikusleei askotariko programa bat eskaintzea. Programa horrek hainbat diziplina bilduko ditu: musika, zinema, bideoa, dantza, antzerkia, gastronomia...

Besteak beste, Toparteri esker, Guggenheim museoak Berlingo Orkestra Filarmonikoaren bost kontzertu emango ditu, zuzenean, ekainera arte. Museoko auditoriumean egingo dira kontzertuak; lehenengoa martxoaren 11n izango da, Elgar eta Txaikovskiren obrekin, eta gainerakoak martxoaren 23an, apirilaren 29an, maiatzaren 6an eta ekainaren 17an izango dira. Apirilaren 8an, berriz, Bilboko Orkestra Sinfonikoak Dvoraken kontzertua joko du museoko atarian. Doako ekintza izango da, baina joan nahi duten guztiek aurretiaz eskuratu beharko dute sarrera.

Hemengo sortzaileen lanak

Horrez gain, Toparteri esker, martxoaren 25ean Musikeneko ikasleek osatutako Sinfoniettak Pierre Boulez, Felix Ibarrondo, Arnold Schoenberg, Igor Stravinski eta beste zenbait konpositoreren obrak interpretatuko ditu, Arturo Tamayoren gidaritzapean. Auditoriumean izango da kontzertua, eta sarrerak lau euro balioko du.

Euskal kulturgintza sustatzen duen Loraldia jaialdiaren bi emanaldi ere Guggenheim museoan izango dira, Toparteri esker. Musikak, dantzak, bertsogintzak eta literaturak bat egingo dute bertan. Lehen emanaldia martxoaren 12an izango da: Dantzaz konpainiak Txoriak dantza emanaldia egingo du, 12:30ean. Sarrera doakoa izango da museorako sarrera erosiz gero. Apirilaren 2an, berriz, Geroa izeneko emanaldian izango dira zenbait idazle, bertsolari eta musikari ezagun. Hamar euro balioko du sarrerak.

Eginberri programa, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako artista eta sortzaile gazteentzako deialdi ireki batean oinarritu da. Parte hartzaileek arte plastikoetako edozein diziplina jorratzeko aukera izan dute euren proposamenetan, eta epaimahai batek hautatu dituen piezak apirilaren 10etik martxoaren 7ra izango dira ikusgai Guggenheim museoan. Xare Alvarez, Maria Benito, Patrik Grijalvo, Izaro Ieregi, Zaloa Ipiña eta Carlos Martinez artista gazteak izan dira aukeratutako sortzaileak.

Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Esfortzuaren saria ezagutaraziz

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren erdi-erdian paraturik. Alde guztietara begiratu, eta uraren eta zeruaren urdintasuna besterik ez da ageri. Eta, ozeano zabal horren erdigunean, itsasontzi bat. Ingurumenaren edertasuna eta bortizkeria, aurrez aurre. Gizakiaren esfortzua, hobetzeko nahia eta talde lana erreminta bakartzat hartuta, aurrera doaz ontzia eta tripulazioa. Balio horiek agerian geratuko dira, beste urtebetez, Bilbon egiten ari diren Sail In Festival jaialdian. Atzo abiatu zen, eta, domekara bitartean, hainbat film, hizketaldi, erakusketa eta eskola magistral izango dira, besteak beste, hiriburuko hainbat gunetan.

Era horretako IV. jaialdia da aurtengoa. Gai jakin bat ez duela azaldu du haren zuzendari Urtzi Sagarribaik. "Denetarik dago: ez dago bideratuta gai bakar batera. Lehiaketa eta estropada asko ikusi ahalko ditugu". Nahita izan ez bada ere, aldarrikapenerako jaialdia prestatu dute.

Emakumeek ohi baino askoz leku handiagoa hartu dute Sail In Festival jaialdian; itsasoan nora-ezean ari diren errefuxiatuen egoera gordinaz mintzatuko dira, eta aztergai izango dituzte plastikoek itsasoetan sortzen dituzten arazo eta kalteak. "Interesgarri deritzogu era horretako gaiei heltzeari, bela bidezko nabigazioa beste era batera ikus dadin. Gure jarduera aberaskumeekin lotu ohi da. Honek lagun dezake ikusarazten beste ikuspuntu bat duela".

Hiriko hainbat gunek hartuko dituzte dagoeneko Bilbon finkatuta dagoen ekitaldiko jarduerak. BBK aretoak Sail In Films filmen emanaldiak hartuko ditu. Abentura, lehiaketa eta hezkuntza ardatz dituzten filmak, film laburrak eta dokumentalak ikusi ahalko dira han. Aurten hainbat estreinaldi izango dituzte, gainera.

Protagonistekin hizketan

Filmotako protagonistetako asko aretora bertara joango dira. Ikus-entzuleek euren ahotik entzun ahalko dituzte haiek bizitako esperientziak. Sail In Talks atala prestatu dute horretarako. Halako proiektuak zelan prestatu eta garatzen diren bertatik bertara jakiteko aukera paregabea.

Alor horretan, berritasunak izango dituzte aurten. Haurrentzako jarduera hezitzaile bat antolatu dute. Lau ikastetxetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat propio prestatutako saio berezi batean, belaren jarduerak eskaintzen dituen balioak ezagutaraziko dizkiete, eta elkarrekin landuko dituzte.

Elkartasun balioak dira, bereziki, txikienekin landuko dituztenak. Barcelona World Race lehiaketan ari diren Ana Corvella eta Gerard Martin nabigatzaileek Vicente Ferrerren fundazioko neskatxa batzuk ezagutu zituzten munduari bira ematen ari zirela. Entzumen arazoak zituzten neskok. Lasterketa bukatu zutenean, fundaziora jo zuten, eta audifonoak eraman zizkieten. Nabigatzaileak eurak presente izango dira Bilbon. "Kontatuko dute zer nolako harremana egin zuten haiekin Indian, eta nola lasterketa bukatzean lortu zuten diruarekin hara itzuli ziren talde hari laguntzera".

Emakumeen esperientzia

Gaurko beste saio batean, itsasontziz munduari bira eman dioten emakumeen lekukotasunak hartuko dituzte. Zehatzago, Tracy Edwards ingelesak bere esperientzia kontatuko du. 1990ean egin zuen Whitbread Round the World Yacht Race. 27 urte zituela, ontzian beste 11 nabigatzaile hartu —denak ziren emakumeak—, eta 32.000 miliako bidaian barrena murgildu ziren. Burmuina muskuluak baino garrantzitsuagoa dela sinetsita dago Edwards bera. Maiden itsasontziarekin historia egin zuten emakumeok. Lasterketako etapetako bi irabazi zituzten, eta bere klasekoen artean bigarren sailkatu ziren.

Era horretako probetan emakumeen presentzia areagotzeko lanean ari dira hainbat lasterketaren antolatzaileak. "Nabigatzaile gisa oso onak direla ikusten da; baina zailtasun gehiago aurkitzen dute mundu horretara iristeko. Esperientzia handia behar da halako probak egiteko. Aukerarik ez baduzu hor egoteko, ez daukazu esperientziarik. Beraz, espiral bat da: esperientziarik ez duzunez, ez zatoz, eta, ez zatozenez, ezin duzu esperientziarik hartu".

Gaurkotasun handia duten krisi humanitarioak ere ez dituzte utzi gura izan alde batera. Mediterraneoan noraezean dauden errefuxiatuei leku egingo diete igandean. Itsasoaren eta nabigazioaren zale gisa, jaialdia ezin zen geratu arazo horren aurrean ezer egin gabe. "Gu itsasoan ari gara, bai. Baina han jendea itotzen ari da". Egoera horren aurrean, pertsona horiei laguntzen ari diren gonbidatu batzuk izango dituzte. Guillermo Cañardo mediku eta nabigatzailea eta Oscar Camps Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaria ariko dira han. Saio horretan ateratzen duten dirua GKE horri emango diote.

Bestalde, plastikoaren erabilerak itsasoan dituen ondorioak azalaraziko ditu Across the Salty Peaks filmak. "Plastikozko oso partikula txikiak dira, baina itsasoa horiez beteta dago. Hori zabaldu behar dugu jendeak ikusteko plastikoa gero eta gutxiago erabili behar dela. Ibaien bidez itsasora joaten dira, eta hori oso arazo larria da".

Argazki ikusgarriekin osatuko dute jaialdia: Sail In Photos sailarekin, hain zuzen. Hiriko hainbat gune erakusketon agerleku bilakatu dira.

Omenaldia aitzindari bati

Mike Birch izango da aurten Sail In Film jaialdiko protagonista nagusia. Hari egingo diote omenaldia. Lehenengo Ronaren Itsasbidearen irabazlea izan zen, 1978an. Bela nabigazioaren legendatzat dute. Horrez gain, aitzindaria izan zen gaur egun ontzi horiekin egiten diren lehiaketa guztietan erabiltzen diren krosko anitzeko belaontziak erabiltzen. "1970eko hamarkadan iraultza hasi zuen krosko anitzeko ontziekin. Garai hartan konturatu zen belaren munduan askoz azkarrago ibiltzeko aukera emango zutela. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu hari omenaldia egitea. Eta espresuki etorriko da Kanadatik Bilbora".

Sail In Festival belan interesa duen jendearentzat egina dago. "Baina ez horientzat bakarrik: abenturazko istorioak gustatzen zaizkienei eta naturan ibiltzea gustuko dutenei zabaldu nahi dizkiegu gure emanaldiak. Istorioak kontatzen saiatzen gara. Asmoa ez da estropada bat zelakoa den kontatzea. Horren atzean nolako istorioa dagoen erakusten dugu gurean". Dena itsasoaren eskutik, eta hura babestuz.

Ezberdintasunean hezi

Ezberdintasunean hezi

Natalia Salazar Orbe

Patakon piratari kostatu egiten zaio bizikletan ibiltzea. Hanka bakarra du, bestea zurezkoa baitu. Eta ez da erraza era horretan pedalei eragitea. Anerekin bidegorrian doala, Olaiarekin eta haren aitarekin egiten dute topo. Olaiari ere besteei baino gehiago kostatzen zaio gauza asko ikasi eta barneratzea. Down sindromea du. Baina badaki garrantzitsuena saiatzea dela, eta gainerakoek ulerkor jokatu beharko luketela. Ane damu da, behar baino pazientzia gutxiago izan duelako Patakonekin.

Pertsona desberdinek munduari ematen dioten aberastasuna irudikatzen du BBK-k eta Bizipoza elkarteak abiatu duten proiektu berriak. Down sindromedunek, ijitoek zein minbizia duten umeek bizitzak zein gizarteak berak ezarritako zailtasunengatik bizi duten egunerokoa islatzen duten bost film labur argitaratu dituzte elkarlanean. Baita horiekin lotutako hiru joko ere.

Ixone Zubieta BBK-ko teknikariak azaldu ditu helburu nagusiak: "Ume eta pertsona horiekin lan egiten duten elkarte eta erakundeei lagundu nahi diegu. Euren lana zein den zabaltzea dugu helburu". Bost elkartek parte hartu dute proiektuan: Bizkaiko Aspanovas —minbizia duten umeen gurasoen elkartea—; Gure Señeak —gaixotasun arraroak edota adimen urritasunen bat duten neska-mutilen familiei laguntzeko elkartea—; Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa; Kale Dor Kayiko ijitoen elkartea; eta Gizakien Lurra —politika, arraza, erlijio eta sexu bereizkeriarik gabeko eskubideen aldeko elkartea—.

Herritar ororentzat eskuragarri jarriko dute materiala elkarteotako webguneetan eta Bizipoza.eus eta Bbk.eus-en. Horrez gain, Bizkaiko 280 ikastetxetara ere bidali dute. Ikasgeletan teknologia berrietara egokitutako hezkuntza tresna legez erabiltzea da asmoa.

Hala, finean, ipuina baliatuko dute balioetan hezteko eta premia bereziak dituzten neska-mutikoek gainditu beharreko erronkak ezagutarazteko. Filmak Irria aldizkarian euskaraz argitaratutako haur ipuinetan daude oinarrituta. Irrien Lagunak Klubaren aldizkaria da hori.

Marimotots da beste protagonistetako bat. Ospitalean dago, minbiziarekin. Eta Aspanovas elkarteak osasun etxeetan irria zabaltzeko egiten duen lanari aitortza egiteaz gain, hezur muina ematearen garrantziaz ere ohartarazi nahi du filmak. Ospitaletik ezin aterata dago Marimo, baina zoriontasun leiho bat zabalduko dioten elementuak beharrezko ditu bertan. Horrez gain, Anek Patakon aurkitu du pasaguneetan. Hezur muina eman gura du. Horretarako, nahikoa du odola ematearekin. Zain geratuko da bere hezur muinarekin bateragarria den gaixoren bat agertu arte. Urteak ere pasa daitezke inork berea behar izan arte. Agian inoiz ezin izango du eman; ez, behintzat, berearekin bateragarria denik ez bada azaltzen.

Beste egun batean Israelen etxera joango da Ane, etxeko lanak egitera. Familiako hainbat kide daude bertan. Denak ez dira bizi han, baina sarri elkartzen dira. Israelen ama pozik dago, eskolaren garrantziaz jabetuta. Baita aitona ere. "Nik ez nuen izan ikasteko aukerarik, baina gure ondorengoek jende ikasia izan behar dute", dio.

Zerua teilatu eta zelaia zoru duen ijitoen banderak liluratuta utzi du Ane. "Nik ezer gutxi dakit zuei buruz", aitortzen dio Israeli: "Soilik jende gehienak mesfidantzaz begiratzen dituela ijitoak". Eta hark erantzun: "Hori da ez gaituztelako ezagutzen".

Tabuak eta aurreiritziak

Bideoak eta jokoak baliabide erabilgarritzat jo dituzte, umeek alde batera utz ditzaten sortzen diren hainbat tabu eta aurreiritzi. Horrez gain, txikienen artean elkartasun, maitasun eta begirune balioak zabaltzeko ere baliagarriak dira.

Irria aldizkariak komikien bidez ematen zituen mezuak erakargarriago egiteko ideiarekin sortu zen proiektua. "Mezua askoz ere hurbilagoa da marrazki bizidunen formatuan". Emaitza bistakoa da: "Elkarteek eta pertsonek zer-nolako beharrizanak dituzten kontatzen da era erraz-erraz batean. Bitartekari darabiltzate, gainera, umeentzat ezagunak diren pertsonaiak. Horrek are gehiago laguntzen du umeen artean mezua zabaltzen".

Joko errazak

5 eta 8 urte arteko umeentzat dira filmak zein jokoak. Azken horiek "errazak" dira; hiru motatakoak. Haietako batean, ipuinetako irudiak baliatuta, kronologikoki antolatu behar dituzte umeek horiek. Beste batean, irudi bat eta silueta beltzak ematen zaizkie. Eta haurrek identifikatu egin behar dute zein silueta dagokion irudiari. Azkena puzzlea da.

Umeei begira antolatuta dago kanpaina. Hala ere, jakina da familiengan ere eragina izan behar duela, horietan ere izan daitezkeen aurreiritziak aldatzen laguntzeko. "Umeentzako baliabideak dira prestatu ditugunak, baina familia barruan lantzekoak ere badira. Eskolan landu baditzakete, zergatik ez etxean?". Aurkeztutako lanak onak direla sinetsita daude sustatzaileak. "Edozeinek ikusteko modukoak dira. Hala ere, hizkuntza erraz batean egin nahi izan ditugu; bereziki, umeei begira".