25 urte plazak eskaintzen

25 urte plazak eskaintzen

Maddi Ibaibarriaga

Berezia izan da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa. 25 urte bete ditu, eta bertsotan gazteek egin arren, egitura heldua daukala erakutsi du. Bizkaiko gazte askori lehenengo plaza eskaini die sariketak, eta hor hasi izan dira bertsolari moduan hazten. Gaur egun Bizkaian dauden puntako bertsolari guztiek kantatu dute sariketan, eta egun hura “urduritasunez” gogoratzen duten arren, irribarrea ere ateratzen zaie oroitzapenekin.

Ardatz bi dauzka bertsolari gazteen sariketak: eskualdeka eta taldeka jokatzen da. Bakoitzak bere eskualdeko taldean hartzen du parte, baina taldean egiten da bertsotan, lagunen babespean.

Sariketa sortu zenetik, eskualdeen egitura aldatuz joan da. Hasieran, bost eskualdetan banatzen zen, baina, sariketa egonkortu eta eskualde guztietan bertsolariak egon ahala, gehituz joan da kopurua. Horrela, 2016ko sariketan sartu zen zortzigarren eskualdea. Orain, Bizkai osora zabalduta dago sariketa. Hauek dira eskualdeak: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta.

Txapelketaren egitura berberari eutsi dio, ostera, 25 urtean: maila bitan jokatzen da: A mailan eta B mailan. A mailan, 18 urtera arteko hiru bertsolarik kantatzen dute, eta B mailan, ostera, 24ra arteko beste hiruk. Saioaren emaitza jakiteko, sei bertsolarien puntuazioak batzen dira. Seiko taldeetan kanporaketa fasea jokatzen dute lehenengo zortzi eskualdeek; finalaurrekoetara lau pasatzen dira; eta finalera, ostera, bi.

Taldearen babespean

Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren antolaketan, Bizkaiko Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Elkartea aritzen dira elkarlanean.

Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sustapen arduradunak sariketan kantatu izan du urte askoan, eta, orain, antolakuntza beharretan aritzen da. Vidalek azaldu duenez, sariketaren helburu nagusia bertsolari gazteek jendaurrean kantatzea da. “Adin horretan, motibatu egiten ditu plaza bat edukitzeak, eta, jendaurrean kantatzeko, entrenatu egin behar da. Sariketara heltzeko bidean, asko ikasten dute gazteek”. Gazteentzat plaza gehixeago egoten dira, baina gaztetxoenentzat Eskolarteko Txapelketa eta BBK dira plazarako aukera bakarrak.

Bestalde, taldeka aritzeak ere berezi egiten duela esan du. “Taldean jokatzeak lasaitasuna eta ardura batera ematen dizkizu: ahalik ondoena egin behar da taldeak aurrera egiteko, baina ez zaude bakarrik, eta hori oso garrantzitsua da gazteentzat”.

Bide batez, sariketa hau haien adineko bertsokideak ezagutzeko plaza ere badela azaldu du Vidalek: “Lagun egiten dira, eta beste motibazio bat da bertsotan jarraitzeko”.

Trebatzeko plaza

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragileak azaldu du azkenengo hiru-lau urteetan bestelako aldaketa batzuk ere egon direla gazteen sariketan. “Gazteei eurei protagonismo osoa emateko bidean, gai-jartzaile taldean adin horretako gazteak sartu dira, haien kezkak eta haien grinak gaietan ere ager daitezen. Gainera, aurkezle beharretan ere, haiek aritzen dira”. Bizkaiko ekosistema osoa elikatzea da helburua, txapelketetan gai-jartzaileak eta epaileak ere beharrezkoak direlako. “Horrelako sariketak oso egokiak dira gai-jartzaileak eta epaileak trebatzeko, gero txapelketan edo herrietako bestelako plazetan aritu daitezen; ezinbesteko funtzioa betetzen dute horrelako plazek”, azaldu du Narbaizak.

Bestalde, sarietan ere egon da aldaketa. “Lehen, sari ekonomikoa egoten zen. Orain, dieta ematen zaie, baina, saria ekonomikoa izan beharrean, irteera bat antolatzen da. Iaz hasi ginen hori aldatzen, eta parte hartzaile guztientzako multiabentura plan bat prestatu dugu lehiatik kanpo elkarrekin egon eta ondo pasatu dezaten”. Lehenengo aldiz, iaz joan ziren multiabentura egitera, eta, haiek ontzat jo ostean, aurten berriro emango dute sari hori.

Lehenengo plaza

Gaur egun punta-puntan dabiltzan bertsolariak lehiatu dira BBK sariketan. Horietako bat, Etxahun Lekue, gaur egungo Bizkaiko Txapelduna da.

Aurtengo sariketaren prentsaurrekoan, Lekuek irribarrez gogoratu zuen bere lehenengo plaza. “Urduri nengoen, baina gure taldeko nagusien babesa sentitu nuen”, azaldu zuen. “Sariketan parte hartzea inportantea izan zen niretzat publiko aurrean kantatzeari beldurra kentzeko”.

Bere kasuari dagokionez, Lekuek azaldu zuen Larrabetzun seikotea osatzeko nahiko bertsolaririk egon ez eta beste eskualde batzuekin kantatu izan zuela. Orain, iaztik, Larrabetzuk Uribe Butroe taldean parte hartzen du, Mungialdearekin batera. “Horrek esan gura du bertso eskola berriak sortu direla eta fruitua eman duela”, dio Lekuek.

Sariketaren garrantziaz jabetzeko nahikoa da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalera begirada bat botatzea: han kantatu zuten zortzi bertsolarietatik guztiek kantatu dute BBK sariketan. Harrobia lantzeko leku ona den seinale.

Urteurren berezia

Aurtengo BBK sariketaren finala barikuan jokatu zen, Bilboko BBK aretoan. Busturialdea eta Uribe Kosta heldu dira aurten finalera, eta Busturialdeak irabazi du.

Baina aurten, ohiko finala egiteaz gain, urteurrena gogora ekartzeko ere aprobetxatu dute antolatzaileek. Horretarako, Iratxe Ibarra bertsolariak bertso sorta bat egin zuen, eta denen artean kantatu zuten finalaren ostean. Horrela amaitu zuten markinarraren bertsoa: “Sariketaren funtsa/ ez dago ezbaian/ holakoen premina/ baitago Bizkaian/ teilatuak oinarri/ ona euki daian.

1993ko lehenengo sariketa hura Lea-Artibai eskualdeak irabazi zuen, finala Durangaldearen kontra jokatu ostean.

Aurtengoa jokatu da, baina etorriko da hurrengo urtekoa ere, eta sariketak bere helburua betetzen jarraituko du: Bizkaiko bertsogintzaren oinarriak sendo irautea.