Kultura

Lurraren gaineko begirada pedagogikoa

Lurraren gaineko begirada pedagogikoa

Natalia Salazar Orbe
Gailur malkartsuak, puntadunak zein zapalagoak. Tontor bakarra zein askotarikoak elkarren ondoan dantzan. Ostarte garbi baten erdian altxatzen diren gailurrak, zein hodeiek ia ikusezin egiten dituztenak. Larre zabalen gainean altxa...

Filmaketa abiatzear da

Filmaketa abiatzear da

Natalia Salazar Orbe
Arreta guztia kameratoia.eus webgunean jarrita. Aurkezpena eta egin beharreko lanaren ildo eta oinarriak noiz argitaratuko zain. 11:00ak iritsitakoan jarriko du ikusgai Topaguneak informazioa. Lanari ekiteko unea iritsiko da orduan...

Beldurra, andreen begietatik

Beldurra, andreen begietatik

Natalia Salazar Orbe

Beldurraren ondorioz dardarka, heroiren batek noiz salbatuko duen zain dagoen emakume bat; munstro baten eskuetan hauskor dirudien neska bat... Emakumea, biktima moduan; inoiz ez, edo gutxitan, bederen, ageri ohi da ahaldundutako protagonista gisa zine areto komertzialetan nagusi diren beldurrezko filmetan. Zinean islatzen diren gizarte estereotipoak baztertu eta emakumearen begirada ere barneratzearen garrantziaz jabetuta heldu dio beldurrezko filmen generoari Zinemakumeak Gara jaialdiak. Areto komertzialetan nekez aurki daitezkeen emakumeek zuzendutako filmei ikusgarritasuna emateko helburua du zikloak: Bilbon izango da, astelehenean hasi eta hurrengo asteko astelehenera arte. Film luzeak, laburrak, mahai inguruak eta zine kritikak eskaini eta egingo dituzte egun horietan guztietan.

Ana Gutierrez da jaialdiaren zuzendaria. Eta beharrezko deritze oraindik emakumeen lanei lekua egiten dieten era horretako ekitaldiei. "Emakumeek gero eta sari gehiago jasotzen dituzte jaialdietan euren filmengatik. Hala ere, zoritxarrez, film horiek guztiak ez dira iristen areto komertzialetara. Asko jaialdietan geratzen dira. Eta horiek ere garrantzitsuak dira, baina ez dira iristen publiko zabalarengana". Errealizazioaren eta zabalkundearen artean dagoen desberdintasun hori arindu nahi dute. Gutierrezek argi du: "Gizartearen erdia baino gehiago garen emakumeon begirada hori eman nahi dugu; gizonezkoen begirada soilik ikustera ohituta baikaude. Emakumeek gai oro zer-nola lantzen duten ikusi nahi dugu. Hala, era honetako jaialdiak beharrezkoak dira oraindik".

Izen handiko zinemagileak eta haien lanak ikusi ahalko dira Bilbon. Horien ondoan, hasten ari diren emakume sortzaileen film laburrek dakarten aire freskoari ere lekua egingo diote. Lau euskal zuzendariren lanak emango dituzte: Mar Gonzalez de Larramendiren Bestealdetik ikusi ahalko da asteartean; Norma Vilaren Jules D. eta Maria Zabalaren Bright Lights prestatu dituzte asteazkenerako. Eta Azahara Gomezen Extático lanari egingo diote lekua ostiralean. BBK aretoan egingo dituzte emanaldi horiek guztiak.

Amonaren barruan lehen begiratuan ikusten dena baino zerbait gehiago dagoela ikusten duen neska. Kontu handiz egurra lantzen ari den arotz baten lana etengo dute bat-batean atean entzuten diren soinuek. Emakume bakarti baten bizimodu lasaia aztoratu egingo da bere etxean pitoi kume bat aurkitzen duenean. Presentzia misteriotsu horrek bere desira ezkutukoenak piztuko ditu. Denetariko gai eta argudioak aurkituko dituzte ikus-entzuleek. Irudimena askatuta, betiere, feminismoaren ikuspegitik landuta sortutako lanak dira denak ala denak.

Zine zuzendari handien artean, Kathryn Bigelow estatubatuarra nabarmendu dute antolatzaileek. Zuzendari onenaren Oscar saria orain arte irabazi duen lehen emakumea da. Ana Asensio antzezle, zuzendari eta gidoilari madrildarrak, bestalde, Most Beautiful Island lana aurkeztuko du jaialdiaren lehen egunean. Astelehenean eskainiko duten ikuskizuna estreinaldi garrantzitsutzat jo du Gutierrezek. South By Southwest AEBetako jaialdian film onenaren saria irabazi zuen. Protagonista bera ere han izango da, filmari buruz hitz egiteko.

Simone de Beauvoir saria

Horrez gain, aurtengo Simone de Beauvoir saria Isa Campo zuzendari, gidoilari eta ekoizleari emango diote. Isaki Lacuestarekin batera zuzendutako La próxima piel filmaren emanaldia ere egingo dute saria banatzeko ekitaldiaren aurretik. Beldurrezkoa ez den jaialdiko film bakarra izango da Campo eta Lacuestarena.

Zine emanaldiez harago doan programa dakar Zinemakumeak Gara zikloak. Beldurraren generoaren gorakada horretan sakontzeko helburua ere badu-eta jaialdiak. "Emakumea beldurraren generoa zer-nola iraultzen ari den aztertzeko hitzaldiak eta konferentziak egingo ditugu. Mahai inguruak zein zine kritikariak ere izango dira. Alde teorikoari ere heldu nahi diogu. Adituak, espezialistak eta kritikariak izango ditugu. Besteak beste, Violeta Kovacsics izango dugu gure artean. Aditu horien laguntzarekin aletuko dugu zer dagoen zuzendari horien eta zine horren atzean".

Zinematografiaren teorian, historian eta dokumentazioan doktorea da Kovacsics, irakaslea Bartzelonako unibertsitatean, eta ACCEC Kataluniako zinema kritikaren eta idazketaren elkarteko presidentea. Asteartean egingo dute hitzaldi solasaldia harekin.

Emakumea eta munstroa mahai inguruan, generoari eta generoen rolei buruzko eztabaida piztuko dute, asteazkenean. Hiru hizlari ariko dira horretan: Desiree de Fez zine kritikaria, Itxaso del Castillo kazetaria eta Norma Vila Euskal Herriko Zinema Eskolako diplomaduna.

Begoña del Teso zine kritikaria izango du protagonista osteguneko saioak. Bere beldur kutunenak zeintzuk diren azalduko die bertaratzen direnei.

30 orduko lehiaketa

Adituen hausnarketa sakon horiekiko aurrez aurre, Xprest Aux film laburren VI. zinemaldia abiatuko dute hilaren 22an, igandearekin. Emakumeek zuzendutako film laburren lehiaketa da. "Emakume askok hartzen dute parte. Zine eskoletakoak eta antzeko lanetan ari direnak dira gehienak. Urtetik urtera lan gehiago aurkezten dituzte. 30 ordutan egin behar dituzte filmak. Egun polita izaten da gazteei errealizazioan aritzeko gogoa pizteko. Arrakasta handia ari da izaten".

Hurrengo egunean, astelehenean, emango diote bukaera jaialdiari. Ehundik gora lanen artean aukeratutako zortzi film laburrik onenen emanaldia egingo dute.

Beldurra, 22 urteren ostean

22 urteko ibilbidearen ostean, aurten lekua egin diote beldurrezko zineari. Jakin badakite ikus-entzule askok gustuko ez duten generoa dela. Hala ere, azken urteetan nabari dute goraka doala genero horretan lanean diharduen emakumeen kopurua. Gorakada kuantitatiboa gertatzeaz gain, filmotako gaiak lantzeko moduak ere aldatu dituzte andreek. "Rolen aldaketa ekarri du horrek. Emakumea biktima izatetik pertsona aktibo izatera pasatzen ari da". Eta gaiak ere orain artean genero horretan ikusiak ez zirenak hasi dira agertzen, gizonezkoaren begiradaren monopolioarekin apurtuz.

Orain artean aldaezinak ziruditen arketipoak aldatuta, iraultza ekarri dute emakumeon lanek. Feminismoarentzako itxaropenezko ostertza zabaldu dute. Beldur klasikoaren imajinarioa amesgaizto berriz kutsatu dute, eta eragin dramatiko sakona duen hizkuntza baliatu dute horretarako. Emakumeak gizartean dagokion lekua lortzeko prozesuaren beste bide bat zabaltzen ari da jaialdia. Gero eta ugariagoak diren zinemagileen lanak ikusgarri bihurtuko dituzte.

Sortzaile berritzaileen hausturen arrakasta

Sortzaile berritzaileen hausturen arrakasta

Natalia Salazar Orbe

Teknologia berririk edo Internetik ez zen existitzen Bernardo Atxagak, Joxemari Iturraldek, Joseba Sarrionandiak, Ruper Ordorikak, Jon Juaristik eta Manu Ertzillak duela 40 urte Pott Banda sortu zutenean. Ez gaur egun berritzat jotzen den teknologiarik, bederen. Apurtzailea izan zen haien lana: iraultza bat sortu zuen euskal literaturan. Gaur egunera etorrita, beste iraultza bat sortu dute teknologia berriek lanak hedatzeko eskaintzen dituzten baliabideei probetxua atera dieten sortzaileek ere. Blogetan askatzen dituzte euren barrenak olerkigile gazte askok, eta Youtuben erakusten euren sormenaren sekretuak. Batzuk eta besteak elkartuko ditu Bilbao-poesia literatur jaialdiak, datorren astetik aurrera.

Astelehenean abiatu eta, urriaren 25era bitartean, hogei poeta inguru hartuko ditu. Hausturak izenburupean, eskarmentu handiko sortzaileen zein idazle gazteen agerraldiak antolatu dituzte Bidebarrieta liburutegian. Bertako zein kanpoko sortzaileek izango dute lekua. Musika, errezitalak eta egile garrantzitsuekin egindako topaketak dira jaialdiaren ardatza. Zehatzago, nolabaiteko literatur haustura eragin duten egileak elkartuko dituzte, eta Interneten inguruan sortutako belaunaldi berrian jarriko dute arreta.

Hiru urte besterik ez zuen iraun Pott Bandaren esperientziak. Hala ere, tarte hori nahikoa izan zen euskal literaturaren historia iraultzeko eta egungo literatur programa ulertzeko ezinbesteko erreferentzia bihurtzeko. Bilbaopoesia jaialdiak Bakedano, Atxaga, Ordorika eta Iturralde elkartuko ditu urriaren 24an. Elkarrizketa formatuan prestatu dute lauren jarduna.

Hala ere, egun horretara iritsi orduko hainbat jarduera izango dira. Euskal literaturaren berritzaileetako bat izan zen Gabriel Arestiren omenezkoa izango da lehen jardunaldia. Ohi legez, haren jaiotza eguna ospatzeko ekitaldiarekin emango diote hasiera jaialdiari. Urriaren 14an jaio zen, baina, larunbata izaki, atzeratu egin dute.Gabriel Aresti adiskideen begietan izenburupean, idazlearen garaikide batzuk eta adiskide gazteagoak elkartuko ditu topaketak. Euskaraz egingo dute.

Ignacio Fornes Nach rap abeslari eta poetak errezitala egingo du hurrengo egunean. Askok txalotzen dute inolako interesik ez zuen arren orain kalean poesia entzuten duen belaunaldiarekiko lortu duen lotura.

Gazteen oihartzuna

Dagoeneko ibilbide emankor eta garrantzitsua egin duten hiru poeta gazteri ere lekua egingo diete. Kirmen Uribe, Elvira Sastre eta Raquel Lanseros elkartuko dituzte. Bestalde, olerkigintzan indarra eta garrantzia hartzen ari diren zenbait ahots gaztek bat egingo dute urriaren 19an. Garazi Ugalde, Marta Lopez Vilar, Rodrigo Olay, Martha Asuncion Alonso eta Constantino Molinak eskainiko dute saioa.

Interneten sortu dituzten olerkien egileek tarte berezia izango dute. Blogetan idatzi ostean, euren poemak sare sozialen bidez partekatzen dituzte. Ikus-entzule berrientzako bultzada eragin du horrek. Miguel Gane, Loreto Sesma, Maria Leach eta Escandar Algeet batuko dira topaketan. Poesiarekiko haustura erakutsi dute, gaiei, transmititzeko moduari zein ikus-entzuleekin izan beharreko harreman arauei dagokienez. Milaka jarraitzaile lortzen dituzte poesiatik baino arte eszenikoetatik gertuago dauden errezitaletan.

Poloniatik iritsitako Kroke taldeak doinu garaikide eta juduak uztartzen dituen kontzertua eskaiko du. Bestalde, Kepa Junkerak eragindako haustura, garapena eta haren etorkizuna aztergai izango dituzte Ibon Koteron, Argibel Euba, Iñigo Olazabal, Agurtzane Elustondo eta Sorginak taldeak. Euskal musika tradizionalak baliatuta, moldeak apurtu dituzte horiek ere. Kultura biziberritzeko hausturak eragin dituzte, gainerakoen antzera.

Erreferenteen garrantzia

Erreferenteen garrantzia

Natalia Salazar Orbe

Zelai zabal eta berde baten erdian, aulki bat. Eta hara igota, emakume bat, kantuan. Irudi horrek iragartzen du Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bertsoa protagonista; baita emakumea ere. Gero eta presentzia handiagoa hartzen ari diren emakumeen isla izan liteke. Izugarri aldatu dira-eta bertsolaritzaren irudiak. Bat-bateko kantuen dema dagoeneko ez da lotzen sagardotegi batean ari diren lau gizon heldu samarren irudiarekin. Txapelketetan baino gehiago, plazetan nabari da aldaketa. Gizonak nagusi ziren oholtzetan emakumeak lekua hartuz doaz. Aurtengo Euskal Herriko txapelketan ere nagusi dira gizonak, nabarmen: 42 lehiakideetatik 13 dira emakumeak. Hala ere, Bizkaiko bertsolarien artean parekatuta daude: hamar bertsolari lehiatuko dira final-laurdenetan, eta, horietatik bost, emakumeak dira. Gai jartzaileen aldetik ere, emakumeak nagusi dira: hamazortzitik hamahiru dira andreak. Txanponaren beste aldean, bertsolarien lana baloratu behar duten epaileak daude: hogei dira guztira. Horietatik, bost besterik ez dira emakumeak. Bertsolaritza ari al da berdintasunerako bidean pausoak ematen? Galdera hori abiapuntu hartuta, hausnarketa egin dute asteburu honetan final-laurdenetan lehiatuko diren hiru bertsolarik: Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek eta Onintza Enbeitak. Bidea zabaldu bada ere, oraindik zeregin ugari dagoela erakutsi dute hiruren iritziek.

Aldaketa bada. Hirurak bat datoz. Amurizak argi du: "Euskal Herriko Txapelketan erdi eta erdi izatea [bizkaitarrak] bada zerbaiten adierazgarri". Hala ere, plazari erreparatu behar zaio, haren ustez, aldaketa hori benetakoa den ikusteko. "Bertsolaritza plazan dago, eta, bertan, esango nuke emakumearen presentzia hori are nabarmenagoa dela". Neska gazteak aritzen dira. Horren adierazgarri da ekainean lehiatu zen Bizkaiko Eskola arteko Bertsolari Txapelketa. "Erdiak edo gehiago neskak izan ziren. Baita Bizkaiko txapelduna ere". 16 urtetik 18ra arteko "adin kritikoan" askok utzi egiten dutela azaldu du, ordea.

Ibarzabalen ustez, aldaketa ez da nabarmenegia txapelketetako zenbakiei erreparatuta. "Lurraldeetako txapelketei erreparatuta ez dago berdintasun kuantitatibo hori. Mutilak askoz gehiago ausartzen dira hasierako faseetan parte hartzen, nahiz eta euren buruarekin hain seguru ez egon".

Zenbakiak baino harago begiratu behar dela sinetsita dago: "Gehiago kezkatzen nau zein diskurtso dabilen oholtzetan, zein diskurtso dagoen gaietan edota zer hartzen duten kontuan epaileek. Hori ere landu beharrekoa da: zer botatzen dugun bertsotan, eta gure hitz horien ardura hartzea, bai gizonek zein emakumeok".

Amurizak ere uste du erantzukizuna partekatua dela. "Gai jartzaile taldeak hausnarketa hori egitea eta beste gai batzuk mahai gaineratzea eskertzekoa da, noski. Baina gure erantzukizuna da edozein gairi beste ikuspuntu batetik begiratzea eta beste filtro batzuetatik pasatzea". Ibarzabalen ustez, epaileek kontuan hartu beharko lukete genero ikuspegiari bertsolariek ematen dioten tratamendua.

Enbeitarentzat, "bistakoa" da azken urteetako aldaketa. Hala ere, emakumeen eta gizonen arteko proportzio hori ez dela erreala azaldu du hark ere. "Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 70 bertsolari inguru aritu ginen, eta, horietatik hamalau besterik ez ginen emakumeak". Duela hogei urte baino hobeto daudela azaldu du. "Plaza ere aldatu egin da. Hori argi dago. Emakumeak hor egoteak ekarri du gizonezkoen artean ere beste aukera batzuk zabaltzea: beste bertsokera batzuk edota beste gai batzuk lantzea".

Proportzionaltasunik ez dago bertsolari eta gai jartzaile lanetan edo epaile beharretan ari diren emakumeen artean. Aldea nabarmena da. Amurizak uste du "prozesu baten barruan" doala dena, "jabetze prozesu baten barruan. Ikusiko dugu zer ematen duen horrek".

Ibarzabalek ere argi du arlo horretan lan sakona egin behar dela. "Iruditzen zait epaile lanak erantzukizun eta ardura oso handiak iradokitzen dizkigula. Neskei oraindik irakasten zaie ez dutela sartu behar ardura handiko gauzetan edo lanetan". Epaile izateko, emakume gehiago erakartzeko lanari beharrezko deritzo. "Emakume kopurua ugarituz gero, baloratzeko modua ere aldatuko da. Interesgarria litzateke, beraz: ez bakarrik gaiak proposatzeko, baita jasotzen diren erantzunak baloratzeko ere".

Oztopoak

Emakumeek egunerokoan aurre egin behar dieten oztopoak izan ditu aztergai Enbeitak. "Emakume izate hutsagatik zalantzan jartzen gaitu gizarteak". Era horretako egoerak bizi ostean, inor epaitzeko indarra ateratzea zailagoa dela deritzo. Dena den, beharrezkotzat jo du emakume epaile gehiago izatea. "Horrek lagunduko luke askotan egoten diren mezu subliminalak harrapatzen. Nola azaldu egoera bat bizi izan ez duen gizon bati, bertsolari batek bota duen bertsoko txantxa batean emakumeen aurkako mezu subliminal bat dagoela? Ez du ulertuko. Emakume batek harrapatzea errazagoa da".

Hiru bertsolariek badakite emakumeentzat gizonentzat baino zailagoa dela oholtza handietara iristea. Berrizkoaren arabera, "txapelketako parte hartzaileak orotara hartuta, gutxiengo bat gara emakumeok".

Ibarzabalek barrutik ezagutzen ditu nesken eta mutilen artean sarri egiten diren bereizketak, bertso eskolak ematen ditu eta. "Nahi gabe ikusten da zeintzuk hezten dituzten erraz asko jardun eta edozer esan arren lasai asko gelditzeko, eta zeintzuei barneratuarazi dieten gauzak gaizki ez egiteko jokabidea; lotsa sentitzeko gaitasuna gehiago sumatzen da neskengan. Gehiago bultzatzen gaituzte horretara. Ez da egiten mutilekin egiten den bezala. Alegia, ez zaie animatzen esanez: 'Berdin dio ondo edo txarto egiten duzun. Atera zaitez!'. Arlo hori mutilengan eta neskengan berdin ez dela lantzen iruditzen zait. Horren eragina ikusten dugu gero. Normala da".

Gizartearen isla

Desoreka hori, baina, gizartearen isla besterik ez da. Bertsolaritza ezin baitaiteke ulertu gizartetik at dagoen elementu gisa. Ibarzabalenak dira hitzak: "Bertsolaritza gizartea dagoen bezala dago. Beste kontu bat da guk ahal dugun mailan eta eremuetan eragiten aritzea, baina denok gatoz beste motxila batekin, beste leku askotan jasotako gauzekin".

Ildo beretik mintzatu da muxikarra: "Egunerokoan sufritzen ditugun eraso txikiak barneratzen ditugu. Oholtzara igotzeko gizarteak ezarritako trabak eta gizartearen jarreraren ondorioz zuk zeure buruari ezarritakoak gainditu behar dituzu". Emakume batek herriko jaietan oholtzara igotzeko ere, gizonek ez bezala, birritan pentsatzen duela dio. "Oholtzan Amets Arzallus ikusten duenak bertsolari bat ikusten du gaur egun. Emakume bat agertzen bada, emakume bertsolari bat ikusten dute. Markatuta gauden unetik oholtzan agertzea guretzat beti da zailagoa".

Harrobian dago itxaropena. Horretarako, ordea, garrantzitsua ere bada gazteek eurentzako erreferenteak aurkitzea oholtza gainean. Amurizaren ustez, "guk egin dugula ikusten badute, pentsatuko dute ea zergatik ez duten egingo eurek ere".

Ibarzabalen iritziz, neskato batek oholtzak gizonezkoz beteta soilik ikusten baditu, ez du pentsatu ere egingo bera hor egon daitekeenik. "Umetan, edo gaitasun kritiko handirik ez daukagun adinean, ikusten dugunaren arabera ulertzen dugu zein toki tokatzen zaigun, eta zein ez. Ume batek emakumeak eta berak erreferente gisa erabil ditzakeenak ikusten baditu oholtzan, pentsa dezake baietz, bere lekua izan daitekeela".

Antzera pentsatzen du Enbeitak ere. 16 eta 18 urte arteko neskentzat erreferenteak ikustea oso inportantea dela, alegia. "Gure sasoian baganekien Kristina Mardaras zegoela, Txapelketa Nagusira aurkeztu zen lehen emakumea. Baina plazetan ez zen ikusten erreferente argirik. Gaur egun, badaude Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Alaia Martin... Abanikoa asko zabaldu da. Horrek laguntzen du belaunaldi berriak erakartzen".

Bide luzea egiteko

Hirurek, beraz, argi dute: bide handia egin da, eta pauso handiak eman dira bai kuantitatiboki zein kualitatiboki ere. Hala ere, oraindik parekotasunera heltzeko bide handia dago egiteko. Bide horretan buru-belarri jarraituko dute lanean.

Zallan dute horretarako hurrengo saioa. Bihar egingo dute han laugarren final-laurdena. Bitxia izango da. Izan ere, lehenengoz jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko kanporaketa bat Enkarterriko herri horretan. Eskualdean ari da harrobi gero eta sendoagoa osatzen. Etzi egingo dute bosgarrena, eta datorren larunbatean, azkena.

Bizkaiko ordezkaritza zabala izango da biharkoan. Bertan ariko dira Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza eta Onintza Enbeita Maguregi. Etzi Zumaian ariko dira, bestalde, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia eta Nerea Ibarzabal Salegi. Tolosan lehiatuko dute azken final-laurdena. Bertan izango dira Etxahun Lekue Etxebarria eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Aurreko saioetan aritu dira, bestalde, Beñat Ugartetxea Ostolaza eta Oihana Bartra Arenas. Oraingoz, bizkaitarrik ez da sailkatu zuzenean finalaurrekoetara. Baina 2013ko zortzi finalistetatik izena eman duten seien artean izango da bizkaitarrik: Igor Elortza Aranoa.

Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuenekoaren antzeko irudia errepikatuko den ikusteko dago XVII. Txapelketan. Abendura arte ez da argitzerik izango.

Gabriel Arestiren bidea aztergai ‘Euskal Harria’ liburuaren 50. urteurrenean

Gabriel Arestiren bidea aztergai ‘Euskal Harria’ liburuaren 50. urteurrenean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Mende erdia da Gabriel Aresti idazle eta poeta bilbotarrak Euskal Harria poema liburua idatzi zuela. Lan borobila, eta urteurren borobila. Aukera baliatu beharra zegoela sentituta, elkartu, eta Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte jardunaldiak antolatu dituzte Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti elkarteak, Bilboko Udalaren babesarekin. Datorren asteazkenean izango da egun osoko ekitaldi sorta, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Barrian duen egoitzan.

Aresti modu batean edo bestean gertutik ezagutu duten eta norbere sorkuntzaren bidean emaitza oparoak utzi dituzten idazle, musikari, antzezle eta bertsolariak arituko dira goizetik arratsera. Besteak beste, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia eta Jon Kortazar idazleek, Andoni Egaña bertsolariak, Xabier Kintana euskaltzainak eta Mikel Martinez aktoreak aletuko dituzte Arestiren ibilbidearen ertzak. Baita Oskorri musika taldeak ere. Eta Joseba Sarrionandia idazleak. Bertan egongo ez den arren, haren hitzak entzungo dira asteazkenean Bilbon.

Goiz hasiko da Arestiren ibilbideari gorazarre egiteko eguna. 09:30ean, harrera eta ongietorria izango dira Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin. Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultur elkarteko kidea arituko da hizlari.

Ordu erdi geroago, Oskorri taldeak egingo du ekarpena. Zuzeneko emanaldi laburra egingo du, Arestiren hitzekin osatutako abestiekin.

Ondoren, Xabier Kintana euskaltzainaren eta Iñaki Mendizabal kazetariaren solasaldia izango da. Jon Kortazar Literatura katedradunak eta Itsaso Guemes kazetariak hartuko dute hitza gero. Hain zuzen, idazlearen poema ezezagunekin udalak iaz kaleratu zuen liburua aletuko dute Mailu batekin: biola batekin hitzaldian.

Mikel Martinez antzezleak Gabriel Arestiren Hernaniko hitzaldiaren dramatizazioa egingo du 11:15ean. Eta, ordubete geroago, Oskorriren doinuak entzungo dira, berriro, Euskaltzaindiaren egoitzan.

Ibarrolari omenaldia

Beste euskal artista bat ere omenduko dute asteazkeneko jardunean: Agustin Ibarrola. 1967an, bere irudiak eskaini zizkion Ibarrolak Arestiri; hain zuzen, Euskal Harria liburuaren lehen ediziorako erabili zirenak. Liburu hori eta Ibarrolaren grabatuak aztertuko ditu Susana Jordra artistak 12:30ean, eta ondoren egingo da omenaldirako ekitaldia.

Arratsaldeko saioa 19:00etan hasiko da, Sarrionandiaren hitzekin. Grabatuta utzitako audioa entzungo da lehenik, eta, jarraian, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia idazleen arteko solasaldia izango da. Miren Rubio kazetaria arituko da hizketaldia gidatzeko lanetan.