Gizartea

Bizkaia, goi tentsioari lotuta

Bizkaia, goi tentsioari lotuta

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Orrialde bakarra 156 orriko txostenean. Toki hori hartzen du Bizkaiko golkoa eta Frantzia goi tentsioko kable bidez lotzeko dauden arrazoien zerrendak. Azpiegitura berri bat egitean, azpiegitura hori egiteko justifikazioan jarri ohi da fokua. "Interes orokorreko egitasmo" titulua jarri dio Europako Batasunak Bordeletik gertu dagoen Cubnezais herria (Akitania Berria, Frantzia) eta Gatika, 370 kilometroz, urpetik lotzeko egitasmoari eta 1.750 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi du. Herrialdeen arteko energia konexioa bermatzea du helburu azpiegiturak; Europako herrialdeak energetikoki lotzea. Egitasmoa beharrezkoa den zalantzan jarri dute herritarrek zein Gatikako Udalak, eta energia ereduaren auziari buruzko gogoeta mahai gainean jarri dute. Europako Batasunaren esanetan, "estrategikoa" da lotura. 2021ean hasi nahi dituzte lanak, eta 2025ean amaitu. Hona proiektuaren gakoak, atalka azalduta:

Bizkaiko sei udalerri hartuko ditu egitasmoak, REE Red Electrica Española enpresak zabaldutako txostenaren arabera: Lemoiz, Bakio, Gatika, Laukiz, Maruri-Jatabe eta Mungia. Tokian-tokian proiektua herritarrei aurkezten ari da REE orain, hark baitu, Frantziako energia sareen kudeatzailearekin batera, azpiegitura hedatzeko ardura.

Nolanahi ere, bi enpresak elkartu, eta, beren-beregi, Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko interkonexio egitasmoetarako enpresa sortu dute: Inelfe. 2015ean, Santa LLogaia (Girona, Herrialde Katalanak) eta Baixas (Frantzia) artean goi tentsioko 64,5 kilometroko lineako lanak egin zituen Inelfek, Pirinioak zeharkatzeko 8,5 kilometroko tunela zulatuz. Eta Bizkaiko golkokoa da orain esku artean duen hurrengoa.

GATIKA-LEMOIZ AZPIEGITURA

Lemoizko zentral nuklearrerako azpiegitura erabiliko dute Gatikatik kostara bitarte marraztu duten goi tentsioko linea hedatzeko. 10 kilometro luze da bidea. Hala dio REEk, egitasmoa azaltzen duen txostenean. "Gatikako azpiestazio elektrikotik Lemoizko zentraleraino erabiltzen ez den energia elektrikoa garraiatzeko, 400 kW-eko aireko bi linea daude". Aipatzekoa da Lemoizko zentral nuklearrerako egindako azpiegiturak ez direla sekula erabili, eta 35 urte joan direla zentralaren egitasmoa behin betiko gelditu zutenetik.

Bestalde, goi tentsioko kablearen mutur bakoitzean, Gatikan eta Cubnezaisen, transformazio estazio bana eraikiko dute, bertatik iristen den korrontearen eraldaketa prozesua ahalbidetzeko. Bost hektareako hedadura izango dute, eta 20 metro izango dira, gutxi gorabehera. Goi tentsioko linea non itsasoratuko den erabakitzeke dago oraindik. REEren arabera, hiru aukera dituzte aztergai: Bakioko hondartza, Armintzako hondartza eta Lemoizko zentral nuklearraren ingurua. Itsasoan, 280 kilometroko ibilbidea egingo du, Frantziako kostaldean dagoen Medoc eskualdera iritsi arte. Lurreratu egingo da goi tentsioko kablea han, eta Cubnezaisera iritsiko.

Egitasmoa gauzatzeko epeak ere zehaztuak dituzte bi enpresek: 2018ko martxora bitarte bilerak egin dituzte herri kaltetuetan, azpiegiturari buruzko informazioa emateko asmoz. Ingurumenean izango duen inpaktu azterketa egingo dute gero, eta, 2020an baimen teknikoak eskuratu ondoren, 2021ean abiatuko dituzte eraikuntza lanak. REEren aurreikuspenen arabera, 2024ko urritik 2025eko maiatzera bitarte jarriko dute martxan.

ERABAKIAK, EUROPATIK

Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko argindar konexioa hobetzea da, Europako Batasunaren eta REE Red Electrika Española enpresaren arabera, egitasmoaren xedea. Edonola ere, urrunagokoa da sorburua, Bruselan hartu baita sare elektrikoa eraikitzeko erabakia. Energiaren esparruan ere batasuna nahi du Europako Batasunak, eta, Europako herrialdeen energia menpekotasuna gutxitzeko xedearekin, plan bat du osatua, "bermatzeko, kide diren herritarrek eta enpresek energia hornikuntza segurua izango dutela [...] eta Europa ahots bakarrarekin ager dadin mundu mailako auzi energetikoen eremuan".

Europako Batasunetik kanpoko herrialdeekiko mendekotasuna murriztu dadin nahi dute, eta, horretarako, EBko kide diren herrialdeen artean energia garraiatu nahi dute. Kopuruak ere zehaztuta daude: 2030erako Europan sortzen den energiaren %30 herrialde batetik bestera garraiatzeko baliabideak izatea da EBren asmoa. Herrialdeen arteko joan-etorri hori ahalbidetzera dator, besteak beste, Bizkaitik Akitaniara egin asmo duten itsaspeko goi tentsioko kablea.

Orotara, 1.750 milioi eurora iritsiko dira azpiegitura gastuak, Espainiako eta Frantziako argindar sareen kudeatzaileen arabera, eta kostuaren herena bere gain hartu du Europak. Inoiz Batasunak argindar konexioak hobetzeko emandako laguntzarik handiena emango dio Gatika eta Cubnezais arteko obrari: 578 milioi euro.

ARGITU GABEKO DATUAK

REE enpresak emandako datuen arabera, gaur egun dagoen energia konexioa bikoiztuko luke egitasmoak: 2.800 megawatteko gaitasuna du oraingo sareak, eta 5.000 megawattera iritsiko da. Are, lehen, interkonexioa %6koa zen, eta, aurrerantzean, %10ekoa izango da. Baina gaitasuna handitu arren, eskaera nahikorik ez dago: gaur egun, Iberiar penintsulan zein Frantzian, kontsumitzen den energia baino bi aldiz gehiago sortzen da; hortaz, ez batek ez besteak ez du energia gehiago behar.

Bi lurraldeen interkonexioaren bidez energia berriztagarriak "gehiago integratuko" direla dio REEren txostenak: "bere sisteman lekurik ez duena aldameneko sistemetara bidaltzeko aukera emango du, alferrik galdu beharrean". Baina kontrakoa diote datuek: Bizkaia eta Frantzia elkartu nahi ditu goi tentsioko lineak, baina, gaur egun, Frantziak apenas sortzen duen energia berriztagarririk; kontrara, ekoizten duen energiaren %75 nuklearra da. Eta, kasualitatez ala ez, Gatikarekin lotuko den Cubnezais herriaren aldamenean dago zentral nuklearretako bat: Blayais.

Bizkaiari dagokionez, txikia da ekoizten den energia berriztagaren ehunekoa. EEE Euskadiko Energia Erakundearen azken txostenaren arabera, %7koa da berriztagarrien tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ingurumenean ekarriko dituen kalteak ez dituzte aurkeztu oraindik, ezta Gatikan egin nahi duten transformazio estazioaren eragina ere. Beraz, ekologikoki azpiegiturak izango duen eraginari buruzko balorazioak egitea zaila da oraindik. Baina osasun kalteei buruzko hainbat datu daude jada. Tensio handiko lineek kutsadura elektromagnetikoa sortzen dutela frogatu dute azken hamarkadan nazioarteko hainbat ikerketek OME Osasunaren Mundu Erakundearenak barne—. Pertsonengan osasun kalteak eragiten ditu; tartean, minbizia, migraina, ugalkortasun arazoak eta alergiak.

Pertsonengan ez ezik, ekosisteman eragina izan dezake goi tentsioko lineak.

EZTABAIDA JAURLARITZAN

Espainiako Gobernuak erabakitzen ditu Hego Euskal Herriko energiaren kudeaketari buruzkoak. Baina Eusko Legebiltzarrera ere iritsi da azpiegituraren eztabaida. EH Bilduko Mikel Otero legebiltzarkideak eskatuta, egitasmoaren onurak azaldu zituen Arantza Tapia Azpiegitura sailburuak otsailaren erdialdean. "Zergatik iruditzen zaigun positiboa dela? Europako Batasuneko kideen artean energia libreki eta inolako mugarik gabe garraiatzea ahalbidetuko duelako; prezioen jaitsiera ekarriko duelako eta enplegua sortuko duelako, bai azpiegitura eraiki bitartean eta bai ondoren ere".

Bada, azpiegitura hedatzeko ardura duen REE enpresak berak kaleratutako txostenen arabera, interkonexio sareak ez du lanposturik sortuko azpiegitura bukatutakoan. Iragartzen den prezioaren jaitsiera ere zalantzan jar liteke; izan ere, arrazoi bera erabili zuten Santa LLogaia eta Baixas interkonexioa justifikatzeko. 2015ean jarri zuten martxan goi tentsioko linea hura, eta, gaur arte, ez dute argindarraren fakturan inolako aldaketarik nabaritu. Bada bestelako aldagai bat ere; gauzak ondobidean, REEk 500 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo luke, gutxienez, azpiegituraren eraikuntzan, eta epe motzean ala luzean, kostu horrek herritarren fakturetan eraginik izango duen ala ez ez dago argi.

Posizioa argitzeko eskaera egin zion Oterok Tapia sailburuari joan den hilabetean. Jaurlaritzak egitasmoaren aldeko jarrera hartua badu ere, haren kontra egin baitu Gatikako Udalak: EAJk du agintea han ere, eta legebiltzarkidea ere bada Leixuri Arrizabalaga alkatea. Gatikako herritar talde batek proposatutako mozioa ere onartu dute aho batez Bizkaiko udalerrian, kontrakotasuna agertzeko. Arrizabalagak Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, proiektuaren aurkako jarrerari eusten dio udalak. Alkatearen hitzetan, argitu gabeko hainbat ertz ditu egitasmoak, eta, horiek denak argitu bitartean, udalak ez du adierazpen publikorik egingo, ez bada, gatikarren aurrean.

Madrilen hartzen dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkion energiari buruzko erabakiak, baina horrek ez du Jaurlaritzaren jarduera guztiz mugatzen. Fracking-arena izan liteke horren erakusle, Legebiltzarrak haustura hidraulikoari muga jartzeko araudia onartu baitzuen 2015ean. Edonola ere, joan den hilabetean baliogabetu egin zuen legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, argudiatuz legean ezartzen diren neurriekin "gainditu" egiten dela autonomiei onetsitako eskumenen esparrua.

Glefaranen isuriak salatu dituzte berriro Gueñes eta Zalla inguruan

Glefaranen isuriak salatu dituzte berriro Gueñes eta Zalla inguruan

Aitziber Laskibar Lizarribar

"Ia egunero daukagu herria belztuta; bai etxeak, bai espazio publikoa". Gueñes Bizia plataformako kideek alarma piztua dute berriro. Eta nekatuta daudela diote. Dagoeneko ez dituztela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren hitzak sinesten. "Oso kezkatuta gaude, eta epaitegietarako bidea baino ez zaigu geratzen". Oraingoz, "adar jotzeekin aspertuta", mobilizazioetara itzuliko direla iragarri dute.

Segurtasunaz zer ulertzen den

Segurtasunaz zer ulertzen den

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Pertsona batek lapurtzeko dituen arrazoiak desagerrarazi ala lapurrari eskua moztu. Erantzun prebentiboa da bat; eta, erreaktiboa, aldiz, bestea. Fokua non jarri. Horixe da azken asteetan Bilboko Udalean lantzen ari diren segurtasun itunaren korapilo nagusia. 25 neurri biltzen dituen proposamena egin du EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak, baina adostasuna lortzetik urrun daudela iradoki dute oposizioko alderdiek. Hiri segurtasuna polizia kopuruarekin lotzea leporatu diote Udal Gobernuari EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao koalizioek, eta arazoaren muinera egitea beharrezkoa dela azpimarratu; hau da, balizko delituen prebentziora eta neurri sozialetara. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak salatu du auzoak eztabaidatik kanpo utzi dituztela. "Gai hau ez da huskeria bat, eta Bilbok asko du jokoan. Adostasunak lortzetik urrun gaude oraindik". Hala azaldu zuen Amaia Arenal Udalberriko bozeramaileak asteartean gaiari buruz aritzeko agerraldian. Nork bere ikuspegia txertatu nahi du itunean, baina argi dago segurtasunetik harago doan eztabaida dela. Gaia lantzeko bilera dute gaur Bilboko udaletxean.

Segurtasunari buruzko eztabaida aspaldikoa den arren, azken hilabetean hartu du abiadura. Txinparta: abenduaren 23an 43 urteko gizon bat hil zuten Abandon, eta urtarrilaren 18an, 87 urteko senar-emazte batzuk Otxarkoagan. Mediatikoak izan dira gertakari biak, eta, jazoeren eraginez, erdigunean kokatu da Bilboko hiri segurtasunaren eztabaida. "Errudunak ordainduko du"; zalantzarik ez zuen izan Juan Maari Aburto alkateak orduan, eta segurtasuna "areagotzeko"polizia gehiago atera zituen kalera gertakarien ondoren. Bestelako mezua zabaldu zuten Otxarkoagako auzokideek: "Halakorik egon ez dadin neurriak jarriz konpontzen dira gauzak, eta ez 'errudunak ordainduko du' esanez".

Denak datoz bat: hiri segurua da Bilbo. Baina segurtasuna nola ulertzen den galdetuta hausten da batasun hori. Izaskun Guarrotxena EH Bilduko ordezkariaren arabera, pertsonen bizi kalitatearen arabera neurtu behar da, ezinbestean, "eta ez kriminaltasun kopuru eta estatistiketan oinarrituta bakarrik. Orain arteko segurtasun kontzeptutik harago joan behar gara. Segurtasunaren esangura zaharrak neurri polizialekin bakarrik erantzuten dio egon daitekeen arazoari". Udal Gobernuak egin duen proposamenak ez du segurtasunaren arloa "modu integralean" lantzen EH Bilduren ustez. "Aurkeztu diguten dokumentua irakurrita, argi geratzen da Udaltzaingoaz soilik hitz egiten dutela. Hau da, Udaltzaingoa berrantolatzeko plana da. Uste dugu bestelako neurriekin lagunduta joan beharko lukeela: itun sozial batekin, esaterako".

Poliziari lotutako plana

Iritzi bera plazaratu du Udalberrik ere. Carmen Muñoz ordezkariaren arabera, "herritarren segurtasunaren" kontzeptua delinkuentziarekin eta ordena publikoarekin lotzen da oraindik. "Pertzepzio hori baztertu, eta auziaren edukiak politika sozialetara eta hiri plangintzara zabaldu behar dira". Bilboko udal gobernuak proposatutako 25 neurriak bestelako norabidean doaz, Muñozen arabera. "Poliziarentzat egindako proposamena dirudi, eta ez bilbotarrentzat. Polizia kopuruan jartzen da fokua, eta ez dira lantzen arazo estrukturalak; hiriburuko hainbat auzotan dauden ezberdintasun sozialek eragiten dituzten egoeretan, kasurako".

Ildo horri tiraka proposatu du Francisco Samir Lahdou Goazen Bilbo koalizioko bozeramaileak itunari izena aldatzea; Bilboko Segurtasun eta Bizikidetza ituna izena proposatu du, baina ez da bakarra izan. Udalberrik ere Hiri Segurtasunerako itun gisa agertzea nahi du. Izenak egitasmoaren izana azaltzea nahi dute koalizio biek. Lahdou: "Gure helburua da delituaren prebentzioan indar egiten duen ituna adostea". Baina, horretarako, polizia etxeak eraldatzea beharrezkoa dela iritzi dio. "Maskulinizatuta daude erabat, eta, batzuetan, era paternalista eta zakarrean aritzen dira herritarrekin. Emakumeen zaurgarritasuna ez areagotzeko eta, oro har, tratua hobetzen duen protokoloa onartzeko, beharrezkoa da horiek egokitzea".

Zenbakiei erreparatuz gero, arrazoirik ez zaio falta Lahdouri; izan ere, gaur egun, 747 udaltzain ditu Bilbok, eta horietatik 58 dira emakumeak. Iragarri dutenez, 2018an, 80 postu gehituko dira langile zerrendara: 13, hilabete honetan hasi dira lanean, eta, gainontzeko 67ak, uztailean hasiko dira, Ertzaintzaren Arkautiko akademian (Araba) prestakuntza jaso ondoren. Bada, Bilboko Udaltzaingora gehituko diren 80 behargin berrien artean errealitate bera dago: 14 dira emakumeak eta 66, berriz, gizonak.

PP izan da polizia zaintzaren eremuan indar egin duen alderdi bakarra. Luis Egiluz bozeramaileak hamabi proposamen aurkeztu ditu; besteak beste, polizien arteko datu base komuna sortzea, polizien etengabeko prestakuntza eta gatazkatsuak diren eskualdeetan polizia kopurua areagotzea eskatu du. Ikastetxeetan ere kontrola areagotzearen alde azaldu da Egiluz. "Jarraipen eta azterketa zorrotzagoa egin behar zaie eskoletako piper egiteei eta jazarpen kasuei". PPk ez beste alderdi guztiek, berriz, auzo polizia ala gertuko polizia gisakoak aipatu dituzte egindako adierazpenetan. Koalizio abertzalearen hitzetan udaltzainek ez dute harremanik auzokideekin, ezta tokian tokiko eragileekin ere. Guarrotxena: "Auzoetan erreferentziazko bi udaltzain jartzea proposatzen dugu. Horiek lortuko lukete hurbileko harremana izatea auzotarrekin".

Gertuko poliziaren alde azaldu da Ganemos Goazen ere eta Udalberrik harago jarri du begirada: ikastetxeetan gizarte bereizkeriaren aurka egiteko programak martxan jartzearen premian egin du indar. "Ikastetxe publikoetan, hezkuntza komunitateei baliabide gehiago eman behar zaie. Sarritan, ikastetxe horiek gainezka egiten baitute hartu behar dituzten erantzukizunen ondorioz, erakundeek erakusten duten utzikeriagatik. Bazterkeriaren aurkako neurri guztiak baliagarriak izango dira etorkizuneko gatazkak prebenitzeko. Azken finean, sistemak bizkar eman dien gazteak integratzeko erremintak eskaintzeaz ari gara".

Otxarkoaga auzoaren kasua izan liteke adibiderik argiena: familiako errenta apalena duten auzoetako bat da: 21.935 euro urtean, Bilboko batez bestekoaren ia erdia (41.535 euro). Azken bi hamarkadetan bi ikastetxe publiko itxi dituzte, "eta gelditzen diren eskoletako bakar batean ere ez dago hezitzailerik". Hala azaldu zion Alvaro Perez Otxarkoagako gizarte hezitzaileak urtarrilean BERRIA egunkariari. Halako egoerei aurrea hartzea litzateke, koalizioaren arabera, prebentzio lanik onena.

Iazko datuen eragina

Segurtasunari buruz jardungo dira gaur udaletxean. Kasualitatea ala ez, udalak Bilboko 2017ko segurtasunaren eta delituzko ekintzen erradiografia aurkeztu zuen asteartean. Emandako datuen arabera, delitu kopuruak gora egin zuen iaz Bilbon: %1,8, 2016ko datuekin alderatuz gero. Eta nabarmentzekoa da 2016an baino sexu eraso bat gehiago salatu zela iaz Bizkaiko hiriburuan. Halaber, sexu askatasunaren aurka egindako salaketen ehunekoak ere ia 10 puntu egin du gora. Datozen egunetan ikusiko da aurkeztu berri duten txostenak segurtasunari buruzko eztabaidan eraginik izango duen ala ez.

Egoera iraultzeko, prebentzioa jarri du udalak lan ildo gisa. 14 bilera egin zituen iaz bizilagun elkarte eta bestelako eragileekin segurtasunari lotuak zituzten kezka eta proposamenak jasotzeko. Udaltzaingoak informazio kanpaina jarri du martxan, eta eskuorriak banatu ditu denda eta tabernetan. Bada, udala bultzatzen ari den segurtasun itunean parte hartzeko eskaera egin zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, eta salatu duenez, oraindik ez du erantzunik jaso. Auzo elkarteak bilbotarrengandik gertuen dauden eragileak direla eta, beraien ekarpena baliagarria dela ohartarazi du federazioak.

Inoiz ikusi gabeko parke berritzaileak

Inoiz ikusi gabeko parke berritzaileak

Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilbon parke berriak sortu eta badaudenak "dinamizatu" egin nahi ditu udalak. Baina ez nolanahi. Proposamen berritzaileak aurkeztu ditu, herritarrak horietara erakarri nahian. Eta bitxiak dira horietako batzuk, Bizkaian ino...

Barakaldoren birika den Gorostiza suntsituko duten beldur dira herritarrak

Barakaldoren birika den Gorostiza suntsituko duten beldur dira herritarrak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurkako mobilizazioak areagotzen ari dira Barakaldon. Proiektuaren inguruko informazio zehatzik ez dute herritarrek, baina haien etxeen ondoan ikusten ari direnek susmoak piztu dizkiete: "Ez dakigu zer izango den ibilbide zehatza, baina etxeen ondoan egiten ari dira neurketak. Okerrenaren beldur gara". Hala diote Birika Berdea Gorostiza elkarteko kideek. Auzokideek abenduan sortu zuten elkartea, etxeak eta inguruak suntsituta irudikatzen hasi zirenean.

Sudur gorrien indar ziztada

Sudur gorrien indar ziztada

Natalia Salazar Orbe
Umeengan pentsatzen duen orok korrika, saltoka eta lagun artean algaraka irudikatzen ditu. Lehen mundu deritzon honetan, bederen, hala bizi direlako ume gehienak; alaitasunaren eta bizipozaren adierazle dira. Kezkarik gabe. Gaixota...

Hamaika aukera 11 egunetan

Hamaika aukera 11 egunetan

Eider Goenaga Lizaso

Bilbon bertan ere euskaraz soilik hitz eginaz bizi daitekeela erakusteko erronkari eutsi zion, 2015eko udan, Lutxo Egia idazleak. Hilabete egon zen gazteleraz hitz egin gabe. Zailtasunak zailtasun, hein handi batean posible dela erakutsi zuen, eta soka ekarri zuen saio hark. Donostiako Egia auzoak hartu zuen euskara hutsean bizitzeko ahaleginaren lekukoa, 2016ko urtarril eta otsailean. Lasarte-Orian izan zuen jarraipena 2016 amaieran, eta han erabili zituzten, lehen aldiz, ahobizi eta belarriprest figurak. Erabilera datuek nabarmen egin zuten gora. Gerora, beste hainbat auzok eta herrik eutsi zioten erronkari, eta, iazko azaroan Euskaraldia aurkeztu zuten, hizkuntza ohiturak aldatu eta erabilera datuak handitzeko xedez. Euskaraldiak erronka jarri du mahai gainean, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, Euskal Herri osoan, ahal den herri gehienetan eta ahal den guztietan euskaraz egiteko. Baina zer gertatzen da euskara nagusi den herrietan? Kezka horrekin, eta euskararen erabileran datu onak dituzten herrietarako, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago proposamen osagarria landu du Uemak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

"Guk beti aldarrikatu dugu udalerri euskaldunek egoera soziolinguistiko berezia dutela, eta horrek politika propioak eskatzen dituela. Oraingo honetan ere, guk ikusten genuen Euskaraldia ezin zela herri guztietan modu berean landu", azaldu du Miren Segurola Uemako koordinatzaileak.

Uemako kide diren herri guztietara bidali dute jada proposamen osagarria. Bizkaian 24 herri dira Uemako kide, baina Segurolak argitu du herri bakoitzak erabaki behar duela proposamenari eutsi edo ez, eta Ueman ez dauden herrietan ere erabaki dezaketela proposamen horri eustea. "Hau proposamen bat da, proposamen irekia eta malgua. Herrietako batzordeek ikusi beharko dute nolako indarra duten, noraino irits daitezkeen, honi eusteko modua duten ala ez, guk planteatutako 11 arloak landu edo hautaketa bat egin nahi duten...".

Argi ikusten duten moduan gune euskaldunetan eta gune ez-euskaldunetan lanketa ezberdin egin behar dela, Segurolak dio ez dela gauza bera herri txikia edo handia izan. "Euskaldunen kopurua handia izan arren, oraindik erdaldun kopuru handi samar bat dagoen lekuetan ahobizi eta belarriprest figurek zentzua izan dezakete. Baina beste zenbait herritan —batez ere herri txikietan eta %80-%90etik gorako erabilera dutenetan— beste pauso bat eman behar zela ikusten genuen, ez zela nahikoa 11 egunez euskaraz bizitzearekin konformatzea".

Hala, Euskaraldiak testuingurua jarri duela eta Euskal Herri osorako proposamena dela kontuan izanda, Uemak beste lanketa bat planteatu du herri euskaldunetan. Horretarako, 11 arlo identifikatu dituzte. "Euskaraldiaren egun bakoitzeko arlo bat. Eta arlo bakoitzak aukera ematen du hamaika hausnarketa egiteko, hamaika hutsune eta hamaika aukera bilatzeko, eta hamaika proposamen egiteko".

Herri bakoitzak erabakiko du arlo bakoitza nola landu; Uemak helburu batzuk eta egiteko batzuk zehaztu ditu, gogoetarako gai batzuk, eta baita jardunerako ideiak ere. "Herriaren ezaugarrien arabera, batzordeetan elkartzen den jende kopuruaren arabera, indarraren arabera, bakoitzak ikusiko du nola landu. Egunean gai bat landu daiteke, azaletik, edo arlo bakarra lantzea erabaki. Azken finean, arlo bakoitzak urte osoko lanketa bat egiteko ere balio dezake".

Uemako kide diren herrietako euskara teknikariekin batera landu dute Hamaika aldiz gehiago proposamena. Denak ados zeuden 11 egun euskaraz egitetik harago joan behar zela, eta bilera batean haien ekarpenak jasota identifikatu zituzten 11 arloak. Hortik ateratako proposamen osagarria Euskaraldiarekin eta Topagunearekin kontrastatu eta oniritzia jaso ostean, joan den astean aurkeztu zuten.

Aurrera begira

Aurrerantzean, euskara teknikariek Hamaika aldiz gehiago abian jartzeko proposamena ekarriko dute Euskaraldia aurkezteko herriz herri egiten ari diren bileretara, eta herriko euskaltzaleek, eragileek eta udalak erabaki beharko dute erronka horri eusten dioten edo ez. Udalak eta eragileek osatutako batzordeetan aurrera jotzea erabakitzen badute, Uemak lagunduko die bidea egiten. "Guretzat, noski, garrantzitsua da erabilera ohituretan eragina izatea, baina hori bezain garrantzitsua da zubiak eraikitzea, batzordeak eratzea eta herria aktibatzea". Zubi lan horrek 11 egunerako egindakoa gaindituko duelakoan dago Uema.