Glefaranen isuriak salatu dituzte berriro Gueñes eta Zalla inguruan

Glefaranen isuriak salatu dituzte berriro Gueñes eta Zalla inguruan

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Ia egunero daukagu herria belztuta; bai etxeak, bai espazio publikoa”. Gueñes Bizia plataformako kideek alarma piztua dute berriro. Eta nekatuta daudela diote. Dagoeneko ez dituztela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren hitzak sinesten. “Oso kezkatuta gaude, eta epaitegietarako bidea baino ez zaigu geratzen”. Oraingoz, “adar jotzeekin aspertuta”, mobilizazioetara itzuliko direla iragarri dute.

Glefaran enpresaren ondoko bizilagunak dira. Gueñes eta Zallakoak. Urtarril amaiera arte mobilizazio jendetsu ugari egin zituzten isuri kutsakorrak amai zitezela eskatzeko, eta, Jaurlaritzak enpresari zenbait neurri ezarri ondoren, bertan behera utzi zituzten mobilizazioak. “Glefaran enpresaren zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari hitzeman dio premiaz zuzenduko dituela zarata eta hauts emisioak, eta, gainera, epe erdira plan integral bat ezarriko duela lantegiko biomasa galdarak eragindako emisioak murrizteko, inguruan bizi diren pertsonek eta Zallako eta Gueñesko udalek hainbat salaketa egin ondoren”, adierazi zuen Jaurlaritzak orduan.

Gustura hartu zuten albistea bai Gueñes Bizia plataformak bai Gueñesko eta Zallako udalek. Baina ez ziren erabat fio. Arazoa erabat konpondu arte adi jarraituko zutela adierazi zuten guztiek. Eta mesfidantzak errealitate bihurtu direla dirudi. “80 egunetan 18 eragin izan dira material buxaduragatik, eta Glefaran martxan jartzen denetan emisio piko handiak izaten dira”, ohartarazi du plataformak.

Energia elektrikoa sortzen du Glefaranek, baso biomasa erreta. Eta, erretze horretan, zarata handiaz gain, partikula toxikoak eragiten dituela salatu dute, behin eta berriz, bai plataformak eta bai udalek; ingurumenarentzat eta osasunarentzat kaltegarriak diren partikula txikiak isurtzen dituela. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, partikula horiek ez dira kaltegarriak, baina murrizteko neurriak agindu zituen urtarrilean.

Usain txarrak eta hauts beltzak, ordea, berriro hartu ditu Gueñes eta Zalla azkenaldian. Eta Jaurlaritzak enpresari urtarrilean jarritako mugak malgutu egin dituela salatu du Gueñes Biziak. Hori dela eta, engainatuta sentitzen da plataforma. Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordearen jarrera salatu du bereziki, eta auziari irtenbidea benetan bilatzeko eskatu dio. Bien bitartean, mobilizazioei ekingo die berriro.

Ortuella eta Trapagaran

Gueñes eta Zallakoak ez dira etxe ondoan duten lantegiaren isurketek kezkatuta dauden bakarrak. Ortuella eta Trapagaranen ere, bi herrien artean dagoen Seberia Garcia Mendoza enpresak gai kutsakorrak isurtzen dituela eta, mobilizatzen hasi dira herritarrak. Auzokideen esanetan, dioxinak eta furanoa dario lantegiari, eta usain txarrak aldiro izaten dituzte inguruan. Baita zarata handiak ere. “Ez dugu alarmista izan nahi, baina, gaur egun, halako enpresa batek ez luke baimenik izango dagoen lekuan jartzeko”, adierazi dute Meatza Seberia plataformako kideek. 2.000 lagun inguru bildu zituen plataformak aurreko asteburuan, manifestazioan.

Lantegia beste leku batera eraman dezatela nahi dute Meatzaldeko bi herrietako bizilagunek, baina aukera gero eta urrunago ikusten dute. Horregatik ekin diete mobilizazioei: “Eusko Jaurlaritzarentzat enpresa estrategikoa zela baina lekualdatzea oso garestia zela esan ziguten lehen. Orain, gainera, esaten digute inork ez lukeela enpresa bere herrian nahi”, salatu du plataformak.

Mende erdia duen Seberia enpresak kontrol neurriak hobetzeko lanean jarraitzen duela adierazi du, baina hori ez da nahikoa herritarrentzat. Lanposturik galtzerik ere ez dute nahi, ordea, eta horregatik nahi dute lantegia beste leku egokiago batera eramatea. 60 langile dituen enpresa hori “eragin txikiagoa izango duen leku batera” eramateko ahalegina eskatu diote Jaurlaritzari.