Gizartea

Ekin, gaitza azaldu aurretik

Ekin, gaitza azaldu aurretik

Natalia Salazar Orbe

Segurtasun faltaren pertzepzioak gora egin du Bilbon. Herritarrak aztoratu zituzten bi gertaera latzek astindu zuten hiriburua duela hilabete gutxi. Jon Urrengoetxea zornotzarra eta Otxarkoagako adineko senar-emazte batzuk aste gutxiren buruan hil zituzten. Abenduan eta urtarrilean, hurrenez hurren. Latzak, baina kasu bakanak izan zirela azaldu zuen Bilboko Udalak. Bilboko 2017ko segurtasunaren eta delituzko ekintzen erradiografiaren arabera, besteak beste, indarkeriazko lapurretak gutxitu egin dira, baina gora egin dute lesioak eragin dituzten delituek. Halaber, 2016an baino sexu eraso bat gehiago salatu zuten iaz, eta sexu askatasunaren aurka egindako salaketek ere 10 puntu egin zuten gora. Udalak hiria segurua dela dio, baina herritarren pertzepzioa bestelakoa da: %1 handitu da segurtasun faltaren pertzepzioa.

Presio horren aurrean neurriak hartu ditu udalak. Herritarren Segurtasunerako Ituna aurkeztu dute oraintsu, eta alderdi guztien oniritzia eta babesa izan du. Indarra prebentzioan jartzen du, eta gertuko polizia eredu bat ezartzeari oso garrantzitsu iritzi dio. 35 neurri adostu dituzte. Ia erdiak gertuko polizia eredu horri lotuta daude. Arrisku egoeren detekzio goiztiarrerako proposamen ugari ere jaso dituzte.

Zeintzuk faktoreri erreparatu behar zaie prebentzioa behar bezala landu eta itunak bilatzen duen gizarte kohesionatua lortzeko, ordea? Horra hor gakoa. Eta horixe erantzuten saiatu da Iñaki Garcia Maza, Erain Psikoterapia Humanista zentroko psikologoa. Abiapuntutik bertatik oker deritzo itunaren ikuspuntuari. "Arreta gunea ez da jarri behar segurtasunean". Halaxe ondorioztatu du analisiari hasiera eman bezain laster. "Zer nolako gizartea izan nahi dugun eta kolektiborik kalteberenak nola artatuko ditugun erabaki behar dugu. Hori da gakoa".

Prebentzioan, arazoen edota arriskuen muinera joko duen prebentzioan indar egin du. Horretarako ardatz nagusiak "behar bezala funtzionatuko duten gizarte zerbitzuak eta haurrak babesteko zerbitzuak" dira. "Horiexek dira bestelako lan guztien oinarriak".

Herritarren artean konfiantza areagotzeko xedez itunak aurreikusi duen gertuko poliziaren ereduaren ordez, hezkuntza landuko duten adituen beharra azpimarratu du. "Herritarrenganako konfiantza eta gertutasun handiagoko dinamikak sortuko lituzkete figura horiek". Polizia areagotzea eta gertutasun kutsu hori ematea herritarren arrisku pertzepzioa eta beldurra baretzera bideratutako neurria dela sinetsita dago. "Ez daukagu polizia tasa handiagoa ezartzeko neurria justifikatzen duen delitu tasarik. Behar duguna da herritarrek segurtasun sentsazio handiagoa izatea. Hala ere, gertuko poliziak ez du ekarriko segurtasun eraginkorra. Horretarako, prebentziorako beste heziketa figura batzuk behar dira".

Hurbileko gizarte arreta

Gertuko hezitzaileen figurari buruz ari da, besteak beste. Gizarte zerbitzuen kaleko lana berreskuratzea. Horixe proposatu du. Auzoetan eta barrutietan konfiantza sortuko duen hezitzailearen irudia berreskuratu behar dela deritzo. Lehenago auzoetan ibiltzen zen kaleko hezitzailearen garrantziaz mintzatu da. "Auzotarrak ezagutzen zituen eta loturak zituen haiekin. Figura hori galduz joan da. Orain, gizarte arreta behar dutenek bulego batera joan behar dute. Gizarte zerbitzuak burokratizatuz joan dira, populazioarengandik aldenduz. Beharrezkoa da auzoarekiko gertutasunezko filosofia hori berreskuratzea". 1980ko hamarkadan sortu zen mugimendu eta sare soziala era horretan sortu zela ekarri du gogora.

Argi du Garcia Mazak: "Gertuko poliziak delitu zehatzen bat saihets dezake une jakin batean, baina prebentzioa beste bide batetik joan behar da". Aurretik egin beharreko lanari buruz ari da. Eta lan hori egiteko proposamen gehiago ere egin ditu.

Zerbitzuen "optimizazioa"

Bide beretik, gizarte ekintza eraginkorra aldarrikatu du. Horretarako, gaur egungo gizarte zerbitzuen funtzionamenduan aldaketak egin behar direla deritzo. "Optimizatu" egin behar dira, eta gizarte zerbitzuen koordinazioa landu eta hobetu. "Bi hanka dituzte gaur egungo gizarte zerbitzuek. Lehen arreta, udalak ematen du. Eta bigarrena, aldundiak. Lehen arretako zerbitzuek antzematen dute pertsona bat, eta gero bigarren arretara pasatzen da. Bitarte horretan denbora pasatzeaz gain, agenteen arteko deskoordinazioa ere gertatzen da". Hala, lehen eta bigarren arreta integratuko dituen gizarte zerbitzuen markoa sortu beharko litzatekeela deritzo.

Gizarte zerbitzuon esku hartzeek koordinatuak izan behar dutela esan du. "Kasu bakoitzean agente bakarrak esku hartzeko paradigmari heltzen diogu oraindik. Eta hori ez da horrela izan behar. Hainbat kasu konplexu daude: hainbat familia. Badakigu non bizi diren, eta esku hartze koordinatuak behar dituzte. Beharrezkoa da irakasleak, auzoko osasun agenteak, gizarte langileak eta Udaltzaingoa koordinatuta egotea. Jakin badakigulako familia zehatz horrek arazo ugari dituela, eta faktore anitzak lantzen dituen arreta integratua behar duela".

Esku hartze koordinatu horiek gauzatzeko lanak esfortzu handiagoa suposatzen du. "Egin dira ahalegin batzuk, baina oraindik lan handia dago egiteko". Erakundeak "bide paraleloetan" bizi direla dio. Beraz, baita zerbitzu bakoitzeko langileak ere.

Horrekin lotuta, gogora ekarri du badirela hainbat familia belaunaldiz belaunaldi bazterketa eta arrisku egoerei helduta bizi direnak. Identifikatuta daude. "Arazoak sortzen dituzten familiak dira, zailtasun ugari izan dituzte. Kalteberen artean kalteberenak dira. Bazterketa ziklo bera errepikatzen dute belaunaldiz belaunaldi. Eta ez dugu egin hausnarketarik gertatzen ari denari buruz; ezta gero pertsona heldu izango diren familiotako umeei buruz ere". Era horretako kasuetan neurriak ezartzeko beharra premiazkotzat jo du.

Haurren babeserako zerbitzuak gainezka daude. Hala esan du Garciak. Baita gizarte zerbitzuak ere, oraintsu Iñigo Pombo zinegotziak iragarri legez. Gizarteak alor horretara zer nolako baliabideak bideratu nahi dituen erabaki behar dela dio adituak. "Zeintzuk baliabide ditugu haurren esku hartzerako, horiek babesteko eta egoera zaurgarriak bizi dituztenerako? Zer egiten dugu emozionalki kontrolatzeko familiarik ez dutenekin?".

Horiek eta beste kolektibo zaurgarri batzuek bizi ditzaketen arrisku egoeren arreta goiztiarrerako protokoloak aurreikusi ditu Bilboko Udalaren itunak. Haurrak, emakumeak, adinekoak eta bereziki egoera zaurgarriak bizi dituzten pertsonak jarri dituzte neurri horien hartzaile gisa. Udalean dagozkien arlo edo sailen eta bestelako erakundeen arteko elkarlana aurreikusi dute horretarako.

DBE gizarte ekintzara lotu

Prebentzioa ertz asko dituen afera denik ezin daiteke ukatu. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) izaera aldatzeak ere onurak ekar ditzakeela uste du psikologoak. Inklusioa eta gizarte kohesioa lortzeko ezinbestekotzat jo duen baliabidea, enpleguarekin lotutako eremura beharrean, gizarte ekintzari lotu beharko litzaiokeela dio. "DBEren sorrerako filosofia berreskuratu beharko litzateke. Alegia, lan munduari ezezik, inklusioa lortzeko bideei ere lotzea". Dirulaguntza hori Lanbidera lotuta egonik, jasotzaileek enplegurako trebakuntza ikastaroetan parte hartu behar dute. Horrez gain, inklusiorako itun bat ere badute. "Zer gertatzen da? Lanbidek, enpleguari lotuta egonik, lehentasuna ematen diola diru-sarrera hori jasotzen dutenek lanerako trebakuntza ikastaroak egiteari. Aitzitik, ez du lehenesten bestelako betebeharrak eskatzea: besteak beste, seme-alabak eskolara eramatea edota droga kontsumo arazoak dituztenek terapiak egitea. Bestelako neurri sozialei buruz ari gara". Gizarte ekintzarako balio handiko lan erreminta bat galdu dela deritzo Garciak. "Gizarte egoera zaurgarrian dauden familia askok era honetako prozesuei berriz heltzea ahalbidetuko luke neurri honek".

Ituna ere, kohesioaren alde

Bilboko Herritarren Segurtasunerako Ituna sinatu dutenek ere ezinbestekotzat jo dute "gizarte inklusiboa, solidarioa eta kohesionatua izatea". Gizarte horrek aukera berdintasuna eskaini behar duela ere jaso dute. Segurtasun politika publikoak oinarri horien gainean eraiki behar direla diote, "benetan eraginkorrak" izango baldin badira. Beharrezko deritzote segurtasun-politika prebentiboa lehenesteari. "Horretarako oinarritzat hartu behar dira hezkuntza eta trebakuntza programak eta gizartea ahalduntzeko programak, bazterketa sozial eta ekonomikoko errealitateei aurre egin eta delitu ekintzetara eraman dezaketen premiazko egoerak konpontzeko xedez". Helburu nagusi gisa Bilboko herritarren segurtasuna jarri dute. Eta herritarren parte hartzearekin jarduteko baliabideak jaso dituzte itunean.

Hainbat talde zaugarri

Kolektibo kalteberak eta gizarte bazterketa egoeran dauden taldeak ere identifikatu dituzte. Eta eurentzako neurriak jaso. Emakumeak —bereziki indarkeria matxista pairatzen dutenak—, adinganeak, adinekoak, delituen biktimak eta gizarte bazterketa egoeran zein horretarako arriskuan dauden kolektiboak identifikatu dituzte.

Garcia Mazak kolektibo kalteberei buruzko beste ikuspegi bat eman du. Batetik, belaunaldiz belaunaldi bazterketa egoera kronikoa bizi duten familiak kokatu ditu. Horien barruan, familia desegituratuen barruan bizi diren umeei aipamen berezia egin die.

Beste arreta gune bat familiarik gabe dauden adingabe atzerritarrak dira. "Adinez nagusi egiten direnean, erakundeek haurren babeserako dituzten zerbitzuetatik kanpo geratzen dira. Irregulartasun egoeran dagoen populazio kopuru bat bada, eta horiek ez dute baliabide sozialetarako ia aukerarik. Agenda politikoaren barruan ez daudenez, ordea, ez dituzte jotzen arreta gunetzat".

Emakumeari ere arreta berezia eskaini dio Garcia Mazak. Bereziki, bazterketa egoeran dauden emakumeei: "Diskriminazio bikoitza bizi dute. Bata, emakume izateagatik, eta, bestea, pobre izateagatik". Prostituzioan ari direnei eta emakumeen salerosketako biktima diren emakume migratzaileen egoera latzei aipamen berezia egin die.

Azkenik, gizarte isolamendua bizi duten herritarrak ekarri ditu gogora. Gizarte loturak galdu dituzten herritar ugari antzeman dituzte. Auzotarren arteko harremanak zein herritarren arteko loturak galdu izanak eragindakoak dira asko eta asko. Familia erreferenteen faltak ere arazoak sortzen dituela deritzo. "Guraso askok egun osoa ematen dute etxetik kanpo, lanean, eta gero zaila egiten zaie seme-alabei mugak jartzea eta behar bezalako heziketa ematea". Faktore horien ondorioz, gazte eta heldu asko loturarik gabe leudeke.

Hala, hausnarketa eta neurri sakonagoak galdegin ditu psikologoak: "Bilboko ituneko neurriek segurtasun pertzepzioa ase nahi dute, arazoen prebentzio eraginkorra egin ordez".

AHT-aren geltoki intermodalak erabat aldatuko du Abando aldea

AHT-aren geltoki intermodalak erabat aldatuko du Abando aldea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Abiadura handiko trena lurpetik iritsiko da Bilbora. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lortu dute azken urteetan plazaratutako nahia, eta Espainiako Sustapen Ministerioarekin egindako akordioa jendaurrean erakutsi berri dute. Abandoko tren geltokia izango du helmuga AHTak, lurpetik, eta horrek erabat itxuraldatuko du ingurua. Trenbidea lurperatzeak 90.000 metro koadroko azalera utziko du libre, eta, udalaren hitzetan, "aukera asko" zabalduko ditu horrek.

Oreak ondutako elkarbizitza

Oreak ondutako elkarbizitza

Natalia Salazar Orbe

Industria iraultzak Bizkaian izan zuen eragina eta indarra zalantzan jartzerik ez da. Hala ere, iraultza hari buruz hitz egitean, burdinaren ustiaketarekin lotu ohi da, ia erabat, nahi gabe bada ere. Baina iraultza hark bestelako eremuetan ere ekarri zituen aldaketak. Iralan, esaterako, ogiaren ekoizpenaren inguruan ezarri zituzten berrikuntza haiek. Harino Panadera lantegiaren inguruan eratu zuen auzoa Juan Jose Iralak. Auzoko identitatean eta historian eragin handia izan du ogiak, beraz. Bestalde, kulturartekotasuna susta dezakeen elementu bat ere bada; ogia, era batera edo bestera, munduko txoko guztietan ez bada, gehienetan egiten dute. Premisa horiek biak eskuan, Ogiaren Festa antolatzen dute Iralan.

Goi tentsioko arrakalak

Goi tentsioko arrakalak

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ia hamarkada bat lozorroan eman ondoren, abiadura biziz hartu dute Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linearen proiektua. Ez kasualitatez. Gatikatik Cubnezaisera (Frantzia) urpetik doan goi tentsioko kable sarea eraikitzeko egitasmoak indarra hartu duen momentu berean hasi dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeak gurutzatuko dituen azpiegituraren eraikuntza prozesuari abiada ematen. Banatuta aurkeztu dituzte proiektu biak, baina REE Red Electrica Españolaren txostenetan argi azaltzen da egitasmo berari erantzuten diotela Gatika-Cubnezais eta Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineek: Europako Batasuneko herrialdeak energetikoki lotu nahi dituzte.

Sei urte igaro dira REE enpresak Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linea eraikitzeko administrazio baimena eskatu zuenetik. 2011n egin zion eskaera Espainiako Gobernuko Energia Zuzendaritza Nagusiari, eta 2017ko azaroan jaso du erantzuna. Gauzak horrela, bi agiri eskuratzea besterik ez zaio falta REEri azpiegitura eraikitzen hasteko: proiektua "onura publikokoa" izendatzen duen dekretua, batetik; eta obrak abiatzeko baimena, bestetik. Red Electrica Españolak egindako aurreikuspenen arabera, udarako izango dituzte bi-biak esku artean, eta urtea bukatu aurretik abiatu nahi dituzte lanak. Orotara, 60 milioi euroko kostua izango du azpiegiturak, eta 2020rako bukatuta egotea nahi dute.

GUEÑES-ITSASO AZPIEGITURA

Bizkaia alde batetik bestera gurutzatuko du; 48,9 kilometroko ibilbidea egingo du lurraldearen mutur batetik bestera: Gueñesen hasi, eta Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao-Miraballes, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Muxika, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia eta Zaldibar zeharkatu eta gero, Gipuzkoako lurretara sartuko da. 23,51 kilometro egingo ditu Elgeta, Bergara, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Ezkio eta Itsasoko lurretatik. Arabako lurretatik ere igaroko da; zehazki, Okondotik.

Baina herriekin osatutako zerrendaren antzeko bat sor liteke azpiegiturak zeharkatuko dituen mendiguneekin ere. Herriguneetatik kanpo jarri nahi dute goi tentsioko linearen azpiegitura, eta ingurumenean eta ekosisteman eragin zuzena izan lezake: Durango eta Arratia zeharkatzen duen Aramotz bailara, Ganekogortako mendigunea, Artxanda, Gorbeiako ingurunea, Usansoloko pagadiak, Upo eta Mandoia mendiguneak... Gueñes eta Itsaso herriak bereizten dituzten 73,5 kilometroetan, 132 dorre kokatuko dituzte; gutxi gorabehera, kilometro erdiko bat. 70 metro ingurukoak dira dorreak, Bilboko BBVAren egoitzaren parekoak, eta 90 metro zabaleko bidea egingo dute goi tentsioko linea doan toki beretik, baso eta larreak soilduz eta nekazaritza zein abeltzaintzarako baliogabetuz. Sektore ekonomikoari zuzenean kalte egingo lioke, beraz, goi tentsioko linearen azpiegiturak.

Ideia bat egiteko balio lezake Elgetaren adibideak: zazpi dorre jarriko dituzte, eta, egin dituzten kalkuluen arabera, 22 futbol zelairen pareko lur eremuari eragingo dio, zuzenean. Azpiegiturak ingurumenean eragingo dituen kalteak salatzeko eta egitasmoaren aurkako jarrera agertzeko mozioa onartu duen udalerrietako bat da Elgeta; Zaldibar eta Antzuola, Arrankudiaga, Lemoa eta Igorrerekin batera. REE epaitegietara eramateko aukera ere ez dute baztertzen kaltea jasandako udalek.

Ez da kontrakotasuna azaltzen duten lehen aldia. REEk Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea aurkeztu zuenean berean, herri kaltetu gehienek helegiteak aurkeztu zizkioten azpiegitura eraikitzeko ardura duen REE enpresari. Erantzunik ez dute jaso zazpi urtetan, eta egitasmoa tiraderatik atera eta mahaiaren gainean jarri dutenean, proiektuak ingurumenean eragingo dituen kalteez ohartarazteaz gain, zalantzan jarri dute azpiegituraren beharra bera.

Gueñes-Itsaso Autopista Elektrikoaren Kontrako Koordinadora ere sortu dute hainbat herritarrek, eta azpiegitura gelditu dezaten lanean ari da tokian toki. Helmuga bakarra dute buruan: goi tentsioko linea bertan behera uztea.

"ESTRATEGIKOA"

2009. urtean aurkeztu zuen Red Electrica Española enpresak Gueñes eta Ezkio-Itsaso artean 400 kW-ko goi tentsioko linea eraikitzeko egitasmoa. "Estrategiko" gisa definitu zuen azpiegitura REEk orduan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sare elektrikoa "egonkortzeko" beharrezkoa den egitasmo gisa definituz, "gainontzeko lurretatik duen menpekotasun ekonomikoari aurre egiteko".

Lurraldeak behar duen energia eskaera erabili du REEk behin eta berriz obraren aldeko argudio gisa. Baina azken hamarkadan beheranzko joera izan du argindarraren kontsumoak. EEE Euskal Energia Erakundearen arabera, 2016an %5,1 murriztu zen energia elektrikoaren kontsumoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta, oro har, kontsumitzen dena baino energia gehiago sortzen dela baieztatu du REEk berak. Beraz, argudio horri tiraka, gaur-gaurkoz ez litzateke beharrezkoa izango azpiegitura eraikitzea.

PROIEKTUAREN ERROA

Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak Iberiar penintsularen iparraldeko argindar sarea indartuko duela azaldu zuen REEk 2009an kaleratutako txostenean. Baina bada bestelako arrazoirik ere; zehazki, Gatika herrira jo behar da zergatiaren bila, REEk bertan egin asmo duen azpiegitura erraldoira: goi tentsio bidez Bizkaiko Golkoa Frantziarekin lotzeko egitasmoa aurkeztu zuen iaz, eta argi azaltzen da Espainiako Gobernuaren 2015-2020 Energia Plangintzan bi egitasmoak lotuta daudela.

Hala dio Gueñes-Itsaso arteko goi tentsioko linearen eraikuntzari buruz: "Bizkaiko golkotik egingo den interkonexioa behar bezala ustiatu ahal izateko, funtsezkoa da Gueñes-Itsaso arteko goi tentsioko ardatza". Ezbairik gabe, iaz aurkeztutako Gatika eta Cubnezais (Frantzia) arteko goi tentsioko lineaz ari da REE. 370 kilometroko kable bidez, urpetik lotu nahi ditu Bizkaia eta Akitania.

Orotara, gutxienez 1.750 milioi euroko kostua izango duela aurreikusi dute, eta Europako Batasunak 578 milioi euro jarriko ditu azpiegitura egin dadin —Europak argindar konexioak hobetzeko inoiz emandako laguntzarik handiena—. Europako Batasunak energiaren esparruan batasuna lortu nahi du, kide diren herrialdeen energia menpekotasuna gutxitzeko. Europako herrialdeen artean energia garraiatzea ahalbidetu nahi dute, eta horregatik Frantzia eta Iberiar penintsularen energia lineak are gehiago batzeko egitasmoa.

REEk osatutako txostenaren arabera, Gueñes-Itsaso goi tentsioko linea egin ezean Gatikatik Frantziara egingo den energia loturaren gaitasuna mugatuta egongo da, "arrisku egoerak" sortuz. REEren aurreikuspenen arabera, 2021ean abiatuko dituzte Gatika eta Cubnezais arteko goi tentsioko lineako eraikuntza lanak, eta 2025erako nahi dute martxan. Bada, aurreikuspenak betez gero, Gueñes eta Itsaso arteko linea eraikita egongo da ordurako.

Nolanahi ere, Bizkaiko golkoa gurutzatuko duen egitasmoaren nondik norakoak argitu gabe daude oraindik. Herri kaltetuetan egitasmoa aurkezten ari da orain REE, eta ez dago argi proiektua bururaino eramango duten ala ez, besteak beste, ingurumenean eragingo dituen kalteak ere zehaztu gabe daudelako aurkeztu duten lehen txostenean. Hortaz, Gatika eta Cubnezais arteko urpeko goi tentsioko linea egingo den ala ez argitu gabe ere, azpiegitura horri laguntzeko funtzioa duen Gueñes-Itsaso linea eraikitzeari ekingo diote.

INGURUMEN KALTEAK

Azterketa askok frogatzen dute goi tentsioko lineek ingurumenean eta osasunean kalteak eragin ditzaketela. Tentsio handiko lineek kutsadura elektromagnetikoa sortzen dutela frogatu dute nazioarteko hainbat ikerketak azken hamarkadan; tartean, OME Osasunaren Mundu Erakundeak egindakoa. Pertsonengan minbizia, migraina, ugalkortasun arazoak eta alergiak sor ditzakeela diote azterketek. Minbiziari buruzko Ikerketarako Nazioarteko Agentziak (IARC) eta Europako Ingurumen Agentziak (EEA) osatutako txostenetan ere eremu elektromagnetikoak minbizi eragileak izan daitezkeela baieztatu dute.

Ekosistemari dagokionez, agerikoak dira Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak eragingo dituen kalteak: naturgune ugari zeharkatuko ditu azpiegiturak, eta eremu horietan bizi diren hegaztiei ere kalte egin diezaiekeela salatu dute tokian tokiko herritarrek.

GOI TENTSIOAREN GATAZKAK

Itsasotik Deikaztelura doan goi tentsioko linea bertan behera utzi zuten iaz. Apirilean jakinarazi zuten Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek Espainiako Gobernuaren Ingurumen Ebaluaziorako Zuzendaritzak jakinarazi ziela "ofizialki" bertan behera geratzen zela egitasmoa. Proiektua atzera botatzeko arrazoibide nagusietako bat haren kontra aurkeztutako helegite ugariak izan zirela azaldu zuten orduan.

Ez zen gutxiagorako izan. 2011n aurkeztu zuten Deikaztelu eta Itsaso artean goi tentsioko linea egiteko egitasmoa, eta berehalakoa izan zen erantzuna: 174 herri kaltetuetako alkateek, 220 udal eta kontzejutan onartutako mozioan adierazitakoa jasoz, akordio bat sinatu zuten. Idatziaren bitartez, proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatu zioten Espainiako Industria eta Energia Ministerioari, sektore elektrikoko planifikazio berria onartu bitartean, eta 14.000 helegite ere bildu zituzten.

Autopista Elektrikorik Ez plataformak, berriz, goi tentsioko lineari buruzko herri galdeketak egin zituen 2013ko ekainean, Nafarroako 36 herritan eta Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan. Orotara, 5.156 lagunek izan zuten botoa emateko eskubidea, eta %63k parte hartu zuten: herritarren %99,32 azaldu ziren azpiegitura egitearen aurka. Emaitzak jaso eta berehala, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zieten autopista elektrikoa bertan behera utz zezatela. Nolanahi ere, Espainiako Energia Sareko buruek erretiratutako proiektuaren ordez beste bat aurkeztuko dutela uste dute plataformako kideek, eta etor litekeenaren aurrean prestatuko direla azaldu dute.

Ez da izan bertan behera utzitako egitasmo bakarra: 2010ean, REEk bertan behera utzi zuen Muru Artederreta eta Gasteiz arteko goi tentsioko linea, "gizarte errefusa eta ingurumen kaltea" argudiatuta. 2008an aurkeztu zuten egitasmoa, eta proiektuaren aurkako sarea eratu zen berehala.

Filmen bidez ikusarazi

Filmen bidez ikusarazi

Asier Arrate Iruskieta
Migrazioaren feminizazioa areagotzen ari den fenomenoa da. Etxea eta familia atzean utzita, hainbat dira jazarpen, pobrezia eta biolentziatik ihesi, babes bila jotzen duten emakumeak. Bilboko errealitatearen parte ere bilakatu di...

Zaharrena ez den Zubi Zaharra

Zaharrena ez den Zubi Zaharra

Mikel Santiso
Ondarroa 1327 urteko irailaren 28an bihurtu zen herri, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak emaniko Foruaren bidez; ordura arte, Berriatuaren zati izan zen.1330. urte inguruan, Ondarroa herri izendatu ostean, egurrezko zubi bat eraiki zut...