Natalia Salazar Orbe
Txanpon eta aberastasun iturri bakartzat denbora duten bankuak indarra hartzen ari dira. Erabiltzaileen denbora gordetzen dute hainbat herritan martxan jarri dituzten proiektuok. Denbora trukatzeko prest dagoen edonor hartzen dute....
Gizartea
Autzaganeko saihesbideko lanak 2018ko martxoan bukatuko dituzte
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Ez dira hasierako asmoak bete. Lau urte dira Bizkaiko Foru Aldundiak Autzaganeko saihesbidea egiteko egitasmoa aurkeztu zuenetik. Urtebeteko epean A-8 autobidea eta N-634 errepidea lotzeko obrak bukatuta egotea zen diputazioak zue...
Herria osasun gune bihurtzeko urratsak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Medikuen eta ospitaleen jarduerara lotuta agertu ohi da osasungintza. Arta zerbitzu horretan jartzen da begirada gaiaz eztabaidatzean. Ospitalea gertu dagoen ala ez, hitzorduaren ordutegia errespetatzen den edota medikuaren harrer...
Etxeko ateak, guztiei zabalik
Aitziber Laskibar Lizarribar
Etxean sartu, eta apenas ikusten diren baliza batzuk daude sarreran. Sentsoreak dituztenak, eta etxean sartu denari inguruan dituen gauzen berri ematen diotenak. Orientazioa galdu duenari, logela edo sukaldea non dagoen soi...
Behartutako ihesaldiak
Ainhoa Larrabe Arnaiz
Zapi zuri bat guda zelaiak zeharkatzeko. Bake seinale bat norbere burua salbatzeko. Maleta batean edo gurdi batean sar daitezkeen ondasunak, irauteko. Nahi gabe egiten den bidaia. Behartutakoa. Hil ala bizikoa. Babestekoa. Bizirik irautekoa. Milaka haur, emakume eta adineko gizonek utzi zuten etxea 36ko gerrako borroka fronteetatik ihesi. Horietako askoren aterpea izan zen Bizkaia 1936ko hartan. Armadak kolpe militarra eman eta jarraian hasi ziren erbestealdiak. Eta Bidasoko frontean matxinoek posizioak hartu ahala, prozesua azkartu eta milaka gipuzkoarrek utzi zuten etxea. Irungo Santiago zubia igaro zuten horietako askok, mugaz bestaldeko babes mila. Baina mendebaldera ere jo zuten beste askok; Bizkaira, alegia. Lurraldean jaso zuten etxean ez zuten babesa. Eta elkartasunez erantzun zioten bizkaitarrek etorrera horri.
Irla bat zen Bizkaia duela laurogei urte. Francoren aldeko indar militarren artean zegoen errepublikanoen uharte bat. Araba eta Gipuzkoa ia osoa Molaren soldaduen menpe ziren. Eta setiatuta zegoen Bizkaia. 1936ko urrian, argazki bi lurralde berean: tiro eta bonba hotsak Ondarroa eta Eibarko frontean. Eta borroka zelai horretatik kilometro gutxira, mundu bakartu baten hitzak, Gernikan. Jose Antonio Agirre lehen lehendakariaren mezua izan zen: "Jaungoikuaren aurrean apalik, Euzko lur gainian zutunik eta Gernikako areitz azpian asabaen gomutaz nire aginduba zintzuen betetzea zin dagit".
Urriko lehen egunean onartu zuten Espainiako Gorteek 36ko Autonomia Estatutua, eta gaurko egunez eratu zen lehen Jaurlaritza. Araba, Bizkai eta Gipuzkoak Espainiako Estatuaren barruan lurralde autonomoa osatzen zuela jasotzen zuen testuak. Hala dio lehen artikuluak. "Errepublikako Konstituzioaren eta Estatutu honen arabera, Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak eskualde autonomoa osatzen dute espainiar estatuaren barruan eta Euzkadi izena hartu du. Bere lurraldea aipatutako probintziek gaur egun osatzen dutena izango da eta horiek, aldi berean, modu autonomoan gobernatuko dira [...]. Euskara, gaztelania bezala, Euzkadiko hizkuntza ofiziala izango da [...]".
Baina paperekoa eta errealitatea ez zetozen bat. Irla bat zen Bizkaia. Hain zuzen, estatutua onartu zen aste berean, Jose Iruretagoiena militarraren soldadu nazionalek Gipuzkoako muga pasatu eta Bizkaian ezarri zuten guda frontea, Ondarroa eta Berriatua menpean hartuz. 1936ko urriaren 4tik 1937ko apirilera bitartekoan, kokagune berberetan mantendu ziren armada frankista eta errepublikazaleak. Metro gutxira, ia-ia, baserritik baserrirako distantziak bereizten zituen Francoren aldeko eta errepublikanoen aldekoen lerroak.
Bizkaira mugatu zen Jaurlaritzaren jarduna, halabeharrez. Eta herritarrak babestea zen gobernu berriak zuen lehentasunetako bat. Besteak beste, Bizkaira joandako errefuxiatuen oinarrizko beharrak asetzeko lanak izan zituen Juan Gracia sozialistak gidatutako Gizarte Laguntza Sailak.
Bizkaira aterpe bila
Zenbakiek ematen dute orduko ihesaldiaren berri. 1936ko udazkenean 105.000 gipuzkoar inguru mugitu ziren Bizkaira. Hiru gipuzkoarretik batek utzi zuen etxea. Urria eta abendua bitartean 70.000 erbesteratu zeuden Bizkaian. Hala jasotzen du Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Laguntza Sailak egindako errefuxiatuen erroldak. Bizkaiko hiriburuan kokatu ziren horien erdiak; 35.000, alegia. Horietako 15.000 haurrak ziren, 12.000 emakumeak eta 6.500 adineko gizonak. Ikastetxeak eta kiroldegiak egokitu zituzten hiriburuan errefuxiatuei aterpea emateko. Bilboko Euskalduna frontoi zaharra, kasurako. Baina izan ziren etxeko ateak ireki eta inolako ordain asmorik gabe etxean gorde zituzten herritarrak ere.
Hiriburuan ez ezik, Bizkaiko gainontzeko herrietan ere hartu zuten babesa errefuxiatuek. Beste 35.000 herritarrek hartu zuten aterpe lurraldeko herrietan. Eta horien iraupenerako neurriak hartu zituzten tokian tokiko erakundeek, Jaurlaritzako Gizarte Laguntza Sailaren laguntzarekin.
Larrabetzu da horren adibideetako bat. 1936ko urriaren 9an egindako erroldan, 1.707 larrabetzuar eta Gipuzkoako 37 errefuxiatu ageri dira herrian. Hilabetez hilabete errefuxiatuen kopurua handituz doa. Eta zazpi hilabeteren ondoren, 1937ko maiatzean, 204 errefuxiatu zeuden Larrabetzun. Eibar, Arrasate, Bergara, Mutriku, Errezil eta Ondarroako herritarrak, besteak beste. Herrira joandako horientzat guztientzat oheak, izarak, janaria, arropa, zapatak biltzen zituzten herritarren artean.
Frankistek ere ihesaldi horiek areagotu zituzten Gipuzkoan. Etxera itzultzeko zortzi eguneko epea ema zieten frontean errepublikanoen alde senide bat zuten familia askori. Eta senidea bueltatu ezean kanporatu egingo zituztela agindu zuten faxistek. Mehatxu hori zela eta, herritar askok hartu zuten Bizkairako bidea. Gipuzkoarrek ez ezik, arabarrek, nafarrek eta Gaztelako herritarrek ere jo zuten lurraldera babes bila.
Haurren ebakuazioa
Bizkaian ez zen gerra fronte zuzenik egon 1937ko udaberrira arte. Aurrez aurreko guda agertokietatik salbu ziren herritarrak, hortaz. Baina airezko erasoaldiek ez zuten etenik izan Bizkaian, eta gizarte zibila ez zegoen euri tantak balira bezala erortzen ziren bonba horietatik salbu. Egoera horrek behartuta, haurren erbestealdiak antolatzen hasi zen Jaurlaritza. Bilbon 1937ko urtarrilean izandako aire erasoak dira erabaki horren mugarria. Hilabete luzez babesleku izandako lurraldeetatik ere beste herrialde batzuetara jo behar izan zuen babes bila.
Abiazioaren erasoek sortutako izu giroaren ondorioz, 5 eta 12 urte bitarteko haurrak ebakuatzeko asmoa iragarri zuen Gizarte Laguntza Sailaren kontseilariak irrati bidez urtarril hartan. Berehalako arrakasta izan zuen deialdiak. Zazpi eguneko epean, haurrak atzerrira bidaltzeko 1.600 eskaera baino gehiago jaso zituen Jaurlaritzak. Bermeotik irten ziren lehen ebakuazio ontziak, martxoaren 21ean. 450 haur igo ziren orduan Campbell eta Blanche ontzi britainiarretan. Donibane Lohizunerako bidea hartu zuten bi ontziek, eta Bordele aldera jo zuten handik.
Portutik haurrekin ateratzen zen lehen espedizioa izan zen hori. Baina inondik inora ez azkena. Hamar egunera bonbardatu zuten frankisten aliatu italiarrek Durango. Eta ia hilabetera gertatu zen Gernikako sarraskia. Eraso horiek haurrak lurraldetik ateratzeko prozesua azkartu zuten. Eta Bilbo erori arte etengabekoak izan ziren haurren ebakuazioak.
Habana izeneko transatlantikoa da gaur egun haurren ihesaldiaren sinbolo nagusia. Ontzi horrek eraman zituen erbesteratutako haurren erdiak. Maiatzaren 6an egin zuen lehen bidaia, Goizeko Izarra ontziarekin batera. Guztira, 2.500 errefuxiatu inguruk utzi zuten Bizkaia egun hartan. Baina bi hilabetean hamaika espedizio antolatu ziren. Jaurlaritzaren datuen arabera, maiatza eta ekaina bitartean 26.659 herritar atera ziren Santurtziko portutik, Frantzia, Britainia Handia eta SESBera. Horietatik 19.144 ziren haurrak.
Ihesaldia, zenbakitan
Francoren aldeko indarrek Bizkaia hartu ondoren ere jarraitu zuen euskal herritarren ihesaldiak. Kantabria, Santander ala Galiziako portuetatik 62.000 pertsona inguru atera ziren 37ko udan. Iñaki Egaña historialariak Iheslariak. Euskal erbestea (1936-2015) liburuan bildutako datuek ematen dute orduko tragediaren berri. 1936ko gerraren ondorioz, Hego Euskal Herriko 151.000 lagunek utzi behar izan zuten etxea, biztanleen %15ek alegia. 80.000 inguru bueltatu ziren etxera. Baina beste erdiak ez ziren sekula itzuliko. Jaurlaritzak berak ere erbestera jo zuen, Bartzelonara lehenik, eta Parisera gero.
Ikasgaiak hobeto ulertzeko giltza
Eider Mugartegi
Ondarroako Txomin Agirre ikastolako ikasleek ilusioz beteta hasi dute ikasturtea. Hemendik aurrera, ez dute ohiko azterketarik egingo, eta ez dute testulibururik izango. Gainera, liburuen aurrean jarri eta edukiak buruz ikasi barik, zeharkako proiektuetan lan egingo dute ariketa dinamiko, entretenigarri eta erabilgarrien bidez. Zelan ez, gogo onez hartu dituzte berri horiek, pozik.
Gizartea oso arin aldatzen ari da. Gainera, gehiago eta erritmo biziagoan aldatuko omen da. Azken ikerketen arabera, orain ikastetxeetan dauden ikasleen %65ek egun egiten ez dituzten lanak egingo dituzte etorkizunean, Alaine Solabarrieta ikastolako zuzendariaren hitzetan. Beraz, "zelan hezi umeak ezezagunari aurre egin edo erantzuna emoteko?" galderari erantzun nahi izan diote Txomin Agirre ikastolan; eta, horretarako, AEBetako Harvardeko Unibertsitatean sortu eta Europan, AEBetan, Australian eta Indiako ikastetxeetan harrera ona izaten ari den irakaskuntza sistema bat ezartzen hasi dira: Ulermenerako Irakaskuntza.
Ikasitakoa berehala ahazten zutela eta ikasleak motibazio barik zeudela ikusten ari ziren irakasleak. Hori dela eta, 180 graduko bira eman diote ikastolako irakaskuntza sistemari. Zentzurik barik buruz ikastea alde batera utzi, eta ikasleek edukiak ulertzea dute orain helburu, ikasitako hori, gero, beste testuinguru batean erabiltzeko gai izateko.
Pentsamendua sustatzeko
Ikasleek proiektuetan inplikatu eta lan egin behar dute, Solabarrietak azaldu duenez, eta azken emaitza azterketa baten bidez baloratu barik, proiektu osoan egiten duten lana izango dute kontuan, hasieratik amaieraraino. Ikasleak, gainera, bere burua eta ondokoarena baloratuko ditu: nola doan ikusi, ezer aldatu edo gehitu behar duen aztertu... Irakasleak, berriz, ikasgaiko arkitektoak izango dira, eta iturburu ezberdinetako informazioa eta materiala erabiliko dute prestatzeko.
Ulermenerako irakaskuntzari, gainera, Visible Thinking edo Pentsamendu Ikusgaia delako ikuspegi pedagogikoa batuko diote. Hau da, ikasleek pentsatzen, hausnartzen ikastea nahi dute, eta erremintak emango dizkiete pentsatzea zer den eta zelan egiten den barneratzeko. "Orain arte umeek erantzun guztiak jaso dituzte, ezer hausnartu barik. Orain eurak izango dira galderei erantzunak eman behar dizkietenak", azaldu dute.
Pentsamendu horiek, gainera, ikusgai jarriko dituzte. Hasieran sortzen zaizkien galderak post it batean idatzi, hormetan itsatsi, eta erantzun ahala kentzen joango dira, proiektu osoaren prozesu osoa begien bistan daukaten bitartean.
Horrek guztiorrek ikasleen sormena sustatu eta motibazioa handitzea lortuko duela uste dute. "Ikasgaiak zer esan nahi duen eta zertarako behar eta erabiliko duten ulertuko dutelako".
Bestalde, ikaslearen hausnarketa eta gogoeta prozesua irakaskuntzaren ardatz bihurtzeko prozesu horretan, ikusteko pedagogia tresnak, multimedia, lan kooperatiboa, adimen anizkoitzak, pentsatzeko abileziak eta errutina baliabideak ere txertatuko dituztela aitatu du Solabarrietak.
Zero proiektua
Sistema berritzaile hori Lehen Hezkuntza osoan hedatu du Txomin Agirrek, eta Haur Hezkuntzan ere hasiak dira Harvardeko hezkuntza metodologia jorratzen. Ikasturte honetan proiektuak Lehen Hezkuntzako euskara, zientzia, natura eta matematika ikasgaiak hartuko ditu, baina, apurka-apurka, zentroan ematen diren maila guztietara hedatu nahi dute.
Bide horretan, Harvard unibertsitateko irakasleen laguntza izango dute. Izan ere, unibertsitate ezagun horretako Project Zero-ko ikerketa taldean sortutako metodologia da Ulermenaren Irakaskuntza, eta eurekin harremanetan egon dira prozesu osoan. Hain zuzen, martitzenean bertan jaso dute unibertsitateko kideen bisita ikastolan.
Bilboko Begoñazpi ikastola ere erreferentziatzat hartuko dute. Izan ere, Begoñazpin urteak daramate metodologia hori arrakastaz garatzen, eta bertara joan dira irakasleak trebatzera. Lan handia izan da ikastolarentzat, baina emaitzak merezi duela diote.
Liburuz betetako altxor ibiltaria
Natalia Salazar Orbe
Liburuen orriek mundu magikoetarako ateak zabaltzen dituzte. Urrutiko istorioak gertutik ezagutzeko aukera ematen dute. Irakurketa bat baino gehiago izan dezake, gainera, liburu berak. Baina norberak aukeratutako praktika izan beha...
Euskarak badu etxea Txorierrin
Natalia Salazar Orbe
Txorierrin euskara eta euskal kultura sustatzeko ekarpena egin nahi duen egitasmoak zabaldu ditu ateak. Ikusmin handiaren ostean, ireki dute Baserri Antzokia. Asteazken iluntzean, festa giroan egin zuten jendaurreko aurkezpena. Ant...
Euskara ikasteko aukera emango die Bilboko merkatariei Biribilkok
Aitziber Laskibar Lizarribar
"Euskaraz kasu egin zaiona berriro bueltatzen da dendara". "Zuk euskaraz hitz egiten badiezu, zabaldu egiten dira, konfiantza handiagoa hartzen dute zurekin, eta hori nabaritu egiten da". "Euskaraz entzunez gero, uste dut etxean bezala sentitzen direla; eskertu egiten dute". "Euskara bereizgarria da, eta euskaraz kasu egiten duen jendeak plus bat du besteekin". Biribilko programan parte hartu duten dendarien hitzak dira. Eta guztiek egiten dute bat: euskararen ezagutzak eta erabilerak euren negozioei onurak besterik ez dizkie ekartzen. Negozio ikuspegitik ere, aberastasun iturri da euskara.
Argudio horrekin egin dute euskararen gurdira igotzeko deia Biribilko egitasmoaren sustatzaileek. Bilboko Udalak Bilbao Dendak elkartearen, HABEren eta Bilboko euskaltegi homologatuen laguntzarekin antolatutako ekimena da Biribilko; Bilboko merkataritzan hizkuntza normalizazioa sustatzeko proiektua. 2009. urtetik dago martxan, eta, besteak beste, euskara ikasteko ikastaro berezituak antolatzen ditu merkatarientzat. Orain arte, 1.100 ikastaro eman dizkie dendariei, euskara ikasi edo euren maila hobetzeko.
90 euroren truke
2016-2017ko ikasturtean parte hartu nahi dutenek orain dute izena emateko aukera, datorren asteko osteguna arte. Euskara komertzialari buruzko oinarrizko ikastaroak eta hobetzekoak eskaintzen dizkie euskara ez dakitenei edo oso gutxi dakitenei Biribilkok, 90 euroren truke. 90 ordukoa izango da ikastaro bakoitza. Eta, ikastaroetan parte hartzeko baldintza bakarra, Bilboko merkataritzako lokal batean lan egitea da. Ikastorduak ere langile horiengan pentsatuta prestatu dituzte: goizeko txandan 08:00etatik 09:30era izango dira klaseak, eta eguerdikoak, 14:15etik 15:45era. Biribilkoren web orrian —www.biribilko.com— eman daiteke izena osteguna arte, Heziketa atalean dagoen inprimakia beteta.
Bestelako baliabideak ere eskaintzen ditu hizkuntza normalizazioaren aldeko proiektuak web orri berean: Hizkuntza baliabideak atalean itzultzaile automatikoa doan erabiltzeko aukera dago, merkataritzako errotuluen zerrenda, hiztegia, euskarazko oinarrizko esamoldeak, eta merkataritzan ohikoak diren dokumentu zein lan-euskarriak.
Harri malgua, belar gogorra
Aitziber Laskibar Lizarribar
Harrizko xafla malgua; algekin egindako lanparen estalkia; goroldiozko soinu isolatzailea; argi izpiak igarotzen uzten duen egurrezko xafla; dolar faltsu edo baliogabeak birrindu eta prentsatuta sortutako harlauza; edo zikintzen ez den bat eta arrastoak bere kasa konpontzen dituena. Material Connexion proiektuak Bilbon jarri duen materiotekan ikus daitezkeen produktu berritzaileetako batzuk dira. Punta- puntakoak, harrigarriak, eta sarritan, logika guztien kontrakoak diruditenak.
Material asko dira arkitektura eta barneen diseinuari begirakoak Zabalguneko eraikinean dagoen materiotekan; etxeetan eta eraikinetan erabiltzekoak. Baina beste mota askotakoak ere badaude: nekazal hondakinekin eta onddoekin egindako paper moduko bilgarria ikus eta ukitu daiteke, esate baterako. Petrolioaren alternatiba gisa azukre kanabera lehengai duen polietilenoa ere bai. Eta ioi eta litiozko bateria malgu moldagarria, argindarra behar duten arropa adimentsuentzako aproposa. Bada jantzi bakeroentzako ehun berezi bat ere, gastatzen den heinean kolore ezberdinetako lerroak bistaratzen dituena.
Munduko material iraunkor eta aurreratuenak biltzen dituen Material Connexion proiektuak Bilbora ekarri duen erakusketan dauden 600 material berezien laginetako gutxi batzuek besterik ez dira horiek. Guztien bistara eta eskura daudenak, edonork ikusi eta ukitzeko moduan.
Baina proiektuaren helburua ez da bitxikeriak erakutsi eta jakingura asetze soila. Berrikuntza eta teknologia sustatzeak eta alor horretan lanean dabiltzanentzat lagungarri izateak ematen dio zentzua. Ideiak ematea du xede. Munduan egiten diren materialen onurak ezagutaraztea, proiektu berrientzat inspirazio iturri izatea, eta bertako enpresa handi zein txikiek egiten dituzten material berritzaileen zabalkunderako plataforma izatea.
Hain zuzen, mundu mailako proiektua da Material Connexion, eta beste sei hiritan ditu materiotekak: New Yorken, Milanen, Tokion, Bangkoken, Daegun (Hego Korea) eta Skövden (Suedia). Bilbokoa da berriena, eta handiena. Online ere ematen da material berritzaile horien berri; saretuta dauden mundu mailako sortzaile, enpresa eta bezeroak batzen dituen plataformak 7.000 materialen erreferentziak ditu. Sustatzaileen esanetan, Bilbon jarri den egoitzari esker, Euskal Herrian berrikuntza eta teknologia alorrean ari diren ekoizleei nazioarteko merkatuan kokatzeko aukera emango zaie.
Italiako Material Connexionen luzapen gisara sortu da Bilbokoa. Hango presidente Rodrigo Rodriguezek azaldu du kokalekutzat Bizkaia aukeratu izanaren arrazoia: "Euskal Herria berrikuntzari oso zabalik dago, hiru parke teknologiko handi eta Mondragon taldea edo Tecnalia bezalako enpresa handiak ditu. Gainera, ikerkuntza eta garapenera bideratzen den dirua beste lekuetakoa baino askoz handiagoa da".
Ezagutza partekatzeko
Hartara, euskal enpresak sormenerako duten ahalmenean eta gaitasun zientifiko zein teknologikoan sakontzeko deia egin du. Ideiak sortu, gauzatu eta merkaturatzekoa. Horretan lagundu nahi du, hain zuzen, Material Connexionen Bilboko egoitzak, eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du proiektu bakoitzarentzat egokienak diren materialak identifikatzeko.
Sortzen den jakintza berritzailea partekatu ere egin nahi du; "ezagutza transferitu". Horregatik ari da elkarlanean EHUko Material Aurreratuen Ingeniaritzako unibertsitate masterrarekin, Deustuko Unibertsitateko Industria Diseinuko Ingeniaritza graduarekin eta Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroarekin.